Hitanoa literaturan (laburbilduz)

Xabier Olarra

Aspaldidanik kezkatuta ibili naiz hitanoak literaturan behar lukeen lekuaz. 2022. eta 2023. urteetan hainbat nobela eta ipuin-bilduma irakurri beharra egokitu zitzaidan. Irakurketa horietan bereziki erreparatu nion haietan egiten zen hitanoaren erabilerari eta oro har pertsonen arteko tratamenduari. Gerora ere jarraitu dut horiek aztertzen eta aurkitu dudana saiatuko naiz ekartzen orri hauetara.

Idazleak, eta narratzaileak bereziki, maiz sartu behar izaten ditu elkarrizketak bere idazlanetan, eta, beraz, erabaki beharko du nola eman hizketa horiek: hitanoz edo tratamendu neutroan (zuka). Baina ez da hori eremu bakarra. Adibidez edonork, bere buruarekin hizketan ari dela, modu batean edo bestean egingo du. Eta poetak ere, norbaiti zuzenean mintzo bazaio, erabaki beharko du zuka, toka ala noka ari. Eta berdin itzultzaileak, esate baterakoย โ€œPoesรญa eres tรบโ€ itzuli behar badu. Beraz, artikulu honetan gainbegirada bat emango diot kontu horri.

1.- Euskaltzaindiaren 14. araua: Adizki alokutiboak (hikako moldea)

Honako hau dio Euskaltzaindiaren 14. arauak sarrera-oharretan:

1) Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino.

2) Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan. Jakina denez, korapilo asko ditu erabilerak, bai morfosintaxiaren aldetik, bai eta, are gehiago, gizarteko baliagarritasunaren aldetik ere.

Beraz, hitanoaren adizkiak finkatu besterik ez zuen egin Euskaltzaindiak arau horretan, eta ez da gutxi. Izan ere, geroztik, esan dezakegu ordu arteko anabasa funtsean argitu zela eta gehienok arau horretan dagoenera egokitu garela. Baina ezer ez zuen esan hor erabilerari buruz.

2.- Hitanoa Euskara Batuaren Eskuliburuan

Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan ematen da โ€œgaur egungo alokutiboko jarduera molde hedatuenaren berriโ€. Honako hauek dira hor ematen diren nolabaiteko jarraibideak:

a) Hika mintzatzean, bigarren pertsona ez da ZU, HI baizik: zu etorri zara > hi etorri haiz.

b) Behin hika egitea erabaki bada, ezinbestekoa da hikako alokutiboan aritzea: *Hire laguna etorri da (> Hire laguna etorri dun/duk). Mintzakidearen erreferentziak ageri behar du aditzean: dun (emakumezkoa) / duk (gizonezkoa). Ez da hala gertatzen erregistro neutroan aritzean: *Zure etxera joango gaitun/gaituk (> Zure etxera joango gara).

c) Hika mintzatzean, hi tratamenduari dagokion adizkia erabiltzeaz gain (etorri haiz), 1. eta 3. pertsonetako adizkiak ere aldatu egin behar dira: Hi etorri haiz, baina besteak ere etorri (*dira) ditun/dituk; Hik egin didan/didak, baina haiek ere egin (*didate) zidaten/zidatek. Hik egin dun/duk, baina nik ere egin (*dut) dinat/diat.

d) Menderagailua daramaten aditzek, orain arteko erabileran eta tradizioan, ez dute alokutiborik eramaten:

?Andoni etorri dunala entzun dinat (> Andoni etorri dela entzun dinat (Baina bai: Hik egin dunala entzun dinat [hor ez dago alokutiborik])).

?Elkartzen gaitukenean, gogotik egiten diagu barre (> Elkartzen garenean, gogotik egiten diagu barre).

?Esan dik ez duala etorriko (> Esan dik ez
dela etorriko).

Oharra: Halere, mendebaldeko zenbait erabileratan, agertzen dira adizkera alokutiboak baldintza-perpausetan: Gure galdezka inor etortzen baldin badek, esaiok elkar hilda errekan gaudela.

e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).

Horko a) eta b) puntuetan esaten denak Pernandoren egien tankera dauka, baina ez dago alferrik esana. Zorrotz begiratuta, aise ohartuko gara maiz aurkitzen direla gaur egungo liburuetan hitanotik neutrora jauzi mortala aise aski egiten duten testuak. Are gehiago, esango nuke belarria hitanora ohitua ez duenak inolako arazorik gabe jarraituko duela irakurtzen holako jauziak egiten dituen testu bat (agian pentsatuz zilegi direla, eta idazlearen esku dagoela alokutiboa ala neutroa aukeratzea nahi duenean eta nahi duen bezala). Denoi gertatu zaigu, seguru aski, testu bat zuka idaztea eta momenturen batean hikara pasatzea erabaki, eta adizki edo izenordain edo bestelako intrusoren batzuk bertan gelditzea. Baina garbi dago EBEk dioenez, behin hika egitea erabakiz gero, ezinbestekoa dela hikako alokutiboan aritzea.

Beste pauso bat emanez, argitzen digute hika aritzean 2. pertsonako adizkia erabiltzeaz gain 1. eta 3. pertsonakoak ere aldatu egiten direla, alegia hori ere ez dela aukerakoa, baizik ezinbestekoa.

Hurrengo bi puntuak, d) eta e), muga morfosintaktikoei buruzkoak dira. Ez da oso belarri-zorrotza izan behar konturatzeko gaurko erabilera (batez ere Gipuzkoan, esango nuke) kaotiko samarra dela. Hala ere, uste dut gehienok โ€•mintzatuan hala ez egin arrenโ€• saihesten dugula menderagailua duten perpausetan hitanoa erabiltzea. Besterik gertatzen da galderazko perpausetan. Hitanoari buruzko artikulu sail honetako batean erakutsi nuen โ€•hainbat testutako adibideekinโ€• XIX. mendean galderazkoetan hitanoa maiz erabiltzen dela. Eta aipatu nituen XX. mendeko puntako zenbait idazleren adibideak: Lizardi, Lauaxeta eta Orixerenak, besteak beste. Horregatik adierazi nuen artikulu hartan agian bazela garaia Euskaltzaindiak erabilera horri bide ematekoa. Izan ere, nahiz eta ez izan lau katu โ€œbide klasikoariโ€ eusten diogunak, badira beste hainbeste edo gehiago galderetan hitanoari lasai asko bide ematen diotenak (โ€œBeti hala egin diagu-etaโ€ argudioarekin).

Esan daiteke jokalekua eta jokoaren arauak emanak direla. Baina hori oraindik gramatika besterik ez da. Eta horrek ez du dena konpontzen. Noiz, non eta nola edo norekin erabili, ez dago arautua.

3.- Hitanoa eta testuingurua

Sareko Euskal Gramatikan, honako hau diosku Xabier Alberdi adituak:

Bestalde, hizkuntzaren erregistroaren arabera, eta solaskideen arteko harremanean pisuzkoak diren gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโ€ฆ) hautatzen da tratamendua: hitanoa, adibidez, lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean; (โ€ฆ)โ€.

Alberdik dioenez, gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโ€ฆ) hautatzen da tratamendua. Gizarte-aldagai horiek, noski, historikoak dira, eta historian zehar aldatuz joan dira. Esate baterako, nor ez da txundituta gelditu, lehenbiziko aldiz irakurtzean Leizarragaren Testamentu Berrian ageri den aitagurean Jainkoari (letra larriz adierazten den Aitari, alegia) hika egiten zaiola? (โ€œGure Aita zeruetan haizena, sanktifika bedi hire izenaโ€ฆโ€).

XX. mendean, adibidez, zenbait tokitan โ€œnormalaโ€ zen apaizari berorika hitz egitea. Hierarkia horrela adierazten zen, Espainiako soldaduskan koronelari โ€œUsรญaโ€ eta jeneralari โ€œVuecenciaโ€ (vuestra excelencia) esanez adierazi behar zen bezala. Euskaraz berorika egin beharko geniekeen, baldin Espainiako Armadan euskarak inolako lekurik izan balu. Ez dakit Eusko Gudarosteko batailoietan nola moldatzen ziren (ez dut uste Koronel edo Jeneral asko zegoenik, baina holako zerbait erabili beharko zuten hierarkia markatzeko. Hala ere, esango nuke diosalen kontu hau finkatzea baino arazo larriagoak izan zituztela garai beltz haietan).

Baina, gatozen harira. Xabier Alberdi irakaslearen โ€œHitanoa non eta nork erabiltzen duenโ€ artikuluan irakurleak nahi adina informazio aurkituko du hitanoaren gaur egungo erabileraz. Sareko Euskal Gramatikan berak dioenez, โ€œlagunarteko erregistroari dagokio bete-beteanโ€. Baina hori baino gehiago ere badela bistan da. Artikulu horretan zehatz aztertzen da familia barruko erabilera, gurasoek beren artean, seme-alabek beren artean zer tratamendu erabiltzen duten, simetria-asimetria kontuak eta abar. Bistan da badirela lege batzuk garaian garaiko ohiturak ezarriak, baina oro har hitanoa erabiltzeak nolabaiteko hurbiltasuna dagoela adierazten du, edo justu kontrakoa: gaitzespena, arbuioa, iraina. Batzuei nekeza egiten zaie norbait iraintzean erregistro neutroa erabiltzea, baina ezin esan hori bitxia denik (are gehiago hitanoa galdua den lekuetan): Hi alu nazkante bat haiz! / Zu nazkagarri bat zara.

4.- Hitanoa eta literatura

Sarreran esan bezala, idazleak edo itzultzaileak erabaki behar izaten du bere idazlanean hitanoa ala erregistro neutroa erabili. Horrela, XX. mendearen hasieran Txomin Agirrek Kresala idatzi zuenean, arrazoi soziolinguistikoak aipatuz, zuka egitea erabaki zuen. Aldiz, Garoa idatzi zuenean, antzeko arrazoiengatik, eta kontuan hartuz Garoa Oรฑatiko baserri-giroko nobela dela, hitanoa ere erabiltzea erabaki zuen.

Ramon Saizarbitoriak XX. mendearen azken laurdenean 100 metro idatzi zuenean, โ€œbigarren pertsonako nobelaโ€ denez, aipatutako bi aukeren artean hautatu beharra zeukan, eta hika egitea erabaki zuen.

Berriki irakurri ditudan XXI. mende-hasiera honetako bi nobela hauetan: Miren Amurizaren Pleibak eta Beรฑat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin, arrazoi literarioak tarteko, jarrera kontrajarria aurkituko dugu. Miren Amurizak Berrizko institutu-giroko nobela idaztean hitanoaren erabilera (norbaitek aholkatu bezala) โ€œkirurgikoaโ€ egitea erabaki du, giro hori โ€•institutuko bi neskaren arteko gorabeherakโ€• islatu nahi duen nobela errealista bat egitean hori iruditu baitzaio egokiena. Beรฑat Sarasolak, berriz, Frank Oโ€™Hararen eta Vincent Vincent Warrenen arteko elkarrizketak (XX. mendeko Estatu Batuetako bi maitale, poeta bata eta dantzaria bestea) hika irudikatu ditu.

Amorosen arteko solasaldiei gagozkiela, M. Prousten Denbora galduaren bilako lehen liburua itzultzean, noka eman zituen J.A. Arrietak Vinteuil andereรฑoaren eta haren lagunaren arteko solas morbosoak.

Berdin erabaki behar izan zuen James M. Cainen bi nobelatxo ospetsuenak, Postariak beti bi aldiz deitzen du eta Galbidea euskarara ekarri zituen itzultzaileak. Bi maitaleren arteko elkarrizketak agertzen zaizkigu hor ere. Lehenbiziko kasuan, hitanoa erabiltzea erabaki zuen, eta bigarrenean, berriz, zuka. Bigarren kasuan, nik uste, irakurleari erraztasunak ematearren edo irakurle gehiagorengana iristeko asmoz hartu zuen erabaki hori, kontuan hartuz, besteak beste, nobelaren giroa aurrekoan baino askoz hiritarragoa dela.

Itzultzaile berak Jim Thompsonen 1280 arima nobela itzuli zuenean, hitanoarena beste koxka bat estutuz, senar-emazteak elkarri hika jarri zituen, Euskal Herri osoan XX. mendean lege denaren kontra. Erabaki horren zurigarri aipa daiteke nobelaren giro basatia, senar-emazteek elkarrekiko duten jarrera ez oso adeitsua, eta oro har Estatu Batuetako herrixka eta baserri giroan kokatua izatea, eta hizkuntza-transposizioa egitean nolabait irensgarri gertatzen zaigula erregistro hori.

Aipatutako adibideetan ikusi dugu hitanoa erabili bai ala ez erabakitzerakoan arrazoi literarioak eta soziolinguistikoak izan direla tartean, eta ez nuke bukatu nahi itzulpenean arreta eman beharreko kontu batzuk aipatu gabe.

1.- Hizkuntza bakoitzak ditu bere erregistroak, eta horiek guztiak modu egokian erabiltzea aberasgarria da bai hizkuntzarentzat, bai sortzailearentzat eta bai hartzailearentzat (are erregistro horiek galduan edo galzorian badira).

Esate baterako Altxor uhartea (R.L. Stevenson/ M. Garikano) edo Hamlet (Shakespeare/ Juan Garzia Garmendia) hartzen baditugu, ikusiko dugu modu egokian daudela erabiliak hika, zuka eta berorika (azken hau gaur (ia?) inork erabiltzen ez duen arren).

2.- Tratamenduei dagokienez hizkuntzen arteko korrespondentzia ez da erabatekoa. Horrela ez dago korrespondentziarik euskararen eta gaztelania edo frantsesaren artean: gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketetan tรบ, tu erabiltzea normala da erdara horietan, baina euskaraz ez da normala seme-alabak gurasoekin hitanoz aritzea. Beraz, itzultzaileak xede-hizkuntzan normala denera egokitu beharko du.

3.- Tratamenduen kontu honetan itzultzailea analogiaren โ€œlegeariโ€ makurtzen zaio. Alegia, itzultzaileak itzulgaian aurkitzen dituen egoerak bere hizkuntzan irudikatzean beretzat eta hartzailearentzat egokiena iruditzen zaiona ematen saiatu beharko du.

4.- Eta azkenik koherentzia eskatu behar zaio itzultzaileari. Pertsonaien arteko elkarrizketetan (arrazoi sendoren bat tartean ez bada, eta izan daiteke) ezin daiteke saltoka ibili, orain hika, orain zuka, pasarte honetan hika eta hurrena zuka. Edo nobela bateko pertsonaiak erabat hitanoan eta pertsonaia horien barne-bakarrizketak neutroan.

Nahi adina luza gaitezke jarraibide moduko horiek modu egokian erabiltzeko aholkuak ematen, baina utz dezadan hemen gehiegi luzatu den artikulu hau. Badirudi Euskaltzaindia hemen agertu ditudan kontuei buruzko arauren bat emateko asmotan dela. Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduak bi arlotako zalantzak omen ditu hitanoari gagozkiola: erabilera sintaktikoari buruzkoak alde batetik, eta erabilera sozialari, jardun-ingurumariari edo erregistroari buruzkoak bestetik. Beraz, ea argi pixka bat egiten digun idazle eta itzultzaileoi, denon mesederako.

Hizkera inklusiboaren alde

Asier Larrinaga Larrazabal

Mendebaldeko gizarteetan, inboluzioa bizi dugu giza eskubideen eta pertsonen askatasunen arloan, eta biktimetako bat hizkera inklusiboa da.

Euskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboari. Euskaraz ari garenean, zama moduko bat kentzen dugu gainetik gaztelaniaz edo frantsesez saiatu dituzten formuletara jo beharrik ez dugula: ยซlas y los periodistasยป, ยซl@s alumn@sยป, ยซlxs diputadxsยป, ยซles niรฑesยป (horiek denak, gaztelaniaz), ยซles auteurยทtriceยทsยป, ยซilsยทelles sontยป, ยซiel estยป (azkenok eta beste batzuk, frantsesez).

2021eko maiatzaren 5eko zirkular batean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak debekua ezarri zien halako baliabideei eskola-materialetan, hizkuntzaz ondo jabetzeko eta irakurtzen ikasteko oztopo zirela argudiatuta. Argentinan, 2024ko otsailean, gobernuak iragarri zuen hizkera inklusiboa eta genero-ikuspegia debekatu egingo zituela administrazio publikoan. Javier Mileiren gobernutik etorrita, erabakiak ez du inor harritu, baina gaztelaniaz, nolanahi ere den, hizkuntzaren akademia bera da hizkera inklusiboaren gaitzeslerik porrokatuena.

Espainolaren Errege Akademiak era guztietako argudio gramatikalak erabiltzen ditu gorago azaldutako baliabideen aurka, baina jai du, kontua idazkera bitxi edo ez hain bitxi batzuk baino sakonagoa da eta. Hizkera inklusiboa edo hizkuntzaren erabilera inklusiboa esaten dugunean, aditzera ematen duguna da pertsonei buruz hitz egiteko edo idazteko sortzen ditugun testuetan agerian jarri nahi dugula buruan daukagun mundua pertsona berdinen mundu bat dela. Horrek esan nahi du testua ekoizteko orduan jakinaren gainean ekiditen ditugula zenbait adierazpide, zeintzuen bidez gutxietsi, ezkutatu edo diskriminatu egiten baitira emakumezkoak, ezgaitasuna duten pertsonak, LGTBIQ pertsonak, nahiz “gure talde”-kotzat sentitzen ez dugun beste edozein pertsona.

Batzuetan, diskriminazioa oso agerikoa izaten da eta, beste batzuetan, sotilagoa, baina ukitzen dituen pertsonentzat oso mingarria izan daiteke. Ohitu gaitezen gure testuei inklusioaren betaurrekoekin begiratzen. Hurrengo esaldiak, adibidez, orraztu bat mereziko luke plazaratu aurretik:

Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako gizon handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Thomas Edison…

Honela ipinita, inklusibo egingo genuke:

Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako izen handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Marie Curie, Thomas Edison, Hedy Lamarr…

Hizkera inklusiboa ez da gramatikari dagokion kontu bat bakarrik. Gure diskurtsoan hautatzen ditugun adibideei eta osatzen ditugun enuntziatuei ere badagokie, estereotipoetatik ihes egitea baita inklusioaren lehen araua. Frantziako Hezkuntza ministroaren hitzetan esanda: ยซLe choix des exemples ou des รฉnoncรฉs en situation d’enseignement doit respecter l’รฉgalitรฉ entre les filles et les garรงons, tant par la fรฉminisation des termes que par la lutte contre les reprรฉsentations stรฉrรฉotypรฉesยป.

Aukerak (II)

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Gaztelaniazko testuetan oso ohiko bihurtu den aditz batez mintzatuko naiz gaurkoan: compartir; zehazki, erdal aditz horrek egun dituen bi esanahiz: kontatu/jakinarazi eta bat etorri.

Lankide batek dio erraz antzematen ahal zaiola aditz horrek kasuan-kasuan daukan esanahiari eta ez genukeela arazorik izan behar gure testuetan ordain egokia aukeratzeko. Egiaz, ordea, ez da hala, eta ematen du compartir opiniones (=expresar, poner en comรบn, intercambiar) eta compartir una opiniรณn (=estar de acuerdo) itzultzeko partekatu hobesten ari garela maiz.

Beste lankide batek dio ezen, aditzaren adiera horien zabalkundearekin batera, partekatu aditzaren euskarazko beste adieretako bat (zatikatu) galtzen ari garela, Hegoaldean bederen. Eta orobat dio orain ez dakigula esaten โ€œetxe berean bizi garaโ€.

Nire ustez, compartir una experiencia eta gisakoak (eta ez naiz ari โ€œzerbait elkarrekin egiteazโ€) ingelesezko share aditzaren gaztelaniazko kalkotik etorri zaizkigu hein batean. Eta, bestetik, iruditzen zait compartir automatikoki partekatu itzuli behar horretan itzultzaile neuronalek ere badutela zerikusia.

Gure itzulpen zerbitzuko lehenbiziko itzultzaileei ikasi genien gure lehen eginkizuna testuaren mezua ongi ulertzea zela eta bigarrena, berriz, euskaraz eta euskaratik mezu hori esaldiz esaldi nola emanen genukeen aztertzea eta erabakitzea; ez genuela zertan zurrun segitu gaztelaniazko estiloari eta hiztegi-moldeari, urrunduz ere sortzen ahal genituela euskarazko testu baliokide eta taxuzkoak. Garai batean, orain ez bezala, ulertze, urruntze eta mamurtze ariketa horiek patxada handiagoz egiteko aukera genuen. Ohartzen naiz gaur egun, lan-karga hain modu ikaragarrian handitu zaigun honetan, ezin garela beti aritu, lankide beterano batek zioen bezala, goxogintza fineko gutiziak prestatzen, eta opil industrialak egin beste erremediorik ez dugula. Ados nago, jakina, baina uste dut ez genukeela erabat galdu behar itzulpen-aukerez gogoetatzeko beti erne izan beharko genukeen bulkada.

Eta oraingoan ere, aukerei buruzko aurreko artikuluan esan bezala, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere hizkuntza baliabideak eta berrikuntzak baztertzea, baizik eta aukerez hausnartzea eta bururatutakoak zuekin partekatzea.

Azpidazketak gordetzen duena

Josu Barambones Zubiria

Zazpigarren artearen defendatzailerik sutsuenek bikoizketa gaitzesten dute, besteak beste, edozein antzezpenen zati handi bat ahotsean datzalako. Haien ustez, jatorrizkoa ulertzen laguntzeko, egokiagoa da azpidazketaz baliatzea, nahiz eta azpidatziek pantaila โ€œzikintzenโ€ duten eta ikuslegoaren atentzioa desbideratzen duten. Itzulpen mota bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, eta horregatik kontua ez da bata ala bestea aukeratzea, biak aukeran erabili ahal izatea baizik.

Azpidatziak ez dira filmeko elkarrizketak, eta ez dira filmaren barruan existitzen. Ikus-entzunezko testua ulertzen laguntzeko tresna bat baino ez dira. Guztiarekin ere, azpidatziei esker, ikusleek jatorrizko filma uler dezakete, azpidatziek eta filmaren ikus-entzunezko adierazpen-kodeek elkarri eragiten baitiote, eta horregatik ez da beharrezkoa itzulpen oso bat.

Nire ekarpen honekin, azpidazketa zer den hobeto ulertzeko adibide batzuk jarri nahi ditut, kasu errealak ikusita jakingo baitugu zertaz ari garen azpidazketaz hitz egiten dugunean. Eta azpidazketak berekin dakartzan murrizketa guztien artean, bakarrik informazioa hautatu beharraz jardungo dut.

Zinema ilusio bat bada, bikoizketa ilusio baten beste ilusio bat da. Baina bikoizketak ez bezala, azpidazketak ez du ikuslegoa konbentzitu nahi pertsonaiek norberaren hizkuntzan hitz egiten dutela. Azpidazketak ez du jokatzen inoren ilusioarekin, ikusleek jatorrizko produktua entzun-ikusten baitute. Baina aldi berean jakin beharra dago (ez dakit oso kontzienteak garen) azpidatziek ezin dutela jatorrizko testuan dagoen informazio guztia eman denbora- eta espazio-murrizketak daudelako. Izan ere, batez beste, jatorrizko ikus-entzunezko testuak % 20ko murrizketa jasaten du elkarrizketei dagokienez. Eta batzuetan, Woody Allenen filmetan kasu, Jorge Dรญaz Cintasek egindako ikerketaren arabera, ikusleok jatorrizko testuan dagoen informazioaren % 40 galtzen dugu azpidazketarekin, jatorrizkoak duen ahozko jardunaren dentsitatearen handiagatik.

Hortaz, jatorrizko ahozko testuaren laburpen moduko bat dira azpidatziak. Jorge Dรญaz Cintas eta Aline Remaelen arabera[1],testua laburtzeko dauden arrazoiak hauek dira:

  • Ikus-entzuleek ahozko jarduna irakurketa baino azkarrago xurgatzen dute. Hori dela eta, azpidatziek aski denbora utzi behar dute pantailaren behealdean idatzita dagoena irakurri eta ulertzeko. (Helduen begiak minutuko 250etik 300 hitzera bitartean irakurtzeko gai dira. Horrek esan nahi du segundo batean lauzpabost hitz irakur dezakegula, hau da, 15 eta 20 karaktere bitartean โ€•puntuazioa eta espazioak ere karakteretzat hartzen diraโ€•.)
  • Aldi berean, ikusleek aukera izan behar dute pantailan gertatzen denari so egin eta soinu-banda entzuteko. Beraz, denbora nahikoa izan behar dute azpidatziak irakurtzen ari direnarekin batera pantailan gertatzen dena entzun eta ikusteko.
  • Azpidatzi arruntak bi lerrotara mugatuak daude. Lerro bakoitzak zenbat testu izango duen faktore hauen menpe dago: lerroko zenbat karaktere onartzen diren (Netflixek, esaterako, 42 karaktere onartzen ditu gehienez), zenbat denbora dagoen testu hori emateko, ikuslegoaren batez besteko irakurtzeko abiadura (normalean, 17 karaktere segundoko, helduentzako programetan, eta 15 haurrentzakoetan), eta jatorrizko testua ahoskatzen den abiadura.

Faktore horiek guztiak hartu behar ditu aintzat edozein azpititulatzailek (โ€œazpidazleโ€ ez dut uste onargarria denik, hitzak dituen รฑabardura txarrengatik). Eta horregatik, hain zuzen ere, nahitaez murriztu behar du jatorrizko testuan dagoen informazioa. Murrizketa bi eratara egin daiteke: batetik, zer kendu eta zer utzi erabaki behar da; eta, bestetik, askotan jatorrizko mezua birformulatu beharko da informazio garrantzitsua ahalik eta laburren eta zehatzen transmititzeko. Eta nola egiten da hori? Informazioa laburtzeko edo trinkotzeko estrategiak asko dira, baina hemen horretaz arituko ez banaiz ere, esan dezadan lehenik esan gabe uzten diren edo desagertzen diren osagaiak izen propioak, bokatiboak eta interjekzioak izaten direla.

Orain teoriatik praktikara pasatuko naiz, eta esan dudan guztia hobeto ilustratzeko, adibide banaka batzuk paratuko ditut denbora- eta espazio-murrizketek azpititulatzailea zein atakan jartzen duten ilustratzearren. Gehiegi ez luzatzearren, karaktere-kopuruek informazioa hautatu behar izatera behartzen gaituzten adibide batzuk besterik ez dut jarriko.

INFORMAZIOA HAUTATU BEHARRA

โ€• Lehen azpidatzian, pertsonaietako batek beste bati esaten dio bere emaztea ezagutu behar duela institutuko irakaslea delako, bera bezala. Bigarrenean, emaztearen izen-abizenak esaten dizkio eta zer irakasten duen. Baina euskaraz ez da informazio hori guztia kabitzen, eta erabaki behar da zer den inportanteagoa, emaztearen izen-abizenak ala zer irakasten duen. Adibidean bi aukerak utzi ditut. (Onartzen den gehienezko karaktere-kopuruaren arabera, parentesi karratuen artean jarri dut zenbat karaktere sobratzen diren euskarazko bertsioan.)

You must know my wife.  
Nancy Vandergroot. Life Management.  

Euskaraz bi aukera hauek daude bigarren azpidatzirako (lehen azpidatzian โ€œnireโ€ ez da kabitzen, baina testuinguruak argi uzten du noren emaztea den):

Emaztea ezagutuko duzu.  
Bizitza-kudeaketako irakaslea. [+5]  
Nancy Vandergroot. Kudeaketakoa. [+3] ย 

โ€• Bigarren adibide honetan pertsonaia baten izen-abizenak agertzen dira, baina osorik ez da kabitzen karaktere bat sobratzen delako. Orduan, aukera bat izan daiteke izen osoa idatzi beharrean, bakarrik lehen letra idaztea, kasu horretan bi karaktere sobratzen zaizkigulako.

Linda McLanden?  
Linda McLanden? [-1]
L. McLanden? [+2]

โ€• Azken adibide honetan pertsonaia batek beste bati galdetzen dio ea non dagoen Sammy, eta erantzuten dio Lavashen gorpuarekin dagoela (Lavash bere lagun mina zen). Taulan ikusten denez, euskarazko azpidatzietan ez dago tokirik datu horiek guztiak azpidazteko eta horietako bati eman behar zaio lehentasuna. Testuinguruagatik ikusleek badakite Lavash hilda dagoela. Eta karaktere-murrizketa dela eta, โ€œgorpuโ€ ez erabiltzea erabaki nuen. Beraz, pantailan agertzen den bertsioa azkena da.

โ€•Whereโ€™s Sammy?
โ€•Heโ€™s with Lavashโ€™s corpse. ย 
โ€•Non dago Sammy?
โ€•Lavashen gorpuarekin. [-6] ย 
โ€•Non dago Sammy?
โ€•Lavashekin. ย 

Dagoeneko esan dezaket badudala eskarmenturik azpidazten eta aitortu behar dut testu bakoitza erronka berria dela. Batzuetan, hartu beharreko erabakiak ez dira errazak eta buruhauste dezente sortzen dizkidate: zirt edo zart egin behar da, baina ulermenari albait kalterik txikiena eginez eta ikuslegoari ahalik eta informazio gehiena eskainiz.

Bukatu aurretik, itzultzearen eta, bereziki, azpidazketaren alderdi kognitiboa ere aipatu nahi nuke. Itzultzen dugunean gure burmuineko bi hemisferioak aktibatzen ditugu, nahiz eta ezkerreko hemisferioa nagusia den hizkuntza prozesatzeko orduan (zein hizkuntza egitura erabili, zein hitz, jatorrizko hizkuntza ulertzeko mekanismoakโ€ฆ). Eskuineko hemisferioak, berriz, testuinguru soziala eta kulturala ulertzen laguntzeko ez ezik, azpidatziak doitu eta egokitzeko kalkulu matematikoak egiteko ere balio du. Ez dugu ahaztu behar azpidazten dugunean etengabe neurtu behar dugula azpidatzien karaktere-kopurua egokia den ala ez, hau da, azpidazteko dugun denbora eta espazio horren barruan sartzen diren ala ez. Horiek horrela, gure burmuina pozarren ei dago azpidatziak jo eta su sortzen, bi hemisferioak dena emanda eta elkarri eraginez, harik eta pozaren pozez lehertu baino lehen, hemisferioei behar duten atsedena ematea erabakitzen duzun arte. Eta hori normalean gertatzen zait filmeko 10 minutu azpidatzi ondoren, hau da, 100-125 azpititulu egin ondoren (batez beste eta ikus-entzunezko testuaren zer-nolakoaren arabera, orduko 60 bat azpidatzi sor daitezke). Beraz, bi ordu nahikoak dira nire buruak atsedena behar izan dezan eta eskatzen didan kafeina dosia oparitu diezaiodan.

Gaur egun, ordainpeko plataformei esker euskarazko azpidazketak halako boom bat bizi du. Dena den, azpidazketaren alderdi gehienak ezezagunak dira jende gehienarentzat (normala den legez). Horregatik, nire ekarpen honekin nahi izan dut azpidazketaren zirrikitu ezkutua apur bat zabaldu eta azpidazketa ikusgarriago egiteko urrats bat ematea.


[1] Jorge Dรญaz Cintas and Aline Remael, Subtitling. Concepts and Practices. Routledge, 2021.

Erdaraturiko literaturari begira

Elizabeteย Manterola Agirrezabalaga

Aste honetan hamahiru urte bete dira doktore-tesia aurkeztu nuenetik. Erdaraturiko euskal literatura izan nuen aztergai lan hartan, eta euskal literatur liburuak zer hizkuntzatara eta zer bidetatik itzuli izan diren ikertzen jardun nuen. 2010 arteko datuak bildu nituen harako hartan. Duela gutxi datu eguneratuak bildu eta aztertzen ibili naiz, eta azken hamabost urte hauetan izan den garapenari buruzko gogoeta batzuk ekarri nahiko nituzke gaurkoan.

NorDaNor datu basean euskaratik beste hizkuntzetarako 839 itzulpen zenba daitezke 2010-2024 artean. 1980-2010 bitartean, aldiz, 863 itzulpen. Alegia, azken hamabost urteetan aurreko hogeita hamar urteetan adina ekoitzi da. Euskaratik eta euskarara itzuli dena alderatuz gero, bestalde, ikus liteke bi norabideetako itzulpenen proportzioa desorekatua dela: 2010-2024 bitartean, 3.862 itzulpen egin dira euskarara, hortaz, bost itzulpenetik bat besterik ez da euskaratik beste hizkuntzetara egin. Beste azterketa batzuek erakutsi dutenez, ohiko proportzioa dugu hori hizkuntza gutxituen kasuan.

Batez beste urtean 54,6 erdaratutako liburu argitaratu ziren 2000ko hamarkadan, 47,6 2010eko hamarkadan, eta abian dugun 2020ko hamarkadan, aldiz, 52,3. Badirudi jaitsieraren ostean goranzko joera hartua dela berriz. Dena den, azterturiko epealdian eboluzio kronologikoa ez da jarraitua izan; 2010eko hamarkadan krisi ekonomikoak eragin nabarmena izan zuen, bai eta 2020ko pandemiak ere.

2010 arteko datuetan ikusi genuen haur eta gazteei zuzenduriko lanak zirela nagusi erdaratutako liburuen artean. Joera hori bat zetorren euskaraz sorturiko lanekin eta euskararako itzulpenarekin, haietan ere haurrei eta gazteei zuzenduriko lanak baitira nagusi. Alabaina, joera aldaketa bat ikusi dugu azken urteetan; 2010-2024 epean helduentzako literatur lan gehiago itzuli dira haur eta gazteei zuzenduriko lanak baino. Hain zuzen, azken urteetan helduentzako literatur lanek erdaratutako lanen lautik hiru hartzen dituzte. Joera zeharo aldatu da, hortaz. Euskaratutako lanen proportzioarekin alderatuta, bestalde, kontrako joera ikusiko dugu, lautik hiru baitira haur eta gazteentzako liburuak euskaratutako lanen artean.

Generoei dagokienez, berriz, narratiba lanak dira nabarmen nagusi 2010-2024 epealdian ere, eta askoz urriagoak ditugu poesia liburuak, komikiak, saiakera lanak zein antzezlanak. Autore itzulienen artean Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionandia aipa litezke helduentzako lanei dagokionez, eta Juan Kruz Igerabide eta Mariasun Landa, bai eta Alaine Agirre eta Leire Bilbao haurrentzako lanetan. Emakume idazleen lanen itzulpen kopurua handitzen joan da azken urteetan, gaztelaniarako itzulpenean batik bat. Itzulgaiei dagokienez, literatura garaikidea itzuli da gehien: XXI. mendeko liburuak izan dira itzulitako lanen erdiak baino gehiago.

Gaztelaniak jarraitzen du xede hizkuntza nagusi izaten, eta itzulpenen ia erdiak hizkuntza horretara egin dira, eta oso urrunetik jarraitzen diote katalanak, ingelesak, galegoak, frantsesak, italierak zein eslovenierak. Esanguratsua iruditu zaigu eslovenieraren igoera aurreko urteetako datuekin alderatuta. Izan ere, xede hizkuntza nagusien artean kokatu da. Horrekin batera, nabarmendu behar da espainiar estatuko hizkuntzetarako itzulpenak esportazio osoaren ia bi heren hartzen duela. Aurreko aldian baino apur bat baxuagoa da proportzioa, dena den. Jaitsiera, batez ere, katalanerako eta galegorako HGL lanetan izan da.

Xede hizkuntza kopuruak gorantz jarraitzen du, eta horrekin batera itzultzaile kopuruak ere bai. Gero eta gehiago dira euskaratik zuzenean beste hizkuntza batzuetara itzultzeko gai diren itzultzaileak, izan ama hizkuntza euskara dutenak, izan helduaroan euskara ikasi dutenak. Aurreko azterketetan baino liburu gehiago topatu dugu zuzenean itzuli izana aitortu dutenak. Dena den, zeharkako itzulpenak ere egin egiten dira eta zenbait kasutan xede hizkuntza jakin batzuetara itzultzeko aukera bakarra izaten da. Zeharkako zenbat itzulpen izan den jakitea oso zaila suertatzen da, aurreko azterketetan ikusi izan dugunez, liburuek gutxitan aitortzen baitute zeharbidez eginak direnik. Dena den, gaur-gaurkoz jarduera onargarria da gurean. Horren erakusgarri, Etxepare-Laboral Kutxa saria bi ediziotan zeharka eginiko itzulpen batek irabazi izana. Edota, euskararako itzulpen norabidean, Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen-lehiaketaren oinarrietan aipatzea zeharbidezko itzulpenik izatera, itzultzaileak kasu horretan testu bat baino gehiago kontsultatu beharko lituzkeela.

Itzulpenak non argitaratu diren begiratuta, honakoak izan dira herrialde hartzaile nagusiak, hurrenez hurren: Euskal Herria, Espainia, Katalunia, Galizia, Eslovenia, Italia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua. Inondik ere pisu esanguratsua dute Euskal Herrian argitaraturiko itzulpenek, hain zuzen itzulpenen % 30etik gora bertan argitaratu baita. Datuok aztertuta azpimarratzekoa iruditzen zait euskal literatura erdaratzeko lanean diharduten argitaletxeen lana. Izan ere, argitaletxeen zerrenda osatuta euskal argitaletxeak dira euskaratik erdaretara itzuliriko liburu gehien merkaturatzen dituzten argitaletxeak.

Azpimarratzeko azken datua euskal kultura atzerrian ezagutarazteko erakundearen sorrera dugu. Etxepare Euskal Institutua azterturiko epean jarri zen abian eta berebiziko eragina izan du euskal literaturaren atzerriko sustapenean. Etxeparek kudeatzen ditu itzulpenerako dirulaguntzak, laginak itzultzeko laguntzak ere ematen ditu, bidaia-poltsak esleitu, bai eta euskaratik eginiko itzulpen onenari saria eman urtero. Itzultzaileak trebatzeko hainbat ekimen ere lagundu ditu, Itzultzaile berriak programa abian jarrita konparazio batera. Programa horretan parte harturiko itzultzaileei esker hainbat hizkuntzatarako itzulpen kopuruak gora egin du azken urteetan, gorago aipaturiko eslovenierarakoak, esaterako, edo bulgarierarakoak.

Itzulpen trukeen eboluzioari erreparatzeak laguntzen digu ikusten zer harreman dituen euskal literaturak beste hizkuntza batzuekin, zer aldaketa sortzen diren denboran zehar eta zer leku betetzen duen euskal literaturak mundu literaturan. Gertutik aztertzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Euskara, galegoaren eta katalanaren ispiluan

Kike Amonarriz Gorria

Berriki, Galiziako eta Kataluniako hizkuntzen egoerari buruzko datu eguneratuak eskaini dizkiguten bi ikerketen berri izan dugu. Biek, kezka eta alarma sortu dute bertoko hizkuntzen alde ari diren erakundeen eta herritarren artean. Merezi du, beraz, datu horiek zer egoera marrazten duten eta euskararekiko zer nolako antzekotasunak edo desberdintasunak agertzen dituzten aztertzea. Artikulu honetan ez dugu gaia sakon jorratzeko aukerarik izango, baina, inpresio nagusi batzuk partekatuko ditugu.

Abiapuntuko desberdintasunak

Hasteko, hizkuntza hauek ondo hitz egiteko gai diren herritarren portzentajeak eta izan duten bilakaera konparatuko ditugu.

Kataluniako 15 urtetik gorako herritarren datuak bost urtez behin lantzen dituen Enquesta d’Usos Lingรผรญstics de la Poblaciรณ (EULP) inkestaren arabera, 2003an katalanez ondo hitz egiten zekitenak % 82 ziren, eta 2023an % 80 dira.

Galegoaren kasuan, bost urtez behin egiten da Enquisa estructural a fogares inkesta, eta 5 urtetik gorako herritarren datuak biltzen ditu. 2003an galegoz zekitenak % 81 ziren, eta 2023an % 65 dira.

Euskal Herriko euskararen ezagutza murritzagoa da, baina, beste bi nazioen aldean, datuek goranzko joera erakusten dute. 16 urtetik gorako biztanleen informazioa ematen duten Inkesta Soziolinguistikoen arabera, euskaldunak 2001ean % 25 ginen eta 2021ean % 30.

Erabilera behera Galizian eta Katalunian, impassean gurean

Galegoz hitz egiten dakitenen ehunekoak gutxitu egiten dira adinean behera egiten dugun neurrian. Ondo hitz egiten gehien dakitenak 65 urtetik gorakoak dira (% 51), eta gutxien dakitenak 5-14 urteko haurrak (% 27). Harrigarria da 15-29 urteko gazteen adin-taldearekin konparatuta (% 55) haurren artean nozitu den galera. Mende honetan zehar, gainera, ezagutza portzentajeak murrizten joan dira adin guztietan, neurketa guztietan gehien dakitenak adinekoenak izanik eta gutxien dakitenak haurrak eta gazteak.

Erabilerari dagokionez, galegoa da hiru hizkuntzen artean gehien erabiltzen dena. Bertoko agintariek maiz errepikatzen dute datu hau. Baina alarma guztiak piztu dituen datu bat jarri du agerian inkestak: Galiziaren historian lehen aldiz gutxiengoa dira beti galegoz edo galegoz gaztelaniaz baino gehiago egiten dutenak; % 46 (2013an % 51,5). Gaztelaniaz beti edo gehiago egiten dutenak, aldiz, % 54 dira.

Kataluniako datuak otsailean kaleratu berri dira eta denen artean lerroburu asko eragin dituen hau nabarmendu da: katalana ohiko hizkuntza dutenak ez dira herenera iristen (% 32,6). 2018an % 36 ziren, eta duela hogei urteko datuekin alderatuta hamalau puntu galdu dira. Datuak adinaren arabera irakurriz gero, bestalde, katalana ohiko hizkuntzatzat gehien dutenak 65 urtetik gorakoak dira (% 41). Ondoren datoz, 45-64 urte bitartekoak (% 34), eta gutxien darabiltenak 30-44 urte bitartekoak dira (% 26), 15-29 urte bitartekoetan ohiko hizkuntzatzat dutenen portzentajea hobetu egiten delarik: %29.

Galizian eta Katalunian behera doan eta gurean, oso mantso bada ere, goraka doan datu bat erabilera trinkoarena da, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen duten herritarrena, 1991n % 14 ziren eta 2021ean % 17,5.

Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak bost urtez behin argitaratzen dituen Euskal Herriko kaleko erabileraren datu orokorrei erreparatzen badiegu, oso aldaketa gutxi izan dituen lerro ia zuzen batekin egingo dugu topo: 1989ko % 10,8tik abiatu, 2001ean goia jo % 13,3rekin, 2016an % 12,6ra jaitsi eta 2021ean % 12,6an mantendu. Igoera motel batetik, jaitsiera motel batera, azken neurketan ehunekoari eutsiz. Impasse moduko bat erakusten dute datuek. Galiziako eta Kataluniako daturik ez dugu, ez dutelako horrelako neurketarik egiten.

Haur eta gazteen bilakaera positiboagoa Euskal Herrian

Galiziarekiko eta Kataluniarekiko alderik handiena adin-taldekako bilakaerari dagokiona da.

Gurean, zenbat eta gazteago, orduan eta euskararen ezagutza handiagoa: 65 urtetik gorakoen artean euskaldunak % 20 diren bitartean, 16-24 urte bitarteko gazteen artean % 58 dira. 1991n, aldiz, euskaldunenak adinekoenak ziren (% 28,5) eta erdaldunenak 35-49 urtekoak. Orduan, baina, adinekoak alde batera utzita, beste adin-talde guztien artean oso alde txikia zegoen ezagutzari zegokionez: guztiak % 19-23 artean zebiltzan.

Erabilera trinkoari dagokionez ere, irabazirik nabarmenenak, Galizian eta Katalunian ez bezala, gazteenen artean gertatu dira. Inkesta Soziolinguistikoen arabera, 50etik gorakoen artean euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen duten herritarren proportzioak gutxitu egin dira (adinekoen artean % 21, 1991n eta % 14, 2021ean), eta aldiz 16-24 urte bitartekoen artean bikoiztu baino gehiago: % 11, 1991n eta % 25, 2021ean.

Kaleko erabilerari dagokionez ere, datu orokorretan impasseaikusi badugu ere, adin-multzoei erreparatuz gero, ez Katalunian, eta are gutxiago Galizian, ikusten den bilakaera nabarmen eta positibo bat ikusiko dugu: 1989tik hona haurrak izan dira beti kalean euskara gehien erabili dutenak. 1989an bigarren multzorik euskaldunena adinekoena zen, eta erdaldunena gazteena. 2021ean, aldiz, bigarren euskaldunena gazteena zen, eta erdaldunena adinekoena.

Amaitzeko, datu deigarri bat: gazteen ohiko erabilera-hizkuntzari dagokionez, hiru hizkuntzen datuak parekatu egin dira. Galegoz beti edo gaztelaniaz baino gehiago egiten duten gazteak (15-29 urte) gaur egun % 28 dira. Katalana ohiko erabilera-hizkuntzatzat duten 18-25 urte bitarteko gazteak % 25. Eta inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskara gaztelania adina edo gehiago egiten duten 16-24 urteko gazteak % 25 dira Euskal Herrian (% 33,5 EAEn).

Euskal komunitatearen egiturazko egoera beste biena baino ahulagoa izan arren, ikusten ari garenez, azken urteotan bilakaera gurean positiboagoa izan da. Badirudi, beraz, beste biak gaztelaniatik gertuago dauden hizkuntza erromanikoak izatea ez dela faktore esanguratsu gertatu.

Faktore asko daude bilakaera desberdin hauen atzean. Abiapuntuak, gizarte-egoerak eta bilakaerak oso desberdinak izan dira. Horiek guztiak aintzat harturik ere, iruditzen zait, datu hauek euskal gizartearen lorpen ikaragarriak direla. Nahiz eta, beste bi komunitateetan gertatzen ari dena ikusita, egoeraren zaurgarritasuna ere agerikoa den.

Aurrera begira

Abiapuntu, egoera eta bilakaera soziolinguistikoak desberdinak izan arren, hiru hizkuntza-komunitateak bultzada sendo baten beharrean gaude, gure hizkuntzen etorkizun normalizatua bermatze aldera. Larrialdia, impassea, egoera dramatikoa, bidegurutzea… bezalako hitzak ari gara erabiltzen hiru komunitateotan gure egoerak deskribatzeko, eta jauzia, indarraldia, politika sendoak edo injekzioa bezalako kontzeptuak aurrera begiratzerakoan.

Etorkizunera begira erronka bertsuak ditugu gure hiru nazioetan: hizkuntza politikak indartzea, aktibazio eta atxikimendu soziala areagotzea, legezko babes eta eskumen sendoagoak eskuratzea, adimen artifiziala, ikus-entzunezkoak, mugimendu sozio-demografikoak eta jaiotze-tasak, diskurtso eta dinamika sozio-politiko homogeneizatzaileak…

Horiei erantzuteko hizkuntza politiketan jauzia eman eta indarraldi bati ekin beharra argi ikusten dugu guztiok. Eta, uste dut, bai erakundeetatik, nola mugimendu sozialetatik, estatu mailako eta nazioarteko estrategia koordinatuagoak bideratzea ere guztiz onuragarria izango zaigula.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz II

Irati Bakaikoa Garcรญa

Aurrekoan arartekoaz, generoaz eta itzulpenaz ibili ginen gora eta behera. Baita itzulpenaren estrategikotasunaren inguruan. Adibide zehatzak agindu nizkizuen, eta agindutakoa bete behar da:

Azken boladan, lana dela-eta, justizia kontuekin zerikusia duten telesailak ingelesez ikusten ibili naiz. Lincoln Lawyer izan zen azkena, adibidea jartzeko aitortu behar nuen. Telesailean, bada bollera bat, Izzy (she/her). Bikotea behin baino gehiagotan aipatzen du, Ray (she/her). Hau ez da gomendio bat, baina nahi duenak egin dezala proba:

Jatorrizko bertsioan ikusten baduzue, ingelesez, Izzyren bikotea, Ray, emakumea da. Horraino ondo. Baina, sorpresa, gaztelaniazko azpidatziekin ikusten baduzue, Izzyk noviOa du askotan. NoviA ere badu tarteka. NoviEa ere izan zezakeen, baina horrainoko saltorik ez dago.

Spoilerra: ziur nago pertsonaia hetero guztiek hetero izaten jarraitzen dutela aukeran dauden azpidatzien hizkuntza guztietan; izan ere, baten batek eskuak burura eramango lituzke gizon protagonista heteroak noviOa izango balu kapitulu batetik bestera. Kasu horretan, ordea, ez dago akatsetarako tarterik. Besteren bati galera ez zaio hainbesterako irudituko. Izzy bollera, beltza, drogazale ohia eta protagonistaren txoferra da, hau da, aniztasunaren kupo guztiak nolabait ordezkatzen dituen pertsonaia. Bakarra dago seriean, eta itzulpenean, kale…

Arazoa ez da bakarrik itzultzaileak erabaki bat edo beste hartu izana, ezta horrek dakarren galera ere. Arazoa ez da hizkuntzarena. Itzultzaile horrek hartu dituen erabaki horiek behin ere pentsatu gabe hartzera bultzatzen duen makineria bat dago martxan, eta ez da itzulpenak eta itzultzaileok soilik dugun gaitza. Heterosexualitatea erabaki bat da, bizitzeko modu bat da eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da.

Eskerrak badirela gure luparekin arretaz begiratzea merezi duten adibide hobeak, eta horretarako Feinbergengana itzuliko naiz. Mari-mutil handi baten bluesan, jatorrizko bertsioko bollera guztiak bollerak dira itzulpenean ere bai. Dena den, euskarazko itzulpenean, zerbaitek aldatu egiten du pertsonaia horien errepresentazioa: oraingoan, ingelesez irakurriz gero, mari-mutilek beti dute she/her genero marka inguruan, edo marka horrek ordezkatzen ditu. Euskaraz, ordea, genero marka horren arrastorik ez dago gehienetan, emakumeak esplizituki aipatzean izan ezik.

Oraingoan galera irabazia da, hain zuzen ere, emakumetasuna bera delako nobelak kolokan jartzen duen hori: mari-mutilek emakumetasunaren mugetan sartzen ez diren identitateak ordezkatzen dituzte, eta Feinbergek genero-gatazka horrek eragindako talka indibidualak zein historikoak kontatzen ditu. Izan ere, identitate disidenteon errepresentazioak aztertzerakoan soilik orientazio sexualaren mailari erreparatzen badiogu, generoan duen eragina kontuan hartu gabe, potentzialtasuna galtzen ari gara. Genero eta sexu disidentzia erabaki bat, bizitzeko modu bat eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da ere bai.

Ildo beretik, baina beste plano batean, errepresentazio horien itzulpenak egiten duen ekarpena adibide konkretuetatik baino askoz harago doa. Mariokerrak: nola esan/izan bollera euskaraz (2023) liburuan egindako azterketan, Alvarezek eta Fernandezek oso esanguratsua den joera bat mahaigaineratu zuten: bollera identitateaz euskaraz hitz egiterako orduan, neurri handi batean, ingelesetik edo gaztelaniatik ekarritako maileguak edo itzulpen literalak erabiltzen ditugu. Hitzak sortu baino, gure hizkuntzaren kodeetara egokitzen ditugu beste hizkuntzetan sortzen diren horiek.

Hortaz, queer gurean kuir izango da, ezta? Dena den, ezinezkoa da testuinguru zehatz batean sortutako hitzek eta kontzeptuek dimentsio bera hartzea beti xede hizkuntzan. Bataren eta bestearen arteko tarteek eta jauziek luzerako ematen dutela argi dago… eta aurrekoan eman nuen hitza betetzeko saiakera zen gaurkoa.

Nork nori zor

Manu Lรณpez Gaseni

Aurreko batean euskal hizkera literarioaz idatzi nuen testuaren jarraipena izan nahi du gaurko honek. Jarraipena edo, akaso, hizkera literarioaren beste ikuspegi bat, estilo deritzogun haren azpimultzo bati erreparatzeko.

Euskal itzultzaileok harro-harro darabilgu Anjel Lertxundi totem moduan, gutaz eta gure lanaz ez gutxi idatzi duelako, belarria goxatu digulako, gure jardueratik zenbat ikasi duen xehe-xehe azaldu duelako, idazleek itzultzaileoi zenbat zor diguten behin eta berriz esan duelako.

Idazleek asko ikasi omen dute itzultzaileengandik. Oso ondo. Galtzerdiari buelta eman diezaiogun orain, galdera moduan: Eta itzultzaileek zer/zenbat ikasi dute idazleengandik? (Onar dezagun gaurkoz idazle deitura autore adieran, amaigabeko zehaztasun metalinguistikotan ez galtzeko).

Sarritan iradoki da itzultzaile literarioa, neurri batean behintzat, idazle edo sortzaile ere izan beharra, segur aski adierazi nahian, hizkuntzaren mekanismoak ondo ezaguturik, ohiko errutina denotatibotik ateratzen gaituzten diskurtso gogo-altxagarriak sortzeko gai izan beharko lukeela, baita bere itzulpenetan ere. Anbiguoa, badakit. Eta, horretarako, ezinbestekoa da literatura-tradizioa ezagutzea. Tradizio klasikoa eta tradizio garaikidea, eta haietan dauden hizkuntza-perlak barkatu, eta hizkuntza-bitxiak, urriagoak, gogoan hartzea.

Eta hemen dago, azkenean, estiloaren kontua. Ez baitira asko estilo edo ahots propio nabarmen bat garatzea lortu duten idazleak. Gutxi batzuk belaunaldi bakoitzean, eta batzuetan ez dira belaunaldi-burutzat hartu ohi direnak, nire iritzian (eta horrek esan nahi du estiloaren aurretik beste ezaugarri asko diratekeela kanonak ezartzeko orduan; baina gai hori, kanonarena, beste baterako utziko dut). Bestalde, estilo baten jabe izatea ez da ona berez, gerta baitaiteke, iritziak iritzi, urliaren estiloa zoragarria izatea, eta sandiarena, berriz, pairaezina.

Zertara datorren hau? Bateko eta besteko hari-muturrak lotuta, irudikatu nahi nuke itzulgaia irakurri eta bere baitan, adibidez, zera esango lukeen itzultzaile bat: Testu honen tankera ikusita, euskaraz primeran geratuko litzateke Koldo Izagirreren estiloan emanda, eta halaxe euskaratuko dut.

Oraindik orain argitaratutako Anjel Lertxundi: idazlea eta obra izeneko azterketa/omenaldi liburuan, zera dio Idoia Santamarรญak: โ€œNik, berriz, itzultzaile gisa, behar-beharrezkoa dut berrogeita hamar urtez estiloa lantzen aritu den idazle baten begirada eta ekarria. Kanpoko ahotsak euskarara ekartzeko, beharrezkoa dut sortzaile horren lana, ikusi eta ikasi behar dut nola erabiltzen duen hizkuntza (โ€ฆ) adierazi nahi duena adierazteko, nik ere tresna hori bera erabili behar baitut aldiro kanpoko ahots eta paisaia berri bat gurera ekartzekoโ€ (Zabalondo & Gurrutxaga, ed., 2024: 130).

Estilo-ereduaren aukera ezin da egin jatorrizko testua kontuan hartu gabe. Ez alferrik, idazle-lanbidetik bereizteko, itzultzailea sarea babes lan egiten duen orekari bat dela dio metafora maiztuak. Idazlea eta itzultzailea, biak sortzaile. Hala ere, estiloari dagokionez, รฑabardura garrantzitsu bat egin behar da: Idazleak estilo propio bat bilatu beharko luke, baina itzultzaileak debekatua du estilo propiorik izatea.

Metaforako sarea baldin bada jatorrizko testuaren egitura, pasarte-banaketa, esaldien antolaera, esamoldeak eta hitzak, haiek guztiak euskal estilo baliokide batera aldatu beharko lituzke itzultzaileak, eta horretarako euskal idazleen estiloen katalogoa du eskura. Itzultzaileak eta idazleak, biek dute jauzi bereziki zail batean trapeziotik erortzeko arriskua, baina askoz handiagoa da, noski, idazlearen erorikoa (eta hobe luke estiloz eramatea).

Magialaria ere balia liteke itzultzailearen jarduna irudikatzeko. Hizkuntza bateko berbak erakutsi, zapiaren azpian ostendu, hagaxka magikoaz jo, eta beste hizkuntza batekoak agerrarazi, ikusleen pozerako. Eta magorik arrakastatsuena, trukea nabaritu gabe eta era estilotsuan jokatzen dakiena. Emankorra, zirkuko jarduera-saila; literaturaren inguruko eragile guztiak ere bertan irudika litezke (esleipena, nahieran): lehoi-hezleak, clown jakintsua eta clown memeloak, indartsu bibotedunak, sabeliztuna, su-irensleaโ€ฆ Artearen komedia, zahar ahaltsu, pierrot eta arlekin guztiekin.

Idazlea eta itzultzailea, eta bien artean, estiloa. Hauxe idatzi zuen Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak saiakeran (190. or.): โ€œEdozein hizkuntzatako idazle-belaunaldi bat, baita hizkuntzarik hegemonikoenean ere, ezin da erregistro, gai eta giro guztietara heldu. Are gutxiago euskaraz. Baina idazleok uste duguna baino bide luzeagoa egin dezakegu estiloaren aldetik euskarara ekarritako ispiluetan begiratutaโ€.

Itzultzaileok balakatuta sentitzen gara Lertxundiren diskurtsoarekin, baina, funtsean, ondo dakigu laudamen horiek, neurri handi batean, estiloaren maisu batek, etorkor, guraso batek bere umeari nola, bigarren graduko testugileei emandako adorea direla.

Eta hau guztia, Bรถll eta Azpirozen hitzetan esateko, pailazo baten aburuak.

Mendi, baso, oihan…

Oskar Arana Ibabe

Horra hiru hitz: Euskaltzaindiaren Hiztegian, esanahi bat baino gehiago dute hirurek (baldin eta baso hitzaren definizioan puntu eta komatik aurrerako zatiari autonomia moduko bat aitortzen badiogu). Eta, hiruren artean ere, sinonimia-joko zail samar bat ageri dute, Euskaltzaindiaren Hiztegitik ondoriozta daitekeena baino zailagoa, nire usterako:

Mendi:

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)
Baso:

1 iz.ย Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea; gizakiak lantzen ez duen eremua.
.
.
.

.
Oihan:

1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua.

2 Baso guztiz handia eta basatia.
.
  • mendi izan daiteke: 1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia. Edo 2 iz. Mendialdea. Hau da, Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.
  • Eta, baso, berriz, honela definitzen du: Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea; gizakiak lantzen ez duen eremua.
  • Eta, oihan, bestalde, honela: 1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua. Eta 2 iz. Baso guztiz handia eta basatia.

Beraz, hiru hitz eta bost esanahi, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Haien arabera, baso eta oihan sinonimo beteak, beren adieretako batean: โ€œBatez ere zuhaitzez betetako lurraldeaโ€ / โ€œZuhaitzez jantziriko lur eremuaโ€. Baso hitzak, ordea, bigarren zatian, puntu eta komatik aurrera, badu adiera zabalago bat: โ€œgizakiak lantzen ez duen eremuaโ€.

Jo dezagun Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikora, ea zer dioen baso sarreran:

baso (xi. m.: SMig [esquiasso atairia (< –baso)];[7] basa– 1025: SMillรกn [Bassahuri]). โ–  Hitz beregain bezala, hegoaldean bakarrik erabiltzen da historikoki (salbuespenak Etx. Ziburukoaren adibide bat eta LuzErrem dira; cf. halaber basotar Etx. Sarakoagan). Basa- garai eta eremu guztietan aurkitzen da elkartuetako aurreneko osagai moduan (leku-izenak barne), eta horrek hitzaren noizbaiteko orokortasuna frogatzen du.[8]

โ€˜Oihanโ€™ eta โ€˜mendi-aldeโ€™ esanahiekin agertzen da eskuarki (โ€˜mortuโ€™ gisa ere erabili izan da: Mburu, Ubill, AgirAstโ€ฆ). Pentsa liteke โ€”nahiz ez den aukera bakarraโ€” bazukeela lehenagotik esanahi zabalago bat: โ€˜leku jendegabe, kanpo, bazter-lekuโ€™ moduko zerbait izan zitekeen (gehi โ€˜landu/landatu gabea, basatia, arautu gabeaโ€ฆโ€™; cf. basa-dun elkartuek hartzen dituzten esanahiak,[9] eta, besteak beste, baso/etxe [OihAtsot basoillo/etxoillo; cf. GaribAtsot etxera orduan basora] eta basa-/giza- [zar. basazalke/gizazalke] oposizioak); eremu batzuetan โ€˜mendi-aldeโ€™ esanahiarekin eta beste batzuetan โ€˜oihanโ€™ esanahiarekin finkatuko zen gerora.

Baso hitzarentzat, beraz, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan, hiru esanahi ere bereizten dira: 1. oihana, batetik; 2. mendi-aldea, bestetik; eta, lehenagotik esanahi zabalago bat zukeena 3. leku jendegabe, kanpo, bazter-leku moduko zerbait, landu edo landatu gabea, basatia, arautu gabea. Gaurko Euskaltzaindiaren Hiztegian, 1. eta 3. definizioak jaso dira definizio bakar batean. Ostera, 2. definizioa, mendi-alde esanahikoa, ez. Nire ustea da jaso beharko lukeela, eta 3 definizio eman, gaurko erabileraren arabera. Saiatuko naiz aurrerago hori frogatzen, eta, halaber, hiru hitz horien artean era daitezkeen sinonimien jokoa mamitsuagoa dela lehen koadro horretan baino.

Mendi hitzak ez du sarrerarik Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan. Orotariko Euskal Hiztegian, hau dio lehenengo lerroetan:

mendi.

Etim.ย Para su origen en unย *mentiย y su posible relaciรณn con lat.ย mons,ย v.ย SHLVย I 53.

Onom.:ย In uilla etenim que uocitaturย Mendicoaย (100). Arzam 341.ย Garcia deย Mendicoaย (1350). Ib. 341. v. tbn. mรกs ejs.ย ib.ย 340, 341, 342.ย (gral.; Lcc, Volt 96, Mic 8r, SP, Urt V 224, Htย VocGr, Lar,ย VP,ย Aรฑ, Lecl, Archย VocGrย ,ย VocBNย , Gรจze, Dv,ย VocBย , Zamย Vocย ),ย mindiย (AN-5vill,ย BN-mix)ย Ref.:ย VocPirย 117; Bon-Ond 138; A;ย EIย 198; Lh; Lrq; Izย Alsย ,ย Rย 293 y 310,ย Ulz, UrrAnz, ArOรฑ; Satrย VocPย (baso); Etxbaย Eib; Echaideย Navย 40s, 318s; Holmerย ApuntV;ย EAELย 462; Elexpย Berg.
Monte, montaรฑa; terreno natural.

Hasteko, nabarmentzekoa da terreno natural esapidearen ordaintzat ematen dela lerro horretan, eta, adibide hauetan, adiera horren arabera erabilia dela segur:

  • “Monte”ย VPย 59r. “Mendian bizi,ย morar en el campo”ย 
  • Ezeban iรฑok esangoย mendian iaio taย mendian azia zanik.ย Agย ALย 61.
  • Mendia utzi eta hirian / zer ote zeie gertatzen?ย Etchamย 228.ย Baserriak bizia eman-da, /ย mendiak ninduan azi.ย Lekย E
  • Mendian yaio taย mendian bizi diran basa-eizeak.ย Zaitย Sofย 170.
  • Basoan edoย mendian gazte nagi asko baiรฑo gogorrago aritzen zen.ย Etx
  • Mendian bizi ezin diranak / sallean datoz kalera.ย Basarriย 129.
  • Euskera zarrakย mendian dauka / lenengo bere jarleku.ย BEnbย NereAย 115.

Adibide horietan guztietan, nekez jo daiteke lehen adierakoa dela erabilera (1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.), eta atera daiteke ez dela ere mendialde adierakoa, beste zerbait baizik, alegia, terreno natural delako hori dela, edo basoren definizioaren bigarren zatiaren araberakoa, ยทgizakiak lantzen ez duen eremuaโ€, eta, beraz, basoren sinonimoa. Hara, hortik ere, mendi hitzak, baso berak bezala, hiru adiera behar nire iritziko, eta ez berezituak, hiztegi orokorrekoak baizik, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Hona nola: 1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.
2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.) eta 3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua.

Harrigarria, laugarren bat ere ukanen luke, zenbait eskualdetan, nahiz eta hedaduraren murritza dela-eta ez izan Hiztegi Orokorrean jasotzekoa. Jakitekoa da, ordea, ezen, Duvoisinek ematen duen berriaren arabera:

“Dans quelques localitรฉs de la Haute-Navarre, mendi se dit pour bois, forรชt. ร€ Osinaga, on donne ร  la fois les deux significations” Dv.
Iratiko, itsasua beรฑo aundiagoko mendiaren ostuak. (AN-gulina). Orreaga 54 (66 y 70 (AN-5vill) mendi; 46 (AN-araq), 58 (AN-ulz) baso, 50 (AN-larr), 62 (AN-5vill), 90 (AN-erro) y 94 (AN-arce) oian).

Nafarroa Garaiko zenbait herritan, hala, mendi esaten ziotela basoari edo oihanari (bois, forรชt).

Argigarria nola Inozenzio Munita apaiz eta Aramako erretoreak 1952. urtean eman zuen argitara Gure Mendi ta Oianak. Zuaizti berriak antolatu eta lengoak zaintzeko zuzenbide batzuek liburua. Lehenengo atalean bertan aurkitzen du bere burua behartua terminoak bereiztera, eta mendi-zugatzak eta baratz-zugatzak bereizten ditu. Eta pasarte horretan bertan, aurreraxeago, bi termino horien sinonimo bana ematen ditu: โ€œEmen, ordea, ez noakizu baratz-zugatzaz, igali edo frutu zugatzaz ezer esatera (โ€ฆ). Nik baso-zugatzaz bakarrik zerbait esango dizutet emenโ€ (lehenxeago mendi-zugatz deitu die). Beraz, ohartuta dago Inozenzio Munita baso eta mendi sinonimo beteak direla erabilera horretan.

Eta horregatik dira berdintzekoak, mendebaldeko euskalkietan aisa baliatzen diren basoko botak eta basoko bizikletak erdialdeko mendiko botak eta mendiko bizikletak. Areago, gure etxean, Anboto tontorrera joatea ere basora joatea zen, haitzak eta ahuntzak baino ez diren lekura. Ezin jakin, ordea, adiera horretan gizakiak lantzen ez duen eremuan tontorrak ere badirelako, ala lur goratua edo tontorra hitzen sinonimo betetzat jotzen zutelako erabiltzaileek. Nago bigarren hipotesi hori ez dela egia.

Argigarria, orobat, mendi-lan, mendiko lan sarrerak orotarikoan, basolan hitzaren pare-parekotzat jotzeko modukoak izatea:

MENDI-LAN (gral.), MENDIKO LAN. Ref.: A; Lh. “Trabajo de afuera, y mรกs generalmente trabajo campestre” A. Kemen emaztekia orobat trabajatan da, nola gizakia, mendi lanetan. Mdg 137 (v. tbn. 132). Balle kontra ezdaiteke xin emaztekirik serbutxatra; ezbaidakiei mendiko lanetarik. Ib. 137. Mendi-lanetan asko dabiltzanak badakite zuaitzaren luzera oker aundi gabe artzen. Munita 150 (v. tbn. 85). Orduan ekartzen ziran / garo-mordoska obiak. // Jendiak gogoz egiten zuan / orduan mendiko lana. Uzt Sas 80.

Hara hor, โ€œzuhaitzaren luzera oker haundi gabe hartzeaโ€ eta โ€œgaro-mordoska hobeakโ€ ekartzea jendeak, zeren eta, dirudienez, โ€œJendeak gogoz egiten zuen/orduan mendiko lanaโ€. Litekeena da, ordea, basolan adiera estuagokoa izatea, ez hartzea zuhaitzekin egiten zen lanaz bestekorik, โ€œgaro-mordoskakโ€ ekartzea bezalakoak, alegia.

Hori dela eta, mendi hitzaren definizioan, baso hitzaren definizio osoa ere bere horretan ere sar daiteke. Esan nahi dut, zuhaitzari dagokion eremua izan daitekeenez, guztiz pareka daitezke hitz biak, ez landatu gabeko lur eremu izan daitezkeen aldetik bakarrik, eta sinonimia bikoitza ukan, hartara, ez bakoitza. Aipatu dugu mendi-lan eta basolan guztiz pareka daitezkeela, eta are basomutil eta mendiko mutil ere.

Halaxe, Bizkaiko Batzar Nagusien Mendiei eta Babespeko Naturguneen Administrazinoari buruzko ekainaren 2ko 1994/3. Foru Arauaren 6. artikuluan ematen den kontzeptuaren arabera, zuhaiztunak edo zuhaitz gabeak izan daitezke baso edo mendiak.

Artรญculo 6
Concepto . 1. Se entenderรก por monte o รกrea forestal a los efectos de la presente Norma Foral, lo siguiente: a) Los terrenos rรบsticos en los que vegeten o puedan vegetar, espontรกneamente o previa siembra o plantaciรณn, especies o comunidades forestales, sean arbรณreas, arbustivas, de matorral o herbรกceas. b) Los terrenos incultivados o yermos situados en los lรญmites de los montes o รกreas forestales que sean necesarios para la protecciรณn de รฉstas, asรญ como aquellos otros que aรบn habiendo esta- do sometidos a cultivo agrรญcola, constituyan enclaves en los montes o รกreas forestales cuyo cultivo se haya abandonado por un plazo superior a tres aรฑos. c) Igualmente, son terrenos forestales aquellas superficies agrรญcolas que hallรกndose ubicadas en el interior de los montes o รกreas forestales o en los lรญmites de รฉstas, tengan una extensiรณn inferior a la unidad mรญnima de cultivo. d) Cualesquiera terrenos rรบsticos que como consecuencia de sus caracterรญsticas o situaciรณn fueran incluidos por el Departamento de Agricultura dentro de los proyectos de reforestaciรณn, protecciรณn y correcciรณn de la erosiรณn, mejora paisajรญstica del entorno o cualesquiera otras actuaciones de carรกcter silvรญcola. e) Se consideran tambiรฉn montes los prados y pastizales de regeneraciรณn natural, las pistas y caminos forestales y, en general, las superficies ocupadas por las infraestructuras forestales. 2. Se considerarรกn como terrenos forestales temporales los terrenos agrรญcolas que, conforme a los antecedentes catastrales disponibles, hayan tenido un uso agrรญcola en el pasado y circunstancialmente sean objeto de explotaciรณn selvรญcola. Nรบmero 2 del artรญculo 6 redactado por el artรญculo 2 de la Norma Foralย 3/2007, de 20 de marzo, de modificaciรณn de la Norma Foral 3/1994, de 2 de junio, de Montes y Administraciรณn de Espacios Naturales Protegidos (ยซB.O.B.ยป 28 marzo). Vigencia: 18 abril 2007 3. No se reputarรกn montes a efectos de esta Norma Foral los terrenos que, formando parte de una explotaciรณn agropecuaria y sin estar cubiertos apreciablemente con especies de carรกcter forestal, resultaren necesarios para atender al sostenimiento de la propia explotaciรณn.
6. Artikulua
Kontzeptua 1. Honako Foru Arau honen ondoreetarako, jarraian azaltzen dan hau joko da mendi edo basotzat: a) Bai berez, bai aurretiaz erein edo landatu egin diralako hazi diran baso espezieak edo multzoak daukazan landalurra, bardin dala espezie horreek arbolak, zuhaiskak, sastrakak edo bedarrak izan.ย b) Mendien edo basoen mugetan dagozan landu bako lurrak edo lantzarrak, horreek aitatu mendia edo basoa babesteko beharrezkoak diranean; atal honetan sartzen dira nekazaritzarako lantzen diran lurrak izan arren mendien edo basoen barruan dagozan barrendegiak, landalurrok hiru urtetan behintzat bertan behera itzita dagozanean. c) Era berean, basogintzaren alorreko lursailak izango dira mendien edo basoen barruan edo horreen mugetan dagozan nekazaritza-landalurrak, beti be aitatu sail horreek lanketearen gitxienezko unitatea baino txikiagoak diranean. d) Nekazaritza Sailak, ezaugarriak edo kokapena kontutan hartuta, birlandaketa, higadurearen kontrako babesa eta neurri zuzentzaileak, inguruaren paisaiaren hobekuntza edo oihangintzagaz zerikusirik daukan edozein egitasmoren barruan sartuko leukezan landalur guztiak.ย e) Berezko birloratze prozesuan dagozan zelaiak eta larreak, pistak eta basabideak eta, orokorrean, basogintzari lotuta dagozan azpiegiturak hartzen dabezan sailak be menditzat joko dira.ย 2. Aldi baterako baso lursailtzat hartuko dira iraganean nekazal erabilera izandako lurrak โ€” eskuragarri dauden katastroko aurrekariekin bat etorrizโ€” eta une jakin batean baso ustiapenerako erabiltzen direnak. 3/2007 Foru Arauaren, martxoaren 20koaren, 2. artikuluak idatzitako 6. artikuluaren 2. zenbakia, Mendiei eta Babespeko Naturaguneen Administrazioari buruzko ekainaren 2ko 3/1994 Foru Araua aldatzen duena (ยซBAOยป martxoak 28). Indarraldia: 2007ko apirilak 18 3. Foru Arau honen ondoreetarako, ez dira basotzat joko nekazaritzaren alorreko ustiapena izan arren basogintzan erabili leikezan espezieetako ale askorik ez dauken lursailak, zugatz horreek ustiapenaren beraren iraupenari eusteko beharrezkoak diranean.ย 

Oihan, Euskaltzaindiaren Hiztegian, ematen zaion lehen adieran, baso-ren sinonimo bete-betea da. Eta, erabileraz, gaur mendebaldeko euskaretan ezezaguna, baina ez garai batean, mendebaldeko toponimiak eta deiturek salatzen digutenez: oiharbide, ojanguren, oyanederra>oรฑederra eta antzekoak ez zaizkigu arrotz Euskal Herriko mendenbaldean ere. Eta, berak ere, hara, hartzen du mendi adiera ekialdeko eskualde batzuetan, hala baitio, antza, Duvoisinek berak, Aezkoa eta Zaraitzu ibarrei buruz: (cf. Duv: โ€œdans une partie de la Haute-Navarre, oian signifie montagne et boisโ€). Mendia eta basoa izan zitekeen, antza, eskualde horietan, oihan. Berriz ere, hedadura murritzak eragozten bide dio Hiztegi Orokorrean jasoa izatea. Baina jakingarria, nolanahi den ere.

Eta, beraz, nik honela osatuko nuke hiru hitz horien arteko erlazio-taula:

Mendi:

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)

3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua (zuhaiztuna edo zuhaitzik gabea)
Baso:

1 iz.ย Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea;

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)

3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua. (zuhaiztuna edo zuhaitzik gabea)
.
Oihan:

1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua.

2 iz. Baso guztiz handia eta basatia.
.
.
.
.
.

Foru-arau horretan, ostera, kirrinkatxo bat geratuko litzateke, hiztegi espezializatuaren bidez osatzekoa: izan ere, lehenengo letran, โ€œBai berez, bai aurretiaz erein edo landatu egin diralakoโ€ฆโ€ dioenez, ez zaio ondo egokitzen gure taulako 3. adiera (Gizakiak lantzen ez duen eremua) baitio. Eta, beraz, laugarren adiera bat emanez (basogintza erabil-eremuaren markarekin) aurkituko genioke konponbidea.

Osterantzean, aitortu behar dut ezen ikerketatxoa egin ostean begiratu dudala foru arau horren 6. artikuluko definizioa, eta nola iritzio diodan oso egokia, basogintzaren eremuko definizio horren koskatxo hori gorabehera. Zehaztasun txit handiz emana, duela jada 31 urte!!

Hizkuntza-teknologiak eta sedentarismo kognitiboa

Igone Zabala Unzalu

Adimen artifizialaren garapenak gizakion bizimoduari ekarriko dizkion onura eta arriskuei buruzko eztabaidan, bada gogoeta-ildo bat biziki interesgarria iruditzen zaidana, alegia, teknologien garapenak gure bizimodua erraztearekin batera dakarkigun gaitasun-galerarena. Ildo horretatik, Sigmanek eta Bilinkisek[1] diote egun teknologia berrien ondorioz funtsezko zenbait gaitasun galtzeko arriskua dugula gizakiok. Kontzentratzeko gaitasuna, irakurmena, hizkuntzaren erabilera egokia eta pentsamendu logiko-matematikoa kognizioaren oinarrizko zutabetzat hartzen dituzte, eta sedentarismo kognitibo deritzote kalkulu errazak egiteko, arreta mantentzeko edota problema zail bat ebatzi nahian denbora-tarte batez ahalegina egiteko gaitasuna galtzeari. Egun, teknologia berriek ataza ugari azkar eta ahalegin handirik gabe egiten laguntzen digute, baina ahalegin intelektuala eta adimena kitzikatzen duten jarduerak murrizteko arriskua ere badakarte. Hizkuntzaren erabilera egokia lantzeko garrantzitsua da ahalegin intelektual nabarmena eskatzen digun gogoeta metalinguistikoa.

Garbi dago euskara bezalako hizkuntza gutxituak teknologien garapenaren lasterketan atzean geratuz gero erabat handituko dela desagertzeko arriskua. Tresna digitalak solaskide ditugu gero eta gehiago, solaskide onak, gainera. Telefonoaren, tabletaren edota ordenagailuaren aplikazio gehienekin euskaraz aritu gaitezke egun. Lorpen izugarria da, dudarik gabe, baina zenbat euskaldunek egiten dute ahalegina lehenetsitako hizkuntza modura euskara jartzeko? Gure artean erabiltzen ditugun webgune, plataforma eta aplikazio gehienek gaztelania edo ingelesa eskaintzen digute lehenetsitako hizkuntza modura. Hartara, hizkuntza aldatzeko ahalegina egin behar dugu euskaraz aritu nahi dugun erabiltzaileok, baina nire ikasleen artean, adibidez, oso gutxi dira beren gailu eta aplikazioetan hizkuntza nola aldatu dakitenak, eta are gutxiago euskara lehenesteko ahalegina egiten dutenak. Lehenetsitako hizkuntza modura euskara agertuko balitzaigu beti, ziur naiz euskaldun gehienok ez genukeela hizkuntza aldatuko, eta euskara ulertzeko gauza ez direnek, aldiz, berehala bilatuko luketela interfazea edo aplikazioa ulertzen duten hizkuntza batean jartzeko modua.

Aspaldiko lankide batek ikasleei testuak eskuz idazteko eskatzen zien, ortografia-zuzentzailearen laguntzarik gabe testu zuzenak idazteko gaitasuna gara zezaten. Adituek diote eskuz idazteak eragina duela garapen kognitiboan eta motrizitatean, baita irakurmenaren jabekuntzan ere, baina, egun, adin batetik aurrera gehienetan ez du zentzurik testuak eskuz idazteak. Guk ikasleei zuzentzaile automatikoa beti aktibatuta izateko esaten diegu lehen egunetik, eta horren laguntza aprobetxatzeko, betiere proposamenekin kritiko izanda eta zuzentzailearen mugak ezagututa. Zuzentzaileak laguntzen digu zenbait akatsez ohartzen, baina, aldi berean, kritiko izan behar dugu egiten dizkigun proposamenekin, zenbaitetan gure testuingururako desegokiak baitira. Hortaz, zuzentzaile automatikoak gogoeta metalinguistikoa eskatzen diguten hizkuntza lantzeko laguntzaile onak direla esan daiteke. Hala eta guztiz ere, askotan ikusten ditugu ikasleak ordenagailu-gelan testu osoa gorriz azpimarratuta ari direla idazten, edota zuzentzailea aktibatu gabe idatzitako txostena bidaltzen digutela. Klik pare bat egiteko nagia eragiten dien sedentarismoa ote? Jadanik 30 urte bete dituen gure Xuxen maiteari buruz esan daitekeena da txiki-txikia dela oraindik, eta, webgunean besterik esaten bada ere, ez duela zuzentzen ez gramatika ez eta puntuazioa ere. Suposatzen dut interes edo finantzabide falta dagoela garapen ezaren atzean, baina uste dut erabat garatutako Xuxen laguntza paregabea izan zitekeela euskaldunen hizkuntza-ezagutza handitzeko.

Bitartean, sare neuronalek, hizkuntza-ereduek eta txatbotek aurrea hartu diote Xuxeni. Itzultzaile neuronalek laguntza paregabea ematen digute testu elebidunak sortzeko euskaldunok maiz izaten dugun lan nekezerako. Idatzi behar dugun gutun edo txosten hori euskaraz sor dezakegu lasai, eta beste hizkuntzetako bertsiorako itzultzaile neuronalen laguntza baliatu. Badakigu itzulpena ontzat emateko sakonki berrikusi behar dugula, baina orri zuriari aurre egitea baino askoz ere erosoago egiten zaigu. Gure ikasleek, aldiz, denetariko erabilera desegokiak egiten dituzte. Batzuek lanen bat egiteko ingelesez irakurri behar dituzten artikuluak itzultzaile neuronaletik pasa, eta ematen dien itzulpena erabiltzen dute zuzenean lana egiteko, ulertzeko ahalegin handirik egin gabe, askotan erabat kazkarra den itzulpena erabiliz. Beste batzuek itzultzaile neuronalera jotzen dute hitz baten ordaina bilatzeko, hiztegietara jo beharrean, euskarazko testu bat idazten edo berrikusten ari diren bitartean. Edota, testua idatzi ahala, euskaraz pentsatzeko zaila egiten zaien esaldiren bat erdaraz pentsatu eta itzultzailetik pasatzen dute euskaratzeko. Ez bakarrik ikasleek, irakasleek eta administrazio-langileek ere gero eta gehiago jotzen dute itzultzaile neuronalera euskaraz eman behar duten dokumentua, irakasmateriala edo artikulua euskaratzeko. Jakina, horrelako erabiltzaileek gehienetan beren kabuz idatziko luketena baino testu zuzenagoa lortzen dute itzultzaileari esker, baina askotan ez dute gaitasunik itzultzailearen emaitza berrikusteko, eta ontzat ematen dituzte ikuspuntu semantiko-pragmatiko eta diskurtsibotik erabat okerrak diren testuak. Irakurmena, pentsamendu kritikoa eta hizkuntza-erabilera egokirako gaitasunak erabiltzeari eta garatzeari uzten diote horiek guztiek, eta horrela nekez egingo dute aurrera euskararen ezagutzan.

Txatbotak lan akademikoak edo azterketak egiteko erabiltzea sedentarismo kognitiborako urrats kualitatiboa da, ezer irakurri, ulertu, pentsatu eta ekoitzi gabe testu koherente, zuzena eta egokia lortzeko aukera ematen baitute. Nolanahi ere, hizkuntza-ereduetan oinarritutako teknologiek, egokiro erabiliz gero, hizkuntza-gaitasuna garatzen ere lagundu dezakete. Testuak laburtzen, sinplifikatzen edota testu-generoa eta erregistroa aldatzen ere laguntzen digute, betiere instrukzio egokiak ematen badizkiegu.

Ariketa txiki bat egin dut Xuxenek eta ChatGPTk testuak zuzentzeko duten gaitasuna alderatzeko. Hasteko, testu labur hau kargatu dut onlineko Xuxenen:

Zenbait emakumeek ez diete bularrarik ematen haurrari, nahi ez dutelako edo bestelako arrazoien bat eraginda. Esne-artifiziala ez da amarena bezain osatua, baina elikagai egokia da, beraz, lasai egon daitezke.

Bi akats identifikatu ditu Xuxenek: bularrarik -> bularrik ortografia-akatsa dela dio, eta esne-artifiziala hiztegian ez daukala. Ez du zuzendu ez gramatika, ez puntuazioa, ez ortotipografia ere, eta zuzendu dituen bi akatsen diagnosia ere ez du ondo egin.

Ondoren, doako ChatGPTren bertsio batean kargatu dut testua, eta eskatu diot zuzentzeko eta zuzendutakoak zerrendatzeko. Hona hemen haren erantzuna:

Erabat zuzendu du testua, azalpenak nahiko traketsak badira ere. Gogoeta metalinguistikoa sustatzeko ariketa egokia izan daiteke ikasleei eskatzea horrelako zuzenketetatik abiatuta diagnosiak eta azalpenak findu ditzaten, edota posible diren beste aukera zuzen batzuk proposa ditzaten. Espero izatekoa da laster horrelako zuzentzaileak integratuta edukiko ditugula gure gailuetan.

Hiztegiak eta corpusak, aldiz, gero eta gutxiago baliatuko dituzte erabiltzaile arruntek, emaitzak interpretatzeko askoz ere ahalegin kognitibo handiagoa egin behar baita. Hortaz, itzultzaileek, zuzentzaileek eta hizkuntzalariek baino ez ditugu erabiliko gure jakin-mina asetzeko edota ikerketak egiteko. Gainerakoan, erabiltzaile arruntei ahaleginik txikiena eskatzen dieten aplikazio interaktiboak garatzeko erabiliko dituzte corpus eta hiztegietako datuak hizkuntza-teknologietako adituek. Testu akademikoak egokiro sortzeko, ordea, kalitatezko testu akademikoekin entrenatu behar dira hizkuntza-ereduak, eta testu horiek alorrez alorreko ezagutza semantiko-pragmatikoa duten adituek baino ezin dituzte sortu. Hortaz, gurpil zoroan behin betiko ez katramilatzeko, nahitaezkoa da adituak sedentarismo kognitiboan harrapatuta ez geratzea, eta gero eta kalitate handiagoko testu akademikoak idaztea.


[1] Mariano Sigman eta Santiago Bilinkis (2023) Artificial. La nueva inteligencia y el contorno de lo humano. Bartzelona: Debate.