Sagarra manzana, ikatza carbón

Karlos Cid Abasolo

Txit interesgarria iruditu zait Asier Larrinagaren Idatziaren kulturaren gainbehera testua, bi partetan partitua eta berecia. Hori dela eta, oraingo honetan haren testu horren bigarren atala iruzkindu edo osatu nahi nuke.

Besteak beste, formulario elebidunen ohiko diseinua dakar Asierrek hizpidera. Hainbat herri-izendapen ofizialetan bezala (hala nola Donostia/San Sebastián), euskarazko testua + marra bertikala + erdarazko testua agertu ohi dira halako agirietan. Asierrek adibidetzat ematen digun formularioan, esaterako, Data/Fecha, Eskaera-zk/Nº de pedido, eta abar. Eta hona hemen haren proposamena: “Nire iritziz, erabiltzaileari praktikoagoa izango litzaioke orriaren alde batean euskarazko bertsioa ipintzea, eta, beste aldean, beste hizkuntzako bertsioa”. Ados nago Asierren proposamenarekin (eta erantsiko nuke: mostradorean beti ikusgai egon bitez euskarazko aldeak), baina ez proposamenaren zioarekin: ez dut sistema hori nahiago “praktikoagoa” delako, baizik eta benetako elebitasunari begira egokiagoa delako. Data/fecha sistemaren bidez, arauzko elebitasuna bete nahi da, hizkuntza legedia bete nahi da besterik gabe, erabateko itxurakeriaz jokatuz, benetako elebitasunaren alde apustu egin ordez. Data/fecha sistemari egokia ez baina agian onargarria iritziko nioke bi hizkuntza dituen komunitate batentzat, baldin eta X hizkuntza dazagutenek ez balezagute Y hizkuntza eta, era berean, Y hizkuntza dazagutenek ez balezagute X hizkuntza. Baina hori ez da EAEko kasua (ezta NFE edo Ipar Euskal Herrikoa ere). Jakina denez, EAEn X (euskara) dazaguten guztiek Y (espainiera) ere dazagute, baina Y dazaguten guztiek ez dazagute X. Bestela esanda, eta formulario honi dagokionez:

– X hizkuntza ez dazagutenek mezu bakoitza behin bakarrik prozesatuko dute, ulertzen ez duten item bakoitzaren gainetik salto eginez. Erosoago moldatuko lirateke testua elebakarra izango balitz (erdarazkoa, jakina), baina tira, zer egingo zaio ba.

– X hizkuntza dazagutenen burmuinek, ordea, mezu bakoitza birritan prozesatuko dute, horrek dakarren nekearekin. Badakit badirela munduan neke handiagoak, baina nekea beti neke.

– X hizkuntza ezagutzeko bidean daudenek euskarazko hitz multzo bakoitzaren ostean erdarazko baliokidearekin egingo dute topo, euskaraz modu normalean bizitzeko aukera oztopatzen zaielarik. Data/fecha sistemarekin, euskarak beti ondoan dauka espainiera bizkartzain, bere kasa bizitzeko aukera ukatzen zaiolarik (eta hizkuntzez ari naizenean, hiztunez ari naiz, jakina).

Esan gabe doa formularioetako elebitasun txatxu hori ez dela formularioen esklusiboa. Esku-orriak, taberna eta jatetxeetako kartak, kartelak, CDak (ahotsa/voz, pianoa/piano…), ETAk zigilatutako materialaren inbentarioa, etab. bikoiztasun aspergarri (eta euskararen normalizaziorako kaltegarri) horren erakusle dira.

cuidatezainduzaitez

armak

Egia da ETAren estrategia linguistikoa ez dela erabat baztertzekoa. Azken finean, euskarari ematen dio lehentasuna, lau estrategiaren bidez:

–        Euskarazko testua lehenengoa da.

–        Euskal testuak letra handiagoa du.

–        Euskal testua letra lodiz idatzirik dago.

–        Erdal testua parentesi artean dago.

Baina hori ez da nahikoa.

Aipaturiko testu mota horientzat guztientzat (esku-orriak, taberna eta jatetxeetako kartak, kartelak, material-inbentarioak, etab.) egokiagoa da Asierrek formularioetarako proposatzen duena. Dena den, hizkuntza bakoitza erabat beregaina izan dadin, are hobe litzateke (kartelei dagokienez, jakina, ez hobe, baizik aukera bakar) euskarazko testua eta erdarazkoa orri banatan agertzea, horrek paper gehiago gastatzea (eta, ondorioz, zuhaitz gehiago ebakitzea) lekarkeen arren.

 zainduzaitez  cuidate

Eta, bide batez, hobe erdarazkoa mostradore, webgune eta abarretan euskarazkoa bezain “begi bistan” eta “eskura” ez badago. Azken finean, antzeko ikusgarritasun eza jasaten dute, besteak beste, euskal liburuek Euskal Herriko liburu-dendetan eta inor ez da kexatzen.

Elkarkidetza… zer ote?

Oskar Arana Ibabe

Esatariak esan du. Europar Batasunarekiko elkarkidetza-itun baten ondorioz omen da gatazka guztia Ukraina urrutikoan. Eta euskaraz aditutakoa gaztelaniara itzuli beharrez hasi da nire burua: zer ote elkarkidetza? Euskaltermen, harritzekoa, ez dago ordain bakar bat ere, eta nazioarteko zuzenbide publikoko terminoa izatekotan, zer edo zer jasota egon beharko litzateke. Labayru hiztegiak du jasota, baina solidaritatea edo elkartasuna dela dio. Ederra litzateke, baina estatuek eta estatuz gaineko egitura politikoek ez dute elkartasun-itunik sinatu ohi, elkartasuna unean uneko larrialdi eta hondamendietarako utzi ohi dute, eta, orduan ere, tentuz. Zer ote, beraz, Ukrainak Europar Batasunarekin sinatua duen itun hori? Hiztegi Batuan ere ez da halakoren arrastorik… eta, nago hitz horrenak egin egingo duela, egin ez badu dagoeneko…

Izan ere, Ukrainak badu tratatu bat sinaturik Europar Batasunarekin, baina elkartea osatzeko tratatu bat da, elkarren sozio izateko tratatua, partzuer izateko tratatua, merkataritzan eta elkarrekiko lanerako beste eremu batzuetan.

Ez ditut gogoko elkarkidetza bezalako hitzak. Eramoldea susmagarria iruditzen zait, elkarkide bera susmagarri izanik. Dena zait adierazle horretan adieraziaren arerio: elkar, ezin aditz-oina izanik kasu honetan, izenordain behar, absolutiboan, eta hari kide atzizkia erantsi, eratorpenez zer adierazteko, baina? Elkarren kide? Elkarrekin kide?… Eta, ondoren, are eta ilunago bihurtzeko, tza atzizkia erantsi, abstrakzio kutsu bat eman nahirik edo… Baina, abstrakzioa ez, zehaztasuna eta konkrezioa maiteago ditu zuzenbideak kontzeptuetan. Elkarkidetasun hitzari antza edo gaztelaniazko afinidad ordaina emana dio Orotarikoak, beraz, are nahasgarriago EBren eta Ukrainaren arteko tratatu hori zertan datzan argitzeko, zeren eta, estatuen artean elkartasun-tratatuak bezain urri baitira elkarkidetasun-tratatuak… eta bai bitxiak izango liratekeela.

Hara zer definizio ematen duen erdaraz, EBren eta Ukrainaren arteko tratatu horrek:

A European Union Association Agreement (for short, Associacion Agreement or AA) is a treaty between the European Union (EU) an a non-EU country that creates a framework for co-operation beween them. Areas frequently covered by such agreements include the development of political, trade, social, cultural and security links. The legal base for the conclusion of the association agreements is provided by art. 271 TFEU (former art. 30 and art. 238 TEC).

Proposatuko nuke, kontzeptu hori emateko, partzuer tratatua edo partzuergo tratatua, nola auzoak edo herriak edo ugazabak izan bailitezke partzuer maila apalagoetan, halaxe izan bailitezke estatuak beren artean eta beste erakunde goragokoekin.

Elkarkidetza, hain da iluna, nahiz eta erabilia izan den hainbat esparrutan eta hainbat adierarekin hainbat testutan, non hiztegiek ere ihes egin baitiote hura definitzeari.

Zer etorkizun izango ote duen, ez dakit zuzen. Baina nik, hitz horrengatik bederen, beste askorengatik ez bezala, ez dut dolu handirik izango ahazturik emeki-emeki aienatzen hasiz gero. Zuetako norbaitek erakutsiko dizkit, beharbada, nik agerian ikusi ez dizkiodan merezimenduak eta ohoreak, nik txera handiagoa har diezaiodan…

Erdaltzale bat!

Juan Luis Zabala

Txuskok ez daki euskaraz. Edo behintzat ez du euskaraz hitz egiten. Erdalduna da. Baina gaur euskaraz hitz egiten entzun dut.

–Ekarri makila, Txistu! –agindu dio nire txakurrari.

Deserosoa egiten zait erdaldunekin hizkuntzei buruz hitz egitea, edo euskarari buruz hitz egitea behintzat, gai hori aipatzean beti sortzen delako beste gai batzuekin sortzen ez den tentsio ezkutu bat, urduritasunez disimulatua. Haiekin horretaz hizketan hasiz gero, euskararen aldekoak dira erdaldun gehienak. Pena handia dutela diote euskaraz ez dakitelako; edo hitz egiten ausartzen ez direlako, ohitura eta segurtasun faltarengatik. Beste batzuek argi erakutsia dute beren erabakiekin —haurren eskolaratzeak ez du zalantzarako tartetik uzten kasu batzuetan— zer iritzi eta zer jarrera duten, baina horiekin edo ez dut hitz egiten ezertaz, edo bestela gai hori ez da inoiz ateratzen, tabu ukiezina da.

–Oso ondo, Txistu –entzun diot Txuskori, euskaraz berriro ere, Txistuk makila ekarri dionean.

Txuskorekin azkenaldian dudan gertutasunak eta konfiantzak hartaratuta, kargu hartu diot, txantxetan, esaldi ironiko baina aski topiko batez, pertsonei ez bezala txakurrei euskaraz hitz egiteko joera hori dela-eta.

–Barkatuko didazu gordintasuna –esan dit deblauki, barruko amorru bezatu baten arrastoak agerian–, baina nahiago nuke euskaraz hitz egiten duzuen guztiok behingoz amore eman eta nork bere inguruko erdarari helduko bazeniote denetarako eta betiko. Beharbada ez litzateke historikoki justua, euskara bidegabeki zapaldua eta baztertua izan delako hemen urte askoan, baina… a zer deskantsua denontzat!

Lau aitona-amonetako bi euskaldunak zituen arren, bere etxean ez dela inoiz euskaraz hitz egin azaldu dit, eta gaztelaniari maitasun eta atxikimendu handia diola eskolako lehen ikasketetatik. Oraindik ere askotan berrirakurtzen omen ditu aspaldi ikasitako poemak. Antonio Machado aipatu dit (“monotonía de lluvia tras los cristales”), Miguel Hernández (“menos tu vientre claro y profundo”), Francisco de Quevedo (“miré los muros de patria mía, si un tiempo fuertes, ya desvencijados”), Jorge Manrique (“nuestras vidas son los ríos que van a dar a a la mar, que es el morir”), Juan Ramón Jiménez (“Platero es pequeño, peludo, suave”)… Ezagunak, topikoak, betikoak… Baina niri ere gaztetxo nintzela gustatutakoak, eskolan irakurri eta, kasu batzuetan behintzat, buruz ikasi nituenean.

Ez dit halakorik aitortu Txuskok, baina egingo nuke berak ere idazten duela poesia.

–Badakit euskararen egoera ez dela ona –esan dit aurrerago–, eta zuek ere kezka, pena eta neke handiak dituzuela zuen hizkuntza dela-eta. Badakit ez garela zuen lekuan jartzen, ez dugula zuekin enpatizatzen, orain esaten den bezala. Ados. Eta zuek? Pentsatu al duzue zuek, zeuen aldetik, hemen bizi garen askok eta askok, gaztelania izan arren ama hizkuntza, eta aita hizkuntza eta etxeko hizkuntza, gure umeak beste batean eskolatzera bultzatzen gaituela gizartean indarrean den isilpeko itun batek, derrigortu gabe baina nabarmen geratzeko arriskua bistan ezarrita? Jabetu al zarete ume horiek etxean hitz egiten duten hizkuntzan ez hitz egiteko agindua jasotzen dutela irakasleengandik txiki-txikitatik, esango balitzaie bezala okerreko hizkuntzan haziak direla? Gaztelania da nagusi erabileran, zabalduago dago; gaztelania euskara baino indartsu eta sasoikoago dago. Baina ez gara gure hizkuntza lotsarik eta beldurrik gabe maitatzeko, goratzeko eta sustatzeko gauza, beti hemengo beste hizkuntza txiki hori, euskara, gutxiesteko edo molestatzeko beldurrez.

Txusko agurtu eta gero, Txistu eta biok bakarrik ginela etxera bueltan, esandakoei buruz pentsatzen etorri naiz. Euskarari amaren edo amonaren irudia eman diote gure artean poetek eta bertsolariek egundaino, eta seguru asko garai bateko egoera irudikatzeko metafora egokiak ziren horiek. Baina uste dut ume erkinarena, ume ezinduarena, ume elbarriarena, askoz hobeto egokitzen zaiola gaur egun gure artean, gure kaleetan eta gure hedabideetan, dugun euskarari. Ume erkinaren gainetik sentitzen da gaztelania, ez da haren beldur, badaki hura baino indartsuagoa dela. Baina jeloskor sentiarazten dute ume erkinak handik eta hemendik jasotzen dituen mainek eta opariek, faborezko tratuek, ondo jakinagatik horiek ez dutela euskara erkin izaten jarraitzetik askatuko.

Guk, berriz, maite dugu gure ume erkina, eta zoratzen egoten gara hura, esparru mugatu batzuetan baino ez bada ere, indartsu eta pozik ikusiz gero. Beteta.

Hau da

Eneko Bidegain

Gaur hitz egin nahi dut esaldiaren hasierako zatiari azalpen gehiago emateko helburua duten bigarren zatiez, hau da, aurreko zatia argiago azalduko luketen hurrengo zatiak izango dira artikulu honen gaia. Oraintxe idatzi dudan esaldiak badu zerbait bitxi, ez? Hori da, ordea, maiz irakurtzen dudan esaldi mota. Ez dakit aitzineko ikasturteetan hainbeste zabaldua zen joera hori edo aurtengo ikasleek ikaragarriko joera izan duten «hau da» hori erabiltzeko. Egia erran, bestela ere maiz entzuten da, hedabideetan hitz egiten dutenen ahotik bereziki, baina egoki.

«Hau da», «hots» edo «erran nahi baita» gauza bererako erabiltzen dira. Aitortu behar dut nihaurek «hots» anitz erabiltzen dudala. Baina zein da horien helburua? Aitzineko esaldian aipatutakoa argikiago azaltzea, xehetasun berriekin edo adibide zehatzekin. Edo aitzineko esaldiko aipu zehatzak orokortzea. Orotariko Euskal Hiztegitik hartu ditut adibide batzuk.

Informazio zehatzagoa emateko:

Handik ioanentzare bertze bidearen erdian uest noroestean, hau da, Lorrenetik Arroke Tobasat eta Arroke Tobastik Sen Maloarat. INav 57.

Azaltzeko esaldiaren lehen zatian zeri egin nahi genion erreferentzia:

Guzur andija da, diabrubak kristinau askori siniserazoten deutseena, au da, gerora aldatuko jakeela bijotza onerako. Mg CO 112.

Zehaztasuna orokortzeko:

Egiya da euzkeldun geienak arotz, argin, igeltseru, errementari, au da, berarizko lanbiden bat ebenak, opiziodunak, izaten zirala. Kk Ab II 182.

Ulertzen ez dena ulertarazteko, itzulpena eskaintzeko edo definizioa emateko:

Ola daudela, prantses-izkuntzan / esan oi dute iru aldiz: / “Pax avant”, au da, “Pakea aurrera”. Or Eus 209.

Poliandria, au da, emakume bakar batek gizon bat baiño geiago eukitzea. Vill Jaink 158.

Balorazio bat egiteko:

Ektareako larogei zentimetro, au da, metro eskaxa urteko. Munita 66.

Idatzizko komunikazioan edo ahozkoan, joera handia dugu «hau da» edo «hots» erabiltzeko, eta tresna biziki egokia da diskurtso baten garapenean. Ez dakit denborarekin ikasten den, oharkabean, nola erabili behar den, edo pixka bat irakatsi behar den. Irudipena daukat aurten irakurri ditudan ikasleen idazlanetan, «hau da» sistematikoki erabiltzen zela, baina ez esaldiaren lehen zatiko ideia osatzeko edo tresna diskurtsibo gisa. Ez. Maiz, esaldiaren lehen zatiko ideia errepikatzera mugatzen da «hau da»-ren ondoko zatia. Estilo horretakoak dira ikasle askori irakurri dizkiedan adibideak, exajeratu gabe:

Errepide honetako abiadura muga orduko 90 kilometrokoa da, hau da, ezin da ibili 90 kilometro orduko baino bizkorrago.

Gisa horretako baieztapenak egitearen arrazoia ez da, nik uste, «hau da»-ren erabilera okerra; diskurtso bat eraikitzeko zailtasuna islatzen du. Ez dakit arrazoia den ez dakitela orriak nola bete eta beraz esaldia luzatzeko trikimailu gisa erabiltzen dutela, edo ez daudela ziur azaldu nahi duten ideia ongi azaldu dutela, eta horregatik, badaezpada errepikatzen dutela gauza bera ia-ia hitz berekin.

Bi haurdun

Fernando Rey Escalera

“Bi haurdun Palermora (Sizilia) eraman dituzte, eta Lampedusako erietxera beste hiru lagun”

“Etorkinekin lan egiten duen Beni Znaffen erakundeko presidenteak, Hichman Barakak, hildakoen artean bi haurdun zeudela ohartarazi zuen”.

“Bi haurdun eta bi amatxo beren umetxoekin”.

Esaldi horiek Google-etik atera ditut, baina halakoak gero eta gehiagotan ikusten dira toki askotan. Erdarazko erabileraren kalko (egokia?), dudarik gabe.

Ez dakit euskarak inoiz bere eginen ote duen adierazpide hori, baina niri bitxia egiten zait, desegokia. Nire inguruan “haurdun”, gehien-gehienetan, adberbio modura erabiltzen da, eta oso gutxitan izenondo modura, baina hitzak ez du azkeneko salto hori egin.

Egia da –dun atzizkia duten hitz askorekin ez dugula problema hori, eta lasai esaten dugula “Hiru txapeldun elkarrekin pilota-partida berean”, edo “Fededunak bere esperientziaren berri eman du”, edo “Hartzekodunak badu eskubidea ziurtagiria eskatzeko”, edo “Bizardun asko ikusten ziren 80ko hamarkadan”, baina “haurdun” hitzarekin min moduko zerbait sentitzen dugu belarrian:

“Haurdunak badu eskubidea behar bezalako arreta izateko” (?)

“Hiru haurdun ospitaleraturik gripea dela-eta” (?).

Gehienok hobeki ulertzen dugu honela esanda:

“Haurdun dagoen emakumeak badu eskubidea behar bezalako arreta izateko”.

“Hiru emakume haurdun ospitaleraturik gripea dela-eta”.

Orotariko Euskal Hiztegian ibili naiz bilaka, baita Ereduzko Prosa Gaur-en ere, eta berretsita ikusi dut nire iritzia. Adizlagun: “Haurdun izan, egin, egon, geratu, gelditu, gertatu, sentitu…”. Eta bakarren bat, izenondo gisara.

Bakar bat ikusi dut goiko adibideen modukoa: Bere amak aurdunari erdi-egiten lagun egiten zionez. Zait Plat 84.

Hau guztia buruan nerabilela, gogora etorri zait noiz aditu nion lehenbiziko aldiz gizaseme bati –lankide bati– “haurdun gaude” esaten. Hark umore pixka batekin ohiko adierazpidea bihurritu zuen bezala, ontzat eta normaltzat hartuko dugu “haurdun bat” edo “bi haurdun” esatea?

Altzeak, orignalak eta euskal jatorriko hitz frantsesak

Aiora Jaka Irizar

Bitxikeria polita iritzi nion Alfontso Mujikak 2013ko abenduan blog honetan argitaratu zuen artikuluari: Espainiako hizkuntza-akademiaren hiztegian euskararen arrastoak bilatu, eta makina bat gauza harrigarri aurkitu zituen jadanik ezagutzen genituen beste hainbat konturekin batera.

Artikulua irakurtzearekin bat, frantsesezko “orignal” hitzaren etimologiaren istorio polita etorri zitzaidan gogora, eta Frantziako hizkuntza-akademiaren hiztegian Alfontsorenaren antzeko bilaketa bat egitea pentsatu nuen, ea halako bitxikeriarik topatzen nuen. Pentsatu bai, baina Axularren gomendioari entzungor eginda gaur arte geroratu dut lanari ekitea. Eta gaur hasi naiz, beraz, artikulua blogera bidaltzeko epea gain-gainean dudala, aspalditik egin nahi nuen bilaketatxoa egiten.

Bi hiztegi elektronikotan bilatu ditut atalen baten barruan “basque” hitza gordetzen duten sarrerak. Lehenik, Dictionnaire de l’Académie française delakoan. Bilatzaileari “basque” edo “basques” bilatzeko eskatuta, 38 hitzeko zerrenda atera zait. Hitz horietako askok, ordea, ez dute zerikusirik euskal etimologiarekin, “basque” hitza adibideetan dutelako edota “basque” hitz homonimoari dagozkiolako (II. BASQUE n. f. XIVe siècle, baste, jusqu’au XVIIe siècle. Probablement altération du provençal basto, « couture à longspoints »). Horiek alde batera utzita, beraz, eta “basquais”, “euscarien” eta antzekoak kontuan hartu gabe, euskal etimologiadun hitzetara mugatu nahi izan dut zerrenda, eta 6 hitz baizik ez zaizkit geratu: “bagarre”, “cacolet”, “chistera”, “euscarien”, “orignal”, “pelotari” eta “pottok”. Espainiako hizkuntza-akademiaren hiztegian ageri diren euskal jatorriko hitzekin alderatuta, oso gutxi.

Oraindik ere beste hitzen bat aurkituko nuen esperantzan, bilaketa berbera egin dut frantses hizkuntzaren erreferentzia nagusietako bat bilakatu den Le Petit Robert hiztegian (zoritxarrez, ez dago doaneko bertsio elektronikorik; CD-ROMa erosi edo sarera harpidetu beharra dago). Frantses akademiaren hiztegiak ez bezala, Le Petit Robertek aukera ematen du hitzen bat etimologia atalean soilik bilatzeko, eta, hala, “bagarre”, “basquaise”, “basquine”, “bisque”, “buteur”, “cacolet”, “chistera”, “euskarien”, “gascon”, “orignal” eta “pelotari” agertu zaizkit. Hitz horiek guztiak ere ez datoz euskaratik; etimologia atalean “basque” hitza dutelako agertu zaizkit soilik. Esate baterako:

buteur, euse [bytZY, Vz] n.• 1932; « serveur à la pelote basque » 1904; de but. Joueur, joueuse qui sait tirer au but et marquer. Notre équipe manque de buteurs.

Halako hitzak alde batera utzita, beraz, frantses akademiaren hiztegiak emandako zerrenda berbera geratu zait, desberdintasun bakar batekin: Le Petit Robertek ez du jasotzen “pottok” (baliteke mailegu berri samarra izatea eta nik daukadan bertsioa zaharkituta egotea; hiztegiaren azken bertsioan bilatu beharko litzateke). Nolanahi ere, hauexek dira frantsesean euskaratik sartu diren 7 hitzak, hiztegien arabera:

bagarre, cacolet, chistera, euscarien, orignal, pelotari eta pottok

Horien artetik lau gardenak dira guztiz: “chistera” (xistera), “euscarien” (Euskal Herriari dagokiona), “pelotari” (pilotari) eta “pottok” (pottoka).

“Cacolet” ere, nahiz eta ez dirudien gaur egun gehiegi darabilgun hitza denik, aldaketa handirik gabe eta esanahi berberarekin sartu bide da frantsesean. Orotariko Euskal Hiztegiak dioen bezala, zaldi eta mandoen gainean jartzen zen egurrezko eserlekuari omen zeritzon kakolet:

kakolet (Lecl, H, T-L).

“Cacolets, sièges en bois recourbés et doubles pour voyager à deux sur un cheval, mulet… ou pour charger de droite et de gauche une bête de somme” H. “Bât, kakoletak” T-L. v. kakola, kartola. Kendu zazkon mandoari bere kakoletak. GAlm 1960, 16.

Geratzen zaizkigun bi hitzak dira beharbada bitxienak. Lehenengoa, “bagarre”:

BAGARRE n. f. XVIIe siècle. Emprunté du provençal bagarro, « rixe », qui, par le béarnais, remonte au basque batzarre, proprement « rassemblement ».

Bitxia dena da “bagarre” hitzak frantsesez ez duela “batzarre” esan nahi, borroka edo liskar baizik. Imajina dezakegu, beraz, nolakoak ziren XVII. mendeko euskaldunen batzarrak! (Edo, agian, euskaratik bearnesera eta hortik proventzalera igarotako hitza izanik, gure bizilagunei lepora diezaiekegu borrokazaletasuna…)

Azkenik, artikulutxo hau idaztera bultzatu nauen hitza, “orignal”:

ORIGNAL n. m. (pl. Orignaux). XVIIe siècle. Nom donné à ces animaux par les émigrants basques d’après oregnac, pluriel de orein, « cerf ». Nom donné à l’élan d’Amérique du Nord.

Ipar Ameriketako altzea da, beraz, “orignal”. Quebecera egin nuen lehen bidaian izan nuen hitz horren etimologiaren berri, eta, istorioak hainbat bertsio dituenez eta benetakoa zein den jakitea ezinezkoa denez, gehien gustatu zitzaidan aldaera kontatuko dut hemen:

Badirudi euskal arrantzaleak bakailao eta balea bila Ipar Ameriketako lurraldeetaraino joaten hasi zirenean (gaur egun Ternua, Labrador eta Quebec diren lurretara), hango algonkinekin eta beste amerindiarrekin komunikatzeko algonkin-euskara pidgina sortu zutela, XVI. mendearen inguruan, eta pidgin horretan “oreinak” esaten zitzaiela Ipar Ameriketako altzeei. Pidgina garatu eta gutxira, frantses kolonizatzaileek inguru haietan lur hartu zutenean, amerindiarrek “zurien hizkuntzan” ezagutzen zituzten hitzak atera zituzten “zuriekin” komunikatzeko, besteak beste “oreinak”. Frantsesek, orduan, Europakoaren antz handirik ez zuen altze hari bertakoek “orignac” edo “orignal” deitzen ziotela ulertu, eta halaxe beretu zuten hitz  “amerindiar” hura. Ozeano Atlantikoa hemendik hara eta handik hona zeharkatu ondoren, beraz, Frantziako hizkuntza-akademiaren hiztegian sartu zen euskal jatorriko hitz hau.

Algonkin-euskara pidginak ba omen zituen euskaratik hartutako beste hainbat hitz (gorago emandako Wikipediarako loturan ageri dira gaiari buruzko erreferentzia interesgarriak), baina badirudi “orignal” izan dela frantses hizkuntzara igaro den hitz bakarra.

Itzultzaile, interprete eta zuzentzaileentzako Murphyren legeak (1)

Karlos del Olmo

Oinarrizko Lehenengo Legea

– Itzultzen edo zuzentzen hasi aurretik irudituz gero itzulgaian edo testuan hiruzpalau zailtasun besterik ez dela agertuko, itzultzen edo zuzentzen ekindakoan haiek baino askoz ere zailagoak diren beste hamaikatxo agertuko dira, hastapenean hala ematen ez bazuten ere.

Oinarrizko Bigarren Legea

– Itzultzen, zuzentzen edo interpretatzen hasten zaren unean bertan hasiko zaizkizu heltzen nahitaez erantzun beharreko mezu elektronikoak, telefono deiak eta aurrekontu eskeak.

Oinarrizko Hirugarren Legea

– Itzulpena edo zuzenketa hasi eta buka ondo badoa eta beharrean luzaro ez badiharduzu seguru asko izango da hasieran uste izan zenuelako dena ezin txarrago joango zela; lan hura entregatu eta berehala konturatuko zara lehen ikusi ez dituzun akatsez.

Koherentziaren Legea

– Koherentzia beti aldetzen da errazago zehaztasuna baino.

Terminoaren Legea

– Zure testuan edo mintzaldian agerturiko termino aurkitu ezin hori ez da inongo glosario edo hiztegitan agertuko, zeure testukoa edo hitzaldikoa delako terminoaren lehen agerpena.

Itzultzaile / Zuzentzaile Lantsuaren Dilema

– Itzultzen edo zuzentzen ez dena beti izaten da garrantzikoagoa zuzentzen edo itzultzen ari dena baino…

Bezero Tematiaren Legea

– … eskaera egin duen bezero tematiarentzat.

Espezializazioaren Legea

– Itzultzailea, interpretea edo zuzentzailea, azkenean, gutxien menderatzen duen alorrean espezializatu ohi da.

Euskaltzaindiaren Lehenengo Legea

– Atzo arratsaldea arte ondo zenekien Hiztegi Batuko zerrenda gaur eguneratuta eta aldatuta aurkituko duzu.

Marraren Legea

– Bezeroak beti eskatuko dizu hitz elkartuetan marra zeure ohituraren aurka erabiltzeko.

Marraren Legeko Lehen Xedapen Iragankorra

– Zalantza baduzu elkarketa batean marra jartzea aukerakoa ote den, berba bikote hori ez da agertuko Hiztegi Batuan.

Itzulpen Memoriaren Lehen Legea

– Zenbat eta presatuago ibili, orduan eta sarriago indexatzen hasiko da eta astiroago ibiliko programa.

Itzulpen Memoriaren Bigarren Legea

– Ordenagailuak inoiz ez dizu eskainiko lehen aukeratzat behar duzun itzulpen unitatea.

Itzulpen Memoriaren Bigarren Legea

– Behar duzun unitatea eskaintzen badizu, hura ez da egongo Euskaltzaindiaren azken erabakien arabera eguneraturik.

Zoriontzearen Legea

– Beti zorionduko zaituzte gutxien gustatu eta halako pozik utzi ez zaituen lanagatik.

Ospearen Legea

– Itzultzailea, interpretea edo zuzentzailea beti izango da ezagunagoa munta txikikoa izateagatik haren ospean eraginik izango ez omen zuten itzulpen, zuzenketa edo interpretazio saio makalagoengatik.

Ospearen Legeko Korolarioa

– Inork ez da ohartuko zuzentzailea, interpretea edo itzultzailea hain gustura eta bikain egindako lan txalogarriaz.

Ospearen Lege Berregina

– Lan bat behingo-behingoan egiteak badu arazo bat: inor ez konturatzea benetan zein zaila den.

Itzulgai Zailaren Legea

– Zail-zaila da itzulgai txar bat erraz ulertzeko moduan interpretatu, zuzendu edo itzultzea, eta ez halako gaitza alderantziz gertatzea.

ItzuLen Lehen Legea

– Zalantza edo galdera batzuk bizidun ugalkor eta tematiak dira, etengabe agertzen baitira, itxura goiti-behiti, urtaro edo aldi jakin batzuetan zerrendara, aurreko aldian betiko ebatzita geratu omen baziren ere.

ItzuLen Bigarren Legea

– Laguntza eske larri bat bidaltzen duzunean, zerrendako inork ez dizu erantzungo edo lagunduko; jakingura hutsez eta premiarik gabe itaunduz gero, erresponda zaparrada bat jasoko duzu berehalako batean, zein baino zein sakonago, zentzudunago eta biziago.

Hizlari Elebidunaren Legea (Interpretearena)

– Ezinago zail gertatu zaizun interpretazioa amaitu eta segituan, hizlaria halabeharrez lehengo gauza bera esaten hasiko da beste hizkuntzan (dena dela, beharbada, ez zuk bezain ondo).

Zuzentzaile Arduratsuaren Legea

– Zure zuzenketa sistema eta protokoloa sano kostatuta finkatu eta testua orrazten lan eskerga egin ostean, edo egilea ez da zure zuzenketekin bat etorriko edo emaitza ez da argitaratzailearen gustukoa izango. Hortaz, berriro hasi beharko duzu sistema aldatzen eta lana zuzentzen.

Joskurak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Aurrekoan, esanahi bereko esaldi bi irakurri nituen albistegian:

  • Reala, Anoetan zazpigarrena erreskadan irabazi nahian.
  • Reala, Anoetan jarraian zazpigarren garaipenaren bila.

Ulertu, esaldi biak ulertzen ditugu, baina lehenengoa ondo josita dago, eta bigarrena ez. Garaipen hitza sartuta, Anoeta, jarrai eta zazpigarren elementuak horren osagarri dira, ez baitzen edozein garaipen, Anoetan segidan lortu nahi zen zazpigarrena baizik.

Izenlagunak sortzeko, -ren, -ko eta erlatiboak dira euskararen tresnak. Aspaldi honetan, ordea, izenlaguna beste kasu batzuekin josita ageri da askotan:

  • Egoera larriari irtenbidea eskatu dute.
  • Komunikatuari erreakzioak berehala etorri dira.
  • Jende asko batu da San Mamesen, Europari agurrean.

Hiru esaldiok gaztelaniaren ikuspegitik eginda daudela esango nuke (solución a la grave situación, reacciones al comunicado, adiós a Europa). Geurez, beste era batera esango genituzke: Egoera larriari irtenbidea emateko… Komunikatuaren ondoko erreakzioak… Europari agur esateko.

Orain urte batzuk, oker bataiatutako kirol proba bat zela eta ez zela egin behar izan genuen gogor: Urkiolara Rallya. Inork ez zuen zalantzarik egiten Bilbora autobusa ez zela zuzena, eta Bilbo(ra)ko autobusa esaten zela, baina rallyarena beste kontu bat zen, itxuraz.

Antzera gertatzen da, sarritan, bidaiak zozketatzen direnean. Batzuetan, esaldiko txatalak egoki josita aurkezten dira:

  • Saria, bi lagunentzako bidaia, Tenerifera [joateko].

Eta beste batzuetan, friselinaz doi-doi itsatsita daude:

  • Saria, Tenerifera bidaia, bi lagunentzat.

Esango genuke «Zer moduz Tenerifera oporrak»? Edo «Ikusi zenuen Mandelari omenaldia»?

Bizitza?

miel a. elustondo

Esadazue nolakoa den arbola.
Esadazue ibaiaren kantua
txoriz betetzen denean.

Hitz egidazue itsasoaz, hitz egidazue
mendiaren usain zabalaz,
izarrez, haizeaz.
Esadazue zeruertz bat
sarrailarik eta giltzarik gabekoa,
behartsu baten txabola bezalakoa.

Esadazue nolakoa den
emakume baten musua. Emadazue
maitasunaren izena, ez dut gogoratzen.

Gauak, oraindik ere, ilargipean pasioz dardaraka
maiteminduez perfumatzen al dira?

Edo hilobi hau baizik ez da geratzen,
sarraila baten argia
eta nire harri zabalen kantua?

Hogeita bi urte… Oraintxe, gauzen dimentsioa
ahazten ari naiz,
haien kolorea, haien usaina… Iritzira
idazten dut: “itsasoa”, “mendia”…
“Basoa” esaten dut baina galdua dut
arbolaren geometria.

Hitz egin aldera hitz egiten dut, urteek
ezabatu zizkidaten kontuen gainean…

Ez dut segitzerik,
funtzionarioaren pausoak entzuten ditut.

Marcos Ana
Francoren garaian hogeita hiru urte kartzelan egindako presoa

Hitzarmenak salatzearen inguruan

Koro Garmendia Iartza

Maiz pentsatu dut euskaraz egokia ote den kontratu, itun edo hitzarmenen azkentzeari lotuta salatu aditza erabiltzea. Dagoeneko barneratuta dago, aski zabalduta, eta bere horretan jarraituko du seguruenera, baina iruditzen zait gogoeta egitea bederen merezi duela.

Hobeto kokatuko zaituztet. Arlo juridikora hurbilduko gara. Hitzarmenek indarraldi zehatz bat izaten dute, hitzarmenean bertan finkatzen dena, eta bitarte horretan ituneko aldeentzat loteslea izango da hartan xedatutakoa. Alabaina, epe hori agortu baino lehen, aldeetako batek hitzarmena bertan behera uzteko eskaera ere egin dezake, eta, asmo hori adierazteko, hitzarmena salatu egiten duela esan ohi da. Baldintza batzuk bete behar ditu horretarako: eskaera idatziz egitea, zergatiak adieraztea, behar besteko aurrerapenarekin egitea, eta abar. Pentsatzen dut azalpen xume horiekin lekutu zaretela, nolabait.

Denunciar aditzak, gaztelaniaz, hainbat adiera ditu; oro har, lau dituela esan genezake: a) agintaritza bati legearen aurkako delitu edo ekintza baten berri ematea; b) ezkutuan dagoen zerbait azaleratzea; c) bidegabea den zerbait publikoki zabaltzea; eta d) alderdi batek besteari kontratua edo ituna indargabetzeko asmoa duela jakinaraztea. Laugarren adiera hori da hizpide daukadana. Ikusten duzuenez, salatu aditzari oro har ematen diogun esanahiarekin baino lotura handiagoa dauka, nolabait, asmo bat ezagutaraztearekin edo abisatzearekin.

Euskaraz, aditz hori nolabait eman behar, eta salatu egokitu zaio ‒denuntziatu ere ikusi dut‒; beharbada, zentzurik zabalena eta zabalduena aurkitu duelako bertan. Ez dakit nik, ordea, euskarazko aditza ez ote dugun nolabait berezkoa ez duen zentzu bat bereganatzera behartu. Denuntziatuk badu ‒edo, behintzat, izan du‒ abisatzearen zentzua, Orotariko Euskal Hiztegiak erakusten digunez, baina ez dut salaturen kasuan halakorik topatu. Oker egon ninteke, hala ere, eta nik uste baino tradizio luzeagoa izan lezake beste bide horretan.

Besterik ere gertatuko zen, agian: nonbait eta noizbait, salatu aditzaren esparrua zabaltzeko hautua egitea, eta hasiera batean eman geniezazkiokeen adierei Zuzenbidearen esparruan egun ematen zaion zentzua eranstea, usu gertatzen baita hori hizkera juridikoan; hots, hitz batek berak esanahiaren aldetik xehetasun desberdinak izatea hizkera arruntean eta legelarien artean.