Ttipitzaileak, ttipikeriak eta txikikeriak

Eneko Bidegain

Batzuentzat txikikeriak izan daitezke gaurko solasak; nire ustez, garrantzitsuak dira. Ñabardurek anitz alda dezakete, eta komunikazio arazoak sor daitezke ttipitzaileak ez direnean berdin ulertzen edo idatzizko estiloan ez badira onartzen.

Gertatu zait norbaitek gaizki ulertzea “ttipikeria” hitza, beste batek egindakoa “ttipikeria” zela erran nuenean. Hain zuzen, pentsatu zuen “txikikeria” erran nahi nuela, eta noski, ez zitzaion txikikeria iruditzen. Harluxet hiztegiaren arabera, txikikeria da Huskeria, garrantzi txikiko gauza.”

Hiztegi gehienek ez dakarte, ordea, “ttipikeria” hitza. Ttipikeria da, Orotariko Euskal Hiztegia-k ongi dakarren bezala:

1. Mezquindad, ruindad. “Holako bihotz zikhoitzetarik ezta iguriki behar ttipikeriarik baizen” H. “Acción baja, vil” A. Ezin nitzazke erran beren xehetasunetan geroztik urthearen azken egunetaradino misionestek jasan behar ukhan zituzten ttipikeriak. Prop 1889, 72. Ttipikeria itsusienen, urdekeria ederrenen egiterat haizu. J. Hiriart-Urruty GH 1951, 91. Azken hok ez dira agertu. […] Egin duten ttipikeria ezin onhetsia da! Herr 18-8-1960, 2

Nolaerran.org hiztegian “ttipikeria” proposatzen du “mesquinerie” hitzaren itzulpen gisa.

Azpimarratu behar da, ordea, Orotariko hiztegiarentzat “txikikeria” antzeko zerbait dela:

Mezquindad, vileza. “Petitesse […] de caractère, etc.” y “petitesse d’action” H. “Abyección” A Apend. Gizon handi batek ez onestea eta bertzeak onestetik gibelatzea, berak zuzena daukan galde bat, ez othe da hori ttikikeria? Eskual 11-7-1913, 1. Maitale garbi dan biyotzean / Txikikeririk ez dago. Elzo-Azpiazu EEs 1916, 323. Ez ahal zekien egiazki nolakoa zen, ez ahal zuen haren gogo —eta bihotz— xikikeriaren berri, bere bizi guztian egin, egiten eta eginen zituen xikikerien berri? Mde HaurB 78. Gizonen arteko txikikeriakaitik agertu ez bazan be, Sibelius soñu-idazlea il zanean “El Bidasoa” astekarirako idatzi neban lantxo bat, euskaraz. Alzola Atalak 94. En DFrec hay 4 ejs. de txikikeria.

Kontua da, gaur egun, “txikikeria” erratean, Harluxet-ek dioena ulertzen dela. Eta “ttipikeria” gauza bera dela pentsatuz gero, erabateko gaizki ulertua sor daitekeela. Joaera horrek erranahi oso zehatza duen hitz bat desagertzea eragin lezake.

Ñabardurekin jarraituz, ohiko hitza z hizkiarekin idatzi ordez x hizkia erabiliz egiten denaz hitz egin nahi nuke. Adibide garbia: zakur eta xakur. Hiztegi batuak dio “xakur” Lapurdin erabiltzen dela, eta “zakur” Lapurdin eta Nafarroan, “txakur” adierazteko. “Txakur”, ordea, ez du zehazten mendebaldean erabiltzen dela “zakur” edo “xakur” adierazteko. Orotariko Hiztegiak dakarren bezala, “xakur” erabiltzen da oro har “txakur txikia” adierazteko, edo orokorki “txakur” adierazteko. Guk halaxe erabiltzen dugu. Haatik, ez bada arrazoi afektiboengatik bederen, nekez deituko dugu “xakur” doberman bat. Hori “zakurra” da. “Zakur”-en ttipitzailea “xakur” baldin bada, “xakur”-ek ere badauka bere ttipitzailea: “ttattur”, txakurra haur hizkeran aipatzeko erabiltzen duguna.

Hiztegiek ez dakarte “gaxte” hitza. Alta, Euskal Herriko hainbat lekutan, “gazte” eta “gaxte” ez da gauza bera. Lagun batekin izan nuen elkarrizketa bat datorkit burura:

— Gaztea da? Zenbat urte ditu?
— 12 urte.
— A! Gaxtea da!

Gauza bera “neska” eta “nexka” desberdintzeko.

Adibide gehiago baldin badago ere, azken batekin bukatuko dut: “zahar” eta “xahar”.

Hiztegian ez dut “xahar” aurkitu. Baina desberdintasuna egiten dugu. Guretzat, xaharra da pertsona biziki zahar bat, eta hitz horrek amultsutasuna ere adierazten du. Ez da gauza bera “zahartzea” eta “xahartzea”. 70 edo 80 urtetan “zahartu” da, 90 urtetik gora “xahartu”. Bitxi da, kasu horretan, ttipitzailea handitzaile izatea, baina “xaharra” era afektiboan erabiltzeak eragiten du hori.