Fernando Rey Escalera
Bada hitz bat euskaraz asko gustatzen zaidana nahiz eta ez dagoen inon jasoa (oraindik): ez Euskaltzaindiaren Hiztegian, ez Orotarikoan, ez inon (nik dakidala). Igantziko lagun bati aditu nion, eta, berehala, ttak, buruko disko gogorrean sartu nuen, aspaldi bainenbilen bila. Harrezkeroztik erabiltzen dut, lagun igantziar hori gogoan.
“Ondorio” da, baina adiera espezifiko batean: gaztelaniazko agujeta edo frantsesezko courbature adierazteko.
Agujeta edo courbature giharretako min berezi bat da, ziztada modura sentitzen dena, teknikoki DOMS deitua (Delayed Onset Muscle Soroness), hots, “berandu hasitako edo agertutako gihar-mina”. Ohi ez bezalako ariketa edo ohi baino gogorragoko ariketa egin eta handik 12-48 ordura agertzen da, muskulu-zuntzen mikrohausturek sortua. Hori da, behinik behin, gaur egungo teoria. Nik medikuntza ikasi nuen garaian, beste azalpen bat ematen zitzaion: azido laktikozko mikrokristalak sortzen omen ziren, orratz ttiki batzuk, eta horregatik sentitzen omen genituen ziztadak. Mikrolesio horiek egokitzapen prozesu natural baten ondorio dira. Arrazoia edozein dela ere, ederki dakigu ez dela batere larria: berez desagertzen dira 3-7 egunean. Azukre-urak ez ditu sendatzen. Hidratazioa eta atseden aktiboa dira sendabide hoberena.
Nire lagun igantziarraren etxean honela erabiltzen dute: “Aspaldiko partez atzo mendira joan nintzen, eta gaur ondorioa izterretan”. “Baratzean makurtua denbora luzean ibili, eta gaur ondorioak gerrian”.
“Ondorio” hitza, berez, inespezifiko samarra izaten ahal da, bai, baina ez dute modu inespezifikoan erabiltzen. Beste adiera bat da, berariaz horretarako erabilia. Horregatik iruditzen zait hiztegian agertzeko modukoa dela. Agertuko ahal da inoiz! Nolanahi ere, adiera horrekin ere, sekula aditu ez duenak ongi ulertuko du testuinguruak lagundurik.
Xabier Olarrak gogorarazi dit gure lankide Juan Pedro Etxegarai lesakarrak “orratzak” esaten zuela, baina, han eta hemen bilaketa eginik, ez dut inon halakorik aurkitu, eta, beraz, duda gelditzen zait jende gehiagok erabiltzen ote duen horrela edo berak egindako itzulpena zen.
Jakina, egin dut nire ikerketatxoa ere. Eta ikusi dut zer dioten gure hiztegiek. Hau da panorama:
| Elhuyar agujeta 2 s.f. (pl.) (gihar-)min anteayer anduve corriendo y todavía tengo agujetas: herenegun korrika egin nuen eta oraindik ere hanketan mina daukat | |
| Zehazki agujetas fpl gogordura(k). | |
| Labayru agujeta 2 s.f.pl. Dolor muscular giharretako min, giharra-/gihar-min. Ayer hice demasiados ejercicios abdominales y hoy tengo agujetas por todo el cuerpo: Atzo ariketa abdominal lar egin nebazan eta gaur giharretako mina daukat gorputz osoan. (bizk) | |
| Nola erran courbature nom féminin gogordura – gogordüra (ZU) – gihar min plein de courbatures gogorduraz estalia– gogordüraz beterik (ZU) |
Galdetu diot nire fisioterapeutari, Ihitz Iriart zuberotar iruñeartuari, on-ona eta arduratsua baita fisioterapian zein euskaran, eta garbi esan dit “kurbaturak” erabiltzen dutela bere etxean (eta Zuberoan), frantsesetik hartutako mailegua, alegia. Gogordüra eta gihar-min ere hor daudela, baina berak, gaur egun, “abusetak” esaten duela.
Bergarako Udalak plazaratutako testu bat ere aurkitu dut, gaia aipatzen duena:
| 2005-2006 ikasturtia. 1. unidade didaktikuaren eranskin berezixa: heziketa fisikuaren eta kirolaren inguruko lexikua, esamoldiak, hiztegixak… Giharmina/ gihar ziztadak: abuxetak, gogordurak. |
Orotariko Euskal Hiztegian, “ondorio” sarreran ez dago bildua adiera hori. “Gogordura” hitzean, berriz, hauxe dago:
| gogordura (L, R-uzt; Urt IV 476, Dv) Ref.: A; Lh. Entumecimiento. “Endurecimiento, entorpecimiento de miembros” A. “Courbature” Lh. Oi, harrigarrizko gogordura! Oi, sepharen gaixtoa! Dv LEd 232. Hunat misionest heldu denak ez du zeren zangoetan gogordurarik ukhan. Prop 1888, 142. Azken horiek beraz hola [lurrean berean] moxten zuten ardia, ez baitzuten gerruntze gogordurez axolatzerik. Larre Artzain E 58. |
Hori da, bada, panorama.
Besterik gabe, burura etorri zait ongi dagoela mailegu horiek onartzea (ez daude jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian), baina hori bezain garrantzitsua dela euskaldunen ahotan bizirik dauden beste adiera horiek ere jasotzea. Hiztunak, gero, hantxe izanen ditu aukera horiek guztiak, egokiena iruditzen zaiona erabiltzeko, testuingurua zein den.
Begi-bistakoa da, bestalde, aberastasun lexikal handia dagoela oraindik biltzeko. Nik nire koadernotxoarekin jarraitzen dut hitz-ehizan, eta, ahal dudan neurrian, konpartitzen saiatzen naiz. Hemen idatzirik gelditzeak atea irekitzen du, segur aski, halako hitzek noizbait ere hiztegietara egin dezaten salto.

