Nola itzultzen da hori?

Juan Luis Zabala

Egingo ditut neuk askoz ere oker handiagoak, noski, baina barrua hozkirri moduko batek zeharkatzen dit honelakoak entzutean:

  • «Izaskunekin egon nintzen atzo, eta esaten zidan ez dabilela gustura lanean».
  • «Horixe esatera nindoan».
  • «Kontuz ibili, mina hartuko duzula».

Barrua epeltasun goxo moduko batek hartzen dit aitzitik honako hau entzutean:

  • «Mina hartzeko ere!».

Bide batez esanda, nola itzultzen da azken hori?

Itsusi polita

Eneko Bidegain

Duela zenbait egun «deritzen zaio Trabuko» kantua aipatu zuen Borja Ariztimuño Lopezek, blog honetan. Eta aipu hark Goizuetara narama, herri politik baldin bada, hura hala baita, bere euskara ederrarekin. Eta han erabiltzen omen dute «itsusi polita», deskribapen modura. Bi hitz horiek kontraesankorrak diren arren, «polita» beste adiera batean ulertu behar da: «biziki itsusia», «arras itsusia» edo «ontsa itsusia».

Orotariko Euskal Hiztegiak ez dakar adiera hori, baina bai horretara anitz hurbiltzen den bat, ‘nahiko handia’ adierazteko:

Neskatxa pulita, une grande et forte fille. Haur pulita, un gros et bel enfant. Arrantza polit bat egin dugu, nous avons fait une bonne, une jolie pêche.

Hiztegi horretan ageri den ondoko adiera ezagunagoa egiten zait, «polita» ironiaz ere erabili ohi dugulako: «lan polita egin duzu». Hots, «zer desastrea egin duzun!».

Goizuetarrentzat «itsusi polita» kontraesankorra ez bada ere, inkoherentzia zaie «zelai malkarra», zenbait eskualdetan zehar entzuten duten gisan. Iparraldean ere inkoherentea zaigu. Hainbat lekutan, ordea, eta Orotariko Euskal Hiztegiak lehen adieran dioen moduan, zelaiak lur-saila erran nahi du. Hirugarren adieran baizik ez da ageri «leku laua» adierazteko moduan (Harluxet hiztegian, aldiz, alderantziz). Batzuen zelaia (laua edo malkarra), guretzat pentzea da: eta pentzea izan daiteke malkarra edo zelaia.

Euskal irakurleen memoria literarioa

Aiora Jaka Irizar

Aste honetan, Josu Zabaleta itzulpen literarioaren iraganaz, orainaz eta geroaz hizketan entzuteko ohorea izan dugu Gasteizko Letren Fakultatean. Eta opor egun hauetan nire inspirazioak ere oporrak hartu dituela dirudienez, itzultzaile legazpiarrari lapurtuko diot oraingoan hausnarketarako gaia.

Zabaletak itzultzaile moduan egin zituen lehenengo urratsez, 1970eko hamarkadan nabari zuen itzulpen-eredu baten premiaz, euskal klasikoen irakurketetatik ikasitakoez, Martuteneko Eskolaren eta Senez aldizkariaren sorreraz eta beste hainbat kontuz luze eta zabal hitz egin ondoren, aurkezle-lanak egin zituen Koldo Biguri irakasleak galdera hau egin zion:

«Esan duzunez, 1970eko hamarkadan helburu pragmatiko eta funtzionalengatik ekin zitzaion batez ere atzerriko literatura itzultzeari. Eta gaur egun? Esan al dezakegu orain helburu literarioengatik itzultzen dugula atzerriko literatura?»

Zabaletak erantzun zuen 40 urte hauetan gauzak asko aldatu direla, batez ere literaturaren hartzaileak aldatu direlako: gaur egun, garai hartan ez bezala, badago literatura unibertsala euskaraz irakur dezakeen eta irakurri nahi duen hartzailerik, baina euskal irakurle gehienen memoria literarioak gaztelaniazkoa izaten jarraitzen du, Zabaletaren arabera (eta frantsesezkoa, ziurrenik, Ipar Euskal Herriko euskaldunen kasuan). Oraindik ere oso ohikoak omen dira honelako iruzkinak euskaldun literaturzaleen artean: «Nik nahiago dut literatura unibertsala jatorrizkoan irakurri, eta ez euskal itzulpenean». Baina halako baieztapenak egiten dituztenek gaztelaniaz irakurtzen dituzte Dostoievski, Maupassant, Hemingway eta beste; horri deitzen diote «jatorrizkoan irakurtzea». Irakurle horien memoria literarioa gaztelaniazkoa da, euskaraz sortutako literatura ez beste guztia gaztelaniaz irakurri dutelako. Zabaletaren arabera, euskarazko itzulpenak ugaritu ahala joango da aldatzen eta euskarazko bihurtzen memoria literario hori.

Hitzalditik atera eta etxera itzultzeko trena hartzean izan nuen nik neuk ere memoria literario horrek nola funtzionatzen duen ikusteko aukera. Ondokoarekin hizketan etorri nintzen trenean, eta, gauza bat eta beste, euskal idazleez hizketan bukatu genuen. Tipoak literaturarekin edo itzulpenarekin zerikusirik ez duen alor batean egiten omen du lan, baina, literaturzale amorratua ez izanagatik, noizean behin irakurtzen omen du zer edo zer. Galdetu zidan ea nik, «aditu moduan», zein euskal idazle ditudan gogoko, eta ni izenak esaten hasi orduko, han hasi zitzaidan ufaka: «Puf! Hori ez zait gustatzen; beste hori ere ez; beste hori ez dut inoiz irakurri…». Berak nahiago omen ditu «erdarazko liburuak». «Ezagutzen duzu Estefan Sueig?», galdetu zidan, eta ni espainiar literaturako idazleak arakatzen hasi nintzen, ea Sueig zelako hura ezagutzen nuen. Ezetz erantzutear nintzela, «Austriarra da», bota zidan. Eta orduan ohartu nintzen Stefan Zweigi buruz ari zela. «Harena bai literatura, harena bai idazkera dotorea, hiztegi aberatsa, esamolde ederrak… —jarraitzen zuen tipoak—. El mundo de ayer irakurri duzu? Oso ona da». Erantzun nion Briefeiner Unbekannten irakurria nuela, alemanez, baina euskaraz ere irakur zitekeela, Edorta Mataukok itzulia baitu Emakume ezezagun baten gutuna izenburupean. «A, bai?». Tipoari ez zitzaion buruan sartzen berak «erdarazko liburuak» deitzen zituen haiek euskaraz ere irakur zitezkeenik (nahiz eta, tamalez, aukera askoz ere murritzagoa izan). Ordu pare bat lehenago Josu Zabaletak aipatutakoa begien pare-parean neukan. Gaztelaniazko memoria literarioa da nagusi euskal irakurleen artean, eta, ondorioz, honako bereizketa hau egin ohi da: euskal literatura batetik, euskal idazleek idatzitako euskarazko literatura; eta erdal literatura bestetik, hor sartzen direlarik literatura espainola eta munduko beste literaturen gaztelaniazko itzulpenak. Eta bigarren zaku hori askoz ere zabalagoa eta presenteagoa denez, hara jo ohi du euskal irakurleen gehiengoak.

Irudipena dut haur eta gazte literaturaren kasuan gauzak aldatzen hasiak direla (gogoan dut umetan irrika berberaz irensten genituela ikastolan Joxantonio Ormazabalen Kotti, Roald Dahlen Charlie eta txokolate fabrika, Pello Añorgaren Pottoko, Christine Nostlingerren Amona maite, zure susik edota Enid Blytonen Bostak bildumako liburuak), alegia, haur euskaldunek badutela euskaraz sortutako nahiz euskarara itzulitako liburuen eskaintza zabal eta gogoko bat, eta, literatura normalizatuetan bezala, askotan ez direla ohartu ere egiten irakurtzen ari direna jatorrizkoa ala itzulpena den. Aldiz, heldu ahala, euskarazko irakurketak baztertzeko joera nagusitzen da, eta atzerriko hizkuntzetako literatura gaztelaniaz irakurtzekoa.

Erronka handia dugu oraindik, beraz, euskal itzultzaileok: batetik, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duenari erakutsi behar diogu euskaraz ere irakur dezakeela beste herrietako literatura, eta, bestetik, euskarazko literaturaren zakua beste literaturetako lanen itzulpenez hornitzen jarraitu behar dugu.

Murphyk itzultzaile, interprete eta zuzentzaileei emaniko legeak (2)

Karlos del Olmo

Eskarmentuaren Lehenengo Legea

Behar adinako esperientzia lortzen duzunerako, lanbidetik erretiratzeko unea izango da.

Eskarmentuaren Bigarren Legea

Itxurazko esaldi edo testu errazarekin eskarmenta hartutako laguna edozein hitz, esaldi edo testurekin beti mesfidati.

Iritzi Nagusiaren Legea

Itzultzaileen zerrendan edo foroan gehiengo batek termino edo esaldi baten gainean adieraziek eta idatziek ez dute ezertan zuzenak izanik, kopurua gorabehera.

Adituaren Legea

Itzultzaile, zuzentzaile edo interprete aditua alor jakin batean egin daitezkeen eta ezin daitezkeen oker eta huts guztiak (edo ia guztiak) eginiko laguna da; hortaz, guztiz fidagarria gertatzen da: ezin du bestelako okerrik egin.

Itzultzaile Jakitunaren Legea

Itzultzailea, interpretea edo zuzentzailea benetan jakintsua edo bikain-bikaina balitz alor tekniko edo zientifikoren batean, ez luke jardungo itzulpengintzan, dirutza benetan beste edozein langintzatan irabazten delako.

Itzultzaile Jakitunaren Korolarioa

Aurreko legea gorabehera, itzultzaile, interprete eta zuzentzaile jakintsu eta bikain batzuk masokistak dira.

Tarifen Axioma

Tarifak igotzeaz batera konturatuko zara zerga gehiago ordaintzeko besterik ez duela balio izan gehikuntzak, nahitaez beti igarotzen zarelako beste modulu batera.

Merezimenduaren Legea

Bikain eginiko lanaren merezia edo ospea beti besterena.

Buxaduraren Legea

Kontzeptu, termino, hitz, esaldi edo pasarte bat katramilatzen bazaizu, konpontzeko saio guztiek korapiloa okertu besterik ez dute lortuko.

Termino Egokiaren Legea

Termino bat behar bezain maiz oker itzuliz gero, azkenean guztiz zuzena izango da nahiz zuretzat nahiz bezeroarentzat.

Egokitasunaren Korolarioa

Terminoa oker itzultzen ari izan zarela konturatu eta ordain egokia ematen hastean, bezeroak edo hartzaileak akatsa dela pentsatuko du, gura eta gura ez.

Terminologiaren Legea

Behar adina adituri itaun egin eta beste hainbeste iturritan begiratu ondoren, termino baterako edozein itzulpen ontzat eman daiteke.

Mailegu Gordinaren Legea

Lasai asko aldeztu dezakegu termino tekniko samar bat euskaraz ere ingelesez bezala erabiltzen dela: aurka egiten diguna ezjakin hutsa da.

Web Arakatzailearen Lehenengo Legea

Edozein termino edo termino eraketa bilatuz gero, arakatzaileak ia-ia beti topatuko du, besterik ezean, zure itzulgaian agertu bezala. Horrek, dena dela, ez du inolako bermerik eskaintzen: berba akastunak ere ugari baino ugariago agertzen dira.

Web Arakatzailearen Bigarren Legea

Termino baten xerka jardun ostean, arakatzaileak erakusten dituen lehen emaitzak publizitate hutsa izango dira; hurrengoak iturri ez oso fidagarritik etorriko bide dira; segituan, horien kopia edo plagio huts eta hutsalak agertuko dira; azken emaitzetan, bilaturikoa han eta hemen sakabanatuta agertuko da. Hortaz, beste bilaketa batzuk egitera behartuta egongo zara auzia argituko baduzu.

Datu Galeraren Legea

Zenbat eta denbora luzeagoa igaro azken segurtasun kopia egin zenuenetik, orduan eta errazago ordenagailua apurtzea eta lan guztiak galtzea. Gorde beharreko itzulgaia luzea bada (liburu bat, esaterako), ordenagailua matxuratzeko gertagarritasuna esponentzialki haziko da.

Erantsitako Artxibo Galduaren Legea

Hamaika eta bost ahal egin ostean itzulpena amaitu eta bezeroari mezu elektronikoz garaiz bidaltzea lortu arren, artxibo erantsia inoiz ez da agertzen hartzailearen sarrera erretiluan.

Erantsitako Artxibo Desagertuaren Korolarioa

Posta bidalketa arruntetan gogaikarri izaterainoko oharrak ematen badizkigu ere posta bezeroak, mezuari ezer erantsi ez diogulakoak, inoiz ez digu aditzen emango itzulpena eranstea atzendu zaigula. Edo okerreko helbide batera bidali dugula.

Adimen Artifizialaren Legea

Ordenagailuek eta zerbitzu informatikoz hornitzen gaituzten enpresak adimendunak dira: beti jakiten dute noiz gabiltzan presatuta, une hori horixe aukeratzen dutelako matxuratzeko edo moteltzeko.

Azpisugearen Legea

Zure aurrekontuak edo tarifak oso doituta egon arren, beti agertuko da eskaintza merkeagoa aurkeztuko duen baten bat, dirua galdu arren.

Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interprete Autonomoen Axiomak

  • Mandatu ondo ordaindu eta lasaiak beti heltzen dira txarrago ordainduriko lan presazko bat onartu eta atoan.
  • Lan presazko guztiak egun berean entregatzekoak izango dira, ezinbestean.
  • Bidaian edo oporretan irten beharko duzu presazko lanak entregatu edo kabina jardun beharreko egunean bertan.
  • Ezin atzeratuzko lan ezin presazkoago hura garaiz bidali arren, hartzaileak ez du itzulpena daraman mezua zabalduko pare bat egun igaro arte.

Administrazioko Itzultzaile eta Zuzentzaileen Legea

Arduradun politikoak zerbitzuburuari bost eguneko epea emango dio testu bat itzuli edo zuzentzeko. Zerbitzuburu horrek lana lau eguneko epean egin behar dela esango dio lanak bidaltzeaz arduratzen den teknikariari. Teknikariak itzulpen atalaren buruari itzulgaia egiteko bi egun dituztela adieraziko dio. Itzultzaileen arduradunak egun bakarra edo ordu batzuk besterik ez die emango itzultzaileei testua jorratzeko, arduradun politikoaren aurrean itxuraz agertzeko. Arduradun politikoak sei edo zazpi egunen buruan testua patxada ederrean irakurritakoan, zirkuitua abian jarriko du ostera ere, aurreko testua zirriborro hutsa zela adierazi eta apur bat aldaturiko itzulgai “ez hain presazko” moduan bidaliaz.

Esker Onaren Legea

Bezeroak “Eskerrik asko” lehor eta huts batez erantzunez gero itzulpena zuk garaiz bidali ondoren, seguru asko besteren bat aginduko dizu, ezbairik gabe zurekin pozik dagoelako. “Gure eskerrik beroenak” edo antzeko esamolde sutsuren batez erantzunez gero, hobe duzu hartaz ahaztea, ez dizulako berriro itzulgairik bidaliko, munduan beste itzultzailerik ez balego ere.

Malgutasunaren Lege Zurruna

Bezeroak ez du ordutegi edo jaiegun mugarik izan ohi lanak agindu eta bidaltzeko orduan, eta beti malgu izateko eskatzen dio itzultzaileari, zuzentzaileari edo interpreteari. Lan itzulia jasotzeari edo zalantzei erantzuteari nahiz arazo teknikoak konpontzeari dagokienez, oso estu eta zurruna izaten da, batez ere “bere” lan ordutegiaren eta egutegiaren aldetik.

Bezero Kaparraren Legea

Bezeroak lana agintzen dio itzultzaileari bera ez delako gauza hura egiteko. Halere, profesionalaren lana oztopatuko du atertu gabe iradokizunak eta iruzkinak emanez.

Atzerapenaren Paradoxa

Presaren jatorria atzerapena da; atzerapenaren zioa, presa.

Barruko Erlojuaren Lana

Itzultzaileak edo zuzentzaileak ezin du ganoraz lan egin ostiraleko eta larunbateko 15:00etatik aurrera. Igandeetan, ezelako ordutan ere ez. Interpreteak, ordea, arazorik gabe lan egin dezake noizgura, harentzat jai edo atseden egunak lanik gabeko guztiak baitira.

Irabazien Legea

Bezeroen % 10i esker lortuko duzu irabazien % 90.

Espazio-denbora Kurbatuaren Legea

Zenbat eta arinago eta gogotsuago ahalegindu itzulpena edo zuzenketa bidaltzen ala interpretazio saiotik bizirik irteten, orduan eta beranduago ahaztuko zelako txarto joan den lana.

Itzulpen Teknikoen Lehen Legea

Ez utzi inoiz bezeroei konturatzen haiek baino gehiago dakizula gai espezifiko baten gainean.

Prokrastinazioaren Urrezko Araua

Inoiz ez duzu izango honako hau baino une egokiagorik egin gura ez duzun lana atzeratzeko.

Amets

miel a. elustondo

Aingeru eskuadroia amestu nuen
fusilak zeramatzatela,
haurrak fusilatzen ari.
Nire aita-amak fusilatuta amestu nuen.
Pio XII.a Aita Santua fusilatuta amestu nuen.
Nire lagunak, neska eta mutil, fusilatuta amestu nuen.
Erraldoi fusilatu baten
hilotz berdea Karibeko itsasoaren urdinean
etzanda, amestu nuen.
Ni neu fusilatuta, amestu nuen.
Fusilero piketea
Jerusalemeko kale bateko harzolan
ondoko mendi batera bidean,
amestu nuen.
Arratsaldeko hiruretan
fusileria deskarga amestu nuen,
mendira presatu nintzen,
hiru gurutze huts amestu nuen.
Inoiz ez nuen zubi bat
eta bestaldean
ur-bazter berderik amestu.
Ez nuen izar irribarretsurik amestu.
Ez nuen aurora borealik amestu.
Ez nuen ilunabarrean
argiz betetako arbolarik amestu.
Ez nuen bi gazte eskutik helduta
oinez,
kantari,
ametsetan…
amestu.

Javier Arzuaga (Oñati, 1929), fraide frantziskotarra izan zen. Habanako Casa Blanca auzoko parroko izan zen Fulgencio Batistaren diktadura garaian. La Cabaña gotorlekua berak zuzentzen zuen barrutian zegoenez, hango Santa Barbara kaperatxora joan ohi zen igandero, meza esatera. 1959an Iraultza nagusitu zelarik, Che Guevarak hartu zuen La Cabaña gobernatzeko ardura. Berehalakoan galarazi zion aurrerantzean han mezarik esatea. Hala ere, erabateko askatasuna eman zion kartzela bisitatzeko eta preso altxatuei laguntzeko, gau eta egun. Urte hartako urtarrilaren 29tik ekaineko lehenengo aste arte, egunero izan zen Arzuaga La Cabañan. Denbora tarte horretan, berrogeita hamabost presori lagundu zien heriotza hormara. Hortik, poema hori, eta beste hainbat, Cuba, 1959. La galera de la muerte Arzuagak berak beldurgarri idatzitako liburuan ageri direnak. (Izenburua, gurea da. Markinan ohi denez, besterik ezean, zapoa zotzean)

Jubilatzeko desiotan

Fernando Rey Escalera

Hilabete honetako artikuluaren abiapuntua iloba batek WhatsApp bidez bidalitako argazki bat da. Beraz, lehenbizi, argazkia jarriko dizuet, ongi uler dezazuen nire gogoetaren ibilbidea.

IMG-20140411-WA0000

Neronek ere ikusia nuen, gure etxe ondoan baitago, eta mina eman zidan begietan, baina, odoluzkiak bezalaxe, isilik jasan nuen.

Zer zuzendu erabaki baino lehen, edo zer hobetzen ahal den esan baino lehenago, ilobari piztu zitzaizkion dudak azalduko ditut, itzultzaileok-eta izaten ditugun eztabaidetarako aski adierazgarria eta aberasgarria baita ohartzea nolako ikuspuntua duten euskara eguneroko lan-tresna ez duten euskaldun normalek, hau da, gure deformazioa ez dutenek.

«-a behar du bukaeran, ezta? Eta ezin da esan elkartea edo etxea edo halako zerbait?».

«Eta erretiroduna esatea ez al da oso arraroa? Ez nuen sekula ikusi edo aditu».

Bai. Gure burutazioak eta eztabaidak arrazoiz beteak egoten ahal dira. Nahi dugun guztia argudiatuko dugu, Hiztegi Batua, Zehazki, Orotarikoa eta nahi den guztia, baina, maiz, euskaldun on eta alfabetatu bati min emateak zer pentsatua eman beharko liguke.

Klub hitza hain biluzik jartzea, artikulurik gabe, gogorra da, eta batek daki noren akatsa den. Seguru nago itzulpena egin zuenak artikuluarekin idatziko zuela. Beharbada, obra egiten ari zirenean letra guztiak sartzeko tokirik izan ez, eta «por una letra no creo que importe mucho» esanen zuen norbaitek.

«Elkartea» jarri edo «etxea» jarri, ba, berdin zait. Klub hitza ez dut oso gustukoa, baina erabiltzen dugu, eta, tira, ba, zergatik ez.

Baina niri gutxiena «erretiroduna» gustatzen zait. Badakit Zehazkik hori proposatzen duela, baina, gustatu, ez zait gustatzen.

Badakit zenbait tokitan erretiratu esaten dela, edo erretiroa hartu, erretreta hartu edo erretretatu, baina jubilatu ere esaten da, eta jubilazioa. Eta erretiratua eta jubilatua dago esaten da. Nik nahiago jubilatuak elkartu dira, edo erretiratuak, erretirodunak baino.

Bestetik, ez dakit zer arrazoi dagoen Hiztegi Batuan jubilatu hitza ez onartzeko. Jubilazio hitza erretreta eta erretiro bezain mailegu dira, eta hirurak daude bizirik. Orotarikoan aipamen gutxi dago, bai, baina Ereduzko Prosa Gaur-era joatea aski da jubilatu hitza zeinen bizirik dagoen ikusteko. Toki askotako eta estilo askotako idazleek hamaika aldiz erabili dute, eta Berrian ere ehunka aldiz.

Ohartu beharko genuke, bestalde, hitz bat Hiztegi Batuan ez egoteak ez duela esan nahi ez dela existitzen. Sartuko dute noizbait ere, eta, sartu ezean ere, bizirik egonen da seguruena.

Eta, gustuak eta maniak ere sartzen direnez tarteka, utzidazue oso-oso subjektiboa den zerbait kontuan hartzen.

Niri, jubilatu eta jubilazioa adituta, berehala etortzen zait burura pozaren ideia: «júbilo: m. Alegría extrema que se manifiesta con signos externos».

Horregatik, jubilazioaren adinera iritsiko garen ere ez dakigun honetan, Hiztegi Batuan sekula onartuko ez balute ere, nik uste, behingoagatik, insumisio pixka bat eginen dudala, nire paperetan behinik behin, eta jubilatu eta jubilazioa esanen dudala.

Akatsak Zuritzen II: «deritzen zaio Trabuko…»

Borja Ariztimuño López

Hala dio kanta ezagunak, ez «deitzen zaio», ez «deritzo». Nonbait, deitu aditza kutsatu du, edo zuen, iritzi-ren adieretako batek (oroit harako «neri deritzat Galtzaundi…»). Zuzena ez da izango, baina, niri polita iruditu zait beti, soinu ederrekoa.

Dena dela, hemen ez dut forma honen edo haren zuzentasunari buruz hitz egin nahi, ez eta aditz trinkoen beherakadaz edo gorakadaz ere.1 Aldiz, aditz trinko batzuen gorabeherak izango ditut aipagai.

Jakina da antzina (esan nahi baita ezagutzen ditugun testu zaharrenetan) aditz trinkoak egun baino askozaz ere ugariagoak zirela, eta paradigmak berak ere aberatsagoak. Hala ere, ordurako baziren forma arkaiko, fosildu eta galtzeko bidean sarturikoak ere; horietako bat izan zitekeen drugatzula ‘lagundu diezazula’, adituek diotenez urgatzi-ren forma trinkoa zena. Bi aldiz ageri zaigu euskararen historia osoan: Etxepareren poema batean eta Voltoireren elkarrizketetan, ikusiko denez agurtze/opatze-formula bat berari lotuta (ihartutasunaren seinale):

Etxepare (1545)

«Andria ieyncoac drugaçula» (‘Madame, que Dieu vous garde!’, R. Lafonen itzulpenean)

Voltoire (1620)

«En hora buena estais sedero. Dieu vous gard Monsieur. Iaincoa trugatçula Iauna»
«Mantengo Dios a Su. M. Dieu vous gard Monsieur. Iaincoa trogatçula Iauna»

Azken lekukotasunetan, gainera, ergatiboaren marka ez baina haretxek adizkiaren hasierako kontsonantean utzitako arrastoa ikusten dugu; ziurrenik ordurako hitz horren zentzua galdurik zegoen, nola gaur egun baitago hiztun askoren hizkeran dariola adizkia (aipatuko ez dudan telebista saio batek famatu egindakoa, bai, dayola). Izan ere, ia beti hirugarren pertsonari dagokion forman eta –ela menderagailuarekin horniturik erabiltzen delarik, iharturik bukatzeko aukera guztiak zituen. Areago, hiztun gehienek “baba (adurra, lerdea…) dariola egon” esapidean besterik erabiltzen ez dutenez, holaxe geratzeko bidean da, formula aldaezin bihurtuta:

…eta ni/hi/gu/zu/zuek/guztiak, hantxe, baba dariola…

Erabilera oso murritzeko beste aditz trinko bat ere bada, garai batez noiznahi eta nonnahi irakurtzen eta entzuten nuena (esango nuke hasierako aparraldia baretu dela). «Prozesuak aurrera darrai», «borrokak darrai»… Berez, Nor-Nori jokoa zuen sintetikoki jokatzean (ni hari narraio, hura hari darraio), eta ‘inoren edo ezeren atzetik joan’ zuen oinarrizko adieran, baina perifrasietan Nor-Nork eta Nor-Nori-Nork moldeak nagusitu dira (esanahia ere zabaldurik, hein batean iraun-i lekua kenduz eta segitu-rekin parekatuz), eta lehenaren eredura sortu bide zen darrai ‘jarraitzen du’; azken buruan gaztelaniazko seguir dagoke, noski.

Amaitzeko, aldiz, arestian agertu zaizkigun drugatzula edo dariola haien modura elementu aldaezin bihurturiko beste adizki bat aipatu nahi nuke, demagun, alegia. Honen berezitasuna da, ordea, diskurtso mailako partikula modal epistemiko (edo holako zerbait) bihurtzeko bidean egon litekeela (agian edo beharbada bezala? Cf. katalanezko potser ‘beharbada’ < ‘izan daiteke’). Baina, beste gramatikalizazio bide bat ere hartu ote lezake? Oraingoz administrazio arloko langile baten idiolektoan soilik bada ere, bai: aditz laguntzaile! Hau entzun zuten belarriok, behinik behin: «Jo demagun…».

1Gai horiek blog honetan aipatu izan dira lehenago (hemen eta hemen, adibidez), eta nik ere nahi nuke horien inguruan jardun, hurrengo batean baina.

Letrekin olgetan

Bego Montorio Uribarren

Nork bere ohitura, nork bere mania, nork bere eroa. Bat izan, bestea izan, denok ohi dugu horrelakoren bat.

Gure etxeko bat, esaterako, kalean beti gora begira ibiltzen da, soa eta gogoa eraikinen zer-nolakoetan kateaturik, eta horren ondorioz txakur-kaka guztiak zapaltzen ditu. Beste batzuek, berriz –ni horien tarteko–, halabeharrez erreparatu behar izaten diegu parean tokatzen zaizkigun idazkunei, kartel guztiak oso-osorik irakurri beharrak non eta zertan ari ginen ahantzarazten badigu ere. Ohitura maniatikoa, bai, hori da topatu dudan arrazoi bakarra esplikatzeko zergatik irakurri behar izaten ditudan baita autobideetako komunetan eta ospitaleetan egon ohi diren garbiketa-kontrolerako oharrak ere, nork eta zer ordutan garbitu duen markatzen duten horiek. Ez da txukuntasunaren bermea nahi dudalako edo izen-abizenen bitartez garbitzaileen jatorria asmatu nahi dudalako, ez: idatzita daudelako irakurtzen ditut, ezinbestean kasik.

Aspaldiko jaidura dudanez, berarekin bizitzen ikasi dut, eta konturatu naiz trenpuak eta umoreak baldintzatu egiten didatela irakurtzeko modua; nolako eguna, halako irakurketa.

Munduarekin haserre nabilenean, afixetan hain ugariak izaten diren akatsek salto egiten didate muturretara, eta are gehiago haserretzen naiz munduarekin orduan. Beste batzuetan, ordea, olgetarako gogoa nagusitzen zaidanean, bestelako esanahiak topatzen dizkiet hitzei, eta haien atzetik joaten zait gogoa, mundu paraleloen bila edo.

Horrelako aldarte onean egongo nintzen lehengo batean, metro batzuetara neukan kartelari begiratu eta hitz hauek ikusi nituenean:

Letras-Letren 1

Askoz gauza gehiago zeuden idatzita paper hartan, baina, nengoen tokitik, hizki handienak baino ezin bereizi. Letras – Letren, irakurri nuen, eta, oharkabean, alemanaren doinua-edo eman nion Letren horri, txikitako jolasetan bezala: zelan egiten den alemanez?, bada, erdal hitz bat hartu, jarri amaieran “-en”, eta horra! Achtung, trooopen!

Letras – Letren, aleman hitza izango zen benetan letren hori? Ez, ez zen posible. Eta zer izango zen, ikuskariren bat agian? Poesia errezitaldi bat? Apur bat gehiago hurbildutakoan argitu zitzaidan zalantza:

Letras-Letren 2

 

Osorik irakurri nuen kartela, jakina (nork bere eroa, esana dut lehen ere), eta, bestelako aldarte bat izatera, argazkia atera eta Karlos Cidi bidali behar niola pentsatuko nukeen, sagarra-martxoak 25 de marzo… artikuluko adibide zerrendari gehitzeko. Edo kartelgintza elebidunean langile elebidunak egotearen beharra aldarrikatuko nukeen behin berriro ere. Edo, auskalo, baliteke gogoan hartzea nola trakesten zuen komunikazioa goiburuko maketazio nahasi hark, nahiz eta haren azpiko azalpen zehatzak txukun eta argi idatzita egon, bai euskaraz bai gaztelaniaz, zutabe banatan.

Nire onerako, baina, bestelako umorez nengoen egun hartan, eta, letra jostari haiengandik aldendu aurretik, gogoeta hau baino ez nuen egin:

Eenee, beharra ematen digu gero, elebitasun formal dontsu horrek!

PS. Udaberriko asteniari leporatu nahi nion testutxo ganorabako samar hori idaztea hainbeste kostatu izana, baina mediku bati aditu nion lehengoan gezur hutsa dela, horren ebidentzia zientifikorik batere ez dagoela. Putza!

Lacombe eta Cioran

Iñaki Segurola

Itzulpentxo bat dakart gaur. Itzulpentxo bat eta galdera batzuk. Cioranek Léo Gillet-i elkarrizketa batean esanak dira euskarara itzuli ditudanak.

Cioran bere hizkuntzan hasi zen idazten. Pe culmile disperării (“Etsimenduaren gailurretan”) argitaratu zuen aurrenik, 1934an, 23 urte egin zituen urtean. Gerora, Parisen, frantsesez idaztera jarri zen erabat, eta 1949an atera zuen bere aurreneko liburu frantsesezkoa: Précis de décomposition (“Liburutxo bat ustelaz diharduena”). Bere errumaniera hura hizkuntza basatia zela uste zuen gizajoak, eta frantsesa, aldiz, hizkuntza zibilizatua, munduan bat baldin bazen. Baina segurantzia falta zitzaion Ciorani hizkuntza berrian, eta orduan, laguntzaile txorrotx baten premia sentitu, eta kalean aurkitu zuen… nor?, eta gure Georges Lacombe euskalari eta euskaltzaina. Hona nola mintzo zaion Cioran bere elkarrizketatzaileari Lacomberekikoak ahotan dituela:

Bazen gizon bat berebiziko garrantzia izan zuena nere frantsesezko liburuak argitaratzen hasi nintzen garaian. Ezagutzen nuen tipo bat, eta hartaz nahi nizuke argazkitxo bat egin. Haren izena ere esan nezake, ez dauka inongo interesik, Lacombe zeritzan, eta Latin Auzoan ibili ohi zen; bazuen halako ahuntz-bixar bat, eta besamotza zen, 1914ko gerlan galdu baitzuen besoa. Asko zekien euskararen gainean. Ez zuen deus idatzi, gaztetako artikulu batzuk salbu. Oso aberatsa zen eta ez zuen kolpe zorrik jotzen. Frantsesari buruz ere izugarri zekien. Maniako hutsa zen; konparazio batera, maiz joaten zen Sorbonako klaseetara, eta irakasleak hutsen bat egiten baldin bazuen frantsesez, protesta egiten zuen gelan! [Mahai-gainean kolpe, eta barre.] Huraxe zen nik behar nuen gizona, eta nola biok ginen zereginik gabeak, sarri ikusten genuen elkar. Frantses hizkuntzan ere oso aditua zen, baina, esan dizudan bezala, euskarari buruzko artikuluez kanpora, ez zuen deus idatzi. Liburutegi eder baten jabe zen. Gainera, erotomanoa zen; hartaz liburu pila ikaragarria zeukan eta gauza harrigarriak aitatzen zizkizun. Kalean emakume guztiei edo ia guztiei erasotzen zien, eta goxatu egiten zuen putekin hitzegiten. Neretzat hagitz gustagarria zen ikustea nola zuzentzen zituen putek frantsesez egiten zituzten akatsak. [Barre.] Eta ergelkeria emango du, edo barregarrizko gauza, baina gizon hark berebiziko garrantzia izan zuen nigan. Liburutxo bat ustelaz diharduena zeharo bukatu nuenean, esan nion Lacombe jaunari: “Nere liburua erakutsi behar diat”. Eta hark: “bo, hola tematzen bahaiz…”. Kafetegi batean hitzordua egin eta eskuizkribuarekin agertu nintzen. Orrialde bat irakurri eta lo hartu zidan. Jabetu nintzen ez zegoela zer eginik. Hark eskuizkribua xeheki aztertzea nahi nuen nik, baina uko egin zion. Hala eta guztiz ere, neurri batean, harixe zor nion, zor diot, liburu hori. Hitzen gainean gogoetatzeko zuen grinarekin, denen esanak –irakasleenak barne– zuzentzeko zuen apetarekin, lagundu egin zidan idazketaren kontzientzia deitu dudan horren jabe egiten. Horixe zen neri falta zitzaidana; osoki garaturik Frantzian bakarrik dagoen zera hori. Idaztea, Frantzian bakarrik da zinez gauza sakratua.

Galdera batzuk datozkit gauza hauek adituta. Zer zen Cioranentzat “idaztea”? Berrehun artikulu edo, bestela esanda, mila orrialde baino gehiago argitaratzea ez al da idaztea? Bo, baliteke Cioranek ez izatea lagunaren ikerketen berri zehatzik, baina irudipena daukat “idaztea” gauza sakon sublimehe bat zela harentzat.

Zer da “idazketaren kontzientzia” eta horren sakratutasuna? Nik pedantekeriaren usaina hartzen diot. Frantses idatzi edo akademikoaren pedantekeria ia berezkoan osoki murgildu nahi lukeen frantsesberri baten guraria ere hortxe nonbait suma nezake. Nere belarriak gustura jakingo luke zer alde dagoen Pe culmile disperării-tik Précis de décomposition-era, eta zer bide egin ote zuen Cioranek hizkuntza ustez basati batetik hizkuntza ustez zibilizaturaino. Irabazi egin zuen aldaketarekin, edo koipetu eta txepeldu besterik ez zuen egin bere jarduteko era?

Gatozen Lacombegana. Mitxelenak esanda genekien liburutegi pornografiko txit ugari baten jabe zela. Orain, Ciorani esker, gauza gehiago dakizkigu. Esan izan da, bestalde, Salaberriren 1870eko euskal kantu-bilduma ezagutzearekin bateratsu hasi zela bere ama amikuztarraren hizkuntzarekin zaletzen. Bilduma horretako lehenbiziko kantua, hagitz ezaguna, honela hasten da: Maitia nun zira? / Nik etzütüt ikhusten. Maitea, edo maiteak, edo nahi bezainbat maite libreki eta nahierara ikusteko zer egon liteke pornografia baino hoberik? Bo, hau lotura merkezurrekoa egitea izango da, seguru asko.

Toki askotan ageri da Lacomberen argazkia, atzean aita Olabide eta ondoan aita Azkue dituela, eta Orixe mistikoa ez sobera urruti. Ongi uztartzen al ziren elkarrekin erotomano putamaitea eta txortagabeko jendea? Hizkuntza zer dago: larruaren gainetik, edo azpitik?

Eta nondik zetorkion Lacomberi hizkuntza xuxenaren maniako izate hori? Bizimodu ustez okerrekoa hizkuntza ustez zuzenaren seta horrekin estali nahi ote zuen bere barruko zoko gorderen batean? (Galdera honek gure idazlari betiaraugose eta erratari mihikarratuak ekarri dizkit gogora, bidenabar esanda.)

Lacomberen esaldi bat dakart azkenerako. Jean Elizalde Euskaltzaindian sartzerakoan Lacombek egin zuen erantzuteko hitzaldia, eta hantxe bota zuen: Erdara baizik ez dakien eskualdun bat, zer da? Bere burua hil duen gizon bat. Cioran irakurri duenak badaki zenbateraino astindu zuen hark suizidioaren gaia, eta zenbateraino bizi izan zuen suizidioa bera, hori bizi baldin badaiteke bederen. Cioran ez zuen bere eskuak hil; gaitzak hil zuen zahartu eta gero. Baina, bere adiskide Lacomberen esanari bagagozkio, ez ote zen izan errumaniera utzi eta frantsesari erabat lotzea suizidatzeko modu bat? Bere mihiaz eta lumaz beste egitea ezin al liteke izan bere buruaz beste egiteko modu bat? Eta euskara uztea edo ahanztea suizidioarekin konpara baldin baliteke, berdin hartu al liteke suizidiotzat erdara utzi eta euskarari erabat lotzea?

Jaio zaizkidan galderak dira, besterik gabe.

Don Quixote de la Manche

Koro Garmendia Iartza

On Kixoteren frantses itzulpen bat izan dut eskuartean, eta gogoetarako bidea eman dit. Gaztelaniaz hain ospetsua dugun idazlana nola izan da eskainia mugaren beste aldean?

Esaterako, lehen hitz gogoangarri haiek…

«En un lugar de la Mancha, de cuyo nombre no quiero acordarme, no ha mucho tiempo que vivía un hidalgo de los de lanza en astillero adarga antigua, rocín flaco y galgo corredor».

…Nola emanak ote frantsesez? Bada, aurren-aurreneko edizioan, bederen, honela:

«En vn lieu de la Manche, du nom duquel ie ne me veux fouuenir, n’y a pas long temps qu’il y demeuroit vn Gentil-homme de ceux qui ont la lance au raftelier, vne targe antique, vn rouffin maigre & vn leurier bon courcur». (sic)

Aspaldi argitaratu zuten obra Frantzian; duela laurehun urte, zehatz-mehatz! Iragan horretan kokatu nahi izan dut nire burua, halako lan eskergaren gaineko ardura hartu zuen itzultzaile haren ondoan… Jabetzen ote gara eginkizunaren dimentsioez? Gaur egun ere ikaragarrizko erronka genukeena, nola kalifikatu ordu hartako hizkuntzalarien testuinguruan?

Zehazki, César Oudin itzultzaileak jaso zuen frantsesez, aurrenekoz, Cervantesen maisulana. Lehen zatia, zehazkiago esanda. L’ingenieux Don Quixote de la Manche izenburupean. Espainiera Frantzian ezagutarazteko lan handia egina zuen Oudinek ordurako. Urte batzuk lehenago, 1597an, Grammaire et observations de la Langue Espagnolle recueillies et mises en François idatzi zuen, eta 1611n, gainera, Cervantesen La Galatea ere itzulia zuen frantsesera.

Jakingarria: nahiz eta On Kixoteren itzulpen hark arrakasta handia izan, eta Oudin bigarren zatia frantseseratzeko prest zegoen arren, François de Rosset idazleak egin zuen jarraipena zenaren itzulpena.

A zer garaiak haiek! Aukerarik bagenu sikiera egun bat haien ondoan emateko, denboran atzera joanda! Zerbait ikasiko genuke, ezta?