Alabaina, norbait dago agian heldu dena

Juan Garzia Garmendia

Euskararen estandarizazio eta guzti, bada oztopo bat baino gehiago, zenbait alorretan, batasuna ez bada ahalik eta bateratasun handiena bederen lortzeko. Izan ere, ez dugu oraindik euskal irakurle guztientzat neutro, euskalkiz markatu gabe gertatuko den prosa-eredurik, eta ez dakit zenbateraino hurbil gaitezkeen horretara. Ez, inondik inora ere, esapide guztietan, baina bai oinarrizko egitura ahalik eta gehienetan.

Bertsogintzan bezalatsu, gipuzkeraren inguruan dabil estandarra, de facto, eta bizkaieraren edo nafarreraren koloreaz janzten da idazlearen arabera. Iparraldeko euskalkien ildoko batuaren erregistroak markatuago sentitzen dituzte irakurle gehienek, edo, okerrenean, exotiko. Jakina, hegoaldekoen ikuspegitik ari naiz, baina berdintsua da arazoa iparraldean, alderantzizko noranzkoan.

Zalantzarik gabe, etengabe gertatzen ari da hurbiltze bat euskalki bakoitzetik datozen prosen artean, eta pentsatzekoa da hala jarraituko duela prozesu horrek, euskalki bizien bilakabidea gorabehera, euskal prosa estandarizatu(ago) baten bidean. Horrek, jakina, era askotako oztopoak ditu, eta oztopoetariko batzuk, garrantzitsuenak diren ez dakit baina, hizkeren beren dibergentzia objektiboak dira. Eta dibergentziok areagotzeko arriskua ere badugu.

Hasteko, joskeraz, bi eredu bateragaitz ditugu, esaldiaren antolaerari dagokionez, Iparraldean eta Hegoaldean. Badira beste adibide nabarmen asko, baina argienetariko bat da aditza galdegaitzat markatzeko egin dontsuarena. Kasu horretan, gainera, ez dira Iparraldeko hizkerak bakarrik halakorik ez darabiltenak, goi-nafarrerak ere bat egiten baitu haiekin horretan. Ekialdean, bada, eginik gabe adierazten dira halakoak: Erori [egin] da. Mendebaldean, berriz, gero eta halako egin gehiago erabiltzen da, senaren eta zentzuaren kontra askotan.

Iruditzen zait, bada, kontuan hartu behar genituzkeela, ahal den neurrian, halako euskalki-dibergentziak euskara estandarrean idatzi nahi dugunean. Kasu horretan, geure hizkeran egin hori darabilgunok erabilera horren gehiegikeriari bederen kontra eginez. Bestela, lehenaz gainera urrunduko ditugu batu behar genituenak. Errazena aipatzearren, kontuan hartu behar genuke ez dela zuzena halako galdegai-jokoak erabiltzea mendeko perpaus gehienetan: *Ikasi egiten dituen gauzak ahaztu egiten ditu. > Ikasten dituen gauzak ahaztu egiten ditu.

Beste dibergentzia bat, erraz saihestekoa: heldu da (iritsi da ala badator?).

Esan dut adibidetxo batzuk baino ez direla horiek. Jarrera orokorra behar genuke, eta bateragarri behar luke horrek hizkera bakoitzaren aberastasunak prosa oro har estandarizatu horretan integratzearekin (bait- aurrizkiaren estandarizazioa dugu horren adibide ederra). Alegia, norberaren hizkeran sakontzeaz batera, besteena ezagutu eta kontuan hartzea litzatekeela bide egokia. Horretan ahalegintzea, behintzat: indar zentripetoak bultzatzen.

Joskerari dagokiona zen adibidea, baina lexikoan ere bada halakorik. Ezaguna da ardura (kezka/maiz), samurtu (bigundu/erraztu/haserretu),  behar (premia/lan), sarri (askotan/laster) eta beste hainbat hitzek euskalkiaren arabera duten esanahi desberdina, eta zaila dirudi horretan batasuna: esanahietariko bat euskalki-adiera markatutzat geratuko da, ezinbestean, estandarrarekiko.

Beste kasu batzuk berriz, presentzia handiagoa dute, testu-antolatzaile izanik behin eta berriro agertzen baitira prosan. Ondo dakit gehiegi eskatzea dela xehe-xehe eta zorrotz-zorrotz zaintzea halako euskalki-dibergentzia guztiak beti, baina, jarrera modura bederen, ondo letorkiguke. Kasuren batean, Mendebaldeko erregistroan integratu dugu  Ekialdeko (edo Iparraldeko) moldea, baina kontuan hartu gabe bestelako esanahia izan dezakeela: alabaina (“izan ere” balioa izan dezake berez), agian (“oxala” zentzua izan dezake)…

Bi hitz horiek oso modan daude gaur egungo prosan, baina ez litzateke lan handia sinonimo ez-nahasgarriak lehenestea, ugariak baitira kasu bietan: hala ere, haatik, halaz guztiz, nolanahi ere, dena dela… / beharbada, ausaz, menturaz, apika…

Are garrantzi handiagoa du, nik uste, beste kasu batek, esaldi mota oinarrizko bati baitagokio. Existentzia-predikatu delakoaz ari naiz. Izan ere, askok izango dituzue gogoan “salda dago” errotuluaren inguruko eztabaida beroak. Alde batera, errotuluetako hizkeraren berezitasunak daude tartean hor, baina arazoa, dibergentzia, orokorragoa da.

Baietza da galdegai halakoetan, izatez: Existitzen da (BAI) halako etxe bat. Horretaraino, hizkera guztiak ados. Adizki trinkoz ematean, hala ere, honako aldaerak ditugu ekialdetik mendebaldera:

Bada (han) etxe dotore bat.
Badago (han) etxe dotore bat.
Etxe dotore bat zegoen (han).

Azken molde horrek erabat bestelakotzen du joskera, galdegaia aldaturik (existentzia-predikatuzkoak ez diren esaldien joskerarekin berdindurik, analogiaz noski). Ez dakit hori ere gehiegi eskatzea den, baina ez letorke gaizki Mendebaldeko joera hori ahalik eta motzen lotzea, kontuan izanik ba- aurrizkiaz eratutakoak euskalki guztietakoak direla eta beste hori, berriz, guztiz arrotz dela Ekialdean. Alegia, Bada(go) norbait lehenestea estandarrean ari garenean Norbait dagoren aldean. Ez dut uste berrikuntza bitxia denik hori inongo hizkeran, ipuinen hasierako moldea baita: Behin batean, bazen…

Oraindik ere geratuko litzateke desberdintasun bat hizkeren artean –bada/badago–, baina ez dirudi hain larria. Hori ere, bistan da, Ekialde/Mendebalde oposizio bati dagokio, eta emango luke gaia beste artikulu (luze) baterako: izan/egon bereizkuntza (eta, paraleloki, ukan/eduki).

Gaurkoz, hala ere, aski biz adibide saski-naski horrekin. Garbi geratuko ahal zen kezka, nahiz konponbideak urrun. Eta inork ez ahal zuen hartuko hemen esandakorik ezer inoren hizkeraren kontrakotzat inola ere.