Zera ba

Juan Kruz Igerabide Sarasola

Zera ba: Edward Lear-en limerickak irakurri, eta gustatu. Haren liburu entzutetsuena Non sense liburua izango da noski. Hogeita hamar bat urte edo badira hura imitatuz euskal limerickak asmatzen hasi nintzela. Eta gerora, dexente gerora, ohartu nintzen etxean amak esaten zigun jolas-pieza bat limericka zela. Eta are geroago ezagutu nituen beste aldaera batzuk Goierrin, batik bat Ataunen: “Behin omen zen jaun zahar bat”, hasten zen gure ama; “Behin omen zen jaun Torto”, entzun nion Ataungo irakasle bati.

Zera ba: belarrian geratu zitzaidala limerickaren erritmo jolastia. Duela urte batzuk berriro egin nion bixita Edward Lear jaunari, eta jatorrizko limerickak euskarara itzultzen hasi nintzen, pixkanaka, lasai-lasai, jolas moduan. Mariasun Landarekin komentatu, eta poza hartu zuen, eta baita gomendatu ere nonsenseko beste klasiko bat: Budin magikoa. Beste jolas bat aurrez aurre: oraingoan prosaz, eta Australiako ingelesean. Urtetan jardun naiz, tartetxoka, biekin. Eta amaitzen ari naizela esango nuke, zatiren bati heltzen diodan bakoitzean esaldiak marruskatzen eta eraberritzen jarduten naiz baina. Limerickekin, jatorrizko errima eta neurria bete nahi nituen, baina segituan konturatu nintzen ingelesez askoz gauza gehiago esan daitezkeela 8 silabatan, hizkuntza batere bortxatu gabe, euskaraz baino. Bi silaba gehiagorekin naturalago joka nezakeen, eta Lear-en 8/7 jokoa 10/8 bihurtu nuen, zortziko handian bezalatsu. Lizentzia hori hartuta, ustez testuak naturalago geratzen dira (esan dezadan: zaizkit, ni baino itzultzaile abilagoren batek agian erraz errendituko luke-eta auzia 8/7 neurrira). Errimari eutsi, edukia eman, formula gisako esaldiak, limericketan oso ohikoak, finkatu, lekuen izenekin egindako errimei irtenbidea eman. Jolas etengabea. Ederki pasatu nuen. Ederki pasatzen ari naiz.

Ba zera. Ideologia kontuak ere tartean agertzen direla. Batzuk hozkia emateko modukoak, gaur egungo testuinguruan behintzat. Atsoak tratatzeko modua, beltzak tratatzeko modua, ezintasun fisikoren bat dutenak tratatzeko modua. Halakoak. Ez naiz, ordea, jo eta kimatzearen aldeko; ez eta ezer gertatuko ez balitz bezala itzultzearen aldeko ere. Zer egingo, eta oin-oharrak ipintzen ari naiz ikuspegi humanotik oso txukunak iruditzen ez zaizkidan limerick-ei. Materiala helduentzat izango balitz, hasieran Learrek berak hala idatzi baitzituen, bere horretan utziko nuke. Helduak gara; bakoitzak badaki bere epaia ematen. Artea kimatzen hasiko bagina, artegintza klasikotik ezer gutxi geratuko litzaiguke. Baina, umeentzat denean, eta une honetan limerickak batik bat umeen alorrera etorri dira, ba bere horretan eman eta ohartxoak egitea agian jarrera pedagogista samarra da, baina besterik gabe zuzenean dauden eran haurrei emateak literatura-komisario politikoen aldetik kondena jasotzea ekarriko luke, eta leku askotarako sarbidea ixtea. Oin-oharretan jarri ohi dut zer garaitan idatzi zen dagokion pieza eta garai hartan hedaturik zegoen pentsamoldea, gaur egungo balioekin kontrajarria. Kontua ez da egilearen ideologia kondenatzea, baizik eta garai bateko ikusmoldeak eta gaurkoak kontrajartzea, haurren irakurketak bideratzen dituztenek eztabaida eta gogoeta pizteko aitzakia izan dezaten.

Zera ba. Kontu eztabaidagarriak direla hauek. Helduentzako literaturan, ez daukat zalantzarik: dagoen moduan itzuli. Haurrentzako, berriz, hobe beharrez hainbeste manipulazio egiten den alor horretan, nolabaiteko konponbide bat izan daiteke oin-oharrena, jatorrizko testuari errespetua gordez. Ez dakit. Zalantzan nago. Epelegia irudituko zaie komisarioei. Alferrikakoa itzultzaile petoei.

Une honetan, egile portugaldar baten gazte-poemekin ari naiz. Oso irudi politak asmatzen ditu, eta gazteen bizipen eta sentsibilitatera hurbiltzen saiatzen da. Arazoa poema pare batekin sortu zait. Genero-topikoz beterik daude. Egileari idatzi diot, konfiantza pixka bat badut-eta berarekin: genero-kritikariengandik egurra jasoko duk; heuk ikusi. Berak erabakiko du bi poema horiek mantendu ala ez.

Zer gauzak egin behar diren itzultzeaz aparte. Zer gauzak egitera behartzen dugun geure burua batzuok. Ez dago erraza neurriari eusten. Beharbada hotz eta motz jokatzea da itzultzaile petoaren eginbeharra; ez dira beraren ardura aipatu ditudan kontuak. Baina ni ez izan itzultzaile petoa; maisu eta irakasle eta halako okerkeriak irteten bidera. Itzultzea eta itzultzailearen zirkunstantziak: neutro nahi, baina ezin. Edo ez nahi.

Utzi iruzkina