Belarriko kilkerra

Amelia Pรฉrez Conde

Aurreko artikuluan ahozko istorioak literatura idatzira ekartzeari buruz idatzi nuen. Artikulu honetan gai berari helduko diot berriro, baina kasu honetan Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzitako Belarriko kilkerra izeneko liburua aipatuko dut.

Itxialdian, denboraldi berezi hartan, Uxueren aitak audioak bidali zizkion Uxueri, egun berezi horiek sormenez edertzeko. Itxialdia amaituta, Uxue beste liburu bat idazten ari zela, bat-batean, istorio horiekin gogoratu zen, eta hauxe bururatu zitzaion: aitari, lagunei eta hurbileko pertsonei eskatzea istorioak berari ahoz kontatzea eta, gero, ahozko istorio horiek idatziz jasotzen saiatzea. Ez da ariketa erraza!

Uxuek azaldu du ariketa horretan bereziki zaindu duela istorio idatziek ere ahozkotasunaren xarma eta รฑabardurak izatea. Izan ere, ahozko istorioetan kontalarien ahotsa, begirada eta gorputz-hizkuntza, besteak beste, oso garrantzitsuak dira, eta batzuetan kontalariek gauza ugari esaten dituzte hitzik gabe. Baina literatura idatziak ere baditu bere baliabideak, eta haietako batzuk, adibidez, ilustrazioak dira. Belarriko kilkerra liburuaren ilustrazioak Begoรฑa Durruty-k egin ditu, beraz, badugu aukera ilustrazioekin ere gozatzeko.

Mende beteko istorioak zabaldu ditu liburuan, eta, agian, horixe da inportanteena, istorio horiek gaur egun aukera handiagoa dutela bizirik jarraitzeko. Izan ere, bidaian hasi dira jada, eta transmisio-katea zabaltzen ari da, istorioak Belarriko kilkerra liburutik irakurleen ahora jauzi egiten ari baitira. Hona hemen adibide bat (amaierara arte adi egotea gomendatzen dizuet!): Polloeko Burezurra.

Uxueren hitzetan, ahozkotasuna, transmisioa eta memoria dira liburuaren hiru zutabeak. Gaiak gizaki guztioi kezkatzen gaituztenak dira, besteak beste, ausardia, lotsa, beldurra eta gosea; nork ez du halakorik sentitu! Eta nork ez du horri buruz gehiago ikasi nahi! Liburua lau ataletan banatuta dago. Lehenengo atalean bihurrikeriak kontatzen dira; bigarrenean, heriotza eta galerak (Zerurako eskailera du izena); hirugarrenean pertsonen arteko harremanak jorratzen dira, baita batzuetan sortzen diguten mina ere; eta laugarrenean gorputza da hari nagusia, nahiz eta gorputza eta gorputz-atalak liburu osoan gai garrantzitsua izan.

Uxuek azaldu duen bezala, istorioak aitak, lagunek eta kontalari askok kontatu zizkioten, baina beste batzuk, ordea, Ahotsak proiektuaren bidez ezagutu zituen. Ahotsak proiektuaren helburua Euskal Herriko ahozko ondarea zaintzea da, hain zuzen ere, eta urte asko eman ditu ahozko istorioak babesten. Proiektuko istorioak herrika eta gaika antolatuta daude, eta istorioekin batera, tradizioak eta beste garai batzuetako bizimoduak ere ezagutzen ditugu. Hona hemen adibide bat: Laboreak ikasten.

Batzuetan guk aukeratzen ditugu istorioak, beste batzuetan istorioek gu aukeratzen gaituzte, baina istorio bat partekatzen denean, zerbait ikasten dugu beti, edo, are garrantzitsuagoa, zerbait sentitzen dugu beti. Bestalde, Uxuek liburuaren harira beste gai garrantzitsu bat aipatu du: ยซjolasean heldu ziola erronkariยป; izan ere, helduok maizago jolastu beharko genuke!

Leopold Irigarai (1875-1951): itzultzailea informatzaile-laguntzailearen mozorropean

Gidor Bilbao Telletxea

Ni baino festazaleagoak hasi dira inauterietako mozorroak prestatzen. Niri, Zuberoako pastoral zaharren eskuizkribuen artean nenbilela, Phantzart, ihauteetako trajikomedia etorri zait esku artera, Iรฑaki Mozos miretsiak 1982an editatua. Aguretxoaren irribarre txikiarekin ikusi dut 1989ko abuztuaren 10ean erosi nuela Mauleko Belatxa liburudendan, eta ezin izan naiz geratu begiratu gabe zein pastoral ikustera joan ote ginen Zuberoara 1989ko abuztuan (Googleren erantzuna: Zumalakarregi trajeria, agorrilaren 5ean, Altzai-Lakarrin).

Iรฑaki Mozosen hitzaurrea irakurri ondoren, joan den mendearen hasierako erreferentziazko lana hartu dut esku artean: Georges Hรฉrelle adituaren Le Thรฉรขtre comique : chikitoak et koblak, mascarades souletines, tragi-comรฉdies de carnaval, sรฉrรฉnades charivariques, parades charivariques, farces charivariques (1925). Azalpen interesgarriekin batera, Mozosen edizioan euskaraz irakurri ditudan hainbat berset aurkitu ditut frantsesez; hona hemen Luzian fiskalak auzitegian Phantzarten kontra salaturiko karguak (euskarazkoak Frantziako Biblioteka Nazionalean, Parisen, dagoen 1899ko kopia batetik โ”€BNF Celtique et Basque 135โ”€ hartu eta moldatu ditut gaurko grafiara):

Messieurs, quels maux Messire Pansart nโ€™a-t-il pas causรฉs, pendant les dรฉsordres du carnaval?Jauna, Mesi Jaun Phantzartek
zer malhรผr handiak,
nula khausatรผ beititรผ
Ihauti huntako desordiak.
[…][…]
Je vous ai promis de produire des tรฉmoins. Ils se prรฉsenteront ici dans un instant.Jakilen produitzia
hitz eman benian,
erkhariren dรผtรผt oro
mement baten bรผrian.
Sur quoi faudra-t-il les interroger? Cโ€™est ce que je vais vous dire. Ecoutez- moi bien, sโ€™il vous plaรฎt.Harien interrogatzeko
zer den kestione,
plazer badรผzie,
orai entzรผn nezazie.
Jโ€™accuse Pansart dโ€™avoir tuรฉ trois hommes dans ce pays mรชme, sur le pont dโ€™Ordenรจche;Jaun Phantzartek hirur
gizun erho ahal zรผtian
horxe ber-berian,
Ordenetxeko zรผbรผ gainian.
[…][…]
Dโ€™avoir, samedi dernier, au port dโ€™Orhy, enlevรฉ toutes les huiles quโ€™apportaient sept Espagnols.Igaran neskanegรผnian,
Orhiko portian,
bost espaรฑuli oliuak
oro idoki zรผtian.
En outre, toutes les filles, depuis lโ€™รขge de dix ans jusquโ€™ร  lโ€™รขge de quarante ans, il les a dรฉpucelรฉes, quoiquโ€™elles ne fussent pas toutes vierges.Hamar urthetarik berrogei
urthetarako neskatilak oro
despuntzelatรผ dรผtรผ,
virjina etziradianak oro.
Est-il possible que dans ce paisible pays de Soule nous ayons un individu comme celui-lร ? Il faut le faire pรฉrir, ร  tout prix.Ziberu herri plasent huntan
zer sรผjet dรผgรผ hura, arren?
Galerazi behar dรผgรผ
zernahi den khostaren.
[…][…]
Aujourd hui, son tour est venu dโ€™รชtre lardรฉ. Pour voir ce quโ€™il a dans le ventre, il nโ€™y a quโ€™ร  lui ouvrir la panse.Behar dรผ arren Phantzartek
oraiko aldian lardatรผ
eta barneko tripataren ikhusteko
bear zaio phantzoila รผrratรผ,
On installera Messire Cendres ร  sa place: de tout temps, jโ€™ai ouรฏ dire que cโ€™est un honnรชte homme.eta Mus de Hauste jauna
haren plazan ezarri,
gizun galant dela badรผt
entzรผtia sekรผlaz geroztik.

Georges Hรฉrellek ez bazekien euskaraz (eta badirudi askorik ez zuela ikasi), nork egin zizkion frantsesezko itzulpenak? Liburuan ez dut aurkitu hori inon aipatzen duenik, baina gauza ezaguna da Leopold Irigarai zela Hรฉrelleren informatzaile eta laguntzaile nagusia. Itzultzailea ere bai?

Gutxi dakigu Leopold Irigarairi buruz. Ez dut aurkitu hari dagokion sarrerarik ez Wikipedian ez Auรฑamendi Eusko Entziklopedian. Irakurri dugu Pauen jaio zela 1875ean, Ligi-Atherein bizi izan zela eta Garindainen hil zela. Ez dut irakurri Baionako Euskal Museoan dagoen orrialde bateko haren biografia, baina Baionako Mediatekan gorde diren gutunak (Hรฉrelleri 1899tik 1928ra bitartean bidaliak) irakurrita, datu interesgarriak ikusten dira.

1899ko gutunak Ligitik bidaltzen ditu, eta ikusten da Hรฉrellerentzat lanean ari dela (eskuizkribuak kopiatzen, besteak beste). 1900-1901 eta 1902ko maiatzera artekoak Atharratzetik bidali zituen. 1902ko uztailean Bordelen dago, hango Udal Bibliotekan, Baudrimont Funtsetako dokumentuak aztertzen Hรฉrellerentzat. Baina 1902ko urrian Bilbotik idazten du, esanez gaztelania ikasteko gogoarekin joan dela โ€œchez ce Monsieur dont je crois vous avoir parlรฉ, qui faisait un dictionnaire basque a Licqโ€. Bistan da Resurreccion Maria Azkuez ari dela, Azkuek Pierre Broussaini bidalitako gutunetan ikusten baita Azkue Ligin izan zela 1902ko uztail-abuztuetan, bere hiztegirako informazioa biltzen; dirudienez, Azkuek lan-baldintza onak eskaini zizkion, berak basozain-lanpostua nahiago zuen arren (1902-10-01eko gutuna). 1902-12-04ko gutunean, bere Bilboko lana zein zen zehazten du, iseka-doinuan: โ€œil [Azkue] a formรฉ une reรบnion de 8 personnes des diffรฉrents dialectes basques, quโ€™il a baptisรฉe du titre pompeux dโ€™Accadรฉmie, dont je suis le secrรฉtaire en mรชme temps quโ€™accadรฉmicien souletinโ€. Bestalde, Azkueri frantsesez hitz egitera behartua zegoen (Azkueri frantsesa lantzen laguntzeko, nonbait). Horrez gain, Azkuek Broussaini 1902ko urriaren 25ean idatziriko gutunean, zehazki aipatzen du Irigarairen beste egiteko bat: โ€œLa Diputaciรณn ha aprobado la impresiรณn gratis de mi Diccionario Vasco-Castellano-Francรฉs. La traducciรณn al franchute la harรฉ yo, bien ayudado de Irigaray el de Liguiโ€. Bilbotik bidalitako azken gutuna 1903ko apirilaren 17koa da, eta 1903-05-13koa Ligin sinaturik da; hortaz, zazpi hilabete egin zituen Azkueren ondoan, gutunetan ageri denaren arabera ez oso gustura: โ€œdiable dโ€™abbรฉโ€ eta โ€œirascible patronโ€ (1903-01-05), edo โ€œun Monsieur qui sait le latin: primo mihiโ€ (1903-04-17) dira hura aipatzeko erabilitako hitzak.

Geroztiko gutunetan ikusten denez, merkataritzan egin zuen lan gehienbat. Hasieran, norbaiten janari-dendako enplegatu gisa (Maulen, 1903ko irailetik 1907ko maiatzera); gero, salgaien ordezkari gisa (reprรฉsentant de commerce), 1915eko otsailera arte; ordurako Garindainen bizi zen (1913ko urritik), Anna Barcelonne eskola-maistrarekin ezkonduta; bi urte inguru egin zituen Mauleko txikixkari baten negozioan kontulari-lanak eginez (1915eko otsailetik 1916ko irailera), eta ondoren berriz hasi zen bere kabuz, salgaien ordezkari gisa; urte bete iraun zuen horrela eta 1917ko abuztuan janari-denda bat hartu zuen Bordelen, bere kontura, hiru langilerekin; emazteak eta hiru umeek Garindainen segitzen zuten, eta 1919ko azken eguneko gutun baten arabera, hurrengo Maulen ireki zuen janari-denda bat, bazkide batekin batera, familia osoarekin Garindainen bizi zelarik; 1922ko apirileko gutun batean, aseguru-etxe baten ordezkari gisa agertzen da (Reprรฉsentant de commerce. Agent Gรฉnรฉral). Dirudienez, Garindainen bizi izan ziren geroztik ere, 1951n zendu arte.

Gutunetako edukian, kenduta kortesiazko hitzak, batez ere Hรฉrelleren informatzaile-laguntzaile lanetan agertzen da, pastoralen inguruan eta oro har Zuberoako antzerkiaren (astolasterrak, maskaradak…), dantzaren (brailia…) eta ahozko literaturaren (albadak, kantuak…) inguruan. Askotan idazten dio esanez halako egunean, halako lekuan, halako pastorala edo halako maskarada antzeztuko dela edo antzeztu dela, edo antzezkizun horiei buruzko ohar zehatzak emanez. Beste gutun askotan, eskuizkribuen bila eginiko kudeaketen berri ematen dio (halakorekin egon dela, besteari buruz galdetu duela, saltzeko honenbeste diru eskatu diotela…); edo jakinarazten dio horietakoren bat kopiatzen ari dela. Bakar batean aipatzen du euskara-eskolak ematen ari dela Maulen (1908-06-03an, salgaien ordezkari zen garaian). Noizean behin, Hรฉrellek Irigarairi diru-kopururen bat helarazten dio (1911-04-28an 50 libera, 1915-01-13an 100 libera…); badirudi soldata osagarria ateratzen zuela Irigaraik, Hรฉrellerentzat lantxoak eginez.

Irigaraik gutun bakar batean aipatzen ditu, berariaz, itzulpen-arazoak. 1915-01-14ko gutunean, Aimunen lau semik pastorala itzultzean harturiko erabakiak defendatzen ditu: โ€œDans ma traduction du 1er vers […] jโ€™ai supposรฉ que la copiste a mis […], a moins que […] ne soit indรฉpendant du reste de la phrase, ce qui je traduirait par […]. Vous voyez que ces vers ne son pas clairs et peuvent prรชter ร  diffรฉrents traductions, mais pour moi, je mโ€™en tiens ร  celle que jโ€™ai donnรฉe […]. Vous pourrez donner une autre des interpretations, si vous le jugez plus plausibleโ€.

Zergatik esan dugu izenburuan Irigarai itzultzailea informatzaile-laguntzailearen mozorropean ezagutu dugula? Argitalpen batean ere ez dugulako aurkitu itzultzaile gisa berariaz aitortuta. Kasurik deigarriena 1908ko Kaniko eta Beltxitina astolasterraren argitalpena da. Izenburu luze eta zehatz hau dauka Parisko H. Daragon argitaletxean argitaraturiko lanak: Canico et Beltchitine. Farce Charivarique. Traduite pour la premiรจre fois du basque en franรงais dโ€™aprรจs le manuscrit unique de la Bibliothรจque de Bordeaux et accompagnรฉe dโ€™une Notice sur le Thรฉatre Basque, et dโ€™un Commentaire, par G. Hรฉrelle, Membre du Comitรฉ des Travaux historiques et scientifiques. Liburu osoan ez dut aurkitu Leopold Irigarairen izenik, eta, gorago esan dugun moduan, Hรฉrellek ez zekien euskaraz. Baina, Leopoldek alea etxean jaso zuenean, esker ona baino ez zeukan Hรฉrellerentzat: โ€œJamais je nโ€™aurais cru que de ce petit cahier on aurait pu extraire un joli volume comme รงa. Je vous en remercie infinimentโ€.

Zalantzaren bat daukagu itzulpena nork egin ote zuen? Bat ere ez.

Baionako Mediatekako langileen katalogazio-lan zehatzari esker dakigu bilioteka horretako Ms. 54 zer den: โ€œCe manuscrit est la transcription et la traduction en franรงais du manuscrit 1695.24 conservรฉ ร  la bibliothรจque de Bordeaux, par Lรฉopold Irigaray et sur commande de Georges Hรฉrelle. Sur le manuscrit de Lรฉopold Irigaray, G. Hรฉrelle a effectuรฉ un grand nombre d’annotations, notamment sur l’ordre des scรจnes, intercale des listes de personnages. Ce travail a donnรฉ lieu ร  la publication en franรงais de cette piรจce par Georges Hรฉrelle en 1908โ€. Hortaz, zalantza izpirik ere ez, ezta?

Baina kontua da biblioteka horretan Lรฉopold Irigaraik eginiko beste hainbat itzulpen ere badaudela. Baionako Mediatekako Ms. 108_1, Ms. 116, Ms. 117, Ms. 109_1_9, Ms. 120, Ms. 122 eta Ms. 124 dokumentuetan, ehundaka orrialde daude Leopold Irigaraik Georges Hรฉrellerentzat eginiko euskara-frantsesa itzulpenekin. Baionako Euskal Museoko Fonds basque. MS 71 ere horietakoa da (Roland pastoralaren frantsesezko itzulpena).

Horiek guztiak erabili zituen Hรฉrellek bere lanak osatzeko, eta askotan pasarte osoak transkribatu zituen. Besteak beste, Baionako Mediatekako Ms. 122n dago testu honen hasieran aipatu dugun Phantzart osorik frantsesera itzulita. Nork itzulita? Leopold Irigaraik, jakina. Inauteriak baino lehen kenduko diogu mozorroa?

Pedro Lemebelen omenez

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Aste honetan bete dira 9 urte Pedro Lemebel idazle eta aktibista maritxu txiletarra hil zela. Doala hemendik gure omenaldia haren manifestuaren itzulpen saiakerarekin. Nire berezitasunetik mintzo naiz poema (edo) 1986koa da, eta, Pinocheten diktadurapean, ezkerreko zenbait agintarik egin zuten bilera klandestino batean performatu zuen.

Esteka honetan duzue jatorrizko bertsioa.

Ez naiz Pasolini kontu eske
Ez naiz Ginsberg Kubatik kanporatua
Ez naiz poetaz mozorrotutako marituxa
Ez dut mozorroen beharrik
Hauxe da nire aurpegia
Nire berezitasunetik mintzo naiz
Naizen hau defendatzen dut
Eta ez naiz hain berezia
Justiziak niri bost
Eta dantza demokratiko honi susmoa hartu diot
Baina ez etorri niri proletarioen kontuekin
Pobrea eta maritxua izatea okerragoa delako
Garratza izan beharra dago jasan ahal izateko
Izkinako matxitoak pikutara bidaltzea da
Semeari hanka okertu egiten zaiolako
gorroto zaituen aita bat da
Gaixo zaudenean
garbitasunak zaharkitutako
amaren esku lehorrak altzoan
Ohitura txarrak direla eta
Zoritxarra dela eta
Diktaduraren moduan
Diktadura baino okerrago
diktadura amaitu egiten baita
eta demokrazia datorrelako
eta atzetik dator sozialismoa
Eta orduan?
Zer egingo duzue gurekin lagun?
Txirikordak fardoetan lotuko al dizkiguzue
Kubako ihesdun etxe batera bidean?
Inora ere ez doan tren batean sartuko gaituzue
Ibaรฑez generalaren ontzian bezala
igerian ikasi genuen horretan bezala
baina bakar bat ere ez ginen kostara iritsi
eta horregatik itzali zituen Valparaisok bere argi gorriak
Horregatik carambako etxeek
eskaini zieten malko beltz bat
karramarroek jandako ogi pusketei
Giza Eskubideen Batzordeak urte hura
ez du gogoan
horrexegatik lagun honako galdera hau
Existitzen al da oraindik propaganda erreakzionarioaren Siberiako trena?
Nire ahotsa goxoegi bihurtzen denean
Zuen begi ninietatik pasatzen den tren hura
Eta zuk?
Zer egingo duzu haurrak gineneko oroitzapen horrekin
Cartagenako oporraldian
elkarrekin masturbatzen eta jolasten ginenean?
Zuri beltzean izango al da etorkizuna?
Gaueko eta lan egunetako denbora
anbiguotasunik gabe?
Ez al da maritxuren bat egongo izkinaren batean
gizon berriaren etorkizuna kolokan jartzen?
Utziko al diguzue hegaztiak brodatzen
herri libre honen banderan?
Fusila zuri utziko dizut
odol hotzekoa zarenez
Eta ez da beldurra
beldurrik ez dut jada
labanak zorroztu baititut
ibili naizen sexu sotoetan
Eta ez ezazu sentitu eraso egiten ari natzaizunik
gauza hauetaz mintzo banaiz
eta hankartea begiratzen badizut
ez naiz hipokrita
Ez al dizute emakumeen bularrek
begirada jaitsarazten?
Ez al duzu uste
mendian bakarrik
zerbait okurrituko zitzaigula?
Nahiz eta gero nire burua gorroto dudan
zure moral iraultzailea usteltzeagatik
Bizitza homosexualizatuko ote den beldur zara?
Ez naiz ari sartzeaz eta ateratzeaz
eta ateratzeaz eta sartzeaz bakarrik
Goxotasunaz ari naiz lagun
Zuk ez dakizu
zenbat kostatzen den maitasuna topatzea
baldintza hauetan
Zuk ez dakizu
legenar honen zama eramatea zer den
Jendea ez da hurbiltzen
Jendeak ulertu egiten du eta dio:
Maritxua da baina ongi idazten du
Maritxua da baina lagun ona da
Super-ongi-dago-dena
Ni ez naiz dena ongi dago horietakoa
Mundua onartzen dut
Dena halako ongi egoteko eskatu gabe
Baina berdin egiten dute irri
Irrien orbanak ditut bizkarrean
Ipurdietan pentsatzen dudala uste duzu
eta CNIren lehenengo torturekin
dena askatuko nuela
Ez dakizu gizontasuna
ez nuela sekula kuarteletan ikasi
Nire gizontasuna gauak erakutsi zidan
zutoin baten atzean
Harrotzen zaituen gizontasun hori
erregimentuan sartu zizun
militar hiltzaile batek
boterean diren horietako batek
Nire gizontasuna ez nuen alderdian jaso
irriz ukatu baitzidaten
askotan
Nire gizontasuna urte gogor haietan
parte hartzen ikasi nuen
eta nire marikoi ahotsaz barre egin zuten
oihu egiten nuenean: Eta eroriko da, eta eroriko da
Eta gizon batek bezala oihu egiten baduzu ere
ez duzu joaterik lortu
Nire gizontasuna mozala izan zen
Ez zen izan estadiora joan
eta Colo Cologatik ukabilka aritzea
Futbola ezkutuko beste homosexualitatea da
boxeoaren, politikaren eta ardoaren moduan
Nire gizontasuna izan zen burlak irenstea
amorrua jatea mundu guztia ez hiltzeko
Nire gizontasuna da desberdina naizela onartzea
Koldarra izatea askoz gogorragoa da
Nik ez dut beste masaila jartzen
Ipurdia jartzen dut lagun
Eta hori da nire mendekua
Nire gizontasunak lasai espero du
matxoak zahar bihurtuko diren eguna
honezkero alderdian
ezkerrak txirikordatzen duelako bere ipurdi zimela
parlamentuan
Nire gizontasuna zaila izan zen
horrexegatik ez naiz tren honetan igoko
jakin gabe nora doan
Ni ez naiz marxismoagatik aldatuko
hainbestetan ukatu ninduen horrengatik
Ez dut aldatzeko beharrik
Zu baino iraultzaileagoa naiz
Ez naiz aldatuko soilik
pobreak ta aberatsak direla eta
Ez nintzen atzo jaio
kapitalismoa bidezkoa ez delako ere ez
New Yorken maritxuek elkar musukatzen dute kalean
Baina parte hori zuretzat utziko dut
hain interesekoa baitzaizu
iraultza guztiz usteldu ez dadin
Mezu hau zuretzat
Ez da nigatik
Ni zaharra naiz
eta zure utopia, etorkizuneko belaunaldientzat
Asko dira hego bat hautsirik
jaioko diren umeak
Eta nik hegan egin dezaten nahi dut lagun
zure iraultzak
eman diezaien zeru gorri zati bat
hegan egin dezaten

Maitetasunaren koordenadak

Castillo Suarez

Hemen bertan idatzi nuen artikuluaren harira, Susa argitaletxeko Josu Landak Lur bat zure minari liburuaren ale bat bidali zidan etxera eta alaitu zidan arratsaldea. Liburua berriz irakurtzen ari nintzen bitartean Altsasuko supermekatu handi baten parkinera joan zitzaizkidan burua eta bihotza. Bertan zeuden, nire zain, Joakin Balentzia eta Joxemigel Bidador. Elkarrekin joan ginen Loiuko aireportura, biderik luzeenetik. Joxemigelek maite zituen biderik luzeenak, eta harrezkero handik joaten naiz ni ere hegaldi bat hartu behar dudan bakoitzean. Galizian egon ginen egun batzuetan euskal idazle talde bat, paisaiari buruzko Galeusca batean. Loiutik Mondoรฑedora joan zitzaikidan bihotza eta burua. Bertan eman zuen Xabier Gantzarainek hitzaldi bat: Maitetasunaren koordenadak. Hitzaldi zoragarri hartan, bestek beste, Lur bat zure minari liburua aipatu zuen. Izan ere, bere etxean hainbestetan entzundako maitetasun hitza aipatzen zen liburu hartan. Bakardade linguistikoaz aritu zen, hiltzera kondenatuta dauden hitzez, eta liburu hartako poemetako bat irakurri zigun:

Koordenadak

Almitza hazten den lekuetan bizi gintezke
Inoren saihetseko burdinen artean sartu eta itotakoei arnasa nola hozten zaien ikasi
Ibaiko sunda dute begiok eskuok urriko zeru bat bezala aldatzen gara
Berariaz dagoz aireportuak gugandik hain urrin laino itsuaz haruntzago
Ibaiko sunda du saminak ere, ibaitu egiten da oroimena zauriak ibaitu
Eta bakeak urpetu gabeko lurrotan elkar maitatzera egiten dugu
Alboan zaitudan egiaztatu koordenadak berritu
Eta atzokoan loak non lotu gintuen idazten dut
Idazten dizut jakitearren arrotz ez garen lekuan atzerritar garen
Urondoan pausatu garen orea lotan bezala ala abantean igaro gehiengoz bozkatu galernen peko
Erbeste ederra dateke zure bihotza urre gorrizko kaserna
Baina lurmendatu ezinezko talaiak ditu gure maitetasunak
Baimendu gabeko eremuak ahora ekartzeko gaitzak diren izenak
Haitzen gandorrak bezalakoak jitoak daramanarentzat
Orduan libre ez garela aitortzen diogu elkarri
Zerbait hiltzen zaigula barruan eta bizi ez gintezkeen herriak habitatzen ditugu
 
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)

Azaldu ezin dudan bulkada baten ondorioz erabili izan dut maitetasun hitza nire liburuetan; erabili ditut polderra zein almitza โ€”edo albitzaโ€”, denak ere Lur bat zure minari liburutik ateratakoak. Gantzarainek hitzaldi hartan aitortu zigun maite duena erakusteko idazten duela, eta maita dezaten ere bai. Eta beharbada idazten ari garenean eta erabiliko ditugun hitzak hautatzen ditugunean gure unibertso literarioaren koordenadak ezarri nahian ari gara, maite dugunagatik maite gaituztelako gu ere.

Azken lurra

Inondik errenditzen ez den ura da gure maitetasuna
Zoratu egiten da
Hegazkinak islatzen ditu
Teilapeak iluntzen akorduetara amarratuta
Egitate mingarri anitz eman da ontzat
Etxeratze hitsen durundioa inongoa izatekotan
Eta minbizia aukeran
Zein erdi arotatik zein bestiariotatik irten du gure maitetasunak
Itutez jota hiltzeko ginoan den zeruak
 
Geure burua beste etsairik onesten ez duen lurra
Jendea batera bizitzen maitasun froga beraren hegian
Minutu berean lurmutur berean
Gure maitetasunak ez daki
Ez daki hegan
Ez da kalatxori
Darabiltzan orratzek bestelako iparrak dituzte xerka
Itsasgorak ekarriko ez dizkigun iheslariak
Itsasbeheran utziko ez dugun edertasuna
Hau da agin ziezaguketen azken zerua
Ez dago inor ebakuatzerik
Hildakoak ohean direla abandonatu ditugu etxeak
Hipermerkatuetako aparkalekuak dauzkagu igandeetan elkar maitatzeko
Hegazkinak teilapeak eta itoak estu amarratuta
Zu ez zaitut abandonatuko
Azken ordutan ez da bonbarik lehertu baina ez da heldu bakea
 
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)

Istorioak kontatzea eta idaztea

Amelia Pรฉrez Conde

Irlandako Galway hirian lagun talde handia ostegunero biltzen da The Crane tabernan, ipuinak entzutera. Saioak Celtic Tales du izena, eta helduentzako ipuinak dira. Ipuin-kontalaria eskoziar irlandarra da, eta Rab Fulton deitzen da. Ipuinak kontatzeaz gain, idazlea ere da; beraz, ahozko istorioak hizkuntza idatzira itzultzeari buruz ere galdetu diogu.

AMELIA Pร‰REZ: Celtic Tales saioetan istorioak, ipuinak eta kondairak kontatzen dituzu, eta saio bakoitzean ezberdinak dira. Nolatan dakizu hainbeste istorio eta ipuin?

RAB FULTON: Iturburuen konbinazioa da. Nire familiako guztiok istorioak kontatzen zituzten. Emakumeak eta gizonak etxean biltzen ziren, eta, erre eta edan bitartean, istorioak kontatzen zituzten arratsalde edo gau osoan, eta abestu ere egiten zuten. Horrez gain, liburutegiei, herriko kulturari, zinemari eta telebistari esker jaso nituen. Gero, nire kabuz, istorio bakoitza osatzen duten askotariko istorioak, tradizioak eta eraginak ere ikertu ditut.

AP: Ikerketa hori oinarri hartzen al duzu, ahoz entzun duzun istorio bat idazten duzunean?

RB: Ahozko istoriotik ahalik eta gutxien urruntzen saiatzen naiz, batez ere, istorio zehatz batzuk direnean. Horrelako istorio bat idazten ari naiz gaur egun. Amak kontatu zidan, eta amaren herrian bizi zen emakume bitxi bati buruzkoa da. Herriko biztanleak emakume horren beldur zeuden, baina beste batzuetan aholku eskatzen zioten, bereziki, medikuek eta apaizek konpondu ezin zituzten gaiei buruz. Geroago jakin dut emakume horren eta Cailleach jainkosaren arteko loturak daudela. Hala ere, nire ikerketa akademikoak istorioetan eraginik ez izaten saiatzen naiz, nahiz eta istorioek nire ikerketa akademikoan eragin handia izan. (Barre egin du)

AP: Nola sentitzen zara istorio bat kontatu bitartean? Eta idatzi bitartean?

RB: Kasu bietan istorioaren paisaiatik ibiltzen naiz. Entzuleen zein irakurleen irudimenean istorio hori sortu nahi dut. Istorioa ez da existitzen paisaiarik gabe, paisaia istorioaren aingura da. Ahozko emanaldietan istorioa entzuleekin batera sortzen da elkarrizketa batean, baina nik argi jakin behar dut non nagoen eta nondik ibiltzen ari naizen. Istorioa idazten dudanean, ordea, nire barruko ahotsekin ari naiz hizketan, baina ibilaldi luzeagoak egin ditzaket, eta arreta handiagoa jar dezaket xehetasunetan. Dena den, idatzizko istorioak ozenki ere irakurtzen ditut. Ahoan gozo sentitzen ez badira, paperean ere ez dira eroso sentituko.

AP: Istorio osoa jarraian idazten duzu?

RB: Ez, pixkanaka idazten dut. Txakurra buelta bat ematera ateratzen dudanean, bazkaria prestatzen dudanean, hau da, nire eguneroko ekintzak egin bitartean, istorioa imajinatzen dut, eta batzuetan irudiak ere egiten ditut. Egunkari bat daukat, eta nire istorio gehienak bertan hasten dira. Egunkarian oso libre sentitzen naiz, askatasun osoz idazten dut. Gero, egunkariko ideia batzuk gehiago lantzen ditut, eta lehen zirriborroa egiten hasten naiz.

AP: Istorioak idaztean ez al dago hitzetan galtzeko arriskurik?

RB: Bai, baina dibertigarria da. (Barre egin du). Olerkiak sortzeko erabiltzen ditudan teknikak batzuetan istorioak idazteko ere erabiltzen ditut. Hitzen soinuari, oihartzunari eta beste hitz batzuekiko loturei erreparatzen diet. Dena den, garrantzitsuena istorioa da. Istorioak funtzionatu behar du.

AP: Badirudi istorioak gero eta jende gehiagori interesatzen zaizkiola. Zeuk ere hori uste duzu?

RB: Istorioak betidanik kontatu dira. Idatzizko literatura hedatu aurretik, kultura ahoz zabaltzen zen. Ahozko tradiziotik datozen istorioetan dena kondentsatuta dago. Istorio horiek gure orainaldiarekin konektatzen gaituzte, baina baita iraganarekin ere, eta aurrera egiten jarraituko dute beste pertsona batek kontatuko dituelako. Transmisio eta konexio horrek aurrera egingo du, eta bidetik aurkikuntza berriak egingo ditugu. Pertsona guztiek parteka dezaketen une miragarria sortzen dute istorioek.

Literatur agenteez

Elizabeteย Manterola Agirrezabalaga

Euskal literatur eremuan dauzkagun itzulpen fluxuak aztertzen aritu naiz azkenaldian, itzulpen joeren garapena zer nolakoa izaten ari den ikusteko batetik, eta literatur trukeetan parte hartzen duten eragileek betetzen duten rola ezagutzeko bestetik. Gai horri tiraka, literatur sustapenaz eta esportazioaz arituko naiz oraingoan.

Edozein kulturatan, sustapena eta hedapena ezinbestekoak dira literatura bat bere hizkuntzaren mugetatik kanpo ezagutarazteko. Literatura-sistemaren biziraupenerako nahitaezkoak direla ere esan liteke, bi norabideetan egiten diren kultur trukeek aberastu eta aldarazi egiten baitute literatura bat. Itzulpena tresna ezinbestekoa da literatura gutxitu baten zabalkunderako; alabaina, erdaretarako itzulpenak egin eta ezagutaraziko badira, bultzada bat beharko dute. Heilbronen eta Sapiroren arabera (2016), itzulpen gehien-gehienak hizkuntza nagusi edo hiper-nagusietatik egiten dira, eta hizkuntza periferikoek, aldiz, gutxi esportatzen dute. Asimetria horiei aurre egiteko, ohikoa izaten da gobernuek haien herrialdeetako kultura-ekoizpena atzerrian sustatzeko erakunde espezifikoak sortzea, baita itzulpenak sustatzeko politikak bultzatzea ere.

Bai Euskal Herri mailan bai estatu mailan, erakunde publikoek eskaintzen dituzte euskal literatura atzerriratzeko laguntzak. Dena den, Montero Kรผpperrek (2016), Castrok eta Linaresek (2022) eta nik neronek beste nonbait (2021) ondorioztatu dugun moduan, erkidego mailako erakundeak dira batik bat hizkuntza gutxituetako kultur esportazioa finantzatzen dutenak, eta estatu mailako erakundeek batez ere gaztelaniaz sorturiko lanen itzulpena sustatzen dute. Frantzian ere Centre National du Livrek (CNL) eskaintzen ditu laguntzak Frantzian sorturiko literatura lanak esportatzeko, baina oraingoz ez da euskaraz idatzitako lanik itzuli laguntza horien bitartez.

Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioarte mailan sustatu eta ezagutzera emateko helburuz sortu zen Etxepare Euskal Institutua 2007an. Etxeparek egitasmo ugari ditu euskal literatura gure mugetatik kanpo sustatzeko, konparazio batera, itzulpenerako dirulaguntzak, testu laginak ingelesera edo frantsesera itzultzeko dirulaguntzak, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria eta euskal sortzaileak nazioarteratzeko bidaia-poltsak. Horietaz gain, itzultzaileen trebakuntza ere bultzatu du, Idazlea itzultzaileen lantegian egitasmoa sustatuz, zein Itzultzaile berriak programa abian jarrita. Urteotan ibilbidetxo bat egin du Etxeparek euskal literatura atzerrian sustatzeko ahaleginean.

Erakundeen bultzadaz gain, euskal literatura atzerrian ezagutzera emateko itzultzaileek rol baliotsua betetzen dute, ez bakarrik literatur lanen itzultzaile gisa, baita beren kulturetako preskriptore gisa ere; izan ere, askotan, liburuek xede kulturan izan dezaketen interesa neurtuko dute, bai eta zer lan itzuliko den hautatu, jatorrizko lanak ulertu ezin dituzten argitaratzaileei haien egokitasuna iradoki, eta itzulpenak argitaratu ondoren promozioan lagundu. Gero eta itzultzaile gehiago da euskaratik itzulpenak egiteko gai, eta haien lana sarritan ez da itzulpena egitera mugatzen.

Ugari dira euskal literatura beste hainbat hizkuntzatan eskuragarri izan dadin lanean dihardutenak eta lan horien zabalkundean parte hartzen dutenak: itzultzaileak, idazleak, editoreak, kultur ekoizpena sustatzen duten erakundeak, literatur agenteak. Azken horiek ekarri nahi nituzke hizpidera. Itzulpen-eskubideak saldu eta literatur lanen zein autoreen sustapena kudeatzeko ardura dute literatur agenteek. Euskal Herrian tradizio gutxi izan du literatur agentearen figurak. 90eko hamarkadan, Ikeder literatur agentzia sortu zen, Euskal Herriko lehenengo literatur agentzia. Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi zein Kirmen Uribe idazleak ordezkatu zituen, besteren artean. Duela zenbait urte amaitu zuen bere jarduna Ikederrek, baina literatur agentearen figurak garrantzia hartu du azken urteetan euskal literaturan, eta gero eta idazle gehiagok du agente bat. Esaterako, Ute Kรถrnerrek ordezkatzen ditu Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Xabier Etxeberria; Casanovas & Lynchek, Kirmen Uribe; Ella Sher agenteak ordezkatzen ditu Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Oihane Amantegi, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Hasier Larretxea eta Nerea Loiola; SalmaiaLitek, berriz, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Amets Arzallus; Mertin Wittek, Unai Elorriaga. Zerrenda horri erreparatuta, bada datu deigarri bat: Euskal Herritik kanpokoak dira aipatu agente guztiak. Euskal Herrian literatur agenterik ez egoteak beste nonbaiteko profesionalak bilatzera bultzatzen ditu euskal idazleak. Galdera ugari sortzen ditu egoera horrek. Esaterako: euskal sistemaz kanpoko eragileak izanik euskal literatur lanen eskubideak kudeatzen dituztenak egun, jatorrizko literaturaren zer nolako ezagutza dute agente horiek? Gaztelaniazko itzulpenaren bitartekaritza ezinbestekoa da lan baten eskubideak beste hizkuntza batzuetara saltzeko? Zein hizkuntzatako bertsioa hartzen da iturri gisa itzulpenerako? Galderak galdera, ahuldade bat erakusten du gabezia horrek, hizkuntza gutxituak hizkuntza nagusiagoetako literatur sistemen menpeko izan beharra literatur lanen eskubideak kudeatzeko.

Aipaturiko iturriak

Castro, Olga eta Linares, Laura. 2022. Translating the literatures of stateless cultures in Spain: translation grants and institutional support at the Frankfurt Book Fair. Perspectives 30(5). 792-810.

Heilbron, Johan eta Sapiro, Gisรจle. 2016. Translation: Economic and Sociological Perspectives. In Ginsburgh, Victor eta Weber, Shlomo (edk.), The Palgrave Handbook of Economics and Language, 373-402. London: Palgrave MacMillan.

Manterola, Elizabete. 2021. Euskal literatura itzuliari buruzko gogoeta. In Ayerbe, Mikel (ed.) Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak, 65-95. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).

Montero Kรผpper, Silvia. 2016. Polรญticas para la traducciรณn de textos literarios. In Galanes, Iolanda; Luna, Ana; Montero, Silvia; Fernรกndez, รurea (edk.), La traducciรณn literaria. Nuevas investigaciones, 53-72. Granada: Comares.

Dibulgazio historikoa

Santi Leonรฉ

Dibulgazio historikoa eta, batez ere, dibulgazio historiko ona eskuar izatea luxua da beti. Mintzatzeko manera bat da, bistan dena, baina bada erramoldea aski modu literalean ulertu duena, luxuzko dibulgazioa kontzeptu oximoroniko samarra โ€“baliteke oximoroniko solasa lerro hauek idatzi ahala asmatu izanaโ€“ sortzeraino. Berriki, Amaiurko gaztelua defendatzen aritu zirenen 51 gutunen edizioa aurkeztu zuen Mintzoa argitaletxeak, eta editorea harro eta hunkiturik agertu zen โ€œpubliko orokorrak ezagutzen ez dituen testu hauek argitara atera izanazโ€; eta zera gaineratu zuen: โ€œHaiek sinaturiko gutun hauek edukitzea, dena lehen pertsonan kontatzen baitute, luxu bat daโ€. Egoera ezin da hobeki laburbildu: hain zuzen ere, egin duten edizioa edukitzea luxu bat delako segituko du publiko orokorrak gutun horiek ezagutu gabe.

Wilhelm Gottlieb Soldan historialariarekin, berriz, haizea alde izan dugu, eta etxea hipotekatu gabe erosten ahal den edizioa prestatu digute. 1849an, Nafarroako konkistari buruzko testu labur bat argitaratu zuen Soldanek, eta XX. mendean Iruรฑeko intelektual euskaltzale batek gaztelaniara itzuli zuen โ€“sarreran, Alexander Tapia edo Angel Irigarai proposatzen du testuaren balizko itzultzaile gisa Peio J. Monteanokโ€“. Itzulpena Nafarroako artxiboan aurkitu dute, eta horixe da Mintzoak prestatu duen edizioak eskaintzen duena: Monteanoren sarrera eta gaztelaniazko itzulpena, gehi jatorrizko testu alemana.

Gaizki-ulertuak saiheste aldera, testua bera eta testua XX. mendeko lehen hamarkadetan Iruรฑeko euskaltzale batek itzuli izana, bi gauzak arrunt interesgarriak iduritzen zaizkit. Baina, dibulgazioa txukun egitearen alde nagoenez, nahiago nuke edizioa gehixeago zaindu izan balute. Orain artio sekulan hutsik egin ez didan teoria โ€“hain zuzen ere, espainolezko testu batean alemanez egindako edozein aiputan gutienez akats bat izanen dela dioen teoriaโ€“ bertze behin berresteko balio izan dit liburu honek. Monteanoren sarreran Johhan aurkitzen dugu Johann-en ordez; Fiedrich, Friedrich-en partez; Jhare, Jahre-ren hatxea aldatuta; eta von Groiman, von Grolman behar zukeen tokian.

Itzulpena egin zen tenorean nafar historialari gehienendako alemana aski eskuraezina zela gaztigatzen zaigu sarreran. Uste izatekoa denez gauzak dezente aldatu direla, eskertzekoa izanen zatekeen norbaitek itzulpena eta jatorrizkoa konparatzeko lana hartu izan balu, zeren testuaren edukia interesgarria izanda ere, itzultzaileak ez du beti behar bezain fin jokatu. Gaztelaniazko testuak, zenbaitetan, alemanezko testuak erraten ez dituen gauzak erraten ditu, baina desbideratze ttiki edo handi horiek inork seinalatzen ez baditu, irakurleak arrunt bertsio fidela irakurtzen ari dela sinesten ahal du. Izan ere, izenburuak berak pistaren bat ematen digu pentsatzeko balitekeela itzultzaileak lizentziaren bat hartu izana: Wie Navarra spanisch ward und blieb โ€“Nafarroa nola bihurtu zen eta iraun zuen espainolโ€“ titulutik De cรณmo Espaรฑa conquistรณ a Navarra y la retuvo titulura igaro gara. Bien artean salto ttiki bat bada, nire ustez.

Itzulitako testuan, badira hanka-sartzeak: errege-erregina katolikoen Juan printzea lau urtekoa da alemanez (vierjรคhrig), baina hamalau urtekoa gaztelaniaz. Badira haurkeriak: Soldanek dio Nafarroak ez duela Aragoirekin eta Gaztelarekin muga naturalik, baina Pirinioetako adar batek bereizten duela euskal probintzietarik โ€“nur gegen die baskischen Provinzen hin hat es eine Pyrinรคenast zur Seiteโ€“; hondarreko esaldi hori desagertu egin da itzulpenean.

Badira jatorrizko testua gaizki ulertzetik egindako pasarte traketsak: Soldanek kontatzen du kardinal espainol eta frantses batzuk aita sainduarekin etsaitu zirela eta, haren atsekaberako, lanean hasi ziren kontzilio orokor bat deitzeko โ€“Etliche spanische und franzรถsische Cardinale waren mit dem Papste zerfallen und gingen damit um, ihm zum Verdrusse ein allgemeines Concilium zu berufenโ€“; espainolez, berriz, algunos cardenales franceses y espaรฑoles estaban seriamente disgustados con el Papa por no convocar el concilio ecumรฉnico que habรญa prometido โ€“kardinal frantses eta espainol batzuk arrunt atsekabetuak zeuden aita sainduarekin, agindutako kontzilio ekumenikoa ez deitzeagatikโ€“.

Badira alemanez ez dauden izen nahiz izenondoak paratzeko joera ere: anakronismo larri bat โ€“Ein arger Anachronismus!โ€“ ยกOh anacronismos traicioneros! โ€“O anakronismo traidoreak!โ€“ bihurtu da; Karlos V.ak gatazkari konponbide arbitrala emateko harturiko konpromisoa โ€“die schiedsrichterliche Beendigung des Streitesโ€“ honela dago gaztelaniara ekarria: Carlos […] se habรญa comprometido con Francisco I a procurar por todos los medios el que se diera satisfacciรณn a los monarcas destronados โ€“Karlosek Franzisko I.arekin tronugabeturiko monarkei kosta ahala kosta erreparazio emateko konpromisoa hartua zuenโ€“.

Hiztegi politikoan ere, ez da zaila irristada batzuk harrapatzea, aski mamitsuak gainera. Alemanez Die Politik der Nachbarn auf beiden Seiten โ€“bi aldeetako auzoen politikaโ€“ dioen tokian, gaztelaniaz la polรญtica de ambos estados โ€“bi estatuen politikaโ€“ dugu. Gaztela eta Frantziaren arteko talkan, dio Boldanek, Navarra […] erfuhr das Schicksal, das in politischen Verwickelungen den Kleinen gewรถhnlich wird, und wurde auf immer untergesteckt โ€“gatazka politikoetan txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak, eta baztertua gelditu zen betikoโ€“; itzultzailea ez dago guziz ados: Navarra sufriรณ la suerte reservada a los pueblos pequeรฑos en toda conflagraciรณn internacional: fue borrada del nรบmero de las naciones โ€“nazioarteko gatazketan herri txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak: nazioen multzotik desagerrarazi zutenโ€“.

Beharbada makur nabil, baina erranen nuke Soldanen testu osoan ez direla agertzen Staat, Nation edo Volk solasak. Gaztelaniaz, berriz, estado, naciรณn eta pueblo ditugu. Ez dela hain larria? Ez dakit, bada. Peio J. Monteanok aipatu dudan hondarreko esaldia erabili du sarreran Soldanen mezua laburbiltzeko. Alegia, jatorrizko testuan ez dagoen โ€“ez, behinik behin, horrelaโ€“ esaldi bat.

Interesgarria izanen zatekeen, berriz diot, itzulpen honen edizio txukun bat egin izana: itzulpena zergatik ez den beti jatorrizkoari fidela, nola islatzen dituen horrek itzultzailearen asmo eta ideologia, zergatik merezi duen halere itzulpen horrek irakur dezagunโ€ฆ Alta bada, editoreek bertze bide bat hartu dute: Soldan historialari neutroa da, zientzia alemanaren sendotasun guziarekin โ€“eta bada mundu honetan zientzia alemana baino gauza sendoagorik?โ€“ arrazoi dugula erakutsi zuena, eta guk itzulpena ekarri dizuegu. Ederki. Pena bakarra da itzulpenak ez duela beti Soldanek dioena erraten.

Nolanahi ere den, hagitz kontu interesgarri bat utzi du agerian liburu honek. Segur aski, orduko itzultzailea Soldanen testua itzultzera eta oraingo editoreek itzulpena argitaratzera eraman dituen motibazioa berbera da: deusek ez digu hainbertzeko poza ematen, kanpoko norbaitek arrazoia emateak nola. Gogora ekarri dit Pedro Vallรญnek ezkertiarrak izanda ere zinema popularra gustuko izateko baimena eman zigunekoa: arras ongi dago, baldin eta baimena behar badugu. Historia kontuetan konplexu gutiago eta segurtasun handiagoak izanen bagenitu, lasaiago aztertuko genituzke iraganeko testuak. Eta dibulgazio hobea eginen genuke.

Auto-itzulpenaz: ez nork, nola baizik

Juan Garzia Garmendia

Ahaztua ez arren, baztertuxea izan dut aspaldion neure pentsamenduetatik auto-itzulpenaren inguruko eztabaida sarria. Egokitu zaidanetan, haren kontra lerrokatu samartu naiz, baina areago zen jarrera hori inguruan zebiltzan halako kasu nabarmen batzuek eragina, inolako hausnarketa patxadatsuagoak baino. Orain ere, ezin dut esan teorizaziorako esfortzu handirik egin dudanik, baina bai apur bat argiagotu zaidala auzia neure baitarako.

Halabeharrez gertatu zait โ€•eta hortik gogoetaโ€• berriro topo egitea azkenaldi honetan Samuel Beckett lagun zaharrarekin, amaitu berri den THAT TIME erakusketa zela eta. Auzi askori buruzko ustekizun askoren gainean argi egiteko ere ia paregabetzat jotzen dut nik Beckett. Autore gisa, esate baterako, nabarmen uzteko ederki idatz daitekeela hizkuntza bat baino gehiagotan. Bai: posible da, kasu batzuetan bederen, eleaniztasun oso eta betea literaturan; eta idazleak ez du zertan hautatu hizkuntza bat bakarra ofiziorako. Eta ez da Beckett, inondik inora ere, adibide bakarra. Besterik da ea bakoitzak zer egiten duen aukera horrekin.

Baina itzulpenaz dugu hemen hizpidea, eta, horretarako ere, lagun ezin aproposagoa zaigu Beckett. Hara nola etorri zaidan oraingoan kontua. Batetik, Bilboko Arte Ederretako Museoak eta Donostiako Tabakalerak elkarlanean darabilten egitasmo baten haritik, irlandarraren antzezlantxo labur bezain bihurri bat euskaratzen jarduna naiz: that time (testu guztia doa letra larririk eta puntuaziorik gabe).

Gaztelaniazko bertsiotik eta dokumentazio lanetik, berehala jabetu nintzen autoreak berak egina zela frantseserako bertsioa. Gutxitan ikusi dut hain itzulpen zintzo zehatzik. Izan ere, kulturaz egokitu beharreko erreferentzia pare bat alde batera, xehetasun รฑimiรฑo batzuk bakarrik gehitu zizkion Beckettek ingelesezko bere jatorrizkoari, eta ez testuan berean, baizik antzezpenaren muntaiarako akotazio minimalista urrietan, argiztapenari buruz. Gainerakoan, ezin berdinago dira hizkuntza bietako testuak.

Atzera jorik, oroitu nintzen kasu bera zela, bere garaian egiaztatzeko aukera izan nuenez, Waiting for Godot antzezlan luzeagoarena ere. Kontu bera han, frantsesezko bere jatorrizkotik ingeleseko bere bertsiora, kasu horretan. Orduan ere harrigarri gertatu zitzaidan hori, gure inguruan zebiltzan bertsionamenduekin alderaturik batez ere.

Ez pentsa hain inozoa naizenik pentsatzeko berdinak direla gure euskara diglosikoaren kasua eta inguruko hizkuntza nagusiagoena, baina alde hori garatzeak beste bide luze-bihurriago batera eramango gintuzke orain, abiatu garen ildo zehatzetik aldenduz (agian beste batean, ez baitu gai horrek ere mami gutxi noski).

Eta, horretan, hara non iritsi zitzaidan berria euskaraz antzeztekoa zutela nire Godoten esperoan. Nik frantsesezkotik itzuli nuen Beckettena, eta hark ingelesezko bertsiorako hartutako distantzia โ€•soilik kulturalโ€• minimo berari eusten saiatu nintzen ahaleginean, ustez Beckettek nahi zukeen bezala.

Jakina, libre luke edonork beste bertsio euskaldun jatorrago bat saiatzea, baldin eta hartarako gai ikusten badu bere burua, edo โ€•ai amaโ€• euskara beste zer (?) bateko hizkuntzatzat tratatu behar dela baderitzo. Hori, hala ere, auto- zein hetero-, ez da, zintzo mintzo, itzulpena.

Tira. Nik ondutako itzulpenak bazuen, alde batera, ezaugarri berezi bat euskarari berari zegokiona, kontuan hartu bainuen lana enkargatu zidan antzerki-taldeko partaideen hizkera-oinarria (Bidasoaren jirakoa), nahiz guztiz batua hizkuntza. Jakinaren gainean jarri nituen horretaz orain antzeztera menturatu direnak, eta baimen guztiak eman, eta are bultzada, nahi adina lizentzia hartzeko alde horretatik beren molde erosoenera ekartzeko erregistroa.

Alde handia dago, hala ere, azaleko kontuok moldatzetik mamizkoagoak aldatzera. Eta, berriro, berdin dio nork egiten duen hori, autorea bera izan zein beste edonor obraren gainetik jartzera ausartzen dena. Kasu guztietan, errespetu-falta deritzot, hara. Itzulpen jatorretik zertan eta zergatik aldendu den garbi aitortzeak bidea eman lezake, onenean, auzioi guztioi buruzko jarrerak eta argudioak kontrastatzeko.

Errespetua da hitza

Juan Garzia Garmendia

Maiatzaren 14an, Pasai San Pedroko Udal Aretoko antzoki koxkorrean nintzen, Godoten esperoanen euskarazko estreinaldian. Alegia, Becketten frantsesezko (eta ingelesezko) obra gailen hori (hogeigarren mendeko maisulan seinalagarrienetariko bat) neuk (Bidasoaldeko antzerki-talde batentzat) aspalditxo euskaratu (ez zen antzeztu), handik pixka batera liburu gisa argitaratu (2001), eta orain (2023) Zurriola Antzerki Eskolak bere gertaleku eta gozatoki naturalera itzulia.

Halaxe gabiltza, hain zuzen, itzulika zoro nahiz zuhurxeagoan, gure zirkuitu sorginduan euskal literatura-hamsterrok. Aritua nintzen ni askoz lehenago ere antzezlan batzuk euskaratzen, kasu horretan taularatu bai baina paperean argitaratu ez zirenak. Orainago, beste esperientzia bat ere egokitu zitzaidan, aski adierazgarria hura ere gure burubide bidegaldu samarrez. DSS2016 ekitaldi potolo(tu)en barnean, enkargua eman zidaten Shakespeareren komedia ospetsu bat itzul nezan, eta hala onlineratu zen (ezen ez papereratu) Uda-gau bateko ametsa. Aldi berean (!), egitasmo be(ra)ren inguruan (!!)ย eta izenburu โ€”marratxoa gorabeheraโ€” berarekin (!!!), liburu berri gisa plazaratu zen, eskuizkribu-gordailu zahar batetik, Uda gau bateko ametsa. Ez, ez da txantxa; eta ez da broma, gero.

Hori nahikoa ez, eta berriak iristen hasi zitzaizkidan bazela asmoa bestelako Uda-gau bateko ametsa arrandioski antzezteko DSS2016 egitasmoaren gailur-gailurreko erakusgarri modura. Kasu honetan, gehiegikeria latza litzateke itzulpen deitzea ekitaldi basa-dotore horri, gastronomiak ere rol nabarmena zuelarik, nola ez, gure turismo-kulturak eskatzen duen moduan. Zori onez edo txarrez, sarrera erosia edukirik ere, ez nintzen egon azkenean ekitaldi hartan (beste itzulpen zahar hura plazaratu izana zor zaionari pasatu nion, hara, txartela, hutsegite-komedia batean bageunde bezala). Nik neuk, aski nuen handik eta hemendik iristen zitzaidan informazioarekin: antzezburu bipilek ez zuten ezer jakin nahi obra euskaratuarekin, edo itzultzaileokin, edo testuarekin berarekin, edo jatorrizko pertsonaiekin, edo, beldur naiz, antzerki isabeldarrekin eta Willekin berarekin ere: berek zekiten hobeto, antza, zer komeni zen.

Tira: airean desegina geratu da guztia, Ametseko kontuak bezala, baina Hamleten Danimarkakoaren antzeko usain bat hor geratu zen Cristina Eneako lorategi-bazkaleku hartan, gaurdaino ere, hau idaztean berritu eta oraindik hor datorkidana sudur-muinetara.

Errespetua da hitza. Zaharkitua oso, terminoa, eta labaina, baina mamitsua kontzeptuz. Errespetua autorearenganako; errespetua ofizioen kontuan; errespetua aurretiko eta albotiko lanekiko; errespetua publikoari benetako kultura helarazteko eta ez jendea edozein entretenigarriz engainatzekoโ€ฆ Errespetua da, bai, hitza.

Eta โ€”gatozen itzuliaren itzulian hasierako hizpide baikorreraโ€”, errespetu bikaina ez ezik, bikaintasun gailena erakutsi ziguten Pasaian zurriolatar antzez-jendeok beren xumetasun itxuratik. Aitor dezadan beldur kizi batekin hurbildu nintzela emanaldira; batez ere, ez nekielako nola funtzionatuko zuen nire itzulpenak bere benetako saltsan, hots, ondo transmitituko ote zen hura antzezleetatik aditzaileetara.

Laster ahaztu nintzen kezka horretaz eta gainerakoez. Testuaz beraz, esan beza bestek zer deritzon, baina ni ezin pozagorik geratu nintzen โ€”eta berdin gustura sumatu inguruko guztiakโ€” han entzunik hura halako indar eta distira bizi jatorraz hats-haragitua. Batek gero guztiz egoki aipatu zuenez, defenditu beharra izaten du taula gainean dena delako testua, eta hara antzezle literalki amateur haiek, harrigarrizko trebetasun landuz defenditu ez ezik, baita ederki eraso ere Becketten nireari, behar zirenak oro gorderik dramaturgia bikainaz hobeturik den-dena.

Bikaina izan zen saioa: obra hura, dramatizazio, dinamika, espiritu, letra eta zaporea, Samuel Becketten jatorrizko hura zen, gurera ekarria mundu zabal guztira bezala. Errespetua, hara, eta hortik emaitza. Horretarako, aski agertokian zuhaitz bat, argi batzuk, atrezzo minimo bat, eta antzezlanarekin hezurretaraino inplikaturiko jende-talde jator bat.

Halakoek ematen edo berritzen diote bati gogoa bere itzultze-lan bakarti, isil, beti amateur tematian jarraitzeko ekin etsian[1]. Egunotan izan da hurrengo antzezaldia, Donostian, areto zabalago batean. Zirkuitu normal samar batean, miseriazko urritzat jotzekoa litzateke halako bakantasuna, uda osoa tartean: quosque tandem. Etsigarria, baiki, itxaronaldia.


[1] Ez zen aldi bakarra noski gurean baino kanpoan harrera hobea egin zaiena euskal itzulpenei.

Dakitenengandik ikasten

Idoia Santamarรญa Urkaregi

Liburu txiki bezain interesgarri bat gomendatzera nator gaur hona:

Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias.

Ez da berria, 2013koa baizik. Miguel Sรกenz da egilea, gaztelaniazko itzultzaile handia (handia? erraldoia).

Itzulpen batekin ezin aurrera egin nenbilela, gogoratu dut ezen, duela urte asko Luxenburgon gaztelaniazko itzultzaile gisa ari nintzelarik, Miguel Sรกenz etorri zitzaigula behin hitzaldi bat ematera, eta, haren orduko irudia buruan, apalera jo dut aipaturiko liburuaren bila (gauza ederra da, alafede, prokrastinazioa). Lehenengo egiaztapena: liburua ez da batere zahartu; bizi-bizirik dago.

Izenburuak garbi dioen moduan, Sรกenzek han-hemen emandako hitzaldiak eta diskurtsoak biltzen ditu, denak itzulpengintzaren ingurukoak, zein baino zein interesgarriagoa, eta horietako bat, gainera, โ€œAutor y traductorโ€ izenburukoa, Donostian emana, 1993an (liburuan jasotako lehenengo hitzaldia da). Itzuli diren hizkuntzaren literaturaren osagarri direla itzulpenak defendatzen du hor Sรกenzek, eta, are, hizkuntzen literaturaren hastapenetan itzulpenak egon ohi direla askotan:

Premisa hori onartuz gero, euskal literatura, adibidez, jatorriz euskaraz idatzitako lanek eta euskarara itzulitako lan guztiek osatuko lukete.

Pellokeria dirudi, baina, tamalez, esan beharreko esaldia da oraindik ere.

Liburuko hurrengo hamazazpi hitzaldietan, itzulpengintzarekin eta literaturarekin lotutako hainbat kontu jorratzen ditu[1]:

  • hitzak itzultzen ditugun edo hitz horiek diotena;
  • egileen eta itzultzaileen arteko harremana;
  • โ€œklasikoenโ€ itzulpena, literatura-itzulpena (โ€œitzultzailea poetaren poeta da, nobelagilearen nobelagileaโ€);
  • literatura-itzulpenaz bizi daitekeen ala ez (spoilerra: EZ);
  • zertaz jabetu behar duen itzultzaile orok (โ€œitzulpengintza hurbilketa-arte bat da infinitura arte hobetu daitekeenaโ€);
  • itzulpenen kritika eskasa edo kritika falta (Espainian eta herrialde gehienetan);
  • itzultzaileen akatsak;
  • zer esan nahi den hizkuntza โ€œneutroโ€ batera itzuli behar dela esatean;
  • itzultzailearen eta musika-interpretatzailearen arteko paralelismoa (โ€œtestu baten aurrean esertzen naizenean โ€”testua atril batean paratzen dut nik gehienetanโ€”, musikari sentitzen naiz, beste batek ondutako musika deszifratzen, neureganatzen eta adierazten saiatzeko prestโ€);
  • zer den literatura-itzulpena: kopia? jatorrizkoa? bertsioa? interpretazioa? berridazketa? faltsifikazioa? manipulazioa?;
  • zer den literatura unibertsala, halakorik baldin bada;
  • zenbaterainoko garrantzia duen arretaz irakurtzeak (โ€œitzultzean nabarmendu beharrekoa ez da irakurketaren intentsitatea, arreta baizik; itzuli beharrak baldintzatutako irakurketa da itzultzailearena, baina horrek ez du eragozten irakurtzeko plazera; aitzitik, areagotu egiten duโ€);
  • zer irakats daitekeen eta zer ez itzulpengintzako fakultateetan.

Liburuaren bukaera aldera, bi diskurtsoren testua dator: bata, Alemaniako Hizkuntza eta Poesia Akademian 2000. urtean emandakoa, eta bestea, 2002koa, Salamancako Unibertsitatean emandakoa, honoris causa doktore izendatu zutenean. Lehenengoan, itzulpengintzaren definizio eder bat ematen du:

Norbaitek esana da itzultzea dela pertsona apartak diren lagunak izatea eta lagun horiek artean ezezagun zaizkigun beste lagun batzuei โ€”irakurleeiโ€” aurkeztu nahi izatea.

Edozein kikiltzeko modukoa da Miguel Sรกenzek itzultzaile gisa egin duen ibilbidea. Ingelesetik eta, batik bat, alemanetik itzultzen du gaztelaniara, eta zerrenda luze bezain ikusgarria osatzen dute berak โ€œinterpretatutakoโ€ autoreek: Rushdie, Conrad, Faulkner, Goethe, Kafka, Bernhard, Grass, Schnitzler, Brecht, Sebaldโ€ฆ Berak hainbeste maite dituen austriar autoreek bezala, Sรกenzen itzulpenak irakurtzean badirudi bakoitzarentzako doinu egokia interpretatzen dakiela beti; maisuki menderatzen du esaldi eta paragrafo bakoitzaren erritmoa, belarriz itzultzen duela ematen du, partiturarik gabe ia, musikari handienek bezala.

Hemen aipatutako saiakeran jasotako artikuluetan ere nabarmena da musikari itzultzailearen (edo itzultzaile musikariaren) sena. Maisu handien patxadaz eta zehaztasunez mamurtzen du itzulpengintza, eta Sรกenzen erudizioak eskutik darama irakurlea, batere ikaratu gabe.

BIBLIOGRAFIA

SรENZ, M. (2013), Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias, Ediciones Universidad de Salamanca, 2013.


[1] Komatxoen arteko aipu guztiak M. Sรกenzen liburutik hartuak dira, eta nik itzuli ditut.