Configuración > Idiomas > Euskera

Esti Lizaso

Euskaldun eta katalanekin hitz egitean (hizkuntza gehiago ere izango dira egoera berean, seguru) aitzakia berberak entzuten ditut ordenagailua, mugikorra edo dena delako gailu edo programa euskaraz zergatik ez daukaten galdetzen diedanean:

— Ba al dago, ba? Ez nekien euskaraz erabil zitekeenik!

— Uf… oso traketsa naiz gauza horietarako, ez dakit hizkuntza nola aldatzen den.

— Eske nik traste horien euskara ez dut ulertzen, oso hitz arraroak erabiltzen dituzte eta ez naiz moldatzen.

— Gaizki itzulita egon ohi dira, akats asko izaten dituzte eta urduri jartzen naiz.

— Beti aldatzekotan, baina… ez dut inoiz tartea hartzen.

Ezagunak egin zaizkizue? Bada, orain, pentsa dezagun: zenbat ordenagailu ditugu inguruan (etxe, bulego, lantoki, ikastegi eta abarretan)? Eta zenbatek ditugu telefono mugikor, tableta eta antzerako gailuak? Eta gure bikotekide, pisukide, lagun, senide eta abarrenak ere kontuan hartuko bagenitu? Eta… haietako zenbat daude konfiguratuta eta erabiltzen dira euskaraz?

Batzuk-batzuk bai. Hala ere, seguru euskaraz ditugunen artean ere oraindik badugula zer edo zer euskaraz konfiguratzeke: ordenagailua bai, baina telefonoa ez; Windows bai, baina Word ez; Gmail bai, baina YouTube ez; Twitter bai, baina Facebook ez…

Bada, gure esku dago aitzakia horiek baliogabetzea:

Telefono mugikorren ez modelo guztiak, baina bai asko, euskaraz erabil daitezke. Marka batzuk aipatzearren: Alcatel, BlackBerry, HTC, LG, Nokia, Samsung, Sony …

Ordenagailu, tableta eta programa ezagunetako asko eta asko ere euskaraz erabil daitezke: Linux eta Windows; Microsoft Office (Excel, Outlook, PowerPoint, Word, etab.) eta OpenOffice; Adobe Acrobat; FireFox, Internet Explorer eta Opera…

Eta sareko zerbitzu ugari ere bai: Bing, Blogger, Facebook, Google (Bilaketa, Gmail, Google Maps, Google+…), Skype, Tuenti, Twitter, Wikipedia, YouTube…

Salbuespena: sagarrak mantzana izaten jarraitzen du (oraingoz). Apple produktuak hizkuntza «txikietara» itzultzeko inbertsioa egitea ez dago haien lehentasunen artean, baina euskal kontsumitzaile kopurua igota ere erraz geniezaieke bidea…

Hizkuntzari dagokionez… erabilera alor berria izan daiteke batzuentzat, baina, arituz gero, beste edozein hizkuntzatan bezala, berehala ohitzeko modukoa da. Izan ere, ez dut uste «Configuración» edo «Ajustes» menuak euskaraz «Ezarpenak», «Doikuntzak» edo «Konfigurazioa» izena duela ikastea zailagoa denik, gaztelaniaz «Fuente» esanda letra mota esan nahi digutela ulertzea baino.

Akatsak ere izango dira, baina ez dut uste beste hizkuntzetan baino askoz gehiago egongo direnik. Eta akatsak konpontzeko eskarmentua bezalakorik ez da. Hortaz, kontsumitzaileak behar ditugu, fabrikatzaileak euskaraz gero eta produktu gehiago eskaintzera anima daitezen. Horrela, itzultzaile zailduagoak izango ditugu, eta eskainitako kalitatea hobea izango da.

Anima zaitezte, beraz, alferkeria utzi eta minututxo batzuk hartzera gailu, produktu eta zerbitzuak euskaraz konfiguratzeko. Saltzaileek dioten bezala, klik gutxi batzuk izango dira.

Hau irakurri ondoren gutako bakoitzak gutxienez gauza bat gehiago euskaraz jartzea lortzen badugu (gurea zein ingurukoena), ez da gutxi izango.

2 Replies to “Configuración > Idiomas > Euskera”

  1. Gmail euskaraz jarri nuen nik, eta… egutegia desagertu! Zenbaitetan euskarazko bertsioen ahuluneetako bat da bertsio zaharragoa edo murriztuagoa eskaintzea. Ea denon artean osatzen dugun.

    Atsegin dut

  2. Gmail-en kasuan laguntzeko moduan naiz. Bertsioa ez da zaharragoa, gadget-a desaktibatuko zitzaizun, akaso.

    1.- Egutegia Gmail-en bertan ikusi nahi baduzu, egizu klik engranajearen ikonoan.
    2.- Hautatu “Ezarpenak”.
    3.- Joan “Labs” fitxara (goian, urdinez, nahiko eskuin aldera geratzen da).
    4.- Bertan dagoen bilaketa-koadroan idatzi “Calendar”.
    5.- Emaitzen artean “Google Calendar gadget-a” azalduko zaizu.
    6.- Haren eskuinaldean, aktibatu “Gaitu” aukera.
    7.- Joan orriaren behealdera eta sakatu “Gorde aldaketak” botoia.
    8.- Itzuli Gmail-era eta egutegia txataren azpian izango duzu.
    9.- Agian egutegitxoa ez duzu bistan izango lehenespenez. Egin klik “Options” aukeran eta markatu “Show mini calendar” kontrol-laukia.

    Hor duzu, ba: egutegitxoa ingelesez, baina Gmail osoa euskaraz. Ez dago gaizki, hasteko bederen.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina