Gaitzaket

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Haundi/handi, urdinskara/urdinkara, atzorako/atzoko, gaurgeroz/gaurgero, ordurarte/ordura arte, sentimentu/sentimendu… Horietan guztietan, lehen aukera ez da hiztegietan jasotzen, edo idazkera okertzat jotzen da; bigarren aukera da, denetan, euskara estandarrerako gomendatzen dena. Bada, lehen idazkera ez gomendatu horiek ugariago ageri dira euskal idazleen liburuetan euskarara egindako itzulpenetan baino. Blog honetan behin baino gehiagotan azaldu dudanez, nire doktorego-tesian euskarara itzulitako literatur testuetako eta euskal idazleek zuzenean euskaraz sortutako literatur testuetako hiztegia konparatzen aritu naiz, eta dela koloreak aztertzen jardun dudanean, dela denbora-adberbioez edo emozioak adierazteko kolokazioez aritu naizenean, idazkera okerreko aldaerak euskal idazleen testuetan euskal itzultzaileenetan baino ugariagoak zirela ikusi dut.

Doktorego-tesi bat ez da elukubrazioetarako lekua. Datuetan behatutakoa jaso ohi da tesietan; egiaztatu ahal izan den hori, alegia. Intuizioak belarrira xuxurlatzen digunak ez du kabidarik izaten zorroztasun zientifikoa gidalerro duten testu generoetan. Eta beraz, lortutako datuak esplika litzaketen arrazoiez hipotesi gisa baino ez ohi da hitz egiten, eta etorkizunean urratu litekeen ikerlerro gisa gehienetan. Ni hanka-puntetan pasatu nintzen arrazoien gainetik nire doktorego-tesian, eta ez nuen ia hipotesirik aurreratu idazleengan antzemandako zabarkeria handiagoa edo itzultzaileen zuzentasunerako joera nabarmenagoa esplikatzeko, nire intuizio horiek tesia ebaluatuko zuen epaimahaiaren aurrean behar bezala defendatu ezin izango nituela iritzita. Baina hemen, lagunarteko foro informalago honetan, gustura egingo dut gogoeta ozenki zuekin.

Harira, beraz. Zergatik ageri dira haundi, ordurarte eta sentimentu gehiagotan idazleen testuetan eta gutxiagotan itzultzaileen testuetan? Lehen kolpean ezagutzarekin lot genezake auzia: idazle gutxiagok dakite, itzultzaileen aldean, sentimentu ez baizik eta sentimendu dela idazkera zuzena. Baina uste dut bat etorriko garela denok onartzean jakin gauza gutxi dakizkigula berez idazleok eta itzultzaileok, eta zer non kontsultatu jakitea dela, oro har, menderatzen dugun artea. Hau da, itzultzaileek ez dute sentimentu gutxiagotan idazten idazkera okerra dela badakitelako, ezpada idazkera zuzena ote den egiaztatzeko ardura idazleek baino gehiagotan hartzen dutelako. Jarrera kontu bat ikusten dut nik hemen, eta ez ezagutza kontu bat. Sinplifikazioak arriskutsuak dira, baina lagun artean gaude-eta jo dezagun parodiara: itzultzaileak โ€”#ezitzultzaileguztiakโ€” txintxo eta arauaren aurrean esanekoago jokatzen ahalegintzen dira, eta idazleak โ€”#ezidazleguztiakโ€” arautik askeago sentitzen dira.

Zer dela eta lotuago vs askeago sentitze hori? Zenbait ideia bururatzen zaizkit niri, denak elkarri lotuak eta elkarren kausa edo ondorio gisa uler daitezkeenak. Hona hemen:

  • Itzultzaileak beste baten testua du esku artean, eta berea balitz baino ardura handiagoz tratatzen du horregatik. โ€œNorberarenean tira, baina besterenean ez dadila nire erruz akatsik egonโ€. Parkean umeekin gaudela, beste guraso batek enkargu bat egitera doala-eta bere haurrari begiratzeko eskatzen digunean bezala: haur hori non zertan ari den zaintzen dugu une oro, geurearekin baino arretatsuago. Itzultzailea subsidiarioa da, eta gehiago eskatzen dio bere buruari: ezin du titularrarenean zuzena zena akastun bihurtu.
  • Sorkuntzak badu jainko izatetik zeozer. Egile garenean aurrez existitzen ez zen zerbait sortzen dugu ezerezetik. Esango nuke โ€”barkatuko ahal didazue psikoanalisia egiteko ahalegin txatxar hauโ€” ahalmen horrek berezi sentiarazten gaituela, mugen eta arauen gainetik gaudela sinestarazten digula. Eta beraz, idazten ari garenean sueltoago-edo jokatzen dugu, erlaxatuago, itzultzen ari garenean ez bezala. Goragoko kezkak izaten ditugu idaztean, eta ez gara huskeriez arduratzen.
  • Idazleak badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela, berak axolagabe lotu gabe utzitakoak lotzera. Eta erlaxatu egiten da berriro.
  • Itzultzaileak ere badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela. Baina itzultzaileari maiz zuzentzailea izatea tokatzen zaionez, ondo daki zer non zaindu, eta lanak eginda edo oso aurreratuta entregatzen du testua.

Sormen edo itzulpen lan batean egileak eta itzultzaileak ez ezik beste esku batzuek ere parte hartzen dute. Hain zuzen ere, tesiaren defentsan epaimahaikideetako batek argitaletxeek honetan guztian duten funtzioaz galdetu zidan. Esango nuke aurretik aipatu ditudan ideiekin lotura estua duela euskal editoreen jokamoldeak:

  • Editoreek erreparo gutxiago izaten dute ziurrenik idazkera okerrak itzultzaileari zuzentzeko idazleari zuzentzeko baino. Azken batean, itzultzailea ez da egile-egilea, testua ez da bere-berea, eta errazago onartuko ditu iradokizunak.
  • Horrek berekin dakar itzultzaileak, zuzenketa gehiago eta gehiagotan egiten zaizkionez, autoexijentzia handiagoz jokatzen ikasten duela, testuak hasieratik txukunago entregatzeko.

Idazkera zuzenak gora eta behera aritu naiz hamar bat paragrafotan, itzultzaileak subsidiarioak eta arauari lotuak direla esan dut, idazleak jainko txiki eta apetatsuen pare jarri ditut… Baina aizue, itzulpenean dena ez da itzalean geratzea eta xuxen jokatzea. Itzulpenak ere badu sortzetik, asmatzetik, haustetik, jolastetik… Tesiaren defentsan beste epaimahaikideetako bat kexu agertu zitzaidan pasarteren batean itzultzaileak otzan edo esanekotzat jo nituelako. Eta arrazoia eman behar diot. Itzultzaileak esanekoak izan ohi dira estandarraren idazkerari dagokionez, baina ederki dakite araua hausten eta sorkari zoragarriak proposatzen egokiera dutenean. Testu honi jarri diodan izenburua da horren adibide. Warsan Shire kenyar poetaren โ€œBackwardsโ€ poema euskaratzean[1] Maialen Berasategik egindako proposamena da gaitzaket. Hementxe, zehazki:

I can make us lovedย ย ย ย ย ย ย  โ†’ย ย ย ย ย ย ย  Egin gaitzaket maitatuak

Ez al da zoragarria?


[1]Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete dituela-eta kaier berezia argitaratuko du aurki Susa argitaletxeak. Kaier horretan, MPK bilduman orain arte aritu diren itzultzaileek beren gustuko poema bana euskaratu dute. Maialen Berasategik Warsan Shire kenyarraren โ€œBackwardsโ€ (โ€œAtzerakaโ€) aukeratu eta itzuli du.

Irakurzaletasuna sustatzeko plana

Amaia Lasheras Perez

Ikasturte honetan, irakurzaletasuna sustatzeko plan bat ezarri nahi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Bigarren Hezkuntzan. Asmoa txalotzekoa da, bai; beharbada ohartuko ziren ezen, teknologia berrietan milioiak eta milioiak xahutu eta gero, ikasleen โ€œemaitzakโ€ ez direla hobetu eta bertze nonbaitetik jo behar dutela, baina, tira, hori bertze eztabaida bat da.

Lehengo ikasturtearen bukaeran jakinarazi zidaten ni izanen nintzela plan horren koordinatzailea gure ikastetxean. Lantalde bat sortu dugu eta orain esperoan gaude 35 orduko prestakuntza jasotzeko, horretan lanean hasi baino lehen. Emanen ote digute gazteengan irakurzaletasuna pizteko formula magikoa? Aitortu behar dizuet eszeptiko samarra naizela. Uste dut gai horren inguruan dena asmatuta dagoela. Hala ere, irrikitan nago zer proposatzen diguten aditzeko.

Hizkuntza-irakaslea eta ama izanda, beti kezkatu nau gazteengan irakurtzeko grina nola piztu. Irakurriz igaro ditut nire bizitzako une hoberenetako batzuk, eta opari bikaina iduritzen zait ingurukoei aukera hori ere ematea. Gozamenaz harago, irakurtzeak ba omen dakartza bertze onura batzuk ere: idatzizko fikzioan murgiltzeak eragin antidepresiboa omen du; estresa guttitu eta tentsio muskularra aritzen omen du; arreta eta kontzentrazioa lantzen laguntzen omen du, eritasun neurodegeneratiboen kontra babestu eta espiritu kritikoa sustatu. Intelektualki azkarrago ere bihurtzen omen gaitu letretan murgiltzeak, analisi-gaitasuna eta sormena handitzen omen baititu, baita, logikoa ematen duenez, hizkuntzaren arloan trebeago bihurtu ere. Iduri lezake zerrenda luze horrek bakarrik animatu behar lituzkeela belaunaldi gazteenak leitzera. Baina, zoritxarrez, gazte anitzek ez dute inolako interesik. Ikastetxean agindutakoa baino ez dute irakurtzen (eta, batzuetan, lan horien laburpenak baino ez). Eta are okerrago, irakurzaletasuna aitortzera ausartzen diren ikasleak bertzeen aurrean barregarri uzten saiatzen dira gelakideak, honelakoak erranez: โ€œIrakurtzen duzu? Hain aspertua zaude ala?โ€.

Nire ustez, askotariko faktoreek pitzarazten edo zaputzarazten dute irakurzaletasuna. Batzuek diote esperientzia bakar batek esnarazi ziela irakurtzeko grina. Lagun batek, adibidez, kontatu zidan ttikitan ebakuntza bat egin ziotela eta, bizpahiru astez ohatzean egon behar izan zuenez, orduan irakurtzen hasi zela.

Nire kasuan, ez dakit seguru zein izan zen faktore gakoa. Gure etxean, beti izan dira liburu anitz, eta gure aitak arratsalde gehienak pasatzen zituen liburu bat eskutan zuela. Eredua garrantzitsua omen da. Gibelera begiratuta, zenbait oroitzapen etortzen zaizkit burura galdera horri erantzuteko Nire hamaikagarren urtebetetzean, liburu bat oparitu zidaten. Hartu nuenean, nire artean pentsatu nuen: โ€œA ze opari kaxkarra!โ€. Baina gogoratzen naiz liburu hura bukatu arte ezin izan nintzela lokartu gau hartan. Adin bertsuan, gure andereรฑoak liburutegi bat sortu zuen ikasgelan, guk etxetik ekarritako liburuekin. Irakasle hark liburutegiko arduraduna izendatu ninduen. Koaderno batean idatzi behar nuen liburuak noiz hartzen genituen eta noiz bueltatu, eta, hala, nire klasekideek zenbat irakurtzen zuten jakin nezakeen. Nire izaeraren alderdi ilun bat aitortuko dizuet: hagitz pertsona lehiakorra izan naiz beti. Hala, ikasturte horretan liburu gehien irakurtzen zuena izan nahi nuen, baita lortu ere (jakina, nik bakarrik jakin nuen neronek asmatutako lehia hura irabazi nuela, kar, kar, kar). Ongi irakurtzen irakurriz ikasten omen denez, dudarik gabe, eskola polita izanen zen urte hura niretzat. Gehiegizko lehiakortasun hori agerian uzten duen beste oroitzapen bat ere badut gai honekin lotuta. 13 urte nituela, Torcuato Luca de Tenaren eleberri bat leitu behar genuen ikastetxerako. Nire lagun minaren etxean, irakurtzea derrigorrezkoa zen, eta bazituzten tarte batzuk zehaztuta familia guzia batera irakurtzen aritzeko; beraz, lagun hark ohitura handia zuen, baita kultura literario itzela ere (pedante samarra ere bazen gai horrekin). Hala, lan hura irakurtzea agindu zigutenean, berak harro-harro erran zuen idazlearen bertze lanen bat irakurria zuela eta liburukote hori huskeria hutsa zela berarentzat. Horrek nire alderdi lehiakorrena piztu zuen berriz, eta, egun horietan, asmo bakarra izan nuen: โ€œRakelek baino lehenago bukatu behar dut liburuaโ€. Burutan dut goizetan nola aritzen nintzen letrak irensten eskolara joateko kuleroak eta galtzerdiak janzten nituen bitartean. Orduko hartan ere, nire buruari ezarritako leiha irabazi nuen. Gerora, nerabezaroaren hasierako urteetako arratsaldeak liburu artean eman nituen. Logelako alfonbraren gainean etzanda gogoratzen dut nire burua, โ€œBostakโ€, Hollistertarrak, Puck, O’Sullivan bikiak, Poirot eta Miss Marple lagun nituela. Gibelera begiratzen badut, alfonbra hartan pasatutako denbora dut urte haietako oroitzapenik hoberena. Maiz, nerabezaroa ez da arorik atseginena izaten; konplexuz eta beldurrez beteta bizi nintzen ni, eta babesleku bihurtu nuen liburuetako mundu hura. Gero, garai hobeak etorri ziren, noski, eta alfonbra horretatik altxatu eta mundura atera nintzen, baina liburuen โ€œpozoiaโ€ zainetan neukan ordurako; ez zegoen atzerabueltarik. Eskerrak!

Nire hasierako irakurle-ibilbidea ikusita ulertuko duzue nire eszeptizismoa, ezta? Zer egiten ahal dugu ikastetxean gaztetxoak irakurle bihurtzeko? Liburu erakargarriak eskaintzeaz gain, ez zait bertzerik gogoratzen. Gurasoei behin eta berriz errepikatu eredua ematea hagitz garrantzitsua delaโ€ฆ Ez dakit nola piztuko zen zuen irakurzaletasuna. Nire kasuan, ikusi duzuenez, aitortu nahi ez nituzkeen gauzak (gaixo-lehiakortasun ezkutua, nerabezaroko minakโ€ฆ) izan ziren pizgarririk handiena. Hori nola orokortu? Gainera, ezin dugu ahantzi nire errezeta baliagarria izan zitekeela orain dela 35 urteko gizarterako. Gaur egun, segur aski, bideo-jokoetan aseko nuke nire irabazteko grina eta tik-tokeko bideoak ikusiz estaliko nituzke barruko penak.

Urtegi bat hezetasuna besterik ez zegoen tokian

Castillo Suarez

Cesanteseko portuan ezagutu nuen Marta Eloy Cichocka poeta eta argazkilari poloniarra, Galizian. Handik txalupa txiki batean joan ginen San Simoneko uhartera astebete pasatzera. Maletak utzi eta irla arakatzera joan behar genuela esan zidan. Niri beldurra sortzen zidan itsaso beltzak, isiltasunak, ezezaguna den guztiak. Marta hizlaria zen, irekia, ausarta seguruena nik gertu edukitzeko aukeratuko ez nuen pertsona bat urduri jartzen ninduelako; baina berak aukeratu nuen ni, eta nahita edo nahi gabe, uste dut betiko adiskide bat egin nuela ustekabean. Irlan hainbat poeta, sukaldari bat, zerbitzari bat eta segurtasunerako langile bat geunden. Hori izanen zen astebeterako nire unibertsoa. Gure eginkizuna, elkarren poemak itzultzea gaztelania zubi-hizkuntza hartuta. Tartean ginen Poloniatik Marta Eloy Cichocka bera, Suitzatik Jessica Zuan, Errumaniatik Corina Oproae, Estoniatik Kai Aareleid, Euskal Herritik ni neu eta Galiziatik Xabier Cordal, eta dena koordinatzen Yolanda Castaรฑo poeta galiziarra. Aldez aurretik poemak itzulita geneuzkan, eta astebete horretan zuzenketak egitea zen gure eginkizuna; hori eta zalantzak erantzutea. Nik Fernando Reyren itzulpenak helarazi nizkien gainerako poetei aldez aurretik. Alde horretatik, lasai nengoen Reyren itzulpenekin noranahi joan zaitezkeelako. Nire testuak zuzentzea tokatu zitzaidanean, saiatu nintzen ahalik eta hobekien erantzuten galderak, baina Cichocka ez zegoen inoiz konforme. Neronek itzultzea eskatu zidan, itzultzaile automatikoak erabiltzen zituen, galderak egiten zituen etengabe. Une batez hezetasuna hitzean geratu ginen. โ€œNik urtegi bat ikusten dut hemenโ€ bota zuen. Kontatzen hasi nintzen orduan Nafarroan Itoizko urtegia egin zutela duela hainbat urte, eta jende asko haurtzaroko paisaiarik gabe geratu zela. Tokien doluaz aritu ginen. Paisaia sentimentalaren garrantziaz. Kontatu nien behin maitatu nuela gizon bat, gortinarik ez zuela leihoetan dermio osoa zelako berea. Su hartu zuela bere jaiotetxeak eta etxe berria egin behar izan zuela. Baietz esan nion, urtegia zegoela poema horretan, ezkutuan. Izan ere, batzuetan bizi izandako lekuaren parte bihurtu garela ematen du. Edo beharbada gutako bakoitza leku bat da beste batendako.

Hitanoak literaturan lekurik ba ote?

Xabier Olarra

Duela hilabete batzuk blog honetarako idatzitako Hika nork bere buruari artikuluxkan esan nuen erabat txunditurik gelditu nintzela Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue saiakeran hitanoari buruz esandakoekin. Eta beste hiru artikulu beharko nituela hango โ€œargudioeiโ€ erantzuteko. Hemen doa lehenbizikoa.

Dudarik gabe, oso aholku onak ematen ditu idazkera ulerterraza lortzeko: hitz arruntenak aukeratu, elkarrizketak belarrirako idatzi (irakurketa ahalik eta gozoena izan dadin), eta abar luze bat. Baina hitanoak literaturan izan behar lukeen lekuari buruz esaten dituenekin ezin naiz ados egon, ez argudioetan, ez arrazoibideetan, ez ondorioetan.

Hiru artikuluxka horiek idatzi nituenean, ez nekien bazenik hitanoa erabiltzearen zilegitasuna โ€“batez ere literaturaren arloanโ€“ zalantzan jartzen zuenik, nahiz eta entzuna nuen idazle ospetsuren batek esana zuela โ€œHori, zertarako?โ€ edo holako zerbait. Hortaz, erabilera egoki baterako nolabaiteko jarraibide batzuk tonto-tonto ematea-edo zen nire asmoa, besterik gabe. Ez nekien, esate baterako, goian aipatu liburuan hitanoaren erabilera literarioari โ€œosoko zuzenketaโ€ egiten zitzaiola.

Esate baterako, honela dio Kontuz hitanoarekin atal mamitsuan:

โ€œLiburu honek izan ditzakeen irakurleei galdetuko bagenie normalean hika hitz egiten duten, gehiengoak ezetz esango luke. Euskaldun gehienok โ€“ia guztiok ez esatearrenโ€“ zuka hitz egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba, kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean, gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egin duen moduan, alegia. Ez dago esan beharrik ere literaturan hitanoa erabil daitekeela โ€“egin, norberak nahi duen guztia egin liteke, inoren baimenik beharrik gabeโ€“. Are gehiago, idazle askok erakutsi digute gai direla, pertsonaiaren adinak, generoak eta jatorriak posible egiten duenean, hitanoaren erabilera adierazkorra, plastikoa, interesgarria eta ederra egiteko. Nahita ere, nik neuk ezingo nukeela aitortu behar dizuet. Eta aitorpenak egiten hasita, ez dudala nahi ere esango dizuetโ€. (Komatxoen arteko aipu guztietako beltxak, harridura edo galdera-markak nireak dira, artikulu guztian)

Holako argudio soziolinguistiko ahula argudio gisa erabiltzea (non eta Iruรฑean!) harrigarri egiten zait. Esate baterako, honelako zerbait irakurriko bagenu euskararen erabilerari buruz, txatxukeria galanta irudituko litzaiguke:

โ€œCuidado con el euskera. Si preguntรกramos a los posibles lectores de este libro si normalmente hablan euskera, la mayorรญa responderรญa que no. Porque todos los navarros โ€“por no decir todosโ€“ hablamos en castellano. Por lo tanto, ยฟquรฉ serรญa lo mรกs lรณgico? Pues, que no habiendo motivo justificado y verosรญmil, los personajes de nuestros libros hablaran en castellano, como lo hace la gente. Es evidente que en el terreno de la literatura se puede utilizar el euskera โ€“por hacer, se puede hacer cualquier cosa, sin permiso de nadieโ€“. Es mรกs, muchos escritores nos han demostrado que son capaces de hacer un uso del euskera expresivo, plรกstico, interesante y hermoso. Tengo que confesar que yo no serรญa capaz aunque me lo propusiera. Y, puestos a hacer confesiones, tambiรฉn os dire que no me da la ganaโ€.

Barkatu manipulazio merkea, baina hori izan zen paragrafo hori irakurri nuenean burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza.

Beste argudio soziolinguistiko bat ere erabiltzen du, garrantzi handikoa, dudarik gabe:

โ€œBestalde, ezin dut imajinatu euskaraz ikasten ari den jendeak honi buruz pentsatuko lukeena, eta aitaguretasunez (!?) jokatuko nuke inoren izenean hitz egingo banu, baina imajinatzen dut euskaraz irakurtzen ikasten urteak eman dituen edonorentzat frustrantea izan daitekeela ulermena oztopatzen duen zailtasun berri bat literaturan topatzea. Ahal dela, erraztasunak jartzea tokatzen zaigula uste dut, zor itzela dugulako euskaldun berrien nazio librearekinโ€. (Ez dut inon aurkitu โ€œaitaguretasunaโ€, agian paternalismoa esan nahiko du)

Argudio serioa dirudi. Beraz, gaur gehiegi ez luzatzearren, hurrengo baterako utziko ditut horri buruzko komentarioak. Gaurkoz aski dugu beste perla batzuekin:

โ€œ(…) niretzat hitanoa arrotzegia dela eta, zabar esanda, ez zaidala gustatzen. Mendebaldeko kostako euskalkietatik gatozen gehienontzat hitanoa gauza benetan martzianoa daโ€.

Aurrerago, beste hau dio:

โ€œBaina adibide anekdotiko hori kenduta, niri ez zait okurritzen hitanoa modu naturalean erabiltzeko aukera handirik (Susa argitaletxeko erredakzioan kokatutako nobela bat-edo aipatzen du). Ukatu ere ez dut ukatzen egon daitezkeenik (eskerrak!), nahiz eta niretzat, esan dizuedan moduan, apur bat amorragarria suertatzen den. Aresti parafraseatuz, โ€œzer egingo diot, ene mania bat daโ€.

Gaztelaniazko esapide ospetsua itzuliz, honela laburbilduko genuke Jimenezen arlo honetako jarduna: Premia bertute bihurtu.

Niri, berriz, amorragarria egiten zaidana da (eta ez apur bat, baizik oso) norberaren maniak kategoria bihurtu eta besteoi paradisuaren ateak zabaltzen ari zaigula pentsatzen duenaren jarduna. Uste dut hori baino gehixeago behar dela erdi lokartuta egoteko adina dugunon begiak zabaltzeko.

Eta literaturaz ari bagara โ€“eta fikzioaz berezikiโ€“ ezin konta ahala nobelagai bururatzen zaizkit hitanoa modu naturalean erabiltzeko (hala ere, seguru aski Jimenezentzat eta niretzat โ€œnaturalaโ€ ez da gauza bera). Atzo bertan topo egin nuen Donostian (Andu Lertxundiren Berbelitzen hiztegia liburuaren aurkezpenean) Jim Thompsonen 1280 arima, 1985. urte urrun hartan euskaratu nuena, natural-natural eta irribarre gaiztoa ezpainetan zuela irakurri zuen bat. Ez nuen ezertatik ezagutzen. Zarauztarra zen, eta, jakina, horiek salbuespen erabatekoa dira, antza. Horregatik pentsatu nuen nobela itzuli nuen garaian, besteak beste, nobela beltzaren arloan erabilgarria izan zitekeela hitanoa.

Baina literatura โ€œjasoagoโ€tzat dauzkagun beste hainbat nobelatan ere erabili izan dut harrezkero. Esate baterako, naturala iruditu zitzaion Molly Bloomi bere buruari noka aritzea. Etengabe irudikatzen dut nire amona โ€“adinez Mollyren kintakoaโ€“, lobulu frontaletan jasandako istripu baten ondorioz-edo, gordinkeria horiek errenkadan botatzen. Zer egingo diot, ba? โ€œEne mania bat daโ€.

Eta hemen utziko ditut gaurkoz nire burutazioak, hitanoklasten kontrako gurutzada honetan hitanoplasta bihur ez nadin. Badakit Jimenezi ez zaizkiola gustatzen honelako hitz-joko merkeak, baizik umore ingelesa, eskoziarra, irlandarra eta iparramerikarra, baina hori nire irispidetik kanpo dagoenez, gutxiagorekin konformatzen naiz. Zer egingo diot, ba? โ€œEne mania bat daโ€.

Zubiak eta borroka

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Itzulpengintza zubiekin alderatzen dugu maiz. Zubiak bi aldeetan daudenak harremanetan jartzeko dira eraikitzen, onuragarritzat hartzen ditugu, eta gustuko dugu itzultzaileak zubigileak garela esatea, eta sinestea. Eta izan, hala da, baina zubiak ez dira beti asmo onez eraikitzen, edo ez behintzat zubiaren bi aldeetan daudenen mesede.

Zubiak, adibidez, oso lagungarriak izan daitezke ibaiaren beste aldekoak mendean hartu nahi dituzten erasotzaileendako. Administrazio kolonial britaniarrean, itzulpenak berebiziko zeregina bete zuen, erruz baliatu baitzen tokian tokiko biztanleei buruzko datuak biltzeko eta agintari kolonialen eta mendean hartutakoen arteko komunikazioa errazteko.

Kolonizatuen mitologia, literatur lanak eta ahozko kontakizunak ez dira soilik jakin-minaren, ezagutzaren eta bakezko asmoen amoreagatik itzuli, azpiratuak hobeki ezagutzeko eta modu eraginkorrago batean menderatzeko baizik.  

Itzulpenek orobat balio izan dute besteak eta besteen hizkuntzak exotizatzeko (batzuetan, itzultzaileek, nahita edo nahi gabe, besteen kultur sistemak oker ulertu dituztelako); edo, aitzitik, desberdintasunak txikitzeko edota hutsaltzeko.

Eta, horrez gain, itzulpena oso garrantzitsua izan da metropoliaren ohiturak, balioak eta erlijioa hedatzeko, eta, hortaz, administrazio koloniala errazago ezartzeko.

Itzulpena boteretsuenen alde erabiltzen den baliabide bat izan daiteke edo, aitzitik, botere gutxiago dutenen ahotsak entzunarazteko eta zabaltzeko tresna.

Palestinar literaturako sei liburu[1] itzuli dira aurten euskarara, eta haietako bi ยซItzulpena borroka daยป izenburuko saio batean aurkeztu zituzten joan den astean. Zubi horiek igarotzeko irrikaz nago.


[1] Hauek dira: Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz, Rifqa, Detaile xume bat, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka, Gazako egunerokoa eta Herri-gerra Palestinan: Okupazioaren arkitektura eta estrategia militarra.

Itzultzaileen ikusezintasuna

Josu Barambonesย Zubiria

Itzultzaileen ikusezintasuna oso kontzeptu erabilia da itzulpengintzaren munduan, bereziki itzulpen literarioen esparruan. Kontzeptu honen arabera, itzultzailearen figura halako moduan desagerrarazi behar da itzulitako testutik, non itzultzailearen parte-hartzea oharkabean igaroko baitzaio irakurlegoari. Irudi luke itzultzaileak bere lana ezkutatu behar duela irakurleen begietan testu itzulia xede-hizkuntzan idatzia dagoelako itxura ematearren. Izan ere, oso hedatua dago itzultzaileen lanak irakurleek hauteman gabe pasatu behar duelako ustea, gaur egun itzulpenak leku eta euskarri orotan ageri diren arren. Orobat uste da itzultzaileen eskua ikusezin bihurtu behar dela ukitzen duen edozein lanetan, ez duela inolako arrastorik utzi behar, eta irakurleak ez duela susmorik txikiena ere hartu behar itzulpen-lan baten aurrean dagoela.

Itzultzaileen ikusezintasunak alderdi asko hartzen ditu, hala nola itzulpenaren jariotasuna eta naturaltasuna, erdalduntzearen eta domestikatzearen arteko lehia edota lanbidearen aitortza. Artikulu honetan lehen biez jardungo dut bereziki. Gizartean gure lanbideak jasotzen duen aitortzak hurrengo baterako itxaron beharko du.

Itzulpengintzako teorilariek eta itzultzaile askok ere balore positibotzat jotzen dute ikusezintasuna. Javier Calvo itzultzaileak, berbarako, dio gustatzen zaiola pentsatzea itzultzaileok mamuak garela, eta gure lanak orrialdeotan irauten duela oihartzun bat bailitzan. Ildo horretan, Calvok El fantasma en el libro liburuan honela deskribatzen du itzultzaileen ikusezintasuna (8. orr.):

Nire ustez, ikusezintasuna gure lanak berezko duen zerbait da; ezin da bestela izan. Desagertzea dugu helburu. Gure idazkera oharkabean igarotzen saiatzen den bakarra da, literalki ikusezin izan nahi du, eta ez du inola ere nahi gure gogoak hartan errepara dezan. Xedea itzulpena โ€œitzulpena ez balitz bezalaโ€ irakurtzea da. Ez dugu hor egon nahi. Orrialdearen barnean albait sakonen sartu nahi dugu hor gaudela agerian ez uztearren. Paradoxaren kameleoiak gara. Orrialdetik desagertzeko, bete egin behar dugu.

Nire kasuan esan behar dut ikusezintasunaren teoriaren alderdi horrek ez duela batere funtzionatzen. Aitzitik, itzulitako liburu bat hartzen dudan bakoitzean edo bikoizturiko edo azpidatziriko ikus-entzunezko produktu bat ikusten dudan bakoitzean, hor agertzen zaizkit mamu direlako horiek, bizi-bizi agertu ere. Itzulitako liburu bat hartu, eta orrialdeetan barna aurrera egin ahala, itzultzaileen eta emaitzara iristeko jarraitu duten prozesuaren oihartzunak iristen zaizkit, eta oso hurbil sentitzen ditut. Ez dakit nire itzultzailekideei berdin gertatuko zaien, edo horrelako sentsazioak sentitzen dituen piztia bakarra naizen. Eta aitor dut nire lanbideari zor diodala beste batzuentzat agian ikusezina dena niretzat ikusgarria izatea: aldi berean itzulpengintzako irakaslea izateak eta inoiz edo behin itzultzaile jarduteak ez die batere laguntzen itzulpenei ikusezin bihurtzen. Batetik, behinola ikasle izan nituen eta egun itzultzaile dihardutenen lanak irakurtzen ditudanean, haien argazkiekin egiten dut topo. Zer esanik ez, lankide ditudan itzultzaileen lanen aurrean jartzen naizenean. Eta nola ez ikusi berendiaren eskua halako liburu itzulian aurreko astean elkarrekin bazkaltzen egon ginenean? Edo nola ez erreparatu urliaren dotoreziari esaldiak josteko lantegi malkar bezain labainean hainbat ikastarotan entzule izan nauenean? Memoria apetaren mendeko bilakatzen omen da, eta interesatzen zaionean ondo atxikitzen ditu bizi izan dituen esperientzia guztiak.

Hasieran adierazi bezala, itzulpenen ikusezintasunak edo ikusgarritasunak itzultzaileen esku-hartzeari egiten dio erreferentzia, hau da, itzultzaileak noraino sartu duen eskua testu itzulian xede-kulturako irakurlea jatorrizko idazlearenganantz hurbil dadin, edo zenbat saiatu den idazlea xede-kulturako irakurleari ahalik eta erosoen eramaten. Esaterako, liburu batean hau irakurtzen badut, hots, โ€œAtzetik atera zen parrokiano batek geldiarazi zuenโ€, edo esapide hau: โ€œHamaika, zakurraren lukainkaโ€, badakit itzultzailea testua nolabait domestikatzen saiatu dela, eta jatorrizko testua xede-kulturako irakurleari hurbiltzeko ahalegina egin duela (oharkabean nahiz ohartuki). Aitzitik, hau bezalako esaldi bat irakurtzen badut: โ€œ[โ€ฆ] errentan harturik neukan bi logelako apartamentu terrazadun bat First Street-en, Prospect Park-etik bloke erdira baino ezโ€, badakit itzultzaileak erreferente kulturalak ez itzultzea hautatu duela, hartara irakurleak ahalegin txiki bat egin dezan bere burua nobelak deskribatzen dituen parajeetan kokatzearren.

Batek pentsa lezake itzulitako liburu bat irakurtzen dudan bakoitzean nire buruak hori guztia prozesatzeak irakurketaren plazeretik urruntzen nauela, baina uste dut guztiz kontrara gertatzen zaidala. Izan ere, testu itzuliaren muinaz ez ezik, haren azalaz ere gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dit nire lanbideak. Nabokovek zioen bezala, liburu bat irakurtzen dugunean, รฑabardurei erreparatu eta detaileak ferekatu behar ditugu. Azken finean, irakurle onak berrirakurtzen dutenak dira, eta nor irakurle hobea itzultzaile bat bainoago testu itzuliaren ezkutuko geruzetan sartzeko eta haiek sentitzeko?

Elur malutak

Castillo Suarez

Behin batean Alemanian egon nintzen astebetez itzulpengintza tailer batean. Plana ezin aproposagoa zen: Edenkobenen egotea astebetez sortzaileendako egoitza batean, mahasti artean. Nirekin batera Yolanda Castaรฑo (galizieraz idazten duena), Rosa Berbel (gazteleraz), Maria Josep Escrivรก (katalanez) eta Mario Martรญn Gijon (gazteleraz) aritu ziren. Nire lana izan zen astebetez nire poemak itzuli zituzten itzultzaileei laguntza eta aholkua ematea. Ezagutzen ez nuen sistema bat erabili zuten itzulpenetarako: lehendabizi bi itzultzailek (Raquel Pacheco Aguilar eta Lisa Schwesinger) testuak hartu zituzten eta modu gordinean itzuli, nolabait esateko literaturatasunari erreparatu gabe, soilik edukiari begiratuta. Itzultzaileek ez zekiten euskaraz, eta gaztelania erabili zuten zubi hizkuntza, kasu honetan, Fernando Reyren itzulpenak. Ondotik sei itzultzailek, aldi berean poetak zirenak (Alexandru Bulucz, Mara Genschel, Agnieszka Lessmann, ร€xel Sanjosรฉ, Tom Schulz eta Katja Lange-Mรผller), beste buelta bat eman zieten testuei, eta bakoitzak bere bertsioa egin zuen. Egun bakoitzean poeta batekin egon nintzen, eta ingelesez moldatzen ginen gure artean. Hala ere, batzuetan zaila egiten zitzaidan azalpenak ingelesez ematea. Horretarako beste bi itzultzaile genituen. Itzulpengintza ikasleak ziren, alemaniarrak, gaztelaniaz bazekitenak. Guztira 14 lagun aritu ginen poemak itzultzen, horiek guztiak Hans Tillen gidaritzapean.

Itzulitakoen artean bazen bi lerroko poema bat:

Elur maluta
Badira elur maluten gisakoak diren pertsonak.
Ederrak, hotzak, gu ukitutakoan desagertzen direnak.

Eta hona hemen bi itzulpen, erabat desberdinak:

Schneeflocken
Es gibt Schneiende, leicht und ganz flockig
warm und kalt, die uns berรผhren, die fortgeweht werden.
(Tom Schulz)

Schneeflocken
Manche Menschen sind wie Schneeflocken.
Schรถn und kalt. Sobald sie uns berรผhren, verschwinden sie.
(Agniszka Lessmann)

Harrigarria zen horren emaitza desberdinak atera izana. Eta politagoa izan zena, zeinen desberdin irakurtzen zituzten. Izan ere, nork bere interpretazioa egin zuen. Eta horixe da literaturak duen gauzarik ederrenetakoa, elur malutek ez dutela berdin gisan irintzen gure bihotza alegia.

Huts txiki bat, poz txiki bat

Oskar Arana Ibabe

Aurtengo Aste Santuan, eguraldia euritsu zela eta atseden hartzeko gogoz etxea hautaturik opor-leku, garai bateko giroa ekarri nahi izan nuen neure baitara, eta gure itzultzaile handiaren Iesus Christen Evangelio Saindua S. Luc-en araura delakoa irakurtzera jarri, Leizarragarena, faksimilezko liburuan. Halako batean, XXIII. kapituluan, 26. eta 27. bertsetetan, hauxe irakurri nuen:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  25. Eta larga ciecรฉn mutinationeagatic eta heriotzeagatic presoindeguian eรงarri iรงan cena, ceinen escatu iรงan baitziraden: eta eman ciecรฉn Iesus, nahi lutena leguiten.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  26. Eta hura eramaiten รงutela, harturic Simon Cyreneano landetaric heldu cen-bat, hari crutzea gainean eรงar zieรงotแบฝ Iesusen ondoan eramaiteco.

Pasarte horretan ez da deus txit berezirik, baina ohartu nintzaion hitz bati, eta oker interpretaturik, uste izan nuen aurkikuntza polit eta txiki bat egin nuela, halako poz txiki beranduko bat hauteman nuela, garai batean buru-haustea eman ohi zigun adigai bat dela-eta. Gogoan dut zer lanak izan genituen rural eta campo hitzen ordainak ematen, turismo rural, casa rural eta gisakoak hedatzen ari ziren garaian.

Okerreko interpretazio bat egin nuen uste izanik ezen, ingelesezkoarekin alderaturik, landetarik hori adiera horrekin erabilia zela, hiriaren kontrako kontzeptu gisa. Izan ere, ingelesezkoan begiratu nuen (The New Oxford Annotated Bible, Third Edition, 2001, Oxford University Press), eta hauxe aurkitu:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  25. He released the man they asked for, the one who had been put in prison for insurrection and murder, and he handed Jesus over as they wished.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  26. As they led him away, they seized a man, Simon of Cyrene, who was coming from the country, and they laid the cross on him, and made him carry it behind Jesus.

Gainera, country hitzaren euskarazko adieretan, hauxe aurkitu nuen Morris hiztegian:

country:
5. (hiritik, herritik kanpora)
a. landa; baserri, mendialde, bortu; to go for a walk in the ~ {mendian || bortuan} ibilaldi bat egin
b. [izenen aurrean] ~ bred baserrian hazitako; ~ cousin baserriko lehengusu; ~ life baserriko bizimodu; ~ people baserritarrak

Pentsatu nuen ezen dagoeneko ez zitzaidala hasiera hartan bezain gordintxo gertatuko landa hitzaren adiera hori (guretzat hain konkretua), gerora, gaurko hiztegietan, hain emankorra izan dena. Euskaltzaindiaren Hiztegian:

landa eremu, landa-eremu
iz. Baserri inguruko gune edo eremua, hiriguneari kontrajartzen zaiona.
Industrializazio garaian sortu zen kooperatiba, langileak landa eremuetatik industria-hirietara joan ziren garaian, alegia. Landa eremuetan bizi diren emakume askorentzat ia ezinezkoa da ospitalera garaiz iristea arazoren bat sortzen denean.

landa turismo, landa-turismo
iz. Landa-eremuetan egiten den turismo mota. Landa turismoa bultzatzeko eta hobetzeko. Landa-turismoko etxeak.

landagune
iz. Landa eremuko etxe eta bizilekuen multzo egituratua. Ik. herrigune; hirigune; landa eremu. Herri txikietan eta landaguneetan denek dakite denen berri. Landagunea da Amasa; herrigunea, Villabona; elkarrekin osatzen dute Amasa-Villabona udalerria.

landetxe
iz. Landan eraikitako etxea, bereziki lantzeko lurrez inguratua dena. Ik. basetxe. Landetxe jori bat. Izetako landetxean dago udaldirako.

Gainera, Wikipedian, country hitzaren etimologia xerkatuz, koherentzia hautematen da jatorrizko adiera horren lerrotik, garbi-garbia:

Country:
Etymology: From Middle English contre, contree, contreie, from Old French contree, from Vulgar Latin (terra) contrฤta (โ€œ(land) lying opposite; (land) spread beforeโ€), derived from Latin contra (โ€œagainst, oppositeโ€). Cognate with Scots kintra.

Eta halaber espainieraz (RAE) contrada hitza:

Contrada.
Del b. lat. contrata ‘regiรณn que se extiende delante de uno’.
1. f. desus. Paraje, sitio, lugar.

Baina, itzultzaileak zuhurra izan behar baitu eta interpretazioak beti berretsi eta ziurtatu, Elizen Arteko Biblian ikusi nuen ez zela hori adiera (zabala, abstraktua, hainbeste buru-hauste eman ziguna), ezpaze:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  25. haiek eskatzen zutena โ€”matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoenaโ€” askatu eta Jesus beren esku utzi zien.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  26. Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan.

Zapuztu nintzen, zapuztu, baina ez nuen etsi, eta Orotarikoan begiratu ea baliatua ote duen euskarak beste hitzik (gure baserri hain ezagunaz beste) kontzeptu hori emateko, eta, hara, definizioetako testuen artean campo hitzaren bilaketa eginik, zer kausitu:

Larre:
(Opuesto a ‘ciudad’). Campo. Cf. larre-herri.
Gure jaunak larrerat ereman zituela bere haurrak. HU Zez 72.

Edo:

LARRE-LARREAN. En medio del campo, en una zona totalmente rural.
ย Larre-larrean bizi dezu erretore. Ldi IL 40.
LARRE-LARREENEAN. En la zona mรกs rรบstica, rural.
Larre-larreenean billa zazute baserritarrik basaziena. Ldi IL 66.

Eta hara zaputzaldia eztitu, eta aurkikuntza ustezko handiaren lekuan, onddo ttipi polit bat kausitu, noizbait, nonbait, nolabait baliatu nahiko nukeena testuren batean, nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ez izan sarrerarik adiera horrekin (ulertzekoa denezโ€ฆ, Orotarikoan horren agerraldi gutxi izanik. Bada, gainera, Larrekoetxe izeneko auzo bat Lasarte udalerrian, Euskaltzaindiaren EODAk dioenez. Agian ez nahikoa norbaiti casa de campo esateko baliatu ahal dela iradokitzekoโ€ฆ).

Beraz, arratsalde euritsu batean antzinako testuetan barnaturik, sasitza txiki eta estu batean sartu, eta onddo txiki zaporetsu batekin atera.

Horixe izaten baitu euriakโ€ฆ

Cailleach

Amelia Pรฉrez Conde

Euskal mitologian Mari jainkosa dugu, eta Anbotoko dama ere esaten diogu. Jainkosa, sorgina, emakumea, dama, zaharra, gaztea, ederra, itsusia, Lurraren pertsonifikazioa da. Naturaren indarra irudikatzen du, eta bere botereez baliatuta, naturaren indarrak gobernatzen ditu. Emakume oso dotorea izan daiteke, baina baita animalia, haize bolada edo suzko igitai ere. Edonola ere, emakume boteretsu eta indartsua da.

Mitologia zeltan badago beste emakume indartsu eta boteretsu bat, Cailleach, eta bereziki ezaguna da Irlandan eta Eskozian. Bera ere Lurraren pertsonifikazioa da, eta paisaiaren itxura zehazten du. Cailleach izen irlandarra da, eta ingelesez ยซhagยป esaten diote. Euskaraz ยซsorginยป eman ohi da. Dena den, hobe da Cailleach hobeto ezagutzea, euskarazko baliokidea asmatzen hasi baino lehen.

Cailleach emakume zaharra da ipuin gehienetan, baina Cailleach betierekoa da, eta ez du adin zehatzik. Beraren azala urdin zurixka da, hagin gorriak ditu, eta jantziak buru-hezurrez edertzen ditu. Salto egin dezake mendi artean, eta ekaitzak ere gidatzen ditu. Ipuin batzuen arabera, bizitzaren putzua kudeatzen du.

Ez da erabat zintzoa, ezta erabat maltzurra ere; natura eta animaliak zaintzen ditu, baina indar basati eta suntsitzailea ere bada. Subiranotasuna eta agintaritza ordezkatzen ditu; beraz, printzeek Cailleachen oniritzia behar dute errege bilakatu aurretik. Hori dela eta, Irlandako ipuin askoren amaieran printze indartsu, azkar eta lirainena emakume zahar, benetan itsusi baina, aldi berean, oso erakargarriarekin ezkontzen da. Emakume horri beldur pittin bat badiogu ere, maite dugu, eta ipuinaren tarteren batean hiltzen denean, triste jartzen gara; aldiz, poz handia hartzen dugu aurrerago jakiten dugunean emakume bitxi horrek bizirik irautea lortu duela.

Gaur egun, Cailleachi lotutako tradizio batzuk oraindik kontserbatzen dira. Otsailaren batean, neguan, Cailleach zur bila ateratzen omen da, zur guztia agortu zaiolako. Txori bihurtzen da, eta mokoan garraitzen du zura. Negua luzatu nahi duenean, egun eguzkitsu eta distiratsuagoak sortzen omen ditu. Hortaz, otsailaren batean eguraldi ona egiten baldin badu, biztanleek badakite negua luzea izango dela.

Cailleach (ยซhagยป) euskaraz nola eman galderaren harira, hona hemen orain arte erabilitako irtenbide batzuk: Gailur ekaiztsuak liburuan ยซatso zaharยป dugu (idazlea Emily Brรถnte da; eta itzultzailea, Irene Aldasoro); Salomon erregearen meategiak liburuan ยซsorginยป da (idazlea H.R. Haggard da; eta itzultzailea, Aintzane Ibarzabal); Parisko Andre Maria liburuan, esanahia aldatu ahala, ยซsorginยป eta ยซatso zaharยป deitzeaz gain, ยซlupemeยป ere esaten zaio (idazlea Victor Hugo da; eta itzultzailea, Iรฑaki Azkune).

ยซCailleachยป hitzak ยซbelodunaยป (veiled one) esan nahi du; ยซhagยป hitzaren etimologian alemaniar ยซhexeยป hitza topatzen dugu; bestalde, ยซwitchยป hitza anglosaxoierako ยซwiccaยป hitzarekin lotu ohi da, eta definizioan ยซsorceressยป ere esaten zaio. Euskaraz, ยซsorginยป hitzak ยซsorยป aditzarekiko lotura du; beraz, ยซsorginยป hitzak sormena eta bizitza ekartzen dizkigu gogora. Cailleachen รฑabardurak (sakratua, magikoa, jakintsua) biltzen dituen beste hitz bat asmatu arte, ยซsorginยป hitza egokia eta oso ederra da.

Julien Vinson itzultzailea (1843-1926) eta Prokrustesen oheak

Gidor Bilbao Telletxea

Euskalari orok daki Julien Vinsonek euskal bibliografiari buruzko lan erraldoi oraindik erabili beharrekoa idatzi zuela, hain zuzen Essai dโ€™une bibliographie de la langue basque (1891, 1898) ospetsua. Wikipedian hizkuntzalari moduan aurkezten da (ez bakarrik euskarazkoan, baita frantsesezkoan, katalanezkoan eta ingelesezkoan ere), eta zehazten da Indiako hizkuntzak (bereziki tamilera) eta euskara landu zituela. Eta esango nuke antropologiaren eta etnografiaren alorrean eginiko lana ere aitortzen zaiola (Julio Urkixok 1927an argitaraturiko ohar nekrologikoan eta Auรฑamendi Entziklopedian, behintzat). Georges Lacombek, 1927an Gure Herria aldizkarian argitaraturiko ohar nekrologikoan, azpimarratzen du Julien Vinsonek askotariko lanak idatzi zituela, askotariko alorretan: historia, folklorea, literatura, antropologia, bibliografia, filologia eta linguistika zerrendatzen ditu, askotarikotasunaren berri emateko.

Baina ez dut inon ikusi haren itzultzaile-lana aintzat hartu denik, hark eginiko itzulpen-lan batzuk aipatzen diren arren. Frantsesezko Wikipedian dagokion sarreran, bada Traductions atala, eta hiru itzulpen-lan aipatzen dira:

Hemen, euskaratik frantsesera eginiko itzulpenak aipatu nahi ditut: Le folk-lore du Pays Basque (1883) izen laburrarekin ezagutu ohi den liburuaz ari naiz, izan ere, funtsean, budisten eta djainisten elezaharrez osaturiko bilduman tamilerarekin bezalatsu, liburu honetan ere euskaraz bilduriko elezaharren, ipuinen, kantuen, asmakizunen, atsotitzen, koplen, pastoral-zatien… eta oro har ahozko literaturako adierazpen orotarikoen itzulpenak dauzkagu.

Esanguratsua da zein bildumatan argitaratu zen liburua: Les littรฉratures populaires de toutes les nations. Traditions, lรฉgendes, contes, chansons, proverbes, devinettes, superstitions bildumako 15. liburukia da. Bilduma osoko izenburuak begiratzen baditugu, ikusiko dugu Euskal Herrikoak baino lehenago argitaratuak zirela Bretainiakoak, Antzinako Egiptokoak, Gaskoiniakoak, Korsikakoak, Pikardiakoak, Maurizio Uhartekoak… eta frantsesez bilduak ez direnean, beti jartzen zaiola arreta berezia itzulpenari eta itzulpena egiteko moduari.

Julien Vinsonek ere, bere hitzaurrean, beste ezertaz baino lehen, eta beste kontu batzuei buruz baino suhartasun kartsuagoz, itzulpenaz dihardu: โ€œJโ€™ai naturellement traduit directement sur le texte basqueโ€ (XIV. orr.). Zuzenean jatorrizkotik (kasu honetan euskaratik) itzuli ahal izatea ezinbestekoa dela uste du, eta funtsezkoa iruditzen zaio zehaztasuna. Ez ditu onartzen ez parafrasiak โ€•โ€œles traductions fournies ร  M. Cerquand par ses collecteurs sont trop souvent de dรฉporables paraphrasesโ€ (XIV. orr.)โ€•, ez moldaketa edo egokitzapenak โ€•โ€œUne traduction, pour รชtre exacte, ne saurait รชtre une adaptation, un arrangementโ€ (XXXIV. orr.)โ€•.

Pasarte luzetxoago bat ekarriko dut osorik:

Jโ€™ai traduit en effet, suivant mon habitude, aussi littรฉralement que possible; jโ€™ai cherchรฉ ร  serrer le texte de prรจs et, dans les poรฉsies, ร  conserver les divisions originales. Je nโ€™ai jamais admis le systรฉme qui consiste ร  habiller dโ€™un franรงais acadรฉmique et guindรฉ des pensรฉes exprimรฉes dans des langues รฉtrangeres; ร  jeter sur le lit de Procuste du beau langage les productions nรฉes au delร  du Rhin, Des Alpes, ou des Pyrรฉnรฉes (XXXIII. orr.).

Ahalik eta modurik literalenean itzuli duela dio, jatorrizko testuari gertutik jarraitu diola, eta poemetan jatorrizko zatiketak gordetzen saiatu dela. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio uko egitea frantses apain eta akademikoari, ahozko literaturako testuen itzulpenetan frantses hori erabiltzea Prokrustesen ohea erabiltzea bezalatsu baita: luzeegia behar gabe laburtzea. Prokrustesen mitoaren Antzinateko bertsioetan, Gaio Julio Higinorenean (K.a. 64 – K.o. 17) adibidez, Prokrustesek bi ohe zituen:

Procrusten Neptuni filium. Ad hunc hospes cum venisset, si longior esset, minori lecto proposito reliquam corporis partem praecidebat; sin autem brevior statura erat, lecto longiori dato incudibus suppositis extendebat eum, usque dum lecti longitudinem aequaret. Hunc interfecit. (Hyg. Fabulae, XVIII, 3)

Prokrustes Neptunoren semea hil zuen [Teseok]. Prokrustesengana ostatu-hartzaileren bat iristen zenean, handia bazen, ohe laburra eskaintzen zion, eta kanpoan geratzen zitzaion gorputz-zatia mozten zion; altuera txikikoa bazen, ordea, ohe luzea eskaintzen zion eta ingudeen pisuaz tiraka eginda luzatzen zuen, ohearen luzera berdindu arte.

Dirudienez, zehaztasunaren izenean, Julien Vinson gehiago amorratzen zuen luzea laburtzeak laburregia behar gabe luzatzeak baino. Nolanahi ere, gure ustez, bildumaren helburuetarako, itzulpen onak egin zituen. Hona hemen bat, ia-ia ausaz hautatua (Vinson 1883: 209-210):

Kuku! miku!
Chorijak sasian umiak ditu!
Sagusarrak jango al ditu!
Sagusarra alkate:
Marijak bai gura leuke!
Coucou! Couvรฉe!
Lโ€™oiseau a ses petits dans le buison!
La chauve-souris pourra les manger!
La chauve-souris est alcalde:
Maria le voudrait bien, oui!

Eta beste hau ez da ausaz hautatua, nik gaztetan (ikasle-garaian, o tempora!, o mores!) irakurritako Vinsonen lehenengo itzulpena baita. Jean Mekol Garindainekoak idatziriko Edipa pastoralaren 1793ko eskuizkribuaren edizioa prestatzen ari nintzen, eta hara non aurkitu nuen Azken Pheredikia Vinsonek frantsesera itzulia. Lehenengo bost bertsetak kopiatuko ditut hemen, euskarazko jatorrizkoak nire ediziotik hartuta, eta frantsesezkoak Vinsonen itzulpenetik (Vinson 1883: 338):

Haur duciela, populia,
goure trageria finitcen,
ceren eta niq beiteriot
coroua eรงarten.
ย 
Badugu eรงagutcia
etciratela satisfactu
eta suget miraculous haur
eztugula ounxa representatu.
ย 
Icoussy ducie pheรงa haur
miraculus cella cargaturiq,
sugurky merechy beiรงukian
gu beno atur hoberiq.
ย 
Icoussy ducie erregue Laya
semiaq noula cian erho,
eta hanty landan
ama ezpoussatu guero.
ย 
Suittan hirour haur
amareky eguin cian,
eta bere beguiaq idoky
hilceko desertian.
Voici que vous avez, peuple,
notre tragรฉdie terminรฉe;
et je vais, moi, lui
mettre la couronne.
ย 
Jโ€™ai la connaissance
que vous nโ€™รชtes pas satisfaits,
et que ce sujet merveilleux
nous nโ€™avons pas le bien reprรฉsentรฉ.
ย 
Vous avez vu que cette piรจce
est chargรฉe de merveilles;
sรปrement elle aurait mรฉritรฉ
des acteurs meilleurs que nous.
ย 
Vous avez vu le roi Laius,
comment son fils lโ€™a tuรฉ,
et en suite de cela
quโ€™il a รฉpousรฉ sa mรจre.
ย 
Puis trois enfants
il a fait avec sa mรจre,
et il sโ€™est tirรฉ les yeux
pour mourir dans le dรฉsert.

Halako itzulpenez osaturiko ia laurehun orrialdeko liburua idatzi duen gizona itzultzailea ere bada, ezta?