Aspektu-marka enuntziatu performatiboetan

Igone Zabala Unzalu

Ohiko gramatika eta estilo-liburuek lerro gutxi batzuk baino ez diote eskaintzen euskal aditz-aspektuari, baina ohikoa izaten da kalkotzat hartu ohi diren –tzen aspektu-markaren zenbait erabilera kaxkar aipatzea, hala nola, proposamenak egitekoa edo orainaldi historikoarena: #Hartzen dugu kafe bat? #1564an jaiotzen da. Bestalde, Pello Esnalek aspaldian nabarmendu zuenez,[1] enuntziatu performatiboen aipamenik nekez aurkituko dugu gure gramatiketan, eta hona ekartzea pentsatu dut zenbaitetan –tzen aspektu-marka ez erabiltzeko ultrazuzenketaren edo saihesbideren bat antzeman uste izan dudalako. Hona hemen adibide batzuk:

Honen bidez, Euskara Institutuak “Espezialitate hizkerak eta Terminologia” jardunaldiak antolatu dituela adierazi nahi dizugu.

Mezu honen bidez jakinarazi nahi dizut

…Atseginez esan behar dizut Batzorde Akademikoak zure komunikazio-proposamena onartzea erabaki duela.

Administrazio-hizkeran oso ohikoak dira enuntziatu performatiboak eta nik baino lehenago beste batzuek aztertu dute gaia, lege, xedapen eta ebazpenen itzulpenaren ildotik, adibidez, Edorta Españak (2003)[2] eta Eusko Jaurlaritzaren Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak (IZO) (2015)[3]. Nolanahi ere, administrazio-hizkeratik kanpo ere erabiltzen dira enuntziatu performatiboak.

Hizkuntzaren filosofian eta hizketa-egintzen teorian bereizi egiten dira errealitate edo ekintza jakin bat deskribatu edo azaldu egiten duten azalpenezko enuntziatuak (constative utterances) eta ekintza jakin bat gauzatzen duten enuntziatu performatiboak (performative utterances):[4]

Zin egiten dut legea beteko dudala.
Lehendakari izendatzen zaitut.
Barkamena eskatzen dizuet eragozpenengatik.
Hitz ematen dizut garaiz helduko naizela.

Horrelako enuntziatuak ekoizten ditugunean, ez dugu egoera edo ekintza bat deskribatzen: ekintza egin egiten dugu. Eta, ekintza burutzeko, ezinbestekoa da enuntziatua esatea edo idaztea. Enuntziatu performatiboak maiz erabiltzen dira maila batean edo bestean erritualtzat har daitezkeen ekintzetarako, zeintzuetan funtsezkoa baita, hain zuzen ere, hitz jakin batzuk esatea. Ekintza horien izaeraren ondorio dira enuntziatu performatiboen zenbait ezaugarri:

  • Gramatikaren ikuspuntutik, adierazpen-perpausak dira.
  • Aditza indikatiboko orainaldi burutugabean joan ohi da.
  • Aditza, oso maiz, lehen pertsonan erabiltzen da, baina hirugarren pertsonako adizkiak ere erabiltzen dira zenbait kasutan.
  • Enuntziatua ezin da hartu egiatzat edo gezurtzat: egokitzat edo desegokitzat har daiteke, gehienez ere.

Enuntziatu performatiboen aditza orainaldian joan behar da eta –tzen aspektu-marka eraman ohi du. Izan ere, aldia edo aspektu-marka aldatuz gero, aldatu egiten da enuntziatuaren izaera:

Barkamena eskatzen dizut. (performatiboa)
Barkamena eskatu dizut / nizun. (azalpenezkoa)
Barkamena eskatuko dizut. (azalpenezkoa)

Jakina, zerbait esatea edo adieraztea eskatzen duten ekintza guztiek ez dute aditz performatiborik. Adibidez, barkamena eskatzeko, Barkamena eskatzen dizut edo Barkatu / Barkaidazu esan dezakegu, baina norbait iraindu nahi badugu, irainak esan behar ditugu eta ez, adibidez, #Nik iraintzen zaitut. Bestalde, enuntziatu performatiboek, hizkuntza batetik bestera neurri handian aldatzen diren finkatutako formulak direnez, zalantzak sortzen dizkigute euskaraz zenbait testuingurutan. Ikusi besterik ez dago duela urte batzuk erabili.eus gunean Nola esan, ezkontzeko? eztabaida. Azpimarratzekoa da proposamen gehienetan aspektu burutugabearen marka ageri dela (ezkontzen zaituztet, adierazten dut, azaltzen dut, aitortzen dut…) batean izan ezik (Une honetatik aurrera ezkonduta zaudete). Azken hori ere, testuinguru egokian kokatuta, enuntziatu performatibotzat har daiteke, baina zaildu egin dezake, adibidez, ezkontzetan aipatu ohi diren lege-oinarriak diskurtsoan egokiro txertatzea.

Performatiboak dira baita mezuetan, gutunetan, egiaztagirietan edo eskabideetan erabiltzen diren zenbait enuntziatu ere, eta aspektu burutugabearen marka behar dute:

Mezu honen bidez jakinarazten dizut /zaizu…
Eta, beste galderarik ez badago, bukatutzat ematen dut gaurko saioa.
Agiri honen bidez egiaztatzen dut…
Eta agiri hau sinatzen dut…
…Azaltzen du/ dut … Eskatzen du / dut …
(instantzia edo eskabideetan)

Eta adibide horiekin bukaera ematen diot gaurko artikuluari.

[1] ESNAL, P. (2007) “Ebazten dut” Hizpide 64 (2007): 66-69.
[2] ESPAÑA, E. (2003) “Queda inaugurado este pantano” Administrazioa euskaraz. 39 zb. 2003/01: 18-19.
[3] IZO (2015) “Ebazten dut / Xedatzen dut… (performatiboak)” Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak. Erabakiak eta gomendioak. IZO (Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala) –Eusko Jaurlaritza: 41.
[4] AUSTIN, J.L. (1955) How to do things with words.The William James Lectures Delivered at Harvard University in 1955. Oxford at the Clarendon Press (1962).

5 Replies to “Aspektu-marka enuntziatu performatiboetan”

  1. Egun on, Igone

    Zurea irakurrita, oroitu naiz hauteskundeetako mahaietan egoten direnei ematen zaien eskuliburuan badirela ustez “enuntziatu performatibo”tzat har daitezkeen bertze bi esaldi, itzultzeko garaian zalantza eragin izan digutenak, hain zuzen ere zerorrek aipatzen duzun kontuarengatik: “-tzen” aspektu-marka erabiliz gero, ez ote den kalkotzat hartuko.

    Zehazki, honako bi hauek:
    1) Gaztelaniaz: La Presidencia de la Mesa anunciará el comienzo de la votación, con las palabras “empieza la votación”.
    – Gure itzulpena (ustez EAEn ere berdin): Mahaiko lehendakariak jakinaraziko du bozketak hasi behar duela, “hasi da bozketa” esanez
    * Nire iduriz, egokiago litzateke “hasten da bozketa” erratea.

    2) Gaztelaniaz: El elector o electora entregará el sobre de votación cerrado a la Presidencia de la Mesa, quien sin ocultarlo en ningún momento a la vista del público dirá en voz alta el nombre del votante y, añadiendo “vota” entregará de nuevo el sobre al elector o electora, que será quien lo introduzca en la urna que corresponda.
    – Gure itzulpena: Hautesleak Mahaiko lehendakariari eskura eman behar dio gutun-azala, itxita, eta hark, gutun-azala denbora guztian agerian erakusten duela, ozenki irakurriko du boto-emailearen izena eta, gero, “botoa ematen du” esatearekin batera, gutun-azala boto-emaileari itzuliko dio, horrek dagokion hautestontzian sar dezan.
    * Hor, ordea, uste dut ongi emana dagoela ordaina. EAEn, ustez, “botoa emango du” argitaratu zen.

    Ez dakit zer irudituko zaizun…

    Atsegin dut

    1. Mikel,
      hirugarren pertsona erabilita, uste dut egoera desberdina dela. Lehen esaldian, adibidez, “Hasiera ematen diot bozketari” edo horrelako zerbait esanda, garbi edukiko nuke -t(z)en behar duela, eta enuntziatu performatiboa litzatekeela. Beste aukera bat litzateke “Bozketa has dadin”, adibidez.
      Bigarren esaldian, iruditzen zait narrazio moduko bat dagoela, alegia, beste batek egiten duen zerbait azaltzen duela, nahiz eta kasu honetan egiaztatze-funtzioa ere baduen. Nire uste apalean “botua emango du” ondo legoke horretan. Agian “botua ematen du” ere esan liteke, baina -tzen justifikatuko lukeena “reportive aspect” esan ohi zaiona litzatekeela uste dut eta ez performatibotasuna. Reportive aspect hori gertatzen da, adibidez, kirol-emankizunetan, jokalariak egiten ari direna azaltzen baitoa esataria jokalariek zerbait egin ahala: …hartzen du baloia…
      Enuntziatu performatiboak lehen pertsonan edo, kasuren batean inpertsonalean joan ohi dira:
      Gutun honen bidez jakinarazten dizut /dizugu…
      Gutun honen bidez jakinarazten zaizu…

      Atsegin dut

      1. Eskerrik asko, Igone, zure argibideengatik.
        Bozketa prozesuko bigarren esaldiari buruz diozuna dela eta, “iruditzen zait narrazio moduko bat dagoela, alegia, beste batek egiten duen zerbait azaltzen duela, nahiz eta kasu honetan egiaztatze-funtzioa ere baduen”, arrazoi duzu, baina aipatu nahiko nizuke formulazio hori berri samarra dela, azkeneko hauteskundeetan izan dela horrela (2011n, 2015ean…), baina lehenagokoetan, 2007koan, adibidez, diferentexea zela; hain zuzen ere, honela:
        “… el Presidente o Presidenta hará lo siguiente:
        a) No debe ocultar ni un momento los sobres a la vista del público.
        b) Dirá en voz alta el nombre del elector o electora, y añadirá “Vota”.
        c) Introducirá los sobres en la urna o urnas que correspondan…”
        Alegia, mahaiburuak berak sartzen zuen hauteslearen boto-papera, ia aldi berean “vota” (euskaraz: botoa emango du? Botoa ematen du? ….?) erraten zuela.
        Beraz, berak erraten zituen hitzak + berak sartzen zuen boto-papera + bertzeak botoa ematen zuen; eta hiru ekintzak ia batera gauzatzen ziren.
        Ez dakit horrek aldarazten ote duen esaldiaren ezaugarriei buruzko zure iritzia. Baina, tira, informazio gisara kontatzen dizut, ez baitut sartu nahi ezezaguna zaidan terrenoan, zerorrek aipatzen duzun “Hizkuntzaren filosofian eta hizketa-egintzen teorian”; hementxe geldituko naiz, zure argudioak kontuan hartuz, berriz ere ordaina emateko tenorean hitz horiek nola euskaratu beharko ote ditugun pentsatzen.

        Atsegin dut

Utzi iruzkina