Poema bat horman

Oskar Arana Ibabe

Teoriarako adimen kamuts honekin etsirik, edo arazo teknikoei buruz konponbide teknikoen bila hasita eskainiko nukeen emaitzaren murritzak lotsaturik, zertaz ariko eta pasadizo bat kontatzea otu zait, testu bat ingelesetik euskarara itzultzeko gogo bizia eragin zidana. Aurrerago, beharbada, beste aleren batean, ausartuko naiz teoriaren edo teknikaren ur handietan murgiltzera… arnasa laburrekoa naiz, ordea, eta litekeena, oso, saiatu eta otarra hutsik lehorreratzea.

Hiri handi batean oporretan, itzuli izan ditudan hainbat kontakizunen gertalekua ezagutu nahirik, egonaldi labur samar baina oparoa amaitu eta atzenengo egunean, pasieran joan nintzen auzo lasai eta gozoan zehar. Poz handia neraman bihotzean, hamaika kontakizunen gertalekua bertatik bertara ikusi berria, irudimena bor-bor, pertsonaia asko eta askoren ahots ordura arte irakurriz irudikatuak kalean entzuten nituen gizon-emakumeen ahoetan ipiniz, bihotza irribarrez.

Kaleak eta etorbideak bat egiten zuten izkinan eskuinera jo eta han agertu zitzaidan begien aurrean, horma batean dotore idatzita, poema bat, eta geratu egin nintzen irakurtzera. Eta irakurri ostean, hunkiturik, argazki bat atera nion. Gizon beltz bat zegoen horma barrenean eserita, gaztea, itxura abailduarekin. Baimena eskatu nion, horma berea izan ez  arren, poemari argazkia ateratzeko. Han zegoen eserita, horma beteko poemaren sinadura balitz bezala. Irribarre egin zuen nola hunkitu nintzen ikusirik. Ez zen bera egilea izango, ez poemarena, ez grafiti bitxiarena, baina egokia izan zen baimena eskatzea. Geureganatu egiten ditugu espazioak, eta hura ez zen, inondik inora, neurea.

Honako hau zen poema, eta honela itzuli nuen:

Harrabots eta lehien artean, zoaz lasai,
eta gogoratu zer bake izan behar duen isiltasunean.
Ahal duzun neurrian eta etsi gabe,
onean izan pertsona guzti-guztiekin.
Esan zure egia lasai eta argi,
eta entzun besteei,
are aspergarriei eta ezjakinenei ere;
haiek ere badute beren istorioa.
Ez ibili pertsona zaratatsu eta erasokorrekin,
ernegagarri zaizkio espirituari.
Zeure burua besteekin alderatuz gero,
litekeena da harroputz eta mikatz bihurtzea;
zeren eta beti izango baita
zu baino gehiago edo gutxiago denik.
Gozatu zure lorpenez,
eta berdin zure asmoez.
Zaindu  arretaz zure karrera,
zein ere den apala,
ondasuna baita denboraren zori aldakorretan.
Ibili zuhur zure negozioetan,
mundua amarrukeriaz beterik baitago,
baina ez diezazula horrek ezkuta zer den egiaz bertutea:
pertsona askok borrokan egiten du ideal handien alde,
eta, nonahi ere, bizitza heroismoz beterik dago.
Izan zu zeu.
Batez ere, ez egin maitasun itxurarik.
Ez izan inoiz zinikoa maitasuna dela eta,
zeren eta, idortasun eta desengainu ororen aurrean,
belarra bera bezain betierekoa baita.
Onartu goxoki urteen aholkua,
duintasunarekin etsiz gaztetasunaren dohainak uztera.
Elikatu espirituaren indarra,
zorigaiztoak bat-batean jotzen duenean zeure burua babesteko.
Baina ez zaitezela atsekabetu gogoeta ilunekin;
beldur asko akiduratik eta bakardatetik sortzen dira.
Diziplina bertutetsuaren gainetik,
izan bihozbera zeure buruarekin.
Unibertsoaren umea zara,
ez zuhaitzak eta izarrak baino neurri txikiagoan;
baduzu hemen egoteko eskubidea,
eta, zuk argi ikusi edo ez,
unibertsoa behar lukeen bezala ari zaigu agertzen.
Hala bada, egon bakean Jainkoarekin,
zein ere den Hari buruz duzun ideia,
eta, zure langintzak eta asmoak direnak direla,
egon bakean zure arimarekin bizitzako anabasa zaratatsuaren erdian.
Bere iruzur, neke eta amets hautsi eta guzti ere,
mundua ederra da.
Izan alaia.
Saiatu zoriontsu izaten.

 

Go placidly amid the noise and haste,
and remember what peace there may be in silence.
As far as possible without surrender
be on good terms with all persons.
Speak your truth quietly and clearly;
and listen to others,
even the dull and the ignorant;
they too have their story.
Avoid loud and aggressive persons,
they are vexations for the spirit.
If you compare yourself with others
You may become vain and bitter;
for always there will be greater and lesser persons than yourself.
Enjoy your achievements as well as your plans.
Keep interested in your own career, however humble.
it is a real possession in the changing fortunes of time.
Exercise caution in your business afairs;
For the world is full of trickery.
But let this not blind you to what virtue is:
Many persons strive for high ideals;
and everywher life is full of heroism.
Be yourself.
Especially, do not feign affection.
Neither be cynical about love;
for in the face of all aridity and disenchantment
It is as perennial as the grass.
Take kindly the counsel of the years,
gracefully surrendering the things of youth.
Nurture strength of spirit to shield you in sudden misfortune.
But do not distress yourself with dark imaginings.
Many fears are born of fatigue and loneliness.
Beyond a wholesome discipline,
Be gentle with yourself.
You are a child of the universe,
no less than the trees and the stars;
you have a right to be here
And whether or not it is clear to you,
no doubt the universe is unfolding as it should.
Therefore be at peace with God.
whatever you conceive Him to be,
and whatever your labors and aspirations,
in the noisy confusion of life keep peace with your soul.
With all its sham, drudgery, and broken dreams,
it is still a beautiful world.
Be cheerful.
Strive to be happy.

 

Googleri galdetu eta jakin nuen Desiderata duela izena poemak, eta Max Ehrmann legelaria izan zela egilea (1872-1945, Terre Haute, Indiana, AEB). 1920. urtearen inguruan idatzi omen zuen, eta 1927an onarrarazi egile-eskubideak. Frederick Kates izeneko abadeak bere eliztarrentzako poesia inspirazionalen bilduma batean (nork bere buruari laguntzeko liburuen tankerakoa, nonbait) jaso omen zuen, 1959an, baina hainbeste zabaldu omen zen Baltimoreko Old St. Paul’s Church hartatik hasita, non, 1970. urtearen azken aldera, astean 40 bat lagunek galdetzen omen baitzuten elizan poema hura norena zen.

Oporretako atzenenego egun hartan Brooklynen pasieran egitera bultzatu ninduen haize hark bultzatu du nire gogoa poesia hau itzuli eta hemen agertzera, agerkari honetan irakurritako zenbait artikuluren aztarnari jarraituz, aztarna horiek gogoan ereindako zenbait galdera eta gogoetaren bidezidorretik: poema bat aurkitu nuen horma batean goxoki idatzia, desiderata izenekoa; euskaraz aurkitu nahiko nukeen, hori edo beste bat, euskaraz bizi den komunitate linguistiko sendo baten herrialdean, auzo bateko horma batean. Zeren inguruan sendotzen dira komunitate linguistikoak, garai batean meza ostean elizako atartean euskara hutsez berriketan egitera biltzen ziren euskaldunen tankeran?

Gogora etorri zait, orobat, ez bainaiz poesia itzultzen trebatua, Gerardo Markuletak joan den udan Eibarren Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik poesia itzultzeaz emandako hitzaldia. Orduan entzundakoak ahaztu samarrik, hartara jarrita beste ezer gabe ausartu naiz lantxo hau egitera. Baina bai langintza zaila, poesia itzultzea; bai langintza zaila gurea, itzultzaileona, bakardade osoan aritzeko.

Gogoan izan dut, orobat, zein itzulpen ederrak egin ahal izango liratekeen talde-lanean, zenbat eztabaida, azterketa eta ikerketa sor litezkeen hemengo hau bezalako lan soil baten haritik, hainbat lagunen artean lan egitera. Gogora etorri zait “Elizen arteko Biblia” lana ere, eta gure itzulpengintzaren historian atzeragokoak, beharbada lagun bakar batek itzulita baina hainbaten eta hainbaten zuzenketa eta gomendioak jaso ostean jendarteratuak… Eta nola trinkotuko zen gure komunitate linguistikoa testu haien inguruan…

Literatur itzulpena zergatik zaidan handi, eder, ezinbesteko, bizigarri, hunkigarri azaltzeko ere balio lezake lekukotza honek.

Geure buruari esateko MEREZI DU, jarrai dezagun euskarazko literatur testu hunkigarriak ekoizten, denon artean, egongo da eta irakurlerik (egongo da, bai, Iñigo), haizea lagun gogoa elikatzera pasieran aterako denik liburu, kontakizun eta poesien karriketan barrena!

Etxetik botatzetik etxegabetzera

Iratxe Goikoetxea Langarika

Alfontso Mujikak, bere azken artikuluan, «Gipuzkoan hiru etxe-kaleratze ematen dira egunero» esaldiaz galdetu zigun. Eman horrek ez ote zigun kirrinka egiten. Niri bai. Baina ez dut uste arazoa huts-hutsean semantikoa denik: aditzak izentzen ditugunean, zulo bat uzten dugu esaldian, eta zulo hori betetzeko izan, gertatu eta aditz gutxi gehiago ditugu euskaraz. Horrek ekarri du emanen zabalkunde arrotz hori.

Beraz, egin dezagun pauso bat atzera adibideko esaldian, aditz zulorik utzi barik:

Gipuzkoan hiru etxe kaleratzen dira egunero.

Ez dirudi oso txukuna. Beste pauso bat:

Gipuzkoan hiru familia kaleratzen dira egunero (etxetik).

Edo are normalago: «hiru familia botatzen dituzte etxetik», «hiru familiari kentzen diete etxea»…

Lehengoan, hain zuzen, bankuen ekintza horrekin lotura zuzena duen berba bat ekarri zuen Maite Goñik Gaurko hitza blogera: etxegabetu (es desahuciar, fr chasser, en to dismiss). EITBko albistegietan hitz horren bultzatzaile izan garen aldetik, egin duen bidea kontatu nahi dut hemen.

Desahucioak noizbehinkako albiste zirenean, «etxetik bota», «etxea kendu» eta halakoak esanda konpontzen ginen albistegietan. Ugaritu ahala, baina, esapide zehatzago baten premia sortu zitzaigun. Esaterako, Stop Desahucios plataformaren izena aipatzeko. Izen deskribatzailea duten beste hainbat elkarte eta erakunderekin egiten dugun bezala, euskaraz bateatu genuen albistegietan: Stop Kaleratzeak. Gero, elkarteak berak ere bide horretatik jo zuen, eta Kaleratzeak Stop Desahucios izena darabil orain.

Kaleratze hitzak, ordea, bazeukan bainatxo bat: lanetik botatzeko ekintzarako erabiltzen da. Eta albistegiak kaleratzez betetzen hasi zitzaizkigun. Ondorioz, beste esateko modu bat behar genuen, ahal zela, berba bakarrekoa eta entzunaz batera ulertu eta identifikatzeko modukoa. Zuzenbide hizkerako utzarazpenek ez zituen baldintzok betetzen. Eta desjabetu aditzak, tentagarria bazen ere, bestelako esparrua du (administrazio prozedura bati dagokio).

Zelan esango, eta, etxegabe berbaren haritik, etxegabetu esatea bururatu zitzaigun. Interneten arakatuta, ikusi genuen Herria astekariak erabili izan duela, hondamendietan etxea galdutakoak aipatzeko:

200.000ko bat hil hain segur, eta miliun bat eterdi etxegabetu, kolpatuak ezin ohatuak hango zortzi ospitaletan (…). Herria, 2010-01-28.

Hiztegietan ez dago jasota, baina Ereduzko Prosan Sarrionaindiaren eta Pako Aristiren adibide bana daude, ‘etxetik bota’ edo ‘etxea galdu’ adiera zabalean.

Halaxe, guretzat praktikoa eta edozein belarrirentzat ulergarria zelakoan, etxegabetu aditzaren alde egin genuen EITBko albistegietan. Eta badirudi bidea egiten hasi dela.

Berbak eta esanahiak uste baino bizkorrago garatzen dira askotan. Bitxia iruditu zait…

  • Kaleratu berbaren egungo adiera nagusia berria izatea. ‘Lanetik edo beste nonbaitetik kanporatu’ esangura ez dago jasota OEHn.

  • Etxegabe hitza oraindik jaso barik edukitzea Elhuyar eta Labayru hiztegiek. Badira hogeitaka urte hasi ginela erabiltzen bizilekurik ez duten pertsonak aipatzeko, eskale, arlote eta antzeko berba markatuen alternatiba modura. Hiztegi Batuak badakar, baita Zehazkik eta Wikipediak ere (oso artikulu luzea, gainera).

Zuzentzailea Mac eta Docs-en

Eneko Bidegain

Informatikak zuzen idaztea asko errazten digu. Zuzentzaile ortografiko automatikoei esker, berrirakurketa lana arinagoa eta ziurragoa da. Eta euskaraz ere aukera hori daukagu. Beste kontu bat da idazten ari garenean gogoratzea ezarpenetan hizkuntza aukeratu behar dela; eta beste bat zuzentzaileari kasu egitea. Onartezinak dira testu tratamenduekin idatzitako testuetan agertzen diren ortografia huts asko. Noski, “haurra”-ren ordez “ahurra” idatzi duena ez da ohartuko huts bat egin duela (ez badaki edo ez badu berak berriz irakurri), baina beste huts asko saihestu daiteke. Ikasleei garbi erran diet ez dudala onartuko Xuxen-ek pasatzen utziko ez lituzketen hutsez betetako idazlanik. Kazetari batek ez dezake artikulurik bukatutzat jo Xuxen pasa gabe. Hori oso garbi adierazten ziguten Berria egunkarian. Idazle bati ere komeni zaio zuzentzaile ortografikoaren laguntzarekin lan egitea, argitaletxeari zuzenketen fasean alferrikako lana aurrezteko eta argitaletxeko zuzentzailearen lana zuzenketa sakonago eta zorrotzagora bideratzeko.

Baina Google Docs-en edo Mac ordenagailuko Word testu tratamenduan testu bat idazten duenak ezin du zuzenketa automatikorik egin. Google Docs-en ez daiteke euskara aukeratu hizkuntza gisa, beraz euskaraz gaizki idatzitakoa ez du detektatzen. Apple-ren kasuan, oker ez banago, Xuxen bertsiorik ez da egin 2004tik hona. Ez dakit noren esku dagoen egoera hori zuzentzea, baina euskarazko zuzentzaileak tresna guztietan egon behar du eskuragarri eta erabilgarri, euskararen bazterketa areagotu nahi ez badugu.

Euskalgauza

Iñaki Segurola

Joan den hilean gure ikerlanen deskubrimentutxo baten berri eman genuen: funtsean, hiztun ‘hitz egiten duena’ den gisa berean (eta jostun ‘josten duena’, etab.), euskaldun ere ‘euskara(z) egiten duena’ dela, eta ez ‘euskara duena’. Horixe dela, hots, hitz horien eta beste batzuen zuztarra eta sehaska.

Baina sehaska utzi, oinez hasi, bide luzea egin eta halamoduzko lagunarteetan sartu ohi dira hitzak, esanaren edo esan-beharraren agindura. Esan-beharra, hemen, errealitatea da, kultura da, gizartea da; hau da, izendatu beharra, eta hor kultura nagusiek agintzen dute gogotik; haiek sortzen dituzte izendakizun berrietarik asko eta asko. Kultura nagusiek diote basque/vasco, eta horrek itzulpenera garamatza. Basque/vasco itzulkizun hori euskal moduan eman da gehienbat euskara kulturazkoan (euzko(tar) eta Etxepareren basko hura urrutitxo gelditu dira). Euskal hori kasik esan liteke hizkuntza idatzian (izenaren aurretik doan!!) izenondo bihurtuz joan dela, basque/vasco hori hitz bakarrean itzuli beharrak bortxaturik bezala. (Artetik esan beharra dago iparraldean euskaldun erabili izan dela hegoaldean euskal erabili den kontestu askotan.)

Basque/vasco hori itzuli beharrak ekarri du, gehienbat XIX. mendetik aurrera, euskal(dun) hitz hori aplikatzea hizkuntzarekin zuzenean deus ikustekorik ez duten gauzei (adib. Arrese Beitia euskal oiturak, Elizanburu eskualdun arbola, eta abar azkengabe bat gaurdainokoan). Eta horra nola gelditu zaigun euskal(dun) hitz hori itzulkin txepel bihurturik lautik hirutan, eta zinez zer diogun ez dakigularik euskal(dun) diogun bakoitzean. Ustez badakigula, baina zinez ez dakigula. Hots: zinez ez dakigularik “euskaldunak”, “euskal jendea” edo “euskalgauzak” zer diren edo garen, baina bageneki bezala bizi garelarik. Horra hitzen bidea, sehaskako argixintatik zahardadeko ilunbistaraino. (Bidenabar: zer garen —edo “gure gauzak” zer diren— ez jakite hori hagitz gauza humanoa da, humanoegia agian; goitik, ideietatik edo boteretik zer diren/garen finkatzea ere ez da gutxiago humanoa; bien —goi-beheen— arteko borrokak bizi gaitu.)

Esan dugu XIX. mendean hasten dela euskal(dun) hizkuntzarekin zuzenean zerikusirik ez duten zerei aplikatzen. Ederki. Eta orduan zer gertatzen da euskal herri-rekin? Herri-k zuzenean al du zerikusia hizkuntzarekin? Badirudi ezetz, ezta? Eta orduan?

Ba, orduan, herri-ri heldu beharko genioke, eta halaxe egingo dugu hurrengo batean, bihotz-belarriak lagun harturik.

Gipuzkoan hiru etxe-kaleratze ematen dira egunero

Alfontso Mujika Etxeberria

Urriaren 16ko berria zen izenburuan ageri den hori. Baina ez dagokio noski idazkitxo honen mamia egunero inguruan dugun errealitate lazgarri horri. Izenburuak atentzioa eman badizu (atentzio “linguistikoa”), kirrinka egin badizu burmuinean, ez duzu beharrik hemendik aurrerakoa irakurtzeko, “txertatuta” zaude eta. Izenburua lasai antzean irakurri baduzu, berriz…

2000. urteko martxoan amaitu zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batua. 12 urte igaro dira geroztik. Eta urte gehiago dira, 15 bat, Hiztegi Batuko E letra kaleratu zuenetik. Letra horretan, debeku esplizitu bat ageri da eman sarreran:

eman 1, ematen. du ad.: zortzi urte eman nituen horretan; tontoa ematen du; irakurtzeari oso emana da; eman dezagun horrela dela. (*neska-mutikoen artean ematen diren liskarrak e. neska-mutikoen artean gertatzen diren liskarrak.)

Duela 15 bat urte, beraz, debekatu zuen euskararen erakunde arauemaileak eman aditzaren adiera arrotz hori, ordurako aski zabaldua eta detektatua zegoen seinale.

Adiera arrotz horren jatorria gaztelanian dago, jakina. Real Academia Españolaren hiztegian (DRAE), sarrerarik oparoenetakoa da dar aditza, adiera-kopuruari dagokionez: 53 adiera. Lehenengo 30etan, aditz iragankorra da; hurrengo 17etan, iragangaitza; eta azken 6etan, pronominala. Azken sail horretan, 49. adieran, hau dugu:

49. prnl. Dicho de una cosa: Suceder, existir, determinar. Se da el caso. En circunstancias dadas.

Gaztelaniaren adiera hori kalkaturik ateratzen dira euskaraz goiko izenburukoa bezalakoak (…y evitar más situaciones precarias y lamentables como las que se dan diariamente en nuestro país; …en particular durante la estación de lluvias, se dan casos aislados de dengue…). Aipatzekoa da producir aditzak ere baduela ocurrir, tener lugar esanahia ere (DRAEk aldaera pronominalik aitortzen ez badio ere, beste hiztegi batzuek bai: el atraco se produjo a las nueve de la mañana; recordó que cada día en España se producen 532 desahucios), baina ez dela adiera hori kalkatu euskarara produzitu edo ekoitzi aditzekin.

Ez dut uste hainbeste zehaztea behar denik, baina badaezpada: dar erdal aditz pronominalaren adiera hori eman aditzera ekartzea da kalko gaiztoa, eta ez besterik (Lanbidetik jasotako datuen arabera azken hiru hilabetekoan *eman da 2011ko langabezia tasa bajuena / Infekzio hau gorputzean *ematen da eta odolaren bidez hezurrera ailegatzen da / Gazte denboran, emakumearen gorputzaren aldaketak *ematen dira). Alegia, ematen da gisakoak guztiz zuzenak dira perpaus inpertsonaletan (Aholkuak eman dira gutxiago kontsumitzen laguntzeko. / Nola ematen da betirako oroitzeko moduko muxua? / Nazioarteak gomendatu baino odol gehiago ematen da Euskal Herrian).

Erdal dar aditzak duen adiera hori ez du eman aditzak, ez behintzat tradizioan. Orotariko Euskal Hiztegiak 12 adiera esleitzen dio eman aditzari, baina hura ez. Bestalde, XX. mendeko corpus estatistikoa arakatuta, eman aditzaren kalko hori ez da ageri 1979 baino lehen. Alegia, esan genezake azken 30-32 urteotako kontua dela. Eta, gorago adierazi den bezala, badira 15 urte debekatu zuela Euskaltzaindiak adiera hori.

Eta nola dugu auzia gaur egun? Zoritxarrez, ez dirudi azken 15 urteotan Euskaltzaindiaren debekuak oihartzun handirik izan duenik. Google bilatzaileak ematen du lehen froga: “ematen da” eskatuta, lehen orrialdean agertzen diren 10 agerraldietatik 5etan itzuli dit kalko gaiztoa (1, 2, 3, 4, 5). Dozenaka, zientoka daude sarean, milaka. Beti esan ohi dugun bezala, denetarik dago sarean, sarea ez da erabiltzaile kualifikatuen esparrua, edozeinek edozer idatz dezake. Bai, ados, baina balio kuantitatiboa behintzat ezin ukatuko diogu.

Har dezagun sokaren beste muturra. Ereduzko prosa corpusa, edo Berrian edo Argian idazten duten euskal idazle eta itzultzaile onen testuak. Euskal lumarik onenetariko batzuen testuetan aurkituko ditugu eman —jada ez dakit oraindik gaizto edo, besterik gabe, berri izendatu behar diren— horietako batzuk bikain idatzitako testuetan: Koldo Izagirre, Andoni Egaña, Iñaki Mendiguren, Jon Alonso, Pako Aristi, Pello Zabala, Emilio Lopez Adan, Joxe Azurmendi… Ez dira edozein, eta ez dira ezeren susmagarri, ezta?

Hiztegiek erabilera jaso behar dute. Ez erabilera berri-berria, baina bai erabilera hedatu eta finkatua. Bukatua da hiztegi arauemaileen aroa. Hala behar luke, behintzat. Gaur erabilera-hiztegi bat egin beharko bagenu, zorionez eskura ditugun corpus eta baliabide informatikoek emandako datu-multzo erraldoia aurrean dugula, zer egin behar luke hiztegigileak? Zilegitu eman aditzaren adiera berria, eta hiztegiratu? Itxaron eta baztertzen jarraitu? Zenbat urtez utzi behar da ontzen erabileraren upelean kalko bat mahaira beldurrik gabe atera baino lehen? Edo, bestela galdetuta, zenbat urte pasatu behar du kalko batek infernuan purgatoriora —baldin purgatoriorik bada— igaro aurretik? Ala ez dago igarobiderik?

Batzuek esango luketen moduan, inoiz emango al da aldaketa hori?

Erabili edo erabili: testuinguruaren garrantzia

Bego Montorio Uribarren

Blog honen asmoak azaltzen diren atalean, hauxe irakur dezakegu lehen puntuan: «EIZIEk jarri du abian blog hau, egunero euskararen erabilerari buruzko testu bat argitaratzeko…». Esanahi jakin bat du hor erabilera hitzak, eta esango nuke blogkide guztiok argi izan dugula zein den, idatziz zein ahoz euskara darabilgunean sortzen zaizkigun gogoeta eta kezkak ekarri baititugu gune honetara.

San Telmon zabaldu  berri den Badu bada erakusketak ere euskara erabiltzen du, euskara du mami eta funts, euskara darabil euskarari buruz pentsarazteko, euskara mundura zabaltzen laguntzeko, euskara entzun, idatz, uki, ikas, transmiti… dezagun bultzatzeko.

Baina itzultzaileok ondo baino hobeto dakigu testuinguruak dena aldaraz dezakeela, testuingururik gabe ezinezkoa dela itzulpen egoki bat ematea, hiztegietan jasota dauden eta ez dauden beste adiera batzuk har ditzaketela hitzek.

Eta hala, euskara erabiltzea leporatu die EJko Kultura sailak Donostiako Udalari eta San Telmo museoari: «Gure irudipena da gaia euskara denez haiek bakarrik agertu nahi dutela» (Kultura sailburuordearen hitzak). Eta euskara eta euskarari buruzko Badu bada erakusketa erabili du sailak Museoarekin hitzartutako laguntzaren erdia ez emateko.

Substantibo eta aditz bera agertzen dira kasu guztietan, baina denok ulertu dugu oso gauza desberdinez dihardutela, zinez desberdinak. Orotariko Euskal Hiztegian begira jardun dut, eta han agertzen diren adibide ugarien artean, bakan batek baino ez du jasotzen arduradun politikoek eman diotenaren antzeko zentzua; hori azaltzeko gutxitan erabili delako seinale.

Nolanahi ere, hitzek ez dute ezeren errurik; bizi dugun errealitatea izendatu eta azaltzeko behar ditugu eta horretara egokitzen ditugu, beraz, ea lortzen dugun errealitatea aldatzea eta euskararen erabilera diogunean, testuingurua testuinguru, adiera bera hartzea denok gogoan, erabili horren adiera batek ez ditzan gainerako adiera eta jardunak trabatu. Euskara erabiltzen jarraituko dut, jakina, nire moduetan, eta, seguruen, badubadatzen ere ikasiko dut.

Hizkuntza artekaritza

Asier Larrinaga Larrazabal

Asko gustatu zait berriki Vicenzako Goi Eskolaren esku-orri batean irakurri dudana. Goi Eskola horretan ematen duten graduari Scienze della Mediazione Linguistica deritzo —alegia, Hizkuntza Artekaritzaren Zientziak—, eta itzultzaileak eta interpreteak prestatzen dituzte.

Beharbada, errazago irudikatzen ditugu artekari modura interpreteak, baina itzultzaileak ere bitarteko dira, zubigile, elkarganatzaile. Hobeto esanda, hala izan beharko lukete, zeren denak ez dira. Itzultzaile batzuek jatorriari egiten diote huts. Ur handitan sartu barik, ziur naiz behin edo behin «ur freskoa» harrapatuko zenutela dokumentalen batean edo artikuluren batean, eta irri egingo zenutela jatorriz «fresh water» zela konturatuta.

Beste itzultzaile batzuek xedeari egiten diote huts. Testu zailak sortzen dituzte, ilunak, xede-hizkuntzaren usain oso gutxi dutenak. Larria iruditzen zait. Halako testuak ez dira ezertarako ere, hartzailea ernegarazteko ez bada.

Itzulpengintzaren prestigioari komeni zaion baino sarriago, euskarazko testu baten aurrean, jatorrizkoa igartzeko ahalegin titanikoan aurkitu dut neure burua. Eroskiren zuku-ontzietan «kontzentratuz bestelakoarekin egindako sagar zukua» dio. Non zegoen itzultzaile-artekaria? Zer zubi egin nahi zidan? Eskerrak kasu honetan, gaztelaniazko bertsioa ondoan eduki barik ere, badakidan lehenagotik testu horrek zer eman nahi duen aditzera. Zoritxarrez, badira itzulpen mila bider okerragoak.

Imitazioa

Iñigo Roque Eguzkitza

Ez dira gutxi gaur egun tiraderetan gordeta, ezin argira aterata, dauden itzulpenak. Eta lehenagoko denboretan ere ez ziren gutxi izango. Bartleby izkiriatzailearen hegalean, esaterako, editoreak gaztigatzen zigun Juan Garzia Salman Rushdie-ren Midnight´s Children euskaratzen ari zela, baina jaio gabe geratu ziren ume horiek. Juani galde eginda, txokoren baten zirriborroren bat egongo zela erantzun dit. Eta zenbat halako?

Silvain Pouvreau-ren Iesusen imitazionea (1669) dugu horien arteko. Seguruena euskaraz helduaroan ikasitako lehenbiziko euskal idazlea dukegu Pouvreau, eta idazle emankorra izan zen, baiki, baina liburu hura inprentara eman gabe geratu zen. Lan ehoak egin beharko zituen, alajaina, Imitazioaren bost liburuak euskaratzen.

Liburuak, ordea, ez zuen askorik itxaron behar izan euskaraz jantzita ateratzeko: 1684an, Aranbilaga Ahetzeko apaizak argitaratu baitzuen bere Jesu Kristoren imitazionea. Aranbilagak hirugarren eta laugarren liburuak baizik ez zituen itzuli, hala ere, obra osoa euskaratzeko asmoa agertu zuen arren.

Liburuak, beraz, apur bat gehiago itxaron behar izan zuen osorik euskaraz agertzeko, baina ez hainbeste urte, 1720an Mixel Xuriok bete baitzuen egiteko hori. Geroztik, izan dira beste bertsio batzuk: Martin Maister (Jesü-Kristen imitazionia, 1757), Frai Jose Kruz Etxeberria (Jesusen Imitacioco edo Berari jarraitcen eracusten duen liburuba, 1829), Duvoisin kapitaina (Jesu-Kristoren imitazionea, 1896), Leon Leon (Jesu-Kristoren imitazionea, 1929). Kontu egin Bibliaren ondoren Tomas Kempiskoaren (1380-1471) liburu honek beste ezein liburu katolikok baino zabalkunde handiagoa izan duela.

XX. mendearen hasieran, Donibane Lohizuneko Poxelu liburuzain ezagunak oraindik ez zuen Pouvreauren lanaren berri, nonbait, 1896n honela mintzo baitzen Euskal-Erria aldizkarian:

1720ean Murde Chourio, Donibane-Loitzuneko erretorak, leenbiziko aldikotz eskuarat itzuli izan zuen Jesu-Kristoren Imitazionea.

Kontuak kontu, Aranbilagak ere ez zuen Pouvreauren lanaren berri izan, Gaspard de Prielle Baionako apezpikuari egindako eskaintzan adierazi bezala. Laster ikusiko dugunez, ez zuen kalterako izango Pouvreauren erreferentzia izatea.

Ene jauna,

Jesu Kristoren bizitzearen Imitazionea haiñ nezesarioa bada Gurutzearen eta Ebanjelioaren Ume egiaskoentzat, non hetarik eziñ dispensa baititeke giristiñotasunaren izenari ukho egin gabe; hetako erregela ederrak ematen dituen liburu hau esta egundaiño izatu gure Eskaran orai arteraiño; denbora luzez nigar egiteko arrazoiñ handia izan dut Iaundoni Iauni Ebanjelistarekiñ ikhusteaz nihor eziñ ausarta zeitekela liburu hunen idekitzerat; beldurtasuna banuen entreprenitzeaz Eskuarat ematea ene aitziñeko eta ene denborako zuhurrek herabe zutenaz; baiñan nola espaita zilegi egiñ bidesko gauzetan bere indarrak konsultatzea, zure Ziburuko Elizan dudan Sakramenduen administratzeko arthak inspiratu darot haren pobluari zor nioela liburu bat haren hiskuntzarat ematea…

Azkenik, jostagarri gisa, liburuko pasarte bat aldatu dizuet hona (3. lib., 5.2 kap.), bi itzultzaileen lanak alderatzeko. Amodioan flako izatearen kalteez dihardu pasarteak (bixigarriren bat izan dezan zuentzat):

Pouvreau

Baina zeren oraino flako bainaiz amudioan eta eskas bertutean: hargatik beharra dut bortitz eta konsola nazazu.

Bisita nazazu bada maiz eta dotrina nazazu zure dotrina sainduez.

Libra nazazu pasione gaixtoetarik eta senda zazu ene bihotza afekzione desordenatu guzietarik, arren barrenean sendaturik eta ongi garbiturik egin nadin gai eta baso maitatzeko, bortitz pairatzeko, finko eta fermu irauteko.

Aranbilaga

Baiñan nola oraiño amudioan flako eta bertutean inperfekt bañais, badut beharra nezesarioki borthitz eta konsola nazazun, hargatik mais bisita; eta zure zuhurtzia sainduas argi nazazu.

Ene pasione guzietarik libra nazazu, eta afekzione erregelatu estirenetarik senda nazazu, ondoan barnean sendaturik eta ungi purgaturik, aski garbi egin nadin, zure maitatzeko, aski kuraios ungi sofritzeko, eta aski fermu edo konstant fiñeraiño perseberatzeko.

Itxura baten, Pouvreauren testua airosagoa da, seguruena Aranbilagarena lotuago dagoelako jatorrizkoari, eta hitz-aukeran herrizaleago.

Ez dezagun ahatz hau blog bat dela, eta utz dezagun bere honetan gaurko jarduna; ez, ordea, esan gabe itzultzailea muinean imitatzaile bat baizik ez dela.

Balioan jarri

Irantzu Epelde Zendoia

Eztabaida sutsua Mario Moliner delako baten blogean: gaztelaniaz, ez omen dela gauza bera valorar eta poner en valor. Erantzunetako batean argibide gehiago: nola izango da ba, gauza bera, «valoremos las cualidades de una buena hembra» eta «pongamos en valor las cualidades de una buena hembra»? Jo dut DRAEra poner en valor aditz esapidearen bila: arrastorik ez. Ene. Alta, ez da arraroa RAEren webguneko iragarki eta berrietan: «El objetivo de la iniciativa es poner en valor la lengua española en Internet y en el desarrollo de la Sociedad de la Información» eta abar, eta abar.

Badirudi, gaztelaniaz, arkitekturan hasi zela esapide hori lehenik agertzen, hobetu, dotoretu nahi ziren guneei erreferentzia egiteko. Adibidea Manuel Seco, Olimpia Andrés eta Gabino Ramos-en Diccionario del Español Actual-etik jaso dut: «La plaza de San Pedro de Alcántara será una de las zonas afectadas por la acción futura de la Dirección General de Bellas Artes en relación con la puesta en valor del recinto amurallado de Plasencia». Ordea, arkitekturaren esparrua aspaldi gainditu eta bala-bala hedatu da esapidea Iberiar penintsulan barrena (Ameriketan ez, antza), bereziki kazetari eta politikarien hizkeran. Gaztelaniazko prentsa idatzian agertzen denean, halako aldarrikatze aire bat izaten du askotan. Adibidez, joan den igandeko azpititulu honetan (El Diario Vasco, 2012-11-11, 21. or.): «Gemma Sebastián, la autora de este proyecto, pretende poner en valor un trabajo que “pasa desapercibido”». Izan ere, Hondarribiko kofradiako sare josleen inguruko argazki erakusketa antolatu du Sebastiánek parte zaharreko arte galeria batean: «Costuras visibles».

Galizismo honen sorburua frantsesezko mettre en valeur aditz esapidea dela diote hispanistek. Frantsesez, bizigabeekin nahiz bizidunekin erabiltzen da gaur egun. Emakumeentzako aldizkari berri batetik atera ditut bi adibide hauek: «suivez nos conseils mode et apprenez à mettre en valeur votre décolleté», nahiz «savez-vous vous mettre en valeur?». Guri, baina, ez zaigu frantsesaren bitartez heldu honen euskarazko ordaina, gaztelaniaren bitartez baizik: balioan jarri. Honelako kalkoek badute, izaten dute, gutartean jasotasun bat hizkuntzaren goi maila eratzeko ahaleginean dabiltzanei erabat erakargarri egiten zaiena. Ikusi besterik ez Hegoaldeko euskarazko prentsa idatzian bolo-bolo nola zabaldu den, gorago aipatu ditugun testuinguruetan. Baina hemen ez naiz prentsa idatziaz ariko. Nigatik, delako kalkoak ñabardura bereziren bat ekartzen badu edo hutsune lexiko bat betetzera baldin badator, aurrera.

Azkenaldi honetan, egoera formaletako ahozko aurkezpenetan egokitu zait gure balioan jarri aditzea. Eta esango nuke nahikoa modan dagoela, gainera, unibertsitate arloko ahozko euskara jasoaren barrutian behintzat: «nik orain balioan jarri nahi nukeena da…». Gaztelaniazko resaltar, destacar-en ordain moduan tokatu zait azkenaldian. Hots, nabarmendu, azpimarratu esateko. Hau da nire kezka, ordea, proba egin baitut Baionako Fakultateko ikasle eta lankideekin: Hispanoamerikako hiztunei poner en valor bezain arrotz egiten zaiela Iparraldeko euskaldunei balioan jarri, testuinguru horretan behintzat. «Ahaztua dugu Iparraldea ezin baztertuzko kontua dugula, are Hegoaldean euskarari beregain iraunarazteko» (Sarasola dixit, Euskara batuaren ajeak, 9. or.).

Sexologiako hiztegi baterako testuak itzultze/egokitzeak dakartzan kalteak

Juan Kruz Igerabide Sarasola

Afanisia deritza, Sexologian, gozatzeko ahalmena galtzeari.

Sarritan entzun izan dut itzultzearen erotikaren kontu hori, sedukzioarekin parekatuz itzulpen-prozesua. Beste hizkuntza bateko esapidea limurtu egin behar duzu, erakarri, zeuretu, eta, aldi berean, zu zeu beretu, biren arteko baturaren gailur orgasmikoa jo arte.

Ez dut ukatuko halakorik. Baina, benetan diotsuet probatu ez duzuenoi: ez dago ezer antierotikoagorik sexologiako hiztegi “zientifiko” batean parte hartzea baino. Afanisiak jota geratzeko arrisku bizia duzu. Hor bai itotzen duela esanak izana, eta areago oraindik esanari itzulinguru asko eman behar bazaizkio, handik eta hemendik hartutako iturrietatik abiaturik euskarazko esamoldeak osatzeko irrika katramilatsu horretan.

Bitxia da nola hozten den hizkuntzen arteko berezko erotika erotikari buruz modu “zientifikoan” jarduteko erabiltzen delarik; zerbaitek krak egiten du, Wittgensteinen esaldi ospetsu hura muturrera bota nahi baligu bezala: esan ezin denaz isiltzea hobe. Hots, erotikaz modu “zientifikoan” mintzatzen garelarik, jada ez da erotika; edo, beste hark zioen bezala, ez nau “ponitzen”.

Bide batez esanda, “ponitzen” hori euskaraz nola emango ote genuke? “Larruan erantzun” gehitxo esatea izango da noski. “Kitzikatu” zozoño geratzen da. “Jarri”, berriz, ez dakit: norbaiti hori esatea, gure herrian behinik behin, “pa Tudela” begira jartzeko gonbita edo agindua da. “Berotu” ere ez da, inondik ere, berotu aurreko zerbait baizik.

Horra enbidoa, baldin bada…