Berbak eremuka itzultzea: Musika aldarteak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Kanta bat deskribatu nahi dugunean, hainbat bidetatik jo dezakegu. Frank Sinatraren klasiko hau entzun, eta esan dezakegu balada bat dela, swing eta jazz ukitukoa. Eta horri gehitu diezazkiokegu sortzen dizkigun emozioak ere: atsegina, amultsua, erromantikoa, kitzikagarria, dotorea… Edo musikari eta hitzei dagozkien ezaugarri teknikoagoak.

Ingelesez, musikaz diharduten irrati eta webguneetan, nahiko finkatuta daude kantak deskribatzeko aldarteak. Allmusic atarian, esaterako, zerrenda luzea darabilte kanten eta diskoen gaineko informazioa emateko.

Gure irrati esatariek horren beharrizana bazutela jakitun, EITBko Euskara Zerbitzuan lanean ekin genion. Oinarria, ingeleseko 285 berba. Asko eta asko, sinonimoak. Edo eremu semantiko berekoak. Gehienak, adjektiboak.

Hitz hutsak ez ezik, musika bera ere bageneukan, kontzeptu bakoitzarekin zer adierazi behar zen zehazteko. Baina berehala konturatu ginen, kontzeptuak apur bat antolatu ezean, galduta geundela. Alde batetik, ezinezkoa zen ingeleseko zerrendako berba guztietarako oso-osoko sinonimoak topatzea. Eta bestetik, euskarazko ordain askok ingeleseko hainbat kontzeptutarako balio zuten. Beraz, berbak banaka barik multzoka aurkeztea pentsatu genuen.

Hiru multzo handitan sartu ditugu: aldarte positibokoak (alaia, lasaia, delikatua…), aldarte negatibokoak (iluna, zaila, lehorra…) eta bestelako ikuspegia dutenak (erritmoa, soinua, asmoa eta mezua). Eta multzo handi bakoitzaren barruan, poltsa txikitxoagoetan batu ditugu hurreko esangurakoak. Zerrenda osoa hementxe duzue ikusgai.

Ingelesetik euskarara ekartze horretan, hiru arazo nagusi topatu ditugu:

  1. Ingeleseko ugaritasun horretarako behar adina ordain ez dago hiztegietan. Kasurako, ingelesez perky, jolly, animated, cheerful, joyous, sunny, merry eta gleeful eduki, eta euskarazko ordainetan alaia, animatua eta bizia baino ez jasotzea.
  2. Kasu askotan, euskarazko hitza beste sinonimo batekin «hartuta» geneukan, eta eskura genituen bitartekoekin bete ditugu hutsuneak, erabateko sinonimoak izan ez arren. Esaterako: eztia / gentle; goxoa / warm; sosegatua / mellow; lasaia / calm; leuna / smooth.
  3. Zerrendako hitz guztiak euskaraz adjektibo bidez ematea ezinezkoa zen. Zelan konpondu arazoa? Aditz batzuk adjektibo bihurtu ditugu: urratua / heartbreak; atsekabetua / regretful… Beste hainbatetan, aditz edo izenari –(z)ko erantsita eraiki ditugu izenlagunak: pentsatzekoa / pensive; garaipenezkoa / triumphant; gomutazkoa / wistful; haur-ukitukoa / child-like; astindu handikoa / shacking; adore ematekoa / encouraging… Eta lotsa barik mailegatu ditugu baten batzuk: kapritxosoa, errebeldea, fluitua

Banaka beharbada ez, baina multzoka bederen bete egin ditugu eremu guztiak, eta irrati esatariek eskertu egin dute eskura eman diegun tresna. Eta guk geuk ere, buruhausteak buruhauste, jolas polita daukagu harrezkero entzuten ditugun kantak sailkatzen.