Ezagutzak terminologia behar du

Maite Imaz Leunda

Joan den azaroaren 3an Espainiako Terminologia Elkartearen (AETER) jardunaldia izan zen Euskaltzaindiak Donostian duen egoitzan. AETER hainbat pertsonak eta erakundek sortutako erakundea da, 1997an, Madrilen. Terminologiari eta espezialitate-hizkuntzei buruz ikertzeko eta espainierazko eta Espainiako gainerako hizkuntzetako terminologia-baliabideak prestatzeko eta kontsultatzeko interesa zuten erakunde horiek guztiek. UZEI terminologia eta lexikografia zentroa izan zen jardunaldiaren antolatzailea, AETER-eko kidea baita.

Entzun genituen hitzaldien artean interesgarria izan zen terminologia eleaniztunek etorkizunean izango duten garrantziaz jabetzeko erakutsi ziguten TERESIA metabilatzailea; espainieraz eta estatuko gainerako hizkuntza ofizialetan dauden terminologien topagune eta adimen artifizialerako teknologien ataria izateko asmoarekin eratutakoa, besteak beste, espainieraz eta estatuko bere testuinguruan erakusteko, baliozkotzeko eta hainbat ingurunetan eskuragarri jartzeko aukera emango du.

Katalanek aurkeztutako proiektu bat ere aipatu nahi nuke, euskararekin terminologian jardun izan dugunok Katalunian zer egiten duten oso kontuan izaten dugu eta. Prospektiba terminologikoa eta ezarpena: maileguak hedatzen aurrera egiteko estrategia izenarekin aurkeztu zuten Institut d’Estudis Catalans eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Iulaterm ikerketa-taldeak sustatutako proiektua.

Proiektuaren helburua oraindik katalanez erabiltzen ez ziren ingelesezko termino berrien hustuketa egitea zen, horretarako eremu anitzetako eta garai ezberdinetako erreferentziazko testuak erabilita; gero, baliokide egokiak bilatu behar zituzten katalanez, horrela, ingeleseko maileguen zabalkundeari aurrea hartzeko.

Lehenengo fasean (2018-2021) ingelesezko erreferentziazko eskuliburuak erabili zituzten: orain dela urte batzuetako eskuliburuak eta horien bertsio eguneratuak. Ondoren, bertsio zaharretako eta berrietako testu-corpusetatik abiatuta hustuketak egin zituzten, terminoen zerrendak lortu eta zerrenda horiek alderatu. Bigarren fasean (2022-2023) ingelesez dauden gai hauei buruzko aldizkari zientifikoetako artikulu osoen hustuketak egin zituzten: biokimika, mikrobiologia, ekonomia eta komunikazioa. Zerrenda guztiak alderatu ondoren neologia izateko hautagaiak eskuratu zituzten eta horiek bakoitzari zegokion gaiko adituekin egiaztatu eta berrikusi ondoren, katalanezko ordainak proposatu zituzten.

Metodologia egokia iruditu zaie terminologia neologikoa detektatzeko, datu-base terminologikoak elikatzeko (Cercaterm) eta ordainak garaiz proposatzeko, jakintza zabaltzen hasi berria denean, horrekin espero baitute katalanezko ordainak ezartzeko aukera gehiago izango dutela. Cercaterm kontsulta terminologiko eleaniztunak linean egiteko Termcatek eskaintzen duen tresna da; Termcateko Kontseilu Begiraleak normalizatutako terminoak kontsultatzeko aukera ematen du. Termcat, katalan hizkuntzako terminologia zentroa, 1985ean sortu zen Kataluniako Gobernuaren eta Institut d’Estudis Catalansen eskutik. Euskara ez da ageri Cercatermen baina, hala ere, euskal terminologoek asko jotzen dute bertara, kontzeptuen definizio eta informazio osagarri bila.

Terminorik gabe ez dago ezagutzarik.

Sentimenduen hiztegian arakatzen

Oskar Arana Ibabe

Badakigu hitzek errealitateko erreferenteak izendatzen dituztela, eta errealitate hori izan daitekeela fisikoa edo ez; eta, fisikoa ez den errealitatean, ikusi eta ukitu ezin den errealitate horretan, arlo bat ideiei edo pentsamenduei dagokiela, eta beste bat sentimenduei eta emozioei. Atzenengo arlo horretan ikertzen aritzea ez zaie arrotz idazleei, ez baita alferrik esan izan badutela idazleek gizakiaren barne mundua edo psikearen nondik norakoak hautemateko eta ikertzeko (edo, agian zehatzago, adierazteko) gaitasun edo antze berezi bat. Eta, idazle izan gabe ere, sarri aurkitu ahal gara nork bere barneari eta sentimenduei begiratu beharrean, eta, diotenez, ariketa horretan, oso lagungarria izaten da zehaztasuna, gauza bakoitzari bere izena ematea. Gero, gainera, fisikoa ez den errealitate horretan, esan daiteke sentimenduak eta emozioak, errealitatearen eskalan, maila bat gorago daudela beste errealitate ideiazko edo pentsamenduzkoak baino, sentimenduak eta emozioak egiazkoak baitira, hau da, ikusi edo ukitu ahal dugun kanpoko errealitatea bezain egiazkoak, mahai bat bezainbeste. Eta atsegingarria baitzait oso hitzek edo hizkuntzak zehaztasunerako eskaintzen duten bide horretan ibiltzea —hizkuntzaren aldera maitasun handiagoa sentiaraztera ere eraman ohi nau horrek—, hona nire gogoeta hauek, hitz jakin baten inguruan.

Maiz gertatu zait gaztelaniazko rencor hitza eman nahi izatea euskaraz (ez dakit nire baitan beste batzuen baitan baino usuago pizten ote den sentimendu hori; ez nuke nahi hala izatea, baina, hala bada, beti izango da gozakari jakitea ezen sentimendua ezagutzea eta izendatzea dela lehen urratsa hura gure baitatik egozteko, edo ernetzeko hain aro egokia izan ez dezan), eta ez erabat gogobetetzea hiztegietan aurkitzen ditudan aukerek. Egia esan, RAEk berak ere, hitz horren gaztelaniazko definizioan, beste hitz batera igortzen gaitu, eta badirudi ez duela hain agerikoa nik eman ohi diodan adiera, bi definiziotara jo behar baita osoki erdiesteko. Hara:

RAEren hiztegian:

rencor
De rancor.
1. m. Resentimiento arraigado y tenaz.
 
resentirse
2. prnl. Tener sentimiento, pesar o enojo por algo.

Eta, oraindik ere —hau bai bitxia, harrokeria eman baitezake eskas iriztea nik RAEk emandako definizioari— esango nuke ez duela osoki jasotzen nik nahiko nukeen ñabardura bat (por algo horrek nolabait iradokitzen duen arren, zabalegia da, orokorregia, ez da zehatza, beti izaten baitute kausaren bat sentimenduek edo emozioek).

Eta, hala, katalanezko rancor hitzera jo dut, eta han ere bi urratsetan erdiesten da esanahi osoa:

rancor
m. [LC] Ressentiment tenaç. Després de tants anys encara li guarda rancor.

ressentiment
m. [LC] Disgust, irritació, que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc. El capteniment dels amics li va deixar el cor ple de ressentiment. Hem restat amics, sense rancúnies ni ressentiments.

Hain zuzen, hori da bilatzen nuen zehaztapena, irain, laido, iruzur eta halakoengatik sentitzen den atsekabe edo haserrea baita, nire adieran, gaztelaniaz rencor hitzak hartzen duena.

Euskarazko aukeretan, ordain ugari ematen dizkigu Elhuyar hiztegiak:

rencor
s.m. ezinikusi, gorroto, aiher, aiherkunde, herra, hegigoa, inkurio
ya no te guardo rencor: ez zaitut gorrotatzen jada

Guztiek dute beren definizioa emanda Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta esan daiteke sinonimo bete-beteak direla, definizioetatik bederen. Alta, batek ere ez du jasotzen Institut d’Estudis Catalans erakundearen DIEC2 katalanezko hiztegian rancor hitzaren definizioan (ressentiment hitzera bidaltzen gaituelarik) ematen den ñabardura hau: que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc.

Eta begiratu dut ea zer ordain ditugun euskal hiztegietan gaztelaniazko resentimiento hitzarentzat, eta, hara, gaztelaniaz eta katalanez bezala, hor bai, litekeena da ñabardura hori jaso izana, baina ez ordea gaztelaniazko eta katalanezko hiztegiak bi urratsetan egiten duten bezala, ez baita loturarik ezarri “herra-rencor” eta beste hauen artean, esate baterako (Elhuyar):

resentimiento
s.m. erresumin, erremin, gaitzondo, kirrizki, korromio
no puedo olvidar mi resentimiento hacia él: ezin dut berarekiko gaitzondoa ahaztu

Adibidea oso argigarria da, eta ordainen artean adibiderako hautatu dena ere bai: gaitzondo. Adibide horretan, gaztelaniaz, sinonimo beteak dira resentimiento eta rencor, RAEko definiziotik ondorioztatzen den bezala. Euskaraz, ordea, rencor hitzari buruz gaztelaniaz RAEren hiztegian bi urratsetan gauzatzen den osaketa hori ezingo genuke egin, non eta ez dugun rencor hitzaren euskarazko ordainetan erresumin ematen.

Soilago esatearren, rencor galdetuta hiztegi elebidun batean, ez ninduke eramango erresumin edo gaitzondo ordainetara, horiek izaki nik behar ditudanak, edo hobetsiko nituzkeenak.

Ingelesez ere, Cambridge Hiztegian, rancor galdetuta, definizio hau ematen du:

Rancor:
a feeling of hate and continuing anger about something in the past:
They cheated me, but I feel no rancor toward/against them.

Eta frantsesez, halaber, sarean, Laroussek:

rancœur
nom féminin
(latin rancor, -oris)
Ressentiment tenace que l’on garde à la suite d’une déception, d’une injustice.
Synonymes :
amertume – dent (familier) – dépitrancuneressentiment

Alta, erresumin eta gaitzondo izan arren nik hautatuko nituzkeenak adierazi nahi dudan sentimendu hori adierazteko —edo gaztelaniazko rencor (edo katalanezko nahiz ingelesezko rancor eta frantsesezko rancœur) eta resentimiento (eta katalanezko ressentiment) emateko—, Euskaltzaindiaren Hiztegian ematen zaizkien definizioak eskas gertatuko litzaizkidake, artean ere.

Euskaltzaindiaren Hiztegian:

gaitzondo
1 iz. Zah. g.er. Bihotzeko erresumina. Eta faltak besterenak badira ere, ongi egingo duzu, gaitzondorik erakutsi gabe, lehen bezala mintzatzeaz eta etsaiagana joateaz.

erresumin
2 iz. Atsekabe edo nahigabe sentimena. Bihotzeko erresumina. Nire lehengo gurak oinaze eta erresumin bilakatuko dira. Ez dute inoiz zaharragoek oso begi onez ikusten gazteagoen etorrera; gezurra nioke, neronek, baldin banio ez dudala halako erresumin isil baina bizi bat sumatzen.

Gainera, gaitzondo zaharra eta gutxi erabilia izanik, ez dirudi egokia denik ohiko erregistrorako (rencor eta resentimiento ez bezala).

Gainerakoen artean, egia da korromio hitzak baduela sarrera Orotarikoan (ez ordea Euskaltzaindiaren Hiztegian), eta aski egokia, gainera, gure adierarako:

korromio.
1. (O-SP 227→SP, A, H (que cita a Axular)); gorromio (SP); korromu (SP→A).
Rencor. “Transport de colère” O-SP 227. “Korromua, gorromioa. Korromun [sic] gaixtoz bethea, plein de méchante rancune” SP. “Gorromioz bethea, plein de rancune” Ib. “Odio” A (que cita a Ax). “(SP), rencor” Ib.
[Barreneko] gorrotuak, korromioak eta herrak, arimari eta gorputzari egiten deraue kalte. Ax 279s (V 187). Barrena sastakatzen diotzaten korromioak ezin gorde detzake. Dv Telem 47. Barreneko harrak jaten nau, hira minak hiratzen, korromio beltzak herratzen! Dv LEd 229. Zure burua ikusten duzunean debruen eskuetan […] zer ez da izanen zure khorromioa? Ib. 215 (Cb Eg II 119 zer pena sentituko dezu?). Ziyo orregatik errezago oituko dira lanari korromuz begiratzera. “Con aversión”. Zink Crit 213.
2. (H); gorromio (H).
“En général ver qui ronge le bois, les viandes, les étoffes, ver rongeur” H.
3. “Korromioa […], vermoulure, trou fait par les vers dans le bois, papier, etc.; partie d’un objet attaqué par les vers; petite poussière produit par la vermoulure” H.
4. (AN ap. A (que cita el msLond) ; Izt).
“Cepillo del carpintero” Izt.

Eta baita kirrizki hitzak ere:

kirrizki. (V-och), resquemor, resentimiento” A.

Eta, zer ustekabea, Otxandioko hitza dela jasotzen du, gainera, eta ezagunagoa beharko luke niretzat, baina ez da.

Baina, guztietan definiziorik osoena, Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta ia bat datorrena katalanezko hiztegian dakarrenarekin (Disgust, irritació, que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc.), erremin da (eta harridura gozoa izan da niretzat):

erremin
1 iz. Nahigabe, amorru edo haserre iraunkorra, zorigaitz batek edo iraintzat hartzen den zerbaitek eragina. Gerra guztiak galdu egiten direla larrutik ikasi duenaren erremina.

Oraintxe, berriz, idazten ari naizela, gogoratu naiz nola ikasi nion behinola gure eskualdean ia euskaldun elebakarra zen emakume edadetu bati beste berba bat, hemen aipagai dugun sentimendu hau izendatzeko, eta nola oso bakan erabiltzen dudan, eta poztu naiz Orotarikoan jasota ikusita. Hain zuzen, zapo da hitza, eta hirugarren adieran jasotzen du Orotarikoak:

3. (V); sapo (V-oroz-gip) Ref.: A (zapo, sapo); Iz ArOñ (sapúa); Etxba Eib (sapua).
Rencor, odio” A. “Sapúa eukan neetako, tenía resentimiento conmigo” Iz ArOñ. . “Odio oculto en el pecho, rencor, resentimiento. Ondo gordeta, baña sapua detsa bere bizi guztian” Etxba Eib. . “Sapua gordetzen eban mendakorra zan a gaistua” Ib. (s.v. mendakor).
Zeinbat suga, ta zapori leku emon deutseezu, ta menturaz zeure laguna juzgetan dozunian, emoten deutseezu zeure bijotzian? fB Ic II 234. Eta onegaz, lengo zapuan gaiñ, sortu jakozen andra gaiztuari zelo aundixak. Etxba Ibilt 482

Ez dira gutxi, gainera, Orotarikoak ematen dituen definizioen artean rencor hitza ageri duten sarrerak. Erresapio eman dit lehena; errenkore ere bai, sarrera moduan; enkoniadura (bigarren mailako adiera moduan); enkina ere bai (Lar); aiherkunde (Odio, rencor); aborrentzia; bekaitz (bigarren adieran); hagin (rencor, haginean izan esapidearekin); haina bera; herra; herrakunde; huduri; inkurrio; janiza; keru; kurruka (V-ger-arr-m… gure eskualdetik gertu, beraz, baina ezezagun, hala ere, niretzat); mardakeria; rankore; uherdura; arrakizuna (V-gip… eta ezezaguna niretzat, hala ere); epantxu; errekurea; gaitzeria; giarre (V-ger-och, G-goi… eta ezezaguna niretzat, hala ere); gibelmin (L, Ae, Sal, S, R); har (V-ger-gip… eta, bai, orain ohartzen naiz ezagutzen nuela, zapo bezala, gure hizkeran: poz bikoitza, ostera, beste baliabide bat berraurkiturik; sarria izan genduanetik, betiko arra desta gizon orrek…); hats (Zer hatsean den! esapidearekin); ipotsu; opil (rencor oculto, ematen du azalpena); otin (G-bet a.); samurgo (L-ain, BN-mix); samurraize (ligero rencor, eta hara, beste baliabide polit bat, zehaztu nahi izanez gero sentimenduaren gradua); sapite (sapite gaiztoan dago gizon ori… está lleno de rencor); tirria (niganako tirria); zapo (3. adieran: Ondo gordeta, baña sapua detsa bere bizi guztian).

Ikaragarria, ezta? Zenbat hitz!, niretzat gehienak ezezagunak, edo oso noizbehinka aurkitutakoak testuetan (are gutxiago ahozko hizkeran), nahi duenak berreskuratzeko, edo, bestela, ikasteko eta norberak jakingo duen egoeran eta inguruan erabiltzeko…

Laburbilduz: beharbada, hiztegi elebidunetan, rencor sarrera resentimiento sarrerarekin lotu beharko genuke, sinonimoak baitira maila batean, eta halaber euskarazko haren ordainak. Nik, behintzat, erresumin eta erremin bera ere gehituko nizkieke rencor sarreran ematen diren ordain horiei guztiei. Eta, bestetik, Euskaltzaindiaren Hiztegian osatu egin beharko genuke erresumin hitzaren definizioa, katalanezko ressentiment hitzaren definizioaren bidetik, eta erremin ere eman haren sinonimotzat.

Bestalde, arakatzen ibilita, neuretzat ere atera dut onuratxoren bat: zapoa edukitze inorendako esapidea berreskuratu dut, guztiz ziur gure eskualdean erabiltzen dena, eta, halaber, harra izan norbaiti. Halaber, erregistro beharbada garaiagoetarako hitzen batzuk ikasi ditut, hala nola, gibelmin, Lapurdikoa eta Zaraitzukoa omen zena edo dena, eta arras baliagarria derizt literaturarako; definizio guztiz nire gogobeteko bat aurkitu dut Euskaltzaindiaren Hiztegian, nik izendatu nahi nuen sentimendu horretarako, erremin: nahigabe, amorru edo haserre iraunkorra, zorigaitz batek edo iraintzat hartzen den zerbaitek eragina, ematen baitu. Sentimendu horren gradazio moduko bat ere aurkitu dut Orotarikoan, samurraize hitzean. Eta gure euskalkiaren eremutik gertu ere bazirela batzuk, nik inoiz aditu gabeak, hala nola kurruka, arrakizuna, giarre, kirrizki… Eta halaber aurkitu dut modua beste euskalkietako idazle eta hiztunek besterik darabilketenean haien berri aldez aurretik izateko: haginean izan, hatsean izan, mardakeria, uherdura, huduri, inkurrio, janiza, keru, epantxu, gaitzeria, otin, samurgo, samurraize, sapite, sapite gaiztoan egotea, …

Horra, bada, nire saiotxoa eta arduratxoa: margolariek koloreak nola, hiztegiek ere iker eta doi ditzatela sentimendu baten kolorearen gradu eta tonu biziago nahiz motelagoak.

Zer gertatzen da interpretearen burmuinean?

Maitane Uriarte Atxikallende

Aurreko batean, entzule bat hurbildu zitzaidan interpretazio-saio baten ostean. Jakin-minez, aldibereko interpretazioa egiten ari garen bitartean gure burmuinak nola funtzionatzen duen galdetu zidan. Ez da, ez, batere galdera txarra, eta hain zuzen ere, neurozientzialari askok ikertu izan dituzte interpretazioan zehar gertatzen diren prozesu mentalak.

Aurreko artikulu batean adierazi nuen bezala, giza eboluzioaren historian, ezerk ez du interpreteon garuna programatu horren zeregin berezi eta nekagarrirako. Izan ere, interpretatzen hasi aurreko unean eta interpretatzen gauden bitartean izugarrizko festa gertatzen omen da gure burmuinean. Era sinplean esanda, badirudi interpretearen burmuinak orkestra-zuzendari baten pare funtzionatzen duela. Izan ere, garuneko eskualde askoren jarduera koordinatu behar dugu, portaera harrigarri eta konplexuak sortzeko.

Interpretazio-prozesuan, garunak milioika neurona erabiltzen ditu entzumenaren bidez jasotako informazioa prozesatzeko. Soinu-seinaleak jaso ondoren, deskodetu eta ezagunak zaizkigun soinu bihurtu behar ditugu, prozesa ditzagun eta mezuak guretzat zentzua izan dezan. Soinuen tratamendu hori egindakoan, mezua bera ulertzeko fasea dator eta fase horren ostean, mezua xede-hizkuntzan ekoizteko fasea. Baina… garunaren zein partetan egiten da gauza bakoitza?

Lehenik eta behin, esan beharra dago hizkuntza garunaren ezkerreko hemisferiotik kontrolatzen dela. Hemisferio horretan hainbat atal daude, baina bi dira interesatzen zaizkigunak: Wernickeren eremua (hizkuntza ulertzeko) eta Brocaren eremua (hizkuntza ekoizteko). Eremu biak nolabait konektatuta daude, eta gainera, mintzamenerako muskuluak kontrolatzen dituen kortex motorrera lotuta ere badaude. Zentzua hartzen doa kontua, ezta?

Ahozko hizkuntza ulertu ahal izateko, hitzei esanahia ematen dien oroitzapenetara jo behar dugu. Wernickeren eremuak egiten duen lan hori ezinbestekoa da hizkuntza ulertzeko eta pentsamenduak hitz bihurtzeko. Mezua deskodetu ondoren, hurrengo urratsa mezu berbera xede-hizkuntzan sortzea izango da eta Brocaren eremuan egiten da hori, bi azpieremu “dantzan” jarrita: azpieremu triangeluarra (Brocaren eremuaren aurrealdean dago eta ahozko erantzunak sortzeaz arduratzen da) eta azpieremu operkularra (atzealdean dago eta fonazio-organoak koordinatzeaz arduratzen da, hizkuntza sortzeko). Brocaren eremuari esker, hizkuntzaren forma guztiak sor ditzakegu: ahozkoa, idatzizkoa zein keinuzkoa. Nerbio-sistemaren zatitxo honek forma gramatikal zuzena aukeratzeko eta hura adierazteko soinuak antolatzeko lan egiten du, eta horretarako, hitzen, letren eta fonemen arteko loturak ezartzen ditu. Era berean, fonemen ahoskera erregulatzen eta monitorizatzen du, hitzaren zati bakoitzari ez dagozkion fonemak ager ez daitezen. Azkenik, artikulazio-kode moduko bat igortzen du, kortex motorrak jaso dezan eta azken horrek fonazio-organoak koordina ditzan.

Aipatu ditudan prozesu guztien ardatza memoria da. Horixe da garunaren gaitasunik garrantzitsuena, informazioa kodetzea, datuak gordetzea eta iraganean gordetako informazioa gogora ekartzea ahalbidetzen baitu. Bi memoria nagusi daude: epe luzeko memoria eta epe laburrekoa edo berehalakoa. Epe luzeko memoriak informazioaren kodifikazio semantikoa egiten du hura gordetzeko, hau da, kontzeptuen arteko loturari erreparatzen dio, eta ikerlariek diotenez, ezagutza edo informazio jakin batek 6 bat hilabete behar izaten ditu memoria honetan finkatzeko. Epe laburreko memoria, berriz, soinuen prozesamenduari lotuta dago. Informazio gutxi gordetzeko gai da, 30 segundotik minutu batera arteko tartean. Memoriaren azpi-atal gisa, memoria operatiboa ere daukagu, informazioa biltegiratu eta manipulatzeko, hizkuntza ulertzeko, irakurtzeko, ikasteko eta arrazoitzeko.

Arestian aipatutako eragiketa guztiak egiteko, interpreteak memoria mota guztiak erabiltzen ditu: epe luzeko memoriak interpretazio-saioaren aurretik barneratutako ezagutzaren datu-base gisa funtzionatzen du, interpretazio-saioan zehar erabiltzeko; epe laburreko memoria, berriz, topera aritzen da aldibereko interpretazioan, modalitate horren berehalakotasuna dela-eta. Hain zuzen ere, aldibereko interpretazioa egiten ari garenean, prozesu mental guztiak oso-oso azkar gertatzen dira, eta ondorioz, kontzeptu batzuk ez dira inoiz epe luzeko memoriara iristen. Hala, interpretazio-saioa bukatu eta gerora saio horretan esandakoa azaltzeko eskatzen badiguzue, ziurrenik memoria-ariketa galanta egin beharko dugu, eta hala ere, ez ditugu gauza asko gogoratuko. Bestalde, interpreteok kontu handiz ibili behar dugu epe luzeko memoriarekin eta, oro har, aldez aurretik barneratutako ezagutza guztiarekin, oso erraz “kutsa” baitezake interpretatu beharreko mezua: gure burmuinak entzundako mezuaren eta aldez aurretik gordetako informazioaren arteko lotura logiko eta azkarra egiten badu, jatorrizko diskurtsoan agertzen ez diren elementuak gehitzeko arriskua dago, epe luzeko memorian gordetako informazioa entzundako horrekin erlazionatze hutsagatik. Bestalde, memoriari askatasun osoa ematea bezain arriskutsua da hura blokeatzen duten egoeretatik pasatzea: antsietatea, hanka sartzeko beldurra, estresa…

Ikusten duzuenez, interpretearen burmuina orkestra sinfoniko paregabea da, eta sormenaren adibide eder honetan, burmuinaren atalak gogoz entrenatzen dituzten interpreteak baino ezin dira izan munduak hainbeste behar duen hizkuntza-kantuaren zuzendari.

Infinitua hiztegi batean

Joannes Jauregi Benavides

Azken bolada koskorrean, Bigarren Hezkuntzan ikasle ditudan gaztetxoei galdera berbera egin izan diet ikasturtea joan eta ikasturtea etorri: ea zer egiten duten euskarazko hitz bat konprenitzen ez dutenean ―eta, noski, zer esan nahi duen jakin nahi/behar dutenean―. Xalo erantzuten didate, “ba Interneten bilatu” soil batekin. Zer da, baina, Interneten bilatzea? Zenbaitek konpontxo egiten dute bilatzailean “significado X” jarrita; beste batzuek itzultzaile automatikoak erabiltzen dituzte galanki, eta ez hiztegi gisa soilik; bakarren batek “Elhuyar” aipatu izan du ahapeka, pedantearen sasilotsaz. Ordea, inori ez zaio bururatzen, ez euskaltzalerik sutsuenari ere, izango dela modurik euskarazko lexikoa gaztelaniaren makulurik gabe jasotzeko. Gehienak harritu ere egiten dira konturatzean baietz, badela euskarazko definizio-hiztegirik. “RAE bezalakoa”, esaten dute, irakaslearen etsigarri.

Ez naiz, baina, hizkuntz gatazkaren eta diglosiaren ur handietan murgilduko, nik dezakedan baino hobeto mintzatuak baitira jada beste batzuk blog honetan bertan. Gazteen kontrako epai errazetan laketzea ere ez zait guztiz zilegi iruditzen, “gaur egungo gazteak” garai guztietan izan baitira historiako okerrenak, eta, egia esatera, ez dakit noraino lepora diezaiekegun sareak ematen dituen errazbideez baliatzea soluzioak merke eskuratzeko. Hezkuntzari gagozkiolarik, ni neu humanitateen gainbeherak kezkatzen nau gehien, eta gainbehera horri atxikirik ikusten dut hiztegiaren kulturaren aienatzea. Teknopedagogia izeneko munstroaren altzo digitalean, zeinak, labur-zurrean esanda, ordenagailuak eman baitizkie ikasleei liburuen truke, txit zaila bilakatu da ez bakarrik literatura eta filosofia irakastea, baizik eta baita hiztegiak kontsultatzeko ohiturak eta jakintzak sustatzea ere, merke-zurreko soluzio sinplista guztiak zorroztasuna eta esfortzua eskatzen dituztenen ondo-ondoan daudenez gero. Pantailan, distantzia berera biak.

Paperezko liburuak ondo eutsi zion eraldaketa digitalari, baina paperezko hiztegiak, nekez. Sareratu ―hodeiratu― egin ziren, eta paperaren erromantizismo guztiek ezin diote buru egin hiztegi digitalen azkartasunari, eguneratzeko gaitasunari eta, oro har, eraginkortasunari. Itzultzaile eta bestelako profesionalok ere aise ohitu gara. Niri behintzat, paperean sekula itzuli gabea naizen honi, zaila egiten zait imajinatzea nola ekin ahal izan zion Bingen Ametzagak Hamlet euskaratzeko lanari Ameriketara bidean itsasoratuta, paperezko hiztegi pare bat beste laguntzarik gabe.

Hiztegiak gaur egun ez dira liburuak, ez behintzat liburuak bakarrik, eta egitate hori metaberretsia dago gure eta gure inguruko hizkuntzetako hiztegietako definizioetan ere. Paperetik digitalerako transmutazio horretan, ezin uka tresna eraginkor eta praktikoak bilakatu direnik, eta nabarmen errazten diotenik bizitza jende ugariri, ez ikasleei bakarrik. Duela zenbait aste, Amaia Astobizak ale benetan interesgarria eta eskertzekoa eman zion blog honi, Elhuyar hiztegiaren zenbait funtzionalitate aurreratu xehe-xehe azalduz. Sekulako lana egin baitu jende burutsu askok sareko hiztegiak gero eta tresna eraginkor eta erabilgarriagoak egiteko, eta hori eskertzekoa eta mirestekoa besterik ez zait iruditzen.

Eta, hala eta guztiz ere, tresna eta baliabide gisa dituzten abantaila guztiak gorabehera, paperezko hiztegiak hori baino askoz gehiago ere izan daitezkeela (zitezkeela?) iruditzen zait. Hezkuntzara bueltan, sinetsita nago lexikoa ez dela berdin barneratzen bilatzaile-barra batean enter sakatuta edo minutu bat(zuk) liburu batean orri-pasa arituta, hitz hori gogoan (ahoan) bueltaka erabiliz, bere testuinguru alfabetikoan begiztatu nahian. Paperezko hiztegietan hitz-paisaia bereziak aurki daitezke, zeinek bai baitute literariotik ere. Ikasle garaiko latineko hiztegietan, berriz, lexikoa ez ezik morfosintaxia eta fraseologia ere ugari aurkitzen da orriz orri ―gure latineko irakasleak irri maltzur batekin esaten zuen “dena” zegoela hiztegian, baina aurkitzen jakin behar zela―; latin-ikaslearentzat, hitz jakinen esanahia ia bigarren mailako bihurtzen da tarteka, gainerako informazioaren aldean. Duela gutxi, bestalde, Julio Casaresen Diccionario ideológico de la lengua española harribitxia aurkitu nuen gurasoen etxean ahaztuta; hiztegi ideologiko bat zer zen ere ez jakin nik, eta seko liluratuta geratu nintzen liburukote hartan orri-pasa.

Izango da, seguru asko, horiek guztiak zeruratzeko modurik ere. Gaur-gaurkoz, baina, paperean, lurrean baino aurkitu ezin direlakoan nago.

Errespetua da hitza

Juan Garzia Garmendia

Maiatzaren 14an, Pasai San Pedroko Udal Aretoko antzoki koxkorrean nintzen, Godoten esperoanen euskarazko estreinaldian. Alegia, Becketten frantsesezko (eta ingelesezko) obra gailen hori (hogeigarren mendeko maisulan seinalagarrienetariko bat) neuk (Bidasoaldeko antzerki-talde batentzat) aspalditxo euskaratu (ez zen antzeztu), handik pixka batera liburu gisa argitaratu (2001), eta orain (2023) Zurriola Antzerki Eskolak bere gertaleku eta gozatoki naturalera itzulia.

Halaxe gabiltza, hain zuzen, itzulika zoro nahiz zuhurxeagoan, gure zirkuitu sorginduan euskal literatura-hamsterrok. Aritua nintzen ni askoz lehenago ere antzezlan batzuk euskaratzen, kasu horretan taularatu bai baina paperean argitaratu ez zirenak. Orainago, beste esperientzia bat ere egokitu zitzaidan, aski adierazgarria hura ere gure burubide bidegaldu samarrez. DSS2016 ekitaldi potolo(tu)en barnean, enkargua eman zidaten Shakespeareren komedia ospetsu bat itzul nezan, eta hala onlineratu zen (ezen ez papereratu) Uda-gau bateko ametsa. Aldi berean (!), egitasmo be(ra)ren inguruan (!!) eta izenburu —marratxoa gorabehera— berarekin (!!!), liburu berri gisa plazaratu zen, eskuizkribu-gordailu zahar batetik, Uda gau bateko ametsa. Ez, ez da txantxa; eta ez da broma, gero.

Hori nahikoa ez, eta berriak iristen hasi zitzaizkidan bazela asmoa bestelako Uda-gau bateko ametsa arrandioski antzezteko DSS2016 egitasmoaren gailur-gailurreko erakusgarri modura. Kasu honetan, gehiegikeria latza litzateke itzulpen deitzea ekitaldi basa-dotore horri, gastronomiak ere rol nabarmena zuelarik, nola ez, gure turismo-kulturak eskatzen duen moduan. Zori onez edo txarrez, sarrera erosia edukirik ere, ez nintzen egon azkenean ekitaldi hartan (beste itzulpen zahar hura plazaratu izana zor zaionari pasatu nion, hara, txartela, hutsegite-komedia batean bageunde bezala). Nik neuk, aski nuen handik eta hemendik iristen zitzaidan informazioarekin: antzezburu bipilek ez zuten ezer jakin nahi obra euskaratuarekin, edo itzultzaileokin, edo testuarekin berarekin, edo jatorrizko pertsonaiekin, edo, beldur naiz, antzerki isabeldarrekin eta Willekin berarekin ere: berek zekiten hobeto, antza, zer komeni zen.

Tira: airean desegina geratu da guztia, Ametseko kontuak bezala, baina Hamleten Danimarkakoaren antzeko usain bat hor geratu zen Cristina Eneako lorategi-bazkaleku hartan, gaurdaino ere, hau idaztean berritu eta oraindik hor datorkidana sudur-muinetara.

Errespetua da hitza. Zaharkitua oso, terminoa, eta labaina, baina mamitsua kontzeptuz. Errespetua autorearenganako; errespetua ofizioen kontuan; errespetua aurretiko eta albotiko lanekiko; errespetua publikoari benetako kultura helarazteko eta ez jendea edozein entretenigarriz engainatzeko… Errespetua da, bai, hitza.

Eta —gatozen itzuliaren itzulian hasierako hizpide baikorrera—, errespetu bikaina ez ezik, bikaintasun gailena erakutsi ziguten Pasaian zurriolatar antzez-jendeok beren xumetasun itxuratik. Aitor dezadan beldur kizi batekin hurbildu nintzela emanaldira; batez ere, ez nekielako nola funtzionatuko zuen nire itzulpenak bere benetako saltsan, hots, ondo transmitituko ote zen hura antzezleetatik aditzaileetara.

Laster ahaztu nintzen kezka horretaz eta gainerakoez. Testuaz beraz, esan beza bestek zer deritzon, baina ni ezin pozagorik geratu nintzen —eta berdin gustura sumatu inguruko guztiak— han entzunik hura halako indar eta distira bizi jatorraz hats-haragitua. Batek gero guztiz egoki aipatu zuenez, defenditu beharra izaten du taula gainean dena delako testua, eta hara antzezle literalki amateur haiek, harrigarrizko trebetasun landuz defenditu ez ezik, baita ederki eraso ere Becketten nireari, behar zirenak oro gorderik dramaturgia bikainaz hobeturik den-dena.

Bikaina izan zen saioa: obra hura, dramatizazio, dinamika, espiritu, letra eta zaporea, Samuel Becketten jatorrizko hura zen, gurera ekarria mundu zabal guztira bezala. Errespetua, hara, eta hortik emaitza. Horretarako, aski agertokian zuhaitz bat, argi batzuk, atrezzo minimo bat, eta antzezlanarekin hezurretaraino inplikaturiko jende-talde jator bat.

Halakoek ematen edo berritzen diote bati gogoa bere itzultze-lan bakarti, isil, beti amateur tematian jarraitzeko ekin etsian[1]. Egunotan izan da hurrengo antzezaldia, Donostian, areto zabalago batean. Zirkuitu normal samar batean, miseriazko urritzat jotzekoa litzateke halako bakantasuna, uda osoa tartean: quosque tandem. Etsigarria, baiki, itxaronaldia.


[1] Ez zen aldi bakarra noski gurean baino kanpoan harrera hobea egin zaiena euskal itzulpenei.

Dakitenengandik ikasten

Idoia Santamaría Urkaregi

Liburu txiki bezain interesgarri bat gomendatzera nator gaur hona:

Traducción: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias.

Ez da berria, 2013koa baizik. Miguel Sáenz da egilea, gaztelaniazko itzultzaile handia (handia? erraldoia).

Itzulpen batekin ezin aurrera egin nenbilela, gogoratu dut ezen, duela urte asko Luxenburgon gaztelaniazko itzultzaile gisa ari nintzelarik, Miguel Sáenz etorri zitzaigula behin hitzaldi bat ematera, eta, haren orduko irudia buruan, apalera jo dut aipaturiko liburuaren bila (gauza ederra da, alafede, prokrastinazioa). Lehenengo egiaztapena: liburua ez da batere zahartu; bizi-bizirik dago.

Izenburuak garbi dioen moduan, Sáenzek han-hemen emandako hitzaldiak eta diskurtsoak biltzen ditu, denak itzulpengintzaren ingurukoak, zein baino zein interesgarriagoa, eta horietako bat, gainera, “Autor y traductor” izenburukoa, Donostian emana, 1993an (liburuan jasotako lehenengo hitzaldia da). Itzuli diren hizkuntzaren literaturaren osagarri direla itzulpenak defendatzen du hor Sáenzek, eta, are, hizkuntzen literaturaren hastapenetan itzulpenak egon ohi direla askotan:

Premisa hori onartuz gero, euskal literatura, adibidez, jatorriz euskaraz idatzitako lanek eta euskarara itzulitako lan guztiek osatuko lukete.

Pellokeria dirudi, baina, tamalez, esan beharreko esaldia da oraindik ere.

Liburuko hurrengo hamazazpi hitzaldietan, itzulpengintzarekin eta literaturarekin lotutako hainbat kontu jorratzen ditu[1]:

  • hitzak itzultzen ditugun edo hitz horiek diotena;
  • egileen eta itzultzaileen arteko harremana;
  • “klasikoen” itzulpena, literatura-itzulpena (“itzultzailea poetaren poeta da, nobelagilearen nobelagilea”);
  • literatura-itzulpenaz bizi daitekeen ala ez (spoilerra: EZ);
  • zertaz jabetu behar duen itzultzaile orok (“itzulpengintza hurbilketa-arte bat da infinitura arte hobetu daitekeena”);
  • itzulpenen kritika eskasa edo kritika falta (Espainian eta herrialde gehienetan);
  • itzultzaileen akatsak;
  • zer esan nahi den hizkuntza “neutro” batera itzuli behar dela esatean;
  • itzultzailearen eta musika-interpretatzailearen arteko paralelismoa (“testu baten aurrean esertzen naizenean —testua atril batean paratzen dut nik gehienetan—, musikari sentitzen naiz, beste batek ondutako musika deszifratzen, neureganatzen eta adierazten saiatzeko prest”);
  • zer den literatura-itzulpena: kopia? jatorrizkoa? bertsioa? interpretazioa? berridazketa? faltsifikazioa? manipulazioa?;
  • zer den literatura unibertsala, halakorik baldin bada;
  • zenbaterainoko garrantzia duen arretaz irakurtzeak (“itzultzean nabarmendu beharrekoa ez da irakurketaren intentsitatea, arreta baizik; itzuli beharrak baldintzatutako irakurketa da itzultzailearena, baina horrek ez du eragozten irakurtzeko plazera; aitzitik, areagotu egiten du”);
  • zer irakats daitekeen eta zer ez itzulpengintzako fakultateetan.

Liburuaren bukaera aldera, bi diskurtsoren testua dator: bata, Alemaniako Hizkuntza eta Poesia Akademian 2000. urtean emandakoa, eta bestea, 2002koa, Salamancako Unibertsitatean emandakoa, honoris causa doktore izendatu zutenean. Lehenengoan, itzulpengintzaren definizio eder bat ematen du:

Norbaitek esana da itzultzea dela pertsona apartak diren lagunak izatea eta lagun horiek artean ezezagun zaizkigun beste lagun batzuei —irakurleei— aurkeztu nahi izatea.

Edozein kikiltzeko modukoa da Miguel Sáenzek itzultzaile gisa egin duen ibilbidea. Ingelesetik eta, batik bat, alemanetik itzultzen du gaztelaniara, eta zerrenda luze bezain ikusgarria osatzen dute berak “interpretatutako” autoreek: Rushdie, Conrad, Faulkner, Goethe, Kafka, Bernhard, Grass, Schnitzler, Brecht, Sebald… Berak hainbeste maite dituen austriar autoreek bezala, Sáenzen itzulpenak irakurtzean badirudi bakoitzarentzako doinu egokia interpretatzen dakiela beti; maisuki menderatzen du esaldi eta paragrafo bakoitzaren erritmoa, belarriz itzultzen duela ematen du, partiturarik gabe ia, musikari handienek bezala.

Hemen aipatutako saiakeran jasotako artikuluetan ere nabarmena da musikari itzultzailearen (edo itzultzaile musikariaren) sena. Maisu handien patxadaz eta zehaztasunez mamurtzen du itzulpengintza, eta Sáenzen erudizioak eskutik darama irakurlea, batere ikaratu gabe.

BIBLIOGRAFIA

SÁENZ, M. (2013), Traducción: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias, Ediciones Universidad de Salamanca, 2013.


[1] Komatxoen arteko aipu guztiak M. Sáenzen liburutik hartuak dira, eta nik itzuli ditut.

Okerreko atea jotzea

Angel Erro

Umberto Ecok itzulpenari (itzulpenari bere zentzu zabalenean) eskainitako liburuaren izena edukiaren sintesi perfektua zen, eta definizio ez txarra ere, itzultzea zertan datzan: Dire quasi la stessa cosa; ‘ia gauza bera esatea’. Gogoak huts egiten ez badit, barruan batez ere ia horren, quasi horren, nolakoa eta norainokoa zehazteari ekiten zion nagusiki.

Erakargarria (eta itzulpenaren zereginaren sintesi ona) suertatu zaidan itzulpenari buruzko beste liburu baten izena aurkitu dut orain gutxi Nafarroako Liburutegi Nagusiko apalen artean: Hablo todas las lenguas, pero en árabe. Arabieraz eta frantsesez idazten duen Abdelfattah Kilito idazle marokoarrarena da. Izenburua gorabehera, frantsesez argitaratu du, itzulpena eta bere herrialdeko literaturaren egoera diglosikoa gai dituzten lehenagoko artikuluak bilduta. Berehala aitortzen du izenburua Kafkaren egunkarietatik hartu duela, non Pragako artista batek horixe esaten zuela idatzita utzi baitzuen: munduko hizkuntza guztietan mintzo zela bera, baina yiddishean.

Interesez irakurri badut ere, gutxitan iruditu zait Kilitok bertan dioena gurera aplikagarria, besteak beste, arabieraren eta frantsesaren arteko harremana ez baita euskararen eta erdararen artekoaren parekoa. Nolabait esateko, hor literario/kulturalki subalternoa den arabiera hegemonikoa da kalean eta egunerokoan, eta frantsesari kontrakoa gertatzen zaio.

Halere, gogoeta iradokitzaileak daude tarteka. Abdelkebir Khatibi idazleaz eta bere Amour bilingue liburuaz ari denean, esaterako, non bi hizkuntzetan bizi beharra eta bere bizitzatik pasatutako hainbat emakumeren istorioak txirikordatzen baititu, galdera egiten du: “Eta Abdelkebir Khatibi hizkuntza hautatzean okertu izan balitz? Galdera ezohikoa, agian errespetu gutxikoa, dudarik gabe deserosoa. Halako galderarik egiten ahal da, edonola? Eta nork du egiteko gaitasuna? Irakurleek? […] Bada damutu dela aitortu duen idazlerik?”. Idazle bat, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu “aukeratzen” ari denean bezala, baina “idaztea berez hizkuntzaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?”.

“Al-Jahiz-ek, bere Animalien liburua-n, antzeko iritzia azaltzen du elebiduntasunaren inguruan (bitxia da idazle honek elebiduntasunaz hitz egiteko zer eta animaliei buruzko liburu bat aukeratu izana; izaki ez elebidun eta imitatzeko ezgauzak). Zeren elebiduna, Al-Jahizek iradokitzen duenez, bigamoa da: bi hizkuntzak, bi emazte bezala, suhar lehiatuko dira eta, eginahalak eginahal, senarrak ez du lortuko biak guztiz asetzea”.

Elebiduntasuna eta bigamia parekatzea, nik uste, barkakizun zaio IX. mendeko idazle bati. Niri, aldeak alde, konparazioak gogora ekarri dit duela hilabete pare bat irakurle klub baterako berriz irakurritako Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa. Dagoeneko behin baino gehiagotan irakurria duzun liburu bati ekitean, traman baino, arreta jar dezakezulako alderdi teknikoetan edo sinbolikoetan. Eleberrian, euskal idazlea den Juan Martin protagonistak bi emakume, bata madrildarra, bestea donostiarra, seduzitu nahi ditu testu bera erabilita. Ez al da hori, itzulpena tartean, edozein idazleren nahia? Bi publiko ezberdin erakartzea, geureganatzea? Victoria eta Eugenia ez dira, neurri batean, euskal eta erdal irakurlegoaren ikur?

Irakurketa hori egitea posible egiten duten pista batzuk egon daitezke. Eugenia madrildarrak Babelia bezalako literatur gehigarriek agintzen duten guztia leitzen du, irakurle midcult-agoa da, prototipikoagoa; bera limurtzeko bide onena, literatura ona baino, literatura onaren prestigioa izatearen lerro kurtsi batzuk aski dira. Victoria donostiarra elebiduna da, hobeki moldatzen da gaztelaniaz, baina protagonistarekin ahaleginduko da euskaraz egiten. Exijenteagoa da, kritikoagoa, baina euskararekiko duen lotura afektiboagoa da, kulturazkoa baino. Euskal irakurlegoa hala da edo hala irudikatzen du Saizarbitoriak? Edonola, testu berak eragin berdina izan ahal du bi emakumeengan, bi literatur sistemetan?

Irakurketa hori hankaz gora jartzen didaten gauza asko ere badaude eleberrian, agian, egileak nirea bezalako irakurketa errazak saihesteko asmatuak. Testua, bi emakumeekin erabili beharreko ohartxoa, lehenago idatzi eta erabili du gaztelaniaz Eugeniarekin eta Victoriarekin nahi du berrerabili, eta azken honi zer hizkuntzatan eskainiko dion ez du argi:

“Egiaz duda bakarra zen Eugeniaren testua Victoriari bere hartan bidaliko nion ala euskaratu egingo nuen. Ez zen, ordea, zalantza hala-moduzkoa; zenbat eta gehiago pentsatu, arrazoi gehiago aurkitzen bainuen aukera bakoitzaren alde.

[…] Victoriari gaztelaniaz eta frantsesez mintzo zitzaion bere background kulturala, eta, nolanahi ere, oso gutxi euskaraz; eta horrek garrantzi erabatekoa zuen testu batez gozatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Josu Zabaletak dioenez, background kulturala erdaraz osaturik izatea da euskaldun gehienok klasiko unibertsalak euskaraz irakurtzeko dugun zailtasunaren funtsa”.

Idazle bat, beraz, pentsarazi dit Ramon Saizarbitoriak bere eleberri horrekin, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu aukeratzen ari denean bezala, baina idaztea/maitatzea berez hizkuntzaz/pertsonaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?

Hitanoa galderetan?

Xabier Olarra

“Hitanoa non eta nork erabiltzen duen”[1] artikuluan, Xabier Alberdi irakasleak hitanoaren gaur egungo erabilerari buruz bere tesirako egindako ikerketaren nolabaiteko laburpen bat egiten du. Nork-norekin eta zein testuingurutan erabiltzen den hitanoa aztertzen du, funtsean. Horrez gain, bere ikerketan erabilerari buruzko alderdi orokorragoak ere azaltzen ditu, esate baterako zein testuinguru gramatikaletan erabiltzen den hitanoa. Honela dio:

Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behenafarreran eta zuberoeran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batik-bat (45 urtez beherakoetan).

Beraz, laburbilduz hau genuke:

1.- Hitanoa perpaus enuntziatiboetan bakarrik erabiltzen da
2.- Ez da erabili behar menpekoetan
3.- Ez da erabili behar ez galderetan ez baldintzazkoetan

Holaxe dago jasoa, besteak beste, Euskaltzaindiaren 14. arauan[2], non espresuki agertzen baita “Alokutiboa” atalean honako adierazpen hau:

“e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?)”.

Baina argi eta garbi azaltzen du Alberdik lege hori literatur tradizio landuan hala den arren, galderazkoetan ere erabiltzeko joera aski zabaldua dela gaurko erabileran. Eta berdin baldintzazkoetan gazteen artean. (Alde batera utziko dugu esaldien artean inolako bereizketarik egin gabe beti hitanoa erabiltzeko joera, non agertzen baitzaizkigu *Hura etorri dekelako (delako +hi) eta gisakoak).

Alberdik aipatzen duen salbuespena (galderazkoetan ez erabiltzea) ez errespetatzearena aspaldi samarrekoa da. Hala ere, J.B. Elizanburu (1828-1891) saratarraren Piarres Adame irakurtzen badugu, ohartuko gara ia inoiz ez duela erabiltzen galderetan (ezta menpekoetan ere, noski). Hona adibide batzuk:

—Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!… zer! ez duk ezagutzen Piarres Adame?… Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?… Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!…

Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, axaleko xoriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.

Jean Etxepare Landerretxe (1937-1961) jatsuarraren Mendekoste gereziak (1962) hartzen badugu, honako hau aurkituko dugu ipuin-bildumako Kurutze gorriak narrazioan:

—Zer tenore da? Hamarrak abantxu. Ez gintuztela sarraraziko? Hozten ari nuk.
—Menturaz eguerditan hemen izanen gituk. Hago gustuan; ez dik balio kexatzea;

Beraz, bistan da zorrotz gordetzen duela lege “zaharra”.

Argi zirrinta izenburua duen narrazioan, berriz, honako hau:

Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha? Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian hirekin.

Otto Pettanen astoa izenburukoan, berriz,

—Ba araiz, zertako nahi duk preso egon dadin?
—Edo bere kafira hemen dik? (du+hika)
—Ez die urtxoek kafirarik egiten hemen. Galdua duk. Eta joan den eguneko elur hura!

Hor ikusten dugu galdera batean hitanoa erabilia.

Gauza bera aurkitzen dugu, baina askoz ugariago, Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961) orexarraren Quito’n arrebarekin (1950) liburuan, irakurtzeko pazientzia hartzen badugu (adizkiak, besteak beste, Areso-Huitzi aldekoak-edo dira, eta horrek ez ditu gauzak errazten). Arrebarekin elkarrizketan aurkitzen dugu Orixe liburu osoan zehar, eta aukera bikaina da hitanoaren erabilera aztertzeko.

D.— Arkitu ote litezke une berean guregan Aingeru ona ta gaiztoa?
N.— Ez uke arrigarri; baña naiago diñat txandaka iduritaratzea, batak edo besteak eragiten gaitunean. Alaxe Yesus Bera ere txandaka artu ziñatenan: aingeru gaiztoak zirika, ta, arek aldegin zunean, Aingeru askok agurka. Egon ere batean zeuden guregan, anima ta Yainkoa nastu gabe. Zergatik ez litezken egon bi aingeru oiek ere?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
litezkelitezkelitezke
uke (lukek)uke (lukek)litzateke
diñat (dinat)diñat (dinat)dut
ziñatenan (zitenan)ziñatenan (zitenan)zuten
zeudenzeuden (zeuden)daude
litezkenlitezkelitezke
N- Illobia bedeikatzen dutenean, ango Aingeru Bergiralea aipatzen yunate. Ez al yunat arrazoirik aski, zerua emen ere ba dagola, aldez aldez beñipein esateko?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
yunateyunate (dinate)dute
yunatdutdut

Adibideak nahi adina aurki daitezke, baina bistan da joera hori aski nabarmena dela Orixeren idazkietan. Tormesko itsu-mutila itzulpenean ere (bizkaieraz) joera horri atxikitzen zaio. Gauza bera aurkituko dugu Mireio irakurtzen badugu.

Eta zer gertatzen da gaur egungo itzultzaileen artean? Bi joera nagusi aurkituko ditugu: lege zaharrari zorrotz atxikitzen zaizkionak eta joera “berriari” jarraikiz, galderazkoetan ere erabiltzen dutenak. Lehenbizikoen artean (hurbilen zaizkidan itzultzaileen lanei gainbegirada bat emanez) Juan Garzia, Fernando Rey, Amaia Apalauza, Idoia Santamaría, Aroa Uharte eta nerau dauzkagu. Galderetan ere sistematikoki erabiltzen dutenen artean bi baizik ez ditut aipatuko, baina askoz gehiago izango dira: Miel Elustondo eta Joxe Mari Berasategi.

Xehetasun gehiago nahi duenak, irakur ditzala, esate baterako, honako hauek: Hamlet, Kale gorriko umeak, Puskak, Aldibereko, Erle langileen amodioak, edo Ulises. Eta beste joerakoak zer egiten duten jabetzeko, eman diezaiela begirada bat, esate baterako Hiltzailea nire baitan edo Paradisuari.

Horiek horrela, uste dut agian garaia dela hizkuntza gaietan agintaritza eta autoritatea dutenek hainbatetan hartzen dituzten erabaki salomoniko horietako bat har dezaten. Zuzentzaile edo editore lanetan aritzen direnei zama arinduko liekete pixka bat, baldin eta aukerakotzat utziko balute. Halabiz.


[1] Hitanoa non eta nork erabiltzen duen, EUSKERA – XXXIX (2. aldia), 983-993

[2] https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1715&task=bilaketa&lang=eu&id=100&highlight=hika

Diglosiaren ajeak, lagunok!

Amaia Lasheras Perez

Irudika dezagun familia euskaldun bat, UEMAk arnasgunetzat hartzen duen herri horietako batean bizi dena. Familia horretan, neskato bat jaio zen mende hasieran. Ainara deituko diogu. Inguru euskaldunean hazi zen Ainara. D ereduko ikastetxe txiki batean ikasi zuen, eta, klasekide guziekin, euskaraz aritzen zen, ikasgelan nahiz kanpoan, beti. Haurtzaroko eta nerabezaroko lagun-taldea ikastetxe horretako gazteek osatu zuten; eta euskaraz aritzen ziren, beti. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa herritik kanpo egin zuen, baina, han ere, euskaraz ikasi zuen, eta ikaskide haiekin ere euskaraz mintzatzen zen beti.

Noizbait asaldatuta etorri zen etxera, ikastetxe berriko lagun batzuek akats larriak egiten zituztelako euskaraz solastatzean.

 –Ama, Obabako klasekide batzuek “ni egin dut” eta “nik joan naiz” esaten dute.

DBHko 1. ikasmailako irakasleak eskainitako liburuek Ainararen irakurzaletasuna piztu zuten. “Jara” irakurri eta gero, sail bereko gainerako liburuak eskatu zizkion amari. Gauza bera gertatu zen “Eskularru beltzak” bukatu eta gero. Durangoko azokara joaten zen urtero, eta, urte batean, ilusio handiz erosi zuen “Eta ez zen alerik ere gelditu”, baita gustura irakurri ere.

Batxilergoa ikasteko, hiri batera joan behar izan zuen. Han ere, jakina, D eredua aukeratu zuen, baina harrituta eta tristetuta itzultzen zen etxera, klasekide gehienak gaztelaniaz mintzatzen zirelako.

–Ama, batzuek ez dakite euskaraz solas egiten ere!

Urte horietan, gero eta gehiago irakurtzen hasi zen, eta euskarazko literaturarekin segitu bazuen ere, gaztelaniazko eskaintza zabalarekin txundituta, gaztelaniaz ere ikaragarri gustura leitzen hasi zen.

Batxilergoko 1. ikasturtea bukatu eta gero, euskarazko C1 titulua lortu zuen, inolako arazorik gabe.

Euskal kulturan ere, interes handia zuen. Bertso-eskolan ibili zen txikitatik eta, adibidez, azken Bertsolari Txapelketa Nagusian, saio gehienetara joan zen.

Unibertsitatera joateko orduan ailegatu zenean erabaki zuen euskaraz ikasten jarraitu nahi zuela. Espainiako unibertsitate batzuetan eskainitako ikasketak oso interesgarriak iruditu zitzaizkion, eta, nota onak zituenez, aukera zuen horietan izena emateko, baina euskaraz ikastea lehenetsi zuen.

Han ere, etsitu samar hasi zen lagun euskaldunen bila.

–Ama, gaur, ikasgelan, Lezoko mutil baten ondoan eseri naiz, eta hura bai, hura euskaraz aritzen da.

Edo

–Bai, Hondarribiko neska oso jatorra da eta euskaraz solastatzen da.

Ainararen etxean, euskaraz mintzatzeaz gain, euskararekiko kezka transmititu nahi izan zioten gurasoek, eta euskal kultura oso presente egon zen han. Aita bertsolaria eta idazlea zen (afizioz), eta ama, hizkuntzalaria.

Gure protagonista adinez nagusia zenez, gidabaimena ateratzea erabaki zuen. Herriko autoeskolara hurbildu zen, eta, han, azterketa teorikoa prestatzeko materiala eman zioten. Lehenbiziko testak egin eta gero, honela esan zion amari:

–Ama, ez dut ezer ulertzen. Zer “kristo” da errei bat? Igual, hobe nuke gidabaimena gaztelaniaz atera.

Egiazko istorio batean oinarrituta dago aurreko kontakizuna, eta, horretan pentsatzen dudanean, behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: Non egin dugu huts? Pentsa genezake ikasketa guztiak euskaraz egitearekin nahikoa dela eremu formalean euskara lehenesteko. Denok izango ditugu burutan garai batean gaztelaniaz ikasi behar izan zuten lagun euskaldun-euskaldun horiek. Eta bai, kasu horietan, ulertzen dugu idatzizko hizkuntzara hurbiltzean, gaztelaniaren edo frantsesaren alde egitea. Baina bizitza guztian euskaraz bizi eta ikasi duen pertsona batek zergatik hautatuko du gaztelania arlo formalerako?

Errei, biribilgune, bide-marra, galtzada, zeharbide, bazterbide, sestra, erdibitzaile, segurtasun-uhal, galga… Horrelako hitzekin topo egin zuen gure protagonistak autoeskolako liburua ireki zuenean.

Horietan pentsatuta, ohartu naiz termino horiek gaztelaniaz erabiltzen ditugula gehienok gure egunerokoan, pedante samarrak ez badugu izan nahi, behintzat. Autoan joaten naizenean, behin ere ez dut honelakorik esango: “Mikel, hartu ezkerreko erreia eta, hurrengo biribilgunean, joan ezkerretara”, “seme, lotu segurtasun-uhala” edo “auto honetako galga gogor samarra da”. Horren ordez, nik eta nire ingurukoek (eta ez dakit zuek), ezkerreko karrila hartuko dugu, rotondan ezkerretara joango gara, zinturona (zinturoia) lotuko dugu eta frenoa zapalduko dugu.

Aitortuko dizuet ezen, Ainararen istorioa entzunda ere, euskara salbatzeko ez naizela bat-batean hitz horiek erabiltzen hasiko (lotsa emango lidake), itzulpen bat edo testu formal bat egiteko ez bada, behintzat. Beraz, beharbada, nire ardura ere bada Ainara bezalako neskato batek gidabaimena ateratzeko gaztelania aukeratzea.

Neurri handi batean, gure subkontzientean, oraindik ere uste dugu gauza serioak, teknikoak eta zientifikoak adierazteko erdararen beharra dugula (gaztelaniarena, nire kasuan). Euskara hankamotz gelditzen zaigu horrelakoetan eta artifizialtzat jotzen dugu eskaintzen zaiguna. Horrek, jakina, ekartzen du gure gazteek ere horiek arrotz sentitzea. Egia da ikasketa guziak euskaraz egin ahal izanda gure hizkuntzak eremu batzuk konkistatu dituela, baina, ikusten denez, oraindik badago zereginik. Diglosiaren ajeak, lagunok!

Mozkortu

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Joakin Lizarraga Elkanokoa idazle emankorra izan zen zinez, milaka orrialde idatzi baitzituen nekaporratu gabe. Eliz kontuak eta erlijio gaiak beti: predikuak, santuen bizitzak eta bertze. Kopletan, konparaziora, 10.000 bertso-lerro inguru. Santuen bizitzetan, oroitarazi zuen San Saturnino dela Iruñeko patroia: “…gloriosoa baita, Iruñeko eta Nafarroako kristandadearen Aita Printzipala…”. Eta San Saturninok Fermin izeneko gazte bat bataiatu zuela Iruñean, San Fermin, alegia: “Fermin edo Firmio deitua, Nafarroako Patrono dena, jaio ze Iruñean. Gurasoak Firmo ta Eujenia, jende nobleetaik: eta hura Senadore edo Konsejuko Jaun printzipala. San Saturninok bataiatu zituen, Tolosako Obispo zenak”. San Frantzisko Xabierkoaz ere badu hitz ederrik: “Sandu bat handia, gure leku-kidea, Nafartarra, Nafarroaren honra, gloria eta sendagalla; animoso, goapo, garboso eta goranahia”.

Lizarraga Elkanoko Migelenean sortu zen 1748an (Eguesibar) eta 60 urtez izan zen bere jaioterriko apeza, 1835ean zendu zen arte. Iruñerria altxorra baita zinez euskal izkribu zaharretan, ortziral honetan berean Iruñearen inguruko bertze ibar batean ikusiko dugun bezala, Ezkabarten. Izan ere, Zildotz herriko Perutxenean aurkitutako ehunka eskuidatziren berri emanen du Euskaltzaindiak. Ekaitz Santazilia filologoak, gainera, argitu du nork onduak diren idazki haietarik gehienak, hots, etxe hartan berean sortutako Jose Manuel eta Juan Manuel Urtasun Lakidain anaiek. Bada, sorta horretako izkribu batek ezkabartearrei azaltzen die nola egin behar den aitorpen edo konfesio jenerala, hots, mahats-bilketa egiten den bezala:

Zer kuidado paratzen du nekazari diligente batek ardantze bat mendematzean? Jauna, ematen dio beiñipein ardantze honei buelta bat ososoa, eta buelta honekin bateo, joaten da mahatsak zare batean bilduz. Eta hori aski da? Ez jauna, mendematzekoz behar duen bezala, ematen du ardantze guztitik bertze buelta edo errepaso bat, eta biltzen ohi ditu txirdil karga bat edo bide, hostoen artean estalian gelditzen zirenak, mendemazaleen deskuidoz edo ez ikusiz… Eta errepaso honen ondorean, txirdilen bat gelditzen bada estalien? Jauna, ez da nekazari haren kulpa, honek bere aldetik egin zuen ahal zuen guztia; hau urriaren ondorean, ahienari hostoa erortzen zaionean deskubrituko da”.

Eta orain, mezua, ikasbidea, nekazariarentzat:

Hau bera erraten dizut nik, kontu egizu zure bihotzeko ardantzea mendematzera zoazila; behar diozu eman zure kontzientziako ardantzeari buelta jeneral bat, eta behar dituzu bekatuen mahats beltz saminak bildu zure memoriaren zarean…”.

Mahats-bilketaren adibidea ongi ekarria da, Ezkabarteko eta Iruñearen inguruko nekazariek ugari baitzituzten ardantzeak edo mahastiak ardoa edo txakolina egiteko, txakolina ez baita Gipuzkoako edo Bizkaiko kontu hutsa, Nafarroan erruz egin baita XX. mendearen erditsura arte, jende aunitzek bertzela uste arren. Hori bai, den-denok dakigu zer dakarren ardoa eta txakolina neurrigabe edateak.

Bada, Elkanoko semeak euskaraz izkiriatutako milaka paperen artean, printza zoragarri hau utzi zigun mozkortu hitzaren gainean, euskarak Iruñerrian zuen bizitasunaren erakusgarri: “Orain erraten da hordiagatik mozkorturik. Eta guzia heldu da ongi, ezi nola burua kentzea arbola bati deitzen baita mozkortzea, hala hordia da mozkor bururik gabe…”. Erran nahi baita, aditzera eman nahi du bere garaian mozkortzea zuhaitzari adaburua moztea edo kentzea zela edo horrela behintzat erabiltzen zutela. Beraz, Iruñerrian ere, neurrigabe edateari “horditu” erraten zitzaion. Baina gero, “mozkortu” hitzak bertze erranahi bat hartu zuela (orain erraten da hordiagatik mozkorturik), hots, gehiegi edateak burua galtzea dakarrelako, zuhaitzen inguruko adiera hura gehiegi edatearen eremura ekarrita. Horregatik idatzi zuen “guzia heldu da ongi”, hots, ez dagoela gaizki pentsatua “mozkortu” hitzaren adiera berria, edaten duenak burua galtzen duelako. Horren haritik, galderak montioka heldu zaizkigu kaskora. Nondik heldu ote zen Iruñerrira “mozkortu” hitzaren erranahi berria? Edo Iruñerrian berean eman ote zitzaion lehenbizikoz adiera hori, Euskal Herri guztietara zabaldu baino lehen? Edo zergatik ez, Iruñerriko gazteen ahotik ateratako adiera izan ote zen?