Vatikanotik dator notizia

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Bakoitzak bere maniak ditu, noski, eta blog honetara ere ekartzen ditugu; seguru aski, horretarako ere bada: besteen erreakzioak ikusiz, jakiteko ea maniatikoak gu geu ote garen. Egun hauetako berri baten haritik dator orain komentatzera noana: Vatikanotik dator notizia, kasu honetan.

Izan ere, Euskaltzaindiak 38. arauan (Munduko Estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak) erabaki zuen Vatikanoa izango zela Erromaren bihotzean dagoen Estatu txiki honen euskal izena, eta halaxe ikusten da bazter guztietan geroztik. Gure euskaltzainek beren arrazoi sendoak izango zituzten forma hori erabakitzeko, nola ez, baina niri betidanik sortu zaizkit zalantzak (eta ez, bakarrik, grafiari dagokionez, nik behintzat ez baitaukat hain garbi zergatik onartzen den Vz idaztea, baina gero Kz. Baina utz dezagun kontu txiki hori): zalantzak ditut, izen propio horri itsatsi zioten artikuluagatik, hain zuzen ere.

Jakina da gure inguruko hizkuntzetan artikulua izaten duela izenak: Il Vaticano, El Vaticano, The Vatican, Le Vatican, Der Vatikan. Nire zalantza da ea euskaraz ere izen propioak izan dezakeen artikulua. Bai, euskaraz badira adibideak, noski: Azkoitia, Azpeitia, Iruñea; baina hitz arruntei erantsita sortzen da izen propioa: Aitz+goiti+a, Aitz+beiti+a (Nafarroako hiriburuaren etimologia filologoei uzten diet). Seguru aski gauza berbera gertatzen da Ermuarekin, egia bada eremu hitzarekin erlazionatuta dagoela. Ilunago geratzen da Deustua, niri behintzat bai, baina ez dirudi gaztelaniazko izena El Deusto denik.

Vatikanoa forma, agian, lekuizenaren erabilera metonimiko bategatik jarri da artikuluarekin, baina horrek ez dit argitzen zalantza, era honetako metonimiak ez baitira hain usuak euskaraz; badira kasu batzuk, bai: «Ajuria-Eneak halako zerbait erabaki du» idatziko dugu inolako dudarik izan gabe, eta seguru aski «Eliseoak halako zerbait erabaki du» ere ikusiko dugu idatzita; baina lehenak ez du arazorik planteatzen, artikulua berezkoa delako; eta, bigarrenean, oker ez banago adjektibo bat da oinarrian dagoena, ez berez izen propioa edo lekuizena. Eta euskaraz ez dago joera handirik aposiziorik gabeko izenak erabiltzeko: gehiago ikusiko dugu «Halako koadroa Louvre museoan dago», «Louvrean dago» baino (edo «Pradoan dago», «Guggenheimean dago», etab.). Esan bezala, ez dirudi euskara (edo egungo euskaldunok) era honetako metonimien oso zalea denik (garenik): zenbatek onartuko lukete arazorik gabe «Pradoan lau picasso daude» esaldia? Gauzak nahasteko, ordea, baietz denok onartu «Kalean lau ford daude»? Baina, zenbatek onartuko genuke esatea «Fordak oso auto onak dira»?

Beste adibide batzuk bilatuz, «Kremlina» bai ikusten da idatzita, baina kasu honetan ere errusierazko hitz arrunta omen da, «ziudadela» edo esan nahi duena, nahiz eta ez dudan uste arrazoi horregatik ipintzen zaionik euskaraz artikulua, eta bai, aldiz, erdararen kalkoa eginez.

Eta, Vatikanora itzuliz, izena, berez, Erromako mendixka edo muino baten jatorrizko izena omen da, eta, hartara, Everest bezala erabili beharko litzateke; eta hemen ere ez dut ukatuko euskaldun askok zalantza izango duela artikulua jarri ala ez honelako kasu batean: «Everestek/Everestak 8.844 metro ditu»; zalantza daukaten askok, badaezpada, aposiziora jotzen dute: «Everest mendiak 8.844 metro ditu», eta kito. Eta sarean, adibide gehienek joera hori agertzen dute. Baina beste zenbait kasutan, artikulua ere ageri da; ikusi bestela zenbat adibidetan idatzi duten «Prestigea halako lekuan hondoratu zen». Beste itsasontzi batekin, aldiz, aposizioa topatuko dugu bakarrik: «Titanic ontzia».

Eta nahasmena areagotzeko, ez da falta adibiderik. «Minotauro», esate baterako; Wikipedian, hizki larriz baina artikuluarekin idazten dute, seguru aski gutako askok egingo genukeen bezala, erdaraz hala ohituta gaudelako; baina, zuzena ote da? Eta, etxera itzuliz, bilatu zenbat «Olentzeroa etorri da» dauden sarean. Tradizioaren arabera, sutara botatzen zen enborra bada, orduan badirudi arrazoizkoa dela; baina, pertsonaiaren izena denean, zergatik artikulua?

Bukatzeko eta nahaste-borrastetik behingoz irteteko, Olentzeroa, Prestigea, Titanica, Pradoa eta antzeko adibideak zalantzazkotzat jotzen baditugu, iruditzen zait antzera jokatu behako genukeela Vatikano delakoarekin. Baina, auskalo! Agian konklabe bat egin beharko dugu, espiritu santuaren laguntza izateko.

2 Replies to “Vatikanotik dator notizia”

  1. Maniaz beterik dago mundua, eta maniaz beterik blogak. Beraz, ongi etorri maniak blog honetara ere. Nik ere ez dakit zehatz-mehatz zergatik arautu zuen Euskaltzaindiak Vatikanoa 1995ean, baina ez da salbuespen bakarra.
    Dirudienez, latinezko ‘Mons Vaticanus’ da leku-izenaren jatorria, eta, dirudienez (hor gauzak ez daude hain argi), jatorrian Vaticum izeneko herri etrusko bat zegoelako han (edo Vagitanus izeneko jainko etrusko baten tenploa zegoelako han) hartu zuen izen hori. Alegia, izen bati erreferentzia egiten dion adjektiboa litzateke ‘Vaticanus’.

    Beste hainbeste gertatzen da ‘Mediterraneoa’ leku-izenarekin ere (jatorria: ‘Mare Mediterraneum’), Euskaltzaindiak hala arautua, mugatzaile eta guzti.
    Alegia, «Eliseoak halako zerbait erabaki du» ontzat emateko Koldok eman duen arrazoiak balio du Mediterraneoa eta Vatikanoa ontzat emateko. Dena den, nik ez dakit zenbateraino den emankorra gaur egun baliabide hori (metonimia), edo zer muga dituen. Adibidez, Erromako muinoak ere arautu ditu Euskaltzaindiak aspaldi ez dela, baina, jatorrian adjektibo izan arren, mugatzaile gabe arautu dira: Palatino (Mons Palatinus), Kapitolino (Mons Capitolinus)…

    Badira, bestalde, mugatzailea hartzen duten leku-izen arautu gehiago ere, adjektibo-izaera dutenak (Baltikoa, Adriatikoa, Jonikoa; Kaspiarra…), edo, adjektibo ez direnak, analogiaz sortutakoak (Lyonerria, Dofinerria). Eta badira, bestalde, pluralezkoak ere: Kanariak, Alpeak, Pirinioak… Horrelakoak ez dira zalantzagarriak izango Koldorentzat; alegia, berak “Nire zalantza da ea euskaraz ere izen propioak izan dezakeen artikulua” idatzi duenean, pentsatzen dut izen berezien azpimultzo bati buruz ari zela.

    Azkenik, «Pradoan lau picasso daude» ez nuke ontzat emango, baina «Fordak oso auto onak dira» bai. Bi adibide horien atzean fenomeno desberdinak daude, eta ez dira multzo berean aztertzekoak, nik uste.

    Izen berezien mugatzaileen saltsa loditzeko, beste adibide bat, askotan hizpide izan duguna: «Guggenheimen» esan-idazten dugu, baina, Donostialdean behintzat, «Kursaalean» da, nire ustez, forma normala eta erabiliena, eta ez «Kursaalen». Eta idatzita ere hala ikusten da lasai-lasai, baita Euskaltzaindiaren argitalpenetan bertan ere (http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_content&Itemid=392&catid=121&id=3518&lang=eu&view=article).

    Atsegin dut

  2. “Eta, etxera itzuliz, bilatu zenbat «Olentzeroa etorri da» dauden sarean. Tradizioaren arabera, sutara botatzen zen enborra bada, orduan badirudi arrazoizkoa dela; baina, pertsonaiaren izena denean, zergatik artikulua?”

    Olentzeroren kasuan, nire ustez, garbi dago: “erregeari eskatu diozu oparia” esaten den bezala, “olentzeroari eskatu diozu oparia” esaten du gaur egun euskaldun peto-petoenak ere, kalkoz edo. Ez dakit ondo ala txarto dagoen, baina hiztun erabat “jatorren” ahotan barra-barra entzuna naiz ni.

    Agian gaineratu daiteke zuzentzekotan, biak zuzentzea proposatu daitekeela, “erregeari” baino, “erregeri” tokatzen delako gure “tradizioaren” arabera.

    Eta abar.

    Ez dakit ba, izen propioen artikuluaren kontu honi logika handirik atzematen ahal zaion. Agian bai. Baina agian ez.

    Edo, agian, hiztun errealen gaur egungo erabileratik abiatuta ez dago arau argi bat formulatzerik.

    Ea nor ausartzen den.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina