Gaur goizean

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Gaur goizean, ospitalera joan naiz, taxian. Gidaria erdalduna zen, gehienak diren bezala ni bizi naizen hirian, baina karteltxo bat zeukan euskaraz eta erdaraz: Gerrikoa, mesedez / Cinturón, por favor. Ni bezalako batentzat, ezinezkoa da euskalduntasun lasaia izatea: euskalgintzan gabiltzanok badakigu gure lanean uhala erabili behar dugula, eta, besteak beste, hitz hori ikusten dugu noizbait errepideetan jartzen dituzten ohar-panel argitsuetan. Noski, ni ere makurtu naiz noizbait uhala idaztera, nahiz eta semeari beti esaten diodan gerrikoa lotu behar duela autoan. Eta batzuetan pentsatzen dut ea euskaraz ere zergatik ezin dugun gerriko hitza kontzientzia txarrik gabe erabili, ingelesez belt, frantsesez ceinture edo italieraz cintura erabiltzen duten bezala. Eta askotan bizi behar izaten dugula kontraesan deseroso horrekin. Egingo nizuekeen galdera hauxe da: zer euskara mota transmititu behar diegu etxean gure seme-alabei: ahoz erabiltzen duguna ala idatziz erabili behar (-edo)  duguna?

Baina, itzul nadin kontakizunera. Ospitalera, alegia; bada, han nagoela, informazio-mahaian, hara non ikusten dudan, Osakidetzaren errotulu bati esker, administrari euskaldun batekin hitz egin dezakedala euskaraz, nahi badut. Eta euskaraz esan dit hark zenbaki bat hartu behar dudala txanda banatzen duen makinan. Zenbakia hartu eta gero, itxaronaldian, ingurura begiratu eta ospitaleko kartel gehienak euskaraz eta erdaraz daudela ikusi dut; janari eda edari makinetan ere, jarraibideak eta produktuak elebietan ikusi ditut. Administrari batekin euskaraz egin dezaket eta kafesne azukreduna aukeratu. Hogeita hamar urteko hizkuntza normalizazioa nabari da, alajaina!

Nire txanda iritsi bitartean, irakurtzen hasi naiz nire irakurgailuan. Euskarazko liburu elektroniko bat. Itzulpena. Jatorrizko bertsioan 12 euro eta zentimo batzuk balio ditu; katalanez, zentimo bat gutxiago! Alemanieraz, oso merke (ai, Merkel!): 5,24 € besterik ez. Italieraz 9,99 €. Galizieraz 10,51. Frantsesek, ordea, garestiago ordaindu behar dute (15,99 €), elas! Baina, asmatu zer hizkuntzatan den garestiena! Bai, noski, euskaraz: 18,50 €. Gure ahalbideen gainetik bizi behar guk beti! Poltsikoen normalizazioa lortuko ote dugu inoiz?

Tira, pazientzia: pazienteen harrera egiten duten mahaian ere langile euskalduna nabarmentzen duen beste txartel bat ikusi baitut. Zoritxarrez, txanda tokatzen zaidanean ezin dut berarekin hitz egin, pantailan nire zenbakia piztu denean, administrari erdaldun batengana bidali nauelako, ordea. Osakidetzak ez du aurreikusi harreralekuan hizkuntza aukeratzeko modurik. Horrek gogoratzen dit, Osakidetzarekin jarraituz, nire betiko mediku erdaldunari agur esan eta euskalduna hautatu nahi izan nuela orain dela gutxi, osasun erakundeak pertsonal euskalduna nabarmentzeko jarritako txartelei esker –horiei esker bakarrik– jakin ahal izan nuelako horretarako aukera bazegoela nire osasun zentroan. Baina, zoritxarrez, bertako mediku euskaldunaren paziente kupoa beteta zegoen, eta hutsunerik ez den artean ezingo dut aldatu. Osakidetzak, noski, ez du aurreikusi inolako itxarote-zerrendarik mediku euskaldun batengana aldatu nahi duten erabiltzaileentzat, eta, beraz, buruak ematen didanean, berriro joan beharko dut galdetzera ea kupoan leku librerik badagoen. Trukean, pediatra euskalduna bai hautatu ahal izan dut. Ai, normalizaioa!

Normalagoa, ordea, zain dauden pazienteen artean euskara baino arabiera entzutea da normalagoa. Kaleetan ere, antzera. Semearen bila ikastolara noanean, D ereduko ume guztiak erdaraz ari dira txor-txor; txikitxoenak bakarrik euskaraz, banaka batzuk besterik ez. Hogeita hamar urteko normalizazioa.

5 Replies to “Gaur goizean”

  1. “Uhal/gerriko” kontu hori dela eta, argibide txiki bat:

    Nire ideolektoan, Mendebaldeko berbetetan sartalde-sortaldekoa ez den honetan, prakak lotzekoa “ugela” da, eta berdin erlojuarena (“korreia” ere bai). Oro har, larruzkoak denak.

    “Gerrikoak”, berriz, gerri-bueltako oihalezko horiek, “paxak”-edo.

    Autokoa, ez egin barre, “zintturoie” beti.

    Atsegin dut

  2. Ondo da, baina adibidea baino ez zen, eta niretzat garrantzi gehiago du egiten nuen galdera: alegia, euskararen mundua deitzen den horretan gabiltzan eta baita lan egiten dugunok zein euskara eredu transmititzen diogun hurrengo belaunaldiari; ea kontraesanik ba ote dugun hor.

    Atsegin dut

  3. Oso galdera interesgarria. Euskara irakaslea naiz eta askotan egiten dut topo zalantza horrekin, batez ere hasierako urratsetan. Esaterako, janarien hiztegia lantzen dugunean, zer irakatsi behar diet: zerba, ziazerba, azpizun? edo azelga, espinaka eta solomilloa? Nik, sarritan, bi modu daudela aipatzen diet: bat informalagoa, “kalekoa”-edo, eta hor (azelga, espinaka eta motxila…) erabiltzen dugula, eta beste bat formalagoa, edo estandarragoa: zerba, ziazerba, bizkar-zorroa…). Jakina, horrek lan bikoitza suposatzen du, eta ikasleen harridura-aurpegia, baina ez dut beste modurik ikusten. Azken finean, egoera eskizofreniko samarrean bizitzen nahiko ohituta gaude, ezta?

    Atsegin dut

    1. Bitasun hori gertatzen da, Nerea, baina ez, ordea, uste dugun guztietan. Aipatu dituzun adibideetan –konparazio baterako–, “espinaka” eta “motxila” Hiztegi Batuan daude.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina