Sin perjuicio de

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Behin baino gehiagotan eta batek baino gehiagok aipatu dute jada: denok ditugu gure maniak eta blog honek horretarako ere balio dezake -balio du-, nork bere maniak azaleratzeko. Gero, noski, gerta liteke besteen ikuspuntuek gure ezinikusi horiek baretzea edo are sendatzea; edo, aitzitik, norberari iruditzea bere mania blogean plazaratuta oker edo trabagarri edo gehiegizko begitantzen zaion erabilera horren kontrako gurutzadan aurrera egiteko adorea bildu duela.

Gaur aspalditik begitan hartua dudan lokuzio bat ekarri nahi nuke honat: sin perjuicio de. Hobeki esan, gaztelaniazko lokuzioa baino, itzulpen administratibo eta juridikoetan baliatzen ditugun euskal ordain batzuk dira begitan hartuak ditudanak: -en kaltetan gabe, –en kalterik gabe, (ezertan) galarazi gabe. Gaztelaniazko adberbiozko lokuzio horren ordain ilun samarrak iruditzen zaizkit, eta ez direla kalterik gabeko kalko ez dakit zuzen edo oker hutsak, baizik gaztelaniazko hizkera juridiko-administratiboak gure testuetan uzten dituen alferreko lorratzen adibide ez oso txukunak.

Jatorrizko lokuzioaren esanahia argitzearren, Espainiako Errege Akademiara jo nuen aurrekoan. Hauxe erantzuna:

En el Diccionario de la Real Academia Española figura la locución adverbial sin perjuicio definida del siguiente modo: ‘Dejando a salvo’. En estos mismos términos, o muy semejantes, la definen otros diccionarios –‘dejando aparte, dejando al margen’–, con lo que se refleja el uso auténtico.     

Gure hiztegi erabilienak kontsultatu nituen gero, lokuzioari zein ordain ematen dioten egiaztatzearren:

Elhuyar: -i kalterik egin gabe; -i utzi gabe.

Labayru:  -(r)i kalte egin barik/-(r)i kalte(rik) egin gabe, -(r)i gatx egin barik/-(r)i gaitz(ik) egin gabe, -(r)i damu emon barik/-(r)i damu(rik) eman gabe.

Zehazki: lit alde batera utzirik.

Eta, gero, nola ez, Interneten galdezka hasi nintzen, ordain horiek zenbat eta nola erabiltzen ditugun ikusteko eta, horretan ari nintzela, Itzulisten aspaldi (2001ean) emandako erantzun hau aurkitu nuen, zeinak erakusten baitu euskal ordain automatiko horiei buruzko kezka aspaldikoa dela gure artean:

Aspaldian ez zait egokitu «sin perjuicio de» hori itzultzea, baina inoiz horrela itzuli dudala uste dut: Horrek ez du esan nahi udal arauek ezarritakoa bete behar ez denik, edo horrez gain, udal arauek ezarritakoa ere bete beharko da. Behintzat hobeto ulertzen da, ezta? Ze gazteleraz «sin perjuicio de» hori zer den jakin gabe, ezin da euskarazko «kalterik gabe» hori ulertu. Lide Azkue.

Hango eta hemengo testuak irakurrita, ematen du garai batean baino ausartago jokatzen dugula itzultzaileok honetan ere eta, Lide Azkuek proposatu ildotik, esanahiari erreparatu eta kasuan kasurako itzulpen argia egiten saiatzen garela, nahiz eta oraindik ere askotan jotzen dugun ordain automatiko horietara. Hona hemen Lan Arloko Prozeduraren Legetik eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legetik hartutako adibide hauek, euskaraz erabil ditzakegun baliabideetako batzuen erakusgarri:

  1. «…sin perjuicio de que sea costeada por el recurrente…».>«nahiz eta errekurritzaileak ordaindu…».
  2.  «…sin perjuicio de la facultad otorgada por el apartado 5…». >«horrek ez du eragotziko artikulu honen 5. zenbakian emandako ahalmena».
  3. «…sin perjuicio de que para supuestos determinados….». > «baina horrek ez du eragozten kasu jakin batzuetan…».
  4. «No obstante y sin perjuicio de lo dispuesto en los artículos 32 y 33…». > «…Hala ere, eta alde batera utzi gabe lege honen 32. eta 33. artikuluetan xedaturikoa…».
  5. «…sin perjuicio de la redacción posterior de la sentencia dentro del plazo y en la forma legalmente previstos». > «nahiz gero epaia erredaktatu, legeak aurreikusitako epe eta moduan».
  6. «…sin perjuicio del que en su día pueda interponerse contra la sentencia». > «horrek ez dakar, hala ere, bere garaian epaiaren kontra ezin aurkeztu izatea».
  7. «…sin perjuicio de lo establecido en el artículo…». > «…57. artikuluak ezarritakoaren kalterik gabe».
  8. «…sin perjuicio de las especialidades que se enuncian en los artículos siguientes». > «… ondorengo artikuluetan azalduriko berezitasunekin».

Lege horietako adibideetan joera (sistema?) bat hauteman daitekeela iruditu zait: «kalterik gabe» erabiltzekoa beti legeren batek ezarri edo xedatutakoari lotutako esaldietan eta gainerako kasuetan, berriz, bestelako ordainak bilatzekoa. Nik halako esaldietatik ere kenduko nituzke «kalterik gabe» horiek, garbi ez dudan arren zein izan litekeen holakoetarako ordain automatiko aproposena.

Hala ere, zalantzak zalantza, eta kontuan hartuta Espainiako Errege Akademiaren erantzuna, goiko adibide horiek irakurri arte ez zitzaidan guztiz baztertzekoa iruditzen Zehazkik proposatutako «alde batera utzirik» hori; adibideok irakurri arte diot, zeren konturatu bainaiz 4.ean itzultzaileak «alde batera utzi gabe» erabili duela. Tira, azkenean, uste dut hobe nukeela amore eman, beste inoren iritzia jaso aurretik ere hasi zaidala nire mania baretzen…

…dena den, badaezpada, galdetzera ausartuko naiz: inork beste proposamenik bai?