Kanpaina instituzionaletako euskara

Alfontso Mujika

Erakunde publikoek kanpaina instituzional ugari egiten dituzte, eta ikus-entzunezko komunikabideetan eta kaleetan noiznahi ditugu kanpaina horietako iragarki laburrak ikusgai, entzungai, irakurgai.

Gaztelaniaz pentsatu eta diseinatutako kanpainak izaten dira ia guztiak, badakigu, baina mezuak euskaraz ere ematen dira. Kanpaina instituzionaletako mezuak ez dira izaten publizitate-mezuak bezain deigarriak, bezain “sortzaileak”, ez dute hizkuntza-jokorik izaten, ez dira izaten hizkuntza baten esapide edo atsotitzen baten inguruan edo hitz baten adiera-joko baten inguruan ardaztuak, erreferentzia-irudi eta guzti. Alegia, ez dira izaten kanpaina burutsu horietakoak, kanpaina abiarazi baino egun bat lehenago edo ordu batzuk lehenago ¡Pónmelo en euskara! esaten dizuten horietakoa, itzultzaileari, zuzenean, Hoa kaka egitera hire kanpaina txatxu itzulezin horrekin! pentsarazten dion horietakoa (bezeroari zer pentsatzen duen ezin esango badio ere).

Ez, ez dira horrelakoak izaten. Aurrezki-kutxa estiloko iragarkiak izaten dira: mezu lauak, laburrak, konplikaziorik gabeak (irudi oso editatuak, jende atsegina, giro lasaia), testu laburrak eta argigarriak, landuak, helburua informazioa ematea izaten baita. Beraz, goitik behera erdaraz pentsatuak badira ere, ez dira arazotsuak izaten itzultzeko. Eta jende askok ikusiko/entzungo/irakurriko dituenez, uste dut zilegi ez ezik beharrezkoa dela itzulpen zainduak, duinak izatea eskatzea, euskara naturala eta ez behartua erabiltzea eskatzea. Hau da, aldizkari ofizial batean ezkutatuta argitaratuko den eskola baterako hornigaien zerrenda bat itzultzean ezin eskatuko diogu itzultzaileari literatura egitea, baina kanpaina instituzional batean, non xehetasunak eta mezuak zaintzen baitira, euskarara itzulitako testua konplia izatea eskatzea ez da asko eskatzea, ezta?

Hona hemen lau erakusgarri, azken bi hilabeteotakoak.

1- ETEentzako laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 2024ko ETEentzako Laguntza Plana onartu du, eta ETBn egunero ematen ari dira iragarki hau:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/albistea/2024/eusko-jaurlaritzak-2024ko-eteentzako-laguntza-plana-onartu-du-gobernu-kontseiluaren-urteko-lehen-bileran-gobernu-bilera-2024-1-9

Izenburuan bertan dago lehen arazoa:

<ETEntzako> hori <ETEentzako> izango da, ezta?

Eta barruan, ahozkoan, desberdin dontsua: “laurogei programa ezberdin baino gehiago”.

(Ez hadi pipertu, Alfon, desberdinarena gerra galdua duk)

2- Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren iragarki bat auzoko taberna batean, joan den abenduan, adinekoen eta gazteen arteko bizikidetza bultzatzeko KUVU proiektuaren berri emateko.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

¿Eres una persona jubilada con una habitación vacía en casa?

Etxean logela huts bat duen jubilatua zara?

Erlatibo zehaztaile desegoki batez eta, gainera, “bat” kenduta. Zer da, itzultzaile automatikoaren itzulpena?

Nola adieraziko genuke euskara naturalean mezu hori gaizki kalkatu beharrean? Adibidez, honela:

Jubilatuta zaude eta logela huts bat duzu etxean?

(Ez hadi pipertu, Alfon, aldamenean gaztelaniazko esaldia daukak, gaizki-ulertuak argitzeko)

3- Emakumeen aurkako indarkeria

Berdintasun eta Justizia Sailaren emakumeen aurkako indarkeriari buruzko iragarki bat. Bideo labur bat da, egun hauetan egunero ematen ari direna ETBn. Emakume bat ageri da hizketan, eta honela dio:

“(…) senarra suminduta iristen da lanetik, eta nirekin ordaintzen du.”

Ez dakigu zer ordaintzen duen, baina badakigu denok zer dagoen atzean: “la paga conmigo”.

(Ez hadi pipertu, Alfon: irristadatxo bat)

4- Gazteaukera

Eusko Jaurlaritzaren Gazteaukera atariak (Euskadiko gazteentzako informazio-atari ofiziala) Emantzipa programaren bidez laguntzak ematen dizkie emantzipazio-prozesua hasi nahi duten gazteei. Iragarki bat egunero jarri dute duela gutxi arte ETBn. Honela dio: (https://twitter.com/Gazteaukera/status/1735250981657453043)

<25-29 urte bitartean badituzu eta emantzipatu bazara edo egin behar baduzu, hilean 300 euroko laguntza eduki dezakezu…>

“emantzipatu bazara edo egin behar baduzu,”

Egin behar baduzu zer? Garbi dago zein den egin aditz anaforiko ustel horren jatorria: si te has emancipado o vas a hacerlo.

(Ez hadi pipertu, Alfon: zorionez gaztelaniaz badakigunez, euskara hori uler zezakeagu)

Iragana bihurtzea

Borja Ariztimuño López

Irulegiko Eskua jendaurrean aurkeztu zutenetik urte luzea igarota, oraindik ere argitu ezinik gabiltzala, egitekoaren konplexutasunak ageri-agerian uztea ezinbestekoa da, hasierako euforiak estalirik geratu ziren ohartarazpen eta zuhur-hitzak aldarrikatuz.

Gaurko sarreraren izenburua ez da nahikari edo eskari baten adierazpen traketsa, eta ez naiz “iragan denbora beti hobe” topikoaz arituko; ez eta iraganera bidaiatu ahal bai, baina hura aldatu ezinaren paradoxaz ere.

Blog honen testuinguruan uler bedi bihurtu aditza; ‘itzuli’, alegia, ‘translatatu’, ‘traduzitu’.

Izan ere, zer da testu zahar bat (areago idazkera [ia] ezezagunean idatzirikoa) ulertzea, geureagoa den hizkuntza-molde batera ekartzea baino?

Hala bada, zer behar du kontuan hartu itzultzaileak testu bat bihurtzerakoan? Lehenik eta behin, sorburu- eta helburu-hizkuntzak; hots, horiek ongi ezagutu behar ditu. Horrez gain, nork, norentzat eta zertarako idatzi duen ere jakitea komeni zaio (testuingurua), hitz, esapide eta molde guztiak egoki interpretatuko baditu. Orobatsu da, funtsean, epigrafista, filologo edo hizkuntzalari diakronikoek testu zahar eta antzinakoen aurrean beharko luketena.

Areago, sorburu-hizkuntza eta idazkera bera ezezagunak edo erabat identifikatu/dezifratu gabeak direnean, corpus zabala eta adibide elebidunak eskura izatea da desiragarriena; besteak beste, argudiaketa zirkularretan ez erortzeko.

Iberieraren kasuan, adibidez, ez dugu azpian dagoen hizkuntza egiazki ezagutzen, baina, halere, idazketa-sistema nahiko ongi (ez guztiz) ulertzera iritsi dira. Ez dago egiazko testu elebidunik, baina bai corpus nahiko zabala, zeinetan pertsona- eta leku-izen zenbaiten formak ziurtasunez identifikatu diren. Horiekin batera, zenbait atzizki posible eta, zalantza askoz handiagoz (ene ustez, bederen), aditz-formaren bat eta terminologia-kontu lauso batzuk.

Aldiz, historikoki ezagutzen dugun euskararen 1.500 urte lehenagoko ezaugarriez ezer gutxi dakigu (jakinen adiera hertsienean), harrietan zizelkaturiko elementu onomastikoetatik (zeharka, beraz) ondorioztatu ahal izan diren kontu batik bat fonetiko-fonologikoez gain. Zoritxarrez, barne-berreraiketak eta bestelako eraikuntza teorikoek ez digute esaten igarritako aitzin-hizkuntza hori noizkoa den.

Bestalde, Irulegiko Eskuaren azpian datzan hizkuntzaz hipotesiak besterik ezin genezake egin, idazkeraren berezitasunak eta bestelako ebidentzia negatiboek (“ez da/dirudi zeltiberiera edo iberiera”) uzten diguten heinean. Alabaina, hipotesi horiek baieztatzeko edo, gutxienez, argudio linguistikoez janzteko, corpus murritz eta bakanegia dugu lau lerro horietan. Ezagunak dira Rosetta harriaren eta B lineal delakoaren aurkikuntzak eta dezifratzeak, baina ez ohi da horrenbeste azpimarratzen horien atzeko historia eta kronologia. Ez zen magiarik jazo orduan, eta ez da halakorik gertatuko orain ere. Lan handia eta denbora nahikoa ezinbesteko osagaiak dira.

Horiek horrela, neure iritzia azaldu nahi nuke, dagoeneko idatzirik dagoen iraganaren iragarpen moduan: nago Irulegiko Eskuaren misterioa ez dela argituko harik eta lekukotasun gehiago agertu arte, gutxienez. Eta orduan ere, ziurrenik argitasuna ez da berehalakoan etorriko.

* * *

Iraganera itzultzeko motibo asko izan litzake pertsona batek; esaterako, eginiko hutsak ekiditea edo bidelagunez garaiz aldatzea. Hizkuntzalari gisa, bidelagun horiek izan daitezke ezagutzan oinarrituriko hipotesiak eta argudioak, hizkuntzak berak edota datuak ikusteko moduak (marko teorikoak). Horiek aldatzea errazagoa da, horretarako arrazoirik aurkituz gero, iraganerako itzulia erosoagoa eta emankorragoa izan dadin, iragana bihurtu (‘bihurritu’) gabe.

Elebitasunaren aznahiak

Uxue Rey Gorraiz

Berriako kazetari eta nire lagun Iker Tubiak Esti Blanco-Elorrieta elkarrizketatu zuen iragan urteko martxoan. Psikolinguista eta neurozientzietako ikerlaria da hura, eta elebidunen garunak nola funtzionatzen duen ikertzen ari zen orduko hartan –akaso, horretan dabil egun ere–. Aitorpen bat: ni ez naiz batere zientzia zalea, eta hain zuzen horregatik, diagonalean irakurri ohi ditut zientziari buruzko artikulu gehien-gehienak. Tituluak leitu, nabarmendutako entresakei edo galderei behatu eta irudi edo infografiak laster batean ikustearekin aski izaten zait kasik beti. Aukeran, gutxiegitan irakurtzen ditut fundamentuz; pieza bat osorik irakurtzen dudan aldiro madarikatzen baitut aurrekoak leitu ez izana.

Izan ere, hasi nintzen Tubiaren elkarrizketa hura irakurtzen, gainetik hasieran, erne ondotik, eta, hara non, txoratua utzi ninduten esplikaziook –eta bidali nion esteka WhatsAppez amari–. Artikuluan kontatutakoen nahas-mahas bat da sarrera honen parte handiena –lotsagabea halakoa (ni)!–, blog honek irakurgai gomendioak egiteko ere balio duelakoan.

Blanco-Elorrietaren arabera, elebitasunari buruz bada argitu beharreko zerbait: «Garai batean pentsatzen zen hizkuntzak nolabait aparte zeudela maila anatomikoan, elebakarren ikuspuntutik ematen zuelako bi instantzia oso ezberdin zirela. Baina elebidunaren ikuspuntutik, sistemak bestelakoa izan behar du, hizkuntzak etengabe nahasten ditugulako». Hala, ikerlariaren hitzetan, dakizkigun hizkuntza guztien arauketak sistema bakarrean bilduta izanik, unean aukeratzen dugu hitzak ze hizkuntzatan esan, eta, hori horrela, alderdi horri erreparatzeko bereziki interesgarriak omen dira, adibidez, euskañolez osatutako esaldiak: «Esan dit que etorriko naizela». Hori, esaterako, ontzat jotzen du Blanco-Elorrietak, garunari so eginez behintzat. «Esan dit que etorriko da», ez hain ona.

Hizkuntza batean aritzean zerbait beste hizkuntza batean –oharkabean– esaten dugun aldi horietarako ere badu esplikazioa psikolinguistak. «Aktibazioaren neurrian» omen dago gakoa. «Orokorrean, dauzkazun berba denen artean aktibazio handienekoa aukeratzen duzu. (…) Berba batek ez badu transmititzen gura duzun emozioa beste baten moduan, aldatzea dago. Edo ez bazaizu burura etortzen txakur berba, aktibazioa txikiagoa delako, agian perro esango duzu gura gabe».

Bestalde, elkarrizketan bistara gelditzen da elebitasuna eta itzulpena ezin bereizizkoak direla ia. Hona itzulpenari buruzko Tubiaren galdera, eta Blanco-Elorrietaren erantzuna, segidan.

I. Tubia: Itzulpena egitean ezberdin jokatzen du burmuinak?

E. Blanco-Elorrieta: Ez du ezberdin funtzionatzen. Maila kognitiboan, edo linguistikoan, esan dezakezu mekanismo berak erabiltzen direla, baina pentsatu garunean distribuzio probabilistiko bat daukazula. 15 urtegaz ingelesa ikasten hasi den euskaldun baten garuneko hiztegi mentalean, euskarazko berbek askoz bere aktibazio handiagoa izango dute, mila bider entzun baititu. Baina 15 urtegaz AEBetara joan eta ez bada bueltatu, ingelesezko aktibazioa handituz joango da, eta euskararena, jaisten.

Elebakar totalak dira –edo ziren– nire lau aitatxi-amatxiak. Aitaren aitari, Juanitori, kostatu ere egiten zitzaion ulertzea nolatan izan zitekeen norbait umetatik elebidun. Gaztelaniaz egiten zidan berak, eta euskaraz gurasoek, eta sinetsia zegoen ni txiki-txikia izanik ezinezkoa zela bietara ulertzea. «Igual orain hasiko zaizu pixkanaka deus [euskaraz] ulertzen, ezta?», galdetu zion amari nik bi urte-edo izanen nituenean. Euskararen gaineko ezjakintasun erabatekoa ere izanen zen horren atzean. Edonola ere, kostatzen zitzaion posible zela ulertzea, baina ulertu zuen, eta beti ikusi zuen begi onez «ahalik gehien jakitea». Gaztelania ez ezik euskara ere baldin bagenekien, are eta hobeki.

Erriberrikoa zen Juanito. Ez du ikustekorik elebitasunaren aurrean erakutsi zuen harridurarekin, baina seguru naiz harrituko litzatekeela azkenaldian sorterrian gertatzen ari den kontu batekin. Enegarrenez, euskarofoboren batek pintura beltzez estali du herriaren sarrerako karteleko Erriberri, soilik gaztelaniazko Olite bistaratu dadin. A ze aznahia elebitasunak.

I. Tubia: Elebitasuna ona edo txarra den eztabaidagai da oraindik?

E. Blanco-Elorrieta: Eztabaida sekulakoa da. Batez bere asko pasatzen da iragan koloniala daukaten herrialdeetan eta identitate nazional bakarra bultzatzeko interesa dagoenetan (…).

Erriberritik 50 kilometrora, Orkoienen, herriko alkate Alejandro Lopez haserre dago haur euskaldunek «pribilegioak» dituztelako elebidunak izateagatik. «Ludoteka bat dugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarakoak bietara joan daitezke, baina gaztelaniakoak gaztelaniazkora soilik joan daitezke; hau da, [euskaldunek] bi aldiz zerbitzu gehiago dituzte. Jada ez gara eskubideez ari: pribilegioez ari gara». Berriz ere: a ze aznahia elebitasunak, betiere euskara bada ekuazioaren barrenean dagoena.

Maitetasunaren koordenadak

Castillo Suarez

Hemen bertan idatzi nuen artikuluaren harira, Susa argitaletxeko Josu Landak Lur bat zure minari liburuaren ale bat bidali zidan etxera eta alaitu zidan arratsaldea. Liburua berriz irakurtzen ari nintzen bitartean Altsasuko supermekatu handi baten parkinera joan zitzaizkidan burua eta bihotza. Bertan zeuden, nire zain, Joakin Balentzia eta Joxemigel Bidador. Elkarrekin joan ginen Loiuko aireportura, biderik luzeenetik. Joxemigelek maite zituen biderik luzeenak, eta harrezkero handik joaten naiz ni ere hegaldi bat hartu behar dudan bakoitzean. Galizian egon ginen egun batzuetan euskal idazle talde bat, paisaiari buruzko Galeusca batean. Loiutik Mondoñedora joan zitzaikidan bihotza eta burua. Bertan eman zuen Xabier Gantzarainek hitzaldi bat: Maitetasunaren koordenadak. Hitzaldi zoragarri hartan, bestek beste, Lur bat zure minari liburua aipatu zuen. Izan ere, bere etxean hainbestetan entzundako maitetasun hitza aipatzen zen liburu hartan. Bakardade linguistikoaz aritu zen, hiltzera kondenatuta dauden hitzez, eta liburu hartako poemetako bat irakurri zigun:

Koordenadak

Almitza hazten den lekuetan bizi gintezke
Inoren saihetseko burdinen artean sartu eta itotakoei arnasa nola hozten zaien ikasi
Ibaiko sunda dute begiok eskuok urriko zeru bat bezala aldatzen gara
Berariaz dagoz aireportuak gugandik hain urrin laino itsuaz haruntzago
Ibaiko sunda du saminak ere, ibaitu egiten da oroimena zauriak ibaitu
Eta bakeak urpetu gabeko lurrotan elkar maitatzera egiten dugu
Alboan zaitudan egiaztatu koordenadak berritu
Eta atzokoan loak non lotu gintuen idazten dut
Idazten dizut jakitearren arrotz ez garen lekuan atzerritar garen
Urondoan pausatu garen orea lotan bezala ala abantean igaro gehiengoz bozkatu galernen peko
Erbeste ederra dateke zure bihotza urre gorrizko kaserna
Baina lurmendatu ezinezko talaiak ditu gure maitetasunak
Baimendu gabeko eremuak ahora ekartzeko gaitzak diren izenak
Haitzen gandorrak bezalakoak jitoak daramanarentzat
Orduan libre ez garela aitortzen diogu elkarri
Zerbait hiltzen zaigula barruan eta bizi ez gintezkeen herriak habitatzen ditugu
 
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)

Azaldu ezin dudan bulkada baten ondorioz erabili izan dut maitetasun hitza nire liburuetan; erabili ditut polderra zein almitza —edo albitza—, denak ere Lur bat zure minari liburutik ateratakoak. Gantzarainek hitzaldi hartan aitortu zigun maite duena erakusteko idazten duela, eta maita dezaten ere bai. Eta beharbada idazten ari garenean eta erabiliko ditugun hitzak hautatzen ditugunean gure unibertso literarioaren koordenadak ezarri nahian ari gara, maite dugunagatik maite gaituztelako gu ere.

Azken lurra

Inondik errenditzen ez den ura da gure maitetasuna
Zoratu egiten da
Hegazkinak islatzen ditu
Teilapeak iluntzen akorduetara amarratuta
Egitate mingarri anitz eman da ontzat
Etxeratze hitsen durundioa inongoa izatekotan
Eta minbizia aukeran
Zein erdi arotatik zein bestiariotatik irten du gure maitetasunak
Itutez jota hiltzeko ginoan den zeruak
 
Geure burua beste etsairik onesten ez duen lurra
Jendea batera bizitzen maitasun froga beraren hegian
Minutu berean lurmutur berean
Gure maitetasunak ez daki
Ez daki hegan
Ez da kalatxori
Darabiltzan orratzek bestelako iparrak dituzte xerka
Itsasgorak ekarriko ez dizkigun iheslariak
Itsasbeheran utziko ez dugun edertasuna
Hau da agin ziezaguketen azken zerua
Ez dago inor ebakuatzerik
Hildakoak ohean direla abandonatu ditugu etxeak
Hipermerkatuetako aparkalekuak dauzkagu igandeetan elkar maitatzeko
Hegazkinak teilapeak eta itoak estu amarratuta
Zu ez zaitut abandonatuko
Azken ordutan ez da bonbarik lehertu baina ez da heldu bakea
 
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)

Itzulminak

Amaia Astobiza Uriarte

Joe Sacco-ren Palestina (Astiberri, 2023) komikiaren euskarazko argitalpenaren harira, Julen Gabiria itzultzaileak adierazi zuen hasieran zaila begitandu zitzaiola testuaren tonuari eustea, bere ustez autorearen jarrera ez zetorrelako bat kontakizunean gertatzen ari zenarekin. Esan zuenez, bere ideologiak edo enpatiak talka egiten zuen egilearenarekin, eta horrek zaildu egiten zuen itzulpen-lana; nolabait ere, arantza batekin jardun behar izan zuen hasieran, bai-baina-ez sentipenarekin. Edozelan ere, liburuan aurrera egin ahala, eta autoreak Palestinaren historia eta uneko errealitatea hobeto ezagutzeaz bat, haren jarrera ere aldatuz doa apurka. Azkenerako, Gabiria Saccorekin adiskidetu zen, eta orain gogotsu dabil liburua aurkezten, baita, bide batez, Israel palestinarrekin egiten ari den genozidioa irmoki salatzen ere. Jakina, ez zuen orain izango Palestinaren berri, eta komikia itzuli izan ez balu ere jardungo zukeen zeregin horretan espazio pribatuagoetan; baina Palestina itzuli izanak —herritarren kontakizun eta aldarrikapenak euskaratzeak, dokumentazio-lana egiteak— ikuspegi jantziagoa emango zion arean ere, eta liburua han-hemen aurkezten aritzeak jende gehiagorengana heltzeko aukera ematen dio, eta jende horrekin bere ernegua eta ezintasuna partekatzekoa.

Izan ere, itzultzaileok testuan gure arrastoa uzten dugun ber gisan, testuek ere arrastoa uzten dute itzultzaileongan. Adibidez, Gabiriak aipatutako deserosotasun hori eragin diezagukete gureaz bestelako iritzia adierazten badute. Eta ez guztiekin, noski, baina batzuekin gertatzen zaigu itzulpena toki batean hasi eta beste batean amaitzen dugula. Eraldatu egiten gaituztela esan behar nuen, baina ez dut uste hori denik; tokialdatu-edo egiten gaituzte, maketa erraldoi bateko pertsonaiak bagina legez; esku batek burutik oratzen digu, eta beste leku batean jartzen, eta esaten digu: «Hau duzu kokapen egokia, hemendik begiratu behar diozu inguruari». Saiakera itzultzen dugunean askotan gertatzen zaigu hori, baina beste literatura-genero batzuetako testuek ere eragin dezakete halako lekualdatze bat. Agian Gabiriari ere gertatuko zitzaion Palestinarekin hein batean, nahiz eta ez dudan uste asko-askorik ere mugituko zenik bere hasierako posiziotik. Hori bai: begirada zorroztu eta kopeta are gehiago ilunduko zitzaion, eta mina, minik barrukoena, puska bat gehiago sugartu.

Nik ere badut Gabiriak duen samin hori, min gordin eta puntazorrotz hori, eta pentsatzen dut berba hauek irakurtzen ari zaretenok ere izango duzuela, gutxi-asko. Min gorria, Israelgo Armada egunero-egunero eta jada 101 egunez jarraian palestinarrei eragiten ari den sufrimendu ia izendaezina, adjektiborik garratz eta latzenak ere eskas geratzen baitira han egiten ari direna azaltzeko. Eta ezin diot utzi mina sentitzeari, ezin diodalako utzi hango irudiei begiratzeari. Nola ez ditut ba haurtxo hilberrien emakume tirokatuen gazte mutilatuen irudiak ikusiko, hori behintzat egin beharko dugu haiengatik, horretarako ari dira-eta beren seme-alaben garun lehertuak beren gorputz-atal erauziak beren dolu-aienerik intimoenak grabatzen eta mundura zabaltzen, hori dutelako bide bakarra jasaten ari diren ankerkeriak salatzeko eta nazioarteari laguntza eskatzeko. Palestinan ere behin eta berriro ageri da eskakizun hori: «Idatziko duzu zerbait gutaz? Erakutsi dizut, ikusi duzu! Hitz egin gutaz, bai?». Inork ez du reality-show bihurtu nahi bere herriaren eta haurrideen suntsiketa, eta, halere, besterik ezean, iruditzen zaie horixe dela egin beharrekoa beren lurretatik kanporako jendearengana iristeko eta haiek —gu— zerbait —«Gera ezazue sarraski hau!»— egitera bultzatzeko.

Baina begietan gainezka egiten dizuten malkoek ez dute fosforo zuriaren surik itzaltzen ez zerrendako odolik garbitzen, eta zer edo zer, zer edo zer egin behar duzu zuri ere barrua lehertuko ez bazaizu.

Halako batean, proposamen bat iritsi zaizu postara: itzuliko dituzu nirekin batera Perry Anderson historialari eta analista politikoak Palestinari buruz idatzitako bi artikulu luze? Hara, neurri-neurriko egitekoa, aldi berean min-aringarria ere izan daitekeena. Baietz esan, eta gogoz ekin diozu lanari; azkenean, baduzu palestinarrei elkartasuna adierazteko modu eraginkorrago bat, ez haien sufrikarioa zure eginda —munduak ez du malko gehiagoren beharrik—, baizik eta sormenaren bidez, zerbait eraikiz. Eta aldez badirudi horretan ari zaren bitartean jada Israelek ez dituela horrenbeste bonba jaurtitzen Gazako bizilagunen artera eta ez direla horrenbeste hilotz pilatzen bide-bazterretako hobi inprobisatuetan. Berbak ingelesetik euskarara ekarri bitartean, xix. mendearen amaieratik datorren gatazka honen korapiloak askatzen saiatzen zara; zure burua bi zeregin horietara jarrita dago erabat, eta blokeatu egiten ditu erraiek garunera bidaltzen dituzten min-seinaleak. Bukatutakoan ere bake pixka bat sentitu duzu barrenean; iruditzen zaizu egindako lana Palestinaren eta Euskal Herriaren arteko zubi bat gehiago izango dela; ez beharbada oso ibilia, baina tira, zubiz zubi, iritsiko ote zaie gure epeltasuna, eta, batez ere, animatuko al dira agintariak gaitzespen instituzional irmoak egin eta dagokienei erantzukizunak eskatzera.

Fini da, baina. Bidali duzu lana, entregatu duzu minaren kontrako ezkutua. Tankeak itzuli dira Gazako hiribideetara, eta soldadu israeldarrek palestinarren auzo zartaraziak opaltzen dizkiete beren ezkonlagunei. Begiak anpuluz bete zaizkizu berriro, eta oraingoan uriola dakar.

Halako batean, (beste) proposamen bat iritsi zaizu postara…

Istorioak kontatzea eta idaztea

Amelia Pérez Conde

Irlandako Galway hirian lagun talde handia ostegunero biltzen da The Crane tabernan, ipuinak entzutera. Saioak Celtic Tales du izena, eta helduentzako ipuinak dira. Ipuin-kontalaria eskoziar irlandarra da, eta Rab Fulton deitzen da. Ipuinak kontatzeaz gain, idazlea ere da; beraz, ahozko istorioak hizkuntza idatzira itzultzeari buruz ere galdetu diogu.

AMELIA PÉREZ: Celtic Tales saioetan istorioak, ipuinak eta kondairak kontatzen dituzu, eta saio bakoitzean ezberdinak dira. Nolatan dakizu hainbeste istorio eta ipuin?

RAB FULTON: Iturburuen konbinazioa da. Nire familiako guztiok istorioak kontatzen zituzten. Emakumeak eta gizonak etxean biltzen ziren, eta, erre eta edan bitartean, istorioak kontatzen zituzten arratsalde edo gau osoan, eta abestu ere egiten zuten. Horrez gain, liburutegiei, herriko kulturari, zinemari eta telebistari esker jaso nituen. Gero, nire kabuz, istorio bakoitza osatzen duten askotariko istorioak, tradizioak eta eraginak ere ikertu ditut.

AP: Ikerketa hori oinarri hartzen al duzu, ahoz entzun duzun istorio bat idazten duzunean?

RB: Ahozko istoriotik ahalik eta gutxien urruntzen saiatzen naiz, batez ere, istorio zehatz batzuk direnean. Horrelako istorio bat idazten ari naiz gaur egun. Amak kontatu zidan, eta amaren herrian bizi zen emakume bitxi bati buruzkoa da. Herriko biztanleak emakume horren beldur zeuden, baina beste batzuetan aholku eskatzen zioten, bereziki, medikuek eta apaizek konpondu ezin zituzten gaiei buruz. Geroago jakin dut emakume horren eta Cailleach jainkosaren arteko loturak daudela. Hala ere, nire ikerketa akademikoak istorioetan eraginik ez izaten saiatzen naiz, nahiz eta istorioek nire ikerketa akademikoan eragin handia izan. (Barre egin du)

AP: Nola sentitzen zara istorio bat kontatu bitartean? Eta idatzi bitartean?

RB: Kasu bietan istorioaren paisaiatik ibiltzen naiz. Entzuleen zein irakurleen irudimenean istorio hori sortu nahi dut. Istorioa ez da existitzen paisaiarik gabe, paisaia istorioaren aingura da. Ahozko emanaldietan istorioa entzuleekin batera sortzen da elkarrizketa batean, baina nik argi jakin behar dut non nagoen eta nondik ibiltzen ari naizen. Istorioa idazten dudanean, ordea, nire barruko ahotsekin ari naiz hizketan, baina ibilaldi luzeagoak egin ditzaket, eta arreta handiagoa jar dezaket xehetasunetan. Dena den, idatzizko istorioak ozenki ere irakurtzen ditut. Ahoan gozo sentitzen ez badira, paperean ere ez dira eroso sentituko.

AP: Istorio osoa jarraian idazten duzu?

RB: Ez, pixkanaka idazten dut. Txakurra buelta bat ematera ateratzen dudanean, bazkaria prestatzen dudanean, hau da, nire eguneroko ekintzak egin bitartean, istorioa imajinatzen dut, eta batzuetan irudiak ere egiten ditut. Egunkari bat daukat, eta nire istorio gehienak bertan hasten dira. Egunkarian oso libre sentitzen naiz, askatasun osoz idazten dut. Gero, egunkariko ideia batzuk gehiago lantzen ditut, eta lehen zirriborroa egiten hasten naiz.

AP: Istorioak idaztean ez al dago hitzetan galtzeko arriskurik?

RB: Bai, baina dibertigarria da. (Barre egin du). Olerkiak sortzeko erabiltzen ditudan teknikak batzuetan istorioak idazteko ere erabiltzen ditut. Hitzen soinuari, oihartzunari eta beste hitz batzuekiko loturei erreparatzen diet. Dena den, garrantzitsuena istorioa da. Istorioak funtzionatu behar du.

AP: Badirudi istorioak gero eta jende gehiagori interesatzen zaizkiola. Zeuk ere hori uste duzu?

RB: Istorioak betidanik kontatu dira. Idatzizko literatura hedatu aurretik, kultura ahoz zabaltzen zen. Ahozko tradiziotik datozen istorioetan dena kondentsatuta dago. Istorio horiek gure orainaldiarekin konektatzen gaituzte, baina baita iraganarekin ere, eta aurrera egiten jarraituko dute beste pertsona batek kontatuko dituelako. Transmisio eta konexio horrek aurrera egingo du, eta bidetik aurkikuntza berriak egingo ditugu. Pertsona guztiek parteka dezaketen une miragarria sortzen dute istorioek.

Literatur agenteez

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Euskal literatur eremuan dauzkagun itzulpen fluxuak aztertzen aritu naiz azkenaldian, itzulpen joeren garapena zer nolakoa izaten ari den ikusteko batetik, eta literatur trukeetan parte hartzen duten eragileek betetzen duten rola ezagutzeko bestetik. Gai horri tiraka, literatur sustapenaz eta esportazioaz arituko naiz oraingoan.

Edozein kulturatan, sustapena eta hedapena ezinbestekoak dira literatura bat bere hizkuntzaren mugetatik kanpo ezagutarazteko. Literatura-sistemaren biziraupenerako nahitaezkoak direla ere esan liteke, bi norabideetan egiten diren kultur trukeek aberastu eta aldarazi egiten baitute literatura bat. Itzulpena tresna ezinbestekoa da literatura gutxitu baten zabalkunderako; alabaina, erdaretarako itzulpenak egin eta ezagutaraziko badira, bultzada bat beharko dute. Heilbronen eta Sapiroren arabera (2016), itzulpen gehien-gehienak hizkuntza nagusi edo hiper-nagusietatik egiten dira, eta hizkuntza periferikoek, aldiz, gutxi esportatzen dute. Asimetria horiei aurre egiteko, ohikoa izaten da gobernuek haien herrialdeetako kultura-ekoizpena atzerrian sustatzeko erakunde espezifikoak sortzea, baita itzulpenak sustatzeko politikak bultzatzea ere.

Bai Euskal Herri mailan bai estatu mailan, erakunde publikoek eskaintzen dituzte euskal literatura atzerriratzeko laguntzak. Dena den, Montero Küpperrek (2016), Castrok eta Linaresek (2022) eta nik neronek beste nonbait (2021) ondorioztatu dugun moduan, erkidego mailako erakundeak dira batik bat hizkuntza gutxituetako kultur esportazioa finantzatzen dutenak, eta estatu mailako erakundeek batez ere gaztelaniaz sorturiko lanen itzulpena sustatzen dute. Frantzian ere Centre National du Livrek (CNL) eskaintzen ditu laguntzak Frantzian sorturiko literatura lanak esportatzeko, baina oraingoz ez da euskaraz idatzitako lanik itzuli laguntza horien bitartez.

Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioarte mailan sustatu eta ezagutzera emateko helburuz sortu zen Etxepare Euskal Institutua 2007an. Etxeparek egitasmo ugari ditu euskal literatura gure mugetatik kanpo sustatzeko, konparazio batera, itzulpenerako dirulaguntzak, testu laginak ingelesera edo frantsesera itzultzeko dirulaguntzak, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria eta euskal sortzaileak nazioarteratzeko bidaia-poltsak. Horietaz gain, itzultzaileen trebakuntza ere bultzatu du, Idazlea itzultzaileen lantegian egitasmoa sustatuz, zein Itzultzaile berriak programa abian jarrita. Urteotan ibilbidetxo bat egin du Etxeparek euskal literatura atzerrian sustatzeko ahaleginean.

Erakundeen bultzadaz gain, euskal literatura atzerrian ezagutzera emateko itzultzaileek rol baliotsua betetzen dute, ez bakarrik literatur lanen itzultzaile gisa, baita beren kulturetako preskriptore gisa ere; izan ere, askotan, liburuek xede kulturan izan dezaketen interesa neurtuko dute, bai eta zer lan itzuliko den hautatu, jatorrizko lanak ulertu ezin dituzten argitaratzaileei haien egokitasuna iradoki, eta itzulpenak argitaratu ondoren promozioan lagundu. Gero eta itzultzaile gehiago da euskaratik itzulpenak egiteko gai, eta haien lana sarritan ez da itzulpena egitera mugatzen.

Ugari dira euskal literatura beste hainbat hizkuntzatan eskuragarri izan dadin lanean dihardutenak eta lan horien zabalkundean parte hartzen dutenak: itzultzaileak, idazleak, editoreak, kultur ekoizpena sustatzen duten erakundeak, literatur agenteak. Azken horiek ekarri nahi nituzke hizpidera. Itzulpen-eskubideak saldu eta literatur lanen zein autoreen sustapena kudeatzeko ardura dute literatur agenteek. Euskal Herrian tradizio gutxi izan du literatur agentearen figurak. 90eko hamarkadan, Ikeder literatur agentzia sortu zen, Euskal Herriko lehenengo literatur agentzia. Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi zein Kirmen Uribe idazleak ordezkatu zituen, besteren artean. Duela zenbait urte amaitu zuen bere jarduna Ikederrek, baina literatur agentearen figurak garrantzia hartu du azken urteetan euskal literaturan, eta gero eta idazle gehiagok du agente bat. Esaterako, Ute Körnerrek ordezkatzen ditu Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Xabier Etxeberria; Casanovas & Lynchek, Kirmen Uribe; Ella Sher agenteak ordezkatzen ditu Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Oihane Amantegi, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Hasier Larretxea eta Nerea Loiola; SalmaiaLitek, berriz, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Amets Arzallus; Mertin Wittek, Unai Elorriaga. Zerrenda horri erreparatuta, bada datu deigarri bat: Euskal Herritik kanpokoak dira aipatu agente guztiak. Euskal Herrian literatur agenterik ez egoteak beste nonbaiteko profesionalak bilatzera bultzatzen ditu euskal idazleak. Galdera ugari sortzen ditu egoera horrek. Esaterako: euskal sistemaz kanpoko eragileak izanik euskal literatur lanen eskubideak kudeatzen dituztenak egun, jatorrizko literaturaren zer nolako ezagutza dute agente horiek? Gaztelaniazko itzulpenaren bitartekaritza ezinbestekoa da lan baten eskubideak beste hizkuntza batzuetara saltzeko? Zein hizkuntzatako bertsioa hartzen da iturri gisa itzulpenerako? Galderak galdera, ahuldade bat erakusten du gabezia horrek, hizkuntza gutxituak hizkuntza nagusiagoetako literatur sistemen menpeko izan beharra literatur lanen eskubideak kudeatzeko.

Aipaturiko iturriak

Castro, Olga eta Linares, Laura. 2022. Translating the literatures of stateless cultures in Spain: translation grants and institutional support at the Frankfurt Book Fair. Perspectives 30(5). 792-810.

Heilbron, Johan eta Sapiro, Gisèle. 2016. Translation: Economic and Sociological Perspectives. In Ginsburgh, Victor eta Weber, Shlomo (edk.), The Palgrave Handbook of Economics and Language, 373-402. London: Palgrave MacMillan.

Manterola, Elizabete. 2021. Euskal literatura itzuliari buruzko gogoeta. In Ayerbe, Mikel (ed.) Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak, 65-95. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).

Montero Küpper, Silvia. 2016. Políticas para la traducción de textos literarios. In Galanes, Iolanda; Luna, Ana; Montero, Silvia; Fernández, Áurea (edk.), La traducción literaria. Nuevas investigaciones, 53-72. Granada: Comares.

Olentzero eta Mari Domingiri gutuna

Amaia Lersundi Pérez

Hizkuntzak hezkuntza prozesuan duen garrantziaz eta rolaz aritu naiz azken sarreretan. Gaiarekin jarraituz, baina arreta-gunea apur bat aldatuz, gaurkoan, sareetan, kaleetan, eskoletan eta unibertsitateetan bolo-bolo dabilen gai bat ekarri nahi izan dut. Duela aste batzuk PISA probaren emaitzak argitaratu ziren, eta asko dira sortu diren kezkak, ardurak eta harridurak. Lerro hauetan azken urteetan, oro har herrialde guztietan, irakurketaren ulermen mailak izan duen beherakada kezkagarriaren inguruan hausnartu nahi dut. Testu bat irakurtzeak eta ulertzeak hitzak deszifratzea baino gehiago eskatzen du. Ikasleek, pentsamendu analitikoa eta kritikoa garatu dezaten, testuaren egitura aztertzeko, gai nagusiak identifikatzeko, informazio garrantzitsua ateratzeko eta inferentziak egiteko gaitasuna garatu behar dute.

Hezkuntza komunitatean joera negatibo horretan eragina duten faktoreak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzeko beharra ikusi da. Izan ere, ulermen arazoek ikasleen hezkuntza-arrakasta baldintzatzen dute, ulermena baita edozein ikasgai ikasteko beharrezko oinarria. Hizkuntza behar bezala ez menderatzeak zuzenean eragin diezaioke edukia ulertzeko gaitasunari, eta ondorioz, ikasleek zailtasunak izan ditzakete testu konplexuak interpretatzeko eta beren ideiak argi eta zehatz adierazteko

Askok pandemiari egozten diote ikasleen ulermen mailaren beherakada, baina badaude beste zenbait faktore ere eragin zuzena izan dezaketenak, esaterako, gailu elektronikoen ugaritzeak eta eduki digitalak erraz eskuratzeak irakurketa-ohiturak aldatu dituztela. Hala, gaur egungo ikasleak behar duten informazioa azkar eta sintetizatuta lortzera ohitu dira. Aro digitalak erabat eraldatu du informazioa eskuratzeko modua, eta informazioaren berehalakotasunak azaleko irakurketa eta datuen bilaketa azkarra egiteko kultura sortu du. Eskuragarritasun horrek onura ukaezinak ekarri baditu ere, eskoletara erronka esanguratsuak ere ekarri ditu; bereziki, ikasleek formatu laburragoak eta bisualagoak nahiago dituzte, eta zaila egiten zaie testu konplexuagoak sakon eta patxadaz irakurtzea.

Gizartearekin batera hezkuntza ere aldatzen joan behar denez, eta orain arteko estrategiek, dirudienez, emaitza onak eman ez dituztenez, neurriak hartu behar dira ikasleek azaleko informazioa kontsumitzeaz gain, informazio hori ulertzeko eta beren ikaskuntzan eta garapen pertsonalean gogoeta eginez aplikatzeko aukera izan dezaten. Beraz, argi izan behar dugu ikasleen irakurketa eta ulermen gaitasuna sustatzea funtsezkoa dela haien garapen akademiko zein pertsonalerako. Hau da, irakurmena sustatzeak errendimendu akademikoa hobetzeaz gain, bizitzan arrakasta izateko eta gizartean aktiboki parte hartzeko ezinbestekoak diren trebetasunak ematen dizkie ikasleei; eta irakasle guztien ardura dela, informazioa modu kritikoan aztertzeko, sintetizatzeko eta ulertzeko gaitasunaren lanketa; baita ere ikasleek ulermen estrategiak garatzea eta horiek erabiltzen jakitea, irakurzaletasuna txikitatik sustatzea, eta irakurtzeko motibazioa eta interesa piztea. Azkenik, hori guztia egiteko eta ikasleen garapen integralean irakurketaren garrantzia sustatuko duen ingurune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa da hezitzaileen, gurasoen eta komunitatearen arteko lankidetza.

Hemen doaz urte berrirako Olentzerori eta Mari Domingiri eskatutakoak. Bitartean, pare bat astez, behintzat, har dezagun atseden eta ingurukoen energiaz eta goxotasunaz bete gaitezen, aurrean ditugun eta etorriko diren erronkei aurre egiteko indarra beharko dugu eta.

Auto-itzulpenaz: ez nork, nola baizik

Juan Garzia Garmendia

Ahaztua ez arren, baztertuxea izan dut aspaldion neure pentsamenduetatik auto-itzulpenaren inguruko eztabaida sarria. Egokitu zaidanetan, haren kontra lerrokatu samartu naiz, baina areago zen jarrera hori inguruan zebiltzan halako kasu nabarmen batzuek eragina, inolako hausnarketa patxadatsuagoak baino. Orain ere, ezin dut esan teorizaziorako esfortzu handirik egin dudanik, baina bai apur bat argiagotu zaidala auzia neure baitarako.

Halabeharrez gertatu zait ―eta hortik gogoeta― berriro topo egitea azkenaldi honetan Samuel Beckett lagun zaharrarekin, amaitu berri den THAT TIME erakusketa zela eta. Auzi askori buruzko ustekizun askoren gainean argi egiteko ere ia paregabetzat jotzen dut nik Beckett. Autore gisa, esate baterako, nabarmen uzteko ederki idatz daitekeela hizkuntza bat baino gehiagotan. Bai: posible da, kasu batzuetan bederen, eleaniztasun oso eta betea literaturan; eta idazleak ez du zertan hautatu hizkuntza bat bakarra ofiziorako. Eta ez da Beckett, inondik inora ere, adibide bakarra. Besterik da ea bakoitzak zer egiten duen aukera horrekin.

Baina itzulpenaz dugu hemen hizpidea, eta, horretarako ere, lagun ezin aproposagoa zaigu Beckett. Hara nola etorri zaidan oraingoan kontua. Batetik, Bilboko Arte Ederretako Museoak eta Donostiako Tabakalerak elkarlanean darabilten egitasmo baten haritik, irlandarraren antzezlantxo labur bezain bihurri bat euskaratzen jarduna naiz: that time (testu guztia doa letra larririk eta puntuaziorik gabe).

Gaztelaniazko bertsiotik eta dokumentazio lanetik, berehala jabetu nintzen autoreak berak egina zela frantseserako bertsioa. Gutxitan ikusi dut hain itzulpen zintzo zehatzik. Izan ere, kulturaz egokitu beharreko erreferentzia pare bat alde batera, xehetasun ñimiño batzuk bakarrik gehitu zizkion Beckettek ingelesezko bere jatorrizkoari, eta ez testuan berean, baizik antzezpenaren muntaiarako akotazio minimalista urrietan, argiztapenari buruz. Gainerakoan, ezin berdinago dira hizkuntza bietako testuak.

Atzera jorik, oroitu nintzen kasu bera zela, bere garaian egiaztatzeko aukera izan nuenez, Waiting for Godot antzezlan luzeagoarena ere. Kontu bera han, frantsesezko bere jatorrizkotik ingeleseko bere bertsiora, kasu horretan. Orduan ere harrigarri gertatu zitzaidan hori, gure inguruan zebiltzan bertsionamenduekin alderaturik batez ere.

Ez pentsa hain inozoa naizenik pentsatzeko berdinak direla gure euskara diglosikoaren kasua eta inguruko hizkuntza nagusiagoena, baina alde hori garatzeak beste bide luze-bihurriago batera eramango gintuzke orain, abiatu garen ildo zehatzetik aldenduz (agian beste batean, ez baitu gai horrek ere mami gutxi noski).

Eta, horretan, hara non iritsi zitzaidan berria euskaraz antzeztekoa zutela nire Godoten esperoan. Nik frantsesezkotik itzuli nuen Beckettena, eta hark ingelesezko bertsiorako hartutako distantzia ―soilik kultural― minimo berari eusten saiatu nintzen ahaleginean, ustez Beckettek nahi zukeen bezala.

Jakina, libre luke edonork beste bertsio euskaldun jatorrago bat saiatzea, baldin eta hartarako gai ikusten badu bere burua, edo ―ai ama― euskara beste zer (?) bateko hizkuntzatzat tratatu behar dela baderitzo. Hori, hala ere, auto- zein hetero-, ez da, zintzo mintzo, itzulpena.

Tira. Nik ondutako itzulpenak bazuen, alde batera, ezaugarri berezi bat euskarari berari zegokiona, kontuan hartu bainuen lana enkargatu zidan antzerki-taldeko partaideen hizkera-oinarria (Bidasoaren jirakoa), nahiz guztiz batua hizkuntza. Jakinaren gainean jarri nituen horretaz orain antzeztera menturatu direnak, eta baimen guztiak eman, eta are bultzada, nahi adina lizentzia hartzeko alde horretatik beren molde erosoenera ekartzeko erregistroa.

Alde handia dago, hala ere, azaleko kontuok moldatzetik mamizkoagoak aldatzera. Eta, berriro, berdin dio nork egiten duen hori, autorea bera izan zein beste edonor obraren gainetik jartzera ausartzen dena. Kasu guztietan, errespetu-falta deritzot, hara. Itzulpen jatorretik zertan eta zergatik aldendu den garbi aitortzeak bidea eman lezake, onenean, auzioi guztioi buruzko jarrerak eta argudioak kontrastatzeko.

Interpreteen lan-baldintzen diagnostikorako bidean

Claudia Torralba Rubinos

Gabonak eta urtearen bukaera gerturatzen ari diren honetan, blog honek ematen digun ikusgaitasuna aprobetxatu nahi dut EIZIEk interpreteen lantalde bat osatu duela jakinarazi eta 2024rako asmo onen berri emateko.

Azken hilabeteotan agerian geratu da interpreteon lan-baldintzak kolokan daudela hainbat eremutan. Horren jakitun, EIZIEko interpreteok bi bilera egin ditugu udazkenean, une honetan dauden premiak identifikatu eta eman beharreko urratsak jorratzeko. Bilera emankorrak izan dira, eta hasi gara jada lehen fruituak jasotzen.

Urte berriarekin batera interpreteen lan-baldintzen diagnostiko bat egitea erabaki da, interpreteen esperientziak eta bizipenak bildurik, arloka edo lan-eremuka bereizita. Helburua da ahalik eta ekarpen gehien biltzea, interpreteen artean dagoen aniztasunarekiko lehen hurbilpen bat egin eta maizen agertzen diren kezkak identifikatzeko. Ondoren, interpreteen artean zabalduen dauden lan-baldintza zalantzagarrietan oinarritutako galdetegi bat diseinatzeari helduko diogu, premia errealetatik abiatuta sortzeko galdetegia.

Gauzak horrela, blog honek dauzkan adarrak eta adaxkak baliatu nahi ditut interpreteen lan-baldintzen diagnostikoan parte hartzeko gonbita EIZIEren mugetatik haratago zabaltzeko. Izan ere, diagnostikoak euskal interpreteen errealitatearen benetako isla izan nahi du, eta EIZIEko bazkide ez diren interpreteen ahotsa ere entzun nahi genuke, interpreteen lan-baldintzak defendatzeko neurriak hartzen ari baikara. Gure lanbidean dauden lan-baldintzek denoi eragiten digute, neurri handi edo txikiagoan. Elkartu gaitezen, bada, borroka honetan.

Badakit irakurleen artean profesional hasiberriak ere badaudela, eta batzuetan esperientzia faltak eta, askotan, gaztetasunak, tokiz kanpo eta lotsatuta sentitzera garamatzala. Bada, mezu hau zuentzat ere bada: animatu eta parte hartu. Eskarmentu handiagoko interpreteak eta etorkizuneko lankideak eta lagunak ezagutzeko modu paregabea ere bada.

Bide batez, ez nituzke aipatu gabe utzi nahi erretiratuta edo erretiratzear dauden interpreteek gure lanbidean eta gure lan-baldintzen aldarrikapenean egindako ekarpenak. Zuei esker gara orain garena.

Sakabanatuta ibiltzen garen arren, interpreteok sare sendo bat osatzen dugu, eta 2023an agerian geratu da euskararen erabilera bermatzeko funtsezko bitartekariak garela. Horregatik, 2024rako daukagun asmo ona da lan-baldintzen diagnostikoan eta beste hainbat kontutan lanean jarraitzea, bakoitzak bere aletxoa jarrita. Dena den, eta esan bezala, oso pozik hartuko ditugu aletxo gehiago lan-taldean, eta beraz, animatzen bazarete, idatzi gure Mari Domingiei: bulegoa@eizie.eus.

Badakit apur bat goiz dela oraindik, baina 2023an idatziko dudan azken sarrera denez, urte-amaiera zoriontsua eta urte-hasiera ezin hobea opa dizuet guztioi.

Segi dezagun 2024an ere 31 eskutikek ematen digun elkargune honetan eta beste batzuetan elkartzen!