Ikus-entzunezko fikzioa euskaraz

Iñaki Iñurrieta Labaien

Lehenago ere agertu da hemen euskarazko bikoizketaren auzia, horretaz nik baino gehiago pentsatu duen jendearen eskutik agertu ere, baina azkenaldian gai horri buruz aritzeko parada izan dudanez[1], berriro ekarriko ditut hona han-hemen irakurritako zenbait ideia eta arrazoi, gaiak buelta gehiago ematea merezi duelakoan.

Euskarazko bikoizketa arkeologia izango da laster, zioen Asier Larrinagak hemen duela urtebete. Nonbait, goi-mailan hartutako erabakia da hogeita hamar urtean egindako bideari amaia ematea. Eta larria sortzen dit horrek, larria sortzen dit pentsatzeak erabaki horrekin batera hemendik aurrera filmek, telesailek, ez dutela euskaraz egingo, hemen sortutako bakan batzuk izan ezik.

Gogoan dut nola, aspaldi batean, euskal telebistarik ez zegoenean, lagun batek galdetu izan zidan inoiz ea nola egiten nuen ametsetan, euskaraz ala erdaraz, “¿Tú sueñas en euskera o en castellano?”, horrela neurtu nahian-edo zenbateraino nintzen euskaldun.

Euskara ametsetarako, hau da, imajinatzeko balio duen hizkuntza izan dadin, ikus-entzunezkoetatik datozkigun mezu eta historiak ere euskaraz jaso beharko ditugu. Esan nahi dut: euskaraz ere izan beharko dugu aukera mundu zabalean kontatzen direnak ikus-entzuteko; lurralde miresgarri zein izugarrietan, iragan amestuetan edo etorkizun zientzia-fikziozkoetan ere gertatzen direnak. Hala ez bada, irudimena euskaraz ere bazkatzen ez badugu, erdara are gehiago jabetuko da gure ametsez, eta euskarak gero eta etorkizun mehar, motzagoa izango du. Nahikoa arrazoi izan behar luke horrek dagokionak auzi estrategikotzat har dezan lehen mailan jartzea euskarazko fikzioa. Euskaraz sortua eta euskarara ekarria.

Bikoizketaren kontra, bi argudio erabili ohi dira nagusiki: bat, ez da lortu bikoizketan erabilitako euskara sinesgarri egitea; bestea, bikoizketa garestia da.

Lehen argudioaren arabera, orain arte erabili den euskarak ez digu askorik balio irudimena garatzeko. Egia da gauzak hobeto egin daitezkeela. Euskara sinpleagoa, errealagoa, ulergarriagoa behar dugu, zioen Fermin Etxegoienek, eta estetika aldarrikatzen zuen etikaren gainetik. Arrazoi du, ziur asko, baina, berak emandako adibidea erabiliz, ez dut ulertzen zertan den estetikoagoa «kokodrilo», «krokodilo» baino. Dagoeneko normaltzat jotzen dugu krokodilo idaztea, baita esatea ere askok. Astebetean dozena bat aldiz entzunez gero, laster normaldu liteke edozein hitz, belarrian lehenik, ahoan gero; nahikoa da orain darabilgun hiztegia eta duela hogeita hamar urtekoa konparatzea, ikusteko zenbat hitz orduan berri arruntak zaizkigun gaur.

Gauzak hobeto egin daitezke, bai, baina euskara sinpleago, errealago, ulergarriago horrekin batera, nahitaez joan beharko dute ale berriek, gauza asko ditugu-eta esan gabe euskaraz; baita sinpleak diruditenak ere. Has zaitez euskara naturalean esaten «A sus órdenes, mi capitán», berehala etorriko zaizu norbait esanez hori ez dela erreala (baina norbait horrek gero ez du auzitan jarriko «¡Señor, sí, señor!» esaldi irrigarria, ondo janda dauka marine estatubatuarrek horrelaxe hitz egiten dutela).

Ohiturak sortzea da kontua, hots, ikus-entzunezkoetan betiere elementu berriak aurkitze hori ere ohitura bihurtzea da kontua. Euskarari ere, elur-bolari elur berria nola, ale berriak itsatsiko zaizkio ibili ahala, eta laster geratuko dira barneratuta –normalduta–, bolak handitzen jarraitzen badu.

Bigarren argudioak, ekonomikoak, dio bikoizketa garestia dela; film bat bikoizteko behar den diruaz lauzpabost film azpidatz daitezkeela. Baina horri beste konparazio hau jar dakioke parean: Goenkaleko kapitulu bat egiteko behar den diruaz, lau film bikoitz daitezke. Jakina, behar-beharrezkoa dugu geure soziologian, geure paisaia naturalean oinarritutako fikzioa, baina plantea daiteke beste hau ere: euskaraz irudimen-beharrak asetzeko, Goenkale saila bezain interesgarria litzateke Filmografia Unibertsala bilduma bat (Asier Larrinagak lehenago hemen bertan botatako ideia), filmak nahierara –bikoiztuta eta azpidatzita– ikusteko aukerarekin.

90eko urteetan, EITBk hamar bat urte zituenean, egoera soziolinguistikoan izandako eragina aipatzen zuten adituek[2]: hizkuntza-eredu estandarra hedatzen eta finkatzen, euskal aho-belarriak forma berrietara ohitzen izandako eragina; eta aurrera begira hori areagotu egingo zela uste zen, telebistak funtsezko eginkizuna izango zuela euskararen normalizazioan.

Ikus-entzunezkoen paisaia erabat aldatu da ordutik hona; orain, euskarazko telebista aukeratxo bat da beste ehunen artean. Horrexegatik komeni zaigu ditugun baliabideak –tartean, bikoizketa– hobeto erabiltzea. ETBko filmak tokiko telebistetara iristea, Zinema Euskaraz bideoklubetara, Filmografia Unibertsala bilduma izatea… Urtzi Urrutikoetxeak aipatzen zuen eredua –Europako beste zenbait herrialdetakoa: filmak-eta jatorrizkoan eta azpidatzita ikustea– motz geratuko litzaiguke guri; bikoiztutakoak ere behar ditugu: han bertako hizkuntza askoz egoera normalagoan bizi da, arnasgune gehiago ditu.


[1] UEUk eta EHUk antolaturiko Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoan.

[2] Etxebarria, I. (1994): “Doblaje y subtitulación en Euskal Telebista”, in Eguíluz, F. et al. (arg.), Trasvases culturales: literatura, cine, traducción, EHU, Argitalpen Zerbitzua.

Toteltasuna sendatzeko ariketak

Iñaki Iñurrieta Labaien

(Abenduaren 19an Euskal Liburuaren Gaua ospatu genuen Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan EEE, EIE, EIEP, EIZIE eta Galtzagorri elkarteok. Ekitaldi hartan irakurritako hitzak dira ondorengoak. Shakespeareren Soneto batzuk kantatu eta errezitatuko zirela-eta, horren nondik norakoa azaltzeko eskatu zidan Idoia Noble aurkezleak, baina nahiago izan nuen pelikula bat kontatzen hasi).

Zuetako batzuek ikusia duzue, beharbada, The King’s Speech filma  (El discurso del rey, Le discours d’un roi gure pantailetan). Film horretan kontatzen da nola gainditu zuen bere toteltasuna Erresuma Batuko errege George VI.a izango zenak, artean printzea zela. Estatu-arazo latza zen hura, printzea irratiz Erresuma osoari zuzentzen zitzaionean; esan ezinean, hitza ebaki ezinik, hitza hitzari lotu ezinik geratzen zenean, isilune betierekoan, larridura hura herritar guztien artean zabaltzen zen. Bazter guztiak hartzen zituen lotsaren itzalak.

Film horretako eszena batean, logopedak jarritako ariketa bat egiten ageri zaigu printzea: besaulki batean eserita, aurikular batzuek estaltzen dizkiote belarriak, liburua du esku artean, eta ozenki ari da irakurtzen magnetofono baten aurrean, baina ez dugu haren ahotsik entzuten. Beethovenen Zazpigarren Sinfoniako bigarren mugimendua entzuten dugu. Amaitu du irakurtzen, eta aurikularrak kentzearekin batera isildu da musika. Replay. Hasten da entzuten magnetofonoan grabatutakoa, eta Hamleten bakarrizketa famatua aditzen dugu printzearen ahotsean: «Izan ala ez izan, horra hor auzia…». Harriduraren harriduraz, aurkitzen du totelik egin gabe ahoskatu duela bakarrizketa oso-osorik.

Zer gertatu da? Bere ahotsaz eta bere hitzez beste egin behar izan du, besterendu egin behar izan du, ahotsa aurkitzeko, hitzak ebakitzeko eta hitza hitzari lotzeko. Hamleten hitzak ebakiz, inoren hitzaz baliatuta alegia, eta bere ahotsaren ordez Beethovenen musika entzunez, hasi da bere ahotsa eta hitza aurkitzen.

Ariketa hori prozesu luze, gogor baten hasiera besterik ez da. Ez dizuet pelikula osorik kontatuko. Hortik aurrera, bere baitan, barne-muinetan gorderik duen mina aurkitu eta kanporatu arte jardun beharko du. Baina orain ez zaigu prozesu hori interesatzen. Orain, honetaz ohartzea interesatzen zaigu: lehenik ahotsaz eta hitzez beste egin beharra dagoela, norberaren ahotsa eta hitzak aurkitzeko.

Analogia argia ageri zait hor itzulpenarekin. Itzultzaileak, itzulgaia aurrez aurre duenean, testu arrotz bat, hizkuntza arrotza, hots, musika arrotza aurkitzen du han. Haraino urrundu behar du, ondoren hura bere baitara ekarriz bere ahotsa eta bere hitzak aurkitzeko.

Horrez gainera bada beste zerbait: printzeak Hamleten hitzak esanez aurkitzen du bere hitza, esan dut, baina Hamleten hitzak ez ziren Hamletenak, Shakespearerenak baizik. Ala alderantziz ote? Hamleten hitzetan aurkitu ote zituen Shakespearek bereak? Besterentzeari esker aurkitu ote zuen Shakespearek ere bere hitza?

Nolanahi ere den, orain Shakespeareren Sonetoak ditugu hemen, Juan Garziak euskarari bikain ekarriak. Juanek hitzok aurkitzeko, aurrez besterendu egin behar izan du, hots, Shakespeareren baitara aldatu, haren ahotsa aditzen hasteko; gero, hura aditu eta ulertuta, bere ahotsera, hitzetara ekarri du.

Baina hemen ere lehengo galdera bera egin dezakegu: Juanenak al dira hitzok? Entzuten ditut, esate baterako, XVIII. sonetoko hitzok,

Zeruk bere begi, inoiz lar gori,
edo urrezko aurpegia lauso;
eder oro galkor, uda irudi:
berez zein zoriz Galbide du auzo.

 eta Lizardiren begietako Urte-giroen oihartzuna sumatzen dut. Eta halaxe beste zenbaitetan ere; Lizardi bezala, Etxepareren arrastoren bat adituko dut, beharbada, edo Bilintxen aztarnaren bat, edo Koldo Izagirreren oinaze zaharren bat. Juanenetan, gure tradizioko hitzak sumatzen ditut. Gure tradizio poetikoa ageri zait han-hemen, keinuka.

Eta gero ehunka esatariok gaude, Sonetoak grabatu eta grabatuko ditugunak. Ariketa polita, toteltasunaren kontra, esan ezinaren kontra gure hitzak aurkitzeko, neurri zehatzaren mende doinuari geure ukitua libre emateko; gutako bakoitzaren ahotsean mamituko dira Shakespeare, Juan, Lizardi eta enparauak. Eta entzuleonak ere badira hitzok, gutako bakoitzarengan oihartzun egiten badute.

Toteltasuna sendatzeko ariketak, beraz. Geure ahotsa eta hitza aurkitzeko ariketak.

Shakespeareren Sonetoez Euskararen Egunean

Iñaki Iñurrieta Labaien

Shakespeare boladan da gure artean; Shakespeare euskalduna, alegia. Batetik, bada hilabete herririk herri dabilela Artedrama eta Dejabu-ren Hamlet; bestetik, Donostia 2016 ere arnasa handiko egitasmo bat martxan jartzekoa omen da Shakespeareren antzezlan baten inguruan; hirugarrenik, hor dugu Mikel Laboa Katedraren proiektua, Shakespeareren Sonetoak liburuan eta CDan argitaratzekoa.

Askok izango duzue dagoeneko proiektu horren berri: Juan Garzia da Sonetoen euskaratzailea, 1995eko edizioa osatu eta hobeturik; Joxean Goikoetxeak musikaz eta Koldobika Jauregik irudiz hornituko dute argitalpena; eta ehundik gora lagunen ahotsetan grabatuko dira Sonetoak CD batean. Egitasmo kolektiboa, inondik ere, euskal kulturaren eremuan gabiltzan hainbat itzultzaile, idazle, aktore, kazetari, irakasle… biltzen dituena; era, joera eta kolore askotako jendeak hartuko du parte.

Zer esan Shakespeareren Sonetoak euskaratzearen esanahiaz? Oskar Aranak, orain egun batzuk, hainbat arrazoi eman zituen Bruce Springsteen-en kanta bat itzultzeko. «Gogoak eman ahala beste hizkuntzetako testuak euskaratuz, zabaldu egiten dugu euskararen eremua», zioen, besteak beste. Horrek balio du Shakespeareren kasuan ere. Munduratu egiten gara, Shakespeare ─mundu osoarentzat literatur ikur, erreferentzia nagusi, behinenetakoa─, euskaratzen dugunean; eta munduaren zati bat geuretzen dugu Skakespeare geure alorrera ekartzean.

Horretarako, Juan Garziak euskal tradizioko baliabideak erabili ditu, jakina; ezin bestela izan. Hartara, Sonetoen probaleku zail horretan baliatu, berritu, ahalagotu du euskal tradizio poetikoa. Lantegi horretan, zedarri zorrotzak jarri dizkio bere buruari: Shakespeareren errima-eskema berari egin dio men; ez du ametitu ez sinalefarik ez hitz-laburdurarik (hots, uko egin die bertsolarien errazbide ohiko horiei). Bestetik, hala egin dituen hautuetan (adizki trinkoen erabileran, kontzeptu abstraktuen pertsonifikazioan…) nola hizkuntzak berak behartu duen estilizazio-trinkotzeetan (aditz laguntzailearen elipsiak, mugagabearen erabilera…), hizkuntz eredu dotore, jaso, klasikoen oihartzunez betea lortu du. Euskal belarriak Etxepare, Oihenart, Lizardi eta beste hainbaten oihartzunak sumatuko ditu Shakespeareren Sonetook entzutean-irakurtzean.

Hatsa hats, begia begi direino / hitz bizi hau biziz zaude, maiteño.

(So long as men can breathe or eyes can see / so long lives this, and this gives life to thee, XVIII. sonetoan).

Huts min hau dute min huts haren sari.

(and moan th’ expense of many a vanished sigh, XXX. sonetoan).

Horrelako perlak hamaikatxo aurkituko ditu entzule-irakurleak. «Baina hori ez da Shakespeare» esan lezake norbaitek. Esaldi horrek ez du zentzurik. Ingeles batek gaur Shakespeare irakurtzen duenean, ez du irakurtzen, ezin du irakurri, Shakespeare «jatorrizkoa»; ez du irakurtzen, ezin duelako, Shakespeareren garaian, duela 400 urte, irakurtzen zuten Shakespeare bera. Izan ere, kontu hau estu eta zorrotz hartuta, testu bat ezin da irakurri berdin bi aldiz; denboraren harian, gu, ingurua, Mundua, Bizitza, aldatu egin garelako eta, beraz, testu hura esanahi gehiagoz jantzi eta osatu, aldatu delako. Pierre Menarden Kixotea ez zen Cervantesen Kixotea, nahiz eta letraz letra, hots, literalki, berdin-berdina izan; Cervantesena baino Kixote aberatsagoa zen Menardena[i].

Beraz, abiapuntu hori hartuz gero, hortik aurrera dena dugu irabazteko. Dena dugu irabazteko, geure Shakespeare egin, asma, osa dezakegulako, geure neurrira, geure tradizioaren arabera, geure tradizioaren ondorio bihurtuta.

Shakespeareren unibertsoa aberastu egin da 400 urteotan egin diren bertsio guztietako bakoitza agertzearekin batera; dela jatorrizko hizkuntzan egin zaizkion irakurketetan, dela beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan. Shakespeareren garaian Sonetoek zuten esanahia, sortzen zituzten oihartzunak, ugaritu, aberastu, eraberritu egin dira harrezkero, hartaz egindako bertsio, interpretazio, itzulpen bakoitzarekin.

Denborak hobetu egiten ditu testuak. Itzulpenetan, aukera eta ahal berriak agertu ohi dira, aurrez ez zeuden alderdi berriak aurkitzen-sortzen dituztelako.

XXX. sonetoan, esate baterako, irakurriko dut «oinaze zahar gogoan emanok», eta Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera poemarekiko lotura piztuko zait beharbada; hori ez da gertatuko ingelesez bertso-lerro horri dagokion «the sad account of fore-bemoanèd moan» irakurtzean. Edo XXXIII.ean, «argi bezain arin, arinik bazen» irakurri, eta igoal etorriko zait gogora Bilintxen «huraxe bai polita / han politik bazan». Hala, lotura, alderdi, ertz berriak aurkituko dizkiot Shakespeareri. Sonetoen bertsio honi esker, osatuago da orain Shakespeare.

Eta honenbestez, balia nadin abagune honetaz iragarpena egiteko: Shakespeareren Sonetoen ale batzuk errezitatuko dira aurki egitekoa den Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian; urtero EIZIE, EIE, Galtzagorri, Editoreen eta Ilustratzaileen Elkarteek batera antolatzen duten festan. Gonbidatuta zaudete.


[i] Iñigo Roquek duela pare bat hilabete hementxe bertan aipaturiko liburu batez baliatu naiz artikulu honetan: Borges y la traducción, Sergio Waissman (Adriana Hidalgo, 2005). Eskerrak, Iñigo.

Aditza aurreratzeaz: zehar-galderak

Iñaki Iñurrieta Labaien

Zehar-galderetako aditzaren posizioari buruz jardungo dut gaur, eta Juan Garziak Aditza amaieran artikuluan esandako hau gogoratuz hasiko naiz:

Euskararen joskera (kasu honetan, perpausen menderakuntza) postposizioetan oinarriturik egonik oro har, eta postposizioak aditzari lotzen zaizkionez, ia fisikoki eskatzen du sintaxiak, kasu askotan edo gehienetan, menderagailua erantsiko zaion perpausaren amaieran egotea aditza. Zentzu horretan, bada, ez dago zalantzarik oinarrizko hitz-ordenaz.

«Kasu askotan edo gehienetan», dio Juanek, eta hain zuzen ere hortik kanpo geratzen diren kasu batzuk ekarri nahi ditut hizpidera: zehar-galderak. Zehar-galderek joko handia ematen dute esaldi luzeak irakurgarriago egiteko, nola eta aditz menderagailuduna aurreratuz, hain zuzen ere.

Duela hogeita hamar urte, esate baterako, gaur baino usuago erabiltzen ziren honelako esaldi zehar-galderadunak:

Lan honek 12 urteko ikasleek klima-aldaketari buruzko unitate didaktiko batean nola argudiatzen duten aztertzen du.

Orain, berriz, «esaldi mota horrek joera du aditza amaieran ez kokatzeko», Juanen hitzez baliatuta esateko. Alegia, beste hitz-ordena hau erabili ohi dugu askok:

Lan honek aztertzen du 12 urteko ikasleek klima-aldaketari buruzko unitate didaktiko batean nola argudiatzen duten.

Hots, nahiago dugu aditz nagusia aurreratzea. Izan ere, –ela erako perpaus osagarrien antzera, zehar-galdera horiek ere aditz nagusiaren ondorengo galdegaitzat irakur daitezke eta irakurri ohi dira.

Ezer berririk ez, orain artean. Aipaturiko artikuluan, Juanek aditza amaieran ez daramaten esaldi moten zerrenda behin-behineko bat egiten du, eta zerrenda horretan ageri da, bai, zehar-galderadun esaldi bat, osagarri jokatua daukatenen artean agertu ere (nahiz eta adibide gisa osagarria jokatu gabe duen esaldi bat datorren: «Jakingo du zer egin film horrekin»).

Gaur egungo estandarrean, hala ere, esan liteke hori baino aurrerago iritsiak garela (itzultzaile asko bai, behintzat). Esaldi mota horiek badute joera (alegia, esaldi mota horiek erabiltzen ditugunok badugu joera) aditz menderagailuduna amaieran ez jartzeko. Adibide horretan, hain zuzen ere, aditz nagusia aurreratuz gero, zehar-galderaren aditza ez dago azkenean jarri beharrik, nahiz eta menderagailua eraman:

(Lan honek aztertzen du) nola argudiatzen duten 12 urteko ikasleek klima-aldaketari buruzko unitate didaktiko batean.

Gero eta gehiago erabili ohi dut, beste askok bezala, hitz-ordena hori, non aditz nagusia ez ezik zehar-galderakoa ere aurreratuta ageri den:

Labur-labur azaldu dugu zer diren lanaren neurria eta lanpostuen balioespena.

Lehenengoek adierazten dute zein inguruabarretan ez duen balio enuntziatuak.

Kontua ez da horretan amaitzen, ordea. Egitura konplexuagoetan ere, zehar-galderak ematen du aditza aurreratzeko aukerarik. Esate baterako, beste menderatu baten menderatu denean. Horren kasu berezi bat dira nagusi batez eta bi menderatuz osatutako esaldiak (nagusia + t(z)eko helburuzko menderatua + menderatuaren menderatu den zehar-galdera). Hor ere eman ditugu aurrerapausoak (adizkiak aurreratzeko pausoak); azken urteotan, esango nuke. Duela hamar urte, esate baterako, honelatsu ordenatuko nuen egitura hori duen esaldi hau:

León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da deskribatu dudan erretorika horrek nola funtzionatzen duen aztertzeko.

Akatsik gabea da hitz-ordena hori, eta gaur egun ere, joerak joera, ez zaigu arraroa iruditzen, baina orain (duela lauzpabost urtetik hona?) nik nahiago dut beste hitz-segida hau halakoetan:

León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da aztertzeko nola funtzionatzen duen deskribatu dudan erretorika horrek.

Hor, «nola funtzionatzen duen aztertzeko» segida ohikoa alderantzikatu da, bestela ez baitzen posible zehar-galderan ere aditza aurreratzea:

*(León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da) nola funtzionatzen duen deskribatu dudan erretorika horrek aztertzeko .

Zehar-galderak, beraz, beste esaldi menderatuek ez bezala uzten digu aditza aurreratzen. Baina oraindik ere etekin gehiago atera diezaiokegu. Batzuetan, zehar-galderaz baliatu izan naiz, itzuli beharreko esaldi bat bestela irakurgaitz geratzen zitzaidala-eta, nahiz eta jatorrizkoan zehar-galderarik agertu ez. Esate baterako, honako esaldi hau euskaratzen hasita:

Es bien sabido que la verdadera motivación se produce cuando los alumnos descubren el placer de utilizar un nuevo conocimiento para entender un libro, resolver problemas, explicar los fenómenos que suceden a nuestro alrededor, interpretar un cuadro o escuchar música.

Orain urte batzuk, eskarmentu gutxiago nuenean, honelatsu emango nuen, beharbada:

Gauza jakina da benetako motibazioa ikasleek ezagutza berri bat liburu bat ulertzeko, buruketak ebazteko, inguruan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko, margolan bat interpretatzeko edo musika entzuteko erabiltzeko plazera aurkitzen dutenean gertatzen dela.

Gaur egun, berriz, gero eta ohitura handiagoa dut halakoetan zehar-galderara jotzeko:

Gauza jakina da noiz gertatzen den benetako motibazioa: ikasleek ezagutza berri bat erabiltzeko plazera aurkitzen dutenean liburu bat ulertzeko, buruketak ebazteko, inguruan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko, margolan bat interpretatzeko edo musika entzuteko.

Bai, hor zehar-galdera sartzeaz gainera bada besterik, bi puntuak alegia. Puntuazioaren erabilera estrategikoaz ere ohartuz joan baikara pixkanaka.

Zehar-galderetan ez ezik, beste menderatu batzuetan ere sumatzen dira aditza aurreratzeko joera berriak (batez ere idaztea eguneroko ofizio dugun idazlarion artean, esango nuke: itzultzaile, kazetari, idazle profesional…), baina horietaz, hurrengo batean.

Begietan ehoki

Iñaki Iñurrieta Labaien

Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzultzeko asmotan omen dabiltza hango hiru lagun, hizkuntzalari eta itzultzaileak hirurak, berriki Etxepare Institutuaren bitartez jakin dudanez.

Nola hartuko ote dituzte irakurle japoniarrek XVI. mendeko apaiz euskaldun haren poema amodiozkoak? Euskarak ematen dizkion berezitasunak ezkutaturik, sumatuko al diote ezer Mendebaldeko beste hizkuntzetan garai haietan egiten zen poesiatik bereizten duenik? Ziur asko, halako distantziatik, Europako tradizioaren molde nagusietan berdindurik ikusiko dute Etxepare.

Hori baino lehen, itzulpengintzara bertara joz: nola konponduko ote dituzte hiru adituok zeregin horretan sortuko zaizkien arazoak? Demagun bertso hau:

Amore bat onhetsi dut guziz soberatuki
Ene arima eta bihoza iosi dira hareki
Haren irudi ederrori begietan ehoki
Hartzaz orhit nadinian bihoza doat ebaki.

Nola itzuliko dute «Amorosen partitzia» izeneko poeman datorren begietan ehoki hori? Ez dute lantegi erraza. Hasteko, hemen ere ez gatoz bat hitzon esanahiaz. Irudi horren hiru interpretazio behintzat badira gure artean: Mitxelenarena, Lafonena eta Azkuerena. Honela dio Patxi Altunak LVPren edizio kritikoan: «Lafon eta Mitxelena ez dira iritzi bereko hitz honezaz (ehokiz); Lafonek egoki-ren aldaera dela (…), Mitxelenak nekez daitekeela eta eho-tik sorturikoa dela; hots, ekarki, izaki eta bezala, gerundio gisakoa. Azkuek biak baino lehenago partizipiotzat jo zuen, eduki-ren pareko edo»[1].

Bide horretatik itzultzen du Lafonek «sa belle image est sans cesse dans mes yeux»[2] (eta haren ildotik ematen du Lino Akesolok gaztelaniaz «fija está en mis ojos su hermosa figura»).

Mitxelena hizkuntzalari zorrotz, kopla gutxi ametitzen zituen hari hizkuntza-irudimenak iradoki zion, kasu horretan, beste bien irudimenean sartzen ez zen irudia. Poesia-irakurle hobea zelako, apika? Begietan eta ehoki hitzek osatzen duten binomioa poetikoki posible zela onartzen zuelako; beste biek ez bide zuten sumatu halakorik, edo beharbada ez zuten uste posible zenik euskaraz eta XVI. mendean, modernoegia zelako-edo.

Mitxelenarena da, noski, poetikoki ederrena, baina ez dut oso gogoko haren interpretazioari men egiten dion beste itzulpen hau, «esa su bella imagen, molienda en mis ojos»[3]. Molienda hori gizenez betea iruditzen zait ehokiren fintasunaren ordain gisa. Horrez gainera, badut beste arrazoi bat: eho aditzak bi esanahi desberdin ditu, eta itzulpen horretan bietako bat aukeratzen da —eta beraz, bestea baztertzen—. Baina Mitxelenak ez zuen argitu, nik dakidala, bietako zein egozten zion kasu horretan Etxepareri. Hona bi esanahiok (Orotarikoari jarraitzen natzaio):

1) Birrindu, xehatu; kafea, garia, artoa, eho egiten dira («Ezin dau eio (eho) ez garirik, ez artorik ez ezer», Otxolua), eta, adiera figuratuan, baita ere bihotza («Nemesiori bihotza eho zioten», Haranburu) edo oroitzapenak («Ez zuen errotarriak eho haren oroitzapena», Mitxelena).

2) Jo, ehundu: zapiak eta ehunak ere eho egiten dira, hariz egiten dira («Nekatuten dira () ezertarako ez dan euna eijoten (ehotzen)», eta, bide horretatik, baita edermena edo lilura ere («Edermena ez degu guziok margo bereko ariez eioa», Lizardi; «Haurtzaroak eio zuen liluraren sare argala», Mitxelena).

Lehenaren arabera, Etxepareren maitalea emakumeari begira jarri da, haren irudi ederra sorik so begietan xehatu eta birrindu arte.

Bigarrenaren arabera, berriz, alderantzizkoa litzateke prozesua: irudiari begira, haren irudia ehunduz joango litzateke, eratuz, osatuz…

Posible ote da bi adierak batzen dituen erabilerarik? Poesian bai, apika. Bi faseko prozesu bat balitz bezala: lehenik desegin arte mamurtzen dut irudia, nola mamurtzen eta murtxikatzen dudan ogi-pusketa bat, eta ondoren, neure eginik eraikitzen dut sentimenaren begietan…

Dena den, hor bada beste kontu interesgarri bat: tradizioarena. Mitxelenak erakusten digu tradizioa aurkitu egin behar dela, aurkitu egin daitekeela; eta aurkitu eta sortu aditzak elkarren ondoan ibil daitezkeela tradizio-kontuetan. Tradizioko hainbat ale hor daude, in potentia, guk argitara noiz aterako, noiz baliatuko zain.

Mitxelenak arrazoi duen ala ez, berdin dio: interpretazio zoragarria iradoki zigun. Ez dakit gaur egungo poetek erabili izan duten, baina hor dago nahi duenarentzat, tradizioan sarturik dagoeneko, bidea egiten hasteko moduan, halakorik erabakitzen badugu.

Horrelako perlak egingo zaizkie apika harrigarri japoniarrei.


[1] Bernard Etxepare, Linguae Vasconum Primitiae (Edizio kritikoa), Patxi Altunak paratua, Bilbo, Mensajero, 1980.

[2] Olerkiak, Bernat Dechepare, Lino Akesolok apailatua, Donostia, Txertoa, 1978.

[3] Koldo Mitxelena entre nosotros, Alberdania, 2001. Liburuaren apailatzaileen itzulpen hori dator oin-ohar batean.

Errekeitu gaixtoan

Iñaki Iñurrieta Labaien

«Ondo da» huts batez erantzun nion 31 Eskutiken emailari joan den astean, aurki post hau bidaltzea tokatzen zitzaidala gogorarazi zidanean. Errazegi. Errazegi erantzun nuen «ondo da», zertaz eta zer idatzi erabakita neukalakoan. Oihenarten olerki bateko «errekeitu gaixtoan» esamoldeaz jardun nahi nuen.

Errekeitu gaixtoan, halaxe ageri da poeta olerki batean, maiteminak jota maitearen erantzunaren bila, zain:

Gero zuzaz / zeinen luzaz / ukaturik nagoan, / eta halaz / hambat alaz! / errekeitu gaixtoan.

(«Gero ere zeinen luzaz nagoen zuk ukaturik, eta hala, ai!, honen harrera gaiztoan» dio orri barreneko oharrak Larresorok apailatutako 1971ko argitalpenean. Baita beste hau ere: «Errekeitu gaixtoan = mauvais traitement (Lafon) »).

Zoragarria iruditzen zitzaidan «errekeitu gaixtoan» hori. Etxepareren «amorez errekeritzia» olerkiko errekeritze hitzaren erro bereko jotzen nuen Oihenarten errekeitu, nahiz eta Larresorok ematen dion esanahiak, «honen harrera gaiztoan», eta Lafonenak, «mauvais traitement», beste interpretazioren baten zantzuak erakutsi. Hala, errekeitu gaixtoan, hots, maite eske, nahi zuena lortu ezinik, eskale mindu baten egoera eskasean imajinatzen nuen poeta, Margarita izeneko andre eder baten ukoa jasota.

Etxepareren hitz erdal kutsukotik Oihenarten esamolde jator adierazkorrerako jauzia iruditzen zitzaidan harrigarria. Argi ageri zen hor, egiten nuen, nolatan naturaldu daitekeen hitz edo esamolde bat, arrotz izatetik zaharrenek darabilten modismoa izateraino.

Oso esamolde adierazkorra iruditzen zitzaidan, bestalde, gaur egun eta poesiatik kanpo erabiltzeko ere. Errekeitu gaixtoan dabil nahi eta ezinean, zerbaitekin burutu ezinik dabilena.

Hori guztia azaltzeko asmotan jo nuen hiztegietara, errekeritu eta errekeitu hitzez zer dakarten ikusteko eta hango bermea eta adibideak hartzeko.

Alferrik bilatuko duzu errekeritu hitza Hiztegi Batuan, Elhuyarren, Senezen, Euskaltermen. Bai, ordea, Harluxet-en: (Ipar.) (zah.) 1. Hertsatuki eskatu. 2. ZUZ. Errekerimendua egin.

Orotarikoan badator, jakina. Etxeparegandik aurrera, XIX. mendearen hondarrera arte, iparraldeko hainbat eta hainbat idazlek erabili dute; hegoaldean, berriz, Lazarragak eta beste bakanen batek.

Nolatan hauta zezakeen Etxeparek errekeritu erdal kutsukoa, eskatu eta galdatu jatorragoak hor izanda?, Poesia-tradizioagatik, ziur asko. Mende batzuk lehenago, Okzitania osoan nagusitu zen trobadore proventzarren poesian hasten den sokan etorritako hitza dateke errekeritu. Harluxet-ek bereizten dion adiera tekniko juridikoak erakutsiko luke hori. Izan ere, XII.-XIII. mendeetan nagusitu zen hizkuntza poetikoa, proventzar trobadoreena, halako terminoz josita zegoen; feudalismoan jopuen eta jaunen arteko harremanak adierazteko erabiltzen zen lexikoa pasatu zen trobadorearen (jopuarena eginez) eta damaren (jaunaren) arteko maite-harremanak adieraztera. Eredu hori, Okzitania osora ez ezik, Italia, Katalunia, Gaztela eta hainbat lekutara hedatu zen. Eta ereduarekin, lexikoa ere bai noski. Requerimiento, requisitoria, requisitoire hitzek erabilera juridikoa dute gaur egun ere; hor ditugu, bestalde, recuesta (de amor, amorosa), eta haren pareko  frantsesa, requête, idatzizko nahiz ahozko auzi eskea esan nahi duena.

Orotarikoan berme bila hasi nintzenean, ordea, dena pikutara. Errekeitu hitzari bi jatorri ematen dizkio OHEk, bi hitz desberdinetara bideratzen du: errekaitu eta errekeritu. Oso esanahi desberdinekoak; izena bat, aditza bigarrena. Nik errekeritu nahi eta hara jo nuen lehenik, baina ez nuen aurkitu Oihenarten errekeitu gaixtoaren aztarrenik. Bai, ordea, bestean, zeinak oso bestelako esanahia baitu: «cuidado, atención, remedio, medicina, provisión». Esanahi hori ematen dio Orotarikoak. Esanahi hori eman zioten, berandu ulertu nuen, Larresorok eta Lafonek ere, batak «harrera gaiztoa» eta besteak «mauvais traitement» itzuli zutenean.

Eta halaxe geratu nintzen, post hau idatzi behar eta esku hutsik bat-batean, Orotarikoan behaztopa eginik, errekeitu gaixtoan.

Back to Leizarraga

Iñaki Iñurrieta Labaien

Diodan bertatik, badaezpada: izenburu hori ez da nik asmatua. Arestiri hartu diot. Hauxe idatzi zuen bilbotar poetak 1972ko «gau erdiren batean», Hiztegi Tipiaren sarrerarako: Zinki eta finki esperatzen dugu (akaso euskara unibertsitateen paret-artean murgilduko denean), etorkizuneko jenerazioek derrigor itzuli beharko dutela «back to Leizarraga». Ortografiaz eta hiztegi-kontuez ari zen, baina sintaxi-kontuez ere badugu zer ikasia Beskoitzeko apaizarengandik.

Jesus Maria Agirrek estilo jarraituaz jardun zuen bere azken sarreran, eta iruzkin segida interesgarria etorri zen ondotik. Prosa lotuaren beharraz, sinplea/erraza bitasunaz, plain language edo hizkera argiaren aldeko joeraz… Bat egiten dut han esandako hainbat gauzarekin. Askotariko estiloak behar ditugu, luzean zein laburrean jokatzeko, noranahi iristeko modukoak.

Egia da hizkera espezializatuen konplexutasunak estilo sintaktikoki konplexua eskatzen duela askotan. Bestetik, plain language delakoa, hizkera argia, ez da euskararen ezaugarri sintaktikoek halabeharrez ekarritako zerbait; beste hizkuntza batzuetatik iritsi zaigun kontzeptua eta xedea da; azken buruan, kalitate demokratikoarekin du zerikusia. Bestalde, testu jarraitua eta aldi berean korritzen duena idaztea ez da erraza, baina ezta sinpletasun betea lortzea ere. Orain, dena den, badirudi luzean egiten dugula batez ere herren.

Ez da kontu berria, Villasantek ere idatzi zuen gaiaz orain 25 urte. Europako hizkuntza garatuen kultur prosa aldarrikatzen zuen euskararentzat ere, eta horretarako euskaran bertan genuela eredua. Gure prosista zaharrak aztertu behar genituzke, zioen, ahazturik dugun gure tradizio zaharra berraurkitzeko[1]. Badira hogeita bost urte frantziskotarrak hori idatzi zuela, eta urteotan asko landu da euskal prosa, asko itzuli da, baina oraindik ere hortxe ari gara gai berari bueltaka.

XVI. mendean hasten da gure tradizioa. Garai hartan, Europako hizkuntzak latinari ari zitzaizkion nagusitzen; nola, eta latinaren ereduari jarraituz. Besteak beste, latinak grekoari hartutako periodoak eta klausula periodikoak moldatzen ikasiz (periodoa: perpaus nagusi bat eta haren bueltan zenbait mendeko; klausula periodikoa: batez ere koordinazioz lotutako perpausek osatutako esaldia[2]). Pentsamendua horrela antolatzeko eredu hori, hain bistakoa iruditzen zaiguna, hain naturala, grekoek hasi eta latindarrek segida eman eta garatua da. Europako hizkuntzek eredu horri jarraitu zioten. Baita euskarak ere; ezinbestean, hots, ez zuelako besterik.

Leizarragaren testuetan[3] nabari-nabari ageri zaizkigu esaldi periodiko horiek. Hemen adibide bat:

Guk dugu sinhesten,
ezen fedean Espiritu sainduaren grazia sekretuz iluminatzen garela,
halako maneraz non hura baita jainkoak plazer dienei emaiten drauen dohain graziazko bat eta partikular bat;
hala non fidelek ezpaitute zertzaz glorifika ditezen,
baina dirade obligatuagoak,
zeren bertzetarik abantail preferitu izan diraden;
eta etzaie elejituei fedea emaiten behin bide onean ezartzeko solament,
baina finerano hartan kontinua eraziteko ere bai;
ezen hatsea bezala akabatzea ere Jainkoari apertenitzen zaio.

Pasarte hori dena segidan dator jatorrizkoan, baina nik esaldi periodikoa osatzen duten perpausen arabera zatitu dut, errazago ikus dadin nola dagoen artikulatua eta bildua prosa molde hori, jarraitua eta korritzen duena aldi berean; errazago suma dadin darion erritmoa, zeinean zerikusi handia baitute lerro bakoitzaren hasieran beltzez jarri ditudan bide-seinaleok: testuari koherentzia eta kohesioa emateko erabili diren lokailuak, sintaxia egituratzen duten juntagailuak, izenordain erlatiboak.

Bide-seinaleak: testu irakurgarriak egiteko ezinbesteko gakoetako bat, atzerakarga ezinezkoetatik babesten gaituztenak; ezinbestekoak, irakurketan abiatzen garenean, estropezu eta atzera-aurrerarik gabe jomugara iristeko.

Herenegun bertan zioen Igone Zabalak bere sarreran, sintaxi-kateak prozesatzeko erraztasun-maila zuzenki proportzionala da sintagmen buruetara heltzeko prozesatu behar den hitz-kopuruarekin; horrek azaltzen du zergatik SOV tipologiako hizkuntzetako hiztunek ere —besteak beste, euskaldunok— nahiago dituzten (ditugun) aditzak eta mendeko perpausen konplementatzaileak aurreratuta dituzten esaldiak, subjektuaren eta aditzaren artean tartekatutako osagai askoko kate luzea gertatzen denean.

Lan horretan, pausaleku zaizkigun eta nora goazen jakiten laguntzen diguten bide-seinaleak behar ditugu. Denoi pasatu zaigu, askotan, Asier Larrinagak Igonerenak iruzkinduz kontatzen zuena ere: abiatu gara testu bat irakurtzen, eta bidean aurrera samar, ohartu gara oker irakurtzen ari ginela testua, eta atzera-martxa sartu behar izan dugu. Bide-seinale egokien faltaz gertatu zaigu hori, noski.

Trebatu beharra dugu geure testuetan eraikitzen ditugun bideak seinale egokiz hornitzen, bertatik ibiliko direnak ahalik errazen bidaia dezaten, proposatzen zaien paisaiaz ondo jabetuz, arreta osoa gida-lan nekosoan jarri beharrik gabe. Eta horretarako, komeni zaigu back to Leizarraga eta beste idazle zaharretara itzultzea.


[1] A. Luis Villasante, Euskararen auziaz, 1988.

[2] Helen Dill Goode, La prosa retórica de Fray Luis de León, Gredos, Madril, 1969.

[3] Joannes Leizarraga, Euskal protestantismoa zer zen, Lur, 1970.

Lazarragaz eta Euskal Errenazimentuaz

Iñaki Iñurrieta Labaien

Aurreko postean, Lazarraga aipatu nuen, bere garaikide Etxepare eta Leizarragarekin batera. Banekien Pruden Gartziak idatzia zuela liburu bat hartaz. Maiatzaren 4an, larunbatarekin —nire idatzia hemen agertu zen egunean— heldu nion haren Lazarraga. Ernazimentua euskaraz liburuari. Bi ekinalditan irakurri nuen, jakin-minaren jakin-minez, eta atera nuen lehen ondorioa izan zen nire post hartan esandakoetan ez nuela huts handirik egin, nik ere Lazarraga «gaztetxo burubero eta maitati bat» imajinatu nuenean. Baina, horrez gainera, hainbat gauza jakingarri eta interesgarri ikasi nituen:

Liburuaren ideia nagusia, batetik: Lazarragaren eskuizkribua zinezko mugarria dela euskal historian, eraldatu egin dezakeela orain artean euskaraz eta euskal literaturaz izan dugun ikuspegia, funtsean Mitxelenak ezarria: Euskal Herriko eliteek —Eliza izan ezik— albo batera utzitako kultura zela euskarazkoa; hemen euskara idatziak eliz kontuetan baino ez zuela garapenik izan Errenazimentuko eta Aro Modernoko lehen mende haietan.

Prudenen liburutxoan, ordea, beste ikusmira arras desberdin bat ageri zaigu. Lazarragaren poemetan ispilatzen dena paisaia errenazentista da: Gebarako gorteko (poetaren bizileku inguruko) dama eta jaun gazteak, amodio giroko poesia-jolasetan bildurik; noblezia txiki euskalduna, euskaraz naturaltasun osoz bizi zena, «Ataun bezain euskalduna izan zitekeen Larrea Arabakoan».

Azaltzen zaigu, halaber, nola Lazarraga lehenengoetakoa izan zen Europa osora zabaldu zen italiar Errenazimentuaren korrontean bere Dianea artzain-eleberriaz. Azpigenero hori Jaime de Montemayorrek inauguratu zuen Espainian, 1659an, La Diana argitaratu zuenean, eta haren bidez zabaldu zen Europara. Lazarragarena handik urte gutxira idatzia da, 1664-1667 artean; geroagokoak dira Cervantesen eta Lope de Vegaren lehen liburuak, azpigenero horretakoak hain zuzen ere —Galatea (1585) eta La Arcadia (1598), hurrenez hurren—; geroagokoak Ingalaterran agertutako lehen aleak ere, Sidneyrena (mende amaieran) eta ondorengoena, zeinetan oinarritu baitzituen Shakespearek berak bere antzerki-lan ezagun batzuk, The Winter’s Tale eta Two Gentlemen of Verona, besteak beste.

Historiografiaren ustelaz ere esaten zaigu zerbait Prudenen liburuan: nola historialari arabarrek ez ikusi egin dioten Arabako historiaz orain urte batzuk kaleratutako liburu batean —Arabaren historiaren bertsio kanonikoa izan nahi duen liburuan (hala diote egileek hasieran)— euskarak Araban izandako presentziari. Kapitulu bakar batean izan ezik, irudi luke ia ez dela euskararik izan Araban. «Guztiz harrigarria», dio Prudenek, «ustez goi-mailakoak diren ikerlarien eskutik. Zinez esplikaezina termino akademiko arruntetan». Esplikaezina? Onartezina, hainbat campuskidek, hasi Mitxelenarengandik eta ondorengoetara, gai horretaz argitara eman izan dituzten lanak ez ezagutzea; edo, ezagutuz gero, ez ikusi egitea.

Bide batez, kontatzen zaigu nola, Lazarragaren garaitsuan, Errenazimentu protestante baten hastapena izan zen Iparraldean, Joannes Leizarragarekin irekitako bidea, protestantismoaren hedapenarekin batera alfabetatzearen hedapena ekartzeko helburua zuena, Albreteko Joana erregina humanismoan ondo heziaren bultzadaz; nola 1572tik aurrera Frantziako erlijio-gerrek errotik moztu zuten, behin betiko, euskal letren loraldi eder izan zitekeena.

Liburuaren laugarren eta azken saiakeran, badira pasarte polit askoak Lazarragaren eta Cervantesen arteko harreman posibleez. Hasteko, hainbat paralelismo bien artean: urte berean eta agian hilabete berean jaioak ziren biak; biek idazten zituzten poemak 18-20 urte zituztela; 1567ko maiatzean, bi-biak zeuden Madrilen. Berez dator galdera: elkar ezagutu ote zuten? Bada hipotesi horren aldeko zantzurik. Kixotean (II. partea, 16. kap.) datorren pasarte hau, kasu:

(antzinako poeta guztiak) ez ziren atzerriko hizkuntzen bila joan; eta hau horrela izanik, arrazoizkoa litzateke ohitura hau nazio guztietan hedatuko balitz, eta aleman poeta ez gaitzestea bere hizkuntzan izkiriatzen duelako, ez gaztelaua, ez eta berean izkiriatzen duen bizkaitarra ere.

(Jakina denez, euskaldunoi vizcaíno esaten ziguten garai hartan). Harrigarria da hor euskara aipatzea gaztelaniaren edo alemanaren parean. Cervantesek Lazarraga bide zuen gogoan hitzok idatzi zituenean, iradokitzen digu Prudenek, eta nahikoa arrazoibide sendoak eta aintzat hartzekoak ematen ditu. Ez naiz luzatuko, nahi duenak hor du liburua.

Beste zantzu harrigarri bezain polit bat: XV. mendean, izan omen zen beste Joan Perez de Lazarraga bat, gure poeta gaztearen arbaso bat, ezagun egin zena Gasteizko kaleetan zaldi gainean lantzaz ibiltzeagatik, orroka eta zemaika: zaldun zoro bat, zaldi gainean lantzaz eta ezkutua eskuetan, bere irudimenean baino ez zeuden ustezko etsai batzuei oldarka. Hor ere berez dator galdera: benetako istorio horretan inspiratu ote zen Cervantes bere pertsonaia asmatzeko? Lazarragaren beraren edo ingurukoen bidez jakin ote zuen?

Irudimenaren bidetik ari da Pruden, eta galdezka. Eta arrazoiak emanez, kausak eta ondorioak modu zentzuzkoan lotuz. Lazarraga eta Garibai senideak ziren; Garibairen bigarren emaztea, berriz, Cervantesen senidea. Bi familiak elkarrekin joan omen ziren Valladolidera XVII. mende hasieran… Eta beste hainbat datu, Cervantesek Gasteizekin izandako harremanez.

Hasieran esan bezala, berehala irakurri nuen liburutxoa, galde-erantzunen katean loturik, ote-oteka luzatzen diren hipotesien haritik. Suspenseaz ere baliatzen baita egilea, eleberririk erakargarrienetan bezala: galdera edo hipotesi bat planteatzen dizu atal baten amaieran, eta ondotik «hurrengo atalean azalduko dut hori».

Beste hainbat gauza jakingarri dakartza liburutxoak, baina bat aipatuz amaituko dut: Prudenek egiten duen gomendioa, Gandiagaren Uda batez Madrilen liburuan Kixoteari eskainitako orrialdeak irakurtzeko (119-133 or.). Zinez harrigarri gertatzen dira han esaten direnak gaur egun ikusten, entzuten eta irakurtzen ditugunen argitan.

Zeinek zein (Hazi sokratikoa II)

Iñaki Iñurrieta Labaien

Gauza guztiek dute hasiera edo lehen aldi bat, Alfontso laguna. Baita zein erlatiboak ere, esate baterako. Noiz agertu ote zen lehen aldiz?

Erantzungo diot galdera horri, baina, aurrez, utzidazu esaten ezen, lehen aldiz agertu zenean, bitxia, bortxatua, euskara gaiztoa… irudituko zitzaiola hura entzun/irakurri zuen bat baino gehiagori; artean sortu gabe genuen Euskaltzaindia, baina orduan ere asaldatuko zen gramatikariren bat edo beste.

Europako hizkuntzetan gertaturiko «galderatik menderakuntzara» bilakaera aipatu nuen aurrekoan. Nola galde-hitzak (nor, zer, non, noiz…) mendekotasun-adierazle izatera pasatu ziren, hau da, nola menderakuntza modu berriak sortu ziren. Bilakaera hori hizkuntza erromanikoen eraginez gertatu omen zen (eta, neurri txikiagoan, eslaviarren eraginez). Halaxe jaso zuen euskarak zein baita, zeinek baitu… gisako erlatiboa.

Euskarak ez ezik, baita hizkuntza germanikoek ere. Ingelesez, esate baterako, lehenik latinaren eta ondoren frantsesaren eraginez hasi zen galderatik erlatiborako bilakaera, Erdi Aroan. Heine eta Kutevaren arabera[i], nahikoa datu dago who hitzaren bilakaeran lau une hauek postulatzeko:

1) I don’t know: who came?

2) I don’t know who came

3) You also know who came.

4) Do you know the woman who came?

Hau da, gramatikalizazio-prozesu bat, zeinean galde-hitzaren galdera-ezaugarria ahulduz joan baitzen, izenorde erlatibo bihurtu arte:

1) galdera zuzena

2) zehar-galdera

3) zehar-galdera edo/eta erlatibo burugabea (Zuk ere badakizu-ezagutzen duzu nor etorri zen / Zuk ere ezagutzen duzu etorri zena)

4) erlatibo buruduna

Natorren orain hasierako galderara: noiz agertu zen euskaraz lehen zein erlatiboa? Idatziz, behitzat, 1545 eta 1567 artean, ziur asko. Etxepareren Linguae vasconum primitiaen (1545) ez da oraindik halakorik; Lazarragaren Dianean (1567), berriz, ugari ageri dira zeina, zeinak, zeintzuk…; eta Leizarragaren itzulpenetan ere (1571) ageri dira zein bait, zeinek baitute gisakoak.

Etxeparerengan ez da zein hitzaz eratutako erlatiborik, baina bai nork, nortan, norat, zer, nori… hitzez osatuak. Kasu horietan, hitzok dagoeneko ez dira galde-hitz; gainditua dute who ingelesarentzat seinalatu ditudan lau faseetako lehena. Gramatikalizazio-gradu desberdinak suma daitezke, hala ere, kasutik kasura. Esate baterako, zehar-galdera gisa (bigarren faseko) irakur daiteke honako hau:

-Hemen hik badukek baina, haiek ez nork kontsola[ii]

Ondoren datorren adibidea, berriz, laugarren fasekotzat har daiteke:

-Sainduei ere egin ezak heure ezagutzia / singularki nortan baituk heure debozionia

Alegia, Sainduei buruaren (antezedentearen) ondotik doan perpaus erlatibo baten markatzaile gisa irakurri behar da nortan:

Beste adibide batzuk, aldiz, ezin zehaztu prozesuaren zein unetan diren, baina argi dago galde-hitzetik erlatiborako gramatikalizazio-bide horretan ondo aurreratuta daudela:

-Oroz etsi behar dizut, non baitate hobe(re)na

-Nork zer hazi erein (baitu) biltzen dizu komunki

-Ondasuna ahaideek bertan dute partitzen, / arima gaixoa dabilela norat ahal dagien

-Kontu hertsi behar dugu hartaz eman segurki / nori baitu bere odolaz karioki erosi

-Jainkoak zuri eman dizu potestate handia (…) zer zuk galde baitagizu, den konplitu guzia

-Inon ere ez dakusat nihaur bezain erorik: / nik norgatik pena baitut, hark ene ez du axolik

-Nik zer orai nahi baitut, hemen duzu eginen.

-Zertan iuia hik baitazak heure izterbegia, / hartan kondenatzen dukek ihaurk eure buruia

(Inork horien erlatibotasunaz zalantzarik balu, jo beza Patxi Altunaren edizio kritikora, ezin aberatsagoa oin-oharretan).

Etxepare: bere garaikide Fray Luis de León bezala, erretorika klasikoaren baliabideetan hezia imajinatzen dut. Latineko ut, qui, quod, quia, quare eta beste partikula perpaus-lotzaileen eredura darabiltza nor, zer, nola, zeren… Dotore erabili ere: izan bide zuen aurrekorik. Galde-hitzak menderakuntza-markatzaile bihurtzeko prozesu betea nabari da haren olerkietan. Hala ere, oraindik ez da ageri zein erlatiborik.

Lazarraga, berriz, zeinista porrokatu azaltzen zaigu; erruz darabiltza zein formak. Patri Urkizuk apailatutako Dianea & Koplaken edizioko orrialde bakar batean (81. o.), adibidez, hauek guztiak datoz: «zeina zan Sirenaren konpanian egoana», «zeinagaz atsegin andia Silveriok artu eben», «zeintzuk alkarri eskuetarik eustela joan zirean Slverioren kamarara», «zeinak al egian kortesia eta mesura guztiaz saludadu zituan», «arpa bat, zeina utra (oso) dultzero jaite asi zan».

Bera izan ote zen lehena? Etxepare eta Leizarraga apaizek baino latin gutxiago zekien, ziur asko. Bere gaztean —artean hogei urte bete gabe—, nahikoa ezjakin eta nahikoa ausart imitatzeko, kopiatzeko, erdaratik hartutako esamolde berriak probatzeko. Poesia eta amodio bukolikoak eta gorte-kontuak buruan, ibili munduan. Gutxi inporta hari gramatikarien debekuak, euskarazkoetan behinik behin. Bestalde, bazukeen Etxepareren olerkien berri; horixe pentsarazten dute, bederen, Xabier Kintanak[iii] seinalatu dituen paralelismoek.

Leizarragak, berriz, gazte ausartaren beroarena kenduta, askoz modu orekatuagoan darabil zein, ondo integratuta bide-seinale gisa funtzionatzen duten beste baliabideekin (ezen, halako moldez non, hala non, zeren…). Hark ere izan bide zituen zalantzak, baina gauza bat zuen alde: Jainkoaren hitzak eta egintzak ari zen esaten, bazekien errespetuz hartuko zizkiotela; eta hori gutxi balitz, erreginaren enkarguz ari zen langintza horretan. Hots, zeru-lurretako nagusiak zituen alde; zer ahal dute gramatikariek horren kontra?


[i]Heine, B.; Kuteva, T., The Chanching Languages of Europe, Oxford University Press, 2006.

[ii] Etxepareren adibide hau eta hurrengoak idazkera zertxobait gaurkotuta eman ditut —kontuz, betiere, errima eta metrika ez aldrebesteko—, ulergarriago gerta daitezen.

[iii] X. Kintana Urteaga, «Lazarraga poeta zahar gaztearen berri onak», http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/60409.pdf

Hazi sokratikoa (on baliabide prepositiboak)

Iñaki Iñurrieta Labaien

Esaera jatorrak dira «nora eta Burgos aldera!», «nork eta morroi sastar hark oinperatu behar!», «hori guztia zertarako eta ehun euro triste irabazteko!»… Halako esaldien ezaugarri bi dira 1) galdera-erantzuna dutela jatorri, eta 2) tonu neutroa baino adierazkortasun-puntu bat gehiago dutela (harridura-marka jarri ohi zaiela).

Elkarrizketetako «galdera-erantzuna» dinamika dute jatorrian:

—Nora joan zen Sandia?

—Burgos aldera.

Pertsonen arteko jardunetik esaera jator horietara iritsi arteko bidean, noizbait hiztunak bere egiten du aurreramodu dialogiko hori, entzulearen galderari aurrea hartuz bezala, eta berak ematen ditu biak, galdera eta erantzuna:

—Nork oinperatu zuen Berendia?, galdetuko didazu; erantzungo dizut ba: morroi sastar hark.

Prozedura hori ugalduz eta maiztuz joango zen, eta, arrunt bihurtu ahala, baita soilduz ere, hizkuntza-ekonomiaren legepean eta elipsiaren bitartez, hasierako esaldietara iritsi arte: «nora eta…», «nork eta…», «zertarako eta…»…

Orain, esan bezala, balio adierazkorrez jantzita erabili ohi ditugu esaldiok, harridura adieraziz. Nik neuk  joera dut idatzizkoetan balio adierazkor hori gabe ere erabiltzeko, hau da, gramatikalizatuago, baliabide prepositibo gisa, mendeko perpaus baten hasiera markatzeko bide-seinale. Hainbatetan baliatu izan dut sintaxi-arazoei irtenbide bat emateko. Esate baterako, kasu honetan, helburuzko perpausa baten hasiera markatzeko:

Ondoren, hil egin zuten deskribatu den zeremoniarekin, zertarako eta, artean gaztea izanik, haren indarra odola edaten zutenengana pasa zedin.

Esaldi horretan, zertarako eta bide-seinaleak mugatzaile gisa balio digu; izan ere, hori gabe,

Ondoren hil egin zuten deskribatu den zeremoniarekin, artean gaztea izanik, haren indarra odola edaten zutenengana pasa zedin

ez genuke jakingo zein aditzen lagun den «artean gaztea izanik», hots, nola ulertu behar den esaldia: «artean gaztea zela hil zuten» ala «artean gaztea izateari esker haren indarra odola  edaten zutenengana pasa zedin».

Oro har, horrelako marka prepositiboak bide-seinale baliagarria gerta daitezke esaldi luze, sintaxi gutxi-asko bihurrikoetan. Honako hauetan, esate baterako:

  • Hain zuzen, aurki hainbeste jakingo dugu tximinoarengan diren loturen eredu orokorraz eta haietarako transmisore eta errezeptore kimikoek garunean duten kokalekuaz, non informazio berri horretaz guztiaz baliatzeko bide bakarra ordenagailuetan biltzea izango baita, nola eta erraz ulertua izateko, hots, modu grafiko biziren batean agertua izateko moduan.

  • Horretarako, alde batera uzten da, lehen aldiz, hirigintzako teknika jakin batzuk —hala nola plan motak edo lurzoru motak—, arautzea, eta haiei dagozkien teknizismoak erabiltzea saihesten da, zertarako eta aldez aurretik ez markatzeko, ezta zeharka ere, hirigintza eredu jakin bat, eta herritarrek esparru komun hau errazago uler dezaten.

Frazer-en The Golden Bough itzuli nuenean (Urrezko abarra), erruz erabili nituen halakoak: zergatik eta, zertarako eta, noiz eta, nola eta… Harrezkero, beroarena kenduta, galga eman izan diot hainbatetan prozedura hori erabiltzeko apetari, funtzionaltasun osorako bidean erresistentziak sumatuta, hau da, tentsio edo kontraesan halako bat oraindik ere egiturari eman ohi diogun balio adierazkorraren eta erabilera gramatikalizatuago horren artean.

Baliabide hori, bestalde, Europako hizkuntzetan izan den bilakaera orokorrago eta aspalditik datorren baten barruan legoke, «galderatik menderakuntzara» bilakaeraren barruan alegia, zeinaren arabera galdera-hitzak (nor, zer, non, noiz…) mendekotasun-adierazle izatera pasatu baitziren. Transferentzia bat gertatu zen pertsonen arteko funtzioetatik (batek galdetu, besteak erantzun) testu-funtzioetara, eta ondorioz menderakuntza modu berriak sortu ziren. Hori Europan baino ez omen da gertatu (salbuespena: beste kontinenteetan europar hizkuntzekin harreman luzea izan duten hizkuntza gutxi batzuk); Europan, eta Europako hizkuntza guztietan gertatu da, zergatik eta hizkuntzok, senide izan nahiz ez, tipologia berekoak zein desberdinekoak, indoeuroparrak edo preindoeuroparrak, kontaktuan egon direlako elkarrekin, eta kontaktu horren ondorioz elkarren antza hartuz joan direlako eta doazelako. Halaxe jaso zuen euskarak ere erlatibo erromanikoa (zein baita, zeinek baitu…). Guk ere geure baitan daramagu hazi sokratikoa, «galdera-erantzuna» bitasunaren gainean aurrera egiteko aukera hori.