Begietan ehoki

Iñaki Iñurrieta Labaien

Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzultzeko asmotan omen dabiltza hango hiru lagun, hizkuntzalari eta itzultzaileak hirurak, berriki Etxepare Institutuaren bitartez jakin dudanez.

Nola hartuko ote dituzte irakurle japoniarrek XVI. mendeko apaiz euskaldun haren poema amodiozkoak? Euskarak ematen dizkion berezitasunak ezkutaturik, sumatuko al diote ezer Mendebaldeko beste hizkuntzetan garai haietan egiten zen poesiatik bereizten duenik? Ziur asko, halako distantziatik, Europako tradizioaren molde nagusietan berdindurik ikusiko dute Etxepare.

Hori baino lehen, itzulpengintzara bertara joz: nola konponduko ote dituzte hiru adituok zeregin horretan sortuko zaizkien arazoak? Demagun bertso hau:

Amore bat onhetsi dut guziz soberatuki
Ene arima eta bihoza iosi dira hareki
Haren irudi ederrori begietan ehoki
Hartzaz orhit nadinian bihoza doat ebaki.

Nola itzuliko dute «Amorosen partitzia» izeneko poeman datorren begietan ehoki hori? Ez dute lantegi erraza. Hasteko, hemen ere ez gatoz bat hitzon esanahiaz. Irudi horren hiru interpretazio behintzat badira gure artean: Mitxelenarena, Lafonena eta Azkuerena. Honela dio Patxi Altunak LVPren edizio kritikoan: «Lafon eta Mitxelena ez dira iritzi bereko hitz honezaz (ehokiz); Lafonek egoki-ren aldaera dela (…), Mitxelenak nekez daitekeela eta eho-tik sorturikoa dela; hots, ekarki, izaki eta bezala, gerundio gisakoa. Azkuek biak baino lehenago partizipiotzat jo zuen, eduki-ren pareko edo»[1].

Bide horretatik itzultzen du Lafonek «sa belle image est sans cesse dans mes yeux»[2] (eta haren ildotik ematen du Lino Akesolok gaztelaniaz «fija está en mis ojos su hermosa figura»).

Mitxelena hizkuntzalari zorrotz, kopla gutxi ametitzen zituen hari hizkuntza-irudimenak iradoki zion, kasu horretan, beste bien irudimenean sartzen ez zen irudia. Poesia-irakurle hobea zelako, apika? Begietan eta ehoki hitzek osatzen duten binomioa poetikoki posible zela onartzen zuelako; beste biek ez bide zuten sumatu halakorik, edo beharbada ez zuten uste posible zenik euskaraz eta XVI. mendean, modernoegia zelako-edo.

Mitxelenarena da, noski, poetikoki ederrena, baina ez dut oso gogoko haren interpretazioari men egiten dion beste itzulpen hau, «esa su bella imagen, molienda en mis ojos»[3]. Molienda hori gizenez betea iruditzen zait ehokiren fintasunaren ordain gisa. Horrez gainera, badut beste arrazoi bat: eho aditzak bi esanahi desberdin ditu, eta itzulpen horretan bietako bat aukeratzen da —eta beraz, bestea baztertzen—. Baina Mitxelenak ez zuen argitu, nik dakidala, bietako zein egozten zion kasu horretan Etxepareri. Hona bi esanahiok (Orotarikoari jarraitzen natzaio):

1) Birrindu, xehatu; kafea, garia, artoa, eho egiten dira («Ezin dau eio (eho) ez garirik, ez artorik ez ezer», Otxolua), eta, adiera figuratuan, baita ere bihotza («Nemesiori bihotza eho zioten», Haranburu) edo oroitzapenak («Ez zuen errotarriak eho haren oroitzapena», Mitxelena).

2) Jo, ehundu: zapiak eta ehunak ere eho egiten dira, hariz egiten dira («Nekatuten dira () ezertarako ez dan euna eijoten (ehotzen)», eta, bide horretatik, baita edermena edo lilura ere («Edermena ez degu guziok margo bereko ariez eioa», Lizardi; «Haurtzaroak eio zuen liluraren sare argala», Mitxelena).

Lehenaren arabera, Etxepareren maitalea emakumeari begira jarri da, haren irudi ederra sorik so begietan xehatu eta birrindu arte.

Bigarrenaren arabera, berriz, alderantzizkoa litzateke prozesua: irudiari begira, haren irudia ehunduz joango litzateke, eratuz, osatuz…

Posible ote da bi adierak batzen dituen erabilerarik? Poesian bai, apika. Bi faseko prozesu bat balitz bezala: lehenik desegin arte mamurtzen dut irudia, nola mamurtzen eta murtxikatzen dudan ogi-pusketa bat, eta ondoren, neure eginik eraikitzen dut sentimenaren begietan…

Dena den, hor bada beste kontu interesgarri bat: tradizioarena. Mitxelenak erakusten digu tradizioa aurkitu egin behar dela, aurkitu egin daitekeela; eta aurkitu eta sortu aditzak elkarren ondoan ibil daitezkeela tradizio-kontuetan. Tradizioko hainbat ale hor daude, in potentia, guk argitara noiz aterako, noiz baliatuko zain.

Mitxelenak arrazoi duen ala ez, berdin dio: interpretazio zoragarria iradoki zigun. Ez dakit gaur egungo poetek erabili izan duten, baina hor dago nahi duenarentzat, tradizioan sarturik dagoeneko, bidea egiten hasteko moduan, halakorik erabakitzen badugu.

Horrelako perlak egingo zaizkie apika harrigarri japoniarrei.


[1] Bernard Etxepare, Linguae Vasconum Primitiae (Edizio kritikoa), Patxi Altunak paratua, Bilbo, Mensajero, 1980.

[2] Olerkiak, Bernat Dechepare, Lino Akesolok apailatua, Donostia, Txertoa, 1978.

[3] Koldo Mitxelena entre nosotros, Alberdania, 2001. Liburuaren apailatzaileen itzulpen hori dator oin-ohar batean.

Utzi iruzkina