Itzultzaile neurotikoak

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Boomer belaunaldiko euskal itzultzaileok duela 40 urte lanean hasi ginenetik hona, hiru gertakari iraultzaile gertatu dira langintza honetan: lanbidea unibertsitate-ikasketen mailara iritsi izana batetik, lanbidearen feminizazioa bestetik, eta, azken urteotatik aurrera, haren automatizazio gero eta handiagoa.

Itzulpen eta Interpretazio Lizentziatura euskaraz egin ahal izateko, ordea, XXI. mendera arte itxaron behar izan genuen, eta, ordura arteko 20 urteko epe horretan itzultzaile-lanbidea hartu zutenak onenean Euskal Filologia ikasitakoak izango ziren, eta bestelako ikasketak zeuzkatenak ere asko izango ziren eta itzultzaileak behar zituzten erakundeek ezin zuten unibertsitate-maila exijitu lanpostuak betetzeko; ondorioz, langileek zein maila eduki behar zuten ere ez zuten oso garbi, eta desberdintasun handiak egon ziren garai batean, langileen maila profesionalean, egin beharrekoetan (asko eta asko itzultzaile lanak eta euskara sustatzeko jarduerak egin behar izaten zituzten beren lanpostuetan, udal batzuetan behintzat) eta, jakina, baita soldatan ere. EIZIEri ere zor zaio, neurri batean, gerora etorri zen lanpostuen homogeneizazio profesionala; bai eta, jakina, azkenik EHUn itzulpengintza lizentziatura ematen hasi zen arte, hori ere EIZIEko hainbat kideren ahaleginari esker. Aldiz, langintza honetan XXI. mendean langintzan hasitako gehienak lizentziatura edo gradua ikasitakoak dira, eta unibertsitate-mailako prestakuntza edukita, espero izatekoa zen lanbideak prestigio soziala eta maila profesional handiagoa lortuko zituela, eta, nire ustez, neurri handi samarrean lortu ditu.

Itzulpengintzaren feminizazioari bigarren fenomeno deitu diot hasierako paragrafoan, baina aurrekoa baino lehenago hasi zen; ezingo nuke esan zehazki noiz, baina, adibidez, joan den mendeko 80ko hamarkadaren erdian Euskal Filologia ikasitako itzultzaileen lehen “belaunaldi” horretan —eta are neurri handiagoan lehenago lanean hasitakoen artean—, gizonezkoak ziren nagusi, eta emakumezkoak % 25 ingururaino edo iritsiko ziren akaso. Aldiz, XXI. mendean igaro ditugun urteetan, Itzulpen eta Interpretazioko lizentziatura eta graduan izan ditudan ikasleetatik ozta-ozta % 5eraino iritsiko dira izan ditudan gizonezko ikasleak.

Itzulpengintzaren feminizazio prozesu hau oso orokorra da gure herritik kanpo ere, eta, gainera, urteak joan eta urteak etorri, gero eta indartsuagoa dirudi. Eskura dauden datu batzuk ematearren, duela 25 urte inguru, ACE traductores elkarteak 1997an bere inkestetan oinarrituta argitaratutako Libro Blanco de la traducción en España azterlanaren arabera, gizonezko itzultzaileak % 58,5 ziren, eta emakumezkoak % 41,5. Aldiz, 2010ean, ACE elkarteak berak plazaratutako Libro Blanco de la traducción editorial en España liburuan, gaina hartua zuten emakumeek % 54,1ekin, eta proportzioa are handiagoa zen belaunaldi gazteagoen kasuan.

Feminizazio prozesu hori, lehenago esan bezala, lehenago hasia zen Europako beste herrialde askotan, are indar handiagoz gainera, eta gaur egun emakumezkoen nagusitasuna ia erabatekoa da. Frantzian, adibidez, 2020an ATLF (Association Française des Traducteurs Littéraires de France) elkarteak plazaratutako La situation socio-économique des traducteurs littéraires delako lanaren arabera, gizonezko itzultzaileak (literatura alorrekoak soilik) % 20,95 dira eta adin nagusien artean daude gehienbat. Italiako datuak askoz muturrekoagoak dira: Associazione Italiana Traduttori e Interpreti elkarteak 2018an argitara emandako Indagine sul mercato dei Traduttori e degli Interpreti delako ikerketan, gizonezko itzultzaile-interpreteak % 14,05era baino ez dira iristen. Gure artera etorriz, euskarazko itzultzaileen lan-egoerari buruzko ikerketarik ez dugu, oker ez banago, baina, gutxienez, badakigu EIZIE elkartean ere emakumezkoak gehiago direla gizonezkoak baino: 204 eta 159, hurrenez hurren.

Beldur izatekoa da, itzultzaile lanbidean unibertsitate-ikasketak orokortu diren arren, haren feminizazioaz (ere) baliatu dela “merkatua” deitzen dugun hori lanbidearen baldintzak okertzeko eta haren prestigioa gutxitzeko. Itzulpena, eta oro har hizkuntzari edo hizkuntzei lotutako ikasketa, lanbide (irakasletza, adibidez) eta jarduerak (irakurketa eta literatura, eta, itxura denez, baita bertsolaritza ere) gero eta feminizatuagoak daude, ez ordea emakumeek parekidetasuna lortu dutelako, baizik eta gizonezkoek desertatu egin dutelako. Eta hori guztiz kezkagarria iruditzen zait. Eta are kezkagarriagoa iruditzen zait euskara bera ere gizonezkoen desertzioa jasaten ari dela iruditzen zaidalako, euskara ere feminizatzen ari dela, alegia: ez dakit zuei ere gertatzen zaizuen zuen inguruan, baina nik ezagutzen ditudan euskara-ikasle, mintzataldeetako kide eta euskal kulturarekiko interesa erakusten duten gehienak emakumezkoak dira.

Feminizazioak, dudarik gabe, onurarik ere ekarriko dio gure hizkuntzari, baina esango nuke euskararentzat ere ezinbestekoa dela gizonezkoen konpromisoa berreskuratzea, eta horrek esan nahi du parekidetasuna bilatzeko ahaleginak egin beharko ditugula, baina, kasu honetan, gizonezkoei begiratuz. Ez dakit nola, noski; baina, Unibertsitate-mundura itzuliz, neskak zientzietako ikasketak egitera animatzeko kanpainak egiten diren (eta egin behar diren) bezala, mutilak letretara itzultzeko kanpainak ere egin beharko dira, letretako ikasketak berriro prestigiatuz eta balioetsiz (eta, bide batez, euskara bera ere lan-iturri interesgarri bezala aurkeztuz).

Zeren eta orain arte esan dudana oso loturik baitago goian aipatu dudan hirugarren fenomenoak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriekin. Alegia, itzulpen automatikoek, itzultzaile neuronalek eta adimen artifizialak erabat aldatuko dute orain itzulpengintzan hasitako lankideek datozen urteetan ezagutuko duten lanbidea. Gero eta gehiago, makinek egingo dituzte itzulpenak, produktibitateak egundoko jauzia emango du horrekin, eta haragizko itzultzaileek preedizio eta postedizio lanak egingo dituzte batez ere; garai batean esaten bazen itzultzaile batek batez beste 8 orri itzul zitzakeela egunean behar bezalako kalitatearekin, makinekin hainbat aldiz biderkatuko da hori. Eta lan-baldintzak txartuko dira, mekanizazioak beti merketu egiten duelako produktua; baina okerrena izango da automatizazioak are gehiago hondatuko duela lanbidearen prestigioa, eta, horrekin batera, itzulpen-ikasketa unibertsitarioak egiteko interesa ere kolokan jar daiteke (zertarako galdu bizitzako lau urte makina batek txukun-edo egin dezakeen zerbait egiten ikasteko?).

“Prestigioa hondatuko duela” esan dut lehenago, baina hori jada ari da gertatzen. Italiako itzultzaileen egoerari buruzko informazio bila “Situazione dei traduttori in Italia” gugleatu dudanean, honako esaldiak topatu ditut lehendabiziko emaitzen artean:

Soli, sfruttati e malpagati: i traduttori sono in via d’estinzione.

– Interpreti e traduttori: i nuovi “schiavi” della giustizia italiana.

Cercasi traduttori non qualificati. Se hai studiato, peggio per te.

Panorama hori aldatzea lortzen ez badugu, itzultzaile neuronalak eta, batez ere, itzultzaile neurotikoak edukiko ditugu. Onenean.

Utzi iruzkina