Langilea hil da Euskadi Irratian

Alfontso Mujika Etxeberria

Harrapatua nauka, aitor dut. Gizakia ohitura-animalia izaki, ez da harritzekoa. Oso maiz, ia egunero, gauza bera egiten duzunean, urteen poderioz, mendetasuna sortzen da. Halaxe gertatzen zait niri Euskadi Irratiarekin. Anje Duhaldek kantatzen zuen bezala, «Goizero, goizero, jaiki orduko»… Euskadi Irratia pizten dut, eta, etxetik irten arte, hantxe izaten ditut, sukaldean, kontu-kontari, nire belarriak orain gozatzen, orain larritzen, Euskadi Irratiko berri-emaileak.

Esatari bikainak eta hiztun trebe askoak dira gehien-gehienak, ahots ederrekoak, eta urteek ematen duten eskarmentua dute.

Horregatik, harritu egiten naiz —eta behin ere ez ohitu—, urtea joan eta urtea etorri, Euskadi Irratian honelakoak entzuten ditudanean titularretan:

Bizkaian, gizonezkoa hil da lan-istripuan

Beasaingo langilea hil da lan-istripuan

Zoritxarrez, iraila benetan beltza izan da lan-istripuei dagokienez, eta behin baino gehiagotan txunditu naute era horretako titularrek.

Ziur naiz Euskadi Irratiko esatariak irakurtzen ari direla hori mikrofonoratzen dutenean, ez baitago inor horrela hitz egiten duenik (badaezpada, esan dezadan ez dudala inor ezagutzen mundu errealean horrela hitz egiten duenik). Klixe moduko zerbait da, ia esamolde bihurtua, eta horrexek ematen dit atentzioa, Euskadi Irratiko kazetari prestuek hori irentsi izanak, normaltzat hartze hori zait ulertezin.

Titular batean, dena da berria, informazio guztia da berria. Nolabait esateko, titularrak, beti, «Zer gertatu da?» galderari erantzuten dio. Beasaingo langilea hil da lan-istripuan esaten duenak entzulearen lekuan jarri behar luke, eta pentsatu hori entzuten duenak ulertu behar duela Beasainen langile bakarra bizi zela eta huraxe hil dela, edo, bestela, nonbait bazela langile bat Beasaingoa zena, guztiok ezagutzen genuena, eta huraxe hil dela. Jakina, interpretazio horiek, biak, absurduak dira (Bide batez, «langilea» bezain harrigarria da «Beasaingo» hori. Izan ere, lan-istripuan hil zen langilea ez zen Beasaingoa, gero egiaztatu nuenez, baina istripua Beasaingo enpresa batean izan zen. Alegia, Beasainen, langile bat hil da… behar lukeena Beasaingo langilea hil da… bihurtzea larria da, gero!)

Inoiz pentsatu dut hi ergela haiz behar lukeen tokian hi ergel bat haiz gisako kalko gaiztoak zuzendu nahian garai batean abiatu zen bat-en aurkako gurutzadaren bala galduren bat izan zitekeela arrazoia, baina kosta egiten zait hori sinestea, batez ere arazoa titularretara mugatua ikusten dudalako.

Beraz, Beasaingo langilea hil da lan-istripuan aldrebeskeriaren arrazoia beste nonbait izan zitekeela eta, talaian egon naiz, zer aurkituko.

Eta bururatu zait ez ote den erdal titularren kalko oker bat; alegia, ez ote den asmo onez efektu telegrafiko bat bilatu nahian egindako zerbait. Gaztelaniaz, badira nombres escuetos edo, zehatzago, grupos nominales escuetos direlakoak, hau da, ezkerrean determinatzailerik (el, adibidez) edo zenbatzailerik (un, adibidez) ez duten izen-sintagmak (Tengo coche), murriztapen sintaktiko larriak dituztenak (*Tengo coche en el garaje). Murriztapen horietako bat, nagusietakoa, zera da, subjektua izanik aditzaren aurrean agertzea (*Turistas llegaron a la ciudad). Hala ere, onargarria da albisteen buruetan, labur beharrez erabiltzen denean («cuando toda la información que trasmite la oración es remática», RAEk dioenez, hau da, esaldiak «Zer gertatu da?» galderari erantzuten diotenean, nolabait esateko):

Alcalde desobedece una sentencia

Ministro implicado en fraude

Pánico causa falsa alarma de maremoto

Alcalde sorprendido por ´linchamiento´ por palabras sobre detenida en Huelva

Horrelakoak ikusten dira, tarteka, Espainiako prentsan, baina ez ugari; erabiliagoak dira Hego Amerikako gaztelanian.

Hori da, beraz, nire burutazioa: ez ote den efektu hori gurera itsuan kalkatu nahia euskarazko izenburu harrigarri horien eragilea.

Euskadi Irratian sufritzen ditut nik holakoak, baina, badaezpada, bila ibili naiz sarean ea idatzizkoan ere antzekorik ba ote den. Batzuk aurkitu ditut, baina oso gutxi, oso bakan:

Langilea hil da Beasaingo Arcelor enpresan, lan istripuan

Obra bateko langilea hil da Donostian

33 urteko langilea hil da Zigan

20 urteko Basauriko gaztea hil da auto istripuan, Galdakaon

«Goizero, goizero, jaiki orduko» jarraitzen dut Euskadi Irratia pizten, istripuan hildako langilerik izango ez den itxaropena galdu gabe.

8 Replies to “Langilea hil da Euskadi Irratian”

  1. Oso ulegarria iruditzen zait zure kezka, Alfontso. Eta, zure artikuluak horretarako bidea ematen didanez, Euskadi Irratian zabaldutako beste ohitura nire ustez arraro batzuk aipatu nahi ditut –ez dira asko, zorionez–, ea norbaitek badakien zuzenak diren; eta, okerrak baldin badira, nondik datozen:

    “gaur goizean” esan ordez, “goizak gaur” esatea.
    “Jaurlaritzak jakinarazi duenez” esan ordez, “Jaurlaritzak berri eman duenez” esatea.
    “astakeriatzat jo du” esan ordez, “astakeria jo du” esatea.
    “Azpeitiko” esan ordez, “Azpeitiako” esatea.
    “egun osoko” esan ordez, “egunbeteko” esatea.
    “baino” esan ordez, “baina” esatea.

    Atsegin dut

  2. Kaixo, Juan Luis:
    Hire idazkiak irakurri ondoren, hika egingo diat, ezta?
    Garbi zagok hik aipatu dituan gehienak ez direla zuzenak. Haietan ez zagok eztabaidarik. Hire zerrendako biri bakarrik heldu zieat, tiraka, zerbait ateratzeko.
    “egun beteko” (edo “egunbeteko”) ez diat nik txartzat jotzen, maiztasunari dagokionez askoz gutxiago erabiltzen bada ere. OEHn bertan, sarrera duk:
    egunbete. Un día, tiempo de un día. Gizon zindoa aldiak bakarrik baitarakus, gizatxarra, berriz, egun betean dazagukezu. Zait Sof 74.
    – Arratsean pozik beti izango zera, egunbetea onaurkiz erabilli baneza. Ol Imit I 25, 11
    – Urte bi ta erdi igaro dozuz / gaixo txar batek minduta, / egun beteko atseden barik, / gorputza miñez aulduta. BEnb NereA 80
    – Egun beteko iardukizunean Perikel-ek eta Protagora-k ontan iraun omen zuten. Zait Plat 120.

    OEHtik kanpo ere bai:
    Aita Zabalak, Txirritari buruzko liburuan:
    – Garai artan, bi pezta gizon larri baten egun beteko jornala izaten omen zan.

    Eta Ereduko prosan ere bai:
    Iñigo Aranbarri: Suhiltzaile, udaltzain eta ertzainek egun beteko lana izan zuten sortu ziren arazoei aurre egin, eta balizko arazoak saihesteko.
    Patxi Zubizarreta: Semea Marsauanekin egun beteko ehizaldira joan zenetik, ez zuen haren berri gehiagorik izan…
    Xabier Mendiguren Elizegi: Ez nuen izenik buruan hartu, ez apuntatu (liburu honen asmoa bertan behera utzia edo ahaztua), baina gogoan dut egun beteko greba egin zutela biharamunean obrako beste langileek….
    (…)

    Eta “goizak gaur” ere ez nikek txartzat joko, baliabide estilistikotzat-edo har litekek, nik uste. Azken batean, hor aditz-elipsi bat dagoela uler genezakek: “goizak gaur zer ekarri” edo “goizak gaur ekarritako berriak”. Goiz ergatibodunak ez dituk arraroak literaturan (Edorta Jimenez: Gure karraka muilaturik zegoeneko ibaiaren zabala erakutsi zigun goizak, eta hantxe ahaztu nuen goizaldekoa… Goizak ez zuen bere erdia eginda Joanesek berri ona ekarri zuenerako. / Andu Lertxundi: Goizak, ordea, ez du trenpeotarako ematen…Bitxia da goiza eta bitxia goizak dakarkidana). Alegia, izenburu gisa ez zioat arazorik ikusten, baina “gaur goizean”en ordez ez diat uste nonahi eta noiznahi erabil daitekeenik.

    Atsegin dut

  3. Eskerrik asko emandako argitasunengatik. Alfontso. Ez diat uste “egun bete” erabiltzen hasiko naizenik, ez zaiadalako aterako; hain gutxi “goizak gaur”. Baina tira, azalpenak arrazoizkoak dituk, dudarik gabe. Gainerakoei buruz, ba horixe, hortxe daudela, inork erreparatu nahi badie.

    Atsegin dut

  4. Ohiturak aldatzea zaila da. Are zailagoa, ohitura horiek Pleistozenoan 🙂 barneratuak badira —Euskadi Irratiko lankide baten hitz adierazkorrak—, itzal handiko euskaralari batek irakatsita. «Esaldi batean –a jar badaiteke, jarri –a» leloa errapikatzen zuen hark Euskadi Irratiko kazetariei ematen zizkien prestakuntza-saioetan, eta, apurka-apurka, EIko testuetan bat galtzen joan zen.

    Atzetik etorri garenok behin baino gehiagotan ohartarazi ditugu kazetariak erabilera berezi honetaz. Ariketak ere jarri dizkiegu, eta etxerako lanak agindu: Salba dezagun «bat» irakurtzea, eta abar.

    Oraingoz, erabilera berezi honek lehengoan dirau, eta nik, fenomenoa hobeto ulertzen lagun dezakeelakoan, hiru ohar ekarri nahi nituzke hona.

    Juan Garziaren arabera, zenbat eta mendebalerago, orduan eta –a mugatzailearen alde egiten zaleagoak dira hizkerak, testuinguru jakin batzuetan, bat-en kalterako. EIn, ordea, euskararen eremuko erdialdekoak dira esatari gehienak. Erabilera berezi hau, gainera, nonahi aurki daiteke, ETBn bertan ere bai.
    Testuingurua dela eta, ez nuke esango titularretan erabiltzen denik, aurkezpenetan baizik. Beharbada, bereizten zailak dira testuinguru biak, baina titular kontzeptutik harago doan azalpenen bat behar genuke Beasaingo istripuaren berri eman zen albistegi berean entzun zen beste esaldi honetarako eta beraren modukoetarako: «Ordu honetan, doluari, tristurari eta haserreari erreparatuko diegu, Beasaingo Estanda galdategian 58 urteko langile tolosarra hil baitzen makina batek harrapatuta».
    Nolanahi ere den, beharbada, gogoeta gutxi egin da (honelako plazetan; ez, noski, foro pribatuetan) titularren hizkuntza-ezaugarriei buruz.

    Atsegin dut

  5. “Goizak gaur” dela eta: uste dut albistegi baten izenburua dela, ezta? Nik ere, Alfontsok esan duen bezala, uste dut egokia dela izenbururako, “Goizak gaur zer ekarri digun” edo halako zerbait (eta hala pentsatua dagoela uste izan dut beti), baina Juan Luisen ezinegon bera sentitzen dut esaldi batean honela josita entzutean (azkena joan den ostiralean izan zen, seguru nago): “Hau eta hau pasatu da goizak gaur”.

    Atsegin dut

  6. Euskadi Irratiko programa bat da “goizak gaur”.
    http://www.eitb.com/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/goizak-gaur/
    Horrenbeste erabiltzearen arrazoia, edota errrua, audientzia datuak dute. Alegia, horrelako neurketaren bat gertu dutela dakitenean, kazetariek entzuleen artean ezagunagoa egin eta estatistika datu hobea lortzearren, behin eta berriro errepikatzen ei dute programaren izena.

    Halaxe aitortu zigun bertako esatari batek, duzuen zalantza bera komentatu genionean!

    Atsegin dut

  7. “Jaurlaritzak berri eman duenez” ez dakit egoki ala desegoki den, baina “Jaurlaritzak berritu duenez” zeharo jatorra litzateke. Gipuzkoako Gaztelun, “berritu” ingelesezko “to report” adiera berberaz erabiltzen da, “Martinek berritu zidan atzo”, esan ohi da, berria Martinek jakin arazitakoa dela adierazteko. Gaztelerazko kalko-usainik batere ez duenez, “berritu=to report” hori adiera jatortzat jo izan dut beti, arestian eztabaida-hari honen harian, Orotariko Hiztegian horrelakorik jasorik ez dagoela ikusi berri dudan arren.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina