Gero bat gaurdanik

Alaitz Zabaleta Sarobe

24/2026 Foru Agindua, martxoaren 25ekoa, itzultzaile batek emana, zeinaren bidez ari bainaiz pentsatzen inork euskaraz irakurriko ote duen arau hau. Itzultzailearen ikusezintasunaz hitz egiten da. Zer esan, ordea, euskal irakurlearen ikusezintasunaz?

Hor ari naiz ahalik eta txukunen itzultzen, natural samar eta ulergarri utzi nahian testua… Hala ere, euskarazkoa apaingarri tipografiko hutsa izanen bada… akaso ez ote nuke hobe, lehenbailehen Itzulpen Ataleko zerrendan testua bukatutzat markatzeko, korrika egin, eta kitto?

Korrika… Euskal Herriko zer txoko zoragarritan barrena ote dabiltza? Ikus dezadan unetxo batez… Kolore eta musika eztanda sartu da bulegoan: han da, ikusgarri, jende andana, lekukoa eskuz esku, euskararen aldeko aldarriak, umore bikaina eta bandera koloretsuak. Herri bat. Herri bat osorik, bizirik, hizkuntzari eusteko gogoz, gure kontraesanekin, baina pozik eta irmo. Huts ederra sumatuko dugu bukatzen denean.

Itzulpenera itzuli naiz. Foru agindua hor dago oraindik.

Horrenbestez, ikusirik… Bai, ikusirik Korrikaren edizio honen arrakasta, gogora datorkit gure aitak halakoetan esaten duena: “Joasuuus, batzuk ez dira pozik egonen oraintxe!”. Bai, edizioaren hasieratik saiatu ziren batzuk giroa mikazten, eta bukaeran ere ahaleginduko da bat baino gehiago bazterrak nahasten. Baina ez da malefiziorik, herri hau ikusezin bihurtuko duenik.

Pantailatik mahai gainean dudan liburuaren azalera joan zait begirada. Korrikaren lekukoa ageri da, pipiak erdi-jana, Esnatu ala hil liburuaren azalean. Aurreko hamarkadetan euskararen alde lan erraldoia egin badugu ere, Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak esan diguten bezala, orain ditugun erronkak ez dira samurrak batere.

Baina erasoak eraso eta erronkak erronka, bada euskaraz bizi nahi duen jendea. Irakurle hezur-haragizkoak. Ez dira ―ez gara― itzal ikusezinak. Bakoitzak geuretik, egunero dihardugu euskararen alde, gero bat gaurdanik eraikitzen.

Lekukoa hartu eta itzultzeari ekin diot, testu hau euskaraz lan egiteko tresna erabilgarri bihurtzera. 41.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta, AGINTZEN DUT…

Leun aditzen da, ordenagailuaren bozgorailuetatik, Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak 13. Korrikarako idatzi zuten abesti hunkigarria:

Ez dok hamahiru,
ez da malefiziorik;
herri bat,
herri bat osorik,
gero bat,
gero bat gaurdanik…