Bernart Gazteluzar (1686): arimen gaueko itzultzailea

Gidor Bilbao Telletxea

XVIII. mendeko Zuberoa herriko eta Baionako diozesako kantika espiritualen harrobiak, iturriak eta jatorrizkoak bilatzean iritsi nintzen Bernart Gazteluzarren Egia katolikak (1686) liburuko “Ifernua” atalera, zehazkiago bizien eta arimen arteko elkarrizketara: Dialoga tromenta beren gainean, hain zuzen [Dialoga] ifernuko tromenten gainean, edo, beste era batean esanik, infernuko tormentu, tortura eta estirei buruzko elkarrizketara.

Elkarrizketa horretan, bizirik dagoen batek infernuan diren bekatari kondenatuei galdetzen die zer zigor ari diren pairatzen. Lehenengo ahalpaldian galdera generikoa dago, eta bigarren ahapaldian bekatari kondenatu guztien erantzun generikoa. Gero, bekatari bakoitzari banan-banan galdetzen dio: mundanoari, plazeretarat emanari, arnegariari, mendekatzaileari, gaizki-erraileari, abariziosari, gormantari, bonaxeretan (oturuntza-orritsetan) dabilanari, konpainia goxoetan ibili denari, penitentzia egin gabe heriotzeraino luzatu duenari eta koleratsuari. Errepika bera da galdegite guztien amaiera (“Erraguk, erraguk: / zer pena sofritzen duk?”), eta arrapostuetan, bekatari bakoitzak bere zigorra deskribatu ondoren, denek amaitzen dute aholku berarekin: “Hela! Hela! / Segi ez gaitzatzula!”.

Testuak arrakasta handia izan zuen, eta, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, behin eta berriro berrargitaratu zen XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako (eta Zuberoa herriko) kantika espiritualen bildumetan, kantatu ere eten gabe kantatu den seinale. Lehenengo lerroaren bidez ezagutzen da (Kreatura damnatua) eta are XX. mende-hasierako euskal kantutegi nagusietan ere agertzen da (Aita Donostiaren kantutegian, adibidez, 1918an Arnegiko lekaimeei entzuna), edo Bertsolaritzaren Doinutegian, partiturekin eta doinuen grabazioarekin. Lan polita da testu-aldaerak eta doinu-aldaerak aztertzea (Salvat Monhoren bertsioa barne).

Baina, zergatik aipatu dugu Bernart Gazteluzar itzultzailea? Guk dakigula, Piarres Lafittek (1974ko “Notes sur la poésie chez Bernard Gasteluçar” artikuluan) aztertu zituen nolabaiteko zehaztasunez Gazteluzarrek latinetik euskaraturiko testuak, baina frantsesezko iturri posibleez Julien Vinsonen bibliografia handiko ohartxo hau baino ez dugu aurkitu:

… un autre Noël avec le refrain erraguçu, Maria qui rappelle le fameux cantique or, nous dites, Maria. (Vinson 1888, 39. sarrera).

Vinsonek dioenean frantsesezko kantika gogorarazten diola, ez zaio arrazorik falta, izan ere Gazteluzarren Kanta zagun guziok (Erraguzu, Maria) testua frantsesezko Or, nous dites, Marie kantika ezagunaren euskarazko itzulpena baita. Kasu honetan ere, XVIII. eta XIX. mendeetako kantika espiritualen bildumetan ikusten dugu urteetan zehar iraun duela eta, airea aipatzen denean, honela aipatzen dela: “Aire hunen gainean: Or nous dites Marie… edo ô ma tendre musette, etc.” (ikusi, adibidez, Kantiko izpiritualak, 1783ko argitaraldian, 67. orrialdean). Grabazio berrietan ere entzun dezakegu, hala frantsesez nola euskaraz.

Bizien eta arima kondenatuen arteko elkarrizketa ere frantsesetik euskaratu zuen Gazteluzarrek eta, dirudienez, harrobi bertsutik hartu zuen, hain zuzen frantsesezko XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batetik. Bernard Dompnier ikertzaileak “Les cantiques dans la pastorale missionaire en France au XVIIe siècle” artikuluan dioenez, gutxienez 1676tik ezagutzen da Soupirs des âmes damnées kantika arrakastatsua, gero Malheureuses créatures kantika-hasiera edo incipitaren bidez ezagutua. Generoak berak eskatzen du hala frantsesezkoan nola euskarazkoan hainbat aldaera sortzea urteen joan-etorrian, hala testuetan nola doinuetan, eta ez dugu aurkitu oso-osorik Gazteluzarren testuaren parez pare ipintzeko moduko frantsesezko bertsiorik; baina XVIII. eta XIX. mendeetako hiru kantika-bildumatako bertsioekin (1760ko bilduma bat, beste bat 1867koa, eta hirugarrena 1829koa), 28 ahapalditatik 20ren parean ipintzeko moduko testu frantsesak aurkitu ditugu. Hemen luzeegi geratuko litzateke testu osoa eta soilik 10 estrofa aukeratu ditugu:

LES VIVANTS.
Malheureuses créatures,
esprits réprouvés de Dieu !
Que d’éternelles tortures,
puniront en ces bas lieux ?
     Dites-nous, dites-nous :
     quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea.
Kreatura damnatua,
Jainkoak ahantzia!
Zer da hire ifernua?
Zer dolore handia?
     Erraguk, erraguk:
     zer pena sofritzen duk?
LES DAMNÉS.
Pourquoi nous faire répondre ?
C’est augmenter nos douleurs,
c’est nous-mêmes nous confondre
de raconter nos malheurs.
     Hélas ! Hélas !
     Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta.
Zer aiphatuko darotzut?
Erratez naiz penatzen.
Berriz erraten baditut,
berriz naiz tromentatzen.
     Hela! Hela!
     Segi ez gaitzatzula!
LES VIVANTS.
Vains adorateurs du monde !
Où sont toutes vos grandeurs,
et la gloire que l’on fonde
sur l’éclat des faux honneurs ?
     Dites-nous, dites-nous :
     quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Mundanoari.
Mundano liluratua!
Non da hire gloria?
Non ponpa haizez hantua?
Non ohore handia?
     Erraguk, erraguk:
     zer pena sofritzen duk?
LES DAMNÉS.
Ah ! Cette gloire est passée,
comme un songe de la nuit,
qui trompant notre pensée
à notre réveil s’enfuit.
     Hélas ! Hélas !
     Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta.
Ah! Joan da gloria hura,
xizmizta bat bezala,
arriberan nola hura,
eta nola itzala.
     Hela! Hela!
     Segi ez gaitzatzula!
[…][…]
DEMANDE.
Que vous reste-t-il, avares,
de cet argent, de cet or,
et de tous ces meubles rares
qui faisaient votre trésor ?
     Dites-nous, dites-nous :
     quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Abariziosari.
Aberats gaxto gosea!
Non da hire zilharra?
Non tresora? Non urrea?
Non da muble ederra?
     Erraguk, erraguk:
     zer pena sofritzen duk?
RÉPONSE.
Une éternelle indigence
est le déplorable fruit
que notre avare opulence
pour jamais nous a produit.
     Hélas ! Hélas !
     Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta.
Ah! Kharrezko leze huntan
dire gustiak urthu,
eta ni su-elementan
hekin balsan funditu.
     Hela! Hela!
     Segi ez gaitzatzula!
[…][…]
A tous les Damnés.
Dans ce gouffre épouvantable,
dans ce séjour plein d’horreur,
des tourments dont vous accable
le courroux d’ un Dieu vengeur,
     dites-nous, dites-nous :
     quel est le plus grand de tous ?
Galdegitea. Damnatu gustiei kolpe batez.
Finean, hor ifernuan,
zein da min handiena?
Pena horien lekhuan,
zein pena kruelena?
     Erraguk, erraguk:
     zer pena sofritzen duk?
Réponse.
Le tourment le plus horrible
n’est pas le tourment du feu ;
Il en est un plus terrible :
c’ est de ne voir jamais Dieu !
Errepusta.
Esparantza ez izaten
hemendik ilkhitzekotz;
bethi suak berreturen,
supean bizitzekotz!
Bethi-ere zer denbora,
bethi suzko lezean!
Elementak bethi paira,
bethi finik gabean!
Plazer labur batengatik,
harturik bihotzean,
khea bezala zelarik,
erre behar supean.
     Hela! Hela!
     Segi ez gaitzatzula!

Esan dugun moduan, Gazteluzarren ahapaldi guztiek ez dute ondoan frantsesezko iturri posiblea; hori izan daiteke Gazteluzarrek berak asmatu duelako euskaraz, edo guk ez dugulako aurkitu frantsesezko iturri egokia. Nolanahi ere, uste dut zalantzarik ez uzteko moduan erakutsi dugula Gazteluzar frantsesezko testua euskaratzen ari dela, izan itzulpen zehatza edo izan parafrasi laxoa.

Testuari begira jardun dugu orain arte, baina bistan da orain badakigula zerbait gehiago Gazteluzarrek hitzaurrean doinuari buruz idatzirikoa behar bezala ulertzeko:

Ezen nola plazer hartzen baitute itsasoan latinez Elizako himnoen kantatzeaz, atsegin gehiago izanen dutela himno beren ezkaraz errateaz, aire berean ezkaraz ematen tut; eta gainerako bersuen airea komunzki gustiek badakite (Gazteluzar 1686: 12).

Esango nuke batetik latinetik euskaratuak eta bestetik frantsesetik euskaratuak bereizten ari dela; latinezkoak latinezkoaren aireaz kantatzeko moldatu ditu, eta “gainerako bersuen airea”, komunzki guztiek badakitena, frantsesezko kantiken bidez ikasitakoa izango da, ezta? Gazteluzarrek uste du irakurleak identifikatuko duela Kreatura damnatua berria Malheureuses créatures arrakastatsuaren bertsio gisa. Irakurle-kantariak nola jakingo luke, bestela, zein aire dagokion 8a / 7b / 8a / 7b / 6c (4c) / 7c egiturako estrofa bati? Orain badakigu egitura metriko hori ez dela, Lafittek (1974: 258) iradoki zuenaren kontra, erabat berria eta Gazteluzarrek asmatua, baizik eta frantsesetik euskarari ekarria.

Bide batez: goian aipatu ditudan kantutegietako partituretatik abiatuta, askotan grabatu da euskarazko Kreatura damnatua, baina ez dut aurkitu grabaziorik online, arimen gauean entzun dezazuen. Frantsesezkoa entzuten ari zaretela euskarazkoaren letra irakurri eta zeuek kantatu nahi baduzue, hemen duzue frantsesezko L’enfer, entzuteko moduan; bestela, Bertsolaritzaren Doinutegiko ereduaz baliatuta ere kantatu dezakezue, jakina.

Erortzen zatzaizkit

Uxue Rey Gorraiz

Euskalduntzen hasi berri-berria den lagunaren begietatik ari natzaio euskarari behatzen azkenaldian, tarteka. Hogeita asko urte dituelarik eta aurrez euskara apurrik ere ez zekielarik eman du izena euskaltegian. Ez du falta motibaziorik batere, eta nik, euskaldun zahar baina oraindik gazte honek –adiera horren gaineko eztabaida beste baterako utziko dugu–, atseginez aditzen dizkiot niri inoiz okurritu ez zaizkidan galderak. Balio didate gure hizkuntzaren aukerez konturatzeko. Baita nire dudak begietaratzeko ere, batzuetan.

―Uxue, nola esaten da “encantada de conocerte” euskaraz? Nola da “encantada”? –galdetu zidan lagunak joan den astean.
―Urte askotarako –erantzun nion nik, seguru xamar.
―Bai? Interneten ez da horrela –erantsi zuen hark.

Segituan susmatu nuen zerk eragina zen nahasmendu hura. Elhuyar hiztegi neuronalean “encantada” hitza bilatuz gero, “sorgindua” hitza ageri da ematen duen lehenbiziko sarreran –ez da bakarra, jakina–.

Hori ez da blogaren sarrera honetan plazaratu nahi dudan duda, baina ilusioa egiten dit imajinatzeak laguna “sorgindua” azalduko zela azken egunotan izandako enkontruren batean. Gainera, beste hau nabarmentzeko ere balio du adibideak: zinez uste dut euskarak ez dituela zertan bilatu erdaretan sortutako esamoldeen kalkoak, baina bistan da joera hori normala dela euskalduntze prozesua hasi berria duen batengan.

Horregatik, honakoa galdetu zidan handik gutxira:

―Uxue, eta nola esaten da “me caes bien”?

Eta, orduan bai, etorri zitzaizkidan dudak; kaskoan zirika ditut oraindik. Euskarak baditu esamolde horren baliokideak, jakina, baina, egia esateko, bakar batek ere ez nau asebetetzen. Behintzat, baldin eta kale hizkeran baliatzeko modu baten bila bagabiltza. Kapritxo handiegiak ditut?

Aukera hauek okurritu zaizkit, baina ez naiz guztiz konforme.

a) “Jatorra zara”. Ziztuan etorri zait aukera hori burura, baina deskriptiboegia da nire irudiko. Jakina da gure lagun guztiak ez direla objektiboki “jatorrak”. Nireak ez behintzat.

b) “Gustuko zaitut / atsegin zaitut”. Imajinatzen dut aukera hau balekoa irudituko zaizuela gehien-gehienei, frantsesezko “Je t’aime bien” formularen antzekoa ere bada gainera, baina franko molestatzen nau zentzu sasi-erromantikoan interpretatzeko arriskua izateak. “Gustuko zaitut” esan, eta akaso laster letorke galdera: “Baina gustatu, lagun modura? Edo nola?”. Konplexu kontua izan daiteke, baina tira.

c) “Parte onekoa zara”. Asko estimatzen dudan itzultzaile batek iradoki zidan aukera hori bazegoela, baina, ondotik, elkarrekin egin dugu kontrastea, eta ez zaigu iruditu egokiegia.

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala baitio:

parte oneko
adj. Behar bezalakoa; parte txarrekoa ez dena.
(Ezezko esaldietan).
Erre usain hori ez zen parte onekoa.

=/= parte txarreko
adj. Badaezpadako gauzekin zerikusiren bat duena.
Parte txarreko jendea.

Esandakoa: baztertu egin dugu formula hori, kontua ez delako parean dugun pertsona hori “zintzoa” edo “gaiztoa” den epaitzea.

d) Kausitu aditzaren erabilera. Sekula ez nuen pentsatu gaztelaniazko caer bien aditzaren baliokide izan daitekeenik. Orain arte, esanahi hauen berri baizik ez nuen:

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala dio:

kausitu, kausi, kausitzen
1 da/du ad. Aurkitu, ediren. Kausitu du bilatzen zuena. Mina berehala kausitu dit eta berehala sendatu. Han kausituko dugu betiko atsedena. Lo zuten kausitu. Bi nagusien artean kausitzen nintzen. Hor kausitzen da egiazko atsedena.
2 du ad. Ipar. Lortu; (azterketa edo kideko bat) gainditu. Gure elkarteak lehen urratsa egina du kalitate erreferentzia ofizial bat kausitzeko. Gure gazteek kausitu dituzte beren etsaminak.

Baina, sorpresa:

Elhuyar hiztegiak hala dio –Euskaltzaindiak jasotzen dituen esanahiez gainera–:

kausitu, kausi, kausitzen
(…)
3 dio ad. (Ipar.) complacer, agradar, gustar
orori kausitzea lan da: agradar a todos cuesta trabajo

Irakurle, zer formula lehenesten duzue zuek? Edo, are: hemen bildu ez dudan beste zer esamolde gomendatuko zeniokete nire lagunari? Atseginez irakurriko ditut zuen erantzunak.

Aitortuko dut: ez nuen espero blog honetan idatziko nuen lehenbiziko sarrera halako duda bat plazaratzeko baliatuko nuenik, inozente eta lotsati. Ordea, seguru nago aurrerantzean ere izanen dudala aukerarik kazetari baten itzulpen zalantzak esplikatzeko. Edo nabarmentzeko euskarazko kazetariok zenbateraino gauden kondenatuak etenik gabeko itzulpen lanera; onerako eta txarrerako.

Sarri arte.

Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate

Isabel Etxeberria Ramírez

Gero eta gehiago, gero eta gehiagotan. Etxean afaltzen ari garela, edo kalean nonbaiterako bidean oinez goazela, beren intereseko zerbaitez hitz eta pitz ari zaizkidanean, gaztelaniaz hitz egiten didate semeek. Harridura eta kezka sortzen dit horrek, baita lotsa ere, batez ere etxeko intimitatetik kanpo jendaurrean eta lekukoak ditugula gertatzen denean. Eta konturatu naiz zenbait estrategia garatu ditudala inkontzienteki, eta ikusten badut, adibidez, semeetako bat zerbait gaztelaniaz kontatzen ari zaidan bitartean espaloian aurrerago halako datorrela, hizpide duen gaiari buruzko galderaren bat egingo diot semeari —euskaraz, noski—, dena delako herrikidearekin gurutzatu behar dugun momentuan nire euskarazko jarduna izan dadin entzuten duena, edo semea une horretantxe euskaraz erantzutera bultzatuko dudan esperantzan.

Ez da broma. Seme nagusiak 13 urte ditu; txikiak, 8. Txikiagoak zirenean hizkuntza-banaketa bitxia egiten zuten jolasean ari zirenean, niri garai hartan (inuzente halakoa!) barregarria egiten zitzaidana. Demagun:

A: Ni pirata bat nintzen eta zu lapurra, eta altxorra lapurtu nahi zenidan.
B. Bale. Dime dónde está el tesoro!
A: Nuncaaaaaa!
B: Eta orduan nik ezpata magiko bat ateratzen nuen. Dime dónde está el tesoro o te daré con mi espada mágica.
A: Eta orduan nik nire lagun dragoiari deitzen nion. Dragón, ayúdame! Tenemos que quitarle la espada!

Banaketa argia da: narratzailearen ahotsa, argibideak, hizkuntzaren erabilera instrumentala, euskaraz; edukia, fikzioa, hizkuntzaren erabilera estetikoa, gaztelaniaz. Hau da, funtzionatzeko, euskara erabiltzen zuten. Baina adierazkortasuna bilatzen zutenean, gaztelaniara jotzen zuten. Zergatik? Garai hartan beren fantasiak eta asmakizunak elikatzen zituzten ereduak gaztelaniaz jasotzen zituztelako nagusiki, marrazki bizidunen, filmen eta bestelako bideoen bitartez. Haien begietara, piratak, lapurrak, dragoiak, superheroiak eta dinosauroak gaztelaniaz mintzo ziren.

Bada, semeak koskortzen ari dira, eta haien interesak (zaharrenarenak batez ere) gero eta lotuago daude ikus-entzunezkoetara: telesailak, bideojokoak, streamerrak, youtube shorts, tik-tokeko bideoak… Gaur egun haien artean eta gurekin dituzten elkarrizketak eduki horiei buruzkoak izaten dira neurri handi batean, horixe baita haientzat une honetan, guk nahi ala nahi ez, haien bizitzetako atal garrantzitsu bat. Hala, bada, seme nagusiak ilusio handiz bideojoko batean maila goragoko bat nola lortu duen esplikatzen didanean, gaztelaniaz azaltzen dit. Eta seme txikiak bere gustuko telesail batean pertsonaia batek beste bati egin dion zirtoa barre-algaraka errepikatzen didanean, gaztelaniaz kontatzen dit. (Eta hau esanda, zera bururatu zait: gure seme txikiarentzat umorearen eta adierazkortasunaren eredu nagusietako bat estatubatuar gidoigile batek ingelesez pentsatu eta beste norbaitek gaztelaniara itzulitako txisteak eta hitz-jokoak direla. Marka da, gero!).

Haien arteko elkarrizketek ere txikiagoak zireneko haiek gogorarazten dizkidate neurri batean, baina gazteleraren pisua are handiagoa da orain. Adibidez:

A: Badakizu egin ahal duzula una máquina para teletransportarte a tu casa cuando quieras?
B: Bai. Baina kalkulu hori egiten duzu eta izango zen super zaila.
A: Bai, baina nola egiten duzu la máquina?
B: Ez dakit.
A: Nola egin ahal duzun con arena de almas y agua un ascensor…?
B: Bai.
A: Ba jartzen duzu un ascensor de esos. Lurrean. Tiras un ender pearl y el ascensor sube el ender pearl, y se queda arriba y no se choca con nada. Pones al lado un pistón y una palanca. Imagínate que estoy super lejos. Le digo a X: X, por favor, teletranspórtame. Le da a la palanca, entonces el pistón se abre, toca la ender pearl y yo me teletransporto ahí. Ulertzen duzu?
B: Bai.

Hau da errealitatea, lagunok. «Hau da gure etxeko errealitatea» esan beharko nuke agian, baina egingo nuke inguruan adin bertsuko haur eta gaztetxoak dituzuenoi ez zaizuela arrotza egingo erretratua.

Inoiz zaharrenari ohartarazi izan diodanean («konturatzen al zara bost minutu daramazula niri gaztelaniaz hitz egiten?»), gaztelaniazko zerbait kontatzen ari zitzaidala erantzun dit. Eta ondoren: «Ni ez naiz itzultzailea, ama». Hori da, nire ustez, kontua: ez dutela zertan itzultzen aritu, beste hizkuntza batzuetako gaztetxoak aritzen ez diren bezala. Euskarara itzulita (edo euskaraz sortuta) jaso beharko lukete dena, baina erdarara itzulita (edo erdaraz sortuta) jasotzen dute gehiena. Haientzat inportanteak diren erreferenteak erdaraz iristen zaizkie.

Batek pentsa lezake halako edukiei buruz hizketan ari direnean bakarrik jotzen dutela erdarara. Baina konturatuta nago azken aldi honetan bideojoko eta telesailetatik kanpoko kontu pertsonalez ari direnean ere gaztelaniara pasatzen direla batzuetan. Eta etxe barruko erabileraz ari naiz; guri —guri!— erdaraz hitz egiteaz. Bestea, kalekoa, lagunen artean erdaraz aritzearena, galdutako borrokatzat jotzen dut aspalditik. Bada, dena delako kontakizuna emozioz jantzi nahi dutenean —etxeko lanengatik purrustadaka ari direnean, adibidez, edo eskolan ikaskideren bati gertatuko injustizia batez…— gaztelania erabiltzen dute tarteka. Beren diskurtsoa indartzeko gainantzezten dutenean, alegia, euskara motz-edo geratzen zaie, eta gaztelaniara jo behar izaten dute adierazkortasun bila.

Baten bati zalantza piztu balitzaio ere… Gure semeek gero eta gaztelania gehiago erabiltzeak ez du zerikusirik euskararen zailtasunarekin. Gure semeek lasai asko esan dezakete diezazuket, eta ez dute batere arazorik erlatibozkoak erabiltzeko. Gakoa beste bat da hemen: interesgarriak zaizkien eta erreproduzitu nahiko lituzketen edukiak eta hizketa moldeak erdaraz jasotzen dituzte.

“Zeigarnik” poemaren itzulpenak eta berritzulpenak

Iñigo Satrustegi Andrés

Oraingo honetan esperimentu moduko bat planteatu dut. Olatz Azpirotz Larzabal idazle iruindarrari bere poemetako bat bidaltzeko eskatu nion. Profil ezberdineko hiru lagunek poema horren gaztelerazko itzulpena egin behar izan dute, gero, beste hiru lagunek atzera berriz euskaratzeko. Esperimentu honen helburu nagusia zen bide horretan guztian zehar geratutako fenomenoen ñabardurak identifikatzea eta bakoitzaren estrategiak aztertzea.

Artikulu honetarako lagundu nautenen izenak amaieran emango dizkizuet, baina ideia bat egin dezazuen, hauexek beren profilak: itzultzaile eta literaturzaleak, itzultzaileak, literaturzaleak.

Goazen bada, lehenik eta behin, Olatzen poemarekin: ZEIGARNIK. Kontuz, izan ere, gertatu zaigu hitz-joko baten gisan identifikatu izana, baina kontrara, Ziegarnik psikologiaren alorreko fenomeno baten izena da. Ikus Wikipediako orria (ingeleraz).

ZEIGARNIK
 
Erabaki ditugun patuak zirkuluan eserita guri begira daude.
 
Ez gara libratu.
 
Eskuinean lohiak amiltzen jarraitzen du.
 
Ezkerrean arnasa hartzen dabiltzan hitzek aratz batera eraman nazakete.
 
Torlojurik gabeko makina zirkular bat. Eztanda bat.
Hezurrak giharretara itsatsiak eta
 
izerdi tantak galtzarpeko ileetan iltzatuta jauzia ekidin nahian.
 
Hitzak odolarekin idazten ditugu
eta odolari esker biziberritzen dira horrela,
seguruenik bizitzeko eta hiltzeko
beste modurik
eman nahi ez diegulako.
Olatz Azpirotz Lartzabal
A itzultzailea
ZEIGARNIK
Todos los destinos que escogimos nos observan sentados en círculo.
No nos hemos librado.
El lodo sigue precipitándose a nuestra derecha.
Las palabras que respiran a la izquierda me llevarán a un lugar puro.
Una máquina redonda sin tornillos. Una explosión.
Mis huesos se pegan a los músculos
y las gotas de sudor que se clavan en los pelos del sobaco intentando evitar el salto.
Escribimos las palabras con sangre
para que resuciten gracias a ella,
seguramente
porque no les hemos enseñado otra manera
de vivir y de morir.
B itzultzailea
ZEIGARNIK
Los destinos que hemos decidido están sentados en círculo mirándonos.
No nos hemos librado.
A la derecha el fango sigue desplomándose.
Las palabras que andan respirando a la izquierda pueden conducirme a una pureza.
Una máquina circular sin tornillos. Una explosión.
Huesos pegados a los músculos y
gotas de sudor clavadas en los pelos del calcetín tratando de evitar el salto.
Escribimos las palabras con sangre
y así se reviven gracias a la sangre,
probablemente para vivir y morir
porque no les queremos dar
otra manera.
C itzultzailea
ZEIGARNIK
Los destinos acordados nos miran sentados en círculo.
No nos hemos librado.
A la derecha el fango sigue precipitándose.
A la izquierda palabras que respiran podrían conducirme a un claro.
Una máquina redonda y sin tornillos. Una explosión.
Músculos pegados a los huesos y
gotas de sudor aferrándose a los pelos del sobaco para evitar la caída.
Escribimos palabras con sangre
y gracias a la sangre así renacen,
seguramente porque no queremos darles
otras maneras
de vivir y de morir.

Jakina da itzultzaile bakoitzak bere estiloa duela, eta hemen dugu horren adibide bat. Azter ditzagun kontu aipagarri batzuk:

  • A itzultzailea:
o   Hitzak odolarekin idazten ditugu/eta odolari esker biziberritzen dira horrela Bertso-lerro horietan sintaxia zertxo bait aldatu du (juntagailua ezabatu eta helburuzko menpeko perpausa bihurtu du). Gainera, odola hitzaren errepikapena saiheste aldera izenordain baliokidea erabili du:
Escribimos palabras con sangre/ para que resuciten gracias a ella
o   Beste aldaketa nabarmen bat, poemaren amaieran proposatzen duena. Ebakidurak erabat aldatu ditu, eta beste efektu bat lortu du:
Seguruenik bizitzeko eta hiltzeko/beste modurik/eman nahi ez diegulako.
Seguramente/ porque no les hemos enseñado otra manera/ de vivir y de morir.
  • B itzultzailea:
o   Deigarria da B itzultzaileak galtzarpe-ri emaniko itzulpenak: calcetín. Egiazki, Euskaltzaindiak galtzarbe ordaina da onartzen duena, eta akaso, horregatik, edo, gaizki irakurri/interpretatu duelako.
o   Amaierari, honek ere, beste forma bat eman dio, kasu honetan literalagoa, lerroz-lerrokoa:
Seguruenik bizitzeko eta hiltzeko/beste modurik/eman nahi ez diegulako.
Probablemente para vivir y morir/porque no les queremos dar/otra manera
  • C itzultzailea:
o   Egiturari (sintaxia eta joskera) dagokionez libreen jokatu duen itzultzailea da. Esango nuke erritmoa emate aldera bi proposamen nabarmenenak honako hauek direla:

Eskuinean lohiak amiltzen jarraitzen du./Ezkerrean arnasa hartzen dabiltzan hitzek aratz batera eraman nazakete.

A la derecha el fango sigue precipitándose./A la izquierda palabras que respiran podrían conducirme a un claro.

(Espazioaren garrantzia aurrera ekarri du ezkerraren kasuan)

Torlojurik gabeko makina zirkular bat. Esaldia berriz, honela ekarri du: Una máquina circular y sin tornillos.

(Juntagailua sartzeko beharra izan omen du)
o   Esanguratsua, halaber, zeri itsaste zaion zer interpretatzea. Olatzek dio: hezurrak giharretara. C-k, berriz, musculos pegados a los huesos (alderantziz, alegia).
D itzultzailea
ZEIGARNIK
Hautatu genituen patu guztiak begira ditugu biribilean eserita.
Ez gara libratu.
Lohiak amiltzen jarraitzen du gure eskuinean.
Ezkerrean arnasten duten hitzek leku aratz batera eramango naute.
Makina biribil bat torlojurik gabea. Eztanda bat.
Nire hezurrak giharrei itsasten zaizkie
eta jauzia saihestu nahian besapeko ileetan iltzatzen diren izerdi-tantei.
Hitzak odolez idazten ditugu
haiei esker berpitz daitezen,
ziurrenik
ez diegulako irakatsi beste modurik
bizitzeko eta hiltzeko.
E itzultzailea
ZEIGARNIK
Aukeratu ditugun helmugak biribilean jarrita daude.
Ez gara libratu.
Eskuinean lokatza erori egiten da.
Ezkerrean arnasa hartzen ari diren hitzek araztasun batera eraman naute.
Torlojurik gabeko makina zirkularra. Leherketa bat.
Muskuluei itsatsitako hezurrak eta
izerdi-tantak, galtzerdiaren ileetan iltzatuak, jauzia saihesteko.
Hitzak odolez idazten ditugu
eta odolari esker bizi dira,
seguru asko, bizitzeko eta hiltzeko
besterik
ez diegulako eman nahi.
F itzultzailea
ZEIGARNIK
Hitzartutako helmugek eserita begiratzen gaituzte biribilean.
Ez gara libratu.
Eskuinean lokatzak jarioan darrai.
Ezkerrean arnasten duten hitzek argigune batera eraman nintzakete.
Makina biribila eta torlojurik gabea. Eztanda.
Hezurrei itsatsitako giharrak eta
izerdi tantak eroria saihestearren besapeko ileei eutsiz.
Hitzak odolez idazten ditugu
eta odolari esker horrela berpizten dira,
ziurrenik ez diegulako eman nahi
beste modurik
jaiotzeko eta hiltzeko.

Bigarren itzulpen sorta honekin ez naiz gehiegi luzatuko uste dudalako erabat baldintzatutako itzulpenak direla. Hau da, gaztelerara pasatzean hartutako erabakien araberako itzulpenak dira. Hala ere, uste dut interesgarria dela aztertzea zein salto gertatu diren euskara-gaztelera-euskara bide horretan. Baina hori irakurleoi utziko dizuedan lana da.

Heldu da unea ezagutzeko nortzuk izan diren gure laguntzaileak. Agian baten batek somatuko zuen, eta, begi zorrotzenek ere ikusiko dute zein poemetan, baina 6 itzultzaileetako 2 ez dira gizaki. Hain justu, Eusko Jaurlaritzaren Itzultzaile Neuronalak eta Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoak egindako itzulpenak dira. Beste laurak Ibai Sarasua, Ainara Ieregi, Sarai Robles eta Ane Garcíaren eskuetatik pasatutako testuak ditugu (bi itzultzaile literaturzale eta bi literaturzale), eskerrik asko!

Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Egon hadi lo eta jango duk mehe

Josu Barambones Zubiria

2023ko Senezen Netflix plataforman ikusgai dauden euskarazko azpidatzien hizkuntza-kalitatea aztertu dut. Artikuluak baina, herren egiten du ikus-entzunezko itzulpenen kalitatean eragina izan dezaketen alderdi profesionalak ez dituelako aintzat hartzen, bereziki itzulpen-enkarguak entregatzeko epe estuak eta itzultzaileek jasotzen dituzten ordainsariak. Artikulu honetan bakarrik ikus-entzunezko lanak esleitzeko moduaz eta itzulpen-epeei buruz mintzatuko naiz. Hurrengo baterako utziko dut ordainsarien kontua.

Lan baldintzen zer-nolakoa ezagutzeko zer hoberik baldintza horiek pairatzea baino, ezta? Hain zuzen ere, egun merkatuan dauden bideo plataforma gehienentzat lan egiten duen zerbitzu-hornitzaile batean lanean hasteko aukera fortunatu zitzaidan pasa den udan. Unibertsitateak eskaintzen didan konfort-zonatik bolada batez aldendu eta autonomoen lan munduan sartzea begitandu zitzaidan egokiena lanbidearen gazi-gozoak ezagutzeko. Egia esan, banuen eskarmenturik bizkoizketarako itzulpen-egokitzapenean, baina ez hainbeste azpidazketan, han-hemen egindako hainbat ikastaro alde bat utzita.

Horiek horrela, zerbitzu-hornitzaile horrek kontratatu, eta berehala ezagutu nuen enpresa batzuek itzulpen-enkarguak esleitzeko daukaten era txit bitxia. Horrela lan egin ohi zutela entzunda nengoen, baina bertatik bertara ikustea harrigarria iruditu zitzaidan: itzulpen enkargua hainbat itzultzaileri bidaltzen zaie aldi berean, eta itzultzeko eskaera jasotzen den hurrenkeran onartu eta esleitzen da. Beraz, eskaerak lehenesten dira hautagaiek euren eskaintza aurkeztu duten minutua eta segundoa aintzat harturik. Nire kasuan premiazko lan bat zen, eta bezeroak dagoeneko euskaraz azpidatzita zeuden testu batzuk zuzentzea nahi zuen. Mezuan bertan irakur zitekeen itzulpen-proiektua “iritsieraren araberako ordenan” esleituko zela. Nire ustez, hobe lukete horrela adierazi beharrean era gordinago eta zuzenago bat erabiltzea, esaterako: egon hadi lo eta jango duk mehe. Mezua iritsi eta di-da batean erantzun beharrean, honekin edo horrekin entretenituko nintzen, eta berriro posta zabaldu nuenerako lana esleiturik zegoen. Orduan Axularrekin gogoratu nintzen, eta zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak.

Lana esleitzeko modu horrek badu bere arriskua, nik uste, izan ere ez du lehentasunik ezartzen itzulpen-enkarguaren inongo alderditan. Hau da, berdin dio edukiaren konplexutasunak edo itzultzaileak gai horretan izan dezakeen ezagutza-mailak, soilik hurrenkera kronologikoa interesatzen zaiolako. Demagun, bada, Australiako koral hesi handiari buruzko dokumental bat euskaraz azpidazteko erabakia hartu dutela; demagun, aldi berean, ni geologian aditua naizela, eta bereziki arrezife eta koralen mundua oso gertutik ezagutzen dudala; demagun, orobat, mezu bat bidaltzen dietela hainbat itzultzaileri dokumental hori azpidazteko iritsieraren araberako ordenan oinarrituta; eta demagun, azkenik, itzultzeko eskaera bidaltzen duten egunean eta orduan Internetik gabe geratu naizela telefono-operadorez aldatzen ari naizelako. Beste behin ere lanik gabe geratuko nintzateke. Baina adibide bat baino ez da.

Lan egiteko epeak direla eta, azken hilean film bat eta serie bateko hainbat atal azpidazteko enkarguak alde batera utzi beharrean egon naiz. Filmaren kasuan bi egun eman zidaten ordu bat eta erdiko film bat euskaraz azpidazteko (lokalizazioa, hau da, azpidatzion hasiera eta bukaerako denbora kodeak ezartzea, aurretik egina zegoen), hau da, 1.300 azpidatzi inguru bi egunetan egiteko. Nik ez dakit jendeak oso azkar itzuliko duen, baina ni aitortu beharrean naiz lana patxadaz egitea gustatzen zaidala, eta agian behar baino denbora gehiago hartzen dudala. Frogatuta daukat azkar itzultzen dudanean kalitateak behera egiten duela; gainera, epe hain laburrean itzuli behar izateak buru-ahalegin aparta egitea dakar berekin, ordu askoan eta ia atsedenik hartu gabe egin behar duzulako lan epea errespetatuko baduzu. Horrelako kasuetan, itzulpenaren kalitatea bainoago norberaren buru-osasuna ere egon daiteke arriskuan. Gainera, azpidazketaren kasuan, denbora- eta espazio-muga batzuk daude: batetik, lerroko karaktere kopuru mugatua baino ezin da idatzi, eta horrek eramaten zaitu itzulpenak behin eta berriz formulatzera bat etor daitezen karaktere kopuruarekin; eta, bigarrenik, irakurtzeko abiadura ere errespetatu beharra dago. Nolanahi ere den, mezu bat idatzi nien hori guztia azalduz eta epea luzatzeko eskatuz, gutxienez bost egun beharko nituela ingelesezko azpidatziak euskaratzeko eta itzulitakoa orrazteko. Alferrik, ordea. Lana eskaintzeko bidaltzen dizuten mezuan oso jator eta adeitsu jokatzen dute zurekin, baina oraindik bidali nien mezuaren erantzunaren zain nago.

Serieko atalen kasuan, epeak oso antzekoak ziren: sei atal euskaraz azpidazteko, 45 minutukoak batez beste, eta 500 azpidatzi ingurukoak. Epea: bi eguneko tartea atalok itzuli, (berrikusi?) eta bidaltzeko. Enpresaren ikuspuntutik produktibitatea nahikoa ona dela esan daiteke, baina itzultzailearen ikuspuntutik begiratuta, ez dago lana berriz irakurri eta zuzentzeko denborarik. Ondorioa: akatsak ez detektatzeko probabilitatea oso handia da. Egia da itzuli eta hurrengo fasean, zuzenketa aldian, norbait arduratuko dela itzulpena berrikusi eta zuzentzeaz (behintzat zerbitzu-hornitzaile honen kasuan, guztiekin ez baita berdin gertatzen), baina, aukeran, nahiago akatsak zuzentzeko paradarik ez eman.

Egiari zor, esan behar dut azken enkarguan malguak izan direla itzulpena entregatzeko epearekin, eta eskatu nien hiru eguneko luzapena onartu didatela. Eta, gaitzerdi, zeren, onartu ezik, nire burua beharrean ikusten bainuen gaueko ordu txikitan masokismoaren paroxismoan harrapatuta.

Esan berri dudana ebidentea da, eta itzulpen-lanak entregatzeko epeak agentziaren eta itzultzailearen artean finkatu behar dira, eta beti ere epe errealistak ezarri, hartara itzulpenaren kalitatea bermatu eta bezeroaren espektatibak betetzearren. Eta denboraren kudeaketa egokia egiteko, funtsezkoa da itzultzeko prozesuan esku hartzen duten guztien arteko elkarlana eta komunikazioa.

Eta, bukatzeko, badakit hau nire talaiatik esatea merkea izan daitekeela, eta hileroko gastuei aurre egin behar dieten itzultzaileek sarritan baldintza kaxkarrak onartu beste erremediorik ez dutela izango, baina itzultzaile guztion esku dago maite dugun lanbide honetako baldintzak duindu eta hobetzea aldian behin lo egon ahal izateko eta mehe ez jateko.

Hizkuntza leku bat da

Itziar Otegi Aranburu

Urrian aurrera goazen honetan, gehienok atzean utzi ditugu jada uda parteko bidaiak. Orain, gure esku dauden bidaiak bestelakoak dira, geografia ez hain fisikoetan barrena egin daitezkeenak. Horretarako parada eskaini dit berriki esku artera iritsi zaidan liburu batek: La lengua es un lugar, Gris Tormenta Mexikoko argitaletxearena. Hamalau ahotsek beste hizkuntza bat hartu dute, dio liburuaren deskripzioak, hainbat testuingurutan literatura eta bizitza esploratzeko. Hori da kontua testu-bilduma honetan: arrazoi bat edo bestea tarteko, beren ama-hizkuntza ez den beste hizkuntza batean idazten duten egileen bilakaerak eta gogoetak. Nork bere esperientzia kontatzen du, nola izan zen aldaketa, zergatik, nola eragin duen bere idazketan hizkuntza batean baino gehiagotan bizitze horrek. Hitzaurrearen egile den Pablo Duartek dio egilearen ezegonkortasunaren esplorazioak direla testuok. Halako sakontasunetan sartu gabe, nik esango nuke idazle batzuen hizkuntza-biografiak direla, eta zinez interesgarriak.

Gogoetarako ardatzak bat baino gehiago dira. Lehena, hizkuntza eta kultura berri bat ikasteak idazleari sorrarazten dion arroztasunarekin lotutakoa. Yoko Tawada japoniarra ikastera joan zen Alemaniara, eta han hasi zen idazten, bai japonieraz, bai alemanez. Alemana ikasten hasteak errealitatea berriz deskubritzeko eta izendatzeko parada eman zion. Adibidez, japonierak ez omen du genero gramatikalik, eta Tawadak, objektu bakoitza izendatzeko hitzarekin batera, generoa ere ikasi egin behar izan zuen. Horretarako, objektuak banan-banan sexualizatu behar izan zituen, bere irudimenean sexu- eta izaera-ezaugarri jakin batzuk esleitu grapagailuari, arkatzari, idazmakinari, genero gramatikal jakin batekin lotzeko.

Eugène Ionescok, berriz, azaltzen du ingelesa ikasten hasi izanaren ondorio dela Emakume abeslari burusoila antzezlana. Urte batzuk lehenago frantsesa-ingelesa elkarrizketa eskuliburu bat erosi omen zuen, hasiberri mailakoa. Ingeleseko esaldiak eskuz kopiatzen hasi zen, buruz ikasteko, baina, ingelesa ikasi ordez, zenbait funtsezko egia ikasi omen zituen: asteak zazpi egun dituela, zorua behean dagoela, eta sabaia goian. Smith senar-emazteen arteko elkarrizketan, Smith andreak Smith jaunari jakinarazten dio hainbat seme-alaba dituztela, Londresen bizi direla, Smith jaunak bulego batean lan egiten duela, eta duela hogei urtez geroztik Martin senar-emazteen adiskide direla. Lau lagun horien arteko elkarrizketek ematen diote egileari antzezlana ontzeko abiapuntua, absurdoaren bidetik, hizkuntza automatikoa hartuta gai gisa, hizkuntzaren klitxeak, automatismoak, deus esan gabe mintzatzen den jendearen fraseologia.

Bigarren gogoeta-ardatza hizkuntza batetik beste batera igarotzeko arrazoiari dagokio. Askotarikoak dira arrazoi horiek: gerra, deserria, migrazioa, lana… baina badaude bestelakoak ere, Jhumpa Lahiri britainiar idazlearenak kasu. Lahirik lau liburu argitaratu zituen ingelesez, arrakasta handikoak, eta sari ugari eskuratu zituen. Bosgarrena, In altre parole, italieraz idatzi zuen, italiar hizkuntzan eta kulturan murgiltzearen esperientzia kontatzeko. Hortik aurrera, italieraz idatzi du batez ere (Dove mi trovo, Racconti romani…), eta bere lanak ingelesera itzuli ditu gero. Italiera idazketa-hizkuntza gisa hartzeko arrazoiak batez ere estetikoak dira Lahirirentzat, italierarekiko maitemintze baten ondorio. Ez zeukan beharrik edo obligaziorik, desio bat baizik, eta sortzailearen kalterako omen den segurtasunari uko egin nahia.

Beste ardatz bat itzulpena da, hizkuntzen arteko joan-etorriak, eta itzultzearen eta idaztearen arteko bidegurutzeak. Julien Greenek, adibidez, Keats poetaren eskutitz bat hartzen du hizpide, non azaltzen baitu bere poemetako ideia batzuk hitzek eurek iradokitakoak direla. Hitzek hizkuntza sortzeko ahalmena dutela. Frantsesa izan balitz, agian Endymion izeneko poema bat idatzi izango zukeen Keatsek, baina balizko poema horren indar emozionala guztiz bestelakoa litzateke ingelesez idatzi zuen Endymion poemarekiko. Endymion poemaren frantseseko bertsioak ez dira inolaz ere, dio Greenek, Keatsek idatzi izango zuen poema, jatorriz frantsesez idatzi izan balu, frantseseko hitzen soinuak guztiz bestelako irudi-jokoa iradoki izango ziolako. Julien Green bera 1940an Estatu Batuetara iritsi zenean Frantziari buruz liburu bat idazteko asmoz, Frantziari zor zion guztia bilduko zuen liburu bat hasi omen zen idazten, ordura arte ia beti bezala frantsesez, baina, hamar orri inguru idatzi zituelarik, liburu haren hartzaile nor izango ote zen pentsatzen hasi zen, eta, horren ondorioz, ingelesez idaztea erabaki zuen. Berriz ekin omen zion liburua idazteari, bere burua itzuli eta gauza bera beste hitz batzuekin esateko asmoz. Baina luze gabe konturatu zen beste liburu bat idazten ari zela, bestelako tonu batean, gaiari bestelako tratamendua emanez. Beste hizkuntza bat hartuta beste liburu bat idazten ari zela, beste egile bat bihurtu balitz bezala.

Silvia Molloy argentinar idazleak Valery Larbauden idazketa-aholku bat aipatzen du: arroztasun-ukitu bat ematea idazten dugunari. Eta Molloyk idazketa-metodo bihurtzen ditu ordura arte arazotzat zeuzkan bere hiru hizkuntzen arteko joan-etorriak. Testu bat idazten hasten denean, dio Molloyk, zail egiten zaio beti hasiera. Testua ingelesez idatzi nahi badu, esaterako, gaztelaniaz hasten da idazten, bitarteko testu bat sortzen du, eta gero, hasierako langa zail hori igaro duela iruditzen zaionean, ingelesera itzultzen du testua, eta ingelesez egiten du hortik aurrerakoa. Hau da, beste hizkuntza bat erabiltzen du bidea zabaltzeko.

Jhumpa Lahiri, eta liburuan ageri arren hona ekarri ezin izan ditudan Cristina Rivera Garza eta Theodor Kallifatides idazleak gurean izanak dira duela gutxi, Gutun Zurian eta Literaktumen, eta gogoeta mamitsuak utzi dituzte, bertako idazle batzuekin elkarrizketan. Hain zuzen ere, ideia hori eduki dut gogoan, temati, liburu hau irakurtzen ari nintzela. Behin eta berriz etortzen zitzaizkidan euskal idazleen adibideak eta gogoetak, aski interesgarriak. Horiek hartuta osa liteke, erraz asko, Hizkuntza leku bat da tankerako monografia bat, bertan bilduta gure idazleek hizkuntza batetik bestera egiten dituzten joan-etorriak, eta egiten ez dituztenak. Adibidez, Anjel Lertxundi, eta Itzuliz usu begiak; Iban Zaldua, zeinak euskaraz eta gaztelaniaz idazten baitu; Jose Luis Padronek bi horietan ez ezik galegoz ere idazten du; Eider Rodriguezek gaiari buruz gogoeta interesgarriak utzi zizkigun Idazlea itzultzailearen lantegi batean; Antonio Casado da Rochak Esku ezkerraz eta Islandiera ikasten eman zituen argitara, gaztelaniaz bi poema liburu argitaratu ostean; Kirmen Uribe, New Yorketik; Bernardo Atxaga eta Asun Garikano, zenbait lanetan behintzat euskaraz sortutakoa gaztelaniara itzuli eta berriz sorkuntza elikatzeko erabili izan duten prozesuaz; Erik Dicharry, zeinak euskaraz eta frantsesez idazten baitu, edo Beatriz Chivite poeta nafarra, Pekineko urrunean poemak euskaraz idazten hasi baitzen. Gutxi batzuk aipatzearren.

Nago zinez testu interesgarriak aterako liratekeela idazle horien hizkuntza-biografiak eta gogoetak bilduta, hizkuntzan, eleaniztasunean, idazketan eta itzulpengintzan interesa lukeen edonoren gozagarri.

Lastargiz inguratua

Estitxu Irisarri Egia

Informazioa serendipiaz iristen zaidala nioen aurreko sarreraren batean; inspiraziorako, ordea, akuilua behar dut gaur eta hainbat ikaslek ezagun duten ariketa bilakatuko dut bultzada, zenbait sare sozialetan ikusgarri dugun neskatoak bere buruari txirristan jaisteko ematen dionaren antzekoa. Zuzentzaile lanetan aurkitu eta zerrendatu ditudan hitz eta esapide batzuk dira. Ez ditut inoiz nire sorkuntzetan erabili eta gaur tartea emango diedala erabaki dut. Goazen bada, prokrastinazioa alboratu eta ezina ekinez egitera!

Herriko hiru emakumek digestiorako erabiltzen den ezamihilua saldu omen zuten gibela garbitzeko balio duen pareta-belarra zela esanez. Herritarrek maula larria zela iritzita, salatu eta epaiketa publikoa antolatu zuten herriko larrainik zabalenean. Epaimahaiaren aurrean erosleek eta saltzaileek hitz egin zuten, bakoitzak bere ikuspuntua adierazi zuen. Ezjakintasuna eta sorginkeria ziren mintzagai eta argudio nagusi; horiek ziren eztabaidaren haberik sendoenak. Epaimahaikideak: apaiza, alkatea eta herriko jauntxorik boteretsuena.

Luze joan zen kontua, herriko kide askok, guztiek ez bazuten egin, adierazi nahi izan zuten haien haserrea. Gautu eta lastagien artean akelarre itxura hartu zuen epaiketa hark. Hainbeste erretolikarekin nazkaturik, azkenean, jauntxoak mahaiari kolpe bat eman zion aski zela esanez. Epaimahaikideek alde egin zuten larrainetik. Hurrengo eguneko bandoan jakinarazi zuten maula-delituaz gain, sorginkeria ere egotzi zietela hiru emakumeei eta atxilo hartu nahi zituztela. 

Hiru emakumeak errekan kontu kontari arropa garbitzen ari ziren bitartean, koartza bat joan zitzaien herrian entzundakoak kontatzera. Ezin zuten atariko haizearen antzera hartu, maula egitea eta sorginkeria leporatu zizkieten! Horrek ez zuen urrun heriotza gartsua! Ez zuten denbora askorik bizirik jarraitzeko plana egin nahi bazuten, laster hasiko ziren haien bila herritarrak, justizia gosez eta ahoa betetzen zieten biraoz beterik. 

Erreka ondoko txabolan burusiak zituzten, identitatea ezkutatzeko buruan jarri zituzten. Arkatik gazta eta ogia hartu, soinekoen poltsikoetan gorde eta mendian gora egin zuten. Ezin zuten atsedenik hartu, ahal bezain azkarren egin behar zuten bidea eta lehenbailehen iritsi behar zuten ahalik urrunen. Egun osoa oinez igaro ondoren, gorputzak atsedena eskatu zien. Herri baten kapoaldeko kobazulo batean sartu ziren lo apur bat egiteko. Zaintza txandak antolatu zituzten guztiek ziurtasunez lo egin ahal izateko. 

Goiz eguzkitsu hartan itsasoa bare zegoen, buia antzeko batean loturik zituzten belarrekin egindako haien edabe magikoak. Haietako bat edan, balea bilakatu eta itsasoa zeharkatu zuten. Lur berrietara iritsi eta han berrekin zioten bizitza berriari. Hirurek elkarrekin, anonimotasunean. Ametsa zen, zaintzan zeudenek lo hartu zuten eta esnatu zirenean herrira bidean ziren, loturik. Ez zuten ihesbiderik. Herriko plazan lotu zituzten, zurez inguratuta. Bazekiten zer zetorren. Irakurle, baita zuk ere. Erre zituzten arren, beti pentsatzen dut erre zituzten haiek berriz datozela mundu honetara, gizateria hobetzera.  Lastargi horiek ez dira sekula itzaltzen eta gure inguruan daude. Beharbada bat zu zara.


Hiztun-lotsa baten harira

Juan Luis Zabala

Eman dezagun Frantziako Tourreko etapa bat ikusten ari zarela lagun batekin.

Mikel Landa ihesaldiko txirrindularien artean dago, eta pantailan erakusten den aldi bakoitzean besoa altxatzen du, poto bat eskuan duela, ur eske.

Halako batean, ordea, helikopterotik ikusitako gaztelu dotore baten eta iheslarien atzetik datorren tropel nagusiaren ikuspegi orokor baten ondoren, berriro ageri da Landa pantailan, baina oraingoan, eta hurrengo agerpenetan, ez du urik eskatzen.

Zer esango zenioke lagunari?:

a) “Ura eman bide diote, eskatzeari utzi dio eta”.

b) “Ura emango zioketen, eskatzeari utzi dio eta”.

c) “Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

d) “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

Antzeko galdera bat planteatuz egin zuen kontsulta orain hurrengoan Joxe Mari Berasategi itzultzaileak Itzuliz Itzulpen Zerbitzuan, eta erantzun ugari jaso zituen, neurea ere tartean.

Lau aukera horien artean, laugarrena iruditzen zait niri egokiena, eta horretarako dauzkadan motiboen berri eman nion Joxe Mariri, gaiaren harira egin nituen hainbat gogoetarekin batera. Hona ekarriko dut, orain, orduan idatzi nuena, edo orduan idatzi nuenaren mamia bederen.

Aukeratutako forma hori —laugarren adibidekoa, “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”— Azkoitiko eta inguruko “zaharrengandik” ikasi dut (ni baino are zaharragoengandik, alegia), baina ez naiz hizketan erabiltzeko kapaza, ezinezkoa zait, ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran aritzean, eta ez batuan aritzean.

Zergatik ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran? Nire adinari eta hiztunak esleitzen didan hizkuntza-gaitasunari ez dagokion hizketa-moldea erabiltzen ari naizela sentituko nukeelako, eta horrekin solasaldiaren naturaltasuna urratzen ari naizela, hiztunon arreta neure hizketa-moldera desbideratzea eragitearen ondorioz.

Zergatik ez batuan hizketan aritzean? Pedante edo sasijakintsu itxura emateko beldurrez.

Ez nuke, beraz, inoiz eta inola, hizketan ari naizela, esango (nahiz eta egokiena iruditu):

“Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabaturik izango du, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketurik izango da, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Baizik eta:

“Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabatuko zuen, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketuko zen, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Idazketa da, horrenbestez —euskara batuko idazketa, jakina—, nik forma horri, hiztun-lotsarik gabe, presentzia eta bizitza ematen jarraitzeko dudan bide bakarra.

Azkoitian gazteak, oro har, oso harro daude beren euskararen naturaltasunaz, jatortasunaz eta aberastasunaz, hala sumatzen ditut nik behintzat, eta ez zaie arrazoirik falta horretarako, euskara bizi eta naturala darabilte oro har. Bejondeiela! Baina belaunaldiz belaunaldi gertatzen ari den galera nabarmena da.

Okerrena da norberaren hizkerarekiko harrotasuna, kasu askotan, batuarekiko halako gutxiespen batekin lotzen dela, eta hori ere sumatu izan dut Azkoitian eta beste hainbat “arnasgunetan”.

Ondorioa begien bistakoa da, nire ustez: batetik, herriko hizkeretan bilatu behar du —ez soilik baina bai neurri handi batean— hazkurria eta adierazkortasuna euskara batuak; bestetik, herriko euskara jakite hutsa ez da nahikoa, batuaren gutxieneko ezagutzarik eta praktikarik gabe, gaur eta hemen behintzat, euskaltasun kultural praktiko eta txukun baterako, hori gabe hiztunik jatorrenak ere erdararekiko menpekotasun handia izango baitu, batez ere —baina ez soilik— lagunartetik edo etxeko girotik aparteko gaietan.

Batua baita, azken batean, Azkoitiko zaharrenek hitzetik hortzera darabilten forma nire ustez aberats era adierazkor horri bizirik eusteko modu bakarra.

Artikulu honek panfleto itxura hartu duenez, lelo batekin amaituko dut:

Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua!!!

Artezki

Castillo Suarez

Batzuetan tokiek, pertsonek eta uneek bat egiten dute modu magikoan. Lagun batekin geratu naiz hazi batzuk oparitu nahi dizkiodalako, eta Artzibarrera joango dela bizitzera esan dit. 20 biztanleko herri batera. Han landatuko ditu Sakanako haziak. Etxean zer falta duen esateko, eta bisitan joango natzaiola esan diot, 20 urte direla ez naizela joaten Artzibarrera. 20 urte –ez gehiago, ez gutxiago– igaro dira Artozkira joan nintzela nire poema liburu bat eramatera handik egun batzuetara bota zuten etxe batetik zintzilikatzeko. 20 urte Itoizko urtegia egiteko Artozki eta beste hainbat herri bota zituztela. Etxera joan naiz, eta berriz ikusi ditut Maddi Barberren dokumentalak: 592 metroz goiti eta Urpean lurra. Ez dago egun horretako irudirik. Nire argazkietan bila aritu naiz, ea Artozkira joan nintzeneko argazkiak ba ote ditudan, baina ez ditut aurkitu. Interneten ere ez. Artozki + Itoitz + liburuak sakatu, eta ez zait argazkirik ageri. Ez dakit nola bilatu. Ez dakit sarean ote dauden irudi horiek. Baina bizitzak bila ari zarena ematen dizu batzuetan, eta argitaletxe bateko buletin batean izen bat azaldu zait: Artezki. Ez nuen ekimenaren izena gogoratzen. Izen horrekin deia egin zieten artistei  artelanak Artozkin uzteko. Artezki sakatu dut bilatzailean eta hiztegiaren definizioa besterik ez da heldu: 1) Trebeki, trebetasunez. 2) Zuzenki. Nik normalean erabiltzen ez dudan hitz bat. Buletinean hainbat argazki daude, tartean Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari  liburuaren ale bat. Beharbada nik eraman nuen Artzibarrera ez dudalako liburu hori etxean aurkitzen. Maite ditudan liburuak galtzen ditut eta erabiliko ez ditudan hitzak irabazten ditut abiadura berean.

Itzulpen-lana errazteko baliabideak: Elhuyar Hiztegiaren erabilera aurreratua eta mahaigaineko itzultzailea

Amaia Astobiza Uriarte

Elhuyarreko kide eta langile naizen bezainbeste naiz Elhuyarren produktu eta zerbitzuen erabiltzaile. Alabaina, etxekoa izan arren, oraindik ere badira bulegoko eta etxeko lanetan barneratuta ez dauzkadan hainbat kontu. Horien artean, Elhuyar Hiztegiak webguneak eskaintzen dituen funtzio askotarikoak eta mahaigaineko itzultzailea.

Lehenarekin hasiko gara. Izan ere, onlineko hiztegien ohiko —edo jada ia tradiziozko— erabileraz gain, baditu beste zenbait funtzionalitate, eguneroko lana asko errazten dutenak. Gure informatikariek haietako bat integratzen duten aldiro, pozarren hartzen dugu bulegoan. Baina gero, lehen bi asteetan-edo erabili ezean, hortxe geratzen da, uda-amaieran erositako izozki-makina armairu-hondoan nola.

Beraz, funtzionalitate horietako batzuk nabarmenduko ditut, batez ere itzulpen-lanetan lagungarriak izan daitezkeenak. Azken-azkena da nik orain gehien erabili eta estimatzen dudana, eta, egia esan, ernegu apur bat ere ematen dit, lehenago barneratu eta neure egin ez dudalako.

Adibideak

Lehenik eta behin, hiztegi-sarreren adibideak aipatu nahi ditut. Aski agerian daude, sarrerari dagokion informazio-atalaren amaieran, eta gehienetan erraz ohartzen gara haietaz; halere, adiera, lexia eta lokuzioen zerrenda luzea bada, adibideak urruntxo azaltzen dira, eta ez gara haietaraino jaisten, batez ere gure kontsultaren erantzuna gorago aurkitu badugu. Bada, berba hauek irakurtzen ari zarela, hartu tarte bat eta bilatu begi hitza hiztegian. Euskara-gaztelania atalean, 12 adiera, 28 lexia eta 50 lokuzioren ondoren, hor behean adibideak ikusiko dituzu, guztiak ere Elhuyarren Dabilena web-corpusen ataritik ekarriak (hurrengo batean begiratuko diogu horri).

Hurrena, beste hiztegi batzuk kontsultatzeko aukera nabarmendu nahi nuke. Funtzionalitate hori interfazearen ezkerreko zutabean aurkituko duzue, hiztegi-unitateen azpian. Baina, ohartuko zaretenez, ez da beti agertzen; soilik azalduko da baldin eta bilatutako hitza edo hiztegi-sarrera baliabide espezializatu hauetako batean edo gehiagotan jasota badago: Zientzia eta Teknologia Hiztegia, Laneki Hiztegia, Trengintza Hiztegia, Automobilgintza Hiztegia, Zurgintza Hiztegia.

Adibidez, gaur hitza bilatzen badugu, ezin izango gara zuzenean joan beste ezein hiztegitara, hitz hori ez baitago jasota hiztegi terminologiko espezializatuetan. Ostera, mahai, argi edo zelula ama bilatzen badugu, beste hiztegi batzuk ere kontsultatu ahal izango ditugu, eta, kasuren batean, informazio entziklopedikoa ere jasoko dugu.

Gainera, bilatutako hitza Elhuyar Hiztegian ez dagoenean ere, gainerako hiztegietara jotzeko aukera ematen digu. Esate batera, demagun caudalímetro kontsultatu nahi dugula; Elhuyar Hiztegian ez da sarrera, baina bai hiru hiztegi espezializatutan:

Beste hiztegi batzuetan bilatzeko funtzionalitatea sei hizkuntza-konbinazioetan dago erabilgarri: eu-es, eu-fr, eu-en, es-eu, fr-eu, en-eu.

Itzulpen-memoriak

Gaurkoz, hortxe utziko ditugu adibideei buruzkoak. Zutabe berean, azken lerroan, Idazlagun dugu. Hor klik eginez gero, lau baliabide hauek erabili ahal izango dituzue: Itzulpen-memoriak, Zenbakiak testuz idatzi, Datak eta orduak testuz idatzi eta Deklinabidea.

Oraingo honetan, lehena baino ez dut aipatuko. Atal horretan, publikoki eskuragarri dauden itzulpen-memoriak kontsultatu daitezke, euskaratik edo gaztelaniatik abiatuta.

Hiztegiak kontsultatzeko mahaigaineko aplikazioa

Hasieran esan dudanez, amaierarako utzi dut nire azken adikzioa: hiztegirako lasterbidea; hau da, edozein programatan gaudela ere hiztegia zuzenean kontsultatzeko aukera ematen duen tekla-konbinazioa. Tresna hori erabiltzeko, lehenik eta behin hiztegien mahaigaineko aplikazioa deskargatu eta instalatu behar da. Behin hori eginda, erraz erabiltzen da: kurtsorearekin hitza hautatu, eta bi agindu hauek segidan sakatu behar dira: [Ctrl + C] eta [Ctrl + zuriune-barra]. Zure alboan banengo, honela azalduko nizuke: sakatu Ctrl, eta, hori sakatuta daukazula, sakatu lehenengo C eta gero zuriune-barra. Hala, leiho berri bat irekiko da, ohikoa baino txikiagoa, eta hitz horrekin lotuta Elhuyar hiztegietan dagoen informazioa ikusi ahal izango duzu. Aplikaziotik irteteko, nik [Esc] botoia sakatzeko ohitura hartu du, baina [Ctrl + zuriune-barra] konbinazioa ere erabil daiteke.

Mac OS sistema eragilearen kasuan, bilaketa egiteko, tekla-konbinazio hauek erabili behar dira: [Cmd (⌘) + C] eta [Cmd (⌘)+ B] (edo, bestela esanda: sakatu Cmd, eta, hori sakatuta daukazula, sakatu lehenengo C eta gero B). Eta, aplikaziotik irteteko: [Cmd (⌘)+ B] edo [Esc].

Esan bezala, funtzionalitate hori ez da berria, iaz jarri genuen martxan. Baina, dena delakoagatik, une hartan ez nion kasu handirik egin, eta gero guztiz ahaztu zitzaidan, berriki lankide batek gogorarazi didan arte. Prozesua automatizatzea lortu dudanetik, askoz erosoago ari naiz lanean.

Mahaigaineko itzultzailea

Horrekin batera, Elia itzultzaile automatikoarekin erabil daitekeen beste funtzionalitate baten berri eman nahi dizuet. Agian entzungo zenuten noizbait, eta beharbada mahaigainean instalatu ere bai, baina igual, apika… proba pare bat egin ondoren erabiltzeari utzi, eta orain ahaztuxe duzue zuen garuneko txokoren batean. Bada, hemen sartzen bazarete, mahaigaineko itzultzailea deskargatu eta instalatu ahal izango duzue, berdin Windows, Linux ed Mac OS sistemetarako. Behin martxan jarrita, testua itzuli eta ordezkatzeko modua izango duzue. Horretarako, lehenik, aukeratu kurtsorearekin itzuli nahi duzun testua edo testu-zatia. Ondoren, erabili tekla-konbinazio hau: [Ctrl + C] eta [Ctrl + C] (hau da, Ctrl tekla sakatuta daukazula, sakatu bi aldiz C tekla). Elia aplikazioa irekiko da, eta, zuzenean, aukeratutako testuaren itzulpena emango dizu.

Itzulitako testu hori jatorrizko testuaren ordez txertatzeko, erabili tekla-konbinazio hau: [Ctrl + V] eta [Ctrl + V]. Funtzio honek kontsultarako ere balio du; hau da, beharbada ez dugu testua ordezkatu nahi, baina Eliak nola itzultzen duen ikus nahi dugu. Horri guztiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hemen duzue aplikazioaren eskuliburua.

Agur t’erdi

Agurrerako, bonus track: Elhuyar Hiztegiko sarrera guztietan, edukiari buruzko iruzkinak egiteko aukera duzue, eta, hitzen bat aurkitzen ez baduzue, hiztegiratzeko proposamena egin dezakezue. Hartara, guztion artean, hiztegia hobetzen eta behar berrietara egokitzen jarraituko dugu.