Denengan, denean

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Herritarrengan familiaren aldeko korrontea sumatu dugu». Brasta-brasta bota zuen esaldi hori kazetari batek lehengoan. Eta ezin hobeto etorri zait NORENGAN kasuak hartu duen abiada geldiezinaz berba egiteko.

Konturatuta zaudete gaur hitzetik hortzera darabilgun -gan hori oso-oso urri erabili izan dela orain 50 bat urtera arte? Oso urri, eta testuinguru eta aditz jakinekin. Sinistu, fedea izan, ustea izan, itxaron… eta noizbehinka bestetxoren bat: «zer ikusten duzu nigan?»,  «zugan dut aterpea», «harengan bizi da»…

Orain, barra-barra erabiltzen da, eta ez fede eta sinesmenaz lehen baino gehiago dihardugulako. Hiztunon esateko moduak eta ikuspegia aldatu egin dira. Hedabideetako hizkeran, izenen inguruan egituratzen dira esaldiak, hiru-lau aditz euskarri hartuta. Adibidez, «auzokoak beldurtu dira» esan beharrean, «beldurra sortu / piztu du auzokoengan». Edo «grebak mila pertsonari eragin die» barik, «grebak mila pertsonarengan izan du eragina[1]».

Horixe da joera, bai, eta eten barik doa aurrera, bidean gero eta gauza gehiago harrapatuz. Esaterako, ERAGINA IZAN + NORENGAN lotura automatikoa egiten dute hainbatek, bizidun zein bizigabeekin: Ez dakigu EPOak zein eragin duen minbiziarengan. Jakina da -gan bizigabeekin ere erabil daitekeela, pertsona edo pertsonifikazio ideia dagoenean. Gizartearengan bai, baina minbiziarengan?

Kontrara, bizidunak «gauzatzat» darabiltzagunean (esaterako, medikuntzaren ikuspegitik begiratuta), -etan erabili izan da tradizioan: Gaitz hau emakumeetan larriagoa da gizonetan baino. Azkenaldian, ostera, -engan hasi da zabaltzen testuinguruotan ere: Txerriengan hasi zen gripea.

Horrekin lotuta, ez dakit nire irudipena den, baina -gan entzuten dudanean barruragoko edo sakonagoko zeozer ulertzen dut. «Harengan eragina du» entzunda, haren barrua, haren izatea, haren sentimenduak ukitzen dituela ulertzen dut. Horregatik, bitxia egiten zait autobusen grebak mila erabiltzailerengan eragina izan duela entzutea. Erabiltzaileei eragin edo erasan egin diela esan beharrean.

NORIdun aditzen ildotik dator nire azken gogoeta. NORENGAN lekua jaten hasi zaio NORI kasuari ere: Auzo-herriengan erreparatzeko esan zien eskoziarrei. Datiboa erabili ez eta dena «norenganatzeko» joera hori edonon ikusten da: Zaleengan zapore gazia utzi du Euskaltelen agurrak.

Hizkuntza erraztu nahia ote dago joera honen atzean? Horixe da nire susmoa, berbaera automatizatura bideratzen ari garela, «traba» egiten duten NORIdun aditzak baztertuz eta izenetan oinarrituz. Horregatik esaten da mila bider gehiago «haurrengan irakurzaletasuna piztu» eta ez «haurrak irakurzaletu» (bai gaitza!), «haurrak irakurtzera zaletu» edo «haurrei irakurzaletasuna piztu».


[1] Foko aldatze hori nabarmena da emozioen berri emateko esaldietan. Horri buruzko txostentxo bat prestatu genuen ETBko kazetarientzat orain urte batzuk, eta erabili.com-en dago irakurgai.

4 Replies to “Denengan, denean”

  1. Oro har bat nator Iratxen esaten duenarekin. Ez ditut gogoko azalpen semantikoak (“barruragoko edo sakonagoko zeozer ulertzen dut”), hortik abiatuz gero ez baita modurik mugak non jarri behar diren jakiteko. Segur aski, faktore anitz nahasten dira kontu honetan: erdararen esateko moduen eragina, hizkuntza “ongi” erabiltzeko sartzen ditugun ultrazuzenketak, euskara bera “edertu” nahia (bi hizkuntza barrokoen artean bizi gara), hizkuntzak aldatzen direla…. Baina badirudi argi dagoela bizidunetan “-n artean” adierazi nahi dugunean (batez ere aukera egin nahi dugunean multzo horretan) ez dela bizidunen posposizio hori erabiltzeko inolako beharrik: “idazleetan ezagunena, ikasleetan hoberena” edo, “idazleen artean, ikasleen artean” aise egokiago ikusten ditut, eta erabiliago dira hiztunen artean, “idazleengan” edo “ikasleengan” baino. “Txerriengan hasi zen gripea” bereziki arrotza da. Hain zaila da “txerriekin hasi zen gripea” esatea?

    Atsegin dut

Utzi iruzkina