Itzulpen baleakide, labiokide ala labelkideak

Angel Erro

Juan Garziaren Moby Dick irakurtzen hasi naiz, pozik hasi eta pozik irakurri ere. Balea Zuria argitaletxekoek Herman Melvilleren liburua euskaraz aterako zutela iragarri zutenean ez ninduen ezustean harrapatu, urte pare bat lehenago Moby Dick gaztelaniaz irakurtzeko deliberoa hartua nuelako, hain zuzen. Saia nadin aurreko esaldiaren desarrazoia argitzen. Moby Dick-en gaztelaniazko zer itzulpen erosi erabaki nahian Interneteko artikulu eta iruzkin-tokiak arakatzen ari nintzenean โ€•klasikoei ekitekotan oso begiratu eta are txepela naizโ€•, blog bat topatu nuen, eta bertan sarrera bat (โ€œMoby Dick: en busca de la traducciรณn perfectaโ€), non gaztelaniaz eskuragarri dauden bertsioetatik puska eder bat erkatzen baitzuen blogariak. Horretarako, pasarte gatazkatsu bat hautatua zuen, bertsio batetik bestera aski desberdin emana izan dena[1]. Blogeko sarrera bezain jakingarria gertatu zitzaizkidan irakurleen iruzkinak, ekarpen egokiak egiten zituztenak gehienetan. Haietako bat Juan Garziarena berarena zen, eta bertan aurreratzen zuen liburua euskarara ekartzen ari zela. Hori jakiteak egonarria eman zidan: euskaraz irakurtzeak itzulpenen artean hautatzen ibili behar etsigarriaz arinduko ninduen.

Estualdia kendu arren, erdarazko blog horrena euskaraz zer gutxitan egiten ahal den ere lastima da. Gauza jakina da, gure txikian, nekez aurkitzen ahal direla liburu beraren bi itzulpen. Hainbesteraino non traduction ratรฉe bat plazaratzen denean kaltea alimalekoa baita gurean, gutxienez hirurogei edo laurogei urtean ez duelako beste inork berriz itzuliko (eta, jakina, argitaratzeko modurik aurkituko), edozein konparazio diakronikoa izatera behartuta, ez lan garaikideena. Gurean, beraz, itzulpenak bikainak izateko premia askoz altuagoa bada ere, kritikak maiz txanda-pasa egiten dio haiek aztertzeari, eta egiten dutenean gutxitan dute hitzik โ€•eta gutxiagotan hitz txarrikโ€• esaten itzulpen lanaz.

Poesiaren itzulpenean, berriz, errazagoa da horrelako azterketa konparatiboak egiteko materiala aurkitzea. Oso gustura irakurri dut, berriki, Karmel aldizkariko 1990eko ale batean, ausaz aurkituta, โ€œJoan Gurutzekoaren Cรกntico Espiritual euskaraz: erkaketa eta kritikaโ€ izeneko artikulua[2] โ€•Orixek, Gazteluk, Onaindiak eta Akesolok poema horrena egin duten itzulpen bana alderatzen duenaโ€•, baina lan akademikoegia da, tarteka soilik deskriptiboa, eta eztabaidari iskin egiten dio, esaterako, Patxi Altunak adierazten duenean bezala ezen โ€œez [dela bera] orain hemen abiatuko laur itzulpenetarik hoberena zein den iuiatzen (Doktoreak ditu Eliz Ama santak), nahiz txapela nori eman erabaki behar [balu], [balekikeen] nori emanโ€. Hori bai, halako batean artikuluak labiokide bezalako hitztripu eder eta iradokitzailea eskaintzen digu.

Dena den, orain gutxi, Moby Dick-en gaztelaniazko itzulpenei buruzko blogeko sarrera hartakoa bezalako (edo, gutxienez, antzeko) erkatze lana egin eta hona ekarri ahalko nuela sinetsi nuen. Nafarroako Liburutegi Nagusiko nobedadeen apalean Sheridan Le Fanuren Carmilla euskaraz ikusi eta hartu nuen. Aurreko asteburuan Ibon Egaรฑak Noticias taldeko Ortzadar literatur gehigarrian euskarazko Carmilla-ri egindako kritika irakurria nuen. Hala ere, bi liburu ezberdinak ziren bata eta bestea. Liburutegitik nik hartutakoa Erroteta argitaletxeak 2024an plazaratutako Karmilla zen, Aitor Aranak itzulitakoa; Ortzadarren iruzkindutakoa, Carmilla, Literatura Unibertsala sailean aurten atera den 191. alea, Maialen Berasategik itzulia. Gerora, jakin dut Egaรฑak ez zuela bere kritikan Aitor Aranarena aipatu ez baitzuen haren berri (nik apalean ikusi arte ez nuen bezalaxe), eta baliteke Maialen Berasategik ere haren berri ez izatea, ez baitu bere itzulpenaren atariko sarreran aipatzen[3].

Lanari heltzekotan nengoela, nire ustekizunak erdi ustelkizun gertatu zitzaizkidan berehala, erreparatu nionean Erroteta argitaletxeko liburua, ez azalean ez inon ohartarazten ez duten arren, egokitzapen bat dela: jatorrizkoaren pasarte osoak desagertuta daude bertatik, esaldiak lausotuak, sinpletuak, jatorrizkoaren atalezko banaketatik testu jarraitura igarota.

Oraindik etsi nahi ez eta pentsatu nuen Le Fanuren lan horrek euskaraz duen beste egokitzapena, oraingoan aitortua, hartuz gero agian zerbait egin nezakeela, posibilismoak baino burugogorkeriak eta artikuluren bat entregatu beharrak bultzatuta. Sanduzelai auzoko liburutegiraino joan behar izan nuen DDB argitaletxeak 2016an Mikoleta bilduman argitaratutako Carmillaren bila, Ana Arakistain itzultzaile eta moldatzaile. Nire harridurarako, eta lehen begiratuan, egokitzapen horrek, berez euskaltegiko zazpigarren urratsetik gorakoentzat atonduak, gehiago zuen itzulpen zintzotik Aranaren beste hark baino.

Argi eta garbi, laster ohartu nintzen ez dagoela itzulpen osoak egokitzapenekin konparaketan hasterik, aitortuak izan ala ez. Halere, begietaratu dudanaren adibide soil modura bada ere, ekar ditzadan hona Berasategiren, Aranaren eta Arakistainen bertsioen lagin pare bat.

Carmilla (Igela, 2025)Karmilla (Erroteta, 2024)Carmilla (DDB, 2016)
Inondik ere handikiak ez izanagatik, Estirian gaztelu batean bizi gara gu, schloss batean. Errenta koxkor bati, munduko paraje honetan, probetxu ederra ateratzen zaio: urtean zortziehun-bederatziehun, eta atarramentu galanta. Jaioterrian, berriz, nekez izango ginen aberatsen artean. Ingelesa dut aita, eta ingelesa dut izena ere, baina Ingalaterra bera ez dut sekula ikusi. Hemen, paraje bakarti eta primitibo honetan, hain zoragarriro merke dago den-dena, ezen ez baitzait iruditzen diru gehixeagorekin ere bizimodu askoz erosoagoa izango genukeenik, edo are luxuzkoagoa.    Aita Austriako armadan ibili zen bere garaian, eta erretiratzean, pentsio bat gelditu zitzaionez eta bazituenez ondasun batzuk, egoitza feudal hauxe erosi zuen, lursail koxkorra barne: sekulako mauka. (21. or.)Estirian bizi ginen, gaztelu batean. Gure aberastasuna ez zen printzeena lakoa, baina munduko txoko hartan aski zen urteko errenta txiki bat, jaun handiena egin ahal izateko. Nire aita ingelesa da eta nik, jakina, deitura ingelesa daukat, baina ez dut inoiz Ingalaterra ikusi.    Aitak Austriako armadan zerbitzatzen zuen. Erretiroko adinera heltzean, bere ondare txikiarekin egoitza feudal xume hura eskuratu ahal izan zuen, inguruan hainbat lur hektarea zeuzkana. (5. or.)Styrian, nahiz eta sekula ez ginen aberats izan, gaztelu batean bizi izan ginen. Paraje hartan bizitzeko errenta txiki bat nahikoa zen. Zortzi ehun edo bederatzi ehunek urtean mirariak egiten ditu. Gure herrialdean ez ginen dirudunen mailara iritsiko.    Nire aita ingelesa da eta nik neuk ere izen ingelesa daukat, nahiz eta Ingalaterrara sekula joan ez. Baina, hemen, toki isolatu eta primitibo honetan, dena hain merke izanik, ez zait burutik pasa ere egiten diru kopuru handiagoak nola gehitu ahal zien zerbait gure ongizateari edo gure luxuei ere.    Nire aitak ejerzitorako lan egiten zuen Austrian eta pentsio batekin eta bere ondarearekin erretiratu zen. Gero honekin egoitza feudal hau eta honen inguruko lur eremuak erosi zituen huskeria baten truke. (5-6. or.)
Minutu bat-edo gogoetan eman ondoren, Madameri galdetu zion ea nire aitarekin hitz egin zezakeen.    Haren bila joan ziren, beraz, eta honela esan zuen aitak gelara sartu zenean, irribarrez:    โ€“Pentsatu nahi dut, mediku jauna, esango didazula agure txotxolo bat izan naizela zu hona etorrarazteagatik; hala espero dut behintzat.    Baina medikuak, oso serio, hurreratzeko keinua egin zion, eta aitari zeharo ilundu zitzaion irribarrea.    Hizketan aritu ziren biak tarte batez, serio eta sutsu, nik medikuari dena kontatu nion leiho-baoan bertan. Gela oso handia zen, eta Madame eta biok txokorik urrunenean geratu ginen, jakin-minez tripak jaten. Ez genuen, ordea, txintik ere aditzen, oso apal ari baitziren hizketan; gainera, leihoaren bao sakonak ia osorik ezkutatzen zigun medikua begi-bistatik, eta aita ere bai neurri handi batean, ez baikenizkion ikusten hanka, besoa eta sorbalda baizik. Segur aski, horma lodiak eta leihoak osatzen zuten armairu gisako hutsune hark are entzunezinago egiten zituen haien hitzak.    Handik tarte batera, aitak gelarantz begiratu zuen. Zurbil zegoen, pentsakor, eta, iruditu zitzaidanez, asaldatuta ere bai. (99-100. or.)Pixka batean pentsatu eta gero, nire aitari deitzeko agindu zuen. Aita irribarrez etorri zen, baina medikuaren kezka aurpegia ikustean, irribarrea kendu zitzaion. Berehala elkarrizketan hasi ziren ahopean, bazter batean geunden Perrodon andreak eta biok ziotena entzungo ote genuen beldurrez edo. Bat-batean, aitak niregana jiratu zituen begiak. Zurbil zegoen eta oso kezkatuta zirudien. (55. or.)Minutu batez hausnartu ondoren, madameri galdetu zion nire aita ikusi ahal zuen.    Zerbitzari bat bidali zuen bere bila eta berehala etorri zen. Gelara sartzean irribarrez esan zuen:    โ€“Badakit, doktore jauna, tonto zaharra naizela  esango didazula zure bila joateagatik eta hala izango ote da!    Baina, bere irribarrea itzali egin zen, medikuak oso serio hurbiltzeko keinuaak egin zizkionean. Denbora luzez egon ziren hizketan, ni medikuarekin elkarrizketatu nintzen leku berean. Elkarrizketa serio eta eztabaidatsua ematen zuen. Lekua oso zabala zen eta madame eta ni zutik geratu ginen, jakinminez beteta beste puntan. Ez genuen hitz bakar bat ere entzuterik izan, oso baxu hitz egiten zutelako eta leihoko txokan doktorea  erabat ezkutatuta geratzen zen, eta nire aitari eskuineko oina, besoa eta sorbalda ikusten genizkion. Ahotsak ia entzunezinak ziren leihoak eta hormak gelatxo antzekoa osatzen zutelako.    Gero nire aitak gelara begiratu zuen. Zurbil zegoen, pentsakor eta iruditu zitzaidanez asaldatuta. (88. or.)

Ez du komentario handirik behar. Arrazoia du Egaรฑak, konparazioneak konparazione, Maialen Berasategirenaz esaten duenean mirespenez eta gozamenez irakurtzeko itzulpena dela. Hemen Altunak errazagoa luke bustitzea eta jujatzea, nik uste. Ala gehiegi eskatzen ari naiz?


[1] Itzultzaileen arteko desadostasun nagusia da โ€œwe rolled over from each otherโ€ esamoldea nola eman, Queequeg eta Ismaelen arteko intimitate mailak, pasartearen queer irakurketa baterako bazkak, aski norainoko ezberdin erdiesten baitu ohean bi lagunek zer egiten duten nola ulertzen den. Garziak nola eman duen ikusi nahi duenak XII. atalaren azken esaldira jotzea besterik ez du.

[2] Julen Urkizak, Patxi Altunak eta Xabier Mendiguren Bereziartuk elkarrekin egindakoa. Bertan, lehenak Kantikoaren jatorria eta balio poetikoa aztertzen ditu, bigarrenak Kantikoaren lau euskal itzulpenen metrika eta, azkenik, Mendigurenek itzulpen horiek eta jatorrizko obra erkatu egiten ditu; cf. Karmel_3727.pdf

[3] Sarrera horretan, hau bezalako beste oin ohar pare batean, bai aipatzen du Le Fanuri euskaratu dioten beste lan bat (โ€œEreingo Bartleby antzinako sailean [โ€ฆ] argitaratu zuen Luigi Anselmik berak Le Fanuren beste kontakizun labur bat: Maizter misteriotsuaโ€), eta Carmillarenak urteetan egin dituztela ezin konta ahal bertsio, โ€œformatu askotarikoetan: antzezlanak, nobela grafikoak, haur eta gaztetxoentzako liburu egokituakโ€ฆโ€.

Galletagileak, kondesak eta mari-lotsagabeak

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Aurtengo udan atera zuen albistea Berriak: Bilboko Udalak Zorrotzaurre auzoko bi kaleren izenak aldatzea onartu berri zuen, Ana Morales itzultzailearen borrokari esker. 2023an, auzo hartako berrurbanizazio prozesuaren ondorioz sortutako kaleetako biri izena jartzean, hamarkada batzuk lehenago auzo hartan lanean aritutako bi emakume talde omendu nahi izan zituen Bilboko Udalak. Hala, kale horiek Avenida Galleteras eta Avenida Cargueras izendatu zituen gaztelaniaz, eta Galletagileen Etorbidea eta Zamaketarien Etorbidea euskaraz, Artiach fabrikako langileak eta Bilboko portura iritsitako itsasontzietatik merkantzia buru gainean hartuta biltegietara eramaten zutenak gogoan, hurrenez hurren. 2023ko lehen bataiatze hartan, beraz, gaztelaniazko izendapenak lanbide horretan aritutakoak emakumezkoak zirela adierazten zuen -a morfemaren bitartez, eta bete egiten zen, beraz, emakume haiek omentzeko asmoa. Euskarazko izendapenean, berriz, euskarak izenetan generoa markatzeko morfemarik erabiltzen ez duenez, generorik gabeko lanbide baten berri ematen zen, emakumezkoen protagonismoa ezabatuta.

Berriako erreportajeak jasotzen zuenez, borroka administratibo luze bati ekin zion orduan Ana Moralesek temati, euskarazko izendapenean ere ekimen haren asmoa โ€•emakume haiek ohoratzea โ€• bete zedin eskatzeko. 2025eko ekainaren 26an, azkenik, aldaketa eskatzeko mozioa aurkeztu eta onartu egin zen, eta harrezkero bi kale horiek Emakume Galletagileen Etorbidea eta Andre Zamaketarien Etorbidea dute izena.

Albistea plazaratu eta gutxira, Gotzon Loberak iritzi artikulu bat sinatu zuen Deian, zeinean salatu egiten zuen ezen, halako erabakien bitartez, โ€œaldameneko hizkuntza batean dauden arazoak, euskarak berez ez dituenakโ€, euskarara ekartzen direla, eta jakinezarekin lotzen zuen horrela jokatzea. โ€œZenbat bider gomutarazi behar da euskarak hizkuntza gisa ez duela generorikโ€, argudiatzen zuen Loberak. (Artikulu haren tonuari buruz gauza bat baino ez dut esango: ze nezesidade?).

Loberaren zutabe hari dotore, zehatz eta argudio sendoekin erantzun zion, nire iritzian, Moralesek Naiz, Berria eta Argia komunikabideetan argitaratu zen testu batean. Besteak beste, Moralesek ukatu egiten zuen euskara generorik gabeko hizkuntza denik, eta horren adibide hitanoa eta amama/aitite gisako bikoteak aipatzen zituen. Euskara, izatekotan, genero-morfemarik ez duen hizkuntza dela esaten zuen Moralesek.

Bai Loberaren testua bai Moralesen erantzuna irakurri nituenean, duela urte eta erdi inguru EHUko Letren Fakultatean ikasle batek egindako azterketatxo bat etorri zitzaidan gogora. Diego de Alba du izena ikasle horrek, eta Euskal Ikasketetako bere Gradu Amaierako Lana izan zen delako ikerketa hura: Genero femeninoa euskaraz. Teoria eta hiztunen erabilera parez pare. Lan hartan de Albak zenbait hiztegi eta corpus arakatu zituen genero femeninoa adierazten duten hitzen bila. Helburua, hain zuzen, Loberak botatako premisa teorikoa (euskarak ez du generorik) eta hiztunek egiaz egindako erabilera konparatzea zen. Beste modu batean esanda, euskal hiztunek generoa zenbat hitzetan, zeinetan eta nolakoetan markatzen duten ezagutu nahi zuen. Horretarako, hiru iturri erabili zituen probaleku edo aztergune gisa: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Egungo Euskararen Hiztegia eta Egungo Testuen Corpusa.

Azal dezagun nola jokatu zuen de Albak. Lehenengo eta behin, Euskaltzaindiaren Hiztegiko sarrera guztien artetik, definizioan emakume, andre, neska edo alaba hitzak dituzten sarrera guztiak zerrendatu zituen. Adibidez, abadesa izenaren sarreran โ€œemakumezkoentzako monasterio bateko buruaโ€ definizioa ageri da, eta moรฑoรฑa adjektiboarenean, โ€œemakumeez edo animalia emeez mintzatuz, politaโ€. Halako guztiak bildu eta eskuzko garbiketa bat egin eta gero โ€•amenorrea hitzaren definizioan, adibidez, emakume hitza ageri da, baina bistan da amenorrea ez dela euskaraz genero femeninoa adierazteko izen bat โ€•, 146 terminoko zerrenda bat geratu zitzaion.

Nolakoak dira bildu zituen hitzak? Badira, espero izatekoa den bezala, senidetasuna adieraztekoak: ahizpa, alaba, ama, arreba, ahizpaorde, alabaizunโ€ฆ Badira, bestalde, estatus sozialari edo emakumezkoek gizartean hartzen duten lekuari lotutakoak: andereรฑo, andre gehien, dama, dontzeila, infanta, kondesaโ€ฆ Beste batzuek lanbideak edo jarduerak adierazten dituzte: abadesa, inude, kantinera, ostalertsa, prostituta, serora, sopranoโ€ฆ Eta beste zenbaitek emakumezko horiek kalifikatzea dute helburu, dela itxurari erreparatuz (bular-harro, moรฑoรฑa, morroskana, panpoxa, pertxenta, pospolin, zalamandranaโ€ฆ) dela izaera deskribatuz (baldraska, bargasta, ematxar, mamala, ninfomana, perkatx, parrandera, pottoka, tuntun, txatxalaโ€ฆ).

Horiek guztiak, esan bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotakoak dira. De Albak, ondoren, Egungo Euskararen Hiztegira jo zuen. Egungo Euskararen Hiztegia (EEH), jakina denez, Ereduzko Prosa Gaur eta Egungo Testuen Corpusean oinarritzen da, eta egungo erabileraren ispilua izan nahi du. Bestela esanda, gaur egungo hiztunek beren idatzietan egiaz erabiltzen dituzten hitzak jasotzen ditu, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota egon zein ez. Euskaltzaindiaren Hiztegia baino permisiboagoa da, nolabait esan, eta egiazko erabileraren adierazle zuzenagoa. De Albak, bada, antzera jokatu zuen EEHan: definizioetan emakume hitza jasotzen duten sarrerak bildu, eta eskuzko garbiketa bat egin ondoren 214 terminoko zerrenda bat lortu zuen. 214 termino horietatik 82 Euskaltzaindiaren Hiztegiko zerrendan jasoak zituen; beste 132ak ez ziren Euskaltzaindiaren Hiztegian agertzen.

Nolakoak dira Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota ez badaude ere euskal idazleek eta kazetariek genero femeninoa zehazteko erabiltzen dituzten hitz horiek? Formari dagokionez, haietako asko genero-morfema baten bidez sortutakoak dira: gaztelaniazko โ€“a morfemadun hitzak maileguan hartuta (adultera, asistenta, azafata, batelera, bollera, daktilografa, errepublikana, heroina, jefa, kabaretera, tipa, txupinera, utopikaโ€ฆ), edo -sa gehituta (aktoresa, alkatesa, buhamesa, dantzarisa, deabrusa, irakaslesa, kazetarisa, lehendakarisa, olerkarisa, pilotarisaโ€ฆ). Semantikari dagokionez, aurreko adibideetan nagusi diren lanbideak eta jarduerak ez ezik, ugari dira emakumezkoak kalifikatzea helburu dutenak: buruloka, emalizun, emazital, errubia, guapa, lerda, mimosa, morena, neskazimur, oilanda, oilandatxo, pepelerda, pija, potola, potxola, pulpos, puta, putalaba, salada, tranposa, txotxolaโ€ฆ Kalifikatze-ahalegin horretan, azpimultzo berezi bat osatzen dute mari- osagaiaren bidez sortutakoek. Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri diren mari-bandera, mari-gizon, mari-maistra, mari-maisu, mari-matraka, mari-motrailu, mari-mutil, mari-purtzil eta mari-zikin adjektiboez gain, gaur egungo erabileraren ispilu izan nahi duen EEHak beste hauek ere jasotzen ditu: mari-agintzaile, mari-apain, mari-bekaizti, mari-belendrin, mari-bero, mari-berritsu, mari-bideetako, mari-bihurritxo, mari-burruntzi, mari-fandanga, mari-gaxte, mari-harro, mari-jakintsu, mari-kutzu, mari-lizun, mari-lotsagabe, mari-madama, mari-matxarda, mari-mutiko, mari-ozpin, mari-pertxenta, mari-petarda, mari-potxorra, mari-potxotxa, mari-salsera, mari-sorgin, mari-sorgintxo, mari-txoro, mari-zilipitrin, mari-zirri, mari-zirtzil eta mari-zorotxo.

Hirugarren pauso batean, azkenik, de Albak Egungo Testuen Corpusean ere bilaketatxo bat egin zuen. Genero femeninoa markatzen duten hitzen zerrenda luzatu nahian, corpus horretan bai โ€“o bai โ€“a atzizkiarekin ageri diren hitzak erauzi zituen: bobo/boba eta gisako bikoteak, alegia. Hala, eskuzko garbiketa eginda, beste bi iturrietan jaso ez zituen ia hogeita hamar termino gehiago aurkitu zituen ETCn: amerikana (adjektibo gisa erabilita, eta ez jantzia adierazteko), boba, bruta, elektrika (adjektibo gisa erabilita, ez elektrizitatea adierazteko), esposa, famosa, femenina, filosofa, flamenka, freska, funtzionaria, gorda, italiana, kortesana, ministra, musulmana, nobia, patrona, pottoka (adjektibo gisa erabilita, ez animalia adierazteko), pottola, rubia, saltsera, sardinera, teatrera, tonta, txikita eta txula.

De Albaren arakatze-lana hurbilpen bat izan zen, halako terminoak bilatzen hasteko proposamen xume bat. Eta hala ere 305 termino bildu zituen guztira. Generoa markatzen ez duen hizkuntza bat izateko, ez da gutxi. Gotzon Loberak bere artikuluan aipatzen zuen โ€œaldameneko hizkuntza batean dauden arazoakโ€ gurera ekarri nahi izate hura aski hedatuta dago, beraz. Euskal hiztunek egoera eta testuinguru askotan sentitu dute generoa markatu beharra; horrelakoetan, autoritateak onetsitako bideetatik jo dute batzuetan (kondesa, moรฑoรฑa, bular-harro, mari-maistra…), eta araua hautsiz beste batzuetan (pepelerda, salada, tonta, txikita…). Bidenabar, uste dut ez dela kasualitatea genero femeninoa markatzeko ahalegina egin den kasuetako asko irainak eta hitz gutxiesgarriak izatea.

Bitxia iruditzen zait hizkuntzaz zenbaitek duten ikuskera immobilista eta beti batekoa, hizkuntza hiztunen erabakien eta erabileren gainetik dagoen izaki gisa ikusten duena. Hizkuntza, izan ere, hiztunok sortzen dugu aldiro; hiztunok behartzen, eraldatzen eta berrasmatzen dugu etengabe. Eta ulertzen eta babesten badut ere arauak funtzio garrantzitsua duela, eta funtsezkoa dela aldaketa-indarren eta kontserbazioaren arteko tirabiran oreka bilatzea, argi dut hiztunon eraldaketa-proposamen guztiak ez direla berdin epaitzen, eta horretarako arrazoia, Moralesek dioen bezala, ez dela linguistikoa.

Zurruntasun terminologikoak

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengoan, hari bat sortu zen Itzul zerrendan ‘aprendizaje mutuo’ terminoa dela eta. Zerrendara bidali ziren mezuetan, deigarri egin zitzaidan ideia bat azpimarratu nahi izatea: terminoak izenak direla. Esango nuke oraindino ere ikuspegi lar zurrunak direla nagusi gure artean terminologiari buruz.

Terminologiaz egin nituen lehen irakurraldiak Marรญa Teresa Cabrรฉren lanak izan ziren, eta diziplinara hurbiltzeko oso modu interesgarria iruditu zitzaidan, erantzuna ematen zielako ETBko zereginetan sortzen zitzaizkigun kezka askori. Kemenez beteta, artikulu bat ere idatzi nuen.

Orduan esandakoari ideiaren bat erantsi nahi nioke Itzul zerrendako haria aitzakia hartuta. Lehena da baliabide sintaktikoak zilegi iruditzen zaizkidala irtenbide terminologiko gisa. ‘Programa de aprendizaje mutuo’, euskaraz, ‘elkarrengandik ikasteko programa’ eman dezakegu, txukun baino txukunago. Beharbada, beste testuinguru batean, ‘aprendizaje mutuo’ eman beharko dugu huts-hutsik. Cabrรฉk ez bide luke arazorik ikusiko euskaraz beste irtenbide batera joko bagenu, ‘elkarrengandiko ikasketa’ sintagmara, esate baterako. Aitortu beharra dago elkarrengandiko ez dela euskarazko hitzik erosoena, eta nik ez nuke gaitzetsiko euskaraz beste alternatiba batzuk esploratzea. Elkarrekiko, agian? Elkar– aurrizkia, agian?

Itaunok airera bidalita, egonezina agertu nahi dut euskarazko terminologi ekarpenetan aditzak deslai uzten direlako sarriegi, terminoak izenak baino ez direlakoan. Testu teknikoetan, aditzak ere behar ditugu, jakina, baina gure hiztegi eta terminologia-bankuetan hutsune nabarmenak aurkituko ditugu. Lehengoan, ‘vencer’ aditza azaldu zitzaidan, inbertsio-funtsei aplikatuta. Euskaltermen, ‘vencimiento’ baino ez dator, ‘epemuga’ ordainarekin. Egia da ยซcuando venza el fondoยป euskaraz ยซfuntsa epemugara iristen deneanยป esan dezakegula, eta abar, baina, pentsaera aldatzen ez badugu, gero eta handiagoa izango da arrakala testugileari sortzen zaizkion premien eta hiztegigileak eskaintzen dizkion irtenbideen artean.

“Areagotu” aditza

Igone Zabala Unzalu

Noizean behin ohartzen naiz nire eskuetara heltzen diren testuetan, hitzaldietan eta irratiko elkarrizketetan ugaldu egiten direla zalantzagarriak iruditzen zaizkidan hitz edo hitz-konbinazio batzuk. Ez dakit bolada kontua den, edo besterik gabe lehenago oharkabean pasatu zaizkidan esamoldeekin ohartzen naizen bat-batean. Gaur hona ekarriko dudana ez dut uste Itziar Diez de Ultzurrunek aurreko postetan hizpide izan dituenen moduko โ€œespezie inbaditzaileakโ€ direnik. Euskararen barruko prozesuen ondorio izan liteke agian.

Areagotu aditza ederra iruditzen zait, baina maiz izen desegokiekin konbinatuta ikusten edo entzuten dut. Zenbaitetan autoan noala irratian entzuten ditut atentzioa ematen didaten horrelako konbinazioak baina, ondoren, zail egiten zait adibide zehatza gogoratzea. Hortaz, hiztegi eta corpusez baliatuko naiz hemen hasierako analisia egiteko.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren definizioa nire kontzeptualizazioaren ildotik doala esango nuke, alegia, areagotu aditzak zerbaiten nolakotasunaren goranzko joera adierazten duela.

areagotu,ย areago/areagotu, areagotzen
da/duย ad.ย Gehitu, batez ere nolakotasunean.ย Zorigaitza areagotu zitzaionean.ย Horrek ondoeza areagotu zion.ย Ez zituen hortik zetozen gaitzak deuseztatu, areagotu baino.ย Ezin dugu esan auziak eta istiluak saihestu ditugunik: gehitu eta areagotu egin ditugu aitzitik.

Dabilena corpusera jo dut gailentzen diren konbinazioen bila eta, maiztasun handiko konbinazioen zerrenda oso luzea bada ere, izen hauek gailentzen direla ikus daiteke: erabilera (1182), presentzia (548), arrisku (471), ezagutza (260), tentsio (251), gaitasun (276), arazo (262), presio (233), kopuru (244), joera (212), kontrol (191)โ€ฆ

Hona hemen adibide batzuk:

Bagerak, euskararen erabilera areagotzen eta sendotzen jarraituko duela adierazi du.

Hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzeaโ€ฆ

Errauskailuek minbiziaz hiltzeko arriskua areagotzen dutela dio zientzialari espainiarren ikerketa batek.

Ideiak trukatzeko eta ezagutza areagotzeko gune bat eskaintzea du helburu biltzar honek.

Palestinako bi alderdi nagusien arteko tentsioa areagotzea eragin du operazioak.
Bainuetxeetan airea beti hezea da eta horrek mikroorganismoen bizitzeko gaitasuna areagotzen du.

Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren.
Txinaren aurkako presioa areagotu egin dute AEBek.

Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripu kopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.

Iraganari bestela begiratu eta bertsio ofizialak kolokan jartzeko joera areagotu da.

Gasteizko Alde Zaharrean kontrol soziala areagotzen ari dela salatu dute.

Kasu gehienetan, egoki iruditzen zait areagotu aditza izen horiekin konbinatuta, handitu aditza ere egokia izan litekeela iruditzen bazait ere. Kopuru izenaren kasuan, aldiz, ez dut uste areagotu aditza egokia denik. Izan ere, kopuru izen arina zenbakarriak edo neurgarriak diren izenekin konbinatzen da gehienbat, eta lortzen den esanahia ez dagokio nolakotasunari zenbatekoari baizik. Hortaz, bi adibide hauetan, handitu edo gora egin moduko aditzak erabiltzea egokiagoa litzatekeela uste dut. Zenbait kasutan, kopurua handitu edo kopuruak gora egin konbinazioen ordez, ugaritu aditza erabiltzea ere egoki izan liteke.

Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripu kopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.

Donostiako Orfeoiak, abesbatzako ahotsen kopurua areagotzeko asmoz, bertako kide izateko deialdia egin du.

Arrisku eta arazo izenen jokaera desberdina da numeroaren arabera.ย Arrisku izena singularrean erabilita ageri da gehienbat eta, arazo izena, aldiz, pluralean ageri da adibide gehienetan. Izen horiek singularrean erabiltzen direnean, nolakotasunaren goranzko joera adierazten da beti eta, beraz, egokitzat har daiteke areagotu aditza.

Bilbon eta Donostian uholde arriskua areagotuko da.

Egia da urtetik urtera arazoa areagotzen ari dela, baina airearen kutsadura mundua bezain kontu zaharra da.

Izena plurala denean, aldiz, bi interpretazio egon daitezke. Bi adibide hauetan, aurretik mugatuta dauden arrisku edo arazoez ari garela ulertzen da eta, beraz, horien nolakotasunaren intentsitateaz ari garela onar daiteke.

Ebakuntza horren arriskuak areagotu edo arintzen dute hainbat faktorek: ardura espezialista on baten eskuetan uztea, toki egoki batean egitea, behar bezainbesteko denbora hartuta, presarik gabe, etc.

Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren.

Hurrengo adibideak aldiz, bi interpretazio izan ditzake. Adierazi nahi dena baldin bada aldez aurretik dauden jarreren, istripuen eta osasun-arazoen intentsitatea handitzen dela, areagotu aditza erabil daiteke baina, horiek guztiak kopuruz handitzen direla adierazi nahi badugu, ugaritu aditza erabiltzea askoz ere egokiagoa litzateke.

Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak areagotu egiten dira.

Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak ugaritu egiten dira.

Bukatzeko, kontuan hartu behar da izen batzuk komunikazio orokorrean zenbakaitzak eta neurgaitzak badira ere komunikazio espezializatuan hartzen duten esanahia neurgarria den magnitude batena dela. Hori gertatzen da, adibidez, presio eta tentsio izenen kasuan.

Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotzen ari da joan den igandeko gertakarien ondoren.

Siria inbaditzeko presioa areagotu dute Turkiak eta Saudi Arabiak.

Garaterm corpus akademikoan areagotu aditzaren konbinazioen kontsulta eginda, ikus dezakegu ez dela ageri konbinatuta presio eta tentsio izenekin. Presio eta tentsio izenak magnitude izenak dira ia beti zientziazko testuetan, eta handitu eta igo aditzekin konbinatuta ageri dira horien balioaren goranzko joera adierazi nahi denean.

Azken ekuazio horren arabera, bolumen molarrak positiboak direnez, Gibbs-en energia molarra handitzen (โˆ†Gm > 0) da presioa handitzen denean (โˆ†p > 0).

Normalean, fusio-kurbak malda positiboa izaten du presioa igotzen dugunean.

Energia elektrikoaren sorgailuen irteeran tentsioa igo eta intentsitatea murrizten duten transformadoreak erabiltzen dira.

Transformadorearen sekundarioan edo primarioan zirkuitulaburra egingo da, eta 0 V-etik hasita, apurka-apurka, aplikatzen den tentsioa handituko da, transformadorearen hariletan zehar intentsitate izendatua igarotzea lortu arte.

Nolanahi ere, esan beharra dago presioa handitu kolokazioa gailentzen dela presioa igo kolokazioaren aldean. Tentsio izenaren kasuan, aldiz, tentsioa igo kolokazioa gailentzen da tentsioa handitu kolokazioaren aldean, maiztasunak antzekoak badira ere.

Egindako azaleko analisitik hiru ondorio atera daitezke:

  • Zalantzagarritzat har daitezkeen konbinazioak areagotu aditzaren semantikaren gutxi gorabeherako ezagutzaren edo erabileraren ondorio izan daitezke, besteak beste, kopurua areagotu konbinazioan.
  • Areagotu aditzaren semantikaren gaineko kontrol ona izateak aukera ematen digu zehatzagoak diren esaldiak osatzeko, adibidez, osasun-arazoak areagotu vs osasun-arazoak ugaritu bereizteko.
  • Zenbait izenek komunikazio espezializatuan aktibatzen dituzten esanahi espezializatuek eragina dute aditzekin osatzen dituzten kolokazioetan. Hori erakutsi dugu presio eta tentsio izenen kolokazioen kasuan.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz III

Irati Bakaikoa Garcรญa

Aurreko artikuluan, aipatu nuen badirela lupaz begiratzea merezi duten adibideak, itzulpenaren eta transfeminismoaren arteko elkarreraginari erreparatzeko. Ikusi genuen nola Leslie Feinbergek emakumetasuna โ€•beste gauza askoren arteanโ€• zalantzan jarri zuen Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian, eta zeinen ekarpen handia jaso genuen haren euskarazko itzulpenarekin. Gaurkoan, fokua pixka bat goratuta, itzulpen prozesu horren haritik tiraka jarraitu nahiko nuke.

1993an, Feinbergek zapalkuntza guztien aurka idatzi zuen jatorrizko Stone Butch Blues; hasiera-hasieratik, eleberriak izandako ibilbideak gorde izan ditu Feinbergen pentsamendu antikapitalista eta transfeminista. Argitalpenetik hogei urtera, Feinbergek, lagun talde baten laguntzaz, Stone Butch Bluesen azken edizioan (2014) aipatzeko moduko hainbat ohar utzi zizkigun, eleberriko kapituluez gain. Horiek, noski, itzulpenean gordetzeko beharra zegoen, oharrek osatutako aparatu horretan guztian badirelako itzultzaileak kontuan eduki beharrekoak:

Sailkapen bitar eta klasikoei aurre egiteko nahia esplizitua da, bai generoari dagozkion emakume/gizon kategoria bitar eta klasikokoen aldetik, baita eleberrien sailkapenaren aldetik ere; izan ere, bere buruari galdetzen dio Stone Butch Blues liburu-dendetako zein apaletan egongo ote den… eleberri historikoa, LGTBIQ+ feminista edo autobiografikoa? Azken horri dagokionez, bere ibilbidearekin antzekotasun asko eduki arren, hainbatetan aipatu zuen ez zela inolaz ere eleberri autobiografikoa.

Bizitzako azken urteetan, gaixoaldiak hizkuntzaren inguruko eztabaidetatik urrun utzi zuen arren, hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnartzeko tartea eduki zuen oharrotan. Batetik, โ€œtransexualโ€ hitzaren bilakaeraz mintzo da, eta aipatu, hegazkinek, trenek eta autoek egiten duten moduan, hormonak eta kirurgia diren ibilgailu teknologikoek hamaika lekutara eramaten dituztela pertsonak. Bestetik, izenordainen inguruan ere mintzatu zen, eta adierazi norberaren identitatearen alderdi oso garrantzitsua direla eta haien erabilera konplexua dela, hainbat zapalkuntza gainjarri daitezkeelako.

Hala, itzultzaileei baino ez zien baimenik eman eleberriaren bestelako edizioetan oharrak egiteko, eta ez zuen hitzaurrerik onartzen. Haren esanetan, historikoki, generoaz eta sexu-orientazioaz psikiatriaren eta psikologiaren arlotik idazten zen gehienbat, eta zapalduaren hitzak, ordea, adituen hitzekin bat etorri behar zuten gaixoaren hitzak baino ez zirela. Zentzu horretan, bere eleberriak ahots propioa du; horregatik, ez du irakurlearekin bitartekaritzarik nahi, eta hitzaurrerik ez egiteko eskatu zuen. Esan bezala, soilik itzultzaileei uzten zien prozesuan sortutako hizkuntzarekin lotutako zailtasunak azaltzeko tartea.

Are gehiago, itzulpenetarako hitzarmen bat utzi zuen idatzita, bost baldintza nagusirekin. Lehenik, itzulpenak baimentzen zituen soilik 2014ko edizio hura jatorrizkotzat hartuta. Bigarrenik, xede-argitaletxe orok argi eta garbi adierazi behar du itzulpena argitaratzen ari direla, eta Feinberg dela jatorrizkoaren autorea. Hirugarrenik, itzulpena irabazi asmorik gabe egin behar da ezinbestean, eta inprimatutako bertsioaren prezioa ekoizpen-gastuak estaltzeko ezarri behar da. Laugarrenik eta aipatu bezala, ezin da hitzaurrerik egin, itzultzaileek hizkuntzari dagokionez hartutako erabakiak baino ezin dira aipatu. Azkenik, itzulpena edo haren zati esanguratsu bat bere webgunean publikatzeko eskubidea gordetzen du, doako sarbidea bermatzeko.

Fermintxo Zabaltzak, euskal itzultzaileak, Feinbergek idatzitakoa ezagutu eta gero, denbora librean ekin zion Mari-mutil handi baten bluesa itzultzeari, euskal literatur sisteman eduki horien faltak bultzatuta, baita euskararen aldeko borrokak eta borroka transbollomarikak ere. Eta itzulpen horren ondorio da xede-hizkuntza, kultur sistema eta identitate disidenteen errealitateak aberastu izana.

Euskal kanonaz

Manu Lรณpez Gaseni

Hileta-elizkizun batean nengoen, halakoetan egin ohi dudan bezala, hildako laguna gogoan atxiki eta, bide batez, apaizaren sermoian berrikuntza erretorikoren bat agertuko, edo betiko topikoetan ainguratuta iraungo zuen entzun zain. Altxa, eseri, altxa, eseri gimnastikan deseroso ni, iritsi zen, noizbait, literaturaren tartea. โ€œJesukristo gure Jaunaren Ebanjelio Santua, san Joanen araberaโ€. Elizaren ekarpentxoa: ikuspuntu fokalizatua eta biografia-generoa. Eta hura entzun bitarteko pentsakizunak izan ziren idatzi honen ernamuina.

Entresaka handia egin behar izan zuen kristauen elizak Jesukristoren bizitza eta eginei buruz zebiltzan bertsio ugarien artean egokienak aukeratzeko. Eta, hain zuzen ere, iritsi zaizkigun lau bertsioak โ€•Mateo, Marko, Lukas eta Joanenak, benetako egileak haiek izan edo ezโ€• testu โ€œkanonikoakโ€ dira, hau da elizako agintariek ofizialtzat jotakoak. Baina kanonikotasunaren gaineko kontrol zorrotza ez zen testu-hautaketara mugatu, haien itzulpena(k) ere zorrotz begiratu baitzituzten. Ebanjelioak, itun zaharreko testuak ez bezala, grekera โ€œbatuazโ€ idatzi ziren eta, handik mende batzuetara, latinezko bertsioa agindu zioten Jeronimo gerora gure zaindariari (adi, genero-ikuspegia landu, eta itzultzaileen eguna ekainaren 18ra aldatu nahi izanez gero: Jeronimorekin batera, Paula ere itzultzaile ibili omen zen kontu hartan). Itzulpen hori gutxienez mila urtez izan zen baimendutako testu bakarra kristauen jainkoaren hitza eta haren semearen berri ona zabaltzeko, Erreforma deituak tokian tokiko hizkuntzetan hedatzeko atea ireki zuen arte. Beste guztiak, apostatek aldeztutako testu โ€œapokrifoakโ€.

Bestalde, testuak ez ezik, norbanakoak ere kanonizatu ohi ditu kristauen elizak. Eta, kanon horretan, hilda egotea da ezinbesteko baldintza. Hortik aurrera, mailak daude. Martiri izateko, frogatu egin behar da martiritza, soilik-edo. Dohatsu edo beato izateko, berriz, mirakulu bat egiaztatu behar da. Eta, maila gorenean, santu izatera iristeko, bi mirakulu bermatu behar dira. Marka da, gero!

Honainoko kontakizun aski ezaguna baliatu nahi izan dut literaturan onerako eta txarrerako hainbestetan erabiltzen ditugun โ€œkanonโ€, โ€œkanonikoโ€, โ€œkanonizatuโ€ eta โ€œkanonikotasunโ€ hitzen jatorria nabarmentzeko. Eta, jatorriarekin batera, prozesua ere partekatzen du literaturaren arloko termino homonimoak. Izan ere, literaturan Instituzio izenekoak erabakitzen du, garai eta eremu bakoitzean, zer-nolako autoreak eta testuak (baita arau eta ereduak ere) kanonizatzen diren, Even-Zohar ikertzailearen esanetan. Ez da, beraz, askok uste duten bezala, kalitatea testu literario jakin bat kanonizatuko duena, baizik eta aipatu Instituzioa osatzen duten botere-taldeen unean uneko interesak. Horregatik, elizan ez dakit, baina literaturan eztabaidagarriak dira sarritan kanonak. Gutariko bakoitzak hura kendu eta beste hau jarriko luke haren ordez. Hartarako botererik ez, ordea.

Hauek dira, besteak beste, Instituzioa osatzen duten taldeak eta haien kanonizazio-bideak: akademiak (literaturaren historietara zer egile-obrak pasatzen diren), hezkuntza-erakundeak (curriculumetan, berdin), kultura-erakunde publiko eta pribatuak (han-hemengo sari nazionalak, Nobel saria), kritika (zer obra goretsi, gaitzetsi edo isildu), idazle- eta oro har literatura-elkarteak (Goncourt saria), argitaletxeak (Planeta saria, Bibliothรจque de la Plรฉiade)โ€ฆ Kultura-boterea osatzen duten talde horien helburua da, kanonizatzeari dagokionez, haiek seinalatutako idazle-testu-arau-ereduak babestu eta oroimenean atxikitzea komunitatearen ondare historiko gisa.

Horren arabera, eta gure eremura etorrita, hasteko inguruko literaturetan baino askoz itzulpen gehiago ditugu kanonean, beharra gidari. Joanes Leizarragarenetik hasita, bi aldetatik kanonikoa, Kempis direlakoak sarritan agertzen dira gure literaturaren historietan, eta baita Bonaparteren enkarguz aritu ziren itzultzaileak ere, Duvoisin bereziki. Erlijioa alde batera, euskaratutako literatura didaktikoaren agerpena ere ez da txikia: alegien itzultzaileak (Bizenta eta Juan Antonio Mogel, Juan Mateo Zabala, Iturriaga, Arxu, Goietxe eta beste); berriro ere Agustin Paskual Iturriaga, oraingoan egile, Jolasak dialogo didaktiko partez intraitzuliarekin, hura ere Bonaparteren aginduz: Uriarte, Duvoisin, Intxauspe eta frantses bertsioa. Jada XX. mendean, Orixeren itzulpenen berri eman ohi da; โ€œKulixka sortaโ€ hartako itzulpenak ere baiโ€ฆ

EIZIEk sortutako โ€œLiteratura Unibertsalaโ€ bildumak paragrafo berezi bat merezi du, hura ere kanon bat delako, alde batzuetatik. Batetik, munduko literaturako egileen kanon bat (eta ez hainbeste obrena, egile haien obra ezezagunagoak edo laburragoak hobetsi zirelako, aroan aroan); bigarrenik, hizkuntza- eta literatura-ereduen kanon bat ere bada (alde horretatik, eredu narratiboen kanona da, beste generoetako obrarik apenas dagoelako); eta, hirugarrenik, eta aurrekoaren ondorioz, gaur eguneko euskal itzultzaileen kanon bat ere bai (kalitatez zein itzulpen kopuruz).

Gainerakoan, zentzu hertsiko euskal idazle garaikideei dagokienez, azken-aurreko eta azken literaturaz diharduten monografiko, artikulu eta doktorego-tesietan jasota daude idazle kanonikoen izenak. Kanonizazio literarioa gutxi ez, eta giro akademiko horretan โ€œsantu kulturalakโ€ labela sortu dute, Lauxeta, Aresti eta beste zenbait idazleren mirakuluak nabarmentzeko asmoz. Halarik ere, literaturaren eremuan โ€•zorionezโ€• ez dago hilik egon beharrik kanonean sartzeko, baina ez da ezohikoa gaur agertu eta bihar desagertzea handik, eta alderantziz โ€•halakoak baitira bizien eginakโ€•.

Mesfidantzaz begira dauzkadan irakurleen fabore, gaineratu behar dut badela literatura-kanona ukatzen duenik, gero eta gutxiago, nire ustez, eta bai, ordea, kanon anitz edo multizentrikoen alde dauden akademiko gehiago, historia-, gizarte-, etnia- eta genero-irizpideak oinarri hartuta, ikerketa edo estudio kulturalen arrastoan. Garai batean Harold Bloom zenak erremindutzat jo bazituen ere, haiek ere tokian tokiko Instituzioaren botereak dira eta, alde horretatik, beren kanon propioak ezartzeko moduan daude.

Kanoniko terminoaren sinonimo bat ereduzko denez gero, euskal itzultzaileriak badu zer-non aukeratu ugari, lanbidearen probetxurako. Nire aldetik, eta honenbestez, blog-sarrera honekin amaitzen da literatura-ereduez eta -interferentziaz aritzeko asmotutako hirukoa.

Euskaraz ere badugu maskulino generikoa

Itziar Otegi Aranburu

Interes handiz irakurri nituen duela gutxi Asier Larrinagak hizkera inklusiboaz blog honetan idatzitakoak. Gai interesgarria iruditzen zait hizkera inklusiboarena, hizkuntza modu kontzientean erabiltzearekin lotura duen guztia bezala.

โ€œEuskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboariโ€, adierazi zuen Asier Larrinagak bere sarreran. Eta egia da, euskaraz ez da genero-desinentziarik erabiltzen lanbideak edo zereginak izendatzeko kasu gehien-gehienetan. Hori abantaila da, ez baitugu hitzak zertan bikoiztu generoak aintzat hartzeko, gaztelanian eta frantsesean gertatzen den bezala. Mediku, margolari, kantari, garbitzaileโ€ฆ diogunean, gizonezkoak zein emakumezkoak izendatzen ari gara, teorian behintzat berdin-berdin, baina kontuak baditu hasiera batean dirudien baino ertz gehiago, lerro hauetara ekarriko ditudan adibideek erakusten duten bezala.

Maileguz hartu ditugun erdal formetan, presidente edo filosofo, funtzionario, notario, filologo eta halakoetan, maskulinoa soilik hartu dugu. Bada blog honetan sarrera bat horri buruz. Aspaldikoa da, baina kontuak berdintsu dirau. Duela gutxi atentzioa eman zidan Berria egunkarian Hanna Arendti buruz agertutako artikulu honek. Handik hartuak dira bi adibide hauek:

Sonatua da Hannah Arendt filosofak Eichmann Jerusalemen liburuan jasotako ยซGaizkiaren hutsaltasunaยป edo banalizazio terminoa.

Judu israeldar edo sionista kontzeptuak nahasten ditugun honetan, argigarriak iruditzen zaizkit filosofa alemaniarrak utzitako zehaztapenak.

Egileak femeninoa markatzeko beharra sentitu zuen artikulua idazterakoan. Ezin dugu jakin zehazki zergatik, baina, beharbada, oro har zail egiten zaigulako, hain hurbil ditugunez erdarak, maileguan hartutako forma maskulinoek euskarara pasatu eta femeninoa ere barne hartzen dutela irudikatzea. Presidente hitzarekin ere antzera gertatzen zaigu, maiz jotzen baitugu presidenta markatzera.

Argudioari tira eginez, esan dezakegu kasu horretan nolabait gaztelaniazko maskulino generiko bat inportatu dugula euskarara. Baina โ€œbertakoโ€ adibideak ere baditugu. Horietako batek erakusten du erreginak eurak ere ez direla libratzen; izan ere, reyes plurala emateko errege-erregin erabiltzen dugun arren, real izenondoa emateko soilik errege- erabiltzen dugu, eta hortik sortzen dira errege-etxeak, errege-jauregiak, errege-lekuak (โ€œreales sitiosโ€) edo errege-patronatuak, buru dena erregina izan arren:

Ingalaterrako Isabel II.a erregina eta Britainiar Errege Familia.
Isabel II.aren errege-etxea.
Karlosen alaba Joanak errege-patronatua sortu zuen 1557an.

Errege-dekreturekin ere hala litzateke, baina ez daukagu adibide errealik. Eta bitxikeria bat: Euskaltzaindiaren Hiztegian erregina-jele ageri da gaztelaniazko jalea real. Zehazki hiztegian, berriz, erregeren jele.

Anaitu, anaitasun, anaiarte eta antzekoek ere berekin dakarte nolabaiteko maskulino generiko izaera. Izan ere, horiek guztiak anaia hitzetik datoz, lehen adiera, eta nagusia, โ€œgizonezko senideโ€ duena, eta bigarren adiera โ€œbeste batekin nolabaiteko anaitasunak lotzen duen pertsonaโ€. Maskulino orohartzailea, beraz. Bestela, Herritar guztiak elkarrekin daudela anaitasun handian edo Euskaldun guztion anaitasuna nolabait erakustearren adibideetan jauzi semantiko nabaria legoke esaldiaren lehen erditik bigarrenera.

Beste adibide bat maisu hitza litzateke, Euskaltzaindiaren Hiztegian behintzat. Maisu eta maistra hitzen definizioak konparatuta, asimetria nabaria da. Itxurazko bikote dira, maisu hitzak badituelako maistra hitzak ez dituen adiera batzuk:

maisu
1 iz. Zenbait egitekotan, gidari edo arduradun gisa ari den pertsona. Itsasontziko maisu gaztea.
2 iz. Lehen irakaskuntzako irakasle gizonezkoa. Ik. eskola maisu; irakasle; errient. Herriko maisua. Maisu gehienak erdaldunak ziren.
3 iz. Irakaslea; gidaria. Ikaslea ez da maisua baino gehiago. Judasek saldu zuen Jesus bere maisu eta ongile handia. Maisuen maisua. Eliza Ama Santuak bere maisuak ditu. Ignazio, Loiolako arima maisu handia.
4 iz. Eskuzko lanbideetan, nagusi gisa aritu eta ikasleei irakasten dien pertsona. Ik. ofiziale. Migel de Santa Zelai, hargin maisua. Herri bakoitzean izango dira langintza guztietan maisu eta langile onak.
5 iz. Aipatzen den artean edo zientzian jakinduria edo trebetasun handia duen pertsona. Gaztelaniazko maisu zaharrak. Guk Orixe izan genuen prosa-maisua. Maruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisu. Hizkuntza-maisuak. Hilarion Eslaba musika maisua izan zen batik bat.
6 adb. Maisu gisa. Egiteko zail horretan maisu ageri da beti aita Bilbao.
maistra
 iz. Lehen irakaskuntzako irakasle emakumezkoa. Ik. errientsa; andereรฑo 2. Maisu-maistra euskaldunak.

Maistra hitzean ez dago โ€œjakinduria edo trebetasun handia duen pertsonaโ€ adieraren arrastorik, eta soilik emakumezkoak izendatzen ditu. Aldiz, maisu pertsonentzat da, ez soilik gizonentzat; adibide batean Maruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisu ageri da, bai eta Olga Viza ere, zeremonia-maisu gisa. Bestalde, hitz multzo horretan izenez aipatzen diren gainerako guztiak gizonezkoak dira: Judas, Jesus, Ignazio Loiolakoa, Miguel de Santa Zelai, Orixe, Hilarion Eslaba, aita Bilbao, Axular, Thomas Mann, Campo Vidal.

Egungo Euskararen Hiztegian maistra hitzak badu beste adiera bat:

3 irud/hed
Carmen Cubillo maistrarekin hainbat urtez lanean aritu eta gero, egun bere dantza konpainia du Cortesek.  Berria – Kultura  
Maria euren alaba gailurrera iritsi dela, tenislarien artean maistra bihurtu dela, Masters Torneoaren irabazle, 17 urte eskasekin.  Berria – Kirola  
ยท Emakume bitxia dugu hau […]: abangoardiako rock emozionala garatzen du-, ahotsean eta gitarran maistra.  Berria – Kultura  

Argi dago, beraz, euskaraz ere baditugula orohartzaile gisa jokatzen duten maskulino batzuk, baina ez dakit zenbateraino den hori horrela egiaz, alegia hiztunak horrela nabaritzen eta erabiltzen ote dituen.

Azken kontu bat, gai honekin lotuta. Adituek azaldu zutenez, generorik gabeko hizkuntzetan gertatzen da ezen, nahiz eta izendapenak berak “generorik” ez izan, azpian dagoen kontzeptuak baduela, hiztunak barneratuta daukan moduan. Horregatik irudikatzen ditugu errazago, edo maizago, suhiltzaile, zirujau, abokatu, mediku eta abar gizonezkoak, eta zaintzaile, erizain edo garbitzaile emakumezkoak. Genero-kutsadura esaten zaio horri. Jakina, historiaren zama dago hor, oraindik ere astun askoa.

Euskaltzaindiaren Hiztegian mediku hitzaren sarrera begiratuta, lehen adibidea mediku jauna da, eta izenez aipatzen den bakarra, Broussain [Piarres]. Bertsolari bilatuta, izenez aipatzen den bakarra Xenpelar da. Kantari bilatuz gero, Xenpelar berriz. Filosofo bilatuta, Platon. Euskaltzain bilatuta, Gorostiaga euskaltzain jauna eta Azkue jauna. Jostun bilatuta, Cristobal Balenciaga. Albaitari bilatuta, E. Zurutuzak [Enrique Zurutuzaz ari delakoan nago] albaitaritza izan zuen lanbide, baina lan asko egin zuen euskararen alde ere, batez ere irratigintzan. Esploratzaile bilatuta, jakiten dugu Espedizioaren buru Ernst Schaeffer esploratzaile zaildua zegoela. Lehendakari bilatuta (adiera guztietan, ez soilik Jaurlaritzakoan), J.A. Ardantza eta Ibarretxe. Presidente bilatuta, Ferry [Jules?], Joe Biden, eta Sarah Palin presidenteordetzarako hautagai ohia. Margolari bilatuta, Ignazio Zuloaga, eta margolaritzan, Gauguin. Irakasle bilatuta eraman dut ezustekoa, aipatzen den Lafon irakaslea nor ote den begiratuta Marie-Hรฉlรจne Dafon aurkitu baitut. Baina berdinketa dago, hala ere, Freud ere aipatzen da eta. Beste askotan, hala nola idazle, erizain, itzultzaile, zientzialari, legelari, futbolari, artista, eskalatzaile edo ikerlari, ez da izen aipamenik ageri. Egia da, ez dut azterlan sistematikorik egin. Baina orobat da egia hamar bat minutu aski izan ditudala goiko adibide horiek pilatzeko. Esanguratsua iruditzen zait.

Hain daukagu barneratuta kontua ezen joera izaten dugu gizonezkoei dagokiena neutro gisa emateko, eta emakumezkoena, berriz, markatu gisa. Horregatik jotzen dugu batzordeko lehendakaria esatera gizona denean, eta batzordeko lehendakari andrea esatera emakumezkoa denean. Edo besterik gabe futbol-taldea gizonezkoena denean, eta emakumezko futbol-taldea, bestela denean.

Hizkera inklusiboaz ari garelarik, oro har tentsio bat nabaritu ohi dugu orokortzeko eta zehazteko beharren artean. Askotan ez dugu jakiten zer den hobea, femeninoa markatzea edo ez. Beste albo-ondorio bat ere badu kontuak, gainera: binarismoan erortzearena, hartara ezkutuan utzita hor kabitzen ez diren identitateak.

Txandrioa litzateke

Uxue Rey Gorraiz

Ahozko hizkera idatzira ekartzeko manerari buruzko gogoeta franko irakurri ditugu azkenaldian han-hemenka. Neronek ezin gusturago leitu ditut, esaterako, Miren Amurizak eta Uxue Alberdik nork bere liburuaren karietara alderdi horri buruz esan dituztenak. Ahozko hizkera imitatzen duen idaztankera jakin bat imitatu du Amurizak Pleibak-en: malguago aritu da lexikoan, baina euskararen jatorrizko egiturak asko zainduta, betiere. Horrela jardunez, eroso sentitu da eleberriko protagonistaren euskara erdarazko adierazpenez busti duenean, adibidez. Eta, hain justu, Alberdik ere antzeko tesia bistaratu du Hetero liburuko zenbait ipuinetan baliatu duen hizkerari buruz galdetu diotenean. Jostatzearen alde azaldu da idazlea, baina ohartaraziz ezin dela nolanahi aritu: ยซApurketak eta zikintze ariketak errespetu handiz egin daitezke, edo batere errespeturik gabe. Ni ongi ardazten saiatzen naiz, eta, gero, dantza egiten, eta, ahal badut, zipriztintzen. Eta zipriztina euskaรฑolarena izan daiteke, gipuzkerarena, mendebaldeko euskararena…ยป.

Esplikatzekoa naizen hau ez da gauza bera. Aipatu kasuetan, Amuriza zein Alberdi, biak ari baitira, berez, fikziozko istorio bat idazteari buruz, baina inoiz norbaiti egindako elkarrizketa bat transkribatu eta hura idatzita eman behar izan kasik edonork ulertuko du, aise, ariketa horretan ere izaten dela gisa horretako buruhausterik, dudarik, edo halabeharrez hartu beharreko erabakirik. Behintzat, hori gertatzen da elkarrizketa egiteko arrazoia ez denean formaltasun betekoa, eta eutsi nahi zaionean hizlariaren hizkeraren koloreari, tonuari; nahi bada, baita graziari ere.

Baina, jakina, testuok derrigor behar dute orrazketa, eta nik, hizketan ari denean erdarakadak erreparorik gabe sartu zalea baina aldi berean aski garbizalea den honek, orduan izaten ditut nahi baino zalantza gehiago. Oraindik gogoan dut orain dela pare bat hilabete, disimuluan, egunkarian jambo hitza plazaratzen saiatu nintzenekoa. Iruรฑerriko musika talde bateko abeslariaren adierazpen batzuen parte zen. Baina jambo-k ez zituen pasatu iragazkiak. Eta, haren ordez, tipo jartzeko eskatu zidaten. Ulertu nuen zuzenketa, baina oraindik ere ez nago guztiz ados โ€•nahiz eta kexatu ere ez nintzen kexatuโ€•. Jambo-rena ยซzipriztinยป ederra zelakoan nago, Iruรฑerriko gazte kuadrilla bat trazatzeko eta irudikatzeko elementu polit-polita.

Kontuak kontu, bestelako zerbait gertatu zait berriki, Chill Mafiako kide Julen Goldarazena Flako Fonki-rekin izandako solasaldia paperera ekartzea tokatu zaidanean. Egiari zor, zailegia ere ez da izan, txukun egiten du euskaraz, eta, gainera, sorpresa polit batzuk hartzeko ere balio izan dit ariketak. Horretara dator hau guztia.

Grabagailuak erregistratutako audioa transkribatuta, hau dio Goldarazenak hitzez hitz: ยซEgiten ditut sekulako txandrioak, bolada batzuetan se me va la ollaโ€ฆ eta esango nuke hori gertatzen zaigula guztioiยป.

Txandrio hitza irakurri โ€•eta adituโ€•, eta, zuzenean, zera pentsatu nuen nire kolkorako: ยซFijo kanpoan utzi beharko dudalaยป. Bai zera: inozoa ni. Honek bai, pasa zituen iragazkiak. Ondotik, sarean bilaketak egiteari ekin nion, eta hori poza hartu nuena ikusi nuenean bazirela zientoka adibide. Salbuespen bakanetakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegian; hor ez dago jasoa. Hortaz, txoko txiki honetatik, jaso beza akademiak hura hiztegian kabiarazteko eskea. Ez esan, faborez, ez dela hitz guapoa โค

Hiztegian jasotzeko eskea ez da kapritxoa, gainera. Gutako askoren bizitzetan duen tradizioa aski ez balitz, hona hemen txandrio hitzaren bueltako zenbait bitxikeria.

  • Kontsultarako lehenbiziko iturria: Egungo Testuan Corpusa (ETC).

Txandrio hitzaren edo bere aldaeraren baten 78 agerraldi daude jasota. Haietako batzuk izen propioei loturikoak dira; omen, badirelako izenean txandrio daukaten zenbait elkarte, musika talde eta bertso eskola. Edonola ere, adibideen gutxienekoa dira.

78 agerraldietatik, literatur lanei loturikoak dira 25 โ€•jatorrizko testuetakoak dira 23, eta itzulpenetakoak biโ€•. Hona hemen zenbait adibide:

Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000
Ustel gertatutako gosariak mokor kakaztua ezarri berria zuen, zorteak azken aldi horretan egin zizkidan txandrio guztien meta gainean.
Mendi-joak, Aingeru Epaltza, Elkar, 2017
Krisi erakutsi nion txandrioa, jakinik ere ez zidala konponbiderik emanen.
Hodei berdeak, Jon Alonso, Susa, 2003
Baina, orokorrean, txandrio bat izan zen.
Zintzoen saldoan, Jon Alonso, Txalaparta, 2012
Bestalde, zuk “aitzakia” deitzen duzu, baina bene-tako txandrioa izan da: “aitzakiaz” beteta utzi dituzue bazterrak.
Deklaratzekorik ez, Beรฑat Sarasola, Susa, 2019
Gorteko txandrio giroak ere ez dio laguntzen jeneralari; azken porroten ondoren hasiak dira On Carlosen inguruko mingain-leunak, bazter nahasle guztiak -“covachuelistas y acรณlitos” deitzen die Galdosek-, berriketan, Zumalakarregiren abilezia estrategiko-militarrak zalantzan jartzen, hobe lukeela erregea bera jarriko balitz -Jainkoaren bedeinkapena izaki- […]
Etxeko hautsa, Anjel Lertxundi, Alberdania, 2011
Ez nuen ateraldia kontrolatzen jakin, egina zegoen txandrioa.
Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri (Fernando Rey), Igela, 2011
Itzuli zirenean ohartu zituan txandrioaz.

Literaturaz apartekoetan ere adibide franko dago. Goenkale telesailarenย  Testamentuaren afera atalean aditu liteke hitza โ€•2013ko maiatzean pantailaratu zutenโ€•, Nekane pertsonaiaren ahotik aterea. Gainera, literaturan ez ezik, Anjel Lertxundik Berria egunkarian argitaratutako iritzi zutabeetan ere erabili du txandrio, behin baino gehiagotan, โ€•2015eko Damua garaiz-en, adibidezโ€•, eta Maialen Berasategi Catalanen zutabe bat ere bada jasoa ETC-n, horrexegatik:

Berria, 2018-03-29, Sormenaz, ogiaz
Muin-muinean dauzkagu sortzaileak, sortze hutsa beti balitz bezala onuragarria, edo suntsipenaren antonimoa: sormen artistiko, teknologiko eta (zer esanik ez) ekonomikoak sekula ekarri ez baligu bezala mordoilorik edo, are, txandrio alimalekorik.
  • Bigarren kontrastea: Ereduzko Prosa Gaur (EPG) ataria.

Gutxi-asko, aurrez ETC arakatuz ateratako ondorioak berresteko balio izan du kontsultak honek. Haren arabera, txandrio zazpi esalditan azaldu da prentsan, eta lau liburutan literaturan; hain justu ere, Jon Alonsoren eta Migel Angel Mintegiren lan banatan, eta Aingeru Epaltzaren bitan.

Elearen jatorriari dagokionez, Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera batean pista gutxi batzuk dira jasota.

txandrio.
“(Sal, R-uzt), jugarreta. Txandrio egin, hacer una jugarreta” A. Cf. VocNav: “Chandrรญo, estropicio, desaguisado, daรฑo, desgracia […] (Es voz tรญpica de Navarra y de uso general). […] Revoltijo, desbarajuste, desorden (Corella)”.

Eta, sarrera horretan adierazia ez badago ere, jakina da, Nafarroan ez ezik, txandrio tradizio handikoa dela Aragoin; kasu horretan, ch-z idatzita, jakina: chandrรญo. Horren harira, Aragoiko Maite Moret filologoak emandako azalpen batzuekin egin dut topo arestian, eta, haietan, hark zioen litekeela dela txandrio hitza euskarazko etxeko-andre adieratik eratorria izatea. Edonola ere, zertan katramilatu jatorrian: hiztun askoren eguneroko hizkeraren parte izatea ez al da dagoeneko aski arrazoi akademiak aintzat har dezan? Bide batez, jakin-mina dut: zenbateraino erabiltzen duzue, ahozkoan, Nafarroatik kanpoko euskaldunek?

Jakin-minez irakurtzen dut, aldiro, Euskaltzaindiak sei hilabetean behin egiten dituen eguneraketen zerrenda. Esate baterako, iragan urtarrilean ilusioa sentitu nuen akademiak jasotako 795 forma berrien zerrendan ikusi nituenean ajoarriero, kalderete, lebitatu, sexualizatu eta beste. Baietz nire hitz kutuna bildu hurrengoan! Lasai-lasai biziko gara bestela ere, erabili ere halaxe erabiliko dugu, baina zertan ezkutatu: txandrioa litzateke. Eta listo, aski apologia gaurkoz.

Ikusizko itzulpena, ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin

Claudia Torralba Rubinos

Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.

Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.

Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).

Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jimรฉnez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan โ€•zuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egitekoโ€•: traducciรณn a ojo edo traducciรณn a primera vista, traducciรณn a la vista preparada, traducciรณn a la vista consecutiva eta traducciรณn a la vista en interpretaciรณn consecutiva.

Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:

1. irudia: Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.

Pรถchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:

Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.

Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pรถchhackerrek (2004) Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.

Eta โ€œbatzuetaraโ€ diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.

Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.

Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez โ€•eta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkakโ€• kontuan hartu gabe.

Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.

Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan โ€•izanean, eta ez izeneanโ€•, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.

Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala โ€œzergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.

Erreferentzia bibliografikoak:

Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.

Cammoun, R., Davies, C., Ivanov, K. & Naimushin, B. (2009). Simultaneous Interpretation with Text. Is the text โ€˜friendโ€™ or โ€˜foeโ€™? Laying foundations for a Teaching Module. Master of Advanced Studies in Interpreter Training. Seminar paper. Geneva: Genevako Unibertsitatea. https://www.academia.edu/3172232/Simultaneous_Interpretation_with_Text_Is_the_Text_Friend_or_Foe_Laying_Foundations_for_a_Teaching_Module

Jimรฉnez, A. & Hurtado, A. (2003). Variedades de traducciรณn a la vista. Definiciรณn y clasificaciรณn, Trans. Revista de Traducciรณn, 7, 47-58. https://revistas.uma.es/index.php/trans/article/view/2946/2739

Lambert, S. (2004). Shared Attention during Sight Translation, Sight Interpretation and Simultaneous Interpretation, Meta, 49(2), 294- 306. https://www.erudit.org/en/journals/meta/2004-v49-n2-meta770/009352ar/

Pรถchhacker, F. (2004) Introducing Interpreting Studies, Londres: Routledge.

Arrautzopila, tortilla, amuarraina

Angel Erro

Arrautzopila eta tortilla

Modu xaloenean arrautza irabiatu eta zartaginean buelta eta buelta prestatutako jakiari euskaraz gutxienez hiru formatan deitu ahal zaio: arrautzopila, tortilla eta omeleta. Eta hala egin dute euskal idazle ezberdinek, bakoitzak bere gustu estetikoei, bere behar narratiboei edo bere unean uneko apetari jarraituz. Arrautzopil darabilte Iรฑaki Segurolak eta Juan Kruz Igerabidek, esaterako, Gaur ere ez du hiltzeko denborarik egingo eta Hauts bihurtu zineten lanetan, hurrenez hurren. Arrakasta gehiago du tortilla hitzak, Ereduzko prosa gaur webgunean egiaztatu ahal izan dudanez, bertako corpusean, itzulpenak aintzat hartu gabe, 81 aldiz agertzen delako, 28 idazleren eskutik. Horri gehitu behar zaio beste hiru agerpen tortila grafiapean. Omelet aldaerak jarraitzaile gutxiago du: Koldo Izagirre edo Joseba Sarrionandia hartaz baliatzen dira, kasu, Sua nahi, Mr. Churchill? eta Lagun izoztua lanetan.

Itzultzaileek ere beren itzulpen lanetan hiru hitzon artean aukera dezakete. Baina, kasu honetan, haietako baten erabilpenak okerrera eraman dezake, bi jaki ezberdinak nahasita: osagai nagusia arrautza duen ore frijitua, alde batetik, eta, bestetik, arto edo gari irinez egindako talo modukoak, Hego Amerikako sukaldaritzan, eta bereziki Mexikokoan, hain ezagunak direnak. Euskaraz, gaztelaniatik datorren polisemiak kutsatuta, biei tortilla izena ematen ahal zaie.

Truman Capoteren Odol hotzean eleberrian (Igela, 1993), Texasetik Mexikoko muga zeharkatu ondoren โ€œtortilla hotz, oliotsu bat ari zen jatenโ€ protagonistetako bat (jatorrizkoan ere, โ€œhe was eating a cold, oily tortillaโ€). Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua-n (Elkar, 1986), berriz, zerbitzariak jauna hotz ote den galdetzen dio โ€œmahai gainean tortila bat uzten duen bitarteanโ€ (edo โ€œputting an omelette on the tableโ€). Tortilla (edo tortila) darabilte euskaraz Gaรซl Fayek, Dolores Redondok, Jean-Paul Sartrek, Graham Greenek, Dashiell Hammetek, Maxim Gorkik, Jack Kerouacek, Malcolm Lowryk edo John Steinbeckek[1]; eta euskal irakurleak, jatorrizkora jotzerik ez badu, kontestuari-edo jarraituz erabaki beharko du, asmatu nahi badu egile horietatik zeintzuk ari diren mota bateko tortillaz [erantzuna: hasierako seiek] eta zeintzuk besteaz [amaierako hirurek].

Nahasbiderik ez dute itzulpenean erabilitako arrautzopil hitzak, zeina, bide batez, seguruenik horrexegatik euskal idazleengan baino maiztasun handiagoaz agertzen baita euskal itzultzaileengan, eta omelet hitzak.

Tortilla eta amuarraina

Sukalde kontuetatik atera gabe, bada beste erabilera polisemiko nahasgarri bat, oraingoan eremu geografiko eta linguistiko bakarrean ematen dena. Katalanez hitz bera erabiltzen dute arrautzopila zein amuarraina izendatzeko: truita. Sarean begiratu dudan katalanezko hiztegian arrautza irabiatu eta frijituari ematen diote lehentasuna adieretan. Bigarren dator ur gezako arraina. Paradoxikoki, hitzaren jatorrizko adiera bigarren hau delako (latinezko tructa hitzetik datoz katalanazko truita, gaztelaniazko trucha, frantsesezko truite edo italierazko trota). Arrautzekin egindako jakia ere katalanez truita izendatzearenak erabilera metaforiko batean omen du jatorria: gurean tortilla frantsesa deitzen dugun horrek duen itxurak arrain batena gogora dezake eta omeletari paderan eman beharreko itzuliak ere amuarrainek errekan ematen dituzten jauziak ekar ditzake burura.

Ez dakit katalanak nola moldatuko diren bata eta bestea bereizteko tenorean. Testuinguruari kasu eman behar zaio, ez zait besterik otutzen, eta baliteke beti ez asmatzea, testuinguruak laguntzen ez badu.

Orain egun batzuk Madrilgo liburutegi publiko batean Yo no soy Mikel Laboa eleberri grafikoa topatu nuen (Iturriaga, Cano eta Larretxeren Ni ez naiz Mikel Laboa-ren itzulpena). Ezusteak alaituta eta jatorrizkoa irakurria ez nuenez, maileguan hartu nuen. 86. orrialdean Mikel Laboak Marisol Bastida emazteari โ€œnecesitamos menos psiquiatras y mรกs somiatruitesโ€ esaten dio, biak alabarekin Bartzelonan bizi direla. Jarraian azaltzen dio: โ€œes como dicen en catalรกn a quienes tienen muchos pรกjaros en la cabezaโ€ฆ, que sueรฑan con truchasโ€. Lau orrialde aurrerago, senar-emazteak korrika doaz eskaileratan gora alaba sehaskan lo lasai ote dagoen ikustera. Hala dago. Lo eta beharbada baita ametsetan ere, buru gainean lau amuarrain dituelako elkarri segika biribilean, mugikari batetik zintzilik.

Baina zerekin egiten dute amets katalan ameslariek? Amuarrain ala arrautzopilekin? Dudarik gabe lehen aukera poetikoagoa da (eta hala dela egiaztatzeko aski da aipatu komikiaren irudiak ikustea). Halere, jakin-minak hartaratuta aurkitu dudan onlineko informazioan balantza bigarrenaren alde makurrarazten dela ematen du. โ€œQui tรฉ gana, somia truitesโ€ esaeratik eratortzen dute, zeina bere aldetik โ€œqui tรฉ gana/fam, somia paโ€ esaeraren aldaera litzatekeen [hau da, gose denak omeletak amets, edo ogia amets].

Bitxia da benetan zerekin egiten duten amets hizkuntzan hizkuntzako gosetiek. Ogiarekin errumaniarrek, portugesek, poloniarrek edo greziarrek. Ingelesezko goseberak urrunetik aditzen du haragi errearen usaina. Mexikon, berriz, gose denak โ€œpiensa en tortillasโ€, baina ez, jakina, katalanek ustez buruan izan dezaketen berberetan. Hungariako katuek sagua dute amets eta โ€•gehitu ohi duteโ€• txerriak ezkurra. Hala egiten du euskal urde goseak ere, ezkurra amets. Edo, bestela, ogia amets txakur goseak. Hortik datoz, beraz, eginkizun eta helburu lorrezinak adierazteko, balizko errotekin eta haizezko dorreekin batera, euskaraz aukeran ditugun txakur-ametsak (edo txakurraren gauerdiko ametsak ere).

Lehengora itzulita, arrautzopilaren eta amuarrainaren arteko ezbai honek garai bateko beste irakurketa bat, Josep Plaren Kale estua (Igela, 2017) ekarri dit gogora. Orduko hartan jatorrizkoarekin alderatu gabe leitu banuen ere, katalanez nekien apurrak susmarazi zidan itzultzaileak ataka gaizto horri aurre egin behar izango ziola bi pasartetan: 9 orrialdean: โ€œAfalordua baino ordu erdi lehenago iritsi nintzen ostatura (โ€ฆ). Otordua antxoa ziztrin bat, mortadela-xerra eta eskarola-izpi batzuekin hasi zen; olio kiratsez eginiko tortilla bat eta okela mehe eta katu-belarria bezain larruantzekoarekin jarraitu zuenโ€. 74.ean, berriz, โ€œJaki-ontzia atera zuten. Mokadu jan zuten: amuarrain marguldua, sandwich batโ€.

Egiaztatu dudanez, Plak bietan pertsonaiei truita janarazten die: โ€œVaig arribar a la fonda mitja hora abans de lโ€™hora de sopar (โ€ฆ). El repร s sโ€™iniciร  amb una trista anxova, un tallet de mortadelยทla i uns brins dโ€™escarola; seguรญ una truita elaborada amb oli sentรณs i un bistec subtil i coriaci com una orella de gatโ€ eta, aurrerago, โ€œObriren els portaviandes. Menjaren una queixalada: una truita dโ€™una grogor esvaida, un sandvitxโ€. Nik, hori kolore hitsaren aipamenagatik, hondartzan jateko eramaten errazagoa izateagatik edo nik hotz hartu nahiago izaten dudalako, printzipioz esanen nuke tortilla dela bigarren kasuan ere. Lehendabizikoan, baina, ez nuke eskua olio kirats gainean jarriko.

Nolanahi ere, kasu batean ala bestean (izan tortilla ala tortilla, izan truita ala truita), bitxia da eleberri bateko pertsonaiek zer jaten duten nola aldatu daitekeen hizkuntza batetik, itzulpen batetik, bestera.


[1] Ondoko lanetan, hurrenez hurren: Ene herri txikia (Igela, 2019), Hezurren ondarea (Erein, 2013), Goragalea (Alberdania/Elkar, 2003), Giza faktorea (Ibaizabal, 1997), Maltako belatza (Igela, 1997), Ama (Ibaizabal, 1995), Errepidean (Pasazaite, 2018), Sumendiaren azpian (Alberdania/Elkar, 2008) eta, nola ez, Tortilla Flat (Elkar, 1995). Datu hauek guztiak EHUko Hizkuntzen arteko Corpusa webgunean bildu ditut.