Hitzarmenak salatzearen inguruan

Koro Garmendia Iartza

Maiz pentsatu dut euskaraz egokia ote den kontratu, itun edo hitzarmenen azkentzeari lotuta salatu aditza erabiltzea. Dagoeneko barneratuta dago, aski zabalduta, eta bere horretan jarraituko du seguruenera, baina iruditzen zait gogoeta egitea bederen merezi duela.

Hobeto kokatuko zaituztet. Arlo juridikora hurbilduko gara. Hitzarmenek indarraldi zehatz bat izaten dute, hitzarmenean bertan finkatzen dena, eta bitarte horretan ituneko aldeentzat loteslea izango da hartan xedatutakoa. Alabaina, epe hori agortu baino lehen, aldeetako batek hitzarmena bertan behera uzteko eskaera ere egin dezake, eta, asmo hori adierazteko, hitzarmena salatu egiten duela esan ohi da. Baldintza batzuk bete behar ditu horretarako: eskaera idatziz egitea, zergatiak adieraztea, behar besteko aurrerapenarekin egitea, eta abar. Pentsatzen dut azalpen xume horiekin lekutu zaretela, nolabait.

Denunciar aditzak, gaztelaniaz, hainbat adiera ditu; oro har, lau dituela esan genezake: a) agintaritza bati legearen aurkako delitu edo ekintza baten berri ematea; b) ezkutuan dagoen zerbait azaleratzea; c) bidegabea den zerbait publikoki zabaltzea; eta d) alderdi batek besteari kontratua edo ituna indargabetzeko asmoa duela jakinaraztea. Laugarren adiera hori da hizpide daukadana. Ikusten duzuenez, salatu aditzari oro har ematen diogun esanahiarekin baino lotura handiagoa dauka, nolabait, asmo bat ezagutaraztearekin edo abisatzearekin.

Euskaraz, aditz hori nolabait eman behar, eta salatu egokitu zaio ‒denuntziatu ere ikusi dut‒; beharbada, zentzurik zabalena eta zabalduena aurkitu duelako bertan. Ez dakit nik, ordea, euskarazko aditza ez ote dugun nolabait berezkoa ez duen zentzu bat bereganatzera behartu. Denuntziatuk badu ‒edo, behintzat, izan du‒ abisatzearen zentzua, Orotariko Euskal Hiztegiak erakusten digunez, baina ez dut salaturen kasuan halakorik topatu. Oker egon ninteke, hala ere, eta nik uste baino tradizio luzeagoa izan lezake beste bide horretan.

Besterik ere gertatuko zen, agian: nonbait eta noizbait, salatu aditzaren esparrua zabaltzeko hautua egitea, eta hasiera batean eman geniezazkiokeen adierei Zuzenbidearen esparruan egun ematen zaion zentzua eranstea, usu gertatzen baita hori hizkera juridikoan; hots, hitz batek berak esanahiaren aldetik xehetasun desberdinak izatea hizkera arruntean eta legelarien artean.

4 Replies to “Hitzarmenak salatzearen inguruan”

  1. Gogoeta ongi egina dagoela iruditzen zait. Ikusi dut hiru hiztegi elebidunetan “denuntziatu” proposatzen dela adiera horretarako (Elhuyar, Justizia.net-eko bilagailua eta Zehazki), eta Nola Erran hiztegian, berriz, “hautsi”.

    — Nola Erran

    dénoncer c) = annuler + contrat, traité | hautsi | chacune des parties peut dénoncer le contrat par un préavis d’un mois adressé par lettre recommandée | alde bakoitzak hauts dezake kontratua hilabete bat aitzinetik abisatuz gutun ziurtatu baten bitartez

    — Elhuyar hiztegia

    denunciar 6 v.tr. (Der.) | denuntziatu | Rusia ha denunciado el tratado de Helsinki | Errusiak Helsinkiko tratatua denuntziatu du.

    — Zehazki hiztegia

    denunciar 4 (notificar la rescisión) denuntziatu.

    — Justizia.net-eko hiztegia

    denunciar el tratado | tratatua denuntziatu

    Atsegin dut

    1. Ez da aipatu Terminologia Batzordeak “hitzarmena salatze” jotzen duela termino normalizatu edo gomendatutzat (Negoziazio Kolektiboaren Hiztegia).
      Bitxia da hizkuntzaren batean terminologia-batzordeak termino bat jotzea normalizatutzat, eta hizkuntza horretako hiztegiek beste termino bat hartzea aintzat, eta aurreko hura ez aipatzea (ikusirik, gainera, halako hiztegiak argitaratzen dituzten erakundeetako kide batzuk Terminologia Batzordeko kide ere direla).
      Alberto Martínez de la Cuadra

      Atsegin dut

  2. Barkatu, ez dut pentsatu hor egon zitekeenik. Hiztegi hori argitaratu aurretik ikusia nuen informazioak ‘eraman’ nau begiratu dudan tokietan begiratzera (2012koa da Negoziazio Kolektiboaren Hiztegia). Ahanztura barkaezina, baina ahanztura.

    Ez naiz ni izango Terminologia Batzordearen lanei eta erabakiei zabalkundea ematen gutxien saiatzen dena, baina niri gertatu hau…

    Atsegin dut

  3. Bat nator Kororekin. Hain esanahi edo denotazio markatua izan duen hitzaren esanahia hedatuz, adiera hori gehitzea, hasiera batean behintzat, gogorra edo harrigarria bada, irakurlearentzat, salatu esanahi berri horretaz hornitua ikustea. Terminologoa izan gabe, lehenengo-lehenengo sortzen zitzaidan zalantza zen ea behar ote genuen hitz bat (zergatik ez perifrasi bat?) hori euskaraz esateko (hau da, gainerako hizkuntzetan termino bat, euskaraz ere termino bat, hitz bakarrekoa bada, euskaraz ere hitz bakarrekoa…); Hitzarmena salatu, eta lehenbizi burura etortzen dena da arau-hausteren bat edo akatsen bat baduela, edo bidegabea dela, eta itzuli handia egin behar da euskaraz beste adiera horretaraino iristeko…

    Atsegin dut

Utzi iruzkina