«Analfabeto» bat idazle

Aiora Jaka Irizar

Aurreko hilabeteko artikuluan, Kanadan inuktitutez argitaratutako lehen eleberria izan nuen hizpide. Aipatu nuen nola Kanadako inuiten literatura ahozkoa izan den oso berriki arte, XIX. mendera arte ez baitzegoen inuktituta idazteko sistemarik. Misiolari kristauak izan ziren ordura arte ahoz baizik transmititu ez zen hizkuntza papereratzeko idazkera silabiko bat asmatu zutenak, eta, XX. mendearen hasierarako, inuiten artean oso hedaturik zegoen idazketa-sistema hura.

Aurrekoan azaltzen nuen Ehiztariaren arpoia (1969) izan zela Kanadan inuktitutez argitaratutako lehen eleberria. Ez nuen aipatu, baina, lan hura argitaratu zenerako idatzirik zegoela 1983ra arte argitaratu ez zen beste eleberri luze, oparo eta biziki interesgarri bat, eleberri bat idazteko asmorik ez zuen emakume —zentzu hertsian— «analfabeto» batek idatzia: Mitiarjuk Nappaaluk 1931n jaio zen, Quebec iparraldeko herrixka inuit batean, eta, garai hartako inuit gehienek bezala, etxekoengandik ikasi zuen idazkera silabikoa, inoiz eskolara joan gabe eta hizkuntza europarrak irakurtzen ikasi gabe.

Oso neska abila omen zen, emakumeen nahiz gizonen zereginetan trebea. Haren gaitasun nabarmenez ohartuta, apaiz katoliko batek inuktitutezko esaldiak idazteko eskatu zion, inuiten eguneroko bizitzako ahalik eta termino eta forma gramatikal gehien bilduz, inuktitutezko hiztegi eta gramatika bana egin ahal izateko. Halaxe ekin zion, beraz, 20 urte inguruko ama gazteak pixkanaka fikziozko istorio bihurtzen hasi zen esaldi-sorta hura idazteari.

Eleberria 1983an argitaratu zen inuktitutez, eta 2002an frantsesez. Tradizio literario mendebaldarrera ohituriko irakurleentzat harrigarriak gertatzen dira eleberriko pasarte batzuetako erredundantzia edo sinonimoen erabilera naroa. Kontuan hartu behar da, halere, ahalik eta termino eta forma gramatikal gehien idazteko eskatu zitzaiola Mitiarjuki, eta, zentzu horretan, enkarguz idatzitako istorioa dela nolabait. Nire ustez, baina, are harrigarriagoak gertatzen dira pertsonaien hizkera sintetiko, zurrun eta estoikoa, narratzailearen presentzia urria eta gertaera edo gai batetik besterako salto bat-batekoak; jarraian euskaratu dudan pasartean, esaterako, ikusi nola aipatzen den gizaki zurien etorrera, garrantzirik gabeko zerbait balitz bezala, eta zein erraz onartzen duen pertsonaietako batek bere haurretako bat beste emakume bati alabatzat ematea.

Bernard Saladin d’Anglureren frantsesezko itzulpena nahiko gertutik egina dela dirudi. Nire frantsesetiko itzulpenean, ahalegindu naiz ni ere jatorrizkotik gehiegi ez urruntzen, eta bere horretan utzi ditut frantsesezko itzultzaileak inuktitutez eman dituenak (pertsona-izenak, interjekzioak eta kultura inuiteko kontzeptu «itzulezin» batzuk). Hauxe da euskaratu dudan pasartearen testuingurua: Sanaaq, eleberriko protagonista, bere alaba Qumaqekin eta bere ahizpa Arnatuinnaqekin bizi da. Egun batez, europarren itsasontzi bat iritsi da lehen aldiz haien lurraldera. Gizaki zuriei «qallunaat» deitzen diete inuitek; literalki, «bekain-handiak». Zurien etorreratik egun batzuetara, Sanaaqen bizilagun Aqiarulaaq senide urrun bat bisitatzera joan da (Ningiukuluk), haren haurretako bat alabatzat emango ote dion eskatzera. Berarekin eraman ditu Sanaaqen alaba eta ahizpa. Aqiarulaaq Ningiukuluken etxera iristen denean hasten da hemen euskaratu dudan elkarrizketa:

Aqiarulaaqek hitza hartu du orduan:

Ningiukuluk! Zurekin hitz egin nahi dut; bisitan etorri natzaizu zure alabetako bat adoptatzeko: Aanikallak alabatzat hartzeko irrikan nago… Nik ez dut alabarik!

Ai! Alde batetik, nahiago nuke Aanikallak ez ematea; bestetik, ez dut hainbeste ere maite, zeren maiz bustitzen du ohea eta lotsarazi egiten nau.

—Emango didazula espero dut, zeren nolabait hitzeman zenidan aspaldi. Berriz diotsut, beraz, alabatzat hartu nahi dudala, laguntza bat izan nahi dudala, Ningiukuluk!

—Jada ez dut hainbeste maite, baina beste horiek, haren bi ahizpak, ezingo nituzke inolaz ere eman… Zoaz ba! Har ezazu!

Aqiarulaaq kontatzen hasi da:

—Bekain-handien etorreraren lekuko izan gara. Etxeak eraikitzen ere hasiak dira… Tira! Gaur bertan itzuliko gara etxera… Aanikalaak! Alabatzat hartu zaitudanez, gurekin etorriko zara!

—Ez! Ez! Aaa! —esan du neskatila gaixoak, negarrari emanez.

Qumaqek, orduan, zuzen-zuzen begiratu dio begietara, eta, umea alaitu nahian, mattaq pixka bat eskaintzen ere ahalegindu da. Muxu batzuk eman dizkio gero:

—Ez egin negarrik, txiki! —esan dio, eta gaineratu du:— Begira! Eper zuri txiki bat dago lurrean… Jolas gaitezen biok! Goazen kanpoan zer dagoen ikustera!

—Ez! Ez! —esan du berriro Aanikallakek.

Hala eta guztiz ere, prestatzen hasi dira.

Qumaq, zatoz! —dio Arnatuinnaqek. Bizkar gainean eramango zaitut! Iirq! Gona guztiz tarratatuta daukat… Konpon dezadan lehenik! Orratz bat eta zurda-haria! Kito, bukatu dut! Tori orratza!

—Bai! —erantzun du Ningiukulukek.

* * *

aa! – mina adierazteko interjekzioa
ai! –
norbaiti deitzeko, zerbait galdetzeko, etsipena adierazteko edo onespena eskatzeko interjekzioa
iirq! – eragozpen baten edo egoera deseroso baten aurrean etsipena adierazteko interjekzioa
mattaq – balea zuriaren epidermis jangarria

OHARRAK:

  1. Hauxe da erabili dudan frantsesezko bertsioa: Mitiarjuk Nappaaluk (2002). Sanaaq, Québec: Stanké.
  1. Mitiarjukek, inoiz eskolara joan ez arren, McGill Unibertsitateak emandako doctor honoris causa titulua jaso zuen 2000. urtean, Quebec iparraldeko inuiten hizkuntza eta kulturaren irakaskuntza bultzatzen egindako lanagatik.

 

One Reply to “”

Utzi iruzkina