Aditz-joko inpertsonalak ala pertsonalak? Iraganaldia ala orainaldia?

Igone Zabala Unzalu

Mundu akademikoan erabiltzen diren zenbait testu-generotan berebiziko garrantzia dute aditzekin lotutako hautuek. Adibidez, ikerketa-generoak (ikerketa-artikuluak, kongresuetako komunikazioak, doktoretza-tesiak, master-tesiak, gradu-bukaerako lanak…) sortu behar ditugunean, edota sortzen lagundu edo zuzendu behar ditugunean, berehala agertuko zaizkigu zalantzak aditz-jokoak erabakitzeko orduan. Espezialitate-alor gehienetan ez da ikerketa-artikulurik idazten euskaraz, baina tesiak eta gradu-bukerako lanak idaztea bai, gero eta ohikoagoa gertatzen ari da gure unibertsitateetan. Gure ikasleei edo guregana laguntza eske datozenei aholkuak eman nahi dizkiegunean, ordea, ez dira gutxi sortzen zaizkigun zalantzak. Zer aholkatu? Egitura pertsonalak ala inpertsonalak? Orainaldia ala iraganaldia? Aspektu burutua ala progresiboa? Nola ehuntzen da aditz-kohesioa honelako testuetan ikerkuntzaren munduan erreferentzia eta aitzindari izan ohi den ingeles hizkuntzan? Eta gaztelaniaz edo frantsesez? Zein dira beste hizkuntzetan erabiltzen diren patroi linguistikoen baliokide egokiak euskaraz?

Zalantzak argitzeko lehen urratsa izan ohi da estilo-liburuetara jotzea, eta ezaguna da estilo-liburu tradizionaletan, adizki inpertsonalen erabilera prosa akademiko onaren ezaugarritzat hartu izan dela. Izan ere, (etorkizuneko) zientzialariei zuzendutako ingeles akademikoari buruzko estilo-liburuek edo prestakuntza-programek egitura pasiboak, hirugarren pertsona eta bestelako pertsonagabetze-estrategiak erabiltzea gomendatu izan dute, oro har, komunikazio akademikoaren tonu objektiboa lortzeko egokienak direlakoan. Nolanahi ere, halako gomendioak eztabaida-iturri izan dira azken aldian hizkuntza-irakasleen eta hizkuntzalari aplikatuen artean, Karen Bennett-ek egindako estilo-liburuen berrikustapenak[1] agerian uzten duen bezala: autore batzuek funtsezkotzat jotzen dute egitura inpertsonalen erabilera ikerketa zientifikoen objektibotasuna eta inpartzialitatea islatzeko eta, beste autore batzuek aldiz, tinko egiten dute egitura pertsonalen erabileraren alde eta, bereziki, egitura aktiboen alde. Azken autoreok pasiboaren aurka mintzatzen dira, egitura hori zurrunegia, luzeegia eta anbiguoegia dela argudiatuta.

Erabilera erreala jomugan izan duten ikerlanetara jotzen badugu, hizpide ditugun auzien konplexutasunaz ohartuko gara berehala. Izan ere, corpusetan oinarritutako zenbait ikerketak[2] balio izan dute egiaztatzeko pasiboaren erabilera nabariki ugaria dela azalpenezko testu akademikoetan eta, bereziki, aldizkari akademikoetako artikuluetan. Egindako azterketen arabera, pasiboan jokatutako aditzak erabiltzen dira, besteak beste, erabilitako metodologia zientifikoa azaltzeko, aurkikuntzen berri emateko eta harreman logikoak adierazteko. Hala ere, corpusetan oinarritutako beste ikerketa batzuek agerian utzi dute jakintza-alor guztietako testu akademikoak ez direla berdinak. Adibide bat ematearren, hamar diziplina kontuan hartu dituen azterketa batek[3] erakutsi du giza eta gizarte-zientzietan pertsona-izenordain ugari erabiltzen direla, eta erabilera hori idazleek konfiantza, autoritatea eta sinesgarritasuna komunikatzeko erabiltzen duten funtsezko estrategia dela. Alor bereko testuetan egitura aktiboek eta pasiboek betetzen dituzten funtzio erretorikoak ere aztertu dira ikerlanen batean. Adibidez, astrofisikako aldizkarietako zenbait artikulu aztertu dituen ikerketa batek[4] egitura aktiboen eta pasiboen funtzio erretorikoak identifikatu ditu: forma aktiboak erabili dituzte testu horien egileek beren prozedura-hautuak eta beraiek egindako aurreko lanei erreferentzia egiteko eta, egitura pasiboak erabili dituzte, aldiz, prozedura estandarrei erreferentzia egiteko eta beste ikertzaile batzuen lanei erreferentzia egiteko. Azken batean, corpusetan oinarritutako azterketa diskurtsiboek agerian utzi dutena da ikerketa-testu eraginkor bat idazteko ez dela nahikoa egitura aktiboen eta pasiboen artean hautatzea, diskurtso-hautuen segida bat ebatzi behar dela horrelakoetan. Honela laburbiltzen du auzia Martín-ek (2003)[5]:

«In order to establish themselves as component and credible members of the discourse community, writers may choose to strongly make explicit their authorial presence in the text by taking full responsibility for their claims (mainly with the use of first person pronouns) or to use an impersonal style, which shows that they are, in Myer’s (1989:4) terms, ‘humble servants of the discipline’. These two opposing views often cause confusion both to novice English-speaking academics and learners of English as a second language, regarding which decision to adopt. What seems to be clear is that writers’s decisions are related to social practices of specific disciplinary community, and these rhetorical conventions may vary cross-culturally.»

Bibliografiatik egindako ibilbide azkar eta azaleko honetatik eraman zaituztet, irakurle prestuok, agerian uzten saiatzeko, guregana laguntza eske datozenei aholku eraginkorren bat emango badiegu, nahitaezkoa izango dugula ondo ezagutzea jomugan ditugun testu-generoetako diskurtsoen garapenaren zirrikituak, bai eta diziplina bakoitzeko diskurtso-komunitateen berariazko praktikak ere. Gainera, orain arte ingelesaren esparruan murgildurik ibili bagara ere, begi-bistakoa da hizkuntza desberdinen gramatika-sistemek ere eragina izango dutela praktika diskurtsibo horiek patroi linguistiko batzuetan edo beste batzuetan kristaltzeko orduan. Aditz-jokoen hautapenaren konplexutasun hori aintzat hartuta diseinatu dute, hain zuen ere, bukatzeko, eta ondorio xume batzuk atera aurretik, xeheki laburbilduko dudan ikerlana[6]. Hasteko, hizkuntza arteko eta diziplina arteko corpusa diseinatu eta osatu dute: medikuntzako eta matematikako aldizkari zientifikoetatik hartutako ingelesezko eta gaztelaniazko artikuluak bildu dituzte. Ondoren, kuantitatiboki eta kualitatiboki aztertu dituzte argigarriak izan zitezkeen zenbait patroi linguistiko: aditz-joko pasiboak (to be + partizipio burutua; se + aditza; ser + partizipio burutua) eta aditz-joko pertsonalak (lehen pertsonako izenordainak, –mos bukaeradun aditzak). Hauexek dira lau azpicorpusetan (E-Med, E-Math, S-Med, S-Math) oinarritutako ikerketa kontrastiboaren zenbait ondorio:

  • Aditz-joko pertsonalen eta inpertsonalen arteko hautua estuki lotuta dago diziplina motarekin eta egilearen helburu erretorikoekin.
  • Aditz-joko pertsonaletan pluraleko lehen pertsona gailentzen da (we, us, our, –mos bukaeradun aditzak, nuestro(s), nuestra(s)), artikuluen egile-kopurua edozein delarik ere: medikuntzako artikuluen egile kopuruaren batez bestekoa bostekoa da eta, matematikako artikuluen joera nagusia, aldiz, egile bakarrekoa da.
  • Medikuntzazko artikuluek gehienetan lan esperimentalak deskribatzen dituztelarik, egitura pasiboak gailentzen dira horrelakoetan, baliagarriak baitira prozedura zientifikoen deskripzioetan autorearen presentzia arintzeko.
  • Matematikazko testuen kasuan, aldiz, egitura pertsonalak gailentzen dira nabariki, diziplina hori abstraktuagoa eta logikan oinarrituagoa baita: egileek arrazonamendu-kate bihurrietan zehar gidatu behar dituzte irakurleak matematikako testuetan.
  • Joera horiek aztertutako hizkuntza bietan egiaztatu dituzte, baina ikuspuntu kuantitatibotik askoz ere nabarmenagoak dira ingelesez gaztelaniaz baino. Ikerlanaren egileek argudiatzen dute ‘se + aditza’ gaztelaniazko egitura, aditz aktiboa daramanez, malguagoa dela ingelesezko egitura pasiboa baino: gaztelaniazko matematika-testuetan ingelesezko aditz-joko pertsonalen (we have, we can) gaztelaniazko baliokideak zenbaitetan tenemos eta podemos dira baina, beste batzuetan, se tiene eta se puede erakoak.
  • E-Med azpicorpuseko aditz-joko pertsonalak iraganaldi bakunean ageri dira nagusiki (we calculated, we used, we included, we found), erabilitako prozedura zientifikoak, egindako hautu metodologikoak eta emaitzak deskribatzeko. Hala ere, orainaldi bakuna ere ageri da, bereziki, ondorioetan (we conclude that…). S-Med azpicorpusean, aldiz, orainaldi bakunean edo orainaldi burutuan ageri dira nagusiki aditz-joko pertsonalak (hallamos, hemos comprobado, consideramos, encontramos, creemos).
  • E-Med eta S-Med azpicorpusetan erabilitako aditz-joko inpertsonalak batez ere metodologia eta arrazonamendu zientifikoarekin zerikusia duten jarduera fisiko eta adimenezkoekin lotutako aditzak dira (associate, use, find, report, examine, diagnose, exlude, see, obtain, include, eta realizar, observar, encontrar, considerar, utilizar, asociar, incluir, poder, mostrar, recoger). Gehienetan iraganaldian erabiltzen dira, ikerketen prozedurak eta aurkikuntzak deskribatzeko: were diagnosed, were found, se realizó, se encontraron
  • E-Math azpicorpusean aditz-joko pertsonalak dira nagusi. Maiztasun handieneko aditzak dira harreman logikoak adierazten dituztenak eta komunikazioko eta pertzepzioko aditzak; bestalde, orainaldi bakunean erabiltzeko joera gailentzen da (we have, we obtain, we define…), irakurleari egilea garatzen doan prozesu abstraktua ulertzen laguntzea helburu duten esaldietan. Batzuetan orainaldi perfektua eta etorkizun bakuna ere erabiltzen dira (we have now established that, we shall prove…), bai eta aditz modalak ere, posibilitatea eta behar logikoa adierazteko (we can apply, we may assume…). S-Math azpicorpusean, aldiz, aditz-joko pertsonalek alde txikia dute inpertsonalekiko, eta orainaldi bakunean erabili ohi dira emaitzak eta inferentziak txertatzeko, orainaldi burutuan, adierazpenei hurbiltasuna emateko, eta etorkizunean, analisiaren hurrengo urratsak markatzeko (podemos obtener, hemos denotado, utilizaremos…). Baldintzazko adizkiak ere erabiltzen dira maiz posibilitate logikoa adierazteko (hallaríamos después a, b, c, d sustituyendo…, llegaríamos a un sencillo sistema lineal).
  • E-Math azpicorpusean askoz ere maiztasun txikiagoa dute egitura pasiboek. Matematika alorreko arrazonamenduarekin lotutako adimen-, existentzia- eta komunikazio-aditzak dira pasiboan ageri direnak, eta ohikoena da orainaldi bakunean jokatuta egotea (If G is given as…, The product sublaminations are abtained by…). S-Math azpicorpusean, aldiz, oso alde txikia dago ‘se + aditza’ aditz-joko inpertsonalen eta –mos bukaeradun aditz pertsonalen artean. Adimen- eta komunikazio-aditzak, eta orainaldia gailentzen dira: En este artículo se estudia un procesoSe dice que f es un automorfo libre si…).

Bereziki interesgarria deritzot artikuluaren bukaeran egiten duten gogoetari:

«We noticed a range of patterns that constitute a continuum from personal to impersonal. On the personal end of this cline are active forms with human subjects (we found no significant association; the researchers contacted 10 of these women), and on the impersonal end are passive forms with no determined agent (a fall in temperature is associates with a large increase in mortality; cramps were significantly associated with increasing age). In between lie a variety of structures that range from active sentences with metaphorical personification of the subject (these results show that), to passive structures with a non-human agent (surveillance is provided by community screening) or with the agent omitted because it can be easily deduced from the context (data were collected on a questionnaire).»

Eta euskarari begira zer? Euskararako ondorio zehatzak edota argibideak beste baterako utzi beharko ditugu, baina argibide horien bila lagundu gaitzaketen zenbait ondorio garrantzitsu atera daitezke egindako ibilbide (agian luzeegi) honetatik. Auziaren konplexutasuna ikusita, ihes egin dezagun aholku sinplista eta manikeoetatik. Guregana datozenei aholku eraginkorrak emango badizkiegu, lehen urratsa izan beharko da esku artean ditugun testu-generoetan dautzan diskurtsoen garapenaren zirrikituak ondo ezagutzea eta, bigarren urratsa, helburu erretoriko bakoitzari hobekien egokitzen zaizkion euskarazko patroi linguistikoak identifikatzea.

[1] BENNETT, K. (2009) “English academic style manuals: A Survey” Journal of English for Academic Purposes 8: 43-54

[2] BIBER, D; JOHANSSON, S.; LEECH, G.; CONRAD, S. eta FINEGAN, E. (1999) Longman Grammar of Spoken and Written English. Harllow: Pearson

[3] HYLAND, K. (2001) “Humble servants of the discipline? Self-mention in research articles” English for Specific Purposes 20 83): 207-226

[4] TARONE, E; DWYER, S.; GILLETTE, S eta ICKE, V (1998) “On the use of the passive and active voice in astrophysics journal papers: With extensions to other languages and other fields” English for Specific Purposes 17(1): 113-132

[5] MARTÍN, P. (2003) “Personal attribution in English and Spanish scientific texts” BELLS: Barcelona English Language and Literature Studies 12

[6] SALAZAR, D.; VENTURA, A. eta VERDAGUER, I. (2013) “A cross-disciplinary analysis of personal and impersonal features in English and Spanish scientific writing” In I. Verdaguer, N.J. Laso eta D. Salazar (ed.) Biomedical English: A corpus-based approach. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins Publishing Company.

2 Replies to “Aditz-joko inpertsonalak ala pertsonalak? Iraganaldia ala orainaldia?”

Utzi iruzkina