Feminismoari loturiko kontzeptuen bila

Elizabeteย Manterola Agirrezabalaga

Pasa den astean Amaia Astorbizak blog honetan jakinarazi zigun moduan, Leiho Morea sortu berri du Elhuyarrek. Usurbilen egin zuten tresna berriaren aurkezpena, urtarrilean, eta ordutik aukera dugu erabiltzaileok hiztegi bilaketak egiteko edo testu-bilduma kontsultatzeko. Feminismoari buruzko testuak biltzen ditu corpusak, askotariko iturrietan argitaratuak eta molde ezberdinetakoak: konparazio batera, saiakerak, gidak, erakundeek argitaraturiko protokolo eta txostenak, egunkari eta aldizkarietan argitaraturiko edukiak, podcastak eta jardunaldietan sorturiko materiala.

Terminoen definizioak eta kontzeptuak argitzen lagunduko digu tresna berriak, bai eta erabilera-eremuari begiratzeko ere. Azken urteetan feminismoari buruzko edukia ugaritu zaigun honetan, zer formatan eta zein euskarritan, noren eskutik etorri zaigun begiratzeko ere balio du Leiho Moreak. Nik neronek kronologiari erreparatu nahi izan diot. Hitz jakin batzuen bila aritu naiz ikusteko zer-nolako garapena izan ote duten denboran zehar, erabilera kronologikoa bistaratzeko modua ematen baitu grafiko baten bitartez.

Bilatutako hitzen artean sarrien erabili dena feminista hitza da, 9534 aldiz: 1997tik aurrerako testuetan ageri da, eta 2016tik aurrera nabarmen egin du urteko agerpen kopuruak gora. Gauza bera gertatu da feminismo hitzarekin ere (3987).

Patriarkal hitza dator segidan, 1565 aldiz: 1993-2015 bitartean, gehienez ere 20 agerraldi ditu urteko, eta gorantz egin zuen ordutik aurrera: 2018an, esaterako, 400 agerpenetik gora izan zituen. Sexismo hitza ere sarritan erabili da (603): 1993tik aurrera etengabeko erabilera izan du.

Androzentrismo hitza 88 aldiz zenbatu dut: 1988tik 1996ra, 20 aldiz ageri da, eta 2014tik aurrera, berriz, nabarmen igo da agerpen kopurua.

Ahizpatasun hitzak 127 agerraldi izan ditu: lehenengoa 1999an izan bazuen ere, gainerako guztiak 2016tik aurrerakoak izan dira. Genero-arrakala kontzeptuak 145 agerpen izan ditu, guztiak ere 2009tik aurrerakoak.

Corpusak erakusten du nola 2015etik aurrerako testuetan nabarmen igo den hainbat terminoren presentzia, hala nola queer (269 agerpen), intersekzionalitate (229), feminizidio (29), heteroarau (135), heteronormatibo (42), heteropatriarkatu (50) eta zisgenero (20). Ahalduntzea eta genero bitartasuna kontzeptuak berriagoak ditugu, 2020tik aurrerako testuetan ageri dira eta.

Testu motaren araberako erabilera ere ikus liteke. Esaterako, kontziliazio hitza 189 aldiz ageri da corpusean, eta horietatik hiru laurden Emakundek argitaraturiko dokumentazioan ageri dira.

Sinonimoak bilatuta ere emaitza interesgarriak ikus litezke. Esaterako, lesbiana hitzak 760 agerpen izan ditu eta bollera/bollerok, aldiz, 415. 1998an ageri da lesbiana lehenengoz, eta erabilera jarrai samarra du 2000ko eta 2010eko hamarkadetan. 2016tik aurrera gorantz egin du nabarmen. Bolleraren kasuan, berriz, 2002koa da lehen agerpena, baina hurrengo agerpena 2016koa da, eta ordutik aurrera erabili da, 2021etik aurrera batez ere.

Amaitzeko, adierazgarria da ikustea lesbofobia (28) eta transfobia (63) hitzak baino askoz ere lehenagotik erabiltzen dela homofobia hitza (133): lehenengo biak 2017tik aurrera ageri dira corpusean, eta hirugarrena, berriz, 2002tik aurrera.

Lagin txiki bat besterik ez dut ekarri hona, baina nahikoa da ikusteko hitz edo kontzeptu konkretuok noiz jarri diren boladan, zenbateko iraupena izan duen haien erabilerak eta zenbateko presentzia duten hausnarketa feministaren eremuan. Hautatutako hitz solte horiei erreparatuta ikus liteke, halaber, feminismoari buruzko testuak batez ere 2016tik aurrera argitaratu direla euskaraz. Sarritan, gainera, itzulpenen bitartez txertatu edota hedatu dira horiek gurean. Itzulpenak hausnarketa feministari loturiko terminologia zabaltzen izan duen eragina aztertzea, baina, beste baterako helburua izango da.

Babel: aniztasunaren ala elebakartasunaren aldeko mitoa?

Kike Amonarriz Gorria

Joan-Lluรญs Lluรญs idazlearen Balla amb Babel. Contra lโ€™absolutisme lingรผรญstic liburuaren irakurketak Babelgo mitoaren inguruan izan diren interpretazio antagonikoei buruz hausnartzera eraman nau, airean zintzilik uzten duen galdera honetatik tiraka:

โ€œGaur egun, hizkuntzen aurkako beligerantzia gutxiago izango al litzateke mito hau imajinatu, azaldu eta idatzi ez balitz, edo galdu izan balitz?โ€.

Interesgarria iruditu zait Bibliaren mito hau aztertzea, beren burua kristautzat hartu eta kristau zibilizazioaren defentsa sutsua eta irmoa egiten duten eskuin muturreko eta era guztietako inperialismoen buruzagiak (Trump eta Putin barne) eta haien jarraitzaileak aniztasunaren aurka zabaltzen ari diren diskurtsoak ezbaian jartzeko eta berauei aurre egiterakoan beste argudio bat izateko.

Historian zehar Babelgo dorrearen mitoaz egin den irakurketarik zabalduenaren arabera, hizkuntza aniztasuna Jainkoak gizakien harrokeria eta botere-gosea zigortzeko ezarritako madarikazio gisa ulertu beharko genuke. Arrazoibide hau politika linguizidak gauzatzeko eta hizkuntzen (eta nazio eta komunitateen) arteko hierarkia markatzeko argudio gisa erabili izan da. Lluรญsek azaltzen duen bezala, hierarkia honen gailurrean hiru hizkuntza leudeke: hebraiera, Adamen, Abrahamen eta Itun Zaharraren hizkuntza zelako (sinesmen honetan datza sionismoaren oinarrietako bat); grekera, Itun Berriaren eta Aristoteles bezalako filosofoena zelako; eta latina, Elizarena eta Bibliaren itzulpen kanonikoarena zelako. Gure ingurune hurbilari dagokionez, latinaren oinordeko diren gaztelania eta frantsesa ere gailur horretatik gertu edo gailurrean bertan kokatu izan dituzte espainiar eta frantziar nazionalismoek.

Bestalde, mitoa erreferentzia ideologiko-diskurtsibo bezala erabili izan da โ€œbesteโ€ hizkuntzak gutxiesteko, zapaltzeko edo, Gregoire abadeak 1794an Konbentzio Nazionalean aurkeztutako Rapport sur la Nรฉcessitรฉ et les Moyens dโ€™anรฉantir les Patois et dโ€™universaliser lโ€™Usage de la Langue franรงaise txostenean proposatu zuen bezala, suntsitzen saiatzeko.

Gogoan dudala, gurean, irakurketa honen guztiz bestelakoa egin zuen lehena Josรฉ Marรญa Sรกnchez Carriรณn โ€œTxepetxโ€ izan zen, Lengua y pueblo liburu ederraren โ€œLo que pasรณ en Babelโ€ artikuluan. Bere ustez, Babelgo dorrearen bidez, gizakiak boterea eta handikeria materiala lortu eta erakutsi nahi izan zituen. Yahveren erabakia, baina, ez da zigor bat, zentzurik gabeko ekintza bat ekiditeko neurri terapeutikoa baizik. Ikuspegi linguistikotik, bestalde, hizkuntzak biderkatzea ez da zigorra, poliglotismoaren beharraren justifikazioa baizik. Txepetxek dioenez, argi dago dorrea eraikitzen hasi zirenean Sinaarreko gizon-emakumeek hizkuntza bakarra zutela, Boterearen hizkuntza beti bat eta bera delako. Eta arrisku horretatik babesteko (Bibliako testuaz egiten duen irakurketaren arabera), Yahvek gizakioi hizkuntza aniztasuna eman zigun, gizakien arteko elkartasunera eta batasunera ez delako iristen boteretik (Sinaartarren hizkuntzatik), askatasunetik baizik, hau da, elkarren arteko desberdintasunak onartzetik.

Pentsatzen dut ikuspegi hau edo antzekoa izango zuela gogoan Patxi Baztarrikak bere liburuari Babeli gorazarre izenburu iradokitzailea jarri zionean. Halaxe baitio bertan:

โ€œAuzi honen gakoa, finean, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi elkarren artean ulertzeko bidea ematen diguna. Hizkuntza aniztasuna gizarte modernoen osagai den neurrian, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa bihurtu da gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu funtsezkoenetako batโ€.

Mendebaldeko kulturaren oinarrian dagoen Biblian bertan, ordea, badira hizkuntza aniztasunaren aldeko irakurketa indartzen eta arrazoitzen duten pasarteak. Gogora dezagun, esate baterako, Itun Berriak dioenez, apostoluei hizkuntzen dohaina eman zitzaiela:

โ€œDenak Izpiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Izpirituak eragiten zion eranโ€. (Eg. 2,4)

Edo Paulok korintoarrei esandako hitz hauek:

โ€œHainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzuaโ€. (1 Ko. 14,10)

Babelgo dorrearen mitoak, eta Bibliak berak, beraz, hizkuntzen ugaritasuna defendatzen dute. Eta aintzat harturik beren burua kristautzat hartzen duten mugimendu eta buruzagi askok hizkuntza gutxituen aurka zabaltzen ari diren mezuak eta aurrera daramatzaten politikak, oso egokia iruditu zait Lluรญsek ironia puntu dotore batez planteatzen duen galdera hau: โ€œHizkuntza aniztasuna jazartzen halako grina jarri izan duten, eta oraindik jartzen duten, Espainiako nazionalkatolizismoaren heroiek, azken batean, ez al dute Jainkoa samintzen? Eta karia horretara, ez lukete mende gehiago pasa beharko purgatorioan, edo zuzenean infernura joango lirateke? Aitortu behar dut, hala balitz, interesgarriagoa irudituko litzaidakeela beste mundu baten ikuspegi kristauaโ€.

Pentsamenduen eta ohituren uniformitatearen aurkako borrokan, eta gizakien arteko harreman berdinzaleak garatze bidean, hizkuntza aniztasunaren aldeko jarrera hori praktikara eramaterakoan, itzulpengintza eta itzultzaileak funtsezkoak eta ezinbestekoak bihurtzen dira. Haien lana, zentzu honetan, bada elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko eta supremazismoen aurkako lana. Izan ere, Souleymane Bachir Diagnek De langue ร  langue. Lโ€™hospitalitรฉ de la traduction liburuan dioen bezala, โ€œItzulpen lana hizkuntza menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako bat daโ€.

Babelgo dorrearen mitoa, beraz, hizkuntza gutxituen alde, aniztasunaren defentsan eta itzultzaileen lanaren aintzatespena indartzeko erabil genezake.

Norentzat itzultzen dugu?

Angel Erro

Abenduko zubian Maspalomasera joan nintzen, neguko hotzetik ihesean, baina, batez ere, neure txikian, euskal zinema sustatzera[1]. Bertara iritsi eta berehala ohartu naiz ez dudala maletara sartu oporralditxorako gordea nuen liburua. Larritu naiz. Gehienetan libururen bat edo beste eramaten dut ondoan, baina hondartzan ezinbestekoa dut. Zaharra dut sakelakoa, gainera, eta ezin dut eskuan luze erabili bateriak egun osoan iraunen badit. Inguruan bilatu arren, ez dut liburu denda edo kioskorik gertu lokalizatu. Lehen egunean, beraz, moldatu behar izan naiz hondartzan dagoen ikustekoarekin.

Bigarren egunerako, nire lagunak apalategi bat aurkitu du hotelaren harrera lekuan erdi ezkutaturik, non pilatzen diren aurreko bezeroek utzitako liburuak. Gogoberoturik, hurbildu naiz zer aurkituko. Liburu gehien-gehienak hainbat hizkuntza germanikotan idatzita daude, harritu nau ingelesez liburu gehiago ez egoteak, frantsesez liburu pare bat dago, eta espainolez beste pare bat: Alejo Carpentierren El siglo de las luces eleberriaren ale merke eta zatar argitaratua eta, bestetik, โ€•begitartea argitu zaitโ€• Miren Amurizak 2019an plazaratutako Basa eleberriaren gaztelaniazko itzulpena, 2021ean Consonni argitaletxean agertutakoa, Miren Agur Meabek itzulita. Horixe hartu dut, jakina. โ€œEuskaldun batena izanen zenโ€, esan diot lagunari, hura eskuan agertu natzaionean. Haren erantzunak pentsakor utzi nau: โ€œHobe hala ez balitzโ€, edo โ€œEz dago zertanโ€. Ez ditut hitz zehatzak gogoan. Edonola, hortik 5 zenbakidun txiringitora โ€•lehengo zazpigarreneraโ€• bidean gaudela, horixe izan dut buruan bueltaka. Norentzat itzultzen dugu? Norentzat itzultzen dugu euskal itzultzaileok, batez ere euskaratik erdarara aritzen garenean?[2]

Nire buruari egindako galderari erantzun nahian laster etorri zaizkit liburu honetan topatutakoak โ€•edo liburu honetan topatutakoek pentsarazitakoakโ€• laguntzera.

Esanen nuke itzultzaile guztiok galdera hori inkontzientetik maila kontzientera igaro izan dugula inoiz, erabaki zehatz baten aurrean, irakurle inplizitua bata izan ala bestea, edo nongoa irudikatzen dugun, konponbidea ezberdina denean. Erdaratik euskararakoetan adostasun handiagoa egon daiteke beharbada (euskaldungo irakurzalea homogeneoagoa datekeen heinean)[3]. Beste norabidean galduago gaudelakoan nago.

Espektro zabaleko erantzuerak eman daitezke, naski. Dena delako erdarafonia osoarentzat lanean ari zarela irudika dezakezu (gaztelaniaren kasuan 500 milioitik gora hiztun, etorkizunekoak aintzat hartu gabe). Baina zentzuzkoa dirudi balizko hartzaileak murrizteak. Noraino? Hor dago gakoa. Argitaletxearen irismena irizpide har daiteke. Norberaren nora nahia ere ezin da gutxietsi: burua non kokatua duzun. Nik inoiz, itzuli beharreko egilea bizirik baldin badago eta elebiduna baldin bada bereziki, pentsatu izan dut berarentzat ari naizela itzultzen esklusiban, hark zer iritziko[4]. Guztiarekin ere, esanen nuke aukera sorta handia bi multzo nagusitan banatzen ahal direla: Euskal Herriko erdaldunentzat ari zaren ala atzerriko erdaldunentzat. Bateko ala besteko froga harria, niretzat, ama hitza nola ematen den: madre, mamรก, ama (amรก?)โ€ฆ Erabakia ez da neutroa, jatorrizkoan euskaraz aritzen den (edo guk euskaraz irakurtzen diogun) pertsonaia, bat-batean, gaztelaniaz diharduen (edo euskaraz jardutea erabaki duen) euskotar bihurtu dugu, berez euskalduna izan ala euskara dekoratiboa darabilen erdalduna.

Consonniko liburuak โ€•itzul gaitezen hondartzaraโ€• hausnar honetan harrapatu nau eta, behin irakurtzen hasita, egiaztatu dut ez dudala nire orain arteko eskemak erraz aplikatzerik. Bertan, esaterako, euskarazko ama ama da erdarazkoan, are osaba ere osaba (โ€œEscucha, amaโ€ฆ โ€•la abordaโ€•. Tenemos que hablar sobre osabaโ€, 65. or.). Baina ezin da berez esan Euskal Herritik kanpoko irakurleengan pentsatua ez dagoenik, alde batetik, edizioak glosario bat dakarrelako testuko euskarazko hitzen gaineko azalpena emanez (haien artean, ama eta osaba, jakina, baina baita txoko[5] ere), eta, bestetik, argitaletxea gure mugetatik kanpo erruz zabaltzen delako. Bakarrik ikustea dago, nik non topatu dudan alde batea utzita, liburu honek zenbat iruzkin lortu dituen Goodreads edo Babelio irakurleen plataformetan, besteak beste; gehienak erdaraz, zer esanik ez. Haietako batzuek itzulpenaren hizkuntza eta estiloa goraipatzen dute:

โ€œExcelente tambiรฉn la traducciรณn, que sin poder entender el texto original, usa un lenguaje riquรญsimo, sin caer nunca en lo pretencioso (โ€ฆ)โ€. Juanma Moriches.

โ€œLa traducciรณ molt bรฉ fetaโ€. Nรบria.

โ€œPrimero de todo: GRANDE LA TRADUCCIร“N. LA TRADUCTORA HA HECHO UN TRABAJO INCREIBLEโ€. Catastroleer.

Einaudi argitaletxean, Giulio Einaudi argitalariaren beraren ardurapean, Scrittori tradutti da scrittori (Idazleek itzulitako idazleak) izeneko bilduma elebiduna[6] sortu zen 1983an; izenak berak ongi adierazten du proiektua zertan zetzan. Miren Agur Meaberen itzulpen lan hau ezingo da bilduma horretan sartu, 2000an bertan behera utzi baitzuten. Baina, zalantzarik (eta lotsarik) gabe, idazle batek egindako itzulpena da. Meabek hizkuntzarekin duen trebetasuna maiz izan da goraipatua. Bereziki dut gogoan Hasier Etxeberria zenak, Kristalezko begia liburuaren harira, esandakoa: โ€œJoria da oso Meaberen prosa, hitz ezezagunez hornitua (garramu, karan, zarakar, ekortu, muker, tuntuxโ€ฆ) eta baita aspaldi entzun gabekoekin ere (parpail, lasta, saroiโ€ฆ). Damu naiz liburuaren hastapenetik den-denak ez apuntatu izana, denek ala denek baitakarte halako edertasun lexikal sinestezin bat: irakurketaren ulermenik ez dute eragozten, baina urre pinportaz betetzen dituzte orrialdeak. Iduri du Meabek erabiliko ez balitu, betirako galduta geratuko liratekeela hitz eder guztiok: ataza, zedendu, iruntzi, tril eginโ€ฆโ€. Berehala erreparatu diot erronka bera jarri diola bere buruari erdaraz ere, horrek atrebentziaren bat hartzera eraman badu ere. Adibide gutxi batzuk bildu ditut:

Basa (Consonni, 2021)Basa (Elkar, 2019)
Karmele friega mientras Sabina atiende al informativo con la gata gris en su regazo. ยกMisintxu! (โ€ฆ). Siempre se dirige por el mismo nombre a los michos de la casa. Por mucho que los nietos se empeรฑen en bautizarlos con apodos particulares, ella recurre a una nomenclatura genรฉrica para distinguir a los hijuelos (sic) de cada camada, salvo en el caso de los perros y de sus propios pequeรฑos: la especie en sรญ y su rasgo mรกs destacado. De ahรญ el burro bizco y gallo rubio, la oveja calva y la vaca pintaโ€ฆ (39. or.)Karmele harrikoa egiten eta Sabina, katu nabarra altzoan duela, albistegiari adi. Misiรฑo! (…). Halaxe zuzendu izan baitzaie etxeko katu denei; lantzean biloba bat deitura partikularrak ipintzearekin tematu arren, izendapen sistema generikoa erabili izan du beti jaiotza batetik gorako sabelaldietako kumeak bereizteko (txakurrak eta seme-alabak salbu): animaliaren deitura gehi ezaugarririk nabarmenena. Hortik katu nabarra eta oilo zuria, ardi herrena eta behi pinttanoa… (29. or.)  
Ya en el prado, se baja las bragas con premura y, al acuclillarse sobre el rocรญo, siente el cosquilleo de la hierba en la vulva, las salpicaduras en los tobillos, el efluvio de su orina en el aire. Un placer ancestral de animal libre, indรณmito, salvaje. Y estรก sacudiรฉndose las รบltimas gotas cuando ve al perro perseguir un corzo (48. or.)Kuleroa arrapataka jaitsi eta garotzan makurtu orduko igarri ditu aluan belar punten kilimak; zipriztinak orkatiletan, lurruna, hustasunaโ€ฆ Plazera. Eta azken tantatxoak astinduta zutuntzear dagoela, non begiztatu duen txakurra orkatz baten atzetik arin-arinka (38. or.)
Le limpia el bajo vientre, las ingles, la entrepierna (โ€ฆ). Le embute un calzoncillo (51. or.)Garbitu dio hankartea (โ€ฆ). Galtzontziloak jarri dizkio (41. or.)
Y se fue hasta la tejavana (56. or.)Eta etxolarantz abiatu zen (45. or.)
ยฟTonterรญas dices? โ€“le da un puรฑetazo a la mesaโ€“. Si pudieseis, me pondrรญais no un timbre, sino un cencerro para controlarme. Pero yo no soy una cabra aรฑosa, despistada en los riscos. Yo soy vuestra madre. ยฟMe oyes? (66. or.)Lelokeriak esan duzu? โ€“jo du ukabilarekin mahaianโ€“. Tinbrea ez eze, arrena ere ipiniko zenidakete zuek kontrolpean edukitzeko! Baina ni ez naiz sasiko ahuntz zaharra! Ni zuen ama naiz! Entzun duzu? (56. or.)

Norentzat itzultzen dugun galderari ematen ahal zaizkion erantzun posibleen artean ahaztu zait โ€œnorberarentzatโ€ proposatzea. Ausarkeria litzateke esatea idazle ez duen hizkuntzan Meabe izan litekeen idazlea ezagutu edo barrundatzeko irrikak gidatu duela itzulpena? Arrosa koloreko liburua etzaulkian utzi eta uretara abiatzen ari naizela, hori dut pentsuan, ez ote dudan nik ere, batez ere gaztelaniara itzuli ditudan poema liburuen bidez, gauza bera egin nahi izan. Eta ez dakit harrotzen nauen.

Hortik egun batzuetara, lagunak harrapatu nau Basa maletara sartzen. Kargu hartu dit hurrengo bezero behartsu batentzat ez uzteagatik apalean. โ€œApaltasuna erakutsi dit liburuak, eta gorde nahi dutโ€, esan behar nion, baina, horren ordez, โ€œartikulu baterako balia dezakedala uste dutโ€ bota diot. Etsi du, baita galtzontzillo zikinen artean El siglo de las luces ezkutatzen ikusi nauenean ere.


[1] Bigarren aukera Bizkaiko mojen komentu bat zen, Los domingos filmagatik, baina ez zegoen tokirik, hain indartsu jo du azken boladan sukar erlijiosoak.

[2] Nago blog honetan gehiago begiratzen diogula euskararen eta erdara baten arteko itzulpenen norabideetako bati. Besteak ere eskatzen du, agian beste izen bat beharko lukeen arren, euskal itzultzaile bat.

[3] Besterik ezean, amona inplizitura jo dezakegu beti; horrela deitzen diot nik maiz topatu dudan itzulpen aholku aski zabaldu bati. Lehenengoz adiskide bati aditu nion: Itzulpen enpresa batean tarte batez lan egin zuen, eta, zerbait euskaraz nola eman dudatan ibiliz gero, bertako arduradunak beti esaten omen zien โ€œpentsatu hau nola esango lukeen zure amonakโ€, itzulgaia denik eta teknikoena izanda ere eta, jakina, norberaren amonak euskaraz ote zekien galdetu gabe. Cf. https://www.berria.eus/iritzia/jira/amona-inplizitua_1017808_102.html

[4] Esperientziak erakutsi didanez, jarrera zentzuzkoena da, batez ere zuzenketa faserik tartean badago; bestela, berak atzera botako baitizkit โ€œbere erdaranโ€ ez dauden hitz, aditz, esamoldeak, nahiz eta nirean bai egon edo literatur erabilpen zabala eduki.

[5] Azken kasu hau bitxia da oso, gero ikusi ahal izan dudanez, Amurizak soziedade mailegua erabiltzen baitu jatorrizkoan (โ€œSoziedade batean harrapatzen nauzu, lankide baten urtebetetzeaโ€ฆโ€ (57. or.) : โ€œMe pilllas en el txoko. Es el cumpleaรฑos de un colegaโ€ฆโ€ (67. or.).

[6] Dena den, bildumak izan zituen 82 liburuetatik 12 hirueledunak izan ziren, itzultzaile-idazlea italieraduna ez zenean. Kasu, Paul Valรฉryk  egindako Virgilioren Bukoliken frantsezko bertsioari, jatorrizkoaz gain, italierazko itzulpena ere gehitzen zaio.

Gasteizko errealitateak

Josu Barambones Zubiria

Goiz batez, Gasteizko X lineako autobusean nindoala, bidaiari gazte eta heldu batzuen arteko solasek inguru-minguruan bizi dudan euskararen paisaiari buruz idazteko ideia eman zidaten. Uste dut euskaldunok oso kontzienteak garela euskarak bizi duen egoeraz, eta halaber oso kontzienteak garela hitz egiten dugun euskaraz edota entzuten dugun euskaraz ere. Kontzientzia horren erruz, hala nola jasandako hezkuntza linguistiko ezinago kaltegarri eta aurreiritziz mukuru beterikoari esker, beti belarriak prest daude entzuten duguna linguistikoki deskodifikatzeko. Baina hori beste ezpal bateko zura da, eta ez da hona ekarri nauen gaia. Kontua da autobuseko abagune hori egokia iruditu zitzaidala nire jaioterrian bizi ditudan errealitate linguistikoez hitz egiteko. Hortaz, ez si eta ez no, koadernoa eta bolaluma hartu, eta hara non nire burua topatu dudan Gasteizen hitz egiten diren hizkuntzekin bizi ditudan errealitate linguistikoez idazten. Deskribatuko ditudan errealitate guztiak elkarrekin nahasten dira eta sarritan osagarriak ere badira, izan ere inongo errealitate ez da gainerakoetatik aparte bizi.

Lehen errealitatea. Ikasle talde bat, 16 bat urtekoa, autobusean eskolaz kanpoko jardueraren bat egitera zihoana. Denak gaztelaniaz ari ziren. Egia esan, denak ez: bazen heroi baten itxura hartu nion neska bat euskaraz bakarrik egiten zuena. Ez dakit nondik aterako zuen barruko indarra, baina gainerako ikaskide guztiak erdaraz ari ziren bitartean, berak euskara batu estandarrean tinko egonarria galdu gabe:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Astebukaeran mendian egon naiz.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€ยฟCon el frรญo que hace? Yo no voy ni de palo.

Hamar bat minutu iraun zuen bidaian berak euskaraz jo eta fuego, ikaskideek gaztelaniaz erantzun arren. Halere, noizean behin, mirari moduko bat gertatzen zen eta ikaskideren bati edo besteri โ€œbaiโ€ edo โ€œezโ€ bat itzurtzen zitzaion euskaraz egiten zuen neskak egiten zituen galderen edo iruzkinen aurrean.

Bigarren errealitatea. Talde bereko irakasle bat euskara batuan bi ikaslerekin. Ikasleek euskara ulertzen zuten arren (ezagutzan aurrera egin dugun seinale), beti gaztelaniaz erantzuten zioten:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Ze, zure etxean ez duzue arrainik jaten ala? โ”€irakasleak.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€No, a mi madre no le gusta el pescado โ”€ikasle batek.

Lehen errealitatearekin aldatzen den bakarra botere-erlazioa da: kasu honetan, irakaslearen eta ikasleen artekoa da. Aurrekoan, ordea, berdinetik berdinera zen. Pentsatzen jarrita, niri ere antzeko kasu bat gertatu zitzaidan Itzulpengintza euskaraz ikasten zuen ikasle batekin. Nahiz eta hasieran nirekin euskaraz egiten saiatzen zen, beti bukatzen zuen gaztelaniaz hitz egiten.

Hirugarren errealitatea. Handik bi ordura, bueltako autobusean, bi andereรฑo elkarrekin euskaraz. Andereรฑoen arteko solasaldian euskara (batua) eta erdara, erdara eta euskara, zein baino zein, nahastu egiten dira:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Los Herrรกn kalea oso ondo utzi dute egin dituzten obrekin.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Bai, estรก muy chula. Pasiatzeko eta bizikletan ibiltzeko superondo.

Esango nuke halako errealitatean euskara gailentzen zaiola erdarari, baina erdararen hanka gabe, zangomotz gelditzen dela eta euskal hiztunek erdararen beharra dutela elkarrizketak herren ez egitearren. Eta errealitate hau hurrengoarekin oso lotua dago, baina badago desberdintasun bat: hirugarren errealitateko euskaldunek euskara batuan egiten dute; aitzitik, laugarren errealitatekoek nork bere euskalkian.

Laugarren errealitatea. Errealitate hau gazte jendearen artean gertatzen da (ez bakarrik ordea). Fenomeno hau guztiz zabaldua dago eta oso modu naturala da gazteen arteko elkarrizketak garatzeko. Euskaรฑola du izena, argot-tzat har daiteke eta hizkuntza baliabide gisa erabiltzen da, bizi-bizi erabili ere. Beste euskara mota bat da, euskararen diglosia erakusten duena eta diglosiaz harago doana: gazteen arteko harremanen adierazpide indartsu eta ezinbestekoa bilakatu da. Adibide pare bat baino ez entzundako bi elkarrizketatatik:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€A ver Gasteiz toketan jatzun, Gasteiz mola mogollรณn.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Bai, gogoratzen det que Leire se lo comentรณ.

Argot honetako ezaugarri nagusia esapide gatzdun edo xelebre gehienak espainolez esatea da. Argi dago euskarazko esapideak galduan irteten direla (erabiltzaileek ez dakitelako horiek euskaraz esaten edo euskarak falta dituelako), baina norberaren bizipenak lagun-ezagunei helarazteko oso modu zuzen eta eraginkorra dela ezin uka. Aldeak alde eta mugak muga, niri ingeles txikanoa, hau da, Spanglish delakoa gogorarazten dit. Azken finean, ingeles txikanoarekin gertatzen den bezala, gure kasuan euskara eta espainola nahasten dira, modu pragmatikoan nahastu ere: biak elkarren osagarri dira, ez arerio.

Bosgarren errealitatea. Euskara hutsean aritzen direnena: euskara landua erabiltzen da, dela batu estandarrean, dela norberaren euskalkian edo dela batuan baina norberaren euskalkiko zipriztinekin. Errealitate hau oso ondo ezagutzen dut egunero bizi eta praktikatzen dudalako, ahoz zein idatziz: familiakoekin (ez beti), lankideekin eta lagun eta ezagun batzuekin (nire lagun eta ezagun gehienak erdaldunak dira). Kasu askotan, gainera, euskara lan-hizkuntza ere da, nire kasuan bezala.

Seigarren errealitatea. Beste errealitate batzuk, nik ezagutzen ez ditudanak, baina entzun eta ikusten ditudanak Gasteizko kaleetan pasieran nabilenean: beste hizkuntza batzuetan mintzatzen diren errealitateak. Gasteizko udaleko web orrian irakurri dudanaren arabera, Gasteizko kaleetan 50 hizkuntza baino gehiago erabiltzen omen dira, besteak beste hauek: hassania (Sahara), wolofera (Senegal), bulgariera, paular hizkuntza (Gineako Errepublika), tamazigh hizkuntza (bereber hizkuntzak), arabiera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago) eta txinera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago). Errealitate horiek gogorarazten digute gaur egungo mundu globalizatuan gizarte elebakarrak espejismo hutsak direla.

Zazpigarren errealitatea. Hizkuntza hegemonikoari dagokiona, hots, gaztelania hutsean bizi direnen errealitatea. Egunero errealitate honekin gurutzatzen naizen arren, datu bakan batzuk ezagutu nahi izan ditut. Eustatek eskaintzen dituen datuei kasu eginez, 2021ean (azken erregistroko datuak) Gasteizko biztanleen % 70,17 da erdaldun elebakarra eta euskaldunak eta ia-euskaldunak % 29,83. Haur eta gazte gehienek ulertzen duten arren (ulermen mailak zehaztu beharko lirateke), gutxi dira erabiltzen dutenak. Guztiarekin ere, gutxi horiek duela berrogeita hamar urte baino gehiago dira.

Urriaren hasieran Blanca Urgellek Berria egunkarian esaten zuen gasteiztarrok harro egon behar dugula euskararen ezagutzan eta erabileran egin dugun jauziagatik. Eta bat nator iritzi horrekin. Ni Gasteizko Adurtza auzokoa naiz: bertan jaio eta koxkortu nintzen, lehen ikasketak hor egin nituen, eta orain hor bizi eta lan egiten dut. Nire txikitako unibertsoan euskara ez zen existitzen. 14 bat urte bete nituen arte euskarazko hitzik entzun gabe nengoen, eta entzun nituen euskarazko lehen hitzak eskolarekin Gernika, Lekeitio eta Ondarrura egin nuen bidaia batean izan zen. Hazi nintzen auzoan gaztelaniak betetzen zituen espazio guztiak. Orain, ia berrogeita hamar urte igaro direlarik bidaia hartatik, nire auzoan euskara egunero entzuten dut: kalean, dendetan, tabernetan, tranbian, autobuseanโ€ฆ Euskara larrialdian omen dago, ez horrenbeste ezagutzari dagokionez, baizik eta erabilerari dagokionez, eta bereziki orain arte euskararen arnasguneak izan diren eremuetan. Edozelan ere, baikortasunez begiratu nahi diot euskararen etorkizunari, eta aitortu azken mende erdian denon artean eman ditugun urratsak erabakigarriak izan direla euskararen erabilera, ezagutza eta garapena, agian ez nahi genukeen neurrian, baina hein batean bederen, hedatu eta ziurtatzeko.

Eguberri on.

Itzulpena eta irabaziak

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Duela gutxi irakurri ahal izan genion Berrian Danele Sarriugarteri โ€œItzulpena eta galeraโ€ iritzi artikulua. Honela zioen amaierako parrafoan:

Itzultzailea naizela esaten dudanean maiz aipatzen didate galera. Zehazki, zera galdetzen didate: itzulpenetan โ€•itzulpenekinโ€• zer galtzen den. Niri, egia esan, irakur dezakedan hizkuntzaren batera itzulita ez daudelako sekula ezagutu ezingo ditudanak, horiexek iruditzen zaizkit gabezia nagusia.

Lerrook aski esanguratsuak dira, artikulu osoa bera bezain. Baina hain hitz gutxitan laburbiltzen du gure jardunaren egoera. Euskarara zer, zenbat eta zergatik ekartzen dugun pentsatzeko aski.

Zer esango dizuet zuei, itzultzaile lagunok, ongi jakinen baituzue gurean itzulpenak oraindik ere baduela halako mamu bat bere gainean. Zailak direla, ez direla fidelak, edo fidelegiak direla, ez dutela jatorrizkoek* duten zera horiโ€ฆ Eta, akaso, poesiarekin bezalaxe gertatzen da: jende batek esaten du ez zaiola gustatzen poesia ez duelako ulertzen. Bada, galdera horiei: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun poesia bilatzeko? Alda poesia itzulpena hitzarengatik: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun itzulpenik bilatzeko?

Aurrekoan, irakurle taldean, irakurketa proposamenik bazuten galdetu nien kideei, eta batek honela erantzun โ€•erantzun esan badakioke, izan, berez, beste galdera bat izan baitzenโ€•: Itzulpenak irakurriko ditugu beti? Bada, bai, momentuz, bederen, bai. Izan ere, Iruรฑean badira beste irakurle talde batzuk, eta gehien-gehienetan itzulpenak ere irakurtzen dituzten arren, hori dira beti: ere bat; kupo bat (eta ez gaizki hartu talde horietako kide eta gidariok!). Asmo jakin batzuekin sortu genuen taldetxoa: irakurketan zaletzea, elkarrekin irakurtzen ikastea eta kanpoko ideiak gurera ekartzea. Zeren euskarazko sorkuntza lanek (nobedadeek bereziki) badituzte oraindik ere plaza gutxi batzuk rodatzeko. Baina ez dakit ni neu ere inoiz iritsiko nintzatekeen beste garai bateko eta beste herrialde bateko idazleen lanak (euskaraz) irakurtzera, ez balitz talde honengatik. Beraz, horra irabazi txiki bat: ni bezalako beste irakurle batzuk ere, aurretik euskaraz irakurtzen zutenak, edo ez, kanpoko pentsamenduei lekutxo bat egiten beren agendetan.

Aurrekoan ere bai, gure itzultzaile batekin aritu nintzen orain arte lanean tokatu zaizkidan itzulpenez: lan gutxi eman didatela, eta zoragarri etorri direla. Bada, egin apustu itzulpen gehiago kaleratzeko!, erantzun zidan berak baikor. Baina hemen irabazietarako tarte gutxi. Ez naiz luzatuko eta ez dizuet jada badakizuen hori esplikatzen hasiko: zaila dela laguntza ekonomikorik gabe itzulpenak publikatzea, eta laguntzarekin denean ere, errentagarritasuna bera ez dagoela bermatuta. Kasurako: Durangon izan berri gara eta ikusi ditugu poltsak nobedadez gainezka, baina esanen nuke itzulpenik ez dela agertu inongo salduenen zerrendetan, eta, inpresio pertsonal bat, oihartzun gutxi izan dutela aurtengo itzulpenekโ€ฆ Bada sintoma, ezta?

Tira, hauek guztiak badakizkizue, eta, agian, ez dizuet ezer berririk ekarri gaurkoan.

Itzulpengintzan ere egoera irabazien eta galeren parametroetan irakurtzeko joera (eta beharra) dugu, baina bistan da itzulpenak irakurtzeko joeran dena dugula irabazteko: itzulgaiak, irakurleak, laguntzak eta salmentak.

Hausnarketa bat Euskararen Egunaren harira

Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta

50 urte bete berri dira Franco hil zenetik. Ohean hil zen diktadorea, dena lotuta eta ongi lotuta utzi zuela. Hain zuzen ere, 78ko erregimenak eta ustezko trantsizioak ez zuten frankismoarekin erabateko hausturarik ekarri, eta horren adibide dugu Euskal Herriko langileriaren autodeterminaziorako eskubidearen ukatzea, baita berekin dakarren euskararen kontrako oldarraldia ere. Horrekin lotura estuan, hamaika dira azkenaldian indartzen ari den gorakada erreakzionarioaren adibideak, eta ezin dugu ahaztu halakoek, beste gauza askoren artean, euskara bera ere jopuntuan jartzen dutela.

50 urte dira, halaber, Gabriel Aresti hil zela. Horren karietara, hainbat ekimen antolatu dira urtean zehar. Guk gaurkoan Arteka aldizkariak Gabriel Arestiren omenez egindako alean argitaratutako artikulu bat ekarri nahiko genuke, Aitor Bizkarraren โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€[1], hain zuzen ere. Bertan, euskararen auziaz ondutako zenbait ideia aurkeztu zituen, eta ideia horietako batzuk ekarriko ditugu lerrootara, hark azaldutako hainbat kezka konpartitzen baititugu geuk ere.

Hori esanda, hasieratik argi utzi nahiko genuke ez garela ez soziolinguistak, ezta hizkuntzalariak ere. Finean, ez gara gaian adituak. Jarraian idatzitakoa hausnarketa xume eta zintzo baten emaitza besterik ez da, bizi dugun garaian euskararen alde egiteko eskuartean izan dezakegun horretatik tiraka. Kulturgintzan, itzulpengintzan jarduten dugu guk (nolabait), baina argi dugu euskararen auzia politikoki pentsatzea ere dagokigula, gure esparrutik ere ekarpena egitea. Hain zuzen ere, gaur Euskararen Eguna dugunez, euskararen auziari heltzea erabaki dugu gure lehen artikuluan.

Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren aipu ezagunenetarikoa da euskararen misterioa ez dela haren jatorria, haren iraupena baizik. Bizkarrak abiapuntu egokitzat jo zuen, askoz interesgarriagoa baitzaio jatorri historikoa baino gehiago arrazoi historikoa bilatzea, euskarak iraun izanaren kausak eta hura biziberritzearen posibilitate baldintzak aztertu nahi badira behintzat.

Ekologia linguistikoaren ikuspegitik, hizkuntzen balioa ez da soilik komunikazio-tresnak izatera mugatzen, badago hizkuntzetan zerbait baliotsua dena berez. Euskal Herriaren kasuan, euskara hizkuntza gutxitua dugu, ofizialtasun- eta sustraitze-gradu aldakorrekoa eta diglosia-egoeran dagoena. Bizkarraren hitzetan, baina, euskara ere bada elementu zentrala giza talde oso esanguratsu baten identifikazio-prozesu soziokultural eta, are, politikoetan; hau da, ez da komunikazio-tresna soila, nortasun kultural eta politiko kolektiboen osagai garrantzitsua ere bada. Hizkuntza-komunitate horren partaideak askotarikoak dira, hau da, hiztunak izateaz gain, beste determinazio batzuek ere ezaugarritzen dituzte: klase-kondizioak, esaterako. Ildo beretik, Bizkarrak dio hizkuntza-komunitate horretako langile-sektoreak izan direla Euskal Herriko aktore politiko eta sozial dinamikoena eta hala izaten jarraitzen dutela, bizitasun hori apaldu bada ere.

Iรฑaki Iurrebaso soziolinguistak ere ziklo linguistikoen periodizazioari buruz idatzi zuen[2], eta ordezkapen-, biziberritze- eta geldotze-aroak zerrendatu zituen. Geldotze aroan gauden honetan, azken bi hamarkadetan, hain zuzen ere, 1960tik aurrera izandako hazkundea moteltzen ari da, eta zenbait arlotan atzera egiten. Alegia, indarberritzea gelditu da, eta ez aurrera ez atzera gaude. Bizkarrak, bere aldetik, Iurrebasok proposatutako ziklo linguistikoek ziklo politiko, ekonomiko eta kulturalekin lotura dutela iradokitzen du, eta Euskal Herriaren eta euskararen bilakaera historikoaren errepasoa egiten du ikuspegi hori aintzat hartuta. Guk, luzera mugak tarteko, ez dugu horretan sakonduko, baina esanguratsua iruditzen zaigu euskararen aldeko borroka askatasunaren aldeko borrokarekin lotu izana.

Joera demografikoek, halaber, eragin handia izan dezakete hizkuntzen bilakaeran. Azken datuek alarma piztu dute, joera horiek zedarritutako geroa akaso meharregia izan daitekeelako euskararen etorkizunarentzat. Ikerketa batzuen arabera[3], 2036rako euskal hiztunak zaharragoak izanen dira, inguru erdaldunagoa izanen dute gehienek, etxean nagusiki gero eta gutxiagok erabiliko dute euskara, ezagutza maila apalagoa izanen dute, eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira.

Datuen arabera, Euskal Herriko zenbait tokitan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera altuagoa da euskararena baino; eta datozen urteetan, atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen eginen du gora. Bistan denez, horrek eragina izanen du egoera soziolinguistikoan.

Aldaketa demografiko horrekin batera, migratzaileen kontrako diskurtso erreakzionarioak hedatzen hasiak dira, baita zenbait euskaldunen artean ere. Baina, izanen duen eragina eta ekarriko dituen erronkak errealak izanagatik ere, Bizkarraren iritziz, ustez euskara babestu nahian, euskararen diglosia-egoera indartu baizik ez du egiten jarrera atzerakoi horrek. Iurrebasoren ziklo linguistikoen periodizazioari jarraikiz, argigarria da arestian aipatutako biziberritze aroa hain justu Euskal Herriak sekula jaso duen immigrazio olaturik handienaren ondoren etorri zela. Bizkarrak argi dio, ez dira migratuak euskararen aurkako mehatxua, haiek bigarren mailako subjektu izatera kondenatzen dituen dinamika soziala baizik. Areago, immigrazioa eta euskararen ordezkapena korrelatiboak izan litezke baldintza jakinetan, baina ezin dugu ondorioztatu bataren eta bestearen artean kausa-efektu erlazio erabatekoa dagoenik; eta egiazki, Bizkarraren ustez, immigrazioa eta hizkuntz ordezkapena korrelatibo egiten dituen faktoreetako bat izan daiteke, hain justu, diskurtso erreakzionarioa, langile euskaldunen eta migratuen arteko segregazio soziala, politikoa eta kulturala indartzen baititu. Beraz, uste dugu ideia erreakzionarioak baztertu eta euskararen auzia politikoki pentsatu beharra dugula, zehatzago esateko, klase ikuspegi batetik.

Horiek horrela, eta artikuluari bukaera emateko, berriro argitu nahi dugu kezka eta intuizio zintzo batzuetatik abiatutako hausnarketa dela honakoa. Euskararen erabilerari buruz hitz egiteko blog honetara ekarri nahi izan ditugu ideiok, uste baitugu itzulpengintzan eta, orokorrago, kulturgintzan dihardugunok ere badugula zer pentsatua euskararen aldeko borrokari ekarpena egiteko. Gure ustez, borroka horrek askapenaren aldeko mugimendu batekin lotuta egon behar du.


[1] Bizkarra, Aitor (2025). โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€. Arteka, (61), 31-45.

[2] Iurrebaso, Iรฑaki (2023). Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. [Doktore-tesia] UPV/EHU.

[3] Siadeco eta UEMA (2025). Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa. https://www.2022.uema.eus/wp-content/uploads/2025/07/Norantz-doa-euskara_Hego-Euskal-Herria-2036-proiekzio-demolinguistikoa_202…artxoa.pdf

Gizonak, gizakiak, pertsonak

Beรฑat Sarasola Santamarรญa

Sarritan esaten da, zentzuz, itzultzea dela idazten ikasteko biderik taxuzkoenetako bat. Ez da hainbeste esaten baina editatzetik ere irakaspen ugari jaso ditzake idazle edo itzultzaile gaiak. Munduko Poesia Kaierak bildumako aleak editatzen jardun nuen denboran kontziente naizena baino gehiago ikasi nuen ziur aski, halako ikaste prozesuak isil-gordekoak izaten dira eta. Haatik, gogoan dut itzultzaileekin lanean sortutako zalantza bat baino gehiago, eta haietako bikain batekin gertatuaz idatzi nahiko nuke oraingoan.

Poeta baten kaiera ari ginen editatzen, bada, eta poema batean, zeina espetxeen kontrako eta giza duintasunaren aldeko aldarria baita, poetak erruz erabiltzen zuen, espainieraz, hombre hitza.

Las cรกrceles se arrastran por la humedad del mundo,
van por la tenebrosa vรญa de los juzgados:
buscan a un hombre, buscan a un pueblo, lo persiguen,
lo absorben, se lo tragan.

Horrela hasten da poema eta lerro indartsu bat baino gehiago du hombre-rekin bilbatua, adibidez: Ser libre es una cosa que sรณlo un hombre sabe. Espainieraz dakitenek badute hitzaren polisemiaren berri. DRAEren arabera, hona adierak:

1: Ser animado racional, varรณn o mujer. El hombre prehistรณrico.
2: Varรณn (โ€– persona del sexo masculino).
3: Varรณn que ha llegado a la edad adulta.
4: Varรณn que tiene las cualidades consideradas masculinas por excelencia. ยกEse sรญ que es un hombre!
5: Marido o pareja masculina habitual, con relaciรณn al otro miembro de la pareja.
6: Antiguo juego de naipes semejante al tresillo, de origen espaรฑol, que se extendiรณ por Europa en el siglo XVI.
7: En algunos juegos de naipes, persona que dice que entra y juega contra las demรกs.
8: U. para indicar sorpresa o asombro, o con un matiz conciliador. ยกHombre, no te enfades! Hombre, no hay que ponerse asรญ, Marรญa.

Adiera sorta osoak du, segurki, nondik aztertua, baina guri, kasu honetan, lehenengo biak interesatzen zaizkigu. Hombre genero maskulinoari erreferentzia egiteko erabiltzen da baina erabili izan da, hedaduraz (horratx genero nagusikeria), giza espezieko banakako guztiei erreferentzia egiteko. Pentsa, lehenengo adiera da oraindik ere!

Poema irakurrita bistakoa da poetak adiera horretan erabili zuela hitza, hots, gizakiari erreferentzia egiteko, izan gizonezko, emakumezko edo beste genero identitateko. Lehenengo ahapaldiari begiratuz gero argi agertzen da, pertsonifikazioa erabiliz, entitate orokorrez ari dela: gizakia, aberria. Ez, beraz, gizon bati edo gizonei buruz. Itzultzaileak, horregatik, โ€œpertsonaโ€ kontzeptua erabiltzea deliberatua zuen. Arestiko beste adibidea erabiltzearren: โ€œPertsonak soilik daki libre izatea zer denโ€.

Honaino zentzuzkoa dirudi denak, baina editatzen ari nintzela zerbaitek tarrat egin zidan belarrian. Izan ere, garbi dago poetak ser humano zuela buruan poema idaztean baina hitzera ekartzean hombre kontzeptuaren alde egin zuen, beste alternatiba batzuk eskura zituenean. Persona bera, urrutira joan gabe. Orduan, galdera da, autoreak ez bazuen persona erabili, egoki ari ote da itzultzailea termino hori baliatuta? Pertsona jarri nahi izan balu ez zukeen, bada, persona idatziko?

Hermeneutika klasikoan intentio auctoris (autorearen intentzioa) eta intentio operis (obraren intentzioa) bereizi izan da, eta argi dago literatur lanak aztertzerakoan kontuan izan beharrekoak direla. Gure kasuan, galdera honakoa litzateke: itzultzaileak zer itzuli behar du? Autorearen intentzioa? Obraren intentzioa? Biak (posible al da beti)? Hau da, ontzat ematen badugu poetak hombre hitzaren lehenengo adiera zuela buruan eta bere intentzioa gizaki guztiei erreferentzia egitea zela, logikoa dirudi โ€œpertsonaโ€ hitza erabiltzea. Alabaina, poetak buruan zuenaz harago, argudia liteke hombre erabiltzeak (eta beraz, ez beste bat, persona, adibidez) bestelako oihartzun batzuk (generozkoak, besteak beste) ere ekartzen dituela eta obrak hori ere esaten duela. Alegia, itzultzailearen egitekoa ere badela, ahal dela, oihartzun horiek jasotzea.

Beste kontu batekin ere erlazioa du auziak: itzultzaileak zer egin behar du, hizkuntza itzuli edo itzulpen kulturala ere egin behar du? Alderdi kulturala kasu guztietan itzuli behar da? Izan ere, kasu honetan beste kontu eratorri bat da zein tarte utzi behar zaion irakurleari interpretazio kulturala egin dezan, edo zein puntutaraino egin behar duen hori itzultzaileak, jatorrizkoa egungo testuinguru kultural-historikora ekarriz. Hau da, hombre hitzaren erabilera generikoa mantendu behar du itzultzaileak, bere genero karga guztiarekin, eta irakurlearen esku utzi ohartzea garai eta kultura jakin bateko testua dela eta horregatik agertzen dela termino hori horrela (nahiz eta egun, akaso, hozkia eragin)? Edo poetari lagundu behar dio itzultzaileak eta poeta horrek gaur egun hautatuko lukeen hitza imajinatu?

Oihartzunez hitz egin dugu eta ez dute soilik jatorrizko hitzek oihartzun egiten, itzulpenetakoek ere bai, jakina. Gizonkeria ekidin aldera โ€œpertsonaโ€ erabilita ere hitz horrek ere baditu beste konnotazio batzuk, genero kontuaz harago, jatorrizkoak ez dituenak. Filosofiaren esparruan, esaterako, ez dira baliokideak pertsona, gizakia, indibiduoaโ€ฆ Beraz, alde horretatik ere galera izango genuke. Jakina da, itzulpena ur jauzi bat kortxo batekin estaltzen saiatzea da; horregatik du halako meritua!

Itzultzaileari planteatu niona izan zen jatorrizko genero karga mantentzen saiatuko nintzatekeela ni eta irakurlearen esku uzten, nahi izanez gero, irakurketa kritikoa. Euskaraz, โ€œgizonโ€ litzateke, berez, ordain argiena. Ez hori bakarrik, Euskaltzaindiaren Hiztegiak bigarren adiera modura dakar terminoaren ulerkera generikoa. Hori bai, kurioski, Euskara Batuaren Eskuliburuak baztertu egiten du erabilera hori: โ€œGizon, berriz, gizaki arra da, ez generikoa; hitz markatua, beraz.โ€

Edozein kasutan, tradizioan terminoaren erabilera generikoaren kasu enblematikoa dugu, poesian gainera: Gabriel Aresti. Beti dabil gizona gora, gizona behera: โ€œEz ezazue tapa / gizonaren ahoaโ€. Eta abar luze bat. Eta itzulgai zen poeta (Miguel Hernandez, dagoeneko esan dezakegu) primeran kokatzen da Arestiren tradizioan, bion karga soziala aintzat hartuta besteak beste, eta hori ere kontuan hartzekoa iruditzen zitzaidan, poesia itzultzen ari garelarik. โ€œGizonโ€ hitza gogorregia iruditzera, โ€œgizakiโ€ ere hor zegoen, โ€œgiza-โ€œ horrek gordetzen duen jatorri etimologikoarekin: jakina denez, โ€œgizonโ€etik dator. Bistan da, ez da hain erraza gizonongandik libratzea.

Azkenean, nire gomendioak alferrikakoak izan ziren eta itzultzaile maiteak (Josu Landak, dagoeneko esan dezakegu) bereari eutsi zion. โ€œPertsonaโ€ erabili zuen eta, neurri batean, egungo irakurleari bidea erraztu eta, ziur aski, autoreari laguntzatxoa eman. Zer nahiago, orduan: gizonak, gizakiak, pertsonak? Esana dugu, itzultzea ur jauzi bat kortxo batekin estali nahi izatea daโ€ฆ

Zurezko edo egurrezko

Xabier Olarra

Gai honetaz argi bila jotzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegira, honako definizio hauek aurkituko ditugu:

zur
1 iz. Zuhaitz eta zuhaixken enbor, adar eta sustraiak osatzen dituen gai izpitsu eta trinkoa, bereziki lantzeko eta gauzakiak egiteko erabiltzen dena. (-r- bakunarekin). Pago horren gerriak badu hamar metro kubo zur, buruak hamar tona egur. Gereziak ere zur ederra du. Setingo zur iraunkorrez egina. Zur landuz egindako jainko irudiak. Urteetan urpean egonda ere, zerratokian zur ona ematen omen du. Zuraren giharra eta gizena. Zur lana. Zur-lantzailea.
2 iz. Zur puska. Zur baten gainean etzanik.
egur
1 iz. Zuhaitzaren enbor edo adar zati handia; bereziki, multzokari gisa, su egiteko erabiltzen dena. Ezaguna da “egurra” ez dela “zura”. Egur birekin eginiko gurutzea. Egur batzuk surtan, eta egurren artean baba eltzea. Haritzak azala, zura, ezkurra, egurra, guztiak oso onak ditu. Pagoaren egurra, nahiz ikatza nahiz sua egiteko, onenetakoa. Egur mehe guztia maizterrarentzat. Elur-melur, ez nauk hire beldur: etxean baditiat arto eta egur. Egur zama bat. Hiru gurdi egur. Basoan egur biltzen. Egur hezearen kea.
2 iz. Zura. Zuhaitz honen egurra gogorra da eta zuria.

Ikusten denez, โ€œegurraโ€ bigarren adiera batean โ€œzuraโ€ ere bada. Dena dela, bagara batzuk (hainbat lekutan zaharkitua gelditzen ari den) bereizketa hori egiten dugunak: beraz, batzuontzat, zura โ€œgai izpitsu eta trinkoโ€ hori da, eta egurra, berriz, sutarako erabiltzen den zura.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasera begiratuta, ikusten da mendebalderantz jo ahala egurrak hartu duela zuraren lekua. Hala ere, badira adibideak adierazten dutenak โ€œzurezkoโ€ Ezkioraino iristen zela, bizkaieraren mugatik hurbil, beraz.

Esan liteke gehiagotan entzun daitezkeela Nafarroan (edo Iparraldean) โ€œzurโ€, โ€œzurezkoโ€ edo โ€œzurajeโ€ hitzak Gipuzkoan baino. Gure etxean (Tolosan) sutarako egurra edo ikatza erabiltzen zen, baina bazen sukaldean koilara โ€œbereziโ€ bat โ€œzurezko kutxareaโ€ esaten zitzaiona. Horregatik egiten zait hain arrotza gaur egun irakurtzea โ€œegurrezko koilaraโ€ eta gisakoak, eta horregatik egiten dut, egokitzen zaidanean, aipatu dudan bereizketa hori.

Antzeko zerbait aurkitu dut atlas horretan egur/zur erabilerari dagokionez Elduainen: nik umetan bezala, โ€œzurezkoโ€ erabiltzen dute kutxarearen kasuan, baina ez armairuak edo aulkiak egiteko materiala aipatzean.

Ereduzko prosan ere begiratu dut, eta denetik aurkitu dut, jakina. Badira idazle eta itzultzaileak bereizketa zentzuz egiten dutenak, badira โ€œzurโ€ sekula erabiltzen ez dutenak, eta badira bata zein bestea โ€œnahasianโ€ erabiltzen dutenak: liburu batean โ€œzurezkoโ€, beste batean gauza bera esateko โ€œegurrezkoโ€: โ€œzurezko hankaโ€ orain, eta beste liburu batean โ€œegurrezko hankaโ€.

Dena dela, ikusi dut Elizen Arteko Biblian oso ondo egiten dutela bereizketa. Kasu bakarra da itzultzaileren bati eskapatu zaiona: โ€œArotza eta egurrezko idoloakโ€ (Jkd 13,10 tit). Beraz, liburu horretan Jainkoaren hitza omen dagoenez, jarrai dezagun bide zuzenetik, eta utzi alde batera โ€œegurrezko idoloakโ€.

Ulertzeko gauza denak uler beza (Mt, 11- 15).

Halabiz.

Abatarren plaza digitalaz

Estitxu Irisarri Egia

Beste behin ere, adimen artifiziala (AA). Esango nuke testu honek aurreko astean Itziar Otegik aipatzen zuen magia eta Ane Garmendia Alberdik apirilean eta Maite Imaz Leundak urtarrilean aipatutako ardura dakartzala berriz gogora. Pare bat kontu aztertu nahi izan ditut neure buruari jarri diodan erronkatxo honekin; batetik, Whisper AA darabilen TurboScribe doako bertsioak euskarazko audioak transkribatzeko zer gaitasun duen eta transkripzio horietatik abiatuta HeyGen eta Synthesia baliabideek eskaintzen dituzten zenbait ahotsek duten ahoskera behatzea.

HEOCen nondik norakoak irakurtzen nabilen honetan, eskuz idatzitako eskema bat audioan grabatu dut. Audioa 30 minutu baino gutxiagokoa bada, osorik transkriba dezake TurboScribe delakoak eta egunean tamaina horretako 3 audio transkriba ditzakegu ordaindu gabe. Transkripzioaren zehaztasuna finkatzeko aukera ematen digu tresna honek; horretarako, 3 animaliaren artean hautatu behar dugu: gepardoa, delfina edo balea. Gepardoa da aukerarik azkarrena, baina, badakizue, azkar eta ondo, usoak hegan. Balea da zehatzena. Transkribatu baino lehen audioaren hizkuntza zein den adierazi behar dugu eta zerrendan euskara ere azaltzen da. Hautatutako doako AAk honela transkribatu ditu nire jardunaren 3 bat minutu:

(0:00) Eok, emillatua geitabat, elduen euskal duntzerako oinarrizko kurrikuluma, kurrikulumaren oinarriak, hogeita mar garran horrialdea. (0:18) Gaitasun komunikatibora eta ekintzetara bideratutako ikuspegia da, ikaslea gizartera gehiada eta ekintzak interesekoak izango dira. (0:33) Ekintzak komunikatiboa da elementua, ekintzak mundu sozialarekin loturadua eta komunikatiboak izkuntzenen munduarekin.
(0:52) Kurrikulumaren oinarria ikaslearen autonomia ere bada eta izkuntza eta ekintzak komunikatiboa oso tasunak dira, oso tasun dinamikoak. (1:09) Iztunak kontuan izan behar ditu testu eta testuingurua. (1:14) Ekintzak komunikatiboak okial hortzeko, ekintzak komunikatibo guztiak ezin lan du eta autonomia eta estrategia da dira helburuak.
(1:37) Maliak onarrizko lerruna, onarrizko erabiltzaia, abat eta abi. (1:45) Eguneroko gai buruzko euskarazko testu lagurrak ulertzea eta oz eta idatziz euskar alkarera ginean erabiltzea. (1:55) Lagur eta simple bainagoki eta erabinkor.
(2:00) Lerruna horreratua, erabiltzaia horreratua, bebat eta bebi. (2:06) Ikasleak oikutik testuinguru gai eta egoera ezagunetan instrukzioak, kontak eta lagurrak eta azalpen testuak ulertzea. (2:17) Eta oz, zein idatziz euskaraz, zehaztasunez eta erabinkortasunez erabiltzea.
(2:26) Adituaren lerruna, erabiltzaia aditua, zebat eta zebi. (2:33) Eremu profesional, publiko, zein pertsonalean ikaslea gai da eragustietako informazioa euskaraz trukatzeko. (2:41) Eralando eta jantzian.
(2:45) Elburu orokorrak berrogitabat garran horri aldea. (2:50) Entzunena, abat gai izango da eguneroko harremanetan testu lagurren gaia eta komunikazioa asmoa identifikatzeko. (3:01) Hitzak eta zapideak ulertzeko, naiz edukiari buruzko hipoteziak egiteko.

Denbora pixka bat itxaron behar dugu adimen artifizialak transkripzioa eskaini arte. Formatu desberdinetan jaisteko aukera ematen digu: .pdf, .docx, .txt eta .srt. Bideoaren azken bertsioa argitaratu baino lehen ezinbestekoa da transkripzioa eta audioa bat datozela ziurtatzea eta transkripzioan egin beharreko aldaketak eta zuzenketak egitea. Izan ere, zuzentasunaren aldetik hainbat aldaketa egin behar ditugu: ortografia, gaizki zatitutako hitzak, gaizki ulertutako edota asmatutako hotsak, etab.

Abatarra eratzeko, HeyGen azkarragoa eta eskuzabalagoa izan da. Synthesiak 63 minutu behar izan ditu bideo labur bat prozesatzeko eta ez dit eman bideo bat baino gehiago sortzeko aukerarik eta ezta sortutako bideoa editatu eta berriz ere gordetzeko aukerarik ere. Doako profilak, antza, ez du gehiagorako ematen. Hortaz, ondo ziurtatu behar dugu azken bertsioa erabat zuzenduta dagoela. Lortu dudan bideoan denboraren erreferentziak entzuten dira, zuzenketa fonetiko-morfologikoak egin gabe daude, etab. Bideoaren lotura hauxe da, baina esango nuke kontua izan ezean ezingo duzuela ikusi, eta ez duenez bideoa jaisteko aukerarik ematen, ezin izan dut hemen gehitu.

Nahiz eta HeyGenen transkripzioan denborari erreferentzia egiten dioten zenbakiak agertu, ez ditu irakurtzen. Horrez gain, bideoa jaisteko aukera ematen du eta baita editatzekoa ere; hiru bertsio egin ahal izan ditut eta ez dit gordetzeko arazorik eman; hilean 3 bideo sortzeko aukera omen dago. Halere kontuan izan behar dugu gure abatarrek ezingo dutela 3 minututik gorako jardunik eskaini. Hauxe azken bertsioa, zuzenketekin eta azpidatziekin:

Fokua abatarren ahoskeran jarrita, basque azentua ezarri arren, hainbat zuzenketa eta aldaketa fonetiko eta prosodiko beharko lituzkete euskara errealagoa izan dadin. Hainbat oztopo antzeman daitezke, esate baterako: siglak irakurtzerako garaian, hatxearen ahoskeran, e eta a bokalak nahastean, s eta z kontsonanteak ahoskatzean eta batez ere hitzen azentuekin, silaben banaketarekin eta, oro har, euskal prosodiarekin. Aitortuko dut emaitza uste baino politagoa izan dela eta ezpainen mugimendua ahoskatzen denarekin koherentzian doala ikustea pila bat gustatu zaidala, eta abatarrek mugimenduak izatea ere positiboa iruditu zait. Hori bai, aurretik aipatutako oztopo horiek sistematik aldatzeko aukera balego, bikaina litzateke; momentuz, besterik ezean, transkripzioan edo gidoian zenbait aldaketa egin daitezke eskuz.

Orairen Kimu hizkuntza eredu txikiaren berri izan dugu orain dela gutxi. Dirudienez, Orai NLP Teknologia Elhuyarren adimen artifizialeko zentroak jarri du martxan aipatutako euskarazko txatbota. Hurrengo pausoa izango ote dira abatar euskaldunak? Euskaldunok lortuko dugu euskarak testuinguru horretan tokia eta garrantzia izan dezan? Erabilera arduratsua egingo dugu? Teknologiarekin beti egon dira erreparoak eta adimen artifizialarekin ere bai, baina alderdi asko erraz ditzake egunerokotasunean. Euskara, jalgi hadi plazara zioen hark; hau ere bada plaza, digitala, baina plaza.

Termodinamika euskal kulturari aplikatua

Manu Lรณpez Gaseni

Jaume Subirana literatura katalaneko katedradunak oraindik orain plazaratutako liburuxka batek piztutako interesaren harira idatzi dut denboraldiko neure lehen ekarpena. Jatorrizko bertsioan, Literatura, llengua i lloc. Termodinร mica aplicada izenburuko liburua ekainaren 11n argitaratu zen, gaztelaniazko bertsioarekin batera, Anagrama argitaletxean.

Aletzen dituen kontuak ez dira berriak; bai, ordea, azterbidea; eta oso originala da termodinamikaren legeekin egiten duen jolas metaforikoa. Liburuaren eragingarria da zer gertatzen ote den literatura, hizkuntza eta tokia elkartzen diren espazio gaur egun eraldatuan. Eta, hasteko, termodinamikaren bigarren legetik abiatzen da. Enuntziazio honetatik, esate baterako: โ€œSistema isolatu baten entropiak handiagotzeko joera du beti, eta prozesu hori itzulezina daโ€. Tira, kontua hauxe omen da, nilako ezjakinok dakigunetik ez genekienera: sistema batean gorputz bero batek gorputz hotz bati beroa aldatzeko joera izaten du, orekaren bila, baina bide horretan energia galtzen da beti. Energia galtze horri entropia deritzo eta, hori dela eta, termodinamikaren arloan desordenaren sinonimoa da entropia. Oreka edo uniformetasun bila, itxuraldatu egiten da sistema. Fisikarien kontuekin aurrera eginez (barkatuko ahal naute), energia eraginkorragoa da kontzentratuta dagoenean sakabanatuta dagoenean=entropia handiagoa denean baino.

Subiranak katalan literaturari aplikatzen dio aurreko hori guztia, eta ni euskararen sistemari aplikatzen saiatu naiz, tamalez entropia handiegiz, nire ustean. Adibidez (uler bedi Subiranaren liburua parafraseatzen arituko naizela etengabe), euskal kulturaren eta ingurukoen artean (gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta nazioarteko ingelesezkoa) gertatzen diren berezko energia-trukeak norabide bakarrekoak dira batez ere, oreka=homogeneotasun bila. Oreka bai, baina gure sistema desitxuratuz doa truke bakoitzean.

Katalunia delako โ€œtokiโ€ko idazleen sailkapena egitean, iruditu zait gurean baino zorrotzagoak direla katalan-osoak-eta-erabatekoak ez direnak izendatzeko moduetan. Irudipena baitut gurean iraganeko kontua dela euskaldunberri deitura gaitzesgarria, nahiz eta oraindik ere tarteka agertzen diren berezko hizkera edo euskalkia dutenen eta estandar txepelean mintzo direnen arteko hika-mikak. Hizkuntzaren erabiltzaileen kasuistika gero eta konplexuagoa da, identitateak lurraldetasuna galdu du eta ezegonkorragoa da. Hor dago, adibidez, idazle elebidunen kasua, bi hizkuntzetan idazten dutenak, alegia. Edo bi baino gehiagotan, itzultzaileen kasuan bezala. Galtzen da halakoen kasuan sistemako energia? Handitzen, entropia? Adierazpen gogoangarri hau egiten du Subiranak: โ€œKatalunia ez da herrialde elebidun bat, askok uste duten bezala (elebakarrek, batez ere), baizik eta gaur egun 280 hizkuntza dituen tokia, eta non populazioaren % 10en ama-hizkuntza ez den ez katalana, ez gaztelania. Zein ote da, edo izango da, Kataluniako 800.000 herritar horien literatura edo literaturak?โ€. Gurearekiko paralelismo perifrastikora bueltatuz, agian kontua ez da euskal literatura birdefinitzea, gure jarrera aldatzea baizik (egiletzaz, kidetasunaz); izan ere, euskaraz aritzen ez diren idazleak agian ez dira euskal idazleak, baina euskal kulturaren parte dira, polisistemaren parte diren aldetik. Gurean ez dira gutxi (diot nik, oraingoan) munduan barrena euskal labela bizkarrean ibiltzen diren idazle, musikari, zinemagile eta artista plastiko erdaldunak. Baina (diogu Subiranak eta biok) edozein literatura definitzeko osagai zentrala hizkuntza da.

Eta hizkuntza-politiken bidez gauzatzen dira energia-truke asko: Europar Batasunean hizkuntza ofizialei buruz hartzen diren erabakiek eragina dute eremuko hizkuntza guztietan, ofizialak izan zein ez; gaztelaniazko literaturaren alde hartzen diren erabakiek eragina dute Espainiako beste literatura guztietan (baina ez alderantziz). Amazonen erabakiek eragina izango dute ohiko liburu-dendetan, eta ez dago atzera egiterik. Eta abar.

Inertzia da legea. Eta inertzia norabidez aldatzeko bide bakarra sistemari energia osagarriz hornitzea da. Bestela esanda, gurearen aldeko politikak=ekimenak bultzatzea. Ezegonkortasun- eta aldaketa-garai berri hauetan, entropia geldiarazi eta gure alde eragingo duten energia-iturriak bilatu behar ditugu. Eta, horretarako, bide-urratzaile izan diren ekimenei begiratzea komeni da, hala nola Durangoko Azoka (Sant Jordi antzeko bat), non batez beste baino prebalentzia handiagoa duten euskarak, euskal liburuek eta haien promozioak, salmentak eta irakurketak.

Amaitzeko, Subiranari itzuliko diot orain arte hainbestetan ebatsi diodan hitza, merezi du eta: โ€œUste askotan gure hizkuntza eta kultura hain jazarriak eta ahulak izan dira, ezen ziurtasun nuklear gutxi batzuei eutsi behar izan baitiegu, ustez funtsezkoak: tokia gutxi asko kontrolatua dugu (edo hala uste dugu behintzat), eta baita geure literatura, eta haren definizioak, beti hizkuntzari lotuak, baina oso gutxi dakigu mugako zenbait gune edo espaziori buruz, zeinetan literatura kultura bihurtzen den, identitatea identitate anitza edo aldaketa bihurtzen den, militantzia eragozpen bihurtzen den, merkatua egiazko jokaleku bihurtzen den (โ€ฆ). Arriskutik eta begiratzeko beste modu batetik soilik eutsi ahal izango diogu katalan literatura eta kultura deitzen diogunariโ€.