Duela bi mila urte…

Koro Garmendia Iartza

Itzulpenak ahalik eta ondoen egiten saiatu arren, tarteka, nahi gabe, akatsak egiten dira. Eta batzuk ez edonon. Itzulpen-okerrek eragina izan dezakete; adibidez, auzitegietan, presidenteen hitzaldietan, nazioarteko biltzarretan… Eta okerrak egiteko aukerak, tamalez, biderkatu egiten dira itzulpena aldi berekoa denean; hots, tarterik ez denean hiztegietan kontsulta egiteko, zalantzak buruan dantzan ibiltzeko, eta aukeretan onenaren alde egiteko. Seguruenera, interprete askok ‒guztiek?‒ izango dute halako kasuren bat gogoan.

Xehetasun batekin zabalduko dut kasuistikarako tartea. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldian, besteak beste Oliver Stone zuzendariak hartu zuen parte. Aretoan zen jendeari hitz guti batzuk zuzendu zizkion. Ingelesez. Aldi bereko itzulpena egiten ari zenak, baina, hanka sartu zuen esaldi batean. Stonek, Alexandro Handiari buruz egin zuen filmari buruz ari zela, «duela bi mila urte» gertatutako istorioa zela esan zuen (zehazki, two thousand years ago); itzultzaileak, berriz «duela berrehun urte» jazo zela.

Beti iruditu zait zaila, eta erantzukizun handikoa, interpreteen lana. Erantzukizunaren norainokoa, gainera, are handiagoa izango da xede duen ekitaldiak nolabaiteko oihartzuna duenean. Pentsa, adibidez, estatuburuen bilkuretan zer-nolako zama astuna izaten duten itzultzaileek bizkarrean. Kezkak ere, zer esanik ez…

Adibideak asko eta asko dira. Bat aipatuko dizuet. Nikita Khrustxev sobietar buruzagiak, 1956an Moskun hitzaldi bat ematen ari zela, komunismoa goraipatzen eta kapitalismoa gaitzesten, zera esan omen zuen: «Gustatu ala ez, lurperatzeko orduan bertan izango gara». Komunismoak kapitalismoak baino gehiago iraungo zuela adierazi nahi zuen horrela. Kontua da itzultzaileak beste modu batera eman zuela esaldia: «Lurperatu egingo ditugu». Mehatxu-kutsua zuen mezu horrek…

Utzi iruzkina