Debekatu izanagatik…

Patxi Petrirena Altzuguren

«Ulian ehiza debekatu izanagatik pozik agertu da Eguzki» zioen prentsako izenburu batek, ez aspaldi.

Badakigu, jakin, hor aipatzen den gertaera «ehiza debekatzea» edo «ehiza debekatu izana» dela, baina ez da batere segurua «ehiza debekatu izanagatik» horrekin «ehiza debekatu dutelako» ulertzea irakurleak (testugileak nahi zuen bezala), zeren eta edonork uler bailezake «debekatu duten arren». Izan ere, denontzat arruntak dira honelakoak: «Ehiza debekatu izanagatik (ere), batzuk tiroka aritzen dira oraindik».

Bi esanahi izan ote ditzake «izanagatik» formak? Testuinguruaren mende utzi behar ote dugu «debekatu izanagatik» nola ulertu: «debekatu arren» edo «debekatu dutelako»? Zalantza hori izan dut denbora luzez, tarteka irakurtzen nituenak irakurrita. Baina Euskaltzaindiaren JAGONET zerbitzuak argi samar utzi zigun kontua «-agatik, izanagatik; kausazkoa ala kontzesiboa?» galderari emandako erantzunean (2002). Hona:

Galdera

«Aita etorri izanak poztu du» moldatu eta «Aita etorri izanagatik (kausa) poztu da» esan al daiteke? Ala «Aita etortzeagatik poztu da» esan behar al da? Nik lehena erabiltzen dut, baina ez dakit ongi dagoen.

Erantzuna

Kausa balioan ez dago gure literatura-tradizioan «Aita etorri izanagatik poztu da» bezalako egiturarik. Ez, behintzat, Orotariko Euskal Hiztegiko corpus osoan.

Baliteke kausazko perpausetan aspektu burutua adierazteko aditz-forma jokatuak («Aita etorri delako/zelako poztu da») erabili izan direlako gertatzea hori, edo aditz-izena oinarri duen forma jokatu gabea («etortzeagatik») erabili delako.

Kontua da «izanagatik» formaren erabilera guztiak balio kontzesibokoak direla. Adibidez, honako hau: Polik maite zuan bizibide ura beti arriskoan bizi izanagatik (Anabitarte, Poli, 43. or.)

Garbi dago, beraz, Euskaltzaindiaren arabera: «debekatu izanagatik» esatea «debekatu arren» edo «nahiz eta debekatu» esatea da, eta ez, inola ere, «debekatu dutelako».

Hala ere, desbideratzea maiz aurkitzen dugu egungo testuetan, eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean bertan ere erraz samar aurkitzen dira intentzio kausaleko izanagatik perpausen adibideak:

  • Zikinak zeuden, erabili eta garbitu ez izanagatik.
  • -Kezkatan zabiltza Harryren sekretuak niri kontatu izanagatik.
  • Mina dauka sorbaldan aulki gehiegi batera garraiatu izanagatik.
  • Nik salatzen zaitut Cumhail nire aita hil izanagatik, eta Irlandaren suntsipena ekarri izanagatik!
  • Karrika maite dut eta Jainkoari eskerrak ematen dizkiot bertan ogibidea atera ahal izanagatik.
  • Bizirik zegoela saria eman ez izanagatik barkamena eskatu nahi izan balio bezala.
  • Kargu hartzen zidan Carusora agertu ez izanagatik: ordu eta erdi egon zela itxaroten.
  • Noraez apur bat sentitu nuen Ferminen ihesarekin, eta min apur bat ere bai horrela alde egin izanagatik, nitaz despeditu gabe.

Euskaltzaindiaren EGLU-VII liburuak (2011) berretsi eta sendotu egiten du lehen JAGONETen emadako erantzuna. «Gauzak gisa honetara izan dira beti. Etorri izanagatik, uste izanagatik eta holakoak perpaus kontzesiboak dira, etorri arren edo nahiz eta uste izan bezalaxe. Hori da perpaus horien balioa».

Duela bi mila urte…

Koro Garmendia Iartza

Itzulpenak ahalik eta ondoen egiten saiatu arren, tarteka, nahi gabe, akatsak egiten dira. Eta batzuk ez edonon. Itzulpen-okerrek eragina izan dezakete; adibidez, auzitegietan, presidenteen hitzaldietan, nazioarteko biltzarretan… Eta okerrak egiteko aukerak, tamalez, biderkatu egiten dira itzulpena aldi berekoa denean; hots, tarterik ez denean hiztegietan kontsulta egiteko, zalantzak buruan dantzan ibiltzeko, eta aukeretan onenaren alde egiteko. Seguruenera, interprete askok ‒guztiek?‒ izango dute halako kasuren bat gogoan.

Xehetasun batekin zabalduko dut kasuistikarako tartea. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldian, besteak beste Oliver Stone zuzendariak hartu zuen parte. Aretoan zen jendeari hitz guti batzuk zuzendu zizkion. Ingelesez. Aldi bereko itzulpena egiten ari zenak, baina, hanka sartu zuen esaldi batean. Stonek, Alexandro Handiari buruz egin zuen filmari buruz ari zela, «duela bi mila urte» gertatutako istorioa zela esan zuen (zehazki, two thousand years ago); itzultzaileak, berriz «duela berrehun urte» jazo zela.

Beti iruditu zait zaila, eta erantzukizun handikoa, interpreteen lana. Erantzukizunaren norainokoa, gainera, are handiagoa izango da xede duen ekitaldiak nolabaiteko oihartzuna duenean. Pentsa, adibidez, estatuburuen bilkuretan zer-nolako zama astuna izaten duten itzultzaileek bizkarrean. Kezkak ere, zer esanik ez…

Adibideak asko eta asko dira. Bat aipatuko dizuet. Nikita Khrustxev sobietar buruzagiak, 1956an Moskun hitzaldi bat ematen ari zela, komunismoa goraipatzen eta kapitalismoa gaitzesten, zera esan omen zuen: «Gustatu ala ez, lurperatzeko orduan bertan izango gara». Komunismoak kapitalismoak baino gehiago iraungo zuela adierazi nahi zuen horrela. Kontua da itzultzaileak beste modu batera eman zuela esaldia: «Lurperatu egingo ditugu». Mehatxu-kutsua zuen mezu horrek…

Ahaldundu edo jabetu?

Bego Montorio Uribarren

Aurreko artikuluan aipatu nuen kiroldegiko ikastaroen eskaintzarekin bateratsu, beste jarduera-eskaintza hau zabaldu ziguten herrian: «Emakumeen jabekuntzarako ikastaroak», eta, behin berriro ere, izendapenak eragindako kirrinka-hotsa lagun nuela irakurri behar izan nuen.

Begiratu bat eman ondoren, mahai gainean utzi eta han eduki dut egunetan ditxosozko liburuxka, «Emakumeen jabekuntza» esamolde karrankari hori azalean zuela. Neuri begira edo. Harik eta, halako batean, erronkari heldu diodan arte: zergatik ez «emakumeen jabekuntza»?, zer aukera daude, bestela? Bidaia polita egin dut erantzun horien bila.

«Jabekuntza» horren atzean ingelesezko empowerment dagoela jakinik (zuzenean nahiz gaztelaniazko empoderamientotik pasatuta), datu-base eleaniztunetara jo dut ezagutzen ditudan hizkuntzetan zer bide jarraitu duten ikustearren, baita berehala konturatu ere ingelesezko empower eta empowerment itxuraz sinple horien atzean mamia badagoela, mami sendoa gainera.

Linguee eta Europako Batasunaren IATE datu-baseak kontsultaturik, aukera zabal samarra aurkitu dut hizkuntza guztietan. Gaztelaniaz, empoderamiento, potenciación, habilitación, capacitación, facultar, habilitar, apoderar, dar poder eta autorizar; frantsesez, responsabilisation, habilitation, renforcement de pouvoir, renforcement des moyens d’action, renforcement de l’autonomie, émancipation, autonomisation, habiliter, responsabiliser, autoriser eta commissionner; eta portugesez, empoderamento, capacitação, habilitação, afirmação, autoridade, empoderar, autorizar eta delegar poderes.

Horra itzulpen teknika askotarikoen lagina: kalkoa, mailegua, azalpena, perifrasia… Eta horra, orobat, adibide argi bat itzulpen jardunaren funtsaz: atzerriko hitz baten atzean dagoen kontzeptua xede hizkuntzan izendatzeko esamoldearen xerka.

Hortaz, hitz horien definizio eta azalpenetara ere jo dut, eta oso testu interesgarriak azaldu zaizkit; esaterako, Ignacio Martín-en Empoderamiento para la innovación social (Itziar Otegi blogkidearen iradokizuna), non, besteak beste, Wittgenstein filosofoaren esaldi zoragarri hau jasotzen den: «Nire mintzairaren mugak ditut munduaren muga». Eta ikusi dut, halaber, empowerment hori prozesu modura ulertzen dela gehienetan, ez zerbaiten emaitza edo ondorio gisa.

Euskarazkoari begiratu aurretik, Espainiako akademian egin dut geldialditxoa, eta hara non jakin dudan empoderar aditzerako artikulu berria azalduko dela DRAEren hogeita hirugarren edizioan: «Hacer poderoso o fuerte a un individuo o grupo social desfavorecido». Empoderamiento hitza ere jasoko dute, zentzu berean.

Eta gurean? Bada, ez dakit noiz planteatu zitzaion euskaldun bati, lehen aldiz, empowerment hori euskaraz eman beharra, baina badakit hamar urte baino gehiago pasatu direla horren inguruko kezka eta zalantzak ItzuL posta zerrendan lehen aldiz agertu zirenetik (apustua egingo nuke interpreteren bati azalduko zitzaiola arazoa, kabinan lanean ziharduela).

Mezu horietan (hemen ikus ditzakezue, edo Euskalbar baliatuta), itzulpen proposamenak ez ezik, argudio, azalpen eta erreferentzia ugari dago: zein testuingurutan erabili den hitza, zer definizio eman zaion, zer arazo sortzen duen euskarazko ordain batek zein besteak, hiztegietan zer eta nola jasota dagoen…

Itzulpen proposamenetara etorrita, batzuk «botere»tik eratorritakoak dira (boteretu, boterekidetu, botere-ahalmen…), beste batzuek «agindu/aginte» dute oinarrian (aginpideratu, aginteratu, agintedundu), «eskuduntze» eta «eskudundu» ere azaldu dira, hala nola «indar-hartzea» edo «indar-ematea». Ingelesezko hitzari bere horretan eusteko proposamena ere badago, eta hala jasotzen du Euskaltermek. Alabaina, gehien nabarmentzen direnak «ahal» eta «ahalmen»ekin lotutakoak dira, eta, horiekin batera, nire liburuxka horretan agertzen den «jabekuntza».

Badirudi, beraz, bi aukera nagusiren artean dagoela hautua: «ahalduntze» eta «ahaldundu» batetik, eta bestetik «jabekuntza» eta «jabetu» (azken aditz horrekin zalantza gehiago dagoela ematen dit).

Nik neuk, oraingoz behintzat, hartua dut erabakia, hasieratik argi esan dudanez «jabekuntzak» ez bainau asetzen; ez zait kontzeptuaren neurrikoa iruditzen, nekez uler baitaiteke horren atzean dagoela norberaren/taldearen ahalmenean sinestea eta ahal horiek erabili nahi izatea.

«Ahalduntze» horrek ere azaroak badituela? Bai; baina, arazoak arazo, hori ikusten dut irtenbide egokiena. Eta ez naiz bakarra, eduki hori jasotzen duten hiztegi gutxietan (Elhuyar eta Euskalterm) «ahaldundu» eta «ahalduntze» proposatzen baitute. Aukera bera egin du Emakundek ere, hasierako «jabekuntza» bazter utzirik 2008rako erabakia baitzuen «ahalduntze» erabiltzea (ItzuLen azaldua).

Eta bai, badakit ahoskatzeko erraz-erraza ez dena, baina onartu beharko didazue «Jaurlaritza» esatea ere ez dela samurra, eta barra-barra darabilgu.

«Agur eta adio»

Elixabete Perez Gaztelu

Nire aurreko postak estimazio pixka bat izan zuela ikusita (eskerrik asko, Mikel Taberna, Xabier Aristegieta!) berriz ere Mitxelenaren gutunetara jo dut. Oraingoan gutunen amaierara.

Gutunak bukatzeko Mitxelenak darabiltzan esapide, formula, dena delakoetako batzuk ekarriko ditut. Batez ere, oso gertu izanda ere adierazteko beste moduren bat (horrela esatea badago), gutungilearen hautua, joera, isuria ispilatzen duten esapide batzuk.

«Hasieran» jasoa dugu agur diosala askotxotan darabilela Mitxelenak abiaburuan (39 gutunetan). Amaieran, berriz, oso gutxitan zuzentzen zaio gutunaren hartzaileari agur erabilita; bitan besterik ez du agurtzeko ekintza perlokutiboa gauzatzen: «Agur eta agindu», «Agur eta goraintzi». Ia beti jotzen du solaskideari mintzatzera hartu aditza hasieran duen aginterazko perpausa erabilita: «Ar ezazu adiskide berantkor onen biotzeko agurra», «Ar itzazu gure agurrik beroenak. Biotzez»…

Mitxelenak ahoz erabiltzen zuen adio (errenteriarrok «ariyo» esaten duguna) ez du behin ere idatzi gutunen bukaeran. Ezta egun ikusten (eta entzuten) den «Ez adiorik» ere.

Esan bezala, hartu aditza hasieran duten perpausak maiz darabiltza (30 bat aldiz) hartzearen objektua agurraren ordez zorionak eta goraintziak direlarik batez ere: «Ar itzazu nagi onen goraintzirik oberenak. Biotzez», «Har itzazu, bada, gure eskerrik eta goraintzirik hoberenak»… Halakoetan ez dugu behin ere ikusi goraintziak, zorionak aditzaren aurretik adieraziak (demagun, «gure goraintzirik hoberenak har itzazu» edo).

Ezta gutuneko azken pasarteko perpausean lehen pertsonako genitiboa (ez singularra ez plurala) hasieran duenik ere. Bigarren pertsona duten 10 bat gutun badaude: «Zure berriak, merezi ez baditut ere, pozik hartuko nituzke. Beti bezala, esanera naukazu», «Zure berrien begira gaude. Har itzazu, bizkitartean, gure goraintzirik hoberenak», «Zure morroirik zintzoena»…

Arestiko zorionak eta goraintziak direla, hain zuzen, harrigarri samarra egiten da eskumuinak hitza gutun-amaieretan (bai bukaeraren hasieran, bai beste osagai batzuen artean) behin bakarrik erabili izana: «Eskumuinak Baumgartl andreari. Eta barka ezaiozu, otoi, gutungile alfer honi ixilaldi luzeegi hau. Beti bezala esanera naukazu». Gainerakoan, beti goraintziak darabil bai azken agurraren hasieran (15 bat aldiz): «Goraintziak guztioi eta urren arte. Bihotzez«, «Goraintziak emaztearen partetik, mila esker berriz ere, eta aurki arte. Bihotzez»…, bai perpausean: «Ar itzazu zuk ere gure goraintziak ea lenbailen asi-berria dugun urte ontarako biotzez zuzentzen dizkizugun opak eta ongi naia egokitzen zaigun».

Askotan burutzen ditu eskutitzak eskerrak ematen: «Eskerrak berriz ere bihotz-bihotzez eta esanera naukazu beti bezala», «Eskerrik asko berriz ere», «Mila esker, berriz ere, eta barka»… Kopuruan antzera bi moldeak: Eskerrik asko, 25 bat aldiz, Mila esker, 18tan.

Eskerrak ematearen ondoan berriz ere askotan darabil; berriro ere, berriz, behin besterik ez: «Eskerrik asko berriro ere. Bihotzez».

Barkamena eskatuz ere bukatzen du gutunik behin baino gehiagotan («Barka, berriz ere, eta aurki arte»…). Ia beti aditza jokatuta darabil: «Barka ezadazu, otoi, ixillaldi luze au. Eta etzaiozula ixillarekin erantzun zure adiskide damutu oni», «Barka ezazkidazu gaizki esanak, orrelakorik baldin bada. Eta esanera naukazu zernaitarako, beti bezala. Biotz-biotzez»…

Esanera edukitzea ere oso baliagarria gertatzen zaio, bai esaldietan txertatuta (arestiko barkamen-eskeko adibidean bezala, asko eta askotan), bai gutun-amaierako azken esaldiaren hasieran. 15 bat eskutitzek honen gisako bukaera dute: «Esanera gauzkazu. Biotzez»… Bitan, ordea, esanetara erabili du: «Esanetara gauzkazu zernaitarako. Biotzez».

Parekideekin bukatzen joateko, ekar ditzagun Aurki arte eta Urren arte. Horrelaxe darabiltza beti. Ez du inoiz laster arte, ezta hurrena (ezta hurrenera) arte ere; bai, ordea, behin, ordura arte: «Biar edo etzi deituko dizut gauean onezaz mintzatzeko. Ordura arte, biotzez». Ikusi arterik ere ez dugu bat bera ere ikusi.

Zain / Begira gelditu eta Zain / Begira geratu. Beti-beti gelditu darabil: «Zure erantzunaren begira gelditzen naiz, bada», «Zure berrien zai gelditzen gara», «Zure berrien zai esanera gelditzen natzaizu»…

Hasiera garrantzitsua izanagatik, bukatzen asmatzea ere ez da ardura gutxiagokoa. Horrexegatik, pareen zerrenda aspergarri samar hau umore pixka batez kita dezagun, Mitxelenaren bukaera umoretsu parea ekarrita:

«Milla eta milla esker. Eta bidai on, druiden artean». Jon Miranderi (1955.08.09).

«Hontaz, beste nonbait, mintzatuko naiz, astirik baldin badut. Bitartean, bihotzez agurtzen zaitu zure adiskide (Jainkoari eskerrak) desmitifitatu(sic) honek». Gabriel Arestiri (1973.02.17).

Esan dezadan, bestek esan baino lehen

Irantzu Epelde Zendoia

Euskara irakasleentzat ez da lantegi erraza izaten subjuntiboko adizkerak eta hauen erabilera ikasleei azaltzea. Aspaldikoa eta oso hedatua da gure artean halako adizkien ordez forma nominalizatuak erabiltzeko joera, eta ikasleek ere nahiago dituzte, mila bider! Adibidez: nahi nuen Ane gezurti horrek egia esan zezan > egia esatea. Hegoaldean, gaur egun, nekez entzungo ditugu lehena bezalako formak ahozko eta bat-bateko ekoizpenetan, non eta ez den esaera eginen batean edo. Gogora datorkit, adibidez, etxean testuinguru jakin batean bakarrik erabiltzen den hau: esan tzaten, bestek esan baino lehen «esan dezadan, bestek esan baino lehen». Norberak bere buruari konplimenduren bat egin ondotik erabiltzen da, solaskideari irri eginarazteko askotan (gazteleraz, akaso, «no tener abuela» izan daiteke kideko hurbilena, baina ekoizlearen ikuspegitik esana).
Iparraldean, kontu hauen inguruan gauzak gaur egun gainetik badarik ere nola dauden ikusi nahian, inkesta ttiki bat egin dugu, eta oraingo hiztun arruntei eskatu diegu goikoaren antzeko perpaus bat euskaratzeko: je voulais que Ane dise la verité. Hara ikasketak euskarazko murgiltze sisteman egin dituzten gazteen erantzunak (denak 30 urtetik beherakoak dira):

 

Nai nuen Anek egia erratea.

 

 

Nai nuen Anek egia erran dezan.

 

Nai nuen Anek egia erran tzezan.

Nai nuen Anek egia erran zezan.

 

Nai nuen Anek egia erran zezan.

Nai nuen Anek egia erran zezan.

 

Nai nuen Anek egia erran zezan.

Nai nuen Anek egia erran dezan.

 

Nai nuen Anek egia erraitea.

 

Nai nuen Anek egia erraitea.

 

Nai nuen Anek egia erraitea.

 

Nai nuen Anek egia erraitea.

 

Nai nuen Anek egia erran zezan.

 

Nai nuen Anek egia erran dezan.

 

Nai nuen Anek egia erratea.

 

Nai nuen Anek egia esatea (sic).

 

Nai nuen Anek egia erran zezan.

 

 

Ikastoletan eskolatu diren gazteen artean, ikus daitekeenez, gehienek subjuntiboko formaren bat erabili dute, nahiz hiztun batzuek ez duten denbora komunztadurarik egin (zezan > dezan). Gazte hauentzat hizkuntzaren erregistro zainduari lotua egon daiteke subjuntiboa, eta beharbada horregatik ez diote ihesik egin.

Ikasketak eskola frantsesetan egin dituzten gazte euskaldunek, berriz, erantzun hauek eman dituzte (erakusgarri txiki bat):


Nai nuen Anek egia erran dezan.

 

 

Nahi nizün Anek erran dezan egia.

 

Nai nuen Anek egia erran dezan.

 

Anek egia erran zezan nai nuen.

 

Nai nuen Anek egia erraitea.

Anek egia erran tzezan nai nuen.

 

Nai nuen Anek egia esan tzezan.

Nahi nizün Anek erran dezan egia.

 

Nai nuen Anek egia erran dezan.

Nahi nizun Anek egia lezan.

Nahi nizün Anek egia erran lezan.

 

Nai nuen Anek egia erraitea.

 

Nai nuen Anek egia (…) erran dezan.

Nahi nizün Anek egia erranik.


 

Berriz ere ikusten da askok ez dutela denbora komunztadurarik egiten (frantsesaren eraginez, seguru ere), baina ezin ukatu subjuntiboa oso erabilia dela talde honetako hiztunen ezpainetan, elizitabide berezi honen bitartez lortutako erantzunetan behintzat. Beharbada hizkuntzaren erabilera zaindua egon liteke, berriz ere, honen oinarrian. Forma prestigiotsuak dira hauek, eta halakoek denboran irauteko joera izaten dute. Ikus dezagun, ba, denborak zer ekartzen duen!

Zubeldia

Iñaki Segurola

Pena hartu nuen aurrena. Bertsolarien gerrako aurreneko ekinaldian Zubeldia puntuetan azkenputz! Aurreko puntan berriz… nor? Ba, betiko jende-modu eguneratua, orduratua, segunduratua. Gero pentsatu nuen holaxe behar zuela, eta hobe zela gainera holaxe izanda. Norguaiagoka (sic) nagusirako ez du edozeinek balio.

Has gitezen galdezka: zer da grazia? Eta da mundu orok senti lezakeen zera bat, inork definitzen ez dakiena. Grazia hitzetan, gorputzetan, eguraldian, pausoan… Grazia da gauza bat ezin neurtu daitekeena, ezin konta daitekeena, puntuetan kabitzen ez dena. Eta Zubeldiak grazia dauka; euskarak grazia dauka Zubeldiaren ahotan. Baina Zubeldia «barregarria» dela uste dute besteek, grazia gauza barregarria dela nahi baitute sinetsi, eta axalekoa dela, halaxe baitzaie komeni sakon-poetikotzat jotakoei. Eta ez: ez da hala. Grazia ez da barrea. Grazia da barrea eta beste gauza asko, inongo irizpide epaitzailetan agertzen ez direnak, ezin ager litezkeenak.

Bertsolarien Txepelketan (sic) aurreko puntan geldituko diren horiek zer daukate? Ba, puntuak dauzkate, puntu mordoa irabaziko dute, irizpide epaitzaileek emandako puntuak. Zubeldiak puntu gutxi eskuratu ditu, eta normala da. Zubeldiak koskak ditu, beste inork ez bezalako koskak, eta Txepelketan puntuak balio du, ez koskak. (Bidenabar: koska izendatzen dudana ere ez dakit definitzen.)

Txepelketako publikoa audientzia nazional haundi bat da; oso nazionala, oso eguneratua, oso jantzia, oso osoa. Zubeldiak oso hori puskatu egiten du, erantzi egiten du. Haren hitzek dantzan egiten asmatzen dute; beste gehienenak, berriz, hitz gelberak dira, hitz eroriak dira, Inhibition (sic) Centerrak ezin gehiagoraino anplifikatuko dituenak, gizenduko dituenak, «poetiko» bihurtuko dituenak. (Halatsuko zerbait sentitu zukeen Arestik ere bere garaian: Basarriren kontra hitzegin zuen, olerkariak okerlari zirela deklaratu zuen, bertsolaritzak «sagardotegitik komentura» egin zuen bidea salatu zuen, eta hola. Amuriza zaharraren bertsokera intsentsatuarekin ere izan ziren xextra batzuk.)

Lizardi eta Txirrita bi mundu ziren, ia bi hizkuntza ziren. Gaurko bertso puntutsua literatura neurri-errimaduna besterik ez da; idatzizko mundu berbera da, baina neurri-errimaduna. Ez dakarkigu «bestelako» mundurik eta hizkuntzarik, Txirritak Lizardirenaz oso bestelako mundu bat dakarkigun bezala. Salbuespena Zubeldia da (Irazuk salbuespena izateari uko egin zionetik). Hargatik maite dugu Zubeldia nik eta beste askok. Gure euskara irendu honi potroak jartzen dizkiolako atzera berriz, edo, nahiago bada, ama euskara mastektomizatua bi titi tenterekin edertzen duelako.

Sareak ezin harrapa dezake gatzik. Irizpide epaitzaileen sareak ezin harrapa dezake gatzik, hitzezko gatz dantzaririk. Epai irizpidedunak sakonkeria infopoetikoz gizendutako hegaluze bat dakar audientzia nazional euskaljatorraren superportura, baina gatzik ez, batere ez, alerik ere ez.

Basarrik ere kendu zion txapela Txirritari. Bata barregarri utzi zuten orduko irizpide eguneratuek, eta bestea gixongazte jantzi, sakon, poetiko moduan gelditu zen. Gaur inork ez du gogoan gazte haren bertso bakar bat ere, eta orduan barregarri gelditu zenaren aitamenak ez dira oraino ixildu sartuagatik lurpian, eta nekez ixilduko dira beste larogei urtian.

Ohar geografiko bat, bukatzeko: gaurko txapeldungaiek kostakoak edo kostatik oso gertukoak behar dute izan, zeren gaur egungo koxtagizakiari ez baitzaio itsasoko gatzik eransten; egiten zaiona da hondartzako txiringitoko expiritu mengel garaikidea itsatsi, eta expiritu horrek puntuak ematen ditu bertsotako supermerkatuan. Gatzagak eta gesaltzak goi-herrietan daude, behealdeko jende-modu horrek burlaz begiratzen dien goi-herrietan, hain juxtu.

Maite dugu Zubeldia. «Beste zerbait» aditu nahi genukeen askok ia Zubeldia bakarrik maite dugu.

Izenlagunak beldurra ematen dit

Xabier Aristegieta Okiñena

Beldurra, eta ez nolanahikoa: hain politak dira izenlaguna erabiliz sortzen ditugun euskarapenak, hain jator-itxurakoak… baina, gero, zapla! Komeriak, katramilak eta esanahi-zorabioak.

Hona hemen egitura izenlagundunek deslekuetara eraman gaitzaketeneko kasu batzuk:

1. Adjektibo erreferentzialak euskaratzean:

Jo dezagun derechos individuales euskaratzeko norberaren eskubideak erabiltzen dugula.

Bi hitzeko sintagma bat sortu dugu, alde horretatik gaztelaniazkoarekin antzekotasun bisuala daukana. Baina ohargarria da itzulpen horretan jauzi bat egin dugula, jatorrizkoan adjektiboa zena helmugan izenlagun bihurtu dugulako.

Bere horretan, norberaren eskubideak horrek ez du txarretik ezer. Baina, dakigunez, denetariko hitz eta espresioak normalean testu baten jarioan txertatzen dira, edo txerta daitezke. Agian, gehiago ere esango nuke: testu batean txertatzeko modukoak behar dute izan.

Zeren eta, lehenago edo geroago, goizago edo beranduago, honelakoren bat euskaratu beharrean aurkituko baikara:

  • Tus derechos individuales terminan donde empiezan mis derechos individuales.

Eta hasieran egin dugun itzulpen-aukerarekiko koherentziaz jokatuz, honako itzulpen bideraezinarekin egiten dugu topo: Zure norberaren eskubideaknire norberaren eskubideak….

Zer gertatu zaigu? Ba, izenlagunaren bidezko aukera horrek ez digula sistematikotasunez erabiltzeko moduko itzulpen-irtenbiderik eskaintzen.

Beste kasu askotan, esanahi-desbideraketa larriak eragiten ditu:

  • Inspección inicial: hasierako ikuskapena. Baina inspección inicial de la sociedad ez da sozietatearen hasierako ikuskapena, ez garelako sozietatearen hasieraz ari.
  • Informe anual: urteko txostena. Baina informe anual del banco ez da bankuaren urteko txostena, ez garelako bankuaren urteaz ari.
  • Principios y criterios contables: kontabilitateko printzipio eta irizpide. Baina los principios y criterios contables contenidos en la norma ez da arauan jasotako kontabilitateko printzipio eta irizpideak, ez baikara ari arauan jasotako kontabilitateaz, baizik eta arauan jasotako (halako eta halako) printzipio eta irizpideez.

2.- Artikulurik gabeko sintagma preposizionalak euskaratzean:

Gogoan izan dezagun gaztelaniaz sintagma preposizional bat artikulua izatetik halakorik gabe geratzera iragaten denean erreferente zehatz bat seinalatzetik nolakotasun bat adieraztera pasatzen dela. Adibideak:

  • Remanente de tesorería: hori eta remanente de LA tesorería ez dira gauza bera; nik ulertzen dudanez, behintzat. Remanente de tesorería gerakin-mota bat da, eta remanente de LA tesorería, ordea, diruzaintza konkretu batean dagoen gerakina. Bada, remanente de tesorería para gastos generales euskaratzen badugu gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina espresioarekin, euskaraz esaten ari garena da gastu orokorretarako diruzaintza den zerbait existitzen dela, eta diruzaintza zehatz horretako gerakina hartu dugula hizpide.

Aurrekoa baino askoz ere adibide argiago bat jar dezagun:

  • Residencia de ancianos: zaharren egoitza itzultzen badugu, residencia de ancianos de Estella automatikoki Lizarrako zaharren egoitza bihurtzen zaigu; hots, Lizarrako zaharren egoitza. Eta ez da hori jatorrizko itzulgaiak adierazten duena; ezin zaigu oharkabean pasa ez duela residencia de LOS ancianos de Estella esaten: Lizarrakoa egoitza da, ez bertako zaharrak (alde batera utzirik egitate estralinguistikoa, hots, praktikan gehienak Lizarrakoak izatea, espero izatekoa denez).
  • Criterio de pagos y cobros: kobrantzen eta ordainketen irizpidea. Baina a efectos de la aplicación del criterio de cobros y pagos establecido en el artículo 6.2 del Reglamento del Impuesto › Zergaren Erregelamenduko 6.2 artikuluan ezarritako kobrantzen eta ordainketen irizpidea aplikatzeari dagokionez…?: artikulu horretan ezarritakoa irizpidea da («establecido» partizipioaren komunztadurak berak ere berresten duenez), eta ez kobrantzak eta ordainketak, euskarazko itzulpenak aditzera ematen duenez.

3.- Substantiboak euskaratzean:

Oroitzen naiz Itzul posta-zerrendan orain dela ez hainbeste denbora norbaitek galdetu zuela nola esan euskaraz «mural». Eta baten batek «hormako irudi» proposatu zuen. Bere horretan, problemarik ez. Baina korapilo berbera sortzen zaigu hemen, «hormako irudi» izen-sintagma hori testu batean txertatzen dugunean:

  • Los murales de PicassoPicassoren hormako irudiak? Zein da Picassoren horma?
  • Los murales de la viviendaEtxebizitzako hormako irudiak? (horma bakarrean daude irudiak?)

Ez dirudi astakeria denik los mayores euskaratzeko adineko pertsonak erabiltzea . Baina hona zerekin egin nuen topo behin:

  • El envejecimiento activo de nuestros mayores › gure adineko pertsonen zahartze aktiboa («gure adineko» pertsonen?)

4.- Bestelako izenondoak euskaratzean:

  • Agente antidisturbios: istiluen aurkako agente. Oso ondo. Baina
  • Agente antidisturbios de la Ertzaintza? Ertzaintzako istiluen aurkako agente?

*****

Goiko adibideetan ikusten dugunez, izenlaguna+izena bikotea testu batean txertatzen dugunean, izenlaguna indar handiagoz erakartzen du haren ezkerrean suertatzen den elementuak, eskuinean duen izenak baino. Halatan, izenlaguna+izena jatorrizko lotura hautsi egiten da eta lotura berri bat sortzen da. Eta, beraz, hasierako esanahia ere hautsi eta esanahi berri bat sortzen da.

Horrek guztiak antz handia dauka, iruditzen zait, eragiketa matematikoen adierazpidearekin eta horren araberako lehentasun-hurrenkerarekin:

Demagun x+y batura daukagula.

Jarraian, ipin diezaiogun biderkagai bat ezkerraldetik: 5∙x+y

Horrela adierazita, x-rentzat lehentasunezko suertatzen da 5ekiko biderketa, halako moduz non lehenbizi 5∙x biderketa egin eta, ondoren, y gehituko diogun.

Eta lehentasunezkoa batuketa izatea nahi badugu, honela behar du adierazita egon: 5∙(x+y)

Izenlagunarekin berdin gertatzen da… baina ez daukagu parentesia erabiltzeko aukerarik. Zer egin, orduan?

Nire iritzia: lehenik eta behin, itzulpenak egitean jabetuta egon behar dugu izenlagunaren erabilera oso problematikoa dela. Pertsonalki, gomendagarria iruditzen zait izenlagunen erabilera dezente mugatzea, eta haien ordez hitz-elkarteetara jotzea (nahiz eta horiek ere beren korapiloak badituzten). Maileguak ere gehiago erabili beharko genituzke, abantailak ekartzen dizkigutenean (eta erabilera sistematikoa ahalbidetzea ez da abantaila makala). Azkenik, iruditzen zait ausartagoak izan beharko genukeela hitz-sorkuntzan (zer zuen txarretik «hormirudi» hitzak?). Baina beste egunen baterako utzi beharko dugu irtenbide horietan sakontzea.

Langilea hil da Euskadi Irratian

Alfontso Mujika Etxeberria

Harrapatua nauka, aitor dut. Gizakia ohitura-animalia izaki, ez da harritzekoa. Oso maiz, ia egunero, gauza bera egiten duzunean, urteen poderioz, mendetasuna sortzen da. Halaxe gertatzen zait niri Euskadi Irratiarekin. Anje Duhaldek kantatzen zuen bezala, «Goizero, goizero, jaiki orduko»… Euskadi Irratia pizten dut, eta, etxetik irten arte, hantxe izaten ditut, sukaldean, kontu-kontari, nire belarriak orain gozatzen, orain larritzen, Euskadi Irratiko berri-emaileak.

Esatari bikainak eta hiztun trebe askoak dira gehien-gehienak, ahots ederrekoak, eta urteek ematen duten eskarmentua dute.

Horregatik, harritu egiten naiz —eta behin ere ez ohitu—, urtea joan eta urtea etorri, Euskadi Irratian honelakoak entzuten ditudanean titularretan:

Bizkaian, gizonezkoa hil da lan-istripuan

Beasaingo langilea hil da lan-istripuan

Zoritxarrez, iraila benetan beltza izan da lan-istripuei dagokienez, eta behin baino gehiagotan txunditu naute era horretako titularrek.

Ziur naiz Euskadi Irratiko esatariak irakurtzen ari direla hori mikrofonoratzen dutenean, ez baitago inor horrela hitz egiten duenik (badaezpada, esan dezadan ez dudala inor ezagutzen mundu errealean horrela hitz egiten duenik). Klixe moduko zerbait da, ia esamolde bihurtua, eta horrexek ematen dit atentzioa, Euskadi Irratiko kazetari prestuek hori irentsi izanak, normaltzat hartze hori zait ulertezin.

Titular batean, dena da berria, informazio guztia da berria. Nolabait esateko, titularrak, beti, «Zer gertatu da?» galderari erantzuten dio. Beasaingo langilea hil da lan-istripuan esaten duenak entzulearen lekuan jarri behar luke, eta pentsatu hori entzuten duenak ulertu behar duela Beasainen langile bakarra bizi zela eta huraxe hil dela, edo, bestela, nonbait bazela langile bat Beasaingoa zena, guztiok ezagutzen genuena, eta huraxe hil dela. Jakina, interpretazio horiek, biak, absurduak dira (Bide batez, «langilea» bezain harrigarria da «Beasaingo» hori. Izan ere, lan-istripuan hil zen langilea ez zen Beasaingoa, gero egiaztatu nuenez, baina istripua Beasaingo enpresa batean izan zen. Alegia, Beasainen, langile bat hil da… behar lukeena Beasaingo langilea hil da… bihurtzea larria da, gero!)

Inoiz pentsatu dut hi ergela haiz behar lukeen tokian hi ergel bat haiz gisako kalko gaiztoak zuzendu nahian garai batean abiatu zen bat-en aurkako gurutzadaren bala galduren bat izan zitekeela arrazoia, baina kosta egiten zait hori sinestea, batez ere arazoa titularretara mugatua ikusten dudalako.

Beraz, Beasaingo langilea hil da lan-istripuan aldrebeskeriaren arrazoia beste nonbait izan zitekeela eta, talaian egon naiz, zer aurkituko.

Eta bururatu zait ez ote den erdal titularren kalko oker bat; alegia, ez ote den asmo onez efektu telegrafiko bat bilatu nahian egindako zerbait. Gaztelaniaz, badira nombres escuetos edo, zehatzago, grupos nominales escuetos direlakoak, hau da, ezkerrean determinatzailerik (el, adibidez) edo zenbatzailerik (un, adibidez) ez duten izen-sintagmak (Tengo coche), murriztapen sintaktiko larriak dituztenak (*Tengo coche en el garaje). Murriztapen horietako bat, nagusietakoa, zera da, subjektua izanik aditzaren aurrean agertzea (*Turistas llegaron a la ciudad). Hala ere, onargarria da albisteen buruetan, labur beharrez erabiltzen denean («cuando toda la información que trasmite la oración es remática», RAEk dioenez, hau da, esaldiak «Zer gertatu da?» galderari erantzuten diotenean, nolabait esateko):

Alcalde desobedece una sentencia

Ministro implicado en fraude

Pánico causa falsa alarma de maremoto

Alcalde sorprendido por ´linchamiento´ por palabras sobre detenida en Huelva

Horrelakoak ikusten dira, tarteka, Espainiako prentsan, baina ez ugari; erabiliagoak dira Hego Amerikako gaztelanian.

Hori da, beraz, nire burutazioa: ez ote den efektu hori gurera itsuan kalkatu nahia euskarazko izenburu harrigarri horien eragilea.

Euskadi Irratian sufritzen ditut nik holakoak, baina, badaezpada, bila ibili naiz sarean ea idatzizkoan ere antzekorik ba ote den. Batzuk aurkitu ditut, baina oso gutxi, oso bakan:

Langilea hil da Beasaingo Arcelor enpresan, lan istripuan

Obra bateko langilea hil da Donostian

33 urteko langilea hil da Zigan

20 urteko Basauriko gaztea hil da auto istripuan, Galdakaon

«Goizero, goizero, jaiki orduko» jarraitzen dut Euskadi Irratia pizten, istripuan hildako langilerik izango ez den itxaropena galdu gabe.

To crib

Iñigo Roque Eguzkitza

Batzuetan itzulpena azpiproduktu bat da, ariketa hutsa; edo batzuetan itzulpengintzak badu azpiproduktu bat (ez dakit emaitza xuxen itzulpena den). Hala izaten zen, esaterako, latina ikasi genuenean institutuan, edo berdin, gutxiagotan haatik, ingelesetiko itzulpenak «akometatzen» genituenean. Sorburu-testua ulertzen genuela bermatzea beste xederik ez zuten ariketa haiek.

Ingelesez badute horretarako aditz bat: to crib.

To crib

· informal a translation of a text for use by students, especially in a surreptitious way: an English crib of Caesar’s Gallic Wars

· a thing that has been plagiarized: is the song a crib from Mozart’s ‘Don Giovanni’?

Hitzez hitzeko itzulpen zurrunak sortzen dira hala, edo Susan Bassnett-en hitzak erabiliz, ezezkakoan: «Unless the translation is intended as a crib, it also means accepting Popovič’s theory of the inevitability of shifts of expression in the translation process».

Hala ere, hiztegiaren aipuko bigarren adiera ere «adierazgarria» da (hiztegian gehiago ageri dira, baina ez dute balio hemen), inventioaren ordezko imitatiora garamatzalako. Izan ere, nazio gehienek imitazioz garatu dute beren literatura, eta horrekin batera beren hizkuntza, testuartekotasun betean, itzulpenen fideltasunaren ardurarik gabe, frantses itzultzaile neoklasikoen les belles infidèles haien paroxismoraino.

Eta, naziotik norbanakora etorrita, lehenalditik orainaldira, gaur egun ere aski zabaldurik omen daude idazleen artean ariketa gisako itzulpen horiek, «lumetarako zorrozkailu»; baita gure artean ere, Unai Elorriagak edo Miren Agur Meabek, kasurako, aitortu dutenez.

Halako gogoetak buruan nerabiltzala, Sergio Waisman-en Borges y la traducción (Adriana Hidalgo, 2005) zoragarria etorri zitzaidan esku artera, eta han aurkitu nuen nire buruko zurrunbiloa baretuko zuen sintagma lasaigarria: «la traducción como juego, experimentación y proceso de descubrimiento».

Begietan ehoki

Iñaki Iñurrieta Labaien

Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzultzeko asmotan omen dabiltza hango hiru lagun, hizkuntzalari eta itzultzaileak hirurak, berriki Etxepare Institutuaren bitartez jakin dudanez.

Nola hartuko ote dituzte irakurle japoniarrek XVI. mendeko apaiz euskaldun haren poema amodiozkoak? Euskarak ematen dizkion berezitasunak ezkutaturik, sumatuko al diote ezer Mendebaldeko beste hizkuntzetan garai haietan egiten zen poesiatik bereizten duenik? Ziur asko, halako distantziatik, Europako tradizioaren molde nagusietan berdindurik ikusiko dute Etxepare.

Hori baino lehen, itzulpengintzara bertara joz: nola konponduko ote dituzte hiru adituok zeregin horretan sortuko zaizkien arazoak? Demagun bertso hau:

Amore bat onhetsi dut guziz soberatuki
Ene arima eta bihoza iosi dira hareki
Haren irudi ederrori begietan ehoki
Hartzaz orhit nadinian bihoza doat ebaki.

Nola itzuliko dute «Amorosen partitzia» izeneko poeman datorren begietan ehoki hori? Ez dute lantegi erraza. Hasteko, hemen ere ez gatoz bat hitzon esanahiaz. Irudi horren hiru interpretazio behintzat badira gure artean: Mitxelenarena, Lafonena eta Azkuerena. Honela dio Patxi Altunak LVPren edizio kritikoan: «Lafon eta Mitxelena ez dira iritzi bereko hitz honezaz (ehokiz); Lafonek egoki-ren aldaera dela (…), Mitxelenak nekez daitekeela eta eho-tik sorturikoa dela; hots, ekarki, izaki eta bezala, gerundio gisakoa. Azkuek biak baino lehenago partizipiotzat jo zuen, eduki-ren pareko edo»[1].

Bide horretatik itzultzen du Lafonek «sa belle image est sans cesse dans mes yeux»[2] (eta haren ildotik ematen du Lino Akesolok gaztelaniaz «fija está en mis ojos su hermosa figura»).

Mitxelena hizkuntzalari zorrotz, kopla gutxi ametitzen zituen hari hizkuntza-irudimenak iradoki zion, kasu horretan, beste bien irudimenean sartzen ez zen irudia. Poesia-irakurle hobea zelako, apika? Begietan eta ehoki hitzek osatzen duten binomioa poetikoki posible zela onartzen zuelako; beste biek ez bide zuten sumatu halakorik, edo beharbada ez zuten uste posible zenik euskaraz eta XVI. mendean, modernoegia zelako-edo.

Mitxelenarena da, noski, poetikoki ederrena, baina ez dut oso gogoko haren interpretazioari men egiten dion beste itzulpen hau, «esa su bella imagen, molienda en mis ojos»[3]. Molienda hori gizenez betea iruditzen zait ehokiren fintasunaren ordain gisa. Horrez gainera, badut beste arrazoi bat: eho aditzak bi esanahi desberdin ditu, eta itzulpen horretan bietako bat aukeratzen da —eta beraz, bestea baztertzen—. Baina Mitxelenak ez zuen argitu, nik dakidala, bietako zein egozten zion kasu horretan Etxepareri. Hona bi esanahiok (Orotarikoari jarraitzen natzaio):

1) Birrindu, xehatu; kafea, garia, artoa, eho egiten dira («Ezin dau eio (eho) ez garirik, ez artorik ez ezer», Otxolua), eta, adiera figuratuan, baita ere bihotza («Nemesiori bihotza eho zioten», Haranburu) edo oroitzapenak («Ez zuen errotarriak eho haren oroitzapena», Mitxelena).

2) Jo, ehundu: zapiak eta ehunak ere eho egiten dira, hariz egiten dira («Nekatuten dira () ezertarako ez dan euna eijoten (ehotzen)», eta, bide horretatik, baita edermena edo lilura ere («Edermena ez degu guziok margo bereko ariez eioa», Lizardi; «Haurtzaroak eio zuen liluraren sare argala», Mitxelena).

Lehenaren arabera, Etxepareren maitalea emakumeari begira jarri da, haren irudi ederra sorik so begietan xehatu eta birrindu arte.

Bigarrenaren arabera, berriz, alderantzizkoa litzateke prozesua: irudiari begira, haren irudia ehunduz joango litzateke, eratuz, osatuz…

Posible ote da bi adierak batzen dituen erabilerarik? Poesian bai, apika. Bi faseko prozesu bat balitz bezala: lehenik desegin arte mamurtzen dut irudia, nola mamurtzen eta murtxikatzen dudan ogi-pusketa bat, eta ondoren, neure eginik eraikitzen dut sentimenaren begietan…

Dena den, hor bada beste kontu interesgarri bat: tradizioarena. Mitxelenak erakusten digu tradizioa aurkitu egin behar dela, aurkitu egin daitekeela; eta aurkitu eta sortu aditzak elkarren ondoan ibil daitezkeela tradizio-kontuetan. Tradizioko hainbat ale hor daude, in potentia, guk argitara noiz aterako, noiz baliatuko zain.

Mitxelenak arrazoi duen ala ez, berdin dio: interpretazio zoragarria iradoki zigun. Ez dakit gaur egungo poetek erabili izan duten, baina hor dago nahi duenarentzat, tradizioan sarturik dagoeneko, bidea egiten hasteko moduan, halakorik erabakitzen badugu.

Horrelako perlak egingo zaizkie apika harrigarri japoniarrei.


[1] Bernard Etxepare, Linguae Vasconum Primitiae (Edizio kritikoa), Patxi Altunak paratua, Bilbo, Mensajero, 1980.

[2] Olerkiak, Bernat Dechepare, Lino Akesolok apailatua, Donostia, Txertoa, 1978.

[3] Koldo Mitxelena entre nosotros, Alberdania, 2001. Liburuaren apailatzaileen itzulpen hori dator oin-ohar batean.