Mozkortu

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Joakin Lizarraga Elkanokoa idazle emankorra izan zen zinez, milaka orrialde idatzi baitzituen nekaporratu gabe. Eliz kontuak eta erlijio gaiak beti: predikuak, santuen bizitzak eta bertze. Kopletan, konparaziora, 10.000 bertso-lerro inguru. Santuen bizitzetan, oroitarazi zuen San Saturnino dela Iruñeko patroia: “…gloriosoa baita, Iruñeko eta Nafarroako kristandadearen Aita Printzipala…”. Eta San Saturninok Fermin izeneko gazte bat bataiatu zuela Iruñean, San Fermin, alegia: “Fermin edo Firmio deitua, Nafarroako Patrono dena, jaio ze Iruñean. Gurasoak Firmo ta Eujenia, jende nobleetaik: eta hura Senadore edo Konsejuko Jaun printzipala. San Saturninok bataiatu zituen, Tolosako Obispo zenak”. San Frantzisko Xabierkoaz ere badu hitz ederrik: “Sandu bat handia, gure leku-kidea, Nafartarra, Nafarroaren honra, gloria eta sendagalla; animoso, goapo, garboso eta goranahia”.

Lizarraga Elkanoko Migelenean sortu zen 1748an (Eguesibar) eta 60 urtez izan zen bere jaioterriko apeza, 1835ean zendu zen arte. Iruñerria altxorra baita zinez euskal izkribu zaharretan, ortziral honetan berean Iruñearen inguruko bertze ibar batean ikusiko dugun bezala, Ezkabarten. Izan ere, Zildotz herriko Perutxenean aurkitutako ehunka eskuidatziren berri emanen du Euskaltzaindiak. Ekaitz Santazilia filologoak, gainera, argitu du nork onduak diren idazki haietarik gehienak, hots, etxe hartan berean sortutako Jose Manuel eta Juan Manuel Urtasun Lakidain anaiek. Bada, sorta horretako izkribu batek ezkabartearrei azaltzen die nola egin behar den aitorpen edo konfesio jenerala, hots, mahats-bilketa egiten den bezala:

Zer kuidado paratzen du nekazari diligente batek ardantze bat mendematzean? Jauna, ematen dio beiñipein ardantze honei buelta bat ososoa, eta buelta honekin bateo, joaten da mahatsak zare batean bilduz. Eta hori aski da? Ez jauna, mendematzekoz behar duen bezala, ematen du ardantze guztitik bertze buelta edo errepaso bat, eta biltzen ohi ditu txirdil karga bat edo bide, hostoen artean estalian gelditzen zirenak, mendemazaleen deskuidoz edo ez ikusiz… Eta errepaso honen ondorean, txirdilen bat gelditzen bada estalien? Jauna, ez da nekazari haren kulpa, honek bere aldetik egin zuen ahal zuen guztia; hau urriaren ondorean, ahienari hostoa erortzen zaionean deskubrituko da”.

Eta orain, mezua, ikasbidea, nekazariarentzat:

Hau bera erraten dizut nik, kontu egizu zure bihotzeko ardantzea mendematzera zoazila; behar diozu eman zure kontzientziako ardantzeari buelta jeneral bat, eta behar dituzu bekatuen mahats beltz saminak bildu zure memoriaren zarean…”.

Mahats-bilketaren adibidea ongi ekarria da, Ezkabarteko eta Iruñearen inguruko nekazariek ugari baitzituzten ardantzeak edo mahastiak ardoa edo txakolina egiteko, txakolina ez baita Gipuzkoako edo Bizkaiko kontu hutsa, Nafarroan erruz egin baita XX. mendearen erditsura arte, jende aunitzek bertzela uste arren. Hori bai, den-denok dakigu zer dakarren ardoa eta txakolina neurrigabe edateak.

Bada, Elkanoko semeak euskaraz izkiriatutako milaka paperen artean, printza zoragarri hau utzi zigun mozkortu hitzaren gainean, euskarak Iruñerrian zuen bizitasunaren erakusgarri: “Orain erraten da hordiagatik mozkorturik. Eta guzia heldu da ongi, ezi nola burua kentzea arbola bati deitzen baita mozkortzea, hala hordia da mozkor bururik gabe…”. Erran nahi baita, aditzera eman nahi du bere garaian mozkortzea zuhaitzari adaburua moztea edo kentzea zela edo horrela behintzat erabiltzen zutela. Beraz, Iruñerrian ere, neurrigabe edateari “horditu” erraten zitzaion. Baina gero, “mozkortu” hitzak bertze erranahi bat hartu zuela (orain erraten da hordiagatik mozkorturik), hots, gehiegi edateak burua galtzea dakarrelako, zuhaitzen inguruko adiera hura gehiegi edatearen eremura ekarrita. Horregatik idatzi zuen “guzia heldu da ongi”, hots, ez dagoela gaizki pentsatua “mozkortu” hitzaren adiera berria, edaten duenak burua galtzen duelako. Horren haritik, galderak montioka heldu zaizkigu kaskora. Nondik heldu ote zen Iruñerrira “mozkortu” hitzaren erranahi berria? Edo Iruñerrian berean eman ote zitzaion lehenbizikoz adiera hori, Euskal Herri guztietara zabaldu baino lehen? Edo zergatik ez, Iruñerriko gazteen ahotik ateratako adiera izan ote zen?

One Reply to “”

  1. Jakingarri bezain gozagarria alea. Bidenabar, oso adibide polita euskaraz aposizioak antolatzeko modu zuhurraz Elkanokoaren prosan, aditza bere lekuan utziz: “[San Saturninok] bataiatu zituen, [Tolosako Obispo zenak].

    Atsegin dut

Utzi iruzkina