Atzeko ateak

Manu López Gaseni

Joan den hilean izandako enkontru batean, Leire Azkargorta EIZIEkideak blog honetan idatzitako sarrera bat aipatu zidan. Kolaborazio hura ez nuela gogoan esan nionean, pixka bat harritu zen, eta orain nik, atzerabegirako desenkusa moduan, alegatu behar dut ezen, nire urtebetetze egunean argitaratu zelarik, egun hartan ez nuela bloga zabaldu. Testu hartan kontatzen duenez, abian duen doktore-tesirako aurrekariak biltzen ari zela, ikusi zuen itzulpengintzari buruz euskaraz aurkeztutako lehen doktore-tesia 2000. urtekoa zela. Urte hartako urtarrilekoa, gaineratzen dut nik; Itzulpengintzako lizentziatura artean abiatzeko zegoela; eta Letren Fakultatetik kanpoko doktorego-programa alien baten emaitza izan zen.

Pasadizo horri gehitu behar zaio egun berean egin zidatela adinean aurrera joatearen poderioz soilik jasotzen diren aitortza horietako bat. Pozgarria, noski. Baina… Handik astebetera, berriz, metroan sartu nintzela, gazte batek eserlekua eskaini zidan, nire bizitzan lehen aldiz. Adinarekin lotutako gauza gehiegi, halabeharrari egozteko. Eta horrek guztiak zer pentsa eman zidan, bistan denez.

Hasieran aipatutako egun hartara itzuliz, nire ohiko baldartasun soziala dela medio, gutxienez ordu erdi bat geroago erantzun nion Leireri. Haren gogorarazpenak gaia emana zidala blog honetan hitzartuta dudan azken testurako, denboraldikoa bederen, menturaz sekulakoa.

Berritasun-zale bat baino gehiago gaiarekin aspertuta badago ere, hamaikagarrenez aitortuko dut Itamar Even-Zohar ikertzaile palestinarraren teoriarik ezagunenak ibilbide akademiko osorako inspirazioa eman zidala. Eta geroko beste askori ere eman die, pozez ikusi dudanez, dagoeneko normalizatutako itzulpengintzaren ikerketa-eremuan.

Horren harira, beste toki askotan esandakoa errepikatuko dut hemen: gurearen antzeko sistema gazte edo/eta ahuletan, errepertorio eta genero periferikoek aukera gehiago dute, zenbaitetan, erdigunera hurbiltzeko eta are erdiguneko bihurtzeko ere.

Hala gertatu da, euskal literaturaren historian, itzulitako testu askorekin, eta hala gertatu zen, euskal eremu akademikoan, 2000. urteko tesi harekin ere. Kasu horretan, akademiarako sarrera eman zion atzeko atea nire bigarren arima izan zen: haur eta gazte literatura. Euskal mainstream literaturarik apenas zegoen garai batean, haur eta gazte literaturak bete zuen hutsune hura, itzulpenaren bidez batez ere. Eta genero periferikoek munta txikiko arreta jasotzen zuten garaian, periferiaren periferian dagoen genero baten azterketa sartu zen gibeleko atetik.

Gerora, Even-Zohar irakaslearen azterbidea aski emankorra izan da gure artean, itzulpengintzaren inguruko ikerketetan ez ezik, testu periferikoak zein kanonizatuak idatzi dituzten idazleen ibilbideen azterketetan ere. Hala, Xabier Etxanizek (2007, 2011) idazketa- eta itzulpen-tekniken laborategi bat ikusi zuen Bernardo Atxagaren haur eta gazteentzako obretan, gero lan kanonikoetan erabiltzeari begira. Ikertzaile berak, Karla Fernández de Gamboarekin batera (2011), antzeko azterketa bat egin zuen Leire Bilbaoren obren gainean. Eta, azken adibide bat jartzearren, Aiora Sampedrok (2022) bere doktore-tesian Harkaitz Canoren literatura aztertu zuen polisistemen teoriaren ikuspuntutik (atzeko atea, Canoren kasuan, genero periferikoekiko hibridazioa da).

Tankera bateko haur eta gazte literatura, itzulpenarekin batera edo gabe, behin baino gehiagotan atzeko atetik sartu, eta literaturaren etxeko gela nagusietara iritsi da. Adibiderik hurbilena, beharbada, Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak (1991) liburuak, gurean harrera epela jaso eta gero, alemanez lortutako arrakastarena da, Ludger Meesen itzulpenaren bidez. Lehenago, alderantzizko bidetik, Die unendliche Geschichte (1979) Michael Enderen eleberriaren itzulpenek izugarrizko sona erdietsi zuten mundu osoan (gurean, Istorio amaigabea, Idoia Gillenearen itzulpenean). Eta Behi euskaldunaren ondoren ere, beste hainbeste gertatu zen, esaterako, “His Dark Materials” (P. Pullman, 1995-2000) eta “Harry Potter” (J.K. Rowling, 1997-2007; euskaraz, Iñaki Mendigurenek itzuliak) liburu-sailen itzulpenekin.

Literatura “orokorrean”, berriz, itzulpenaren bidezko atzeko aterik ezagunena hainbestetan aipatutako frantsesezko Poe da: frantses literatura bere onenean ez zegoelarik, Baudelairek itzulitako Histoires extraordinaires (1856, 1857) ipuin bildumek frantses sinbolismoaren ikur bihurtu zuten E.A. Poe. Irakurleak ez aspertzeko, azken adibide bat: Cien años de soledad (1967) eleberriaren ingeleserako itzulpenak ere espero gabeko arrakasta eta milioikako salmentak izan zituen ingelesezko sistema bestela iragazgaitzean (AEBn, Erresuma Batuan eta haren koroari atxikitako herrialdeetan), G. Rabassaren itzulpena medio.

Atzeko ateak ez dira beti gutxiestekoak. Gogoan izan Aliziak “Edan nazazu” zioen botilatxotik edan behar izan zuela, neurriz txikiagotu, eta berrogei bat zentimetroko atexka batetik herrialde miresgarrira sartzeko. (Laster konturatu zen, haatik, mundu hartan ere denak erotuta zeudela).