Egun on, buenos días, bonjour

Bego Montorio Uribarren

Gaurkoan, proposamen bila natorkizue. Badakit gura adina kontu izango dituzuela burua nekatzeko, baina, benetan diotsuet, apur bat saiatuz gero, denok irtengo gara irabazten.

Hona egoera: jendaurreko aurkezpen formal bat. Ez dio inporta zein den erakundea –gobernukoa zein gobernuz kanpokoa, herri txiki batekoa edo nazioartekoa–, berdin dio horrek, baina Euskal Herrian da eta jendarte zabalari eskainia. Entzuleen artean badaude euskaldunak zein erdaldun elebakarrak, eta antolatzaileak horren jakitun dira.

Hara bada, hartu du mikroa lehen hizlariak eta… zein hizkuntza erabiliko? Nola egingo entzule guztiengana heltzeko?

Irtenbideetako bat aldibereko itzulpena da, jakina; aukera eskaini eta bakoitzak nahi duen hizkuntzan egin dezala. Alabaina, pentsaezina da jendaurreko saio guzti-guztietan interpretazio zerbitzua egotea; ezinezkoa, behar bezainbeste interprete topatzea; ordainezina, kabina-ordu horien kostua; labur esanda, absurdoa litzateke pentsatzea horrekin arazo guztiak konponduko liratekeela. Kasu batzuetarako konponbidea da, baina bestelako jokabideak ere beharrezkoak dira.

Hizkuntza batean esandakoa bestean errepikatzea da beste aukera bat. Txarra nire ustez; aspergarria eta nekosoa. Hizlariak gauza bera bi hizkuntzatan errepikatu behar du, elebidunak birritan entzun behar gauza bera, eta elebakarrak aldizkako jardun etena pairatu behar.

Baten batzuek jokamolde horri eusten diote aldibereko itzulpena egon arren, zeren, protokolozko saioetan edo hiztunak politikariak direnean, entzule guztiei euren hizkuntzan berba egin nahi izaten baitiete hizlariek, guztiengandik hurbil agertu nahi izaten dute, eta lehendabizi euskaraz esaten dutena errepikatu egiten dute erdaraz. Denon kalterako, nire iritziz. Euskaldun elebidunek birritan adituko diote gauzabera hizlariari, autoitzulpen ariketaren lekuko; erdaldunek ere, errepikaturik jasoko dute mezua, behin interpretearen ahotsean eta behin hizlariarenean. Eta atzerriko entzulerik egonez gero, hura ere ez da salbatuko; itzuliko dizkiote lehendabiziko agurrak frantsesera, ingelesera edo dena delako hizkuntzara, eta gero, interpreteak esango dio gauza bera errepikatzen ari dela hizlaria, beste hizkuntza batean (eta atzerritarrak ez du ezer ulertuko, eta… barkatu, hariak nahasten ari naiz! Hori, agian, hurrengo batean).

Arazo handirik ez legoke denok elebidunak bagina, elebidun pasiboak gutxienik. Zuek ere ikusiko zenituzten honela bideratutako bilerak: itzultzailerik gabe, batzuek euskaraz eta beste batzuek erdaraz; hala hasi eta hala buka; batere arazorik gabe. Inguru jakin batzuetan horrela joka daiteke, eta hobe ohitura bilakatuko balitz, baina, oraingoz, gutxitan egoten da horretarako parada.

Nahita aipatu ez dudan beste irtenbide bat ere badago, oso begi-bistakoa gainera: denok ulertzen badugu erdara (salbuespenak salbuespen, Hegoaldeko euskaldun guztiok badakigu gaztelaniaz eta Iparraldeko guztiek frantsesez), zergatik ez erabili erdara hori, eta kito? Erantzuna erraza da: hasieran esan dut EHn geundela; ez naiz azaltzen hasiko ez zaidala onargarria iruditzen egoera horretan erdara hutsez aritzea.

Orduan, zer egin interpretazio zerbitzurik ez badago eta entzule guztiek ez badituzte hizkuntza biak ulertzen? Bada, irudimena dantzan jarri eta irtenbideak (pluralean!) asma ditzagun.

Kasu batean egokia dena –esaterako, diapositibak hizkuntza batean proiektatu eta azalpena beste hizkuntzan eman– tokiz kanpokoa gerta daiteke beste batean. Hizlari berak hizkuntza biak erabil ditzake, baina dena errepikatu gabe, automata programatuaren itxurak hartu gabe. Erraza, ez dakit, baina posible bada; duela gutxi horrelako egoera batean egon nintzen, entzule, eta funtzionatu zuela esango nuke. Ondo eginez gero, elebidunek gehiago jasoko dute, bai, baina elebakarrek ez dute funtsezko ezer galduko.

Entzuleak nor diren…, ingurua zein den…, oreka bilatu behar. Norberak markatutako lehentasunen araberako orekak, tokian tokikoak, unean unekoak. Irudimenaz, ausart. Besteenganako begirunez. Bide berriak urratu, erratu… Saiatu ezean ez baitago asmatzerik.

Zuek baduzue adibide esanguratsurik, proposizio berritzailerik? Jardunbide egokien bilduma osa dezakegu; zorte apur batekin, oihartzuna izango du, eta, patua benetan alde badugu, bide horiek erabiltzen hasiko dira.

One Reply to “”

  1. Ez dizu inork ezer konpondu, eta atzo azkenean ezer ez esatea erabaki nuen bezala, gaur botako dut.

    Zinez uste baitut euskaldunok ez dugula irtenbiderik uko egiten ez diogun bitartean guk gerok geure hitz propioak itzultzeari espainolera (edo kasuan frantsesera). Ez ETB2n eta ez inon. Gure geure euskarazko hitzak inork espainolez jaso edo zabaldu nahi balitza, bilatu dezala berak modua. Ez diezaiogun euskaldunari berari eskatu bere hitzak itzultzea. Eskatu diezaiogun euskal-herritar-ez-euskaldunari behingoz, eta jada aitzakiarik gabe, bere bideak jarri ditzan gu ulertzeko, eta gutxienez euskara ulertzeko mailan ezagutzeko, gu espainola (edota frantsesa) erabiltzera behartu gaituzten bezala.

    Intsumisio linguistiko zorrotzena praktikatzen ez dugun bitartean, eta gehienera ere elkarrizketa asimetrikoak onartu (guk euskaraz, eta besteek ere nahi duten hizkuntzan), jai daukakegu, badakizu.

    Egun ona izan

    Bittor

    Atsegin dut

Utzi iruzkina