Euskaldun desjabetuen ahalduntzea

Igone Zabala Unzalu

Aspaldian gai posibleen kutxan gordeta nuen horietako bati hautsa kentzeko aukera paregabea eman dit apirilaren 20an Enkarterrietako euskalduntze prozesuaren eragileei egindako omenaldiak. Miresgarria da 60ko hamarkadatik hona eskualdea euskalduntzeko eragile horiek inbertitutako lana eta kemena. Nire ustez, Sodupen egin zen “Enkarterri Harro” ekitaldi horrek merezi zuen Berriaren irakurle guztien arreta, baina Bizkaiko hitza lurralde-atalean argitaratu zen Ia hutsetik euskaldundu dutenak erreportaje interesgarria. Erreportajearen abiapuntua dira Enkarterrietako euskaldunen portzentajeak: % 1,02 1981eko inkestaren arabera, eta % 31,58 Eustaten 2021eko estatistiken arabera. Eskualde euskaldunenekin alderatuta, kopuru txikia dela pentsa genezake, baina berrogei urtean 30 puntuko igoera lortu izana harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Berriako erreportajean ematen dituzten datuen arabera, Bizkaiko eskualde euskaldunena den Lea-Artibaik denbora-tarte berean puntu bat baino gehiago galdu du (% 81,88 > % 80,23). Atera kontuak! Enkarterrietako euskalduntze prozesu horren hasieran nik ere hartu nuen parte, lehenengoz, ikasle modura eta, ondoren, irakasle modura, eta garbi izan dut beti aldaketa bultzatu zuen indar garrantzitsuetako bat izan zela euskaraz ez jakiteak eragiten zigun min handia. Ideia bera irakurri nuen duela zenbait hilabete Berrian Nafarroako gazte bati egindako elkarrizketan, eta pentsatu nuen min horretan bat egiten dugula muturretako eskualdeetako euskaldunok.

Borroka eta ahalegin handia egin da berrogei urte hauetan, baina azpimarratu beharrekoa iruditzen zait 80ko hamarkadan eskola publikoetako gurasoek D eredua ezartzeko egin zuten borroka. Izan ere, eremu erdalduna zenez, Hezkuntza Sailak Enkarterrietako herrietako eskola publikoei ez zien onartu nahi D ereduko gelarik. Gurasoen borrokak bere fruitua eman zuen eta, horrezkero, ume asko eta asko euskaldundu dira eskola publikoetan, eta gau-eskoletan eta euskaltegietan euskara ikasi duten guraso askok eta askok etxeko lanak egiten lagundu ahal izan diete ume horiei. Areago, horietako askok euskara transmititu diete beren seme-alabei. Gau-eskola eta euskaltegietako lanak ere etenik gabe iraun du orain arte. Eta, horrela, iturri bateko eta besteko emariak batzen joan dira euskararen itsasoan. Hartara, Enkarterrietako edozein herritan albistegien arreta merezi duen zerbait gertatzen denean, hara doaz EiTBkoak, eta euskaraz elkarrizketatzeko norbait aurkitzen dute. Ez al da harro egoteko modukoa?

Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala ere aipatu zen omenaldian, nola ez? Baina hona ekartzea merezi du horren harira gazte batek aipatu zuen leloa: “Ez dago euskara txarrik”. Lelo hori etengabe errepikatzen omen zuen Lourdes Gaunak. Lourdesi, berrogei urte AEKn lanean aritu ondoren, erretiratzeko unea iritsi zaio, eta omenaldi berezia egin zioten ekitaldian. Lelo paregabea iruditzen zait Enkarterrietako, Meatzaldeko eta antzeko eskualdeetako euskaldunak ahalduntzeko, eta euskaldunen komunitatetik baztertuta ez sentitzeko. Izan ere, oso maiz euskaldun horiek egin duten ahalegina balioetsi beharrean, beren hizkuntza-gaitasuna mugatua dela iritzi, eta euskararen erabileraren gabezia eta hutsuneen erruduntzat ere hartzen dira. Nago euskararen biziberritzearen etsaietako bat dela euskaldunen artean klaseak eta kastak bereizteko joera nabarmena: ikastoletakoak vs eskola publikoetakoak, D eredukoak vs B eredukoak, etxean euskaldundutakoak vs eskolan euskaldundutakoak, herri euskaldunetakoak vs herri ez-euskaldunetakoak, euskaldun berriak vs euskaldun zaharrak, euskalkidunak vs euskalkirik gabeak, euskaldun ele-erasanak vs euskaldun peto-petoak eta abar eta abar. Bereizkeria horiek guztiak oso sustraituta daude umeen eta gazteen artean ere, eta oso arriskutsuak iruditzen zaizkit gauden puntura heltzeko egin behar izan den ahalegina ezagutu ez dutenen eskuetan, edo hobe esan, bihotz, garun, aho eta belarrietan.

Gizarte berdinzale eta justu baten ardatzetako bat izan nahiko lukeen euskararen aldeko hizkuntza-politikak bereziki zaindu beharko lituzke hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak euskaraz garatzeko oztopo eta zailtasun gehien dituzten hiztunak eta eskualdeak. Adibide bat emateagatik, eskola eta institutuetako ikasleei atzerriko hizkuntzen garapenean laguntzeko trukeak egiten dira beste herrialde batzuetako ikasleekin, baina, nik dakidala, ez da trukerik egiten, adibidez, Enkarterrietako edo Meatzaldeko eskoletako eta Lea-Artibaiko edo Goierriko eskoletako umeen artean, nahiz eta hezkuntza-sistema beraren barruko truke horiek askoz ere errazagoak liratekeen atzerriko herrialdeetakoak baino. Horrelako trukeak biziki aberasgarriak lirateke ume-nerabe guztientzat, beraiena ez bezalako eremu soziolinguistiko batean murgiltzeko aukera emango lieketelako, eta mota bateko eta besteko euskaldunen arteko sareak sortzen lagunduko luketelako. Zer esan etorkinei buruz, edo guraso euskaldunak ez dituzten bertako umeei buruz. Laguntza berezia eskaini beharko litzaieke eskoletan eta udaletan, etxeko lanak egiten laguntzeko eta, jakina, eskolatik kanpoko jardueren eskaintza oparoa euskaraz. Euskarak gure gizartean integratzeko tresna beharko luke, eta ez oztopo, betiere guzti-guztien hizkuntzak eta kulturak begirunez tratatzen direla bermatuta, jakina.

Nik neuk zorte handia izan nuen unibertsitatean hasi behar nintzenean (1979. urtean) lehen kurtsoa euskaraz ematea lortu zutelako orduko Zientzi Fakultateko zenbait irakaslek eta, nire euskara oso mugatua bazen ere, euskaraz matrikulatzeko konbentzitu nindutelako. Unibertsitateak aukera paregabea eman zidan herri eta eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunekin ikasteko, hitz egiteko edota aisialdia partekatzeko. Gaur egun ere aukera hori eskaintzen die UPV/EHUk ikasleei, baina geletan eta korridoreetan ikusten dudana da jatorri bateko eta besteko hiztunak ez direla askorik nahasten, eta eremu batzuetako ikasleek, ikasketa guztiak euskaraz egin badituzte ere, oso autoestimu linguistiko baxua dutela. Inoiz gertatu zait klasean ahozko aurkezpena egin behar zuen ikasle batek barkamena eskatzea aurkezpena egiten hasi aurretik Gasteizkoa izanda ez zuelako behar bezain ondo egingo. Hartara, gure irakasgaien helburu garrantzitsuetako bat da ikasleek euskararen biziberritzearen historia apur bat ezagut dezaten, biziberritze horri egin dizkioten ekarpenen kontzientzia har dezaten, eta etorkizunean aditu euskaldun modura euskararen garapenean eta biziberritzean izango duten erantzukizunaz gogoeta egin dezaten.

Handitzen handitzen, hasi naiz handitzen

Alfontso Mujika

Berandu iritsi gara euskaldunok euskara-eredu estandar bat izatera, oso berandu, nahiz eta, zorionez, azkar nagusitu den euskara batua deitzen diogun hori. 1968an ezarri ziren lehen oinarriak, baina, lexikoari dagokionez, askoz geroagokoa da lexiko estandarra: 1995ean hasi zen argitaratzen Hiztegi Batua, eta 2000.ean amaitu.

Hiztegi Batua, baina, ortografia-hiztegi bat izan zen, hitzak nola idatzi behar ziren baino ez zuen argitzen. Alegia, ez zuen definiziorik. Eta oso handia ere ez zen, 20.000 sarrera besterik ez zuen. Egin egin behar zen, beharrezkoa izan zen, baina ulertu behar dugu benetako hiztegi aruemaile baterako oinarria baino ez zela izan. Beraz, esan dezagun argi: hiztegi arauemailerik gabe iritsi ginen euskaldunok XXI. mendera.

Auzokoen inbidiatan

Inbiriyetan bizitze ori / preziso gauza tristia kantatu zuen Txirritak. Inguruan ditugun bi estatu-hizkuntza handiekin ezin konpara daiteke gure nazio-hizkuntza, eta, hala ere, haiekin konparatu behar dugu, besteak beste, non gauden jakingo badugu eta zer lantegi dugun aurrean ohartuko bagara.

Frantsesaren hiztegiari erreparatuko diogu lehenik. 1694koa da Frantziako hizkuntza‑akademiaren lehen edizioa (Dictionnaire de l’Académie française). Hau da, 330 urte ditu! Eta 9. edizio izan ditu (1694/1718/1740/1762/1798/1835/1878/1935), 9. edizioa (2012an argitaratzen hasia) oraindik erabat amaitua ez badago ere (2023ko martxoan argitaratu zen orain arteko azken partea: sommation-spermatophytes). Guztira 60.000 sarrera izango ditu gutxi gorabehera, 8. edizioak dituen baino 28.000 sarrera inguru gehiago.

Gaztelaniari dagokionez, 1780koa da Diccionario de la lengua españolaren lehen edizioa (haren aurrekaria Diccionario de autoridades izenekoa izan zen, 1726-1739 bitartean argitaratua). Hau da, 244 urte ditu! Geroztik, 23 edizio argitaratu dira, azkena 2014an, Espainiako hizkuntza-akademiaren 300. urteurrenaren kariaz (eta 24. edizioa, dirudienez, 2026an argitaratuko da). Azken edizio horretan, Real Academia Española erakundeaz gainera, gaztelaniaren gainerako hizkuntza-akademiek ere hartu zuten parte (guztira, 23 akademia dira). Diccionario de la lengua españolaren 23. edizioak 93.000 sarrera ditu.

Estatu banaren indarra eta laguntza izan dute, eta dute, bi hizkuntza-akademia horiek eta bi hiztegi arauemaile horiek. Gaztelania eta frantsesa baino hurbilago dugu, egoeraz eta historiaz, katalana. Katalanaren hizkuntza-akademia, Institut d’Estudis Catalans (IEC), 1907an sortu zen (gogoan izan garai bertsuan, 1918an, sortu zela Euskaltzaindia), eta 1932an amaitu zuen bere hiztegia, Pompeu Fabraren Diccionari general de la llengua catalana (DGLC).

Euskarak, euskal kulturak eta euskal identitateak bezala, katalanak, katalanen kulturak eta identitateak ere Espainiako diktaduraren jazarpen latza jasan zuten lau hamarkadaz, eta IECk ezin izan zuen garatu bere hiztegia. Diktadura amaituta, lanari berrekin zion, eta, 1995ean, Diccionari de la llengua catalana argitaratu zuen, 1932koa baino 18.000 sarrera gehiagorekin. Eta 2007an, IECren ehungarren urtean, bigarren edizioa argitaratu zen (DIEC2), 1995eko ediziokoa baino 2.400 sarrera gehiagorekin. Bigarren edizioak 67.570 sarrera ditu. Geroztik, urtean bitan gehienetan, zuzenketa eta sarrera berri batzuk gehitzen dizkiote onlineko bertsioari.

Eta gurean zer?

Hiztegi orokor elebakar arauemailerik gabe iritsi ginen XXI. mendera, eta 2012. urteraino itxaron behar izan genuen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) lehen edizioa ikusteko (liburu gisa argitaratu den edizio bakarra). Hiztegi horrek 20.000 sarrera zituen, eta 634.152 hitz. Jaioberria ez zen potoloa, baina bazen, eta hori zen garrantzitsuena.

Ondo eta ugari edoskitu beharra zegoen, gizendu eta haziko bazen. Eta horri lotu zitzaion Euskaltzaindia. Orain, lehen edizio hark argia ikusi zuenetik 12 urte iraganik, biziki koskortu da hiztegia, eta nerabezaroaren atean dugu jada. Hori ez da iritzi hutsa, datuetan oinarritutako baieztapena baizik. Azken urteotan, urtean bitan argitaratzen ari dira eguneratze eta handitzeak, urtarrilean eta uztailean. Gaur egun, hiztegiaren 13. edizioa edo ―edizio hitza handitxoa dela iritziz gero― 13. bertsioa dugu kontsultagai. Eta bada alderik:

1. edizioa (2012)13. bertsioa (2024ko urtarrila)
20.000 sarrera49.503 sarrera
634.152 hitz1.298.496 hitz

Hamabi urtean, bikoiztu baino gehiago egin da sarrera-kopurua, 2,5 aldiz handiagoa da orain. Eta zenbaki hotzen atzean dagoen mamia ikusteko, hona hemen, frogagarri, erakusgarri txiki bat. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehen bost sarrera nola zeuden 2012an eta nola dauden orain (eta zer sarrera berri sartu diren tartean):

20122024
a1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria.















a1 1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria. 2 area-ren nazioarteko sinboloa. 3 ampere-ren nazioarteko sinboloa. (Letra larriz).

     a bildu iz. Helbide elektronikoetan erabiltzen den ikurra, erabiltzailearen izenaren ondoren eta zerbitzariaren izenaren aurretik jartzen dena (@); ikur hori adierazteko erabiltzen den hitza.

   a itsatsi iz. hizkl. Euskal hitz batzuek berezkoa duten hitz bukaerako -a, artikulua ez dena. a itsatsia duten hitzen berezitasuna.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.









a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.

     a zer interj. (Artikulua edo zenbatzaile zehaztua hartzen duen izen sintagma baten ezkerrean, hark adierazten duena azpimarratuz). A zer itsutasuna! A zer lasaitua etorri zitzaiona! A zer muturrekoa eman didan! A zer bi geunden gu!
 aaiundar 1 adj. Aaiungoa, Aaiuni dagokiona. 2 iz. Aaiungo herritarra.
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankarabegiratuz. Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetik utzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean ur zulo bat dago.


ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankara begiratzen dela. (Batez ere leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da). Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetik utzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean ur zulo bat dago.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua.Paulo abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. Bizk. Apaiza. Abade jauna. || Esr. zah.: Nolako elizalde, halako abade. Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa.
                abade egin Bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen.






abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua. Paulo, abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. bizk. Apaiza. Abade jauna.
   Esaera zaharrak Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa. Nolako elizalde, halako abade.       abade egin ad.-lok. bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen.
   abade nagusi iz. bizk. Apaiz nagusia, apaizburua.
   abade etxe, abade-etxe iz. bizk. Apaizetxea. Saint-Denisko abade etxea hiriko otoizlekurik zaharrena da.
 abadegai iz. bizk. Apaizgaia. Abadegai zela hasi zen euskara lantzen liburuak irakurriz.
 abadegintza iz. bizk. Apaizgintza. Behin baino ezin hartu daitezkeen sakramentuak hiru dira: bataioa, sendotza eta abadegintza.  
 abadeki iz. g. er. Apaizgaia
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio batekoburua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentuko abadesa.abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio bateko burua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentuko abadesa.  

Oraindik inbidiatan begiratzen diegu katalanen, espainolen eta frantsesen hiztegi aruemaileei, baina badakigu jada ez daudela hain urruti, ia-ia eskumendean ditugula, ia‑ia hori ezabatzeko zenbait urtez gogor jardun beharko badugu ere.

Beti gehiagoren miran

Hiztegi-erabiltzaileok, halere, asegaitzak gara, umeak nola. Nahi nuke Euskaltzaindiaren Hiztegiak nik behar ditudan hitz guztiak izatea. Nahi nuke balidatu, bitcoin (bitkoin?), bot, botulismo, carpaccio, didaskalia, elektroentzefalograma, enoturismo, estilobato, fatua, geolokalizatu, klaustrofobiko, kriptomoneta, marakuia, mentalizatu, mokoprestu, multizinema, nukleosintesi, ortotipografiko, subfusil, superkumulu, txador, txirene, zapping, ziberjazarpen… hitzak izatea. Nahi nuke hiztegi horretan sarrera diren hitz askotan orain ageri diren baino adiera gehiago izatea (adibidez, gautxoria gaueko autobusa ere badela esatea; edo karakterizazio hitzak, antzerkiko adieraz gainera, teknologian beste esanahi bat baduela, oso erabilia, esatea; edo…). Nahi nuke hiztegi horretan hitzak irakurtzeaz gainera entzun ere ahal izatea, nahi nuke antonimo gehiago egotea, nahi nuke sinonimoak sistematikoki ematea, nahi nuke… Queen taldeak abesten zuen bezala,I want it all and I want it now,baina badakit pixkanaka beteko direla nire nahiak eta hamabi urteko EH gazteak, hemendik hamabi urtera, beste hizkuntzetako hiztegi handi eta eder horien Txapeldunen Ligan airoso jokatuko duela eta inbidiaren talaian egoteari utziko diodala, diogula.

Bi mundutako ertzetatik barreka

Josu Barambones Zubiria

Egun batez, blog honetarako ideiarik gabe nengoela, ideiez antzu eta agor, eta Karlos Linazasororen azken liburuko pasarte bat irakurtzen ari nintzela (espero dut poztu egingo dela hau irakurtzen badu, bere ustez ez bide du-eta irakurlerik), otu zitzaidan, bururatu zitzaidan, txit egokia zatekeela plajioa baliatzea hilabete honetako artikuluarekin aurrera egiteko. Plajioak “inoren esklaboak lapurtu” esan nahi zuen antzinako Erroman, baina nik ez dut gaurkoan halakorik egingo, egon lasai, eta horren ordez urliaren eta berendiaren esaldiak ekarriko ditut hona nire gaia nik neurez egin ahalko nukeena baino eleganteago beztitzearren.

Linazasorok diosku oso modan jarri dela “esango nuke” zartailutxoa (sic). Orobat esaten digu Orixek ez zuela inoiz erabili. Nik ere esango nuke Orixek ez zuela sekula santan erabili, baina ausardia nahikoa izan zuen Tormesko itsu-mutilaren hainbat pasarte eta zazpigarren kapitulu osoa gazteleraz berridazteko gogoak eman zion bezala, eta gero euskarara ekartzeko autoitzulpenaren adibide ezin bitxiagoan. Gainera, konbentzimendu osoz aitortu zuen: “Erdel yaubearen idazti yatorretik yardun au osoa kendu dot, eta neure buruz ordaindu, edonoren eskuetarako iruditu etxatalako. Kendu dodaz ganera, esan zantar bat lelengo yardunean amazortzi lerro irugarrenean eta bi koma-tarte lau garrenean. Kritikuak begirapena zor ei deutsoe yaubearen idazti yatorrari; nik ostera begirapena zor deutsot neure buruari ta irakurle euskaldunari”. Zalantza barik, beste garai batzuk ziren, erlijiosoagoak, dogmatikoagoak, nahi baduzue, non jatorrizkoa desleial baitzitzaion itzulpenari.

Baina ez nadin desbidera eta saia nadin gaur hona ekarri nauen hizpideari ostera ere lotzen. “Esango nuke” bezalako esapide betegarriez edo makulu-hitzez ari nintzen goiko digresioak halako batean harrapatu nauenean. Esango nuke “en plan” dela beste makulu-hitz bat, bereziki gazteek erabiltzen dutena, hitzetik hortzera erabili ere, gogaitzerainoko puntuan. Nik esango nuke duela hamar bat urte jaio zela. Gomutan daukadanez, artean gazte eta berde nintzela, inork ere ez zuen halakorik esaten. Uste dut Axularrek ere ez zuela Geron inoiz erabili, baina inongo corpusetan begiratu gabe botatako ustea da eta agian ustea ustela izan liteke. Aipatu makulua, makulu ia guztiak bezala, espainoletik mailegatua da, jakina, eta gazte euskaldunei oso baliagarria zaie euren diskurtsoa biziagoa eta adierazgarriagoa egitearren. Indar aurreratzailea du, eta euskarak, dena atzeratzeko duen mania absurdo bezain ulergaitz horrekin, ez du balio gure entzulearengan sorpresa moduko zerbait sorrarazteko, rollo zu orain pentsatzen ari zarena bezala.

Eta ondo iruditzen zait horrelako makuluak erabiltzea, inork ez dezala pentsa horren kontrako aurrejuzgurik dudanik, inondik inora ez baitut nire burua hizkuntzalari fundamentalistatzat hartzen. Aitzitik, norberaren hizkuntza aberasteko mailegua eta kalkoa oso tresna baliagarriak dira. Ez dut defendatzen a saco erabiltzea, en plan gure lagun urliak egiten duen legez, baina aitor dut baduela grazia apur bat horrela aritzeak, makulurik makulu, euskaratik espainolera eta espainoletik euskarara, jauzirik jauzi.

Eta orain, azkenik, hel diezaiodan zuekin partekatu nahi nuen gai nagusiari. Ez dakit kezka den edo kezka bainoago harridura. Izan ere harrigarria begitantzen zait gazte hizkera (bakarrik?) horren isla euskal literaturan ez ikustea. Ez dut euskaraz argitaratzen den oro irakurtzeko denborarik, baina nire begiek leitzen dituzten liburuetako orrietan elkarrizketetako hizkera Gasteizko Olarizuko zelaia bezain ordokia da. Ez al dago hor aukera bat benetako hizkera islatzeko, ingelesez egin ohi den bezala (bai, badakit, ez dugu zertan ingelesak kalkatu, gu desberdinak gara). Gaztelaniaz antzeko zerbait gertatzen da, elkarrizketak eta, zer esanik ez, narrazioak lauak izaten dira, salbuespenak salbuespen (Andrea Abreu idazle kanariarraren Panza de Burro liburua datorkit burura, non egileak aitortzen baitu errealitatearekin zintzoa izateko hizkuntzaren ofizialtasunetik aldendu behar izan zuela eta bere auzoko hizkera erabiltzea erabaki zuela hiztegi guztietan okerrak diren hitzak liburuan sartuz). Gure literaturan lagunarteko hizkera erabat neutralizaturik ageri da, errealitatetik guztiz aldendua. Ni ez naiz idazlea, baina euskañol hori zergatik ezin da erabili literaturan edo ikus-entzunezkoetan inoren sentiberatasun linguistikoa mindu gabe? Jatorrizko film nahiz serietan bai erabiltzen da, ikus-entzunezko produktuak sinisgarritasunez janzteko, baina ez ordea bikoizturiko produkzioan. Literatura nahiz zinema fikzioa dira, baina errealitateari atxikiak behar dute izan, errealitatetik urrundu nahi badute ere. Mugak muga, literatura txikanoa datorkit burura, bi hizkuntzaren, bi kulturaren eta bi identitateren artean datzan espazioa betetzen duten idazle elebidunek sortua. Nago oraindik oso urrun gaudela euskañol horren isla fikzioan ikustetik. Bitartean, euskaldun gizartearen zati handi batek lasai asko jarraituko du en plan, rollo, eske… bezalako makuluak erabiltzen, norbaitek espantu egiten badu ere.

Eta plajioa aipatuz hasi naizen bezala, Pat Mora idazle txikanoaren poema bat plajiatuz bukatu nahi dut nire blog honetarako ekarpena:

Bi-eledun, bi-kultura,
Zer moduz-etik “Cómo estás”-era lerratzeko gai,
bulego dotore batean
euskara lau eta lehor batean idatziz,
lagunartean pattarra edaten euskara txolindu samar batean,
jatetxeko menua euskaraz nahiz erdaraz eskatuz,
edo biak nahasi-mahasian,
bai, guk erdaraz ere hitz egiten dugu,
baina ezberdinak gara,
alde batetik bestera igarotzeko abilezia dugu,
bi mundutako ertzetatik barreka,
aurrejuzguaren deserotasuna mozorrotuz bi aldetako talaiatik.

Forma eta edukia

Asier Larrinaga Larrazabal

Bilbao aldizkariaren urtarrileko alean, Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak zioen euskarak une honetan erronka bakarra duela, irautea. Ez noa ni ezetz esatera, baina bai sinetsita nagoela euskarak bizirik jarrai dezan itzulpengintza nahitaezkoa dela, ezin utzizkoa.

Ez nuke nahi nire konbentzimendu hori derrotismoz interpreta ledin, alderantziz baizik. Oso gogobetegarri egiten zait itzulpenen bitartez eguneroko bizitzan zabaltzen zaidan mundua, esaterako ordenagailua edo mugikorra erabiltzen ditudanean. Nire eskerrik bihotzekoenak eman behar dizkiet IKTak euskaraz erabiltzea posible egiten didaten guztiei, batez ere musu truk ari direnei, bai baitakit Firefox, Zotero, LibreOffice eta beste lanabes asko euskaraz jartzea ez dela diruz ordaintzen den zeregina.

Soldatapean egiten diren lanek ere aitorpena merezi dute, ez baitugu gutxiago gozatzen euskarara ekarritako komikiekin, nobelekin, eta serie, film eta marrazki bizidunekin. Beste liburu, kartel, iragarki, buletin eta dena delako asko, gozamen-iturri barik, beharrezko erreferentzia zaizkigu egunerokoan, eta horiek ere euskaraz aurkitzea eskertzekoa da.

Zoritxarrez –orain dator brotxakada beltza–, itzuli beharraren itzuli beharraz, euskararen esentziak hondatuz eta galduz doaz. Horretaz, aurreko bidalketan mintzatu nintzen, baina ez nuen ezer esan arazo horren sorburuaz edo eragileez. Nire ustez, gakoa da itzulpenean zer lehenesten den, forma edo edukia.

Esku artean izaten ditudan testuetan –bat bera ez literarioa–, formari gehiegizko arreta ematen zaiola iruditzen zait. Errazegia litzateke esatea enpresa bateko txosten, memoria, akta eta kontratuetan, ikus-entzunezkoen gidoietan, makinen eta prozesuen eskuliburu teknikoetan eta, oro har, testu pragmatikoetan edukia ipini beharko litzatekeela beste edozeren aurretik itzultzeko orduan. Arazoa da testu horietako askok, ikus-entzunezkoetan behintzat, sormenetik ere badutela. Iragarkiak dira adibide oso ona. Iragarkien itzulpenek buruko min handiak ematen dizkigute, eta, gehienetan, irtenbidea formari desleial izatetik etortzen da.

Lehengoan, irratirako iragarki hau heldu zitzaigun: «Kultur Leioak “Gailurretan izan gaitun, mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak 1924-2024” Nafarroako Euskal Mendizale Federazioak bere mendeurrena ospatzeko antolatutako erakusketa hartzen du», alegia, «Kultur Leioa acoge la exposición “Nos queremos en las cimas, montañeras, alpinistas y escaladoras pioneras 1924-2024” organizada por la Federación Vasco-Navarra de Montaña con motivo de su centenario». Guk forma berri bat eman genion, mamia aldatu barik: «Kultur Leioak erakusketa berri bat dakar: “Gailurretan izan gaitun, mendizale […]». Gure bertsioak ondo funtzionatu zuen irratian.

Gatazkaz gatazka

Amaia Astobiza Uriarte

Otsailaren 23ko osoko bilkuran, Amorebieta-Etxanoko Udalak (ustez) Palestinaren aldeko eta (ustez) Israelen aurkako adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez.

Hauxe dio testuak, besteak beste:

(…) Heriotzen kopuruak gora egiten du etengabe, eta argi-, ur- eta janari-mozketek zaurgarritasun-egoeran eta muturreko indarkeria-egoeran uzten dute Palestinako herritarren aurka.

Israelen okupazio militarrak Palestinako herritarren lurrak eta etxeak espoliatzen ari den kolonizazioa areagotu besterik ez du egiten geografia eta lurralde osoan, Israelen mesedetan.

(…)

Horregatik guztiagatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak:

1.- Armada sionistak gogor arbuiatzen du lurralde palestinarrean egindako eraso eta eraso bakoitza, eta Israeli eskatzen diogu berehala utz ditzala bertan behera Gazako zerrendako bonbardaketak eta Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemgo atxiloketa administratiboak, ausazko tiroketak, etxeratze-ukituak eta errepide-mozketak.

4.- Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari eskatzen die beren esku dauden mekanismo guztiak aktiba ditzatela, eskualdean gatazka areagotu ez dadin eta bizitza errugabe gehiago gal ez daitezen, eskualdeko bakearen, segurtasunaren eta egonkortasunaren aldeko konpromiso irmoan. Era berean, Israeli gerra-materiala saltzeari berehala utzi zitzaion, eta Kanpo Arazoetako Ministerioak erabateko inplikazioa izan zuen espainiarrak eta asilo-eskatzaileak Gazako zerrendatik ateratzeko.

Jakina, agerikoa da zer gertatu den: jatorrizko testua gaztelaniaz idatzi zuten, ez guztiz egoki eta zuzen, eta norbaitek itzultzaile automatiko baten bidez itzuli zuen (ez nekatu: Itzuli da, baina beste edozein izan zitekeen; jatorrizko testua orraztuz gero, emaitza txukunagoa emango zuketen denek; eta, edozelan ere, ondotxo dakigu zer egin behar den automatikoki itzuli ondoren). Gero, inork behin ere irakurri gabe, webgunera iritsi zen, eta halaxe zabaldu zuten, bai sare sozialetan, bai bestelako tokietan. Eta hantxe dago oraindik, osorik irakurri nahi duenarentzat.

Baina, ageriko horretaz gain, ekar dezagun informazio apur bat gehiago.

Osoko bilkuran, alderdi guztiek adostutako testua irakurri zuen [5:40tik aurrera] Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, gaztelaniaz (irakurtzen hasi aurretik azaldu zuenez, udaletxeko batzar-aretoan edo pantailaren bestaldean adierazpena entzuten egon litezkeen palestinarrek ere uler zezaten egin zuen erdaraz; zinegotziak harreman estua du Palestinarekin, eta bazekien bere lagun eta senide palestinar batzuk adi egongo zirela).

Biharamunean, larunbatarekin, adierazpena webgunean jarri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. Nik hurrengo asteartean izan nuen horren berri, otsailaren 27ko arratsaldean. Udalaren albisteei begira ari nintzela, «Gatazka Gazako zerrendan» titularra ikusi nuen, eta gogoz sartu nintzen testua irakurtzera.

Sutan jarri nintzen. Ez da edozein testu, ez du edozer esaten. Sare sozialetan salatu nuen, eta, gauerako, herriko alkateak, EAJkoa bera, bazuen zabarkeriaren berri. Beraz, ziurtzat jo nuen hurrengo goizean arazoa konponduko zutela. Ez ba. Hantxe jarraitzen zuela ikusita, EH Bilduko zinegotzi bati ohartarazi nion: «Jakin daiteke zer demontre onartu duzuen osoko bilkuran?». Ez nion horrela esan, baina horixe ulertu zuen berak, arrazoiz. Ate batzuk jo zituzten udaletxean, eta bazirudien nahastea laster argitu eta konponduko zela.

Ez, baina. Gaur ere, 2024ko martxoaren 22an, Amorebieta-Etxanoko Udalak, alderdi guztien onespenarekin, adierazten du armada sionistak gogor arbuiatzen duela lurralde palestinarrean egindako eraso bakoitza eta Israeli gerra-materiala saltzeari berehala utzi zitzaiola.

Nik behin eta berriro salatu dut sare sozialetan, baita Udalaren webgunearen bidez ere, eta Euskararen Behatokiari ere jakinarazi diot, egin beharrekoak egin ditzan. Baina testuak hor jarraitzen du, eta badirudi ez diola inori ardura. Ez alkateari, ez alderdiei, ez herritarrei.

Euskararen ez-kontrako legeak bete ezean, zeri eman behar diogu su?

Gaur arratsaldean, Korrikak Zornotzako kaleak hartuko ditu. Harro, herri herren?

Tolestu ditzagun liburuak!

Itziar Luri Ekiza

90eko hamarkadan Iruñeko institutu batean ikasten hasi eta ordura arte nire ametsik zoroenean ere tokirik ez zuen mundu berria ezagutu nuen. Ikastetxearen pasillo luzeetan ibiltzea oihana zeharkatzea bezalakoa zen, ordura arte ikastolan goxo-goxo egon ondoren bat-batean gu baino zaharragoak ziren gazte handi, arraro eta, batez ere, erdaldun kopuru ikaragarriaren artean ibiltzea muturreko esperientzia iruditzen zitzaigun. Edonola ere, behin ikasgelan sartuta oasi txiki batean sentitzen ginen, irakasleek goxoago hitz egiten ziguten, lagunen izenak ezagutzen genituen… etxean bezala geunden.

Lehen urte horretan natur zientzietako irakasle gazte bat etorri zen bere lehen klaseak gure institutuan ematera. Onartu beharra dut natur zientziak ez nituela sobera maite eta irakaslea hizketan hasten zenean nire pentsamenduak gai atseginagoetara hegan joaten zirela, maiz. Halako batean, irakasle hura plaken tektonikaren teoria azaltzen hasi zen, gelako bi liburu hartu eta eskuez bihurritu eta tolestu zituen liburu bakoitza plaka bat bailitzan. Irakaslea liburuak birrintzen ikustean harritu eta asaldatu egin ginen, eta ordutik, gure hamalau urtetako nerabekeriarekin, irakasle hori txiste eta antzeratzeen jomuga bilakatu zen. Barregarria iruditzen zitzaigun bi liburu erabilita honelako azalpen zientifikoak ematea.

Bada, 20 urte geroago gure semea ondoko auzoko institutuan ikasten hasi da eta gozagarria da bere begiez ikustea nola gauza batzuk ez diren batere aldatu. Formolean gordeak daude institutu garaiko lagunen arteko broma eta txisteak, irakasleei jarritako ezizenak, batzuk maitasunez eta beste batzuk nerabezaroko gaiztakeriaz, adin horretan edozein txikikeria handi egiteko joera…

Ta zer ez da berdin?, Hertzainak-ek galde egiten zuen moduan… Bada erabat desberdina den gauza bat. Gure semearen irakasleek ez dituzte jada liburuak tolesten; sarean topatutako material berri eta erakargarriak jartzen dizkiete historia, fisika edo teknologia bezalako ikasgaietan. YouTubeko bideo zein film horiek guztiak ikaragarriak dira, bai, soinu efektuak, emotikonoak, irudi ikusgarriak… eta, gainera, gaztelera jatorrean! Gure koadrilan oraindik gogoratzen dugu plaken tektonikaren azalpena, eta, noizean behin, afariren batean edo, bada txiste hori gogora ekartzen duen lagunen bat. Gure semeek, aldiz, longitud, volumen, mecanismos, visigodos eta imperio romanoa oroituko dituzte. Paula Kasares soziolinguistari entzun nion aurrekoan: “Zein inozoak izan ginen (aurreko belaunaldiez ari zen) pentsatuta eskolan euskaraz ikasita aski izanen zela hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko”. Bai, inozoak izan ginen, baina ez gaitezen gaur egun ere inozoak izan pentsatuz D ereduko murgiltzea apetaren fruitua dela (hori ere aurrekoan entzun nuen, esalearen izena aipatu nahi ez badut ere). Ikasleek eskolan ematen duten denbora akaso ez da euskaldun hazteko nahikoa, baina, zalantzarik gabe, geroko hiztun horiek hizkuntzaren ezagutzan trebatzeko ezinbesteko tresna da. Nire kasuan behintzat hala izan zen. Murgiltzerik gabe, nola hezi ume euskaldunak? Bada, toles ditzagun liburuak, eta hiztunek eta liburuek eskertuko digute, bai, liburuek ere bai, norbaitek erabiltzen dituen seinale izanen baita.

Diglosiaren ajeak, lagunok!

Amaia Lasheras Perez

Irudika dezagun familia euskaldun bat, UEMAk arnasgunetzat hartzen duen herri horietako batean bizi dena. Familia horretan, neskato bat jaio zen mende hasieran. Ainara deituko diogu. Inguru euskaldunean hazi zen Ainara. D ereduko ikastetxe txiki batean ikasi zuen, eta, klasekide guziekin, euskaraz aritzen zen, ikasgelan nahiz kanpoan, beti. Haurtzaroko eta nerabezaroko lagun-taldea ikastetxe horretako gazteek osatu zuten; eta euskaraz aritzen ziren, beti. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa herritik kanpo egin zuen, baina, han ere, euskaraz ikasi zuen, eta ikaskide haiekin ere euskaraz mintzatzen zen beti.

Noizbait asaldatuta etorri zen etxera, ikastetxe berriko lagun batzuek akats larriak egiten zituztelako euskaraz solastatzean.

 –Ama, Obabako klasekide batzuek “ni egin dut” eta “nik joan naiz” esaten dute.

DBHko 1. ikasmailako irakasleak eskainitako liburuek Ainararen irakurzaletasuna piztu zuten. “Jara” irakurri eta gero, sail bereko gainerako liburuak eskatu zizkion amari. Gauza bera gertatu zen “Eskularru beltzak” bukatu eta gero. Durangoko azokara joaten zen urtero, eta, urte batean, ilusio handiz erosi zuen “Eta ez zen alerik ere gelditu”, baita gustura irakurri ere.

Batxilergoa ikasteko, hiri batera joan behar izan zuen. Han ere, jakina, D eredua aukeratu zuen, baina harrituta eta tristetuta itzultzen zen etxera, klasekide gehienak gaztelaniaz mintzatzen zirelako.

–Ama, batzuek ez dakite euskaraz solas egiten ere!

Urte horietan, gero eta gehiago irakurtzen hasi zen, eta euskarazko literaturarekin segitu bazuen ere, gaztelaniazko eskaintza zabalarekin txundituta, gaztelaniaz ere ikaragarri gustura leitzen hasi zen.

Batxilergoko 1. ikasturtea bukatu eta gero, euskarazko C1 titulua lortu zuen, inolako arazorik gabe.

Euskal kulturan ere, interes handia zuen. Bertso-eskolan ibili zen txikitatik eta, adibidez, azken Bertsolari Txapelketa Nagusian, saio gehienetara joan zen.

Unibertsitatera joateko orduan ailegatu zenean erabaki zuen euskaraz ikasten jarraitu nahi zuela. Espainiako unibertsitate batzuetan eskainitako ikasketak oso interesgarriak iruditu zitzaizkion, eta, nota onak zituenez, aukera zuen horietan izena emateko, baina euskaraz ikastea lehenetsi zuen.

Han ere, etsitu samar hasi zen lagun euskaldunen bila.

–Ama, gaur, ikasgelan, Lezoko mutil baten ondoan eseri naiz, eta hura bai, hura euskaraz aritzen da.

Edo

–Bai, Hondarribiko neska oso jatorra da eta euskaraz solastatzen da.

Ainararen etxean, euskaraz mintzatzeaz gain, euskararekiko kezka transmititu nahi izan zioten gurasoek, eta euskal kultura oso presente egon zen han. Aita bertsolaria eta idazlea zen (afizioz), eta ama, hizkuntzalaria.

Gure protagonista adinez nagusia zenez, gidabaimena ateratzea erabaki zuen. Herriko autoeskolara hurbildu zen, eta, han, azterketa teorikoa prestatzeko materiala eman zioten. Lehenbiziko testak egin eta gero, honela esan zion amari:

–Ama, ez dut ezer ulertzen. Zer “kristo” da errei bat? Igual, hobe nuke gidabaimena gaztelaniaz atera.

Egiazko istorio batean oinarrituta dago aurreko kontakizuna, eta, horretan pentsatzen dudanean, behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: Non egin dugu huts? Pentsa genezake ikasketa guztiak euskaraz egitearekin nahikoa dela eremu formalean euskara lehenesteko. Denok izango ditugu burutan garai batean gaztelaniaz ikasi behar izan zuten lagun euskaldun-euskaldun horiek. Eta bai, kasu horietan, ulertzen dugu idatzizko hizkuntzara hurbiltzean, gaztelaniaren edo frantsesaren alde egitea. Baina bizitza guztian euskaraz bizi eta ikasi duen pertsona batek zergatik hautatuko du gaztelania arlo formalerako?

Errei, biribilgune, bide-marra, galtzada, zeharbide, bazterbide, sestra, erdibitzaile, segurtasun-uhal, galga… Horrelako hitzekin topo egin zuen gure protagonistak autoeskolako liburua ireki zuenean.

Horietan pentsatuta, ohartu naiz termino horiek gaztelaniaz erabiltzen ditugula gehienok gure egunerokoan, pedante samarrak ez badugu izan nahi, behintzat. Autoan joaten naizenean, behin ere ez dut honelakorik esango: “Mikel, hartu ezkerreko erreia eta, hurrengo biribilgunean, joan ezkerretara”, “seme, lotu segurtasun-uhala” edo “auto honetako galga gogor samarra da”. Horren ordez, nik eta nire ingurukoek (eta ez dakit zuek), ezkerreko karrila hartuko dugu, rotondan ezkerretara joango gara, zinturona (zinturoia) lotuko dugu eta frenoa zapalduko dugu.

Aitortuko dizuet ezen, Ainararen istorioa entzunda ere, euskara salbatzeko ez naizela bat-batean hitz horiek erabiltzen hasiko (lotsa emango lidake), itzulpen bat edo testu formal bat egiteko ez bada, behintzat. Beraz, beharbada, nire ardura ere bada Ainara bezalako neskato batek gidabaimena ateratzeko gaztelania aukeratzea.

Neurri handi batean, gure subkontzientean, oraindik ere uste dugu gauza serioak, teknikoak eta zientifikoak adierazteko erdararen beharra dugula (gaztelaniarena, nire kasuan). Euskara hankamotz gelditzen zaigu horrelakoetan eta artifizialtzat jotzen dugu eskaintzen zaiguna. Horrek, jakina, ekartzen du gure gazteek ere horiek arrotz sentitzea. Egia da ikasketa guziak euskaraz egin ahal izanda gure hizkuntzak eremu batzuk konkistatu dituela, baina, ikusten denez, oraindik badago zereginik. Diglosiaren ajeak, lagunok!

Unibertsitatean euskaraz

Igone Zabala Unzalu

Unibertsitatea funtsezkoa da euskararen garapen funtzionalerako, bertan jorratzen baitira alorrez alorreko denetariko gai espezializatuak eta, beraz, bertan garatzen baitira alor horietan aritzeko beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak. Gainera, unibertsitatean prestatzen dira gizarteak behar dituen denetariko aditu-profesional euskaldunak. Adituen diskurtso-komunitateak komunitate epistemiko-diskurtsiboak direla esaten da alorreko jakintza espezializatua ez ezik komunikatzeko testu-generoak eta hizkuntza-baliabideak ere partekatzen dituztelako[1]. Hartara, ikasleek unibertsitatean ikasten dituzte beren alorreko adituen komunitateko kide bihurtzeko behar dituzten testu-generoak eta erregistroak, hizkuntza erabiltzea eskatzen dieten askotariko jarduerei esker[2]. Hori dela eta, unibertsitateko ikasleei ziklo bat bukatzen duten bakoitzean, lan akademiko bat idazteko eta ahoz defendatzeko eskatzen zaie, adituen komunitateko kide bihurtzeko ezagutzak eta komunikazio-gaitasunak garatu dituztela frogatu dezaten: gradu amaierako lana (GrAL), master amaierako lana (MAL) edota doktoretza-tesia. Lan akademikoak ezin egokiagoak dira unibertsitateko ikasleek komunikazio-gaitasun akademikoak garatu ote dituzten aztertzeko bai eta euskararen erregistro akademikoak zenbateraino garatu eta egonkortu diren aztertzeko ere. Euskararen garapenerako funtsezkoa da unibertsitateko irakaskuntzan duen presentzia bermatzea edota areagotzea eta lan akademikoak euskaraz idaztea. Ideia hori aldarrikatzeko eta argudiatzeko beharrak eraman nau, hain zuzen ere, artikulu hau idaztera, nazioartekotzearekin lotutako helburuek euskararen garapenaren helburuekin talka egin lezaketela dirudien une honetan.

Jakina da egun ingelesak erabateko hegemonia duela komunikazio akademikorako lingua franca modura. Horrek gutxiagotasun-egoeran jartzen ditu hiztun ez-natiboak, beren lehen hizkuntza ez den batean irakurri, ikertu eta idatzi behar dutelako[3]. Hori dela eta, ingeles hizkuntzaren hiztun ez-natiboek hizkuntza-gaitasunak garatu behar dituzte hizkuntza horretan, eta ohikoa izaten da unibertsitateko ikasleak eta ikertzaileak herrialde anglofonoetara mugitzea beren prestakuntza osatzera. Areago, herrialde ez-anglofonoetako unibertsitate askok ingelesa sustatzen dute irakaskuntzarako eta lan akademikoetarako.

Gurean ere ezartzen ari diren politika horiek hainbat ondorio dituzte diskurtso espezializatuen garapenerako. Batetik, ikertzaile batzuek ez dute garatzen diziplinako komunikazio espezializaturako gaitasuna beren lehen hizkuntzan eta, bestetik, ingelesaren eraginak nabariki baldintzatzen ditu lekuan lekuko diskurtso espezializatuak[4]. Batzuen arabera, joera globalizatzaileak erregistro profesionalen galera nabarmena ekarri du hainbat herrialdetako kultura nazionaletan[5]. Europaren eremuan, aipatu beharrekoa da aleman hizkuntzaren akademiak (Gesellschaft für deutsche Sprache) unibertsitateei aspaldian helarazi ziela alemana funtzionalitate mugatuko hizkuntza bihurtzeko arriskuari buruzko kezka. Europako Iparraldeko Herrialdeetan ere, duela bi hamarkada jarri zuten abian ikerketa-egitasmo bat (Nordens språk som vetenskapssparåk ‘Hizkuntza nordikoak zientzia-hizkuntza’) haien hizkuntzen helburu zientifiko eta akademikoetarako erabilera defendatzeko, nahitaezkotzat jotzen baitzuten kulturaren eta zientziaren eremuan lehiakorrak izateko. Honela definitzen zuten hizkuntzaren erabilera-eremua[6]:

«A domain of language usage: a specialist field for which a language is capable of being used, i.e. it has at its disposal the necessary means of expression and is therefore of use within this domain. A specialist field can in casu be defined as the domain of a science, a practical occupation or a category at a suitable level of the international Universal Decimal Classification system.»

Eremuen konkista ez da itzulezina, eta atzera egiteko bi modu bereiz daitezke. Eremu-galera gertatzen da hizkuntza-komunitate batek espezialitate-alor baterako komunikazio-baliabide egokiak garatzeko orduan huts egiten duenean, eta oharkabean gertatu ohi da. Eremu-uztea, aldiz, kontzientea izaten da maiz, eta askotan gertatzen da nahiz eta eremu horretarako hizkuntza-baliabideak ondo garatuta egon, adibidez, arrazoi ekonomikoengatik.

Ingelesaren hegemonia dela eta, hizkuntza nazionalen estatusa duten zenbait hizkuntza garatuk testuinguru akademikoetan dituzten emankortasuna eta biziraupena arriskuan daudela onartuta, zer ez ote da gertatuko euskararen kasuan? Euskarak konkistatu al ditu eremu akademikoak? Askotariko hiztun-profiletakoak dira ikasle eta irakasle-ikertzaile euskaldunak, baina lan akademikoak edota irakaskuntzarako materialak euskaraz ekoizten dituzten ikasle eta aditu guztiek egin behar diete aurre zailtasun eta oztopo bereziei: batetik, berrikuspen bibliografikoa egiteko erabili behar dituzten artikulu eta liburuak, beren diskurtsoa garatzeko eredu modura erabiliko dituztenak, ingelesez idatzita daude gehienbat eta, bestetik, euskarazko eskola eta irakas-materialetatik jasotzen duten inputa asistematikoa eta hobetzeko modukoa izaten da maiz.

Bestalde, ez da ahaztu behar terminologiaren eta fraseologia akademikoaren garapenak nahitaezkoa duela diskurtso-komunitate akademikoek testuak eta komunikazio-egoerak partekatzea, baliabide horiek finkatzeko, eta horien ezagutza semantiko-pragmatikoa komunitatearen erabileren bereizgarri bihurtzeko. Alorrez alorreko terminologiek oraindik ere dituzten hutsune nabarmenak alde batera utzita, azken hiru urtean aurrera eraman dugun proiektuaren emaitza batzuk aipatuko ditut[7][8]. GrAL eta MAL lanez osatutako corpus konparagarriak osatu ditugu gaztelaniarako eta euskararako[9], eta diskurtso-formula eta kolokazio akademikoak erauzi eta aztertu ditugu bi hizkuntza horietan, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresna elebiduna garatzeari begira[10]. Gure aurreikuspenen kontra, hizkuntza nagusietarako erabiltzen diren maiztasun- eta dispertsio-irizpideak aplikatuta, unitate fraseologikoen pareko zerrendak lortu ditugu euskararako eta gaztelaniarako, urte hauetan guztietan lortu den garapenaren seinale. Nolanahi ere, unitate fraseologiko zuzen eta egokiak ez ezik, zuzentzeko edota hobetzeko moduko zenbait unitate ere identifikatu ditugu. Bestalde, corpusera jotzen dugun bakoitzean konturatzen gara zaila dela oro har erabat zuzenak eta egokiak diren adibideak aurkitzea. Ondorio modura esan daiteke euskara akademikoaren garapenean aurrerapauso kualitatiboak egin direla baina bide luzea egin behar dela oraindik ere, eremu-galtze prozesu batean sartu nahi ez badugu behintzat.

Eremu espezializatuen konkistan aurrera segitzeko funtsezkoa da euskarak unibertsitatean duen presentzia babestea, baita lan akademikoak euskaraz idaztea ere. Kezkagarria litzateke, ordea, unibertsitatean sendotzen doazen nazioartekotze-politikek ikasle-irakasle euskaldunen hizkuntza-kontzientzia lausotzea eta, besteak beste, lan akademikoak ingelesez idaztera bultzatzea. Halako politikak eremu-uztea eragin lezake alor akademikoen konkista bukatu baino lehen.


[1] SWALES, John M. (1990). Genre Analysis. English in academic and research settings. Cambridge: Cambridge University Press.

[2] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.

[3] VAN DIJK, Teum (1994). Academic Nationalism. Discourse and Society 5, 275-276.

[4] GOTTI, Maurizio (2012). Academic Identity Traits. A Corpus-Based Investigation. Bern, Switzerland: Peter Lang.

[5] SWALES, John M. (2000). Language for Specific Purposes. Annual review of Applied Linguistics 20, 59-76.

[6] LAURÉN, Christer, MYKING, Johan, eta PICHT, Heribert. (2002). Language and domains: a proposal for a domain dynamics taxonomy. LSP & Professional Communication, 2 (2).

[7] ARANZABE, Maria Jesus; GURRUTXAGA, Antton, eta ZABALA, Igone (2022). Compilación del corpus académico de noveles en euskera HARTAvas y su explotación para el estudio de la fraseología académica. Procesamiento del Lenguaje Natural, 69: 95–103.

[8] Ministerio de Ciencia e Innovación erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruñako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.

[9] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean (http://garaterm-corpusa.ixa.eus/ ) integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, Bilaketa-interfaze aurreratuan, “Non” botoia sakatuta, eta “HARTAeus” aukeratuta.

[10] Oraindik ere HARTA/TAILA tresna osatzen eta fintzen ari bagara ere, kontsulta-interfaze publikoa prest dago jadanik: http://harta.ixa.eus/

Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate

Isabel Etxeberria Ramírez

Gero eta gehiago, gero eta gehiagotan. Etxean afaltzen ari garela, edo kalean nonbaiterako bidean oinez goazela, beren intereseko zerbaitez hitz eta pitz ari zaizkidanean, gaztelaniaz hitz egiten didate semeek. Harridura eta kezka sortzen dit horrek, baita lotsa ere, batez ere etxeko intimitatetik kanpo jendaurrean eta lekukoak ditugula gertatzen denean. Eta konturatu naiz zenbait estrategia garatu ditudala inkontzienteki, eta ikusten badut, adibidez, semeetako bat zerbait gaztelaniaz kontatzen ari zaidan bitartean espaloian aurrerago halako datorrela, hizpide duen gaiari buruzko galderaren bat egingo diot semeari —euskaraz, noski—, dena delako herrikidearekin gurutzatu behar dugun momentuan nire euskarazko jarduna izan dadin entzuten duena, edo semea une horretantxe euskaraz erantzutera bultzatuko dudan esperantzan.

Ez da broma. Seme nagusiak 13 urte ditu; txikiak, 8. Txikiagoak zirenean hizkuntza-banaketa bitxia egiten zuten jolasean ari zirenean, niri garai hartan (inuzente halakoa!) barregarria egiten zitzaidana. Demagun:

A: Ni pirata bat nintzen eta zu lapurra, eta altxorra lapurtu nahi zenidan.
B. Bale. Dime dónde está el tesoro!
A: Nuncaaaaaa!
B: Eta orduan nik ezpata magiko bat ateratzen nuen. Dime dónde está el tesoro o te daré con mi espada mágica.
A: Eta orduan nik nire lagun dragoiari deitzen nion. Dragón, ayúdame! Tenemos que quitarle la espada!

Banaketa argia da: narratzailearen ahotsa, argibideak, hizkuntzaren erabilera instrumentala, euskaraz; edukia, fikzioa, hizkuntzaren erabilera estetikoa, gaztelaniaz. Hau da, funtzionatzeko, euskara erabiltzen zuten. Baina adierazkortasuna bilatzen zutenean, gaztelaniara jotzen zuten. Zergatik? Garai hartan beren fantasiak eta asmakizunak elikatzen zituzten ereduak gaztelaniaz jasotzen zituztelako nagusiki, marrazki bizidunen, filmen eta bestelako bideoen bitartez. Haien begietara, piratak, lapurrak, dragoiak, superheroiak eta dinosauroak gaztelaniaz mintzo ziren.

Bada, semeak koskortzen ari dira, eta haien interesak (zaharrenarenak batez ere) gero eta lotuago daude ikus-entzunezkoetara: telesailak, bideojokoak, streamerrak, youtube shorts, tik-tokeko bideoak… Gaur egun haien artean eta gurekin dituzten elkarrizketak eduki horiei buruzkoak izaten dira neurri handi batean, horixe baita haientzat une honetan, guk nahi ala nahi ez, haien bizitzetako atal garrantzitsu bat. Hala, bada, seme nagusiak ilusio handiz bideojoko batean maila goragoko bat nola lortu duen esplikatzen didanean, gaztelaniaz azaltzen dit. Eta seme txikiak bere gustuko telesail batean pertsonaia batek beste bati egin dion zirtoa barre-algaraka errepikatzen didanean, gaztelaniaz kontatzen dit. (Eta hau esanda, zera bururatu zait: gure seme txikiarentzat umorearen eta adierazkortasunaren eredu nagusietako bat estatubatuar gidoigile batek ingelesez pentsatu eta beste norbaitek gaztelaniara itzulitako txisteak eta hitz-jokoak direla. Marka da, gero!).

Haien arteko elkarrizketek ere txikiagoak zireneko haiek gogorarazten dizkidate neurri batean, baina gazteleraren pisua are handiagoa da orain. Adibidez:

A: Badakizu egin ahal duzula una máquina para teletransportarte a tu casa cuando quieras?
B: Bai. Baina kalkulu hori egiten duzu eta izango zen super zaila.
A: Bai, baina nola egiten duzu la máquina?
B: Ez dakit.
A: Nola egin ahal duzun con arena de almas y agua un ascensor…?
B: Bai.
A: Ba jartzen duzu un ascensor de esos. Lurrean. Tiras un ender pearl y el ascensor sube el ender pearl, y se queda arriba y no se choca con nada. Pones al lado un pistón y una palanca. Imagínate que estoy super lejos. Le digo a X: X, por favor, teletranspórtame. Le da a la palanca, entonces el pistón se abre, toca la ender pearl y yo me teletransporto ahí. Ulertzen duzu?
B: Bai.

Hau da errealitatea, lagunok. «Hau da gure etxeko errealitatea» esan beharko nuke agian, baina egingo nuke inguruan adin bertsuko haur eta gaztetxoak dituzuenoi ez zaizuela arrotza egingo erretratua.

Inoiz zaharrenari ohartarazi izan diodanean («konturatzen al zara bost minutu daramazula niri gaztelaniaz hitz egiten?»), gaztelaniazko zerbait kontatzen ari zitzaidala erantzun dit. Eta ondoren: «Ni ez naiz itzultzailea, ama». Hori da, nire ustez, kontua: ez dutela zertan itzultzen aritu, beste hizkuntza batzuetako gaztetxoak aritzen ez diren bezala. Euskarara itzulita (edo euskaraz sortuta) jaso beharko lukete dena, baina erdarara itzulita (edo erdaraz sortuta) jasotzen dute gehiena. Haientzat inportanteak diren erreferenteak erdaraz iristen zaizkie.

Batek pentsa lezake halako edukiei buruz hizketan ari direnean bakarrik jotzen dutela erdarara. Baina konturatuta nago azken aldi honetan bideojoko eta telesailetatik kanpoko kontu pertsonalez ari direnean ere gaztelaniara pasatzen direla batzuetan. Eta etxe barruko erabileraz ari naiz; guri —guri!— erdaraz hitz egiteaz. Bestea, kalekoa, lagunen artean erdaraz aritzearena, galdutako borrokatzat jotzen dut aspalditik. Bada, dena delako kontakizuna emozioz jantzi nahi dutenean —etxeko lanengatik purrustadaka ari direnean, adibidez, edo eskolan ikaskideren bati gertatuko injustizia batez…— gaztelania erabiltzen dute tarteka. Beren diskurtsoa indartzeko gainantzezten dutenean, alegia, euskara motz-edo geratzen zaie, eta gaztelaniara jo behar izaten dute adierazkortasun bila.

Baten bati zalantza piztu balitzaio ere… Gure semeek gero eta gaztelania gehiago erabiltzeak ez du zerikusirik euskararen zailtasunarekin. Gure semeek lasai asko esan dezakete diezazuket, eta ez dute batere arazorik erlatibozkoak erabiltzeko. Gakoa beste bat da hemen: interesgarriak zaizkien eta erreproduzitu nahiko lituzketen edukiak eta hizketa moldeak erdaraz jasotzen dituzte.

Hiztun-lotsa baten harira

Juan Luis Zabala

Eman dezagun Frantziako Tourreko etapa bat ikusten ari zarela lagun batekin.

Mikel Landa ihesaldiko txirrindularien artean dago, eta pantailan erakusten den aldi bakoitzean besoa altxatzen du, poto bat eskuan duela, ur eske.

Halako batean, ordea, helikopterotik ikusitako gaztelu dotore baten eta iheslarien atzetik datorren tropel nagusiaren ikuspegi orokor baten ondoren, berriro ageri da Landa pantailan, baina oraingoan, eta hurrengo agerpenetan, ez du urik eskatzen.

Zer esango zenioke lagunari?:

a) “Ura eman bide diote, eskatzeari utzi dio eta”.

b) “Ura emango zioketen, eskatzeari utzi dio eta”.

c) “Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

d) “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

Antzeko galdera bat planteatuz egin zuen kontsulta orain hurrengoan Joxe Mari Berasategi itzultzaileak Itzuliz Itzulpen Zerbitzuan, eta erantzun ugari jaso zituen, neurea ere tartean.

Lau aukera horien artean, laugarrena iruditzen zait niri egokiena, eta horretarako dauzkadan motiboen berri eman nion Joxe Mariri, gaiaren harira egin nituen hainbat gogoetarekin batera. Hona ekarriko dut, orain, orduan idatzi nuena, edo orduan idatzi nuenaren mamia bederen.

Aukeratutako forma hori —laugarren adibidekoa, “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”— Azkoitiko eta inguruko “zaharrengandik” ikasi dut (ni baino are zaharragoengandik, alegia), baina ez naiz hizketan erabiltzeko kapaza, ezinezkoa zait, ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran aritzean, eta ez batuan aritzean.

Zergatik ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran? Nire adinari eta hiztunak esleitzen didan hizkuntza-gaitasunari ez dagokion hizketa-moldea erabiltzen ari naizela sentituko nukeelako, eta horrekin solasaldiaren naturaltasuna urratzen ari naizela, hiztunon arreta neure hizketa-moldera desbideratzea eragitearen ondorioz.

Zergatik ez batuan hizketan aritzean? Pedante edo sasijakintsu itxura emateko beldurrez.

Ez nuke, beraz, inoiz eta inola, hizketan ari naizela, esango (nahiz eta egokiena iruditu):

“Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabaturik izango du, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketurik izango da, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Baizik eta:

“Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabatuko zuen, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketuko zen, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Idazketa da, horrenbestez —euskara batuko idazketa, jakina—, nik forma horri, hiztun-lotsarik gabe, presentzia eta bizitza ematen jarraitzeko dudan bide bakarra.

Azkoitian gazteak, oro har, oso harro daude beren euskararen naturaltasunaz, jatortasunaz eta aberastasunaz, hala sumatzen ditut nik behintzat, eta ez zaie arrazoirik falta horretarako, euskara bizi eta naturala darabilte oro har. Bejondeiela! Baina belaunaldiz belaunaldi gertatzen ari den galera nabarmena da.

Okerrena da norberaren hizkerarekiko harrotasuna, kasu askotan, batuarekiko halako gutxiespen batekin lotzen dela, eta hori ere sumatu izan dut Azkoitian eta beste hainbat “arnasgunetan”.

Ondorioa begien bistakoa da, nire ustez: batetik, herriko hizkeretan bilatu behar du —ez soilik baina bai neurri handi batean— hazkurria eta adierazkortasuna euskara batuak; bestetik, herriko euskara jakite hutsa ez da nahikoa, batuaren gutxieneko ezagutzarik eta praktikarik gabe, gaur eta hemen behintzat, euskaltasun kultural praktiko eta txukun baterako, hori gabe hiztunik jatorrenak ere erdararekiko menpekotasun handia izango baitu, batez ere —baina ez soilik— lagunartetik edo etxeko girotik aparteko gaietan.

Batua baita, azken batean, Azkoitiko zaharrenek hitzetik hortzera darabilten forma nire ustez aberats era adierazkor horri bizirik eusteko modu bakarra.

Artikulu honek panfleto itxura hartu duenez, lelo batekin amaituko dut:

Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua!!!