Toki-izen batzuk: formak eta azentuak

Mikel Taberna Irazoki

Aste Santuan eginiko mendi ateraldi baten kronika laburrarekin heldu naiz gaur (kaier bateko oharrak). Kontua sinplea da: ortziralean mendian barna bueltaxka bat ematera joan ginen eta, guretzat ikasketa bidaia izan zenez, txoko honetarako lerro hauek idaztea gogoratu zait zuetako batzuentzat ere zerbait jakingarria izan daitekeelakoan.

Zenbait tokiren izenak aipatuko ditut, eta haietako batzuen kasuan argituko dut bertako jende euskaldunak nola ahoskatzen dituen, iruditzen baitzait «kanpokoak» zaretenetatik aunitzek eta irrati-telebistetan aditzen diren ahotsek izen horiek erdaraz ematen diren azentuarekin pronuntziatzen dituzuela, erdal azantz, asots eta zaratak gorturik gaudelako gehienok. Badakit zaila dela xehetasun hauen guzien berri izatea eta denok ahal duguna egiten dugula, baina inork kontuan hartu nahi baldin baditu hementxe zehaztuko ditut Bidasoaldeko izen batzuen (maiz «oker» erranak aditzen ditugunak) gaineko ñabardura batzuk.

Ahoskatzeko afera hau dela eta, txalogarria iruditzen zait Elhuyar eta Zehazki hiztegien ekimena, hitzen formak ikusi ez ezik haiek aditzeko aukera ere eskaintzen baitigute (bakarrak direla uste dut). Elhuyarrek bi proposamen ematen ditu, ongi ulertu badut, beraiena eta Forvo izeneko sistemarena, eta toki-izen batzuk ere sartuak dituzte (haien azentuazioa, ordea, ez da bat heldu hemen nik adierazten dudanarekin!). Dena dela, ongi legoke jakitea zer irizpide erabili dituzten ahoskatze proposamen horiek emateko (eta Forvorenak?), betiere jakinik azentu bat baino gehiago dugula, hitz berbera diferente erraten dugula euskalki batean edo bertzean eta, beraz, ez dugula horretarako batasunik; ez dakit inoiz izanen ote dugun, ezta izatea komeni den ere (dena da eztabaidagarri). Nolanahi ere, nire gaurko honetan toki-izenei buruz ari naiz, eta uste dut horietan erran daitekeela azentua zein den, azentu «bakarra» (tokian tokikoena). Nire idurikoz, Euskaltzaindiak, toki-izenen formei buruz erabakiak hartzen dituenean, haietako bakoitza nola ahoskatzen den (nola ahoskatu behar den) ere zehaztu beharko luke. Bertzela, nor animatzen da euskarazko toki-izenak nola ahoskatzen diren (tokian tokikoek nola) ezagutaraziko lukeen webgune koxkor bat sortzera?

Sarrerako azken oharra: fonetikan analfabetoa naizenez, azentu marka arruntak erabiliko ditut.

*Gure mendi ateraldien kaiereko oharrak:

Eguna: apirilak 18

Nora; helmuga: Larhun. Badirudi gure mendiaren izena horrela arautu dutela; ikus Euskal Mendizale Federazioak eta Pyrenaica aldizkariak Euskal Herriko Mendien Katalogoan berriki egin dituzten aldaketak, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen onespena omen dutenak. Hala ere, Euskaltzaindiaren web orrian ez da oraindik ageri; nonbait, ez dute eguneratu. Zer erran onartu den formari buruz? Guretzat ez da arrotza, horrela idatzirik ere frankotan ikusi dugu; konparazio batera, Berako (Beráko) «Discoteca Larhun» dantzatokira joaten ginen hamabortz-hamasei urterekin… Nolanahi ere, bertzelako lekukotasunak eta argudioak bildu izanen dituzte euskaltzainek, sendoagoak. Bertzalde, erranen nuke forma honek babesten dituela mendiaren izena ahoskatzeko aukera desberdinak, ez duela behartzen bietako bat hautatu eta bertzea baztertzera: Larun, Larrun.

Kanpamentu nagusia: Bera (Berá; Berátik, Berára, Beráko…)

1. oharra: abiatu aitzinetik, Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa «Morau» kantari-musikariak salutatu genituen. Sara aldera joan gogo zuten Lizuniagan barna (Lizúniaga), arrantza klaseren batean aritzera; arrain konturen bat aipatu zuten behinik behin.

Nondik: Oletatik, Beratik Ibardinen barna joanda. Oleta: Urruñako auzoa, Sarako bidean (ezagutzen kanta?: Ziburutik Sarara bi neska faltatu, arraiaz kargaturik Oleta pasatu…). Mantto-baita baserriaren inguruan aparkatu, hantxe hasten da bidaxka.

2. oharra: Urruña eta Azkaineko mugapeetan, parajea ikusgarria da, itsasoa eta kostaldea ageri. Landare-animaliak: haltzak erreka bazterrean, elorri xuria loretan, pagoak (bago gurean), kaxkabeltxaren familiakoa iruditu zitzaigun txori lotsagabe bat, putreak (futre gurean), ote dezente bere kolonizazio lan sanoa egiten…

3. oharra: mendi kaskoaren azpiko lepoan, puska (sualo erranen luke bertakoak) handi samar batean ihia nagusi, goialde hartako hezetasuna salatzen. Taldeko erneenak ohartarazi zigun Berako toponimo ezaguna (etxe eta auzo izena) hortik heldu izanen dela segur aski: «Itzea<> ihitzea». Gainera, «Itzea (-a)» izan behar duela, Itzeko-borda baserriaren izenak ere iradokitzen duen bezala (kargu hartu dit neronek barojatarrez ari nintzela «Itzeako familia hura» izenburua eman niolako ez aspaldi argitalpen baterako artikuluari; gaur egun «Itzeko familia hura» idatziko nuke; mea culpa). Berako «Illekueta» auzoa ere ez ote den «ihi+leku+eta» (ez dut erraten toki-izena aldatu behar denik, baina esplikazio hobea iruditzen zait hori bertze edozeinek ulertuko lukeen «hil+leku+eta» baino)…

Tontorra: hiru benta daude. Bitara sartu, bi laguni bisita egitera. Haietako bat etxalartarra (etxálartarra; Etxálar, Etxálartik, Etxálarrera) eta bertzea Endarlatsa ondoko baserri batean jaioa (Endárlatsa; beratarrek –berátarrekEndáltsa edo Endálatsa erraten dute). Oporto xurrupa haien kontura. Bista izugarria: begiak paseoan itsaso zabaletik Pirinioetako gailur zurituetaraino; Aiako Harriari diosala.

Jautsiera: bertze bide batetik, muga lerroaren arrimuan ezker-eskuin. Larhunttikiren azpitik Iasolaraino.

Bazkaria: Iasolako bentan. Zoragarri. Zerbitzari bat euskalduna, Berako Lekueder baserriko alaba, bertze bat txekiarra, harekin gaztelaniaz. Etxolaren paretako arbelean, janari-edariak eta prezioak, frantsesez. Ikasi dugu zer den «caillé de brebis»; Beran gaztanbra, Lesakan kaillatua (!), bertze hainbertze tokitan gatzatua edo mamia (eta abar). Arrunt ona (arrunta+ona?).

Jautsiera (hondarreko puska): Mantto-baitaraino berriz, Oletaraino. Bidean, trikuharri hondatu bat zabortegi bihurtua.

Amaiera: Beran atseden (oroit: Berán); nekaturik, baina satisfos.

11 Replies to “Toki-izen batzuk: formak eta azentuak”

  1. Estimatu dut zure artikulua. Milesker.
    Bizpahiru ohar, halere, artikuluaren funtsarekin zer ikusia ez dutenak
    – IASOLA. Ez ote Iatsola? Ene ustez horrela erraten dute Saran.
    – Ihia aipatzen duzunez geroz, Azkaineko lurretan, Larruneko mazeletan, bada IHIZELAI izeneko toki ikusgarria (dolmena…)
    – Oleta ez da soilik Urruñako auzoa, Azkaineko eta Ziburuko zonbait etxe Oletakoak dira ere.

    Atsegin dut

    1. Eskerrik asko, Joxemiel
      Ezin erran “Iasola” beharrean “Iatsola” ote den. Nik Beran beti “Iasola” edo “Iesola” aditu dut, eta Nafarroako Toponimia Ofizialaren webgunean (http://toponimianavarra.tracasa.es/) ere halaxe proposatzen dute, bai nik aipatzen dudan Berako bentaren kasuan, bai Etxalarko toki bat izendatzeko. Nolanahi ere, baliteke zuk arrazoi izatea; aztertu egin behar gehixeago (dokumentazio historikoa eta abar).
      Gainerakoan, mila esker zure argibideengatik “Ihizelai” eta “Oleta” auzoari buruz. Ez nuen toki-izen horren berririk, eta sinetsia nengoen Oleta Urruñakoa zela bakarrik.

      Atsegin dut

  2. Zorionak artikuluagatik, Mikel.
    Personalki gero eta konbentzituago nago euskal onomastikaren giltza azentuan dagoela. Alegia, izen, deitura edo toponimo bat idatzi aurretik buruko eragiketa bat egin beharko genuke, hitz hori gure baitan ahoskatu (edo euskaraz nola ahoskatu beharko litzatekeen irudikatu) eta ondoren idatzi. Zergatik? Ahoskera horrek ematen digulako grafiaren giltza, ez ortografiarena apika (hor arauak eta konpainia daude), baizik eta euskal grafia horren zentzua. Zeren sarritan euskal grafia oso zentzugabea egiten zaigu euskaldunoi (edozein erdal grafia, jakina, “naturala” omen da).
    Esperientzia pertsonal batetik idazten dut hau, ez dakit zein puntutaraino den orokortzeko modukoa.

    Atsegin dut

    1. Eskerrik asko, Pruden
      Segur aski ez duzu arrazoirik falta izanen zure “konbentzimendu” horretan, baina, bertzalde, bakoitzak geure buruari galdetuko bagenio izen, deitura edo toponimo bat nola ahoskatu behar litzatekeen, zuk diozun bezala (hala ulertu dizut), uste duzu denok ondorio berberera iritsiko ginatekeela? Ez dakit ba…
      Dena dela, ustez funtsean konforme naiz zurekin, kasu horietan guzietan eginahal ttiki bat bederen egin beharko genuke, euskaratik pentsatuz, hitzak modu “egokian” ahoskatzeko.
      Entzuten ditugun euskarazko komunikabideek zaintzen badute gai hau, dena hagitzez errazagoa izanen da.
      Gero, nik toki-izenak bertzerik ez dut aipatu, baina zuk izenak eta deiturak gehitu dituzu. Azken horiei dagokienez, zailagoa iruditzen zait adostasunera ailegatzea. Ez dakit bidezkoa den bertze norbaitek erabakitzea norberaren izena eta deitura nola ahoskatu behar diren; badakit gai hau lehenago ere gehiagotan atera dela… Segur aski erreparatu izanen diozu nire bigarren abizenari, nola idazten dudan nik, ez baitut egiten Euskaltzaindiak proposatu bezala. Denbora pixka bat beharko dut konbentzitzeko… 😉

      Atsegin dut

  3. Argibide txiki bat: aurreko postean planteatzen nuena zen norberak hitza bera baita ahoskatzea… euskal grafiari ZENTZU bat aurkitze aldera. Besterik ez.
    Gero, ahoskatze desberdinak, euskalki-azpieuskalki-azpiazpieuskalki, artxibo-lanak eta ikerketak, bildumak, datubaseak, zerrendak eta puñeta guztiak (gehi Euskaltzaindiaren eta haren batzordeen erabakiak, eta abar eta abar luzea eta luzeagoa), hori dena, berriz diot, besterik da.
    Baina, ezertan hasi baino lehen, jakin dezagun egin nahi/behar dugunak zentzu bat daukala.
    Ni ere ados nago zurekin, Mikel. Funtsean. Detaileak…

    Atsegin dut

    1. Barkatu, Pruden, erran nahi duzuna hobeki ulertzeko adibideren bat eman zenezake? Esperientzia pertsonal batetik idazten duzula diozu…

      Atsegin dut

  4. Barkatu zeuk ere, baina euskalduna naiz eta lotsa ematen dit neure buruaz hitz egitea.

    Baina irakur dezagun, adibidez, poema hau:

    “Kea darion argia egiten duen zirio honek
    Argizari berdearen gainean itzaliko ditu bere suak
    Koadro honetako olioek euren koloreak galduko dituzte
    Eta olatuak kostalde apartsuan hilko dira
    Bizi zaitezte, gizonok, bizi, baina hil beharko dugu.”

    Nor da poema honen egilea? Euskaldun bat, Joanes Ezponda (1557-1595), frantsesez idazten zuena. Neuk Aingeru Epaltzaren azken liburutik (“Gure Jerusalem galdua”) hartu dut aipua (417. or.), eta oso pozik dakarkizuet hona. Liburu zoragarria da Epaltzarena, orain arte idatzi duen onena, nire uste apalean (bon, “Ur uherrak” kenduta, apika). Poema horrek liburuaren gailurra markatzen du, klimaxa. Guztiaren giltza. Hunkigarria egiten zait niri. Liburu osoa irakurtzeko gomendatzen dizuet, bihotzez. Izan ere, hori da esan nahi nizuna, Mikel, hitzak gure baitan ahoskatuz, edo liburu hau irakurriz baita ere, edo adineko euskaldunei entzunaz, apika, eta antzeko beste gauza batzuk eginez, zentzu bat aurkitzen ahal diogu egiten ditugun gauzei. Guztiz zentzugabeak diren (liratekeen) gauzak, ikuspuntu askotatik begiratuta.

    Adibidez, geuk, euskaldun kaxkagogor batzuk “Joanes Ezponda” deitzen dugun horren izena, mundu zabalean, “Jean de Sponde” da. Hori da berak erabiltzen zuen forma (ziur da “Joanes Ezponda” ez zuela inoiz ere sinatu) eta hori da mundu guztiak, lau kaxkagogor kenduta, bera izendatzeko erabiltzen duena. Izan ere, kargu hartu beharko diogu Aingeru Epaltzari bere izenaren grafia berari baimenik eskatu gabe aldatzeagatik… ezta hala, Mikel? Kargu hartu beharko diogun bezala bere poema bat euskaratzeagatik, baimenik eskatu gabe. Nork daki baimena emango ote zuen? Gainera, apur bat begiratzen hasita, aurkitzen duzu Epaltzak ez duela soilik poema euskaratu baimenik eskatu gabe (lehen pekatua) baizik eta, hortaz gain, lotsagarriro manipulatu duela bere gusto eta moldeen arabera (bigarren pekatua; jatorrizko frantsesa, hemen: http://www.paradis-des-albatros.fr/?poeme=sponde/mais-si-faut-il-mourir-et-la-vie-orgueilleuse ). Bon, beharbada itzulpena eta poemarena konprenigarria da, literatura denez gero, baina nor zara zu, Epaltza, inoren izenaren grafia aldatzeko berari baimenik eskatu gabe (hirugarren pekatua)? Hori ez dizu ezein euskaldun zintzok onartuko. Izenen grafia sakratua da.

    Baina bihotzarekin ari naiz, poemek bihotza hunkitzen baitute beste ezer baino lehen. Bigarren pauso bat emanez, lau datu-baseren estekak ematen dizkizuet azpian, haren izena nola dokumentatzen den eta nola erabakitzen den ikus dezazuen. Zeren corpusak eta datubaseak ez baitira falta gure mundu honetan, eta poemek baino indar gehiago baitute:

    http://viaf.org/viaf/76323106/
    http://isni-url.oclc.nl/isni/0000000117709647
    http://id.loc.gov/authorities/names/n84186499.html
    http://d-nb.info/gnd/118798308/about/html

    Barkatu, Frantziako Biblioteka Nazionalaren fitxaren esteka ez dizuet kopiatu, oso luzea da eta desoroso suertatzen da kopiatzeko. Baina besteen oso antzekoa da.

    Hasierara itzuliz: nik neuk batzuetan zentzua aurkitu behar izaten diot egiten dudanari, adibidez, “Joanes Ezponda” idatzi. Horra auzia.

    Atsegin dut

    1. Eskerrik asko argibideengatik, Pruden.
      Dena dela, ez dut entenditzen zergatik egiten didazun tiro (hitz egiteko manera bat da) ea kargu hartu behar ote diogun Aingeru Epaltzari Sponde/Ezponda grafia aldatzeagatik eta poema euskaratzeagatik. Imajinatzen ahal duzu ez dudala horrela pentsatzen. Nik, bertzerik gabe, neure izen-deituren gaineko gogoetaxka aipatu nuen: “Mielanjel” idatzi behar ote dudan neure izena (halaxe erraten didate Alkaiagan eta Beran, bereziki “euskaldunenek”) edo “Mikel” (Iruñean halaxe ezagutzen naute denek), eta neure bigarren deitura “Irazoki/Irazoqui” idatzi behar dudan (hala erran izan didate beti denek, eta “neure baitan ahoskatuz” soinu bera dute) edo “Iratzoki” (Euskaltzaindiak hala proposatu/agintzen dit), ahoskera aldatuz. Hala ere, ez dut horregatik surik biztu nahi; kontraesankor ariko naiz (neure artikuluan idatzi nuenarekin beharbada), baina ez da kontu larri bat niretzat. Amaitzeko, nik ere irakurri dut “Gure Jerusalem galdua” eta niri ere gustatu zait, Aingeruri berari zorionak eman dizkiot idatzi dituen pasarte ederrengatik.

      Atsegin dut

    2. Nori berea:
      Ezpondari Ezponda deitu eta bere poemak euskaratu zituen lehendabizikoa J. B. Orpustan dugu: Ezponda (1557-1595) euskal neurthitzetan. Euskal neurthitzetara Jean-Baptiste Orpuztanek itzulia. Bersu eta hamalaurkunak, herioaz, maitasunaz, eta bertze olerki zenbait. Editions Izpegi, Baigorri 1995.
      Honela korritzen da pasarte hori berori (Sonnets sur le mesme subject, II) bere itzulpenean:

      […]
      Girisailu eder hunek, khetan gar demana,
      ezkoaren horian suak iraungiko;
      taulatuaren olioan margoan histuko,
      eta erripa hauntsuan hautsiren uhaina.

      Begien aitzinetik zimiztak argitan
      joaiten ikusi ditut, ortziak burrumban,
      ekaitzak zeruko alde bitan baitu joren;

      elhurra hurtzen ere, agortzen erreka,
      lehoin orrogileak ikusi maltsotzen.
      Bizi, gizonak, bizi! Bai, hil behar baita!

      Atsegin dut

  5. Mikel:

    Ondo esan duzun bezala, gure hiztegian hitzak entzuteko bi aukera ematen ditugu. Lehena, EHUko Aholab ikerkuntza-taldean garatutako ahots-sintesian oinarritzen da, eta beraz, automatikoki sortzen da ahoskera. Automatikoki sortutako ahoskera horrek komunikabide orokorretan erabiltzen den eredu estandarra du oinarri, eta horregatik, izango dira kasuak (izen berezietan batez ere) tokiko ahoskera-irizpideak ondo betetzen ez direnak.

    Bigarren aukera Forvorena dugu. Forvoren webgunean edozein erabiltzailek proposa dezake hitzaren ahoskera, gure hiztegiak bertako ahoskera bat hautatu eta ematen du.

    Atsegin dut

  6. “Toki-izen batzuk: formak eta azentuak” izenburua eman nion idazki koxkor honi. Hauxe zen nire asmoa: “inork kontuan hartu nahi baldin baditu hementxe zehaztuko ditut Bidasoaldeko izen batzuen (maiz «oker» erranak aditzen ditugunak) gaineko ñabardura batzuk”.
    Ez nuen berriz ere aipatu nahi izan lehenago zenbait tokitan errana nuena, kasu emateko “Bidasoa” izena erabiltzean, deklinatzean jakin behar genuela “-a” dela, Euskaltzaindiak berak jakinarazi duen bezala. Bertze izen batzuez aritu nintzen.
    Gaur eguerdian ETBren euskarazko albistegian, “BIDASOAKO IZOKINA” leitu dut aski letra handiz; Xabier Usabiaga esatariak ere halaxe ahoskatu duela uste dut (ez nago seguru).
    Hau lana! Komunikabideek indar handiagoa dute gure txoko hauek eta Euskaltzaindiaren webguneak baino. Mesede ederra eginen lukete “zuzen” idatzi eta ahoskatuko balituzte gisa honetako izenak (“-a” direnak, eta abar).
    Hain ezagunak diren izenen azentua zaintzea ere ez legoke gaizki: “Bidasóa” erdarazko azentuazioa da; “Bidásoa” azentuatzen da euskaraz. Eta hortik: “Bidásoko izokina”, “Bidásotik”, “Bidásora”, “Bidásoan”, eta abar.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina