Itzulpen automatizatuak eta itzultzaile automatizatuak

Zalantza artean hazi eta bizi den @javmallo kamaradari eskainia

Esti Lizaso

Irakurketak subjektiboak izaten direla-eta, lehengo astean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen itzultzaile automatikoaren orriko oharra eta aurkezpenaren albistea irakurri nituenean, ia barkamen eske ari zitzaizkigula iruditu zitzaidan, «ez diogu inori lanik kendu nahi» esan nahiko baligute bezala.

Egia da itzultzaileek alergia moduko bat izan ohi dietela itzultzaile automatikoei. Badakite estatistika hutsean oinarritzen direla, baina larritasunez ikusten dute emaitza gero eta hobeak lortzen ari direla. Itzulpen automatiko zuzenak ikustera iritsiko garen eguna urrun dagoela esanez kontsolatu ohi dira, itzulpenak egokiak izateko ezinbestekoa baita ulertzen, pentsatzen eta arrazoitzen dakien norbaiten esku-hartzea.

Baina automatizazioak baditu bere abantailak: lana bizkortzen du, errazagoa eta errentagarriagoa egiten du eta, batez ere, pentsatzeko lana kentzen digu.

Horrela, itzultzaileen artean ere bada automata bilakatzeko joera hori. Itzulpen espezializatuetan gertatzen da normalean eta, tamalez, gabeziaren bat estaltzeko babes gisa erabiltzen da askotan, gainera. Itzulpena espezializatua izan arren itzultzailea ez da beti espezializatua izaten, edo, espezializatua izan arren, ez da aurrean duen gaian aditua izaten. Horrelakoetan, itsu-itsuan men egiten zaio hiztegiak, memoriak edo glosarioak dioenari, ezjakintasuna estaltzeko nahikoa izango delako esperantzan.

Baina erreferentzia-materialik zainduena ere askotan ez da nahikoa izaten taktika horrekin onik irteteko. Automaten mundu idealean 1:1 baliokidetasun-erlazioak beharko genituzke sorburu- eta xede-hiztegien artean. Baina errealitatea oso bestelakoa da eta hor hasten dira koxkak.

Har ditzagun adibide gisa informatika alorrean ingeleseko «update», «upgrade» eta «refresh» hitzei ematen zaizkien erabilerak.

Update: bi esanahi nagusi ditu ingelesez: 1) informazio berriena gehitu dokumentu, web-orri eta bestetan; edo 2) zerbait modernoago egin edo (hobekuntzak gehitzeko) berritu. Euskalterm eta glosario gehienak begiratuz gero, termino horri euskaraz «eguneratu» esaten diogu eta gaztelaniaz «actualizar».

Refresh: ingelesez honela definitzen da: update the display (pantaila eguneratu). Lineako edukiekin erabiltzen da gehienbat, aldakorrak direlako. Euskalterm eta glosario gehienak begiratuz gero, termino horri euskaraz «freskatu» esaten diogu eta gaztelaniaz «actualizar».

Upgrade: hau ere bi zentzutan erabiltzen da ingelesez 1) softwarearen, aplikazioaren, sistema eragilearen edo dena delakoaren bertsioa berritu edo 2) zerbitzua mailaz igo; adibidez, doako bertsiotik ordainpekora aldatu edo erabilera pertsonalerako bertsiotik profesionalentzako bertsiora pasatu. Euskalterm eta glosario gehienak begiratuz gero, termino horri euskaraz «bertsio-berritu» esaten diogu eta gaztelaniaz «actualizar».

Hitz horien ordainak sortzerakoan bi joera desberdin ikus daitezke: gaztelaniaz hitz berbera erabili dute bost definizioetarako, eta testuinguruak zehazten du hitzak kasu bakoitzean duen esanahia. Euskaraz, aldiz, ingelesak imitatzen saiatu gara, baita literalki ere, eta bost kontzeptutarako hiru hitz jaso dira, momentuz.

Irizpide denak dira zilegi, denek dituzte alde onak eta txarrak, eta ez da erabakien zergatian edo egokitasunean sakontzea gure ohiko egitekoa. Baina, makinetatik ezerk bereiziko bagaitu, pauso bat atzera eman eta testua perspektiban begiratuta gure hautuak azken emaitzan izango dituen ondorioak aldez aurretik ikusteko gaitasuna da hori.

Adibidearekin jarraituz, gure iturburutzat Euskalterm erabiltzen badugu, makinek ez bezala, argi ikusi ahal izango dugu datu-baseak «upgrade»rako eskaintzen digun ordain bakarra lehen definizioari erreferentzia egiten diona dela eta, beraz, han aurkitutako proposamenak ez digula gure testurako balioko baldin eta esku artean dugun lanean programa baten «Pro» bertsioa erosteaz ari bagara.

Ikerketa eta dokumentazioa sormen-lana bezain garrantzitsuak dira itzulpen-prozesuan; askotan, idazten baino denbora gehiago eman behar izaten da informazio bila. Eta lan hori guk bakarrik egin dezakegu, ez itzultzaile automatikoek. Horregatik, pena pittin bat ematen du zuzenketen iruzkinetan itzultzaileek «memorian aurkitu dut», «glosarioan hala dago» eta antzekoak argudiatzea, izan ere, makinen modura men egin, bide erosoenetik jo, eta euren kabuz pentsatu eta arrazoitzeko aukera galdu dutela geratzen baita agerian.

Batzuetan zuzena izango da memoria edo glosarioak dioena, eta zuzenean hartu ahal izango dugu; beste batzuetan, gustatu ala ez, bezeroak eskatutako hitza erabili beharko dugu; baina, beste askotan, erreferentzia-materialean aurkitu dugun hitz horrek gure kasu zehatzerako ez digula balio ikusiko dugu. Askotan suertatuko zaigu definizioa edo erabilera-kasua ez dagokigula; edo Euskaltermek «esteka» dioen arren, herri-mailako negozio baterako ari bagara «lotura»k hobeto funtzionatuko digula, bezeroei ulergarriagoa egingo zaielako; edo aire girotuen enpresa baten web-orria itzultzen ari bagara web-orriko informazioa berritzeko «freskatu» esaten badugu txiste txar bat egiten ariko garela; edo esaldi jakin batean «bertsio-berritu» beharrean «eguneratu» erabilita aliterazioren bat saihets dezakegula…

Hortaz, ez gaitezen gu ere automatizatu eta jar dezagun den-dena zalantzan: esanahiak, erabilerak, memoriak, glosarioak… Makinek desobeditzen ikasi arte, itzultzaileak izango baikara horrelako erabakiak har ditzakegun bakarrak, eta, ezin uka, subertsioa beti da kitzikagarria.

Akerrak adarrak okerrak edo dardarkarien gauzatzeaz

Irantzu Epelde Zendoia

Gizakion ahots bidearen fisiologia den bezalakoa delako, dardarkariak hiru motatakoak izan daitezkeela irakur dezakegu Fonetika fonologia hitzez hitz eskuliburuan[1], ahoskuneari dagokionez behintzat. Gure inguruan arruntenak bi hauek dira: alde batetik, hobikariak (ad. urre), eta ubularrak, bestetik (frantsesezko carré hitzekoa, esate baterako). Azken horiei ubular esaten zaie ubulak edo ahogingilak dardara egiten duelako, mihiaren atzealdea joz. Hirugarren mota bat ere bada, Afrikako hizkuntza zenbaitetan ohiko dena, baina guk linguistikoki erabiltzen ez duguna (guk hotza adierazteko egiten dugun antzeko zerbait): ezpainkaria.

Euskaraz ez da, berez, hots ubularrik erabiltzen, baina badira hiztunak beren hizkuntza jabekuntzan egindako aukeragatik, arrazoi fisikoren batengatik edo frantsesaren eraginagatik (Iparraldeko euskaldunen kasuan), dardarkari hobikaria erabili beharrean dardarkari ubularra erabiltzen dutenak.

Azken horietaz nahiko nuke zerbait esan, jarraian.

«Les basques qui grasseyent ne font aucune différence entre r douce et r forte», zioen Gavelek[2], eta Mitxelenak[3], berriz, fenomeno berria dela berak “la introducción del grasseyement francés” deitu zuena, Urteren gramatikan ebakera hobikariaren lekukotasuna jasotzen delako, besteak beste (XVIII. mende hasieran, Donibane Lohizunen).

Fenomeno berria bada, hedatua ere bai, gaur egun: ehun bat heldu euskaldunen ahozko lekukotasunetatik, bi bakarrik dira, gazteenen artean, ebakera ubularra egiten ez dutenak, Iparraldean azkena egin ditugun grabazio saioetan (Ainhoako mutil bat eta Mauleko neska bat). Gainerako beste lekuko guztiek dardarkari ubularrak egiten dituzte aztertu ditugun ingurune fonetikoetan. Ebakera hobikaria aurkitzeko, adin bateko hiztunak behar dira, nahiz horietan ere ubularra ez den batere arrotza.

Aprobetxatu behar dut Ahotsak egitasmokoei zorionak ematearekin batera eskerrak ere emateko, egiten ari diren lan bikainari esker beraien uzta gure datuekin konparatzeko modua daukagulako, eta gainera sarean nahi duen guztiaren eskura. Hartzen baditugu adin bereko bi emakume lapurtar, adibidez, Hélène Legarto donibandarra eta Extefana Irastorza hendaiarra, 89 urtekoak biak, eta Ahotsak webguneko audioak poliki entzuten baditugu (merezi du! eta ez ahoskera kontuengatik bakarrik), antzemango dugu nola donibandarrak dardarkari ubularrak erabiltzen dituen sistematikoki, eta hendaiarrak, berriz, hobikariak. Eta hori, biak eskualde berekoak eta kintoak izanda.

http://www.ahotsak.com/donibane-lohizune/

http://www.ahotsak.com/hendaia/

Oraindik fenomeno berriagoak hauteman ditzake gaur egun ikertzailearen belarri finak horretara jarriz gero, batez ere lekuko gazteenen ahoskeretan: i) egitura hitzeko dardarkari bakuna bezalakoak ubularra ahoskatzea suertatzen da batzuetan Iparraldean, nahiz ez dagoen oraindik ikertua fenomeno honen hedadura, ez noiz eta nola gertatzen den ere; ii) ekarri hitzeko dardarkari anizkuna ttak moduan ahoskatzea gertatzen da beste batzuetan; hau da, ere hitzean bezalaxe: ekari. Ikertu gabe dago berrikuntza honen hedadura ere.

Bi kasuetan, hizkuntzaren aurkakotasun fonemiko bat galtzen da. Ikusteko dago aurkakotasuna ingurune jakin batean bakarrik galtzen ote den, edo denetan. Akerak adarak okerak izango ote ditu inoiz?

[1] Oñederra, L. 2004. Fonetika fonologia hitzez hitz. Bilbo: EHU, 63. or.

[2] Gavel, H. 1929. Éléments de phonétique basque, 239. or.

[3] Mitxelena, K. 2011 [1961] Fonética histórica vasca. In Lan Guztiak, VI. liburukia, 270. or.

Funtzio metalinguistikoa eta deklinabidea

Xabier Aristegieta Okiñena

Eman dezagun esaldi hau:

Ezin da Gerra Zibilaz hitz egin.

Perpaus horrek, ahozko mintzaldi batean entzuna denean, ez du, berez, ulerkera desberdinetarako aukera handirik ematen, ezta? Horixe besterik ez du esan nahi: ezinezkoa dela Gerra Zibilaz hitz egitea. Entzuleak espero izan dezakeena da hizlariak jarraian azaltzea zertan oinarritzen den hori esateko (adibidez, halako tokitan adierazpen-askatasunik ez dagoela esatea, edo baliabiderik ez dagoela, eta abar).

Joan den astean ETBko programa batera gonbidatu zuten iritzi-emaile bati aditu nion esaldi hori, oker ez banago. Baina hizlariak hori baino gehiago esan zuen. Honelako zerbait, hain zuzen (eta, esandakoa entzuteak sortu zidan efektua aditzera eman nahi dudanez, ondokoan bazter utzi dut komatxoen erabilera, horiek irakurle bati soilik, eta ez ni bezala entzule zirenei, zaizkiolako lagungarri):

Ezin da Gerra Zibilaz hitz egin, hura altxamendu faxista bat izan baitzen.

Hara! Beraz, ez zuen esan nahi izan Gerra Zibilaz ezin denik hitz egin, baizik eta ezin dela hitz egin «Gerra Zibila» izena merezi duen zerbaiti buruz. Alegia, «Gerra Zibila» izena ez dela egokia, gaizki erabilita dagoela, gertakari historiko hura izendatzeko. Hizlaria gertakari historiko horri erreferentzia egiteko erabiltzen den espresioaz ari zenez, haren solasaldiak, une horretan, funtzio metalinguistikoa betetzen zuen.

Ziurrenik, euskarazko esaldi horrek gaztelaniatiko kutsadura pairatzen du, gaztelaniaz «no se puede hablar de Guerra Civil» esango baikenuke (utz dezagun orain alde batera ea kasu horretan «Guerra Civil» letra larriz ala xehez idatzi behar den).

Gertatzen dena da gaztelaniatik euskararako balizko itzulpen horretan xehetasun bat, antza, itzalpean gelditu zaiola hizlariari: ohar bedi ezen, kasu horretan, funtzio metalinguistikoarekin gaztelaniaz artikulua berariaz ezabatu dela, zeren eta «no se puede hablar de Guerra Civil» esaten baita, eta ez «no se puede hablar de la Guerra Civil». Eta horrek, esango nuke, badu bere logika: funtzio metalinguistikoa baliatzean, hizkuntzari dagokion osagai bat jorratzen da (kasu honetan, guerra civil kontzeptua, errealitateko adibide konkretuetatik bereizita); artikuluak, ordea, uztarri batek bezala, espresioa errealitateko gertakari konkretu bati itsasten dio (la Guerra Civil; hots, «esa que todos conocemos»).

Eta «Gerra Zibilaz» deklinatu hori, noski, gaztelaniazko espresio artikuludunari dagokio; ez funtzio metalinguistikoan erabili den artikulugabeari.

Jarritako adibide hori bezalaxe, beste batzuk ere harrapatu ditut:

Ezin da Trantsizioari buruz hitz egin, ez delako trantsiziorik izan.

Ezin da injerentziez hitz egin.

Tira, kasu bera dira: esan nahi da, hurrenez hurren, «trantsizio» eta «injerentzia» izenak desegokiak direla hizpide harturikoak izendatzeko (no se puede hablar de Transición, edo no se puede hablar de injerencias esan nahi zuten; baina adibideetako euskarazko esaldiek egiazki esan nahi dutena da no se puede hablar de la Transición eta no se puede hablar de las injerencias).

Edo beste hau:

Errespetuaz eta bizikidetzaz hitz egiten da. Nik uste dut falazia bat dela. [alegia, kontua ez da «errespetuaz eta bizikidetzaz» hitz egiten dela, igandeko futbol-partidaz hitz egin daitekeen bezala, baizik eta ideia horiek argudio gisa erabili direla, tokiz kanpo eta faltsukeriaz]

Euskaraz ulergarritasun-problema bat sortzen da, besterik gabeko izen deklinatu horiekin euskaraz ez delako funtzio metalinguistikoaren arrastorik ere transmititzen, eta horregatik, euskal entzuleak ezin dituelako esaldi horiek zentzu horrekin ulertu.

Jorratzen ari naizen ulergarritasun-problema hau ez da hain larria idatzizko mezuetan. Izan ere, grafikoki, komatxoak erabiltze hutsarekin, ulertarazten dugu funtzio metalinguistikoa erabiltzen ari garela:

Ezin da «Trantsizioari» buruz hitz egin, ez delako «trantsiziorik» izan. (Ukituko ez dudan beste kontu bat da ea zer den komenigarriagoa: kasu-marka komatxoen barruan joatea, ala kanpoan uztea).

Baina ahozko hizkuntzan komatxoek ez digute balio, non eta ez garen hasten, ingelesdunek ohi duten bezala, komatxoak behatzekin airean «marrazten».

Zer egin, orduan? Niri bururatzen zaidana da euskaraz badaukagun espresio oso mesedegarri bat erabiltzea, susmo dudanez nahiko txokoratuta utzi duguna, nahiz eta luzaroan erruz erabili izan dugun –esango nuke «oso modan» egon zela– trakets samarrak begitandu izan zaizkigun hitzak, edo bitxiak, edo ezezagunak, edo jatortasuna norbaitek ezbaian jarrita zeukatenak, duda-mudatsu eta baimena eskatuz bezala diskurtsoratzeko: «delakoa/direlakoak» famatua. Horrela,

  • ezin da «Gerra Zibila» delakoaz hitz egin (egia da: komatxoekin segitzen dut, baina, oraingoan, «delako» horrek zuzenean ohartarazten du entzulea aurrekoa komatxo artean doala).
  • ezin da «Trantsizioa» delakoari buruz hitz egin.
  • «Errespetua» delakoaz eta «bizikidetza» delakoaz hitz egiten da.

 Ez dut esan nahi irtenbide perfektua eta zalantzagabea denik, baina iruditzen zait hurbilago dagoela kasuan kasuko hizlariak egiazki esan nahi izan duen horretatik. Dena den, irtenbide hoberik aurkitzen baduzue, eskertuko nizueke horren berri ematea.

Gorozkietan ezkutatutako analisia

Alfontso Mujika Etxeberria

2014ko martxoaren 26an, Osakidetzaren gutun bat jaso dut etxean, Jon Darpón Osasuneko sailburuak sinatua, Kolon eta Ondesteko Minbizia Prebenitzeko Programaren berri emateko.

Gutuna euskaraz eta gaztelaniaz dago. Bi hizkuntzetan irakurri dut testua, eta egokia, zehatza eta argia iruditu zait.

Baina —beti baitugu bainaren bat zuzentzaile ipurterreok—, halako batean, esaldi hau aurkitu dut:

Programa bi urterik behin egiten da, gorozkietan ezkututako odol-analisi baten bidez.

Ezin sinetsita, orria irauli eta gaztelaniazkora jo dut:

El programa se realiza cada dos años mediante un análisis para detectar sangre oculta en las heces.

Atentzioa eman dit, zeren eta, gorago esan dudan moduan, gainerakoan, txukuna eta ona baita testua. Eta gogorarazi dit behin baino gehiagotan ikusi ditudala era horretako arazoak hitz-elkarteak tartean direla.

Hitz-elkarte gehien-gehienak bi ataleko sintagmak izan ohi dira: A-B. Zenbaitetan, parekoak dira bi osagaiak, eta ez da bata bestearen mendeko. Halakoak dira seme-alabak edo makina-erreminta gisakoak (baita aposizioak ere: Ebro ibaia): elkarteak bi buru ditu.

Halakoetan, hitz-elkartea adjektibatuz gero, bi buruak adjektibatuko ditugu:

  • seme-alaba lotsagabeak
    (lotsagabeak biak dira, semea eta alaba)
  • makina-erreminta berria
    (makina berria da, baina makina hori erreminta ere badenez, erreminta ere berria da)

Baita adjektibatze hori erlatibo baten bidez egiten denean ere (azken batean, perpaus erlatiboak funtzio adjektibala duten perpaus menderatuak dira, eta izenlagunen moduan agertu ohi dira, adjektibatzen duten izenetik ezkerretara gehienetan):

  • Donostian jaiotako seme-alabak
    (Donostian jaiotakoak biak dira, semea eta alaba)
  • Bilbon erositako makina-erreminta
    (makina Bilbon erosia da, baina makina hori erreminta ere badenez, erreminta ere Bilbon erosia da)

Baina hitz-elkarte gehienek ez dituzte bi buruko sintagmak osatzen: bi atalekoak dira, bai, baina burubakarrak izaten dira. Eta bigarren osagaia izaten da sintagmaburu. Halakoak dira mendekotasunezko hitz-elkarteak, ugarienak hitz-elkarteetan. Ezkerreko osagaia mugatzailea izan ohi da, eta eskuinekoa mugakizuna. Eta hitz-elkarketa mota horren emaitza mugakizun mugatu bat da.

Alegia, behi-esnea zer da? Esnea, esne-mota jakin bat. Eta esne-behia zer da? Behia, behi-mota jakin bat.

Halakoetan, hitz-elkartea adjektibatuz gero, burua adjektibatuko dugu, eta ez besterik:

  • Behi-esne goxoa
    (goxoa esnea da, eta ez behia)
  • Esne-behi beltza
    (beltza behia da, eta ez esnea)

Beste hainbeste adjektibatze hori perpaus erlatibo baten bidez gauzatzen denean ere:

  • Ezpeletan erositako behi-esnea
    (Ezpeletan esnea erosi dute, ez behia)
  • Ezpeletan erositako esne-behia
    (Ezpeletan behia erosi dute, ez esnea)

Horrenbestez, zer da gorozkietan ezkututako odol-analisi bat?

Gorozkietan ezkutatutako analisi bat (hau da, analisi-mota jakin bat, odol-analisi bat)

Gorozkietan ezkutatuta dagoena odola baldin bada, hautsi egin behar da elkartea:

Gorozkietan ezkutatutako odolaren analisi bat

Badira kasu batzuk, hitz-elkarte jakin batzuekin osatuak, arazorik sortzen ez dutenak. Adibidez:

(Uholdeak) hondatutako liburu-kopurua

Ez dirudi hor ezinbestekoa denik hitz-elkartea haustea:

(Uholdeak) hondatutako liburuen kopurua

(OHARRA: era horretakoak dira Euskaltzaindiak “mugakizun bereziko izen-elkarteak” izendatu dituenak: multzo-elkarteak [lore–sorta, ogi-puska, etxe-saila, neska-talde, ikasle-multzo…], zati-elkarteak [ogi-puska, gorputz-atal, esne-tanta] eta mota-elkarteak [bertso-mota, salmenta-modu, politika-molde…]

Hala ere, erlatibo bidez egindako adjektibazioa izenondo baten bidez emanez gero, ezinbestekoa da hitz-elkartea haustea:

*Liburu hondatu kopurua (EZ)

Liburu hondatuen kopurua (BAI)

(OHARRA: halakoetan, bada salbuespen bat: mota, ez baitu -ko edo -(r)en izenlagunik hartzen ezkerrean. Beraz: Liburu hondatu motak eta ez *Liburu hondatuen motak)

Dena dela, Programa bi urterik behin egiten da, gorozkietan ezkututako odol-analisi baten bidez euskarazko esaldi horretan bada arazo bat, are larriagoa, gramatika-arazora iritsi baino lehen. Mezua, ideia, gaizki itzulia dago (ziur naiz itzulia dela, hau da, jatorrizko testua gaztelaniazkoa dela; eta hala ez balitz, jatorrizko testua balitz, mezua ez litzateke zuzena izango).

Erreparatu gaztelaniazko testuari eta alderatu euskarazko testuarekin (testu zuzenduarekin):

Programa bi urterik behin egiten da, gorozkietan ezkututako odolaren analisi baten bidez.

El programa se realiza cada dos años mediante un análisis para detectar sangre oculta en las heces.

Hau da, zertan datza programa? Gorozkietan ezkutatutako odolaren analisi bat egitean ala gorozkietan ezkutatutako odola detektatzeko analisi bat egitean? Alegia, euskarazko testuaren arabera, odol ezkutatuaren analisi bat egiten da; gaztelaniazko testuaren arabera, berriz, odol ezkutaturik dagoen ala ez detektatzeko analisi bat egiten da. Esanahia guztiz desberdina da.

Baina hori itzulpenen beste arazo bat da; zoritxarrez, gramatika-akatsak konpontzea baino askoz konponbide zailagoa duena.

Ukat egin

Iñaki Iñurrieta Labaien

Txikitako jolasen artean, bazen bat «a mandokas» deitzen geniona («a Maria Trebolinaka», «a txokolate lapurretan»… horrela deitzen genien jolasei, gure artean erdaraz ari ginela, euskal izena gordez hala ere, oharkabean).

Jolas horretan, zenbait lagun mandoak ziren: aurreraka makurtuta jartzen ziren, elkarri sorbaldetatik helduz, buruak bat eginik, lurrera begira, igeltsuz markatutako biribil baten erdian; beste taldeko jolas-lagunek haien gainera egin behar zuten salto, biribil-marraren kanpoaldetik. Batek, bik, hiruk… harik eta norbait, salto egin eta mandoen gainean irauteko lekurik ezean, erortzen zen arte. Orduan, gainekoak bihurtzen ziren mando, eta azpikoak saltari.

Gerta zitekeen azpikoek amore ematea ere, gehiago eutsi ezinik pisuaren pisuz. Orduan, «habéis hecho ukas» esaten genuen, eta mando haiek berriz ere mandoarena egin behar izaten zuten, berriz ere gainean hartu behar beste jolas-lagunen jauziak. Pentsatzen dut mando izatetik libratzeko, denbora jakin batez eutsi beharko zietela gainekoei. Gainekoek, berriz, gainean iraun behar zuten, erori gabe, azpiko mandoek batera eta bestera mugitzen zirelarik…

«Ukas» horren arrastoaren bila hasi, eta «ukat egin» aurkitu dut OEHn, eta han Toribio Etxebarriaren bi adibideok: «Ukat eiñ, rendirse a la fatiga o a otro exceso. Kurutze astunan azpixan, iru bidar ukat eiñ ei eban gure Jaunak, urkamendiko tokira eldu aurretik” Etxba Eib. Zaldunari besotik oraturik, makalikan Señora koittaua ukat eiñda balitz bezela. Etxba Ibilt 475».

Bigarren adiera bat ere badakar Orotarikoak, ceder, romper, eta adibide bakar hau: «onek arrok ukat eitxeuek» (ukat egiten juek, ukat egiten ditek), Juan San Martinen «Eibar’en erabiltzen diran burdin lagintzako itz teknikoak» lanetik hartua.

Hiru adibide besterik ez, eta hirurak leku berekoak. Soraluze-Eibar inguru horretan baino ez ote da erabili forma hori?

Ukatu aditzak badu adiera bat ukat egin horren gertukoa; Orotarikoan seigarren datorrena, hain zuzen ere. Kasu horretan, adibideen jatorria hedatuagoa da geografian:

«Dejarse por vencido y rendido […]. Idiak ukatu deue, hacer porra [= “pararse sin poder o querer pasar adelante en alguna cosa” DAut]” Aq 645. “Ceder […], no poder seguir con el trabajo, comida, etc., (V) ukatu” Añ. “Se rendre par épuisement ou par l’absence de forces suffisantes” VocBN. “Fallar, no poder más. Mando ukhatua (BN-mix), macho rendido de cansancio” A. “Lanian ukátuta, ukáketan, rendirse del trabajo” Iz ArOñ. “Ukatuta geldittu nitzan lastofarduak jasotzen” Elexp Berg.Lanparearen gisan pelegriñoa bere / egoan ukatuta, adore bagarik. AB AmaE 390. Urte askogaz ukatu eta / bazengoz legez zarturik? Ib. 74. San Antonera orduko / ukatuta geldi (AN-gip). Balad 213. Aul duk ukatuari keiñatzen diona. Or Eus 370. Kataskan oldartu ta nekez ukaturik. Zait Sof 26.

Bigarren multzo honetako kasu guztietan, iruditzen zait ukaturen ordez ukat egin jar litekeela. Elexpururen adibideak erakusten duenez, Bergaran ukat egin ez baina ukatu erabiliko litzateke. Alegia, ukat eginen isoglosa Soraluze eta Bergara artetik pasatuko litzateke.

Automatikoki itzultzen genuen; pentsatu beharrik gabe, makinek bezala: ukat egin = hacer ukas. Bitxia iruditzen zait forma ukat egin izatea, eta ez uka egin. Ez dut akorduan beste ezein testuingurutan entzun izana, jolas hartatik kanpo.

EGLU-V eta Euskaltzaindiaren 109. araua zuzentzen

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Ez dadila harropuzkeriatzat har ausartzen banaiz Euskaltzaindiaren 109. arauari eta haren Euskal Gramatika Lehen Urratsak – V liburuari ere zuzenketa ttipi bat egiten testutxo honen bitartez, behar ere behar baitu.

Izan ere, aposizioetako komunztaduraz ari dela, bai arauan eta baita aipatu liburuko «Perpaus erlatibo arruntak aposizioan» deritzan atalean, argi uzten da, zuzen utzi ere, aposizioan den perpaus erlatiboan kasu komunztadura egiten dela bi sintagmen artean, hala nola egiten baita beste sintagma apositiboekin. Horren adibide dira Axularren liburutik ateratako hauek:

Zuhaitz ttipiak, oraiño errorik eztutenak, ezin athera ditzakezu… (57)
Bake handia du konzientzia onak, Jainkoaren lege sainduari darraikanak (289)
Zoazte su eternalera, akhabatuko ez denera (375)

Honaino, dena zuzen. Kontua da esandako arauak bezala liburuak ere esaten dutela, zenbait kasutan («erabilera lasaiagoan» dio arauak) aposizioa kasu absolutiboan ere jartzen dela, ardatzarena beste bat izanda ere. Eta Gramatikak ere, 214. orrian, honela dio: «zenbaitetan, ahozko euskaran bereziki, perpaus erlatiboan absolutiboaren hondarkia agertzen da, kanpoko ardatza beste kasu batean izanki». Bietan esaten da, azkenik, erabilera hori ez dela gomendagarria.

Arazoa da erabilera ez gomendagarri horren adibidetzat jartzen dutena adibide okerra dela, gaizki ulertua baitago. Mayi Ariztiaren Amattoren uzta liburuko 16. orritik ateratakoa da, eta honela dio:

Gure Jainkoak, beti xuxen dabilana, ongi gidatzen baitu, suertatu zen konde hori kaperat ailiatzea…

Arauak eta EGLUk aposiziotzat jotzen dute beti xuxen dabilana hori, eta ergatiboa beharko lukeela ematen du aditzera. Alegia, «beti xuxen dabilena» Jainkoa dela ulertzen du.

Baina, esan bezala, euskal esaldiaren interpretazio okerra da hori, bai behintzat frantsesezko itzulpena irakurriz gero: alegia, «Comme le bon Dieu toujours, guide bien celui qui marche droit, il advint que ce comte arriva à la chapelle…». Euskarazko testuan, noski, komen erabilera okerrak eragin du gaizki ulertzea, zentzuzkoa baita pentsatzea esan nahi duela «Jainkoak ongi gidatzen duela beti xuxen dabilana, eta horregatik iritsi zela kondea kapera hartara», eta, beraz, frantsesezko itzulpena erabat zuzena dela. Bestela esanda, aposiziotzat hartzen duen sintagma, berez, perpaus horretako objektu zuzena da.

Okerrak ez dio hala ere arrazoia kentzen ez delako 109. arauak ez EGLUk dioenari, alegia, horrelako komunztadurarik ezak aurkitzen direla hainbatetan, Gramatikak segidan dakarren Hiribarrenen beste adibide honetan bezala:

Hunek dote eraman Philip ederrari, Frantziako tronuan behar zena jarri.

EGLUk dioen bezala «Jokabide hau, tradizio nagusiaren aurka doana, ez da gomendatzekoa». Ni ados nago, baina Mayi Ariztiaren adibideak ez du balio; bakoitzari berea.

Baloreen balioa edo nola kudeatu erredundantzia hizkuntzaren garapenari begira

Igone Zabala Unzalu

Denok dakigun bezala, euskararen estandarizazio prozesuaren une honetan, protagonismo berezia du hiztegiaren estandarizazioak. Euskal hiztegiaren estandarizazioaren erreferentzia-ardatza den Hiztegi Batua (HB) garapenean dagoen bukatu gabeko baliabide lexikografikoa da. Hori dela eta, ez da harritzekoa erabiltzaileok HBn hartutako erabaki batetik abiatuta zenbait ondorio atera eta praktikan jartzea, kodifikatu gabe dauden hurbileko hitz edo adiera batzuk erabiltzerakoan. Zenbaitetan, ordea, gure aurreikuspenek talka egiten dute Euskaltzaindiak geroago hartutako beste erabaki batekin. Horrelako zerbait gertatu zait niri balore eta balio hiztegi-sarrerekin.

HBn ondoko informazio hau ageri da hizpide ditugun bi sarreretan:

balore 1 iz. Lgart. h. adore; kemen
balore
2 iz. Ekon. balore-burtsa.
balio
     baliozko

Bestalde, balio izenarekin lotutako beste sarrera batzuk ageri dira HBn: balioaniztun, baliodun, balioetsi, baliogabe, baliogabetu, balio izan, baliokide, baliokidetasun, baliokidetu, baliokidetza, baliokidetze, guztien oinarrian dagoen balio izenaren esanahia sendotzen laguntzen digutenak.

HBn balio eta balore sarreretan ageri den informazioak eraman ninduen ulertzera, batetik, aldagaiaren balioa eta ez #aldagaiaren balorea zela estandarrerako araua eta, bestetik, balio handiko pertsona ≠ balore handiko pertsona = pertsona kementsua bereizketa sustatu nahi zela HBn. Bestalde, nire intuizio linguistikoak eraman ninduen pentsatzera Ekonomian burtsako baloreak terminoa jasotzen zen bezala, ulertu behar zela balore etiko, balore demokratiko edota balore unibertsal bezalako konbinazioak, jasota ez egonagatik ere, estandarrak zirela. Izan ere, begi-bistakoa zen niretzat diskurtso-egoera jakin batean bi esanahi bereizteko beharra, edo nahia behintzat, izan genezakeela. Esate baterako, Berdintasuna balio handiko balore unibertsala da moduko esaldi bat erraz asko aurki genezake diskurtsoan. Gainera, hiztegiren batean ere, Elhuyarren 1996ko argitalpenetan, esate baterako, ikusita nituen era horretako adibideak eta definizioak balore sarreran.

Nire harridurarako, ordea, nik balore hitzaren bidez adieraziko nukeen esanahia balio sarreraren laugarren adieran aurkitu nuen Euskaltzaindiaren Hiztegian (EH), eta beste hiztegi batzuetan, adibidez, Sarasolaren Euskal Hiztegian, Zehazki hiztegian eta Elhuyarren hiztegien 2000 urtetik aurreragoko argitaraldietan.

balio 1 iz. Zerbait edo norbait aintzat hartzekoa egiten duen ezaugarria edo ezaugarri multzoa. Balio handiko, txikiko, urriko gauzak…
2. iz. (dirutan-edo neurtzen denean). Ik. prezio. Ondasun, salgai baten balioa…
3. iz. (neur daitekeen tasun batez mintzatuz). Balio absolutua, erlatiboa. Batez besteko balioa…
4. iz. Pertsona batentzat edo gizarte batentzat baliotsua edo garrantzitsua den gauza, ideia edo jarrera. … Gizarteak galduak dituen balio asko ditugu, familiaren ingurukoak batez ere.

balore iz. (Lgart.) Adorea, kemena.

Aurkikuntza horrek sortu zidan egoneza lasaitu nahian, Orotariko Euskal Hiztegira (OEH) jo nuen, eta bai balio eta bai balore sarreretan aurkitu nituen goian eman dudan adibidean ageri diren bi esanahiak, alegia, EHn 1. eta 4. adierekin lotutako esanahiak: “Valor, precio (de una cosa); valor, valía (de una persona)” eta “Valor, cosa (idea, actitud, etc.) considerada valiosa, importante”.

Testuetako erabilerak aztertzea erabaki nuen orduan. Corpusetara jo eta bietariko adibideak aurkitu nituen bai balio eta bai balore lemetarako. Adibide bana emango dut Web-corpusen ataritik aterata:

1. ADIERA:

  • Irudiak erakusten duenez, modulu horrek balio maximo bat atzematen du eta ondoren gutxitu eta handitu egiten da txandaka.
  • Kasu gehienetan z-ren balioa 0,15-0,35 tartean egoten da. Balore zehatza bizidun-motaren eta habitataren araberakoa izaten da

4. ADIERA:

  • Aro honetan aldaketa afektibo sakonak, gizarte-harremanenak eta balioenak gertatzen dira, motoa beraientzat garraiobidea baino gehiago da eta ez dira abiaduraren beldur.
  • Elkartasuna askoz ere emankorragoa da materialak ez diren baloreak direnean orekaren helburua.

Bigarren adibidean ikus daitekeen bezala, egile eta testu desberdinetan ez ezik, testu bakar baten barruan ere ikus ditzakegu bi lemen arteko zalantzak. Horren adibide ona iruditu zitzaidan Eneko Barberenak duela aste pare bat erabili.com-en idatzitako “Hizkuntzaren balioez” artikuluan irakurri nuen paragrafo hau:

…azpi-mailatua den hizkuntza batean ez ei da komeni hizkuntza balio batzuei hertsiki lotzea, hori azpi-mailatua dena gehiago azpi-mailatzea litzatekeelako. Hizkuntza “handiek” ez ei dute balore atxekiturik, balore ezberdindun pertsona askoren topaleku dira hizkuntzok. Horrenbestez, hizkuntza feminismoari, anti-kapitasmoari edota AHTren aurkako borrokari (berdin erlijio katolikoari, “legezarrari” edo moral jakin bati) lotzea arriskutsua da hizkuntzarentzat, at uzten duzun biztanle kopuruagatik (balio horiekin bat egiten ez dutenak) eta bestetik balio horiek gehiegi lehenetsiz gero, izan litekeelako hizkuntza bigarren plano batean geratzen joatea progresiboki.

OEHko eta corpusetako informazioak erakusten digute hizpide ditugun bi izen horiek nonbait erredundanteak (izan) direla aztertzen ari garen bi adieretarako: zenbait adieratarako polisemia bera partekatzen duten sinonimoak (izan) dira erabilera oro har kontuan hartzen badugu. Pentsa liteke, beraz, erredundantzia murriztea izan dela Euskaltzaindiaren helburua polisemia balio izenera mugatu eta balore sarrera esanahiez hustu duenean. Nolanahi ere, nire iritziz, aberasgarriagoa zatekeen euskara baturako erabileran ikus daitekeen bestelako joera bereizleago bati erreparatzea.

Izan ere, hizkuntzen joera naturala da erredundanteak diren baliabideei balio semantiko-pragmatiko bereiziak ematen joatea. Ildo horretatik, Web-corpusen atarian, erabilera asistematikoa erakusten duten adibideak ez ezik, badira baita balore eta balio lemen arteko bereizketa semantikoa agerian uzten duten adibideak ere.

  • Horrelako gaiekin hemen lotsatiagoak gara, zenbait balorek balio handiagoa dute, gutxienez kanpora begira.
  • Ama-hizkuntzaren irakaskuntza berez da balore garrantzitsua, balio linguistikoaz gain, norberaren adimenaren garapenerako ere, baita familiarekin eta etorkinen komunitateekin loturak mantentzeko ere.
  • Ildo honetan diharduen komunitatearen helburua osasuna balio handiko balore gisa sustatzea da, bere inguruko ongizate fisiko eta psikikorako osasungarriak diren bizimodu eta ohiturak sustatuz.
  • Lerdoak baino ez ditu gauzen balioa eta baloreak nahasten.

EHrako aukeratutako kodifikazio modua hizkuntzaren garapenari begira atzerakoitzat joko nuke nik, zeren eta, euskarari diskurtsoaren eraikuntzarako jokoa ematen dion bereizketari lagundu beharrean, balio sarreraren polisemiari eutsi eta bi hiztegi-sarrera izateak ahalbidetzen dituen bereizketa semantiko-pragmatiko aberasgarriak oztopatzen baititu.

Hizkuntza, eau de parfum

Estitxu Garai Artetxe

«Just do it», «I’m lovin’ it»… Ingeles-gaitasuna alde batera utzita, ez dut uste zuetako inork arazorik izango duenik eslogan horiek zein markarenak diren asmatzeko. Gero eta ohikoagoa da iragarkietan atzerriko hizkuntzak ikustea. Horren adibide gisa, azter ditzagun auto-marka ezagunek nazioartean erabiltzen dituzten esloganak:

 marken-esloganak

Nola? Jendeak ulertu ala ez mundu guztian erabiltzen dituztela eslogan horiek? Ba bai, hala da. Zergatik erabili, alabaina, xede-taldeak ulertzen ez duen hizkuntza? Arrazoiak bi eratakoak izan daitezke: pragmatikoak –marka bera mundu osoan barreiatzea– edo sinbolikoak –hizkuntzari lotutako konnotazioak baliatzea–.

Lehenengoa, motibazio pragmatikoa, nazioarteko publizitatean aski ezaguna den eztabaida honekin dago lotuta: «estandarizazioa vs. moldaketa». Estandarizazioaren aldekoek toki guztietan erabiltzen dute izen, produktu, logotipo eta eslogan bakarra, hizkuntza aldatu gabe eta inolako moldaketarik egin gabe. Noski, erabilera horren atzean globalizazio eta homogeneizazio irrika dago. Esan liteke, estrategia komertzial soila baino, mundu-ikuskera jakina hauspotzen duen erabakia dela: merkatu bakarra, joko-arau partekatuak, hizkuntza bakarra. Bakoitzak bere astoari egiten dio arre, eta asto horrek ez du arrantzarik egiten, asto horrek «hee-haw» egiten du. Ingelesa da negozioetarako (eta beste zernahitarako) lingua franca gisa aurkezten zaiguna. Eta, horrela, bestelako arrantza egiten dute, arrain txikien arrantza, ur handiko arrainak nasai-nasai bizi daitezen.

Dena dela, kanpaina estandarizatu horien eraginkortasuna zalantzan dago oraindik. Hori bai, teoriagileek argudio komertzial peto-petoak besterik ez dituzte erabiltzen: gehiago saltzeko hobe duzu produktua eta publizitatea tokian tokiko kultura eta hizkuntzara moldatzea. Esaterako, horixe da goiko irudiko adibideetan agertzen ez diren BMW eta AUDI auto-markek egiten dutena. BMWren iragarkien bukaeran «¿Te gusta conducir?» («Gidatzea gustuko duzu?») eslogana irakurriko dugu Hego Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, beste hau: «Le plaisir de conduire» («Gidatzearen plazerra»). AUDIk ere berdintsu egiten du «A la vanguardia de la técnica» («Teknikaren abangoardian») esloganarekin, baina Frantziar Estatuan estrategia ezberdina darabil: alemanez ageri da aipatu esloganaren jatorrizko bertsioa: «Vorsprung durch technik», eta behealdean frantsesez «L’ avance par la technologie». Izan ere, hizkuntzaren gaineko Frantziako legeak, Toubon Legeak, publizitateari eragiten dioten zenbait artikulu ditu. Atzerriko hizkuntzen «inbasioa» mugatzeko, iragarkietan frantsesa ez den beste hizkuntzaren bat erabiliz gero, frantsesez ere agertu beharko da derrigor. Baliteke, beraz, AUDIk lege horren aurrean berariaz mantendu izana alemanezko jatorrizkoa.

Frantziako hizkuntza-politika horrek eman du zeresana publizitatearen alorrean, eta marka eta publizista asko aurka agertu dira, argudiatzen baitute euren askatasuna mugatzen duela. Niri, behintzat, ez zait batere gaizki iruditzen frantsesa legez babestea, guztiz zilegi ikusten dut (are zilegiago hizkuntza gutxitua balitz). Lege horretatik gustuko ez dudana, noski, Estatuko beste hizkuntzak zokoratzeko asmoz sortua dela da, eta horretarakoxe erabiltzen dela. Azken finean, eskualdeetako gainontzeko hizkuntzen jarduera elebakarrak debekatzen ditu. Hala ere, hori beste gai bat da, eta horren inguruan irakurri nahi izanez gero, bikain azaltzen du aipatu legeriak dakarren desoreka eta Frantziako hizkuntza-ideologia Jean-Baptiste Coyos-en artikulu honek, eta zehatz-mehatz euskarari nola eragiten dion egile berak idatzitako beste honek.

Toubon Legeari lotutako jakingarri bat. OPEL markak zenbait iragarki prestatu zituen lege hori oinarri hartuta (edo lege horretaz trufatzeko). Horien artean ospetsuena ondorengo spota izan zen:

Aleman itxurako protagonistak alemanez azaltzen ditu kotxearen ezaugarriak, edo hobeto esanda kotxearen «deutsche qualität» («kalitate alemana»), eta legearekin bat etorriz frantsesezko azpidatziak ditu. Bukaeran off ahotsak esaldi hau esaten du, frantsesez: «Pas besoin de parler l’allemand pour comprendre que cette Opel est une vraie voiture allemande» («Ez dago alemanez hitz egin beharrik Opel hau benetako auto alemaniarra dela ulertzeko»).

OPELen iragarki horren ondotik, RENAULT marka frantsesak kontrairagarki bat prestatu zuen:

Ikus daitekeenez OPELena antzeratzen du, baina frantses kutsudun ñabardurak sartuta. Hasteko, aktorearen itxura bat dator gizon frantsesaren estereotipoarekin. Hizkuntzari dagokionez, alemanaren eta frantsesaren arteko nahasketa erabiltzen du eta frantsesez azpidatzita dago. Horren ostean hitz-jokoa egiten du John Fitzgerald Kennedy-ren «ich bin ein Berliner» («Berlindar bat naiz») alemanezko esaldi famatuarekin, eta «ich bin ein berline» («Berlina bat naiz») esaten du auto-motari erreferentzia eginez. Azkenik, esloganean argi azaltzen da iragarkiaren leitmotiv-a: «La qualité version Française» («Kalitatea bertsio frantsesean» / «Kalitatearen bertsio frantsesa»).

Hizkuntzek sinbolikoki izan dezaketen indarraren isla da bi marka horien arteko tirabira. Aitzakia paregabea iragarritako bigarren motibazioari sarrera emateko, hau da, hizkuntza bat ala bestea aukeratzeko motibazio sinbolikoari. Hizkuntza aukeratzeko arrazoia hizkuntza horri lotutako konnotazioak iragarkiari eranstea izan daiteke, hizkuntza horri darion lurrinaz gure mezua bustitzea. Helen Kelly Holmes ikerlari irlandarrak «hizkuntzaren fetitxismo» deitzen dio erabilera horri. Kontzeptu hori azaltzeko teoria marxistak baliatzen ditu. Karl Marx-i jarraiki, kontsumo-kultura kapitalistan merkantziei fetitxe bat egozten zaie; balio sinbolikoa ezartzen zaie duten erabilgarritasuna eta ekoizpen edo lan-baldintzak kontuan hartu gabe. Hizkuntzekin gauza bera gertatzen da, fetitxizazio prozesuaren ondorioz alde batera geratzen da hitzen balio komunikatibo eta erreferentziala, eta hizkuntzek balio sinbolikoa hartzen dute. Fetitxe hori oso lotuta dago «jatorrizko lurraldearen efektua»-rekin[1], hau da, lurralde bakoitzari egotzitako asoziazioak garraiatzeko eta aktibatzeko tresna da hizkuntza.

Gauzak honela, produktu-kategorien arabera ohikoa da iragarkietan hizkuntza batzuk edo besteak entzutea. Esaterako, frantsesa dotoreziarekin harremanean ikusten dugu, eta kosmetikoen eta moda-osagarrien iragarkietako eguneroko ogi da. Italiera ere dotorezia konnotazio horrekin erabiltzen da zenbaitetan, baina baita gastronomiari lotutako produktuetan ere. Gaztelaniak pasioa eta suhartasuna adierazten duela diote. Alemana, ordea, puntako teknologia, ingeniaritza era zorroztasunaren sinbolotzat hartzen dugu, eta ikusi dugun bezala hainbat auto-markak erabiltzen dute. Ingelesak modernotasuna, gaztetasuna eta etorkizuna islatzen ei ditu, eta baita nazioartekotasuna eta garapena ere; beraz, zernahitarako erabil daiteke.

Hizkuntzen zerrenda osatzen jarrai genezake, baina horiek dira, gehienbat, mendebaldeko parajeotan ikusten ditugunak. Eta, hara, urrezko galdera: Eta euskarak? Zein da euskararen lurrina?

Noski, hemen beharrezkoa da bereizketa bat egitea: orain arte hizpide izan dugun haritik kontua litzateke jakitea euskaldunok nola ikusten gaituzten Euskal Herritik kanpo, eta, beraz, euskarak zer txertatuko liokeen nazioarteko iragarki bati. Hori hertsiki lotuta dago nazio-markagintzarekin eta kanpoan proiektatzen dugun irudiarekin. Ikerketa interesgarria litzateke, emaitzek ordea ez dakit zer egingo gintuzketen: harritu edo larritu. Edo biak batera, akaso. Beste kontu bat da, Euskal Herrian, euskararen jatorrizko lurraldean, sinbolikoki erabiltzea; besteak beste, horrek hizkuntzaren egoera ez-normalizatua islatzen duelako.

Edonola ere, gaur-gaurkoz hori da dugun egoera, eta oraindik euskarak esparru asko irabaz ditzake sinbolikoki. Hortaz, garrantzizkoa da euskarak dakartzan konnotazioetan sakontzea eta horri buruz hausnartzea, eta ahal dela, betiko klixeetan erori barik. Baina hori hurrengo posterako utziko dugu, gaurkoak dagoeneko luze jo du-eta. Gaurkoan, gaiari usaina hartu besterik ez diogu egin, ehize zakurrak harrapakinari nola.

Bibliografia

DICHTER, E. (1962). “The World Customer”, Harvard Business Review, 40 (4), 116.
DUNCAN, T. eta RAMAPRASAD, J. (1995). “Standardized multinational advertising: the influencing factors”, Journal of Advertising, 25 (3), 55.
KELLY-HOLMES, H. (2005). Advertising as multilingual communication. Palgrave Macmillan.
USTINOVA, I. (2008). “English and American Culture Appeal in Russian Advertising”, Journal of Creative Communications, 3 (1), 77–98.

[1]“Country-of-origin-effect”. Ernest Dichter izan zen lehenengoa produktuen jatorriak bere onarpenean izan dezakeen eragina argudiatzen.

Foruzainen alde

Mikel Taberna Irazoki

Aspaldi hartan, testuak gaztelaniatik euskarara aldatzen hasi ginelarik, zenbat buruhauste hitz batzuk itzultzeko: nola erran «estudio (de detalle)», «régimen (laboral, jurídico)», «provisión (de puesto de trabajo)»… Euskaratik hartu edo erdaratik mailegatu? Edo hitz berriak sortu? Modu batera edo bertzera aukera horietako bat bereizi behar genuen; ezin mutu gelditu.

Maiz gertatu zaigu gure lantokian, termino baten ordaina behar eta inon finkaturik ez aurkitzea. Halakoetan, eskura izan dugun informazioa erabili dugu aldiro, hizkuntz arloko autoritateena eta gure gisara ari ziren gainerako itzultzaileena. Horietan oinarriturik, lankide guzion artean hautatu dugu azkenean egokiena iruditu zaigun baliabidea. Nolanahi ere, gisa horretako erabaki bat hartzen genuen bakoitzean, bagenekien ontzi hauskor bat haizearen menturan uzten ari ginela, eta beti zalantza hondar bat gelditzen zen geure baitan, galdera ore batek eragina: balioko ote du eta aisa nabigatuko ote gure letren itsaso uherrean, galernaren batek zolako zolaraino hondoratu gabe? Onartuko ote dute portu guzietan?

Kontu hau etorri zait burutara Estitxu Garaik urte hasieran hementxe berean txertatu zuen artikulua irakurrita: itzulsortu/itzulsortzaile hitz berriak plazara atera zizkigun. Eta haren hitzek Jose Ramon Etxeberriari Anaitasuna aldizkarian irakurri genizkionak (1979ko martxoan!) ekarri zizkidaten orduan: «Garapen hitza promozionatu nahiz».

Etxeberriaren proposamenak arrakasta handia izan zuen. «Garapen/garatu familia» zabaldu da, eta Euskaltzaindiak babesa eman dio. Ikusiko dugu Garairenak ere bertze horrenbertze lortzen duen. Agian ere bai. Ez da beti hala izan, ordea; oroitu: «ingurugiro»…

Nafarroako itzultzaile taldeko lagunok, 1988an lan honetan hasi ginenetik honat, geure erkidegokoak bertze inongoak ez diren hitz batzuendako ordaina aurkitu behar izan dugu geure aldetik. Ez dira aunitz, baina bada bat hemen aipatu nahiko nukeena, dezente zabaldu delako. Horren beharra halako batean sortu zitzaigun, kapelu gorriz jantziriko gizon-emakume batzuk izen eske etorri zitzaizkigunean. Ordena publikoaren hemengo zaintzaile partikularrak ziren (lehendik genituenak aski ez, makil dantzari gehiago!). Galdera zehatza egin ziguten: «Policía foral», agentea eta erakundea, biak, nola erran euskaraz?

Ez ditut gogoan azkenean finkatu genituen izenen sortze-prozesuaren xehetasunak, baina, nolanahi dela, ordaina eman behar izan genuen unetik beretik «foruzain» eta «foruzaingo» erabiltzea erabaki genuen; EAEko «ertzain» eta «ertzaintza» (orduan, ustez, «ertzantza») haien bide bertsutik, baita «udaltzain» eta «udaltzaingo»ren ildotik ere. Bertze haiek bezalaxe, gureak ere neologismoak, hitz berriak. Hogei urte joan izanen dira aisa lehenbiziko aldiz erabiltzen hasirik (zehazki ez dakit, ez baitugu sarbide errazik gure lehenbiziko testuetara iristeko), eta sortuz geroztik beti horrelaxe erabili ditugu bi hitz horiek. Makina bat aldiz tekleatu ditugu gure ordenagailuetan. Gure artean ez da zalantzarik piztu, eta izen horiek barra-barra zabaldu ditugu paraje hauetan, euskarari sartzen utzi dioten toki guzietan.

Eta arrakasta izan ote dute? Hizkuntz arloko autoritateek, erreferentzia gisara ditugun hiztegiek eta erabiltzaileek onartu dituzte?

Berriak bere estilo liburuko hiztegian sartu ditu, eta Zehazkin ere bildu dituzte («foru polizia» eta «foru poliziako»rekin batera). Horietaz gainera, Ertzaintzaren hiztegian ere aurkitu ditut.

Ordea, Euskaltzaindiak ez ditu Hiztegi Batuan txertatu; Euskaltermen ez daude (harrigarria iruditzen zait aipatu ere ez egitea; bertzerik litzateke ponderazio kontua…); Elhuyar, 5000 eta Labayru hiztegietan ez dira ageri; EITBko HIKEAn ere ez ditut ikusi…

Horietan guzietan ez dira falta «ertzain/ertzaintza», «udaltzain/udaltzaingo», «miñoi», «mikelete», ..

Guk «sorturiko» hitz horiek badute nolabaiteko babesa (aldeko gutiago izanagatik, aldezleak adierazgarriak eta garrantzitsuak dira), baina, hala ere, badut kezka pizar bat zer gertatuko den haiekin etorkizunean.

Gure «kaskogorriak», zain, euskarazko izena bedeinkatuko ote dieten, eta guk, berriz, ez dakit ez ote dugun berriz ere manifestazioan atera beharko, joan den larunbatean bezalaxe: «Hemen gaude… foruzainen alde!».

Jakinaren gainean egon zaitezten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

P.D. Aipatu ditudan eragileez gainera, joan den urteko urrian prentsan irakurri genuen berri bat ere akuilu izan dut gaurko hau idazteko

Sagarra martxoak 25 de marzo manzana

Karlos Cid Abasolo

Lehenengo eta behin, ohartarazi behar dut testu hau otsailean argitaratu nuenaren segida dela. Hortaz, baldin eta hark norbait gogaitu bazuen (oso litekeena da), honako hau irakurtzea baino zeregin mamitsuagotan jardutea aholkatzen diot.

Otsailean «euskarazko testua + marra bertikala + erdarazko testua» motako elebitasun txatxua ekarri nuen hizpidera, Asier Larrinagaren testu bat oinarritzat harturik. Oraingoan, hori baino are txatxuagoa den elebitasun mota batez arituko naiz: euskarak eta erdarak hitz (edo zenbaki) bat edo gehiago partekatzen dituztenekoa.

Ekonomia linguistikoan oinarritutako joera hori kale-errotulazioan atzeman daiteke. Honatx nongoa den esan beharrik ez dagoen kale-errotulu bat.

algortako etorbidea

Erdaldunek hori irakurtzen dutenean, zer ulertuko dute? Bi aukera daude:

– Etorbidearen izena «Algortako» dela.

– Etorbidearen izena «Algortako etorbidea» dela.

Eta bi aukeretako bakar bat ere ez da zuzena. Errotulua diseinatu zuenak pentsatuko zuen bi letra mota nahasiz arazoa konpondurik zegoela, baina oker zebilen erabat.

Eta dena… latorri puska bat ez erostearren, errotulu baten ordez bi egon zitezen, hizkuntza banatan.

Mota askotako karteletan aurkitzen ditugu horrelako zentzugabekeriak. Gehienetan, ekitaldi baten eguna eta ordua, zenbakitan adieraziak, partekatzen dituzte bi hizkuntzek.

 ekainak 29

Hori larria da. Eta are larriagoa Euskal Herriko hiririk handieneko udalak diru publikoz argitaratutako testuetan halako astakeriak egiten direnean, hizkuntza-ezjakintza ikaragarria erakutsiz. Honatx adibide bat: aurtengo aratusteetako kartela hautatzeko lehiaketaren deialdia. Parte-hartzaileek bete beharreko bosgarren baldintza hauxe zen, hitzez hitz:

Karteleko testua hau izango da:

BILBAO 2014

ARATUSTEAK/CARNAVALES

Otsailak Febrero 27 – 4 Martxoak Marzo

Benetan zaila da hain hitz gutxitan Hego Euskal Herriko bi hizkuntzei errespetu gutxiago izatea. Lehiaketaren parte-hartzaileek, diru-goseak hartaraturik, zintzo-zintzo bete zuten bosgarren baldintza. Ze erremedio. Eta hona hemen kartel irabazlea, hizkuntza krimena eta guzti:

bilbao2014

Honek guztiak bide ematen dit neure aurreko testuen hitz gakoa hona ere ekartzeko: simulakroa.