«Zehapen»

Iñaki Iñurrieta Labaien

Duela ez hainbeste urte, ez nekien zer esan nahi zuen zehapen hitzak. Orain, badakit 8.000 € esan nahi duela. Isun hori jarri dio Lehiaren Euskal Agintaritzak EIZIEri, duela bi urte luze irekitako zehapen-espedientearen ebazpenean, 2001 eta 2011 urteen artean webean tarifa batzuk agertzeagatik.

Euskara hutsez, euskara juridiko zehatz-nahi, berri usaineko eta dotore halako batean zetorren ebazpena, hala iruditu zitzaidan behintzat niri irakurtzen hasi orduko, gisa hartako testuak irakurtzen ohitu gabea izaki. Ebazpen, zehapen…, erreflexu hutsez, uste dut burutik pasatu zitzaidala itzultzaileon artean dabilen kontsigna bat ere: kontuz nominalizazioekin; ahal bada, saihestu. Baina ez nion kasu handirik egin, eta «aurrera goaz» ere pentsatu bide nuen prosa hura irakurtzean, testuak hain ondo korritzen zuela sentituz, harik eta azkenera iritsi nintzen arte. Orduan ikasi nuen: zehapen = 8.000 €.

Hitzaz argibide bila hasita, ikusi dut ezen, Euskalterm-en datozen 18 fitxetatik, bi izan ezik (bat 1994koa eta bestea 1995ekoa), beste denak XXI. mendekoak direla, eta administrazio edo zuzenbide arlokoak gehienak. Zehapen-espediente terminoa 2007koa da, eta urte hartakoa da definizioa ere: «Administrazioak, Konstituzioak ematen dion zigortzeko ahalmenean oinarrituta, zigortzeko jardunbide administratiboaren barruan izapidetzen duen espedientea, pertsona fisiko edo juridikoek burututako ekintzak direla eta. Ekintza horiek administrazioko arauak edo ordenamendu juridikoa hautsi dituztenak izan daitezke, legean hala adierazita dagoelako». Laburrago eta argiago nahi izanez gero, hor daude EHUko Zuzenbide Fakultateko euskara juridikoaren ataria edo 5000 Adorez eta Elhuyar hiztegiak, besteak beste, zehapen hitzak castigo, corrección, sanción esan nahi duela ikasteko.

Nominalizazio horren oinarrira jota, ikusi dut bi adarretara bil daitezkeela eratorpen eta aldaera guztiak: zehaturen ingurukoak, batetik (zeetu, zetu, ziatu…), eta xehaturen ingurukoak, bestetik (txetu, txeatu, xeatu, xegatu…). Eta ez dakit nola, beharbada bigarren sailekoen hasierako kontsonante sabaikari horren keru afektiboaren eraginez, neure biografian txertaturik agertzen hasi zaizkit hitz horietako batzuk. Aspaldi batean ikasi nuen leka-patatak xehe-xehe eginda jaten, eta hortik ulertu nuen zer den gauzak xehe-xehe azaltzea, xehetasunak ematea. Aspaldi ikasi nuen, halaber, Juan Mari Lekuonagandik, Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren bidez, nola errotarriak negar egiten duen alea txetzean. Ez hain aspaldi, berriz, Bitoriano Iraolaren donostiar xelebreen arteko autuetan, nola Zarpa deitzen zioten batek txetzen duen laguna, Kintua esaten zioten beste bat, bere zirtoaz; hau da, nola uzten duen ezer erantzuteko gauza ez dela.

Eta horri esker gogoratu nuen nola baliatu nuen gero esamolde hori Holden Caulfield Zekale artean harrapakako protagonistak hainbestetan darabilen «that killed me» esaldia euskaraz emateko ere. Esate baterako, Phoebe arrebatxoaren ateraldi baten aurrean «haretxek txetu ninduen», edo «txe-txe eginda utzi ninduen», edo «seko txetuta geratu nintzen» esaten duenean.

Geroago ikasi nuen kontsonante sabaikari horien pare bazirela hitzen aldaera zetazkoak, hots, euskaldun gehienontzat ebakigaitza den fonema ziztukari apikal horzkaria hasieran dutenak. Hau da, txetu, xehe-xehe, xehetasun eta abarren parean bazirela zehatu, zeetu, ziatu… eta zehapen.

Z ahoskagaitzaren dotorezia hotz hori erabil liteke etorkizuneko euskara juridiko administratiboan, erabiltzen hasia da dagoeneko, gauza hauek hotz eta dotore jakinarazteko. Izan ere, boterea zentzuz erabiltzeko modu bat, esan izan zaigu, indarra despertsonalizatzea eta arauen botere hertsagarrira mugatzea da; arauek pertsona guztiak lotzen baitituzte berdin, esan izan zaigu. Z fonema ahoskagaitzak damaion asepsia baliatu, euskara administratiboak halakoxea behar du izan-eta, bustidura batek, palatalizazio batek iradoki lezakeen afektibitate-arrastorik gabea: aseptikoa, aratza, inpertsonala, norbait edo zerbait zeha-zeha eginda uzteko ere.

8.000 €-ko zaplaztekoa, beraz. Baina lasai, ikus dezagun alde ona: ebazpena askatasunaren aldeko aldarria da (esan nahi baita: merkatu-askatasunaren aldekoa). Hurrengoan, itzultzailea lanen bat negoziatzera joaten denean eta baldintza inposibleak eskaintzen bazaizkio, beti izango du aldarrikatzea ebazpen honetan esaten direnak: «Lehia askearen sistema batean egon behar duen eragileen beregaintasuna», esate baterako, edo «prezioei buruzko erabakiak era aske eta indibidualean hartu behar ditu profesional bakoitzak», eta abar.

Utzi iruzkina