Belarri ala gingil?

Oskar Arana Ibabe

Orain dela gutxi adierazi zuen txit miresten dudan itzultzaile eta irakasle batek sarri gertatzen zaiola hitz bat asmatu duelako ustean gero nonbaiten aurkitzea, beste norbaitek dagoeneko asmatuta. Eta, gozakari edo pozgarri, egiaztatzea badabilela “hizkuntzaren algoritmoa”, berez ibili behar duen horrek.

Ez da hori, hain zuzen, niri gertatu zaidana: esan dezadan ondo destatu nuela, baina huts egin nuela tiroa.

Aspalditxo nenbilen ez ninduela erabat asetzen, oreja peatonal esateko (orejeta agertu izan zait testuetan), sarrien agertu izan zaidan ordain batek —ez hiztegietan, baizik eta testuetan eta sarean—: irtengune, hain zuzen. Batzuetan, genitibozko izen-lagun batekin zehaztu ohi da testuetan (espaloiaren irtengune), edo hitz elkartuarekin (espaloi-irtengune). Ilunegi zeriztan, edo lausoegi, ez behar bezain zehatza. Nolabait, neure burua aurkitu ohi nuen terminoa buruan irudi batekin osatu edo zehaztu beharrean, delako irtengune horren eitea zehaztuko banuen, eta, hartara, zehazki zeri zeritzon adituko banuen.

Oroitu naiz, horretan ari nintzela, Txomin Peillen idazle xiberotar oraintsu zendu eta maitearen lan batean[i] irakurri izana nola, munduko hizkuntzetan, maiz baliatu izan den gizakiaren gorputz atalen izenak hedatzea geografiako elementuetara, hala nola: “… buru (basaburu, izeiburu, mendiburu, pagaburu, urdaburu…), edo kasko, edo lepo (gehienbat Iparraldean, col delakoaren itzulpena), ezen toponimia zaharrean ate baita: Belate (Nafarroan eta Gipuzkoan), Garate, Urdaite, adibidez Zuberoan. Bizkar, bixkar oso erabilia da cresta, crestería adierazteko, eta Bizkai(a), herrialde baten izena bada, Iparraldeko jende askoren deitura ere bai. Belaun, beso, hitz arrunt bezala, mendi baten aldapan holako tontortxo bat agertzen denean esaten da, Tontor/tutur jendearen bizkar konkorretik letorke… ” (eta gehitu litezke zintzur, sabel eta beste zenbait ere, Txominen aipu labur horretan).

Urratsa laburra izan zen, nire burubide horretan, hirietako geografiako elementuetara ekartzeko mekanismo hori bera. Igarri dukezue, honezkero, orejeta peatonal delako horrentzat gingil proposatzea etorri zitzaidala burura. Izan ere:

Euskaltzaindiaren Hiztegian:

gingil

1 iz. Hainbat organoren luzakin haragitsua. Belarri gingila. Ahuntzaren gingilak.
2 iz. Hostoaren ertzeko irtengune biribildua.

– aho gingil, aho-gingil
– belarri gingil, belarri-gingil

Beharbada ez da oso baliagarria termino bat eratzeko orduan hitz baten etimologiara jotzea, baina, baliagarritasunak baino areago jakin-minak hartaratuta, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan ere ibili naiz azterka. Argudiaketaren lagungarri, hainbat azalpen aurkitu ditut, ordea:

1.- “Gure ustez, egokiagoa da ganga-ren eratorritzat jotzea, bigarren zatian *bil ‘biribil’ duela. Horrela, ‘ahosabaiko zer biribil’ genuke hitzaren esanahi etimologikoa; ‘aho-gingil’ litzateke, beraz, lehen esanahia, eta itxuran oinarrituriko esanahiaren zabaltzez azal daitezke ‘belarri-gingil’ zein ‘oilar-bizar’. Orobat azaldu behar da ‘eskrofula’, hantura edo handitsu gisa ikusirik.”

2.- “Bestalde, aldaera adierazkorrak gorabehera (cf. dindil), aukera egon liteke hitz honen aldaeratzat hartzeko gingil eta girgil: hauek ere zintzilikako hainbat haragi zati adierazten dituzte, eta baita eskrofula gaitza ere. Formaren aldetik, -ai- > -i- diptongoaren bakuntzea eta bi silabetako bokalen asimilazioa proposatu behar dugu, gangail > *gangil (cf. gip. gaingil) > gingil; dardarkaridun forman elkartuetako -n- > -r- bilakaerarekin azal genitzake (ik. behean gargaila), baina ez da ahaztu behar urkarien arteko n-l > r-l disimilazioa ere gertatu ahal izan dela (FHV 338-339).”

Eta beste informazio historiko-etimologiko arras interesgarri batzuk ere kausituz laketzeaz gain, gure gai honi dagokionez, informazio horrek, ezer sendotzekotan nire hasierako intuizioen artean, hauxe izan da: nola eitearen analogiaren bidez gertatu izan diren hizkuntzaren historian hitzen jatorrizko adieretatik abiatuta beste esanahi batzuetarako hedapenak. Izan ere, luzakin edo hedakin izatea ez ezik, biribil izatea ere badu ezaugarri hirigintzako elementu horrek.

Horra zein analogiazko mekanismo baliatu nahi nuen nire proposamen terminologikoa egiteko (ondo ziurtatu ostean Euskaltermen ez zela deus proposatzen orejeta peatonal horrentzat). Nolabait, irtengune nire ustean soil eta lausoak ez bezala, eite baten ezaugarria edo zehaztapena eransten baitzion terminoari.

Begiratu nuen, gainera, ba ote zegoen bestelako terminorik gingil hitzarekin eratuta, gorputzeko atalez haragoko erabileretan, ea lehenago ere egina ote zen hitz horren hedapenik, eta bai, esate baterako, Orotariko Hiztegian bertan, adibideen artean, Palioak ertzak urre gingil eta txingolaz ingurutuak ditu(EEs 1912, Euskal Esnalea aldizkarian); eta Euskaltermen bertan, Arkitektura, Eraikuntza eta Hirigintza erabileremuan, bi fitxa, gingil anitzeko arku (arco polilobulado esateko) eta gingil arku (arco lobulado esateko), hain zuzen eiteari jarraituz emandako izendapena, biei 4. haztapen-marka eman zaielarik. Horrek, nolabait, indartu egin zidan hedapena zilegi izan zitekeelako ustea

Jakitekoa da badela Ingenieros-civiles.es web-orrian, Espainiako Herri Lanetako Ingeniari Teknikoen Elkargoaren web orrian, Ingeniería Civil para Dummies atalean, artikulu bat “Las Orejetas Peatonales” izenekoa, non azalpen zabal samarra ematen baita hirigintzako elementu hauei buruz. Hala, hirigintzako elementu hauek “…ibilgailuen zirkulazioaren arloan erabiltzaile zaurgarri deritzenen segurtasuna sustatzen dute. (…) Aukera ematen dute, bidegurutzeetan, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, azalera zabalago eta aurreratuen bidez, halako moldez non bide-ertzetako aparkalekuetarako zerrendek ez duten eraginik izaten oinezkoen ibilietan. Gainera, estuagotu egiten dituzte oinezkoen pasabideak, eta, hala, kalea zeharkatzeko arriskua gutxitzen. (…) Badituzte hainbat abantaila, hala nola aparkamendua antolatzea (hartara, oinezkoari segurtatzen zaio pasagunea libre geratzen dela), edota ibiltariak igaro behar duen galtzada- tartea laburtzea. (…) oinezkoak ikuspegi hobea izan dezan (…). Gomendatzen diren neurrien artean dira espaloi-gingilak (belarriak?), espaloiak zabalagotzeko tresna gisa. (…) Espaloiak zabalagotuz, beribilak leku urriagoa du, eta, beraz, gidariak abiadura txikiagoan joan behar izaten du.”

Nolabait, hirigintzako elementu hori bada espaloiaren luzakin bat, eta bada, halaber, espaloiaren irtengune biribildu bat, Hiztegi Batuan gingil sarreraren bi adieretan definizioetarako erabiltzen diren berbak erabiliz —irtengune biribildu, deritzo, gainera, hosto gingilari—, nik espaloiaren irtengune erabiltzen delarik ments edireten dudan izenondoa gehituz, eitearen aldetik zehaztatzen duena.

Hemen irudi bat, hitzezko azalpenen lagungarri:

Oinezkoen bidegurutze edo elkargune bat, “gingil” (edo “belarri”) erako luzapen batekin

Ingelesez, wikipediako artikuluan, curb extension da artikuluaren izenburuan ematen zaion izendapena (ez dut aurkitu IATEn), eta dio “also neckdown, kerb extension, bulb-out, bump-out, kerb build-out, elephant ear, curb bulge, burb bulb or blister” ere deitu ohi zaiola; beraz, nahi beste izendapen, eta irizpide oso askotarikoak erabiliz eratuak. Bulb eta elephant ear eta bulb-out izendapenak aukeren artean aurkitu izanak poz txiki bat eman dit, nire hautabidearen berme. Eta frantsesez, wikipedian, avancée de trottoir da artikuluaren izenburuan darabilten izendapena, eta baliokidetzat ematen dituzte élargissement de trottoir edo saillie de trottoir .

Ene poza goritzen eta ikerketatxo xume bat opatzeko gogoa hazten ari, hara non, tiroa huts egin dudan, ongi destatu arren. Alta, pozgarria, beste alde batetik, ustekabean aurkitu izana badirela ikerketa xeheagoak eta zabalagoak. Hara non baden argitalpen bat, sarean denon eskura (eskertu beharreko gauza), EIMAren katalogoan, Hirietako bideak diseinatzeko gomendioak izenekoa, Harkaitz Diaz Letamendiarena (http://klasikoa.eimakatalogoa.eus/objetos/Hirietako_bideak_eraikitzeko_gomendioak.pdf). Zazpi bider aipatzen da belarri terminoa nik hemen darabildan adigai bera izendatzeko, gaia xeheki eta zabalki —adigai hau eta bideak diseinatzean kontuan hartu beharreko beste hainbat eta hainbat— jorratzen duena, eta definitu ere definitzen duena. Hara hemen aipamen bat: “Belarriak jartzea ere oso ohikoa da gure kaleetan. Neurri horrek oinezkoentzako guneak zabaldu egiten ditu, eta bertan autoak aparkatzea eragozten du. Gainera, belarriak daudenean zintarriaren erradioa txikiagoa izaten denez, autoek motelago biratu behar izaten dute. Honako irudi hauetan, autoen mugimenduak mugatzen dituzten aukerak azaltzen dira”.

Edota, argitalpen horretan bertan: “Bidegurutzeetako oztopoak: Ibilgailuen abiadura eta mugimenduak mugatzen dituzte. Hainbat esku-hartze egin daitezke: bidegurutze osoan, plataforma goragunea jarri, espaloiaren kota berean; belarriak eraiki; bestelako zoladura ezarri; biribilguneak egin; irlak edota erdibitzaileak ipini; etab. Irudian, goragunea agertzen da marraztua, eta seinaleztapen horizontalez adierazten dira bidegurutzearen irteera eta sarrerak. Horrelako esku-hartze urbanistikoetan, ohikoa izaten da bidegurutzeetan bestelako zoladura jartzea: hormigoi inprimatua, adibidez.”

Lan hori ikusita, eta nahiz eta ez dudan zeharo aztertu eta irakurri, aintzat hartzekoa derizt egin duten hautua. Beranduegi iritsi naiz, beharbada, gingil proposatzera (ez zen txarra, ingelesen bulb ikusita, eta gingila definitzeko Euskaltzaindiaren Hiztegiak irtengune biribildu eta luzakin hitzak darabiltzala jakinda). Ordea, argudio batzuk eta besteak garaturik, irtengune aukera, bere hutsean, ez zait aski.

Duda dut terminologiaren teorian era honetako ekarpentxoak non kokatzen ote diren.

Nire aldetik, bederen, gonbidapen bat besterik ez dateke, fitxa bat egin dakion —edo gogoetatxo bat opa dakion—, hiztegiren batean, edo Euskaltermen jaso eta itzultzaile eta idazlarion zalantzak urriagotzeko.


[i] PEILLEN, Txomin: Euskaldunen ingurugiroan (espazioa eta denbora), Zer dakit nik, 2001. Zarautz.