«Zehapen»

Iñaki Iñurrieta Labaien

Duela ez hainbeste urte, ez nekien zer esan nahi zuen zehapen hitzak. Orain, badakit 8.000 € esan nahi duela. Isun hori jarri dio Lehiaren Euskal Agintaritzak EIZIEri, duela bi urte luze irekitako zehapen-espedientearen ebazpenean, 2001 eta 2011 urteen artean webean tarifa batzuk agertzeagatik.

Euskara hutsez, euskara juridiko zehatz-nahi, berri usaineko eta dotore halako batean zetorren ebazpena, hala iruditu zitzaidan behintzat niri irakurtzen hasi orduko, gisa hartako testuak irakurtzen ohitu gabea izaki. Ebazpen, zehapen…, erreflexu hutsez, uste dut burutik pasatu zitzaidala itzultzaileon artean dabilen kontsigna bat ere: kontuz nominalizazioekin; ahal bada, saihestu. Baina ez nion kasu handirik egin, eta «aurrera goaz» ere pentsatu bide nuen prosa hura irakurtzean, testuak hain ondo korritzen zuela sentituz, harik eta azkenera iritsi nintzen arte. Orduan ikasi nuen: zehapen = 8.000 €.

Hitzaz argibide bila hasita, ikusi dut ezen, Euskalterm-en datozen 18 fitxetatik, bi izan ezik (bat 1994koa eta bestea 1995ekoa), beste denak XXI. mendekoak direla, eta administrazio edo zuzenbide arlokoak gehienak. Zehapen-espediente terminoa 2007koa da, eta urte hartakoa da definizioa ere: «Administrazioak, Konstituzioak ematen dion zigortzeko ahalmenean oinarrituta, zigortzeko jardunbide administratiboaren barruan izapidetzen duen espedientea, pertsona fisiko edo juridikoek burututako ekintzak direla eta. Ekintza horiek administrazioko arauak edo ordenamendu juridikoa hautsi dituztenak izan daitezke, legean hala adierazita dagoelako». Laburrago eta argiago nahi izanez gero, hor daude EHUko Zuzenbide Fakultateko euskara juridikoaren ataria edo 5000 Adorez eta Elhuyar hiztegiak, besteak beste, zehapen hitzak castigo, corrección, sanción esan nahi duela ikasteko.

Nominalizazio horren oinarrira jota, ikusi dut bi adarretara bil daitezkeela eratorpen eta aldaera guztiak: zehaturen ingurukoak, batetik (zeetu, zetu, ziatu…), eta xehaturen ingurukoak, bestetik (txetu, txeatu, xeatu, xegatu…). Eta ez dakit nola, beharbada bigarren sailekoen hasierako kontsonante sabaikari horren keru afektiboaren eraginez, neure biografian txertaturik agertzen hasi zaizkit hitz horietako batzuk. Aspaldi batean ikasi nuen leka-patatak xehe-xehe eginda jaten, eta hortik ulertu nuen zer den gauzak xehe-xehe azaltzea, xehetasunak ematea. Aspaldi ikasi nuen, halaber, Juan Mari Lekuonagandik, Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren bidez, nola errotarriak negar egiten duen alea txetzean. Ez hain aspaldi, berriz, Bitoriano Iraolaren donostiar xelebreen arteko autuetan, nola Zarpa deitzen zioten batek txetzen duen laguna, Kintua esaten zioten beste bat, bere zirtoaz; hau da, nola uzten duen ezer erantzuteko gauza ez dela.

Eta horri esker gogoratu nuen nola baliatu nuen gero esamolde hori Holden Caulfield Zekale artean harrapakako protagonistak hainbestetan darabilen «that killed me» esaldia euskaraz emateko ere. Esate baterako, Phoebe arrebatxoaren ateraldi baten aurrean «haretxek txetu ninduen», edo «txe-txe eginda utzi ninduen», edo «seko txetuta geratu nintzen» esaten duenean.

Geroago ikasi nuen kontsonante sabaikari horien pare bazirela hitzen aldaera zetazkoak, hots, euskaldun gehienontzat ebakigaitza den fonema ziztukari apikal horzkaria hasieran dutenak. Hau da, txetu, xehe-xehe, xehetasun eta abarren parean bazirela zehatu, zeetu, ziatu… eta zehapen.

Z ahoskagaitzaren dotorezia hotz hori erabil liteke etorkizuneko euskara juridiko administratiboan, erabiltzen hasia da dagoeneko, gauza hauek hotz eta dotore jakinarazteko. Izan ere, boterea zentzuz erabiltzeko modu bat, esan izan zaigu, indarra despertsonalizatzea eta arauen botere hertsagarrira mugatzea da; arauek pertsona guztiak lotzen baitituzte berdin, esan izan zaigu. Z fonema ahoskagaitzak damaion asepsia baliatu, euskara administratiboak halakoxea behar du izan-eta, bustidura batek, palatalizazio batek iradoki lezakeen afektibitate-arrastorik gabea: aseptikoa, aratza, inpertsonala, norbait edo zerbait zeha-zeha eginda uzteko ere.

8.000 €-ko zaplaztekoa, beraz. Baina lasai, ikus dezagun alde ona: ebazpena askatasunaren aldeko aldarria da (esan nahi baita: merkatu-askatasunaren aldekoa). Hurrengoan, itzultzailea lanen bat negoziatzera joaten denean eta baldintza inposibleak eskaintzen bazaizkio, beti izango du aldarrikatzea ebazpen honetan esaten direnak: «Lehia askearen sistema batean egon behar duen eragileen beregaintasuna», esate baterako, edo «prezioei buruzko erabakiak era aske eta indibidualean hartu behar ditu profesional bakoitzak», eta abar.

EIZIErekin elkartasunez

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendariak zehapen-espedientea ireki zuen EIZIEren aurka 2012ko urtarrilean, lehiaren defentsari buruzko legearen arau-hauste bat izan zela-eta, elkarteak itzulpen-tarifen taula bat argitaratzeagatik. 2014ko apirilaren 7an jakinarazi du Lehiaren Euskal Agintaritzak 01/2012 (EIZIE-Itzulpen tarifak) espedientearen Ebazpena, zeinaren bidez 8.000 euroko isuna ezarri dion EIZIEri.

Horren haritik, adierazi nahi diet zuzentzaile eta interpreteei ezen Eusko Jaurlaritzaren beste atal batek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen barruko Itzulpen Zerbitzu Ofizialak, jendaurrean jarriak dituela bere tarifak. Zerbitzu horren tarifak guztiz legezkoak dira, prezio publikoak izanik, eta delako Lehiaren Euskal Agintaritzak sekulan ez du ebatziko Eusko Jaurlaritzaren barruko zerbitzu batek lehia desleiala egiten dienik lan honetan diharduten profesional, enpresa edo agentziei, Administraziotik kanpoko bezeroei itzulpen, zuzenketa eta interpretazio lanak eskainiz (bakoitzak har dezala bere nekea erabiltzen dituen tarifekin konparatzeko).

Tarifak hemen topa daitezke:

http://www.ivap.euskadi.net/r61-3039/eu/contenidos/informacion/izo/eu_3814/zerizo_e.html#4

3.- Itzulpen-motak

 IZOkitzultzendituenakhonako hauek dira:

 a)Aginduzko itzulpenak: bere arauetan ezartzen zaizkionak, hau da, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko lege-egitasmoak.

b) Oinarrizko itzulpenak, administrazio- eta lege-hizkera finkatzeko interesgarri direnak. Horrela sailkatuko dira:

• alorren bat arautzen duten arau-testu oinarrizko eta funtsezkoak.
• EAEko herritar guztiei zuzendutako zabalkunde orokorreko testu informatiboak.

c) Itzulpen arruntak, hau da edozein herri-administraziotako ohiko testuak.

d) Ohituzko itzulpenak, hau da edozein herri-administraziotako testu erraz, errepikakor edota estandarrak.

e) Herritarrentzako itzulpenak

f) Esloganakedota publizitate-mezuak.

4.- Prezioak

Indarrean dauden prezioak aplikatuko ditu IZOk (Ogasun eta Herri-Administrazioko sailburuaren 2007ko irailaren 5eko Agindua) Honako prezio hauek finkatzen dira (beti BEZ barne):

a) Itzultzea:

  • 3 d) eta e) ataletakoak euskaratzea:      0,0742 euro/hitzeko
  • 3 d) eta e) atalekoak gaztelaratzea:       0,0854 euro/hitzeko
  • 3 c) atalekoak euskaratzea:                  0,0475 euro/hitzeko
  • 3 c) atalekoak gazteleratzea:                0,0538 euro/hitzeko
  • 3 b) atalekoak euskaratzea:                 0,0327 euro/hitzeko
  • 3 b) atalekoak gaztelaratea:                 0,0458 euro/hitzeko
  • 3 f) atalekoek, 363 eurotako gehigarria izango dute.
  • 3 a) atalekoak dohainik izango dira.

b) Zuzentzea eta egiaztatzea:

  • 3 d) eta e) ataletakoak euskaratzea:       0,0493 euro/hitzeko
  • 3 d) eta e) atalekoak gaztelaratzea:        0,0564 euro/hitzeko
  • 3 c) atalekoak euskaratzea:                   0,0338 euro/hitzeko
  • 3 c) atalekoak gazteleratzea:                 0,0475 euro/hitzeko
  • 3 b) atalekoak euskaratzea:                  0,0196 euro/hitzeko
  • 3 b) atalekoak gaztelaratea:                  0,0327 euro/hitzeko

c) Ziurtatzea:

Itzulpenarenbaliokidetasunaziurtatzea: 0,0207 euro/hitzeko.Zuzendu behar izanez gero, zuzenketa-prezioa gehituko zaio.

d) Zailtasun berezia eta presa:

  • Zailtasunbereziagatik, prezioak %25 gehituko dira, sorkuntzazko testuak, ikerketazkoak ala zientzia edo teknika-alorreko testuak direnean, herri-administrazioaren zientziari ez badagozkio.
  • Presagatikprezioak%40 gehituko dira. Presazkotzat joko dira 24 orduan eginbeharrekoitzulpenguztiak eta eguneko 2.500 hitz baino gehiagokoak.

e) Itzulpenen gutxienezko prezioa 23 eurokoa izango da, BEZ barne.

f) Bezeroak eskatuta, IZOk, itzulpenaz gain, terminozerrendak (lexikoak eta tesauroak) edo glosarioak ere egin ahal izango ditu, definizioak, testuinguruak edo erreferentziak dituztela. Zerrendotako termino bakoitzaren prezioa 3,3572 eurokoa da hizkuntza bakoitzean; eta glosarioena 7,8375 eurokoa, terminoko eta hizkuntzako.

g) Euskara/gaztelaniazko interpretaziolanak:

Biltzar, jardunaldi, topaketa eta abar eleaniztunetan, programa barruan euskarazko parte-hartzeak dituztenetan:

  • egun osoa (7 ordu): 247 euro ,BEZ barne.
  • egun erdia (4 ordu): 140 euro, BEZ barne.
  • beste ordu bakoitzeko (edo zatiko): 57 euro, BEZ barne.

 Programa barruan euskarazko parte-hartzerik ez duten biltzarretan (hauek dira partikularrei emandako interpretazio-zerbitzuen prezioak):

  • egun osoa (7 ordu): 492 euro, BEZ barne.
  • egun erdia (4 ordu): 282 euro, BEZ barne.
  • besteordu bakoitzeko (edo zatiko): 112 euro, BEZ barne.

 Bilera, negoziazio-mahai eta abarretan:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan: 57 euro orduko, BEZ barne.
  • Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo: 112 euro orduko, BEZ barne.

h) Interpretazio-lanen gutxieneko prezioa:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan: 112 euro orduko, BEZ barne.
  • Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo: 224 euro orduko, BEZ barne.

Aplikatu beharreko tarifa, bai eta errekarguak ere, bezeroarekin hitzartuko dira eskari-orrian. Ondorengo edozein aldaketa idatziz jakinaraziko zaio bezeroari, eta horrekiko adostasuna eskatuko zaio.

Aditz-joko inpertsonalak ala pertsonalak? Iraganaldia ala orainaldia?

Igone Zabala Unzalu

Mundu akademikoan erabiltzen diren zenbait testu-generotan berebiziko garrantzia dute aditzekin lotutako hautuek. Adibidez, ikerketa-generoak (ikerketa-artikuluak, kongresuetako komunikazioak, doktoretza-tesiak, master-tesiak, gradu-bukaerako lanak…) sortu behar ditugunean, edota sortzen lagundu edo zuzendu behar ditugunean, berehala agertuko zaizkigu zalantzak aditz-jokoak erabakitzeko orduan. Espezialitate-alor gehienetan ez da ikerketa-artikulurik idazten euskaraz, baina tesiak eta gradu-bukerako lanak idaztea bai, gero eta ohikoagoa gertatzen ari da gure unibertsitateetan. Gure ikasleei edo guregana laguntza eske datozenei aholkuak eman nahi dizkiegunean, ordea, ez dira gutxi sortzen zaizkigun zalantzak. Zer aholkatu? Egitura pertsonalak ala inpertsonalak? Orainaldia ala iraganaldia? Aspektu burutua ala progresiboa? Nola ehuntzen da aditz-kohesioa honelako testuetan ikerkuntzaren munduan erreferentzia eta aitzindari izan ohi den ingeles hizkuntzan? Eta gaztelaniaz edo frantsesez? Zein dira beste hizkuntzetan erabiltzen diren patroi linguistikoen baliokide egokiak euskaraz?

Zalantzak argitzeko lehen urratsa izan ohi da estilo-liburuetara jotzea, eta ezaguna da estilo-liburu tradizionaletan, adizki inpertsonalen erabilera prosa akademiko onaren ezaugarritzat hartu izan dela. Izan ere, (etorkizuneko) zientzialariei zuzendutako ingeles akademikoari buruzko estilo-liburuek edo prestakuntza-programek egitura pasiboak, hirugarren pertsona eta bestelako pertsonagabetze-estrategiak erabiltzea gomendatu izan dute, oro har, komunikazio akademikoaren tonu objektiboa lortzeko egokienak direlakoan. Nolanahi ere, halako gomendioak eztabaida-iturri izan dira azken aldian hizkuntza-irakasleen eta hizkuntzalari aplikatuen artean, Karen Bennett-ek egindako estilo-liburuen berrikustapenak[1] agerian uzten duen bezala: autore batzuek funtsezkotzat jotzen dute egitura inpertsonalen erabilera ikerketa zientifikoen objektibotasuna eta inpartzialitatea islatzeko eta, beste autore batzuek aldiz, tinko egiten dute egitura pertsonalen erabileraren alde eta, bereziki, egitura aktiboen alde. Azken autoreok pasiboaren aurka mintzatzen dira, egitura hori zurrunegia, luzeegia eta anbiguoegia dela argudiatuta.

Erabilera erreala jomugan izan duten ikerlanetara jotzen badugu, hizpide ditugun auzien konplexutasunaz ohartuko gara berehala. Izan ere, corpusetan oinarritutako zenbait ikerketak[2] balio izan dute egiaztatzeko pasiboaren erabilera nabariki ugaria dela azalpenezko testu akademikoetan eta, bereziki, aldizkari akademikoetako artikuluetan. Egindako azterketen arabera, pasiboan jokatutako aditzak erabiltzen dira, besteak beste, erabilitako metodologia zientifikoa azaltzeko, aurkikuntzen berri emateko eta harreman logikoak adierazteko. Hala ere, corpusetan oinarritutako beste ikerketa batzuek agerian utzi dute jakintza-alor guztietako testu akademikoak ez direla berdinak. Adibide bat ematearren, hamar diziplina kontuan hartu dituen azterketa batek[3] erakutsi du giza eta gizarte-zientzietan pertsona-izenordain ugari erabiltzen direla, eta erabilera hori idazleek konfiantza, autoritatea eta sinesgarritasuna komunikatzeko erabiltzen duten funtsezko estrategia dela. Alor bereko testuetan egitura aktiboek eta pasiboek betetzen dituzten funtzio erretorikoak ere aztertu dira ikerlanen batean. Adibidez, astrofisikako aldizkarietako zenbait artikulu aztertu dituen ikerketa batek[4] egitura aktiboen eta pasiboen funtzio erretorikoak identifikatu ditu: forma aktiboak erabili dituzte testu horien egileek beren prozedura-hautuak eta beraiek egindako aurreko lanei erreferentzia egiteko eta, egitura pasiboak erabili dituzte, aldiz, prozedura estandarrei erreferentzia egiteko eta beste ikertzaile batzuen lanei erreferentzia egiteko. Azken batean, corpusetan oinarritutako azterketa diskurtsiboek agerian utzi dutena da ikerketa-testu eraginkor bat idazteko ez dela nahikoa egitura aktiboen eta pasiboen artean hautatzea, diskurtso-hautuen segida bat ebatzi behar dela horrelakoetan. Honela laburbiltzen du auzia Martín-ek (2003)[5]:

«In order to establish themselves as component and credible members of the discourse community, writers may choose to strongly make explicit their authorial presence in the text by taking full responsibility for their claims (mainly with the use of first person pronouns) or to use an impersonal style, which shows that they are, in Myer’s (1989:4) terms, ‘humble servants of the discipline’. These two opposing views often cause confusion both to novice English-speaking academics and learners of English as a second language, regarding which decision to adopt. What seems to be clear is that writers’s decisions are related to social practices of specific disciplinary community, and these rhetorical conventions may vary cross-culturally.»

Bibliografiatik egindako ibilbide azkar eta azaleko honetatik eraman zaituztet, irakurle prestuok, agerian uzten saiatzeko, guregana laguntza eske datozenei aholku eraginkorren bat emango badiegu, nahitaezkoa izango dugula ondo ezagutzea jomugan ditugun testu-generoetako diskurtsoen garapenaren zirrikituak, bai eta diziplina bakoitzeko diskurtso-komunitateen berariazko praktikak ere. Gainera, orain arte ingelesaren esparruan murgildurik ibili bagara ere, begi-bistakoa da hizkuntza desberdinen gramatika-sistemek ere eragina izango dutela praktika diskurtsibo horiek patroi linguistiko batzuetan edo beste batzuetan kristaltzeko orduan. Aditz-jokoen hautapenaren konplexutasun hori aintzat hartuta diseinatu dute, hain zuen ere, bukatzeko, eta ondorio xume batzuk atera aurretik, xeheki laburbilduko dudan ikerlana[6]. Hasteko, hizkuntza arteko eta diziplina arteko corpusa diseinatu eta osatu dute: medikuntzako eta matematikako aldizkari zientifikoetatik hartutako ingelesezko eta gaztelaniazko artikuluak bildu dituzte. Ondoren, kuantitatiboki eta kualitatiboki aztertu dituzte argigarriak izan zitezkeen zenbait patroi linguistiko: aditz-joko pasiboak (to be + partizipio burutua; se + aditza; ser + partizipio burutua) eta aditz-joko pertsonalak (lehen pertsonako izenordainak, –mos bukaeradun aditzak). Hauexek dira lau azpicorpusetan (E-Med, E-Math, S-Med, S-Math) oinarritutako ikerketa kontrastiboaren zenbait ondorio:

  • Aditz-joko pertsonalen eta inpertsonalen arteko hautua estuki lotuta dago diziplina motarekin eta egilearen helburu erretorikoekin.
  • Aditz-joko pertsonaletan pluraleko lehen pertsona gailentzen da (we, us, our, –mos bukaeradun aditzak, nuestro(s), nuestra(s)), artikuluen egile-kopurua edozein delarik ere: medikuntzako artikuluen egile kopuruaren batez bestekoa bostekoa da eta, matematikako artikuluen joera nagusia, aldiz, egile bakarrekoa da.
  • Medikuntzazko artikuluek gehienetan lan esperimentalak deskribatzen dituztelarik, egitura pasiboak gailentzen dira horrelakoetan, baliagarriak baitira prozedura zientifikoen deskripzioetan autorearen presentzia arintzeko.
  • Matematikazko testuen kasuan, aldiz, egitura pertsonalak gailentzen dira nabariki, diziplina hori abstraktuagoa eta logikan oinarrituagoa baita: egileek arrazonamendu-kate bihurrietan zehar gidatu behar dituzte irakurleak matematikako testuetan.
  • Joera horiek aztertutako hizkuntza bietan egiaztatu dituzte, baina ikuspuntu kuantitatibotik askoz ere nabarmenagoak dira ingelesez gaztelaniaz baino. Ikerlanaren egileek argudiatzen dute ‘se + aditza’ gaztelaniazko egitura, aditz aktiboa daramanez, malguagoa dela ingelesezko egitura pasiboa baino: gaztelaniazko matematika-testuetan ingelesezko aditz-joko pertsonalen (we have, we can) gaztelaniazko baliokideak zenbaitetan tenemos eta podemos dira baina, beste batzuetan, se tiene eta se puede erakoak.
  • E-Med azpicorpuseko aditz-joko pertsonalak iraganaldi bakunean ageri dira nagusiki (we calculated, we used, we included, we found), erabilitako prozedura zientifikoak, egindako hautu metodologikoak eta emaitzak deskribatzeko. Hala ere, orainaldi bakuna ere ageri da, bereziki, ondorioetan (we conclude that…). S-Med azpicorpusean, aldiz, orainaldi bakunean edo orainaldi burutuan ageri dira nagusiki aditz-joko pertsonalak (hallamos, hemos comprobado, consideramos, encontramos, creemos).
  • E-Med eta S-Med azpicorpusetan erabilitako aditz-joko inpertsonalak batez ere metodologia eta arrazonamendu zientifikoarekin zerikusia duten jarduera fisiko eta adimenezkoekin lotutako aditzak dira (associate, use, find, report, examine, diagnose, exlude, see, obtain, include, eta realizar, observar, encontrar, considerar, utilizar, asociar, incluir, poder, mostrar, recoger). Gehienetan iraganaldian erabiltzen dira, ikerketen prozedurak eta aurkikuntzak deskribatzeko: were diagnosed, were found, se realizó, se encontraron
  • E-Math azpicorpusean aditz-joko pertsonalak dira nagusi. Maiztasun handieneko aditzak dira harreman logikoak adierazten dituztenak eta komunikazioko eta pertzepzioko aditzak; bestalde, orainaldi bakunean erabiltzeko joera gailentzen da (we have, we obtain, we define…), irakurleari egilea garatzen doan prozesu abstraktua ulertzen laguntzea helburu duten esaldietan. Batzuetan orainaldi perfektua eta etorkizun bakuna ere erabiltzen dira (we have now established that, we shall prove…), bai eta aditz modalak ere, posibilitatea eta behar logikoa adierazteko (we can apply, we may assume…). S-Math azpicorpusean, aldiz, aditz-joko pertsonalek alde txikia dute inpertsonalekiko, eta orainaldi bakunean erabili ohi dira emaitzak eta inferentziak txertatzeko, orainaldi burutuan, adierazpenei hurbiltasuna emateko, eta etorkizunean, analisiaren hurrengo urratsak markatzeko (podemos obtener, hemos denotado, utilizaremos…). Baldintzazko adizkiak ere erabiltzen dira maiz posibilitate logikoa adierazteko (hallaríamos después a, b, c, d sustituyendo…, llegaríamos a un sencillo sistema lineal).
  • E-Math azpicorpusean askoz ere maiztasun txikiagoa dute egitura pasiboek. Matematika alorreko arrazonamenduarekin lotutako adimen-, existentzia- eta komunikazio-aditzak dira pasiboan ageri direnak, eta ohikoena da orainaldi bakunean jokatuta egotea (If G is given as…, The product sublaminations are abtained by…). S-Math azpicorpusean, aldiz, oso alde txikia dago ‘se + aditza’ aditz-joko inpertsonalen eta –mos bukaeradun aditz pertsonalen artean. Adimen- eta komunikazio-aditzak, eta orainaldia gailentzen dira: En este artículo se estudia un procesoSe dice que f es un automorfo libre si…).

Bereziki interesgarria deritzot artikuluaren bukaeran egiten duten gogoetari:

«We noticed a range of patterns that constitute a continuum from personal to impersonal. On the personal end of this cline are active forms with human subjects (we found no significant association; the researchers contacted 10 of these women), and on the impersonal end are passive forms with no determined agent (a fall in temperature is associates with a large increase in mortality; cramps were significantly associated with increasing age). In between lie a variety of structures that range from active sentences with metaphorical personification of the subject (these results show that), to passive structures with a non-human agent (surveillance is provided by community screening) or with the agent omitted because it can be easily deduced from the context (data were collected on a questionnaire).»

Eta euskarari begira zer? Euskararako ondorio zehatzak edota argibideak beste baterako utzi beharko ditugu, baina argibide horien bila lagundu gaitzaketen zenbait ondorio garrantzitsu atera daitezke egindako ibilbide (agian luzeegi) honetatik. Auziaren konplexutasuna ikusita, ihes egin dezagun aholku sinplista eta manikeoetatik. Guregana datozenei aholku eraginkorrak emango badizkiegu, lehen urratsa izan beharko da esku artean ditugun testu-generoetan dautzan diskurtsoen garapenaren zirrikituak ondo ezagutzea eta, bigarren urratsa, helburu erretoriko bakoitzari hobekien egokitzen zaizkion euskarazko patroi linguistikoak identifikatzea.

[1] BENNETT, K. (2009) “English academic style manuals: A Survey” Journal of English for Academic Purposes 8: 43-54

[2] BIBER, D; JOHANSSON, S.; LEECH, G.; CONRAD, S. eta FINEGAN, E. (1999) Longman Grammar of Spoken and Written English. Harllow: Pearson

[3] HYLAND, K. (2001) “Humble servants of the discipline? Self-mention in research articles” English for Specific Purposes 20 83): 207-226

[4] TARONE, E; DWYER, S.; GILLETTE, S eta ICKE, V (1998) “On the use of the passive and active voice in astrophysics journal papers: With extensions to other languages and other fields” English for Specific Purposes 17(1): 113-132

[5] MARTÍN, P. (2003) “Personal attribution in English and Spanish scientific texts” BELLS: Barcelona English Language and Literature Studies 12

[6] SALAZAR, D.; VENTURA, A. eta VERDAGUER, I. (2013) “A cross-disciplinary analysis of personal and impersonal features in English and Spanish scientific writing” In I. Verdaguer, N.J. Laso eta D. Salazar (ed.) Biomedical English: A corpus-based approach. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins Publishing Company.

Euskararen lurrina

Estitxu Garai Artetxe

Aurreko postean, besteak beste, hizkuntzak publizitatean sinbolikoki nola erabiltzen diren aztertu genuen. Galdera batekin eman nion bukaera post horri: zein da euskararen balio sinbolikoa? Zein da euskarak mezuari txertatzen dion lurrina? Gaurko agindu nizuen erantzuna, edo, bederen, horri buruzko gogoeta. Bada, has gaitezen.

Bi kasu bereizi behar ditugu, ez baita gauza bera Euskal Herriko marka batek euskara erabiltzea, edo, aitzitik, atzerriko enpresa izatea iragarkiaren sinatzailea. Ez da gauza bera ematen diogun balioa oso bestelakoa delako. Kanpotik datorren enpresak euskara erabiltzen duenean asoziazio sinboliko behinena agerikoa da: BEGIRUNEA. Begirunea tokian tokiko kulturenganako, begirunea aniztasun linguistikoari, begirunea kontsumitzaileen hizkuntza eskubideei. Finean, begirunea kontsumitzaileei. Asoziazio horrek eskutik lotuta dakar marka horri egingo diogun abegia, guztiz arrotza izatetik aldarte onez jasotzera igaroko baikara, eta ez soilik euskal hiztunak.

Hori irakurrita ondorengo galdera etorriko zaizue burura: horrela bada, zergatik ez du atzerriko marka gehiagok euskara erabiltzen? Arazoa ez da berria. Euskaldun guztiok gara elebidun, eta inpaktu kuantitatiboen ikuspuntu huts eta hitsa dela medio, inguruko bi erdarak nagusitzen dira. Nire uste apalean, akats nabarmena. Kontua ez dago gutxi-askoan, baizik eta euskara baliatzeak kualitatiboki sortzen duen harrera eta loturan. Aztertu beharreko kontua dela deritzot. Gurea bezalako hizkuntza gutxitua duten komunitateek atxikimendu handia garatzen dute hizkuntzarekiko, eta markaren balioak atxikimendu horretaz blaitzea paregabea izan daiteke bezero berriak sortu eta fidelizatzeko. Gero, noski, eskainitako zerbitzua eta produktuaren kalitatea frogatzeko unea iritsiko da, nahiz eta gaur egungo merkatu lehiakorretan oso baldintza antzekoak eskaintzen diren gehienetan. Gakoa, bereiztea; euskara, tresna.

 ikeaIKEA enpresak euskaraz (ere) ditu kanpo-komunikazioko osagai guztiak, webgunea eta katalogoa barne.

Edonola ere, euskararen indar sinbolikoa euskal marka batek erabiltzen duenean jartzen da gori-gori. Publizitate-ikerlariek “jatorrizko lurraldearen efektu” izendatutako mekanismoa jartzen da martxan. Zerrenda gisan aurkeztuko ditut nire ustez euskarak isuri ditzakeen esangura nabarmenenak:

BERTAKOTASUNA. Euskara erabiltzea baino modu hoberik ez dago produktuaren jatorria lau haizetara zabaltzeko. Euskarak berez dakarkio markari kokapen geografikoa, ez baitu Euskal Herria ez den beste habiarik. Halaber, trazabilitateari keinu egiten zaio, produktua hemen sortua eta hemen saldua dela ematen da aditzera.

KALITATEA. Hedatuta dagoen ustea da bertako produktuak kalitatekoak direla, gehiengoa bat dator defendatzean onak direla bertako elikagaiak, bertako industria, bertako zerbitzuak, eta abar. Beraz, bertakotasunari lotuta, kalitatearen soinekoa ere jantziko dio euskarak gure markari.

GERTUKOTASUNA. Bertakoa izatearen beste hari-mutur bat da. Enpresa humanizatu egiten du hemengoa dela jakiteak, hurbilago ikusten dugu. Arazoren bat izanez gero, bestelako bermea eskaintzen digu, gertuko bezeroaren arreta da espero duguna.

KONFIANTZA. Bezeroen arretarako berme horrek aparteko konfiantza ere badakar. Era berean, segurtasuna areagotzen du aipatu trazabilitate ospetsuak, hau da, produktuaren jatorria zein den eta gure eskuetara iritsi bitarte zein ibilbide egiten duen ezagutzeak. Bestalde, estereotipoa izan ala ez, “euskalduna = zintzoa” ekuazioa existitu existitzen da, eta presente dago gure iruditegi kolektiboan.

GUTARTASUNA. Taldearen partaide izatearen sentimendua pizten du. Sentimendu hori askotarikoa izan daiteke, abertzaletasunaren eta herritartasunaren arteko tarte zabal horretan. Eta, berriro diot, indar konnotatibo horrek euskal hiztunak ez direnak berdin-berdin kolpa ditzake.

TRADIZIOA. Hau da euskarari eskuarki egotzi zaion balio sinbolikoa. Gure arbasoen hizkuntza den heinean, egokia da ohitura eta usadioei lotutako elementuak gogora ekartzeko: baserria, folklorea, euskaldunon bizimodu zaharra, historia partekatua, eta abar. Lurrari hertsiki lotutako produktuekin oso ondo funtziona dezake, hortaz.

MODERNOTASUNA. Tradizioa irudikatzeko balio dezakeen arren, uste dut testuinguru askotan jite hori erabat irauli dela. Euskara belaunaldi berriek ezagutzen dute, gazteak dira eskolan euskara ikasi dutenak. Gazteen hizkuntza da, zenbait herritan erabat galduta zegoelako, eta beste hainbatetan gure gurasoen belaunaldiak gaztelania erabiltzen zuelako. Horretan ere mintzagai dugun balio sinbolikoa ez zebilen aparte. Gaztea da, eta gaztetasuna modernotasuna da, etorkizuna. Lokal komertzial berri eta modernoenak dira euskarazko errotuluak dituztenak. Eleaniztasuna ere modernotasunarekin lotzen dugu gero eta gehiago. Norabide horretan goazela uste dut, eta diskurtsiboki ere hori da hauspotu behar duguna.

Diodanari oinarri enpirikoa ematen dio Bilbon Siadeco-k 2008 urtean egin zuen ikerketa batek. Euskarak zenbait alorretan duen eraginari buruz galdetu zieten merkatariei eta kontsumitzaileei. Hona emaitzak:

 bilbo-grafikoa

Deigarria da oso eskaintza eta eskariaren artean alor guztietan dagoen koska. Kontsumitzaileek merkatariek baino askoz gehiago baloratzen dute euskarak saltokiei gehitzen dien balioa. Ondorioa: merkatariak ez dira jabetzen esku-eskura duten tresnaren indarraz. Alorrez alorreko analisia eginez gero, kontsumitzaile gehienek, ia hirutik bik, uste du euskarak “berrikuntza eta modernizazioa”-n eragiten duela. Zirriborratu berri ditugun beste ezaugarri batzuk ere agertzen dira, esaterako “kalitatea”, eta kalitatearen pertzepzio horri lotuta dagoen “prestigioa”. Bestetik, euskarak “konfiantza”-ri eman diezaiokeen bultzada ere ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Eta, azkenik: zein saltzailek ez du eragin nahi “bezeroen asebetetzea”-n, “bezero berriak erakartzea”-n eta “erosteko motibazioa”-n? Ba badakizue zer egin.

Ikerketak bete-betean erakusten du euskararen indar konnotatiboa. Orain, hartu berezko lurrin hori, sartu poto batean, eta gehitu estrategikoki eta komunikatiboki eraginkorra den mezua. Zer iruditzen zaizue emaitza? Demasa!

Toki-izen batzuk: formak eta azentuak

Mikel Taberna Irazoki

Aste Santuan eginiko mendi ateraldi baten kronika laburrarekin heldu naiz gaur (kaier bateko oharrak). Kontua sinplea da: ortziralean mendian barna bueltaxka bat ematera joan ginen eta, guretzat ikasketa bidaia izan zenez, txoko honetarako lerro hauek idaztea gogoratu zait zuetako batzuentzat ere zerbait jakingarria izan daitekeelakoan.

Zenbait tokiren izenak aipatuko ditut, eta haietako batzuen kasuan argituko dut bertako jende euskaldunak nola ahoskatzen dituen, iruditzen baitzait «kanpokoak» zaretenetatik aunitzek eta irrati-telebistetan aditzen diren ahotsek izen horiek erdaraz ematen diren azentuarekin pronuntziatzen dituzuela, erdal azantz, asots eta zaratak gorturik gaudelako gehienok. Badakit zaila dela xehetasun hauen guzien berri izatea eta denok ahal duguna egiten dugula, baina inork kontuan hartu nahi baldin baditu hementxe zehaztuko ditut Bidasoaldeko izen batzuen (maiz «oker» erranak aditzen ditugunak) gaineko ñabardura batzuk.

Ahoskatzeko afera hau dela eta, txalogarria iruditzen zait Elhuyar eta Zehazki hiztegien ekimena, hitzen formak ikusi ez ezik haiek aditzeko aukera ere eskaintzen baitigute (bakarrak direla uste dut). Elhuyarrek bi proposamen ematen ditu, ongi ulertu badut, beraiena eta Forvo izeneko sistemarena, eta toki-izen batzuk ere sartuak dituzte (haien azentuazioa, ordea, ez da bat heldu hemen nik adierazten dudanarekin!). Dena dela, ongi legoke jakitea zer irizpide erabili dituzten ahoskatze proposamen horiek emateko (eta Forvorenak?), betiere jakinik azentu bat baino gehiago dugula, hitz berbera diferente erraten dugula euskalki batean edo bertzean eta, beraz, ez dugula horretarako batasunik; ez dakit inoiz izanen ote dugun, ezta izatea komeni den ere (dena da eztabaidagarri). Nolanahi ere, nire gaurko honetan toki-izenei buruz ari naiz, eta uste dut horietan erran daitekeela azentua zein den, azentu «bakarra» (tokian tokikoena). Nire idurikoz, Euskaltzaindiak, toki-izenen formei buruz erabakiak hartzen dituenean, haietako bakoitza nola ahoskatzen den (nola ahoskatu behar den) ere zehaztu beharko luke. Bertzela, nor animatzen da euskarazko toki-izenak nola ahoskatzen diren (tokian tokikoek nola) ezagutaraziko lukeen webgune koxkor bat sortzera?

Sarrerako azken oharra: fonetikan analfabetoa naizenez, azentu marka arruntak erabiliko ditut.

*Gure mendi ateraldien kaiereko oharrak:

Eguna: apirilak 18

Nora; helmuga: Larhun. Badirudi gure mendiaren izena horrela arautu dutela; ikus Euskal Mendizale Federazioak eta Pyrenaica aldizkariak Euskal Herriko Mendien Katalogoan berriki egin dituzten aldaketak, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen onespena omen dutenak. Hala ere, Euskaltzaindiaren web orrian ez da oraindik ageri; nonbait, ez dute eguneratu. Zer erran onartu den formari buruz? Guretzat ez da arrotza, horrela idatzirik ere frankotan ikusi dugu; konparazio batera, Berako (Beráko) «Discoteca Larhun» dantzatokira joaten ginen hamabortz-hamasei urterekin… Nolanahi ere, bertzelako lekukotasunak eta argudioak bildu izanen dituzte euskaltzainek, sendoagoak. Bertzalde, erranen nuke forma honek babesten dituela mendiaren izena ahoskatzeko aukera desberdinak, ez duela behartzen bietako bat hautatu eta bertzea baztertzera: Larun, Larrun.

Kanpamentu nagusia: Bera (Berá; Berátik, Berára, Beráko…)

1. oharra: abiatu aitzinetik, Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa «Morau» kantari-musikariak salutatu genituen. Sara aldera joan gogo zuten Lizuniagan barna (Lizúniaga), arrantza klaseren batean aritzera; arrain konturen bat aipatu zuten behinik behin.

Nondik: Oletatik, Beratik Ibardinen barna joanda. Oleta: Urruñako auzoa, Sarako bidean (ezagutzen kanta?: Ziburutik Sarara bi neska faltatu, arraiaz kargaturik Oleta pasatu…). Mantto-baita baserriaren inguruan aparkatu, hantxe hasten da bidaxka.

2. oharra: Urruña eta Azkaineko mugapeetan, parajea ikusgarria da, itsasoa eta kostaldea ageri. Landare-animaliak: haltzak erreka bazterrean, elorri xuria loretan, pagoak (bago gurean), kaxkabeltxaren familiakoa iruditu zitzaigun txori lotsagabe bat, putreak (futre gurean), ote dezente bere kolonizazio lan sanoa egiten…

3. oharra: mendi kaskoaren azpiko lepoan, puska (sualo erranen luke bertakoak) handi samar batean ihia nagusi, goialde hartako hezetasuna salatzen. Taldeko erneenak ohartarazi zigun Berako toponimo ezaguna (etxe eta auzo izena) hortik heldu izanen dela segur aski: «Itzea<> ihitzea». Gainera, «Itzea (-a)» izan behar duela, Itzeko-borda baserriaren izenak ere iradokitzen duen bezala (kargu hartu dit neronek barojatarrez ari nintzela «Itzeako familia hura» izenburua eman niolako ez aspaldi argitalpen baterako artikuluari; gaur egun «Itzeko familia hura» idatziko nuke; mea culpa). Berako «Illekueta» auzoa ere ez ote den «ihi+leku+eta» (ez dut erraten toki-izena aldatu behar denik, baina esplikazio hobea iruditzen zait hori bertze edozeinek ulertuko lukeen «hil+leku+eta» baino)…

Tontorra: hiru benta daude. Bitara sartu, bi laguni bisita egitera. Haietako bat etxalartarra (etxálartarra; Etxálar, Etxálartik, Etxálarrera) eta bertzea Endarlatsa ondoko baserri batean jaioa (Endárlatsa; beratarrek –berátarrekEndáltsa edo Endálatsa erraten dute). Oporto xurrupa haien kontura. Bista izugarria: begiak paseoan itsaso zabaletik Pirinioetako gailur zurituetaraino; Aiako Harriari diosala.

Jautsiera: bertze bide batetik, muga lerroaren arrimuan ezker-eskuin. Larhunttikiren azpitik Iasolaraino.

Bazkaria: Iasolako bentan. Zoragarri. Zerbitzari bat euskalduna, Berako Lekueder baserriko alaba, bertze bat txekiarra, harekin gaztelaniaz. Etxolaren paretako arbelean, janari-edariak eta prezioak, frantsesez. Ikasi dugu zer den «caillé de brebis»; Beran gaztanbra, Lesakan kaillatua (!), bertze hainbertze tokitan gatzatua edo mamia (eta abar). Arrunt ona (arrunta+ona?).

Jautsiera (hondarreko puska): Mantto-baitaraino berriz, Oletaraino. Bidean, trikuharri hondatu bat zabortegi bihurtua.

Amaiera: Beran atseden (oroit: Berán); nekaturik, baina satisfos.

Zeinu diakritikoak, hizkuntza eslaviarrak eta euskara

Karlos Cid Abasolo

Duela bi hilabete Santi Leonék kanpoko izenen zeinu diakritikoak euskaraz errespetatu behar ote ziren gaiari buruz duen iritzia eman zigun foro honetan. Ni, bera bezalaxe, ez nago ados Berria-k estilo liburuan ebatzitakoarekin (zeinu horiek kentzearekin, alegia). Leoné beren horretan uztearen aldekoa da. Ni ere iritzi horretakoa naiz, baina ez kasu guztietan. Behin, oso aspaldi, neure itzulpen batean, hirugarren bide bat urratu nuen, ondoko lerroetan azalduko dudana.

Euskal tx digramari dagokion hotsa, jakina denez, hainbat hizkuntzatan dago, hala nola hizkuntza eslaviarretan. Baina kontuan hartu behar dugu hizkuntza eslaviar batzuek alfabeto zirilikoa dutela eta beste batzuek latinezkoa. Alfabeto zirilikoa duten hizkuntza eslaviarretan euskal tx digramaren baliokidea ч grafema da. Eta serbieratik, errusieratik eta abarretik halako grafema duen izen bat euskaratzerakoan, itzultzaileak ez du batere zalantzarik izaten: tx. Honatx adibide bat: Leon Tolstoiren Смерть Ивана Ильича, euskaraz, Ivan Ilitxen heriotza da, Xabier Mendiguren Bereziartuk 1991n argitaratutako itzulpenean.

Latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarrek, hots horretarako, č grafema dute. Baina, gainera, kroazierak badu oso antzekoa den fonema bat ć grafemaz adierazten dena. Esaterako, kroazieraz, Petrović deitura dago, zeina eslovenieraz Petrovič den. Eta hor, euskal itzultzaileak zalantza handia izan lezake: zeinu diakritiko eslaviarrok errespetatu? Berriaren estilo liburuari men egin eta, besterik gabe, zeinu diakritikoa kendu? Tx-ez ordezkatu? Arazoa da ć eta č horiek, euskal irakurlearentzat, ez direla ezer. Eta Berria-bideari jarraikiz gero, espainiera, frantses eta abarren ortografiaren eraginez, “Petrovik” irakurtzeko arriskua egon litekeela. Kontua da jende gehienari ez diola axola atzerriko izen bat ondo ahoskatzeak. Niri, ordea, arraro samarra naizenez, bai.

Euskal x grafemarekin beste horrenbeste gertatzen da: bai ш grafema zirilikoak, bai latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarren š grafemak ere, euskal x grafemari dagokion hotsa dute. Ш grafema zirilikoa, euskaraz, x-rekin adieraziko luke edozein euskal itzultzailek. Latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarren hots bereko grafema, š alegia, ordea, nola adierazi euskaraz? S bidez (Berria-bidea), x bidez, ala š bidez, zeina ezein euskaldunek ez baitu jakingo nola ahoskatzen den? Zalantza hori agertu zitzaidan joan den mendean, Jaroslav Hašek-en Osudy dobrého vojáka Švejka euskaratu nuenean. Nola idatzi euskaraz eleberri zoragarri horretako protagonistari? Svejk, Xveik ala Švejk?

Lehenengo aukera (Berria-bidea) birritan pentsatu gabe baztertu nuen, zeren euskarak ondo baino hobeto bereizten baititu s eta x grafemei dagokien bi hotsak.

Hirugarren aukera ere ez nuen gogoko, zeren euskal irakurleak despista baitzitezkeen š eta j grafemekin (har bedi kontuan txekierazko j horrek euskal i-ren ahoskera duela).

Hortaz, bigarren aukeraren aldeko hautua egin nuen, alegia, protagonistaren izena euskal alfabetora egokitzekoa, š x bihurtuz eta j grafema i bilakatuz. Hala (eta barka bekit publizitaterako tarte hau), Xveik soldadu onaren menturak liburua sortu zen, hurrengo urtean jarraipena izan zuena.

Ez naiz ni bakarra izen horren egokitzapenaren bidetik jo duena. Alemanezko itzulpenak Derbrave Soldat Schwejk du izena, hots, txekierazko š sch bihurtu zuen itzultzaileak, eta v w. Eta Alemanian inork ez omen zituen horregatik soinekoak urratu. Xveik eta Schwejk izenak asmatuz, itzultzaile alemaniarrak eta biok Xabier Mendigurenek ш grafemari emandako tratu bera eman genion š grafemari. Finean, alfabeto zirilikoa duten hizkuntza eslaviarrei eta latinezko alfabetoa dutenei tratu bertsua ematea da hori.

Nire itzulpenaren irakurle urriek, ziurrenik, ez zuten munduko itzulpenik onena irakurriko (txarrena ere ez, espero dut), baina primeran ahoskatuko zuten protagonistaren izena, eta hori pentsatze soilak gogobetetzen nau.

Baliabideak eta hierarkiak

Oskar Arana Ibabe

Luzaroan jardun gara, gaia jorratuago eta aztertuago dutenen eskutik, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen gainean hau eta beste eta haragokoak ikasten, eta lehengo lausoa garbiturik geratu zaigulakoan, baliabideok konfiantza handiagoz erabiltzen hasi gara, argitu eta araztu egin da gure idazkera zertxobait, eta halantxe zuzendu uste ditugu testuak ere, erlatibozko baliabide horiek zein bere tokian erabiltzen ikasi dugulakoan edo. Uste horretantxe ari nintzen ni ere aurreko batean testu batekin, eta, zehaztaile gisan emana zegoen erlatibozko esaldi bat, egiaz azalpenezkoa zela ondorioztatu, eta, deseginez, zuzendu egin nuen.

Hau zen esaldia:

«Salbuespen gisa, hiru jakintzagaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo ikasturtera igaro ahal izango da baldintza hauek guztiak betetzen direnean:
a)
b)
c) Eta ikasleari artikulu honen 7. paragrafoan aipatzen den orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretarako neurriak aplikatzen zaizkionean.»

Bi esaldi erlatibozko, bat -n erlatibozkoa eta bestea partizipioarekin eraturik, esaldiaren burura iritsi aurretik. Jakinekoa da zenbat kostatzen den horrelakoetan, irakurtzen ari garela, mezua ondo ulertzea, eta, ulerturik ere, bigarren irakurraldian edo are hirugarrenean ere, eta garrantzi gutxieneko informazioaren gainetik jauzi moduan eginez, edo are ezabaturik ere, iristen gara ulertzera. Bitxia da, baina, esaldi hori zuzendurik, irakurtzean buruan egin dugunaren moduko eragiketa bat egiten dugu idatziz, eta aurreratu egiten dugu esaldiaren burua. Esaldi horretan, hain zuzen, beltzez markatutako erlatiboak du garrantzi gutxien, eta, beraz, esalditik kendu edo atera ere egin genezake.

c) «Eta ikasleari orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean (aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholkua).»

Eta, esaldia testuinguruan aztertuta, badakigu, gainera, orientazio-aholkua bakarra dela, luze jardungo duela testuak horren gainean aurrerago, zer den azalduz, eta, beraz, itxuraz erlatibo zehaztailea dena, azalpenezkoa dela azkenean, ez baitu hainbat orientazio-aholkuren artean bat zehazten –zazpigarren paragrafokoa–, baizik eta orientazio-aholkua zazpigarren paragrafo horretan aipatzen edo azaltzen dela adierazten.

Ez zen nire asmoa, ordea, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen arteko bereizketa dagoeneko ezagunari buruz beste adibide bat ematea hemen. Azkenean, azalpenezkoa zelako ondoriora iritsi banintzen, informazioaren elementuen arteko hierarkia bat ezarri nahirik iritsi bainintzen, esaldiaren eta paragrafoaren beraren barruan, informazio-unitateak nolabaiteko lehentasun-erlazio batzuen arabera antolatu beharrez. Eta, lankide batek, elementuen arteko atzekoz aurreratze horretan, iragazki horrekin berorrekin, beste urrats bat egitea proposatu zidan:

c) «Eta ikasleari hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean, orientazio-aholkuan proposaturikoak [alegia] (Aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholku hori).»

Irizpide horren araberako zuzenketak edo moldaketak ditut gogokoenak, informazioa beste era batera antolatzera behartzen bainaute, jatorrizko hizkuntzaz oso bestelako molde batean, batzuetan, gauza bera esateko, edo itzultzeko, alegia. Esanahia argitzen zait, eta, zinez, euskaratzen ari naizela iruditzen zait, eta adiskidetu bezala egiten naiz geure hizkuntzarekin. Ez baitu guztia desabantaila izango gure mintzaira honek!

Nola itzultzen da hori?

Juan Luis Zabala

Egingo ditut neuk askoz ere oker handiagoak, noski, baina barrua hozkirri moduko batek zeharkatzen dit honelakoak entzutean:

  • «Izaskunekin egon nintzen atzo, eta esaten zidan ez dabilela gustura lanean».
  • «Horixe esatera nindoan».
  • «Kontuz ibili, mina hartuko duzula».

Barrua epeltasun goxo moduko batek hartzen dit aitzitik honako hau entzutean:

  • «Mina hartzeko ere!».

Bide batez esanda, nola itzultzen da azken hori?

Itsusi polita

Eneko Bidegain

Duela zenbait egun «deritzen zaio Trabuko» kantua aipatu zuen Borja Ariztimuño Lopezek, blog honetan. Eta aipu hark Goizuetara narama, herri politik baldin bada, hura hala baita, bere euskara ederrarekin. Eta han erabiltzen omen dute «itsusi polita», deskribapen modura. Bi hitz horiek kontraesankorrak diren arren, «polita» beste adiera batean ulertu behar da: «biziki itsusia», «arras itsusia» edo «ontsa itsusia».

Orotariko Euskal Hiztegiak ez dakar adiera hori, baina bai horretara anitz hurbiltzen den bat, ‘nahiko handia’ adierazteko:

Neskatxa pulita, une grande et forte fille. Haur pulita, un gros et bel enfant. Arrantza polit bat egin dugu, nous avons fait une bonne, une jolie pêche.

Hiztegi horretan ageri den ondoko adiera ezagunagoa egiten zait, «polita» ironiaz ere erabili ohi dugulako: «lan polita egin duzu». Hots, «zer desastrea egin duzun!».

Goizuetarrentzat «itsusi polita» kontraesankorra ez bada ere, inkoherentzia zaie «zelai malkarra», zenbait eskualdetan zehar entzuten duten gisan. Iparraldean ere inkoherentea zaigu. Hainbat lekutan, ordea, eta Orotariko Euskal Hiztegiak lehen adieran dioen moduan, zelaiak lur-saila erran nahi du. Hirugarren adieran baizik ez da ageri «leku laua» adierazteko moduan (Harluxet hiztegian, aldiz, alderantziz). Batzuen zelaia (laua edo malkarra), guretzat pentzea da: eta pentzea izan daiteke malkarra edo zelaia.

Euskal irakurleen memoria literarioa

Aiora Jaka Irizar

Aste honetan, Josu Zabaleta itzulpen literarioaren iraganaz, orainaz eta geroaz hizketan entzuteko ohorea izan dugu Gasteizko Letren Fakultatean. Eta opor egun hauetan nire inspirazioak ere oporrak hartu dituela dirudienez, itzultzaile legazpiarrari lapurtuko diot oraingoan hausnarketarako gaia.

Zabaletak itzultzaile moduan egin zituen lehenengo urratsez, 1970eko hamarkadan nabari zuen itzulpen-eredu baten premiaz, euskal klasikoen irakurketetatik ikasitakoez, Martuteneko Eskolaren eta Senez aldizkariaren sorreraz eta beste hainbat kontuz luze eta zabal hitz egin ondoren, aurkezle-lanak egin zituen Koldo Biguri irakasleak galdera hau egin zion:

«Esan duzunez, 1970eko hamarkadan helburu pragmatiko eta funtzionalengatik ekin zitzaion batez ere atzerriko literatura itzultzeari. Eta gaur egun? Esan al dezakegu orain helburu literarioengatik itzultzen dugula atzerriko literatura?»

Zabaletak erantzun zuen 40 urte hauetan gauzak asko aldatu direla, batez ere literaturaren hartzaileak aldatu direlako: gaur egun, garai hartan ez bezala, badago literatura unibertsala euskaraz irakur dezakeen eta irakurri nahi duen hartzailerik, baina euskal irakurle gehienen memoria literarioak gaztelaniazkoa izaten jarraitzen du, Zabaletaren arabera (eta frantsesezkoa, ziurrenik, Ipar Euskal Herriko euskaldunen kasuan). Oraindik ere oso ohikoak omen dira honelako iruzkinak euskaldun literaturzaleen artean: «Nik nahiago dut literatura unibertsala jatorrizkoan irakurri, eta ez euskal itzulpenean». Baina halako baieztapenak egiten dituztenek gaztelaniaz irakurtzen dituzte Dostoievski, Maupassant, Hemingway eta beste; horri deitzen diote «jatorrizkoan irakurtzea». Irakurle horien memoria literarioa gaztelaniazkoa da, euskaraz sortutako literatura ez beste guztia gaztelaniaz irakurri dutelako. Zabaletaren arabera, euskarazko itzulpenak ugaritu ahala joango da aldatzen eta euskarazko bihurtzen memoria literario hori.

Hitzalditik atera eta etxera itzultzeko trena hartzean izan nuen nik neuk ere memoria literario horrek nola funtzionatzen duen ikusteko aukera. Ondokoarekin hizketan etorri nintzen trenean, eta, gauza bat eta beste, euskal idazleez hizketan bukatu genuen. Tipoak literaturarekin edo itzulpenarekin zerikusirik ez duen alor batean egiten omen du lan, baina, literaturzale amorratua ez izanagatik, noizean behin irakurtzen omen du zer edo zer. Galdetu zidan ea nik, «aditu moduan», zein euskal idazle ditudan gogoko, eta ni izenak esaten hasi orduko, han hasi zitzaidan ufaka: «Puf! Hori ez zait gustatzen; beste hori ere ez; beste hori ez dut inoiz irakurri…». Berak nahiago omen ditu «erdarazko liburuak». «Ezagutzen duzu Estefan Sueig?», galdetu zidan, eta ni espainiar literaturako idazleak arakatzen hasi nintzen, ea Sueig zelako hura ezagutzen nuen. Ezetz erantzutear nintzela, «Austriarra da», bota zidan. Eta orduan ohartu nintzen Stefan Zweigi buruz ari zela. «Harena bai literatura, harena bai idazkera dotorea, hiztegi aberatsa, esamolde ederrak… —jarraitzen zuen tipoak—. El mundo de ayer irakurri duzu? Oso ona da». Erantzun nion Briefeiner Unbekannten irakurria nuela, alemanez, baina euskaraz ere irakur zitekeela, Edorta Mataukok itzulia baitu Emakume ezezagun baten gutuna izenburupean. «A, bai?». Tipoari ez zitzaion buruan sartzen berak «erdarazko liburuak» deitzen zituen haiek euskaraz ere irakur zitezkeenik (nahiz eta, tamalez, aukera askoz ere murritzagoa izan). Ordu pare bat lehenago Josu Zabaletak aipatutakoa begien pare-parean neukan. Gaztelaniazko memoria literarioa da nagusi euskal irakurleen artean, eta, ondorioz, honako bereizketa hau egin ohi da: euskal literatura batetik, euskal idazleek idatzitako euskarazko literatura; eta erdal literatura bestetik, hor sartzen direlarik literatura espainola eta munduko beste literaturen gaztelaniazko itzulpenak. Eta bigarren zaku hori askoz ere zabalagoa eta presenteagoa denez, hara jo ohi du euskal irakurleen gehiengoak.

Irudipena dut haur eta gazte literaturaren kasuan gauzak aldatzen hasiak direla (gogoan dut umetan irrika berberaz irensten genituela ikastolan Joxantonio Ormazabalen Kotti, Roald Dahlen Charlie eta txokolate fabrika, Pello Añorgaren Pottoko, Christine Nostlingerren Amona maite, zure susik edota Enid Blytonen Bostak bildumako liburuak), alegia, haur euskaldunek badutela euskaraz sortutako nahiz euskarara itzulitako liburuen eskaintza zabal eta gogoko bat, eta, literatura normalizatuetan bezala, askotan ez direla ohartu ere egiten irakurtzen ari direna jatorrizkoa ala itzulpena den. Aldiz, heldu ahala, euskarazko irakurketak baztertzeko joera nagusitzen da, eta atzerriko hizkuntzetako literatura gaztelaniaz irakurtzekoa.

Erronka handia dugu oraindik, beraz, euskal itzultzaileok: batetik, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duenari erakutsi behar diogu euskaraz ere irakur dezakeela beste herrietako literatura, eta, bestetik, euskarazko literaturaren zakua beste literaturetako lanen itzulpenez hornitzen jarraitu behar dugu.