Baragarri ez gaitezen bara

Estitxu Irisarri Egia

Egun aspergarri horietako batean, lagun batek eta biok Skype bidez kafe-tertulia egiteko hitzordua jarri genuen, hantxe ibili ginen kontu-kontari mundua konpondu nahian, baina bilera eta batzar askotan bezala, irtenbidea aurkitu arren, ekintzara jo gabe. Gure barrenak askatzea zen helburu nagusia.

Baina, halako batean, kablearen beste puntan zegoen hark nire lexikologiarekiko maitasuna piztu zuen une batez. Nire belarriek honelako zerbait entzun zuten: «tipo hori baragarrie da». Arratia inguruko zaretenoi ulergarria egingo zaizue, baina niri neuri ez. Hitz berria nire artxibategirako. Barregarri hitzaren parekotasuna hartu nion, baina ez zuen esanahi horrekin erabili. Zer esan nahi zuen galdetu, eta, egia esan, hasiera batean berak ere ez zekien nola azaldu, nahiz eta bere hiztegian ohiko kontzeptua izan.

Lagun horren azalpenak osatu nahian, oraingoan ere hiztegietara jo nuen baratu eta paraturen antzekotasuna gogoan izanik.

Elhuyarrek dioenaren arabera:

iz./izond. (Ipar.) lo que obstaculiza/entorpece/dificulta.

Orotariko Euskal Hiztegiaren esanetan:

“Qui invite à s’arrêter” Lecl. “Qui est propre à arrêter. Jainkoaren beldurra izan bedi zure baragarri” Dv. “Zertan gintazke legea ez balitz gaixtaginen baragarri?” Ib. “Obstáculo” A.

2008ko abenduaren 31ko Bizkaie! sareko aldizkarian Arkaitz Estiballesi egindako elkarrizketa batean ere agertzen da hitz hori bera:

Inoizkorik lasaien joan nintzan finalera. Aurreko egunetan ardurea neukan eta ahotsagaz be baragarri ibili naz, orain aste bi edo guztiz galdu neban eta hor ibili naz, ahotsa errekuperau, barriro galdu. Bezperan eta sano arduratuta nengoan eta gozatzeko aukera larregirik ikusten ez nebanez, nahiko trankil joan nintzan. Hori igarri neban, finalaren sarrerako paseoan, lagunak agurtu nituan, jentea ikusi, oso trankil sartu nintzan Bilbao Arenan. (http://www.bizkaie.biz/orokorra. php?atala=2&id=10711&sec=4&fecha=2008-12-31%2010:40:11 [Azken kontsulta: 2016-01-08])

Arratiako Udalaren Mankomunitateko berbategiaren arabera:

Esanahia: Pertsona edo gauza arraroa, bitxia…
2.- Larria…
3.- Trabea, oztopoa.
Euskara batukoa: barregarri, eragozpen.

Euskaldun askok dugun gaitasunagatik edo deformazio profesionalagatik, elkarrizketa informal hura eztabaida filologiko bihurtu zen ia. Hiztegietan Iparraldeko marka duen hitz horrek hedadura geografiko handiagoa duela dirudi, Skype-kide hori Arratia ingurukoa baita. Gure ondorioetako bat gazte askok «le bailan el agua», «sin maseko tipoa», «tipo pseudoguaya» esapideak erabiliko lituzketela/genituzkeela izan zen, bere hiztegiaren barruan, hitz hori denak bere inguruan dantzan darabiltzan pertsona izendatzeko erabiltzen baita, kasu horretan behintzat. Beraz, badirudi hitz honen hedadura geografikoaz gain, hedadura semantikoa ere handitu egin dela. Noski, hiztun bati entzundakoarekin ezin orokortu. Hipotesi baragarri (sin maseko) batekin ez gaitezen bara eta zuen jakintza elkarbanatu!

Utzi iruzkina