Olentzero eta Mari Domingiri gutuna

Amaia Lersundi Pérez

Hizkuntzak hezkuntza prozesuan duen garrantziaz eta rolaz aritu naiz azken sarreretan. Gaiarekin jarraituz, baina arreta-gunea apur bat aldatuz, gaurkoan, sareetan, kaleetan, eskoletan eta unibertsitateetan bolo-bolo dabilen gai bat ekarri nahi izan dut. Duela aste batzuk PISA probaren emaitzak argitaratu ziren, eta asko dira sortu diren kezkak, ardurak eta harridurak. Lerro hauetan azken urteetan, oro har herrialde guztietan, irakurketaren ulermen mailak izan duen beherakada kezkagarriaren inguruan hausnartu nahi dut. Testu bat irakurtzeak eta ulertzeak hitzak deszifratzea baino gehiago eskatzen du. Ikasleek, pentsamendu analitikoa eta kritikoa garatu dezaten, testuaren egitura aztertzeko, gai nagusiak identifikatzeko, informazio garrantzitsua ateratzeko eta inferentziak egiteko gaitasuna garatu behar dute.

Hezkuntza komunitatean joera negatibo horretan eragina duten faktoreak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzeko beharra ikusi da. Izan ere, ulermen arazoek ikasleen hezkuntza-arrakasta baldintzatzen dute, ulermena baita edozein ikasgai ikasteko beharrezko oinarria. Hizkuntza behar bezala ez menderatzeak zuzenean eragin diezaioke edukia ulertzeko gaitasunari, eta ondorioz, ikasleek zailtasunak izan ditzakete testu konplexuak interpretatzeko eta beren ideiak argi eta zehatz adierazteko

Askok pandemiari egozten diote ikasleen ulermen mailaren beherakada, baina badaude beste zenbait faktore ere eragin zuzena izan dezaketenak, esaterako, gailu elektronikoen ugaritzeak eta eduki digitalak erraz eskuratzeak irakurketa-ohiturak aldatu dituztela. Hala, gaur egungo ikasleak behar duten informazioa azkar eta sintetizatuta lortzera ohitu dira. Aro digitalak erabat eraldatu du informazioa eskuratzeko modua, eta informazioaren berehalakotasunak azaleko irakurketa eta datuen bilaketa azkarra egiteko kultura sortu du. Eskuragarritasun horrek onura ukaezinak ekarri baditu ere, eskoletara erronka esanguratsuak ere ekarri ditu; bereziki, ikasleek formatu laburragoak eta bisualagoak nahiago dituzte, eta zaila egiten zaie testu konplexuagoak sakon eta patxadaz irakurtzea.

Gizartearekin batera hezkuntza ere aldatzen joan behar denez, eta orain arteko estrategiek, dirudienez, emaitza onak eman ez dituztenez, neurriak hartu behar dira ikasleek azaleko informazioa kontsumitzeaz gain, informazio hori ulertzeko eta beren ikaskuntzan eta garapen pertsonalean gogoeta eginez aplikatzeko aukera izan dezaten. Beraz, argi izan behar dugu ikasleen irakurketa eta ulermen gaitasuna sustatzea funtsezkoa dela haien garapen akademiko zein pertsonalerako. Hau da, irakurmena sustatzeak errendimendu akademikoa hobetzeaz gain, bizitzan arrakasta izateko eta gizartean aktiboki parte hartzeko ezinbestekoak diren trebetasunak ematen dizkie ikasleei; eta irakasle guztien ardura dela, informazioa modu kritikoan aztertzeko, sintetizatzeko eta ulertzeko gaitasunaren lanketa; baita ere ikasleek ulermen estrategiak garatzea eta horiek erabiltzen jakitea, irakurzaletasuna txikitatik sustatzea, eta irakurtzeko motibazioa eta interesa piztea. Azkenik, hori guztia egiteko eta ikasleen garapen integralean irakurketaren garrantzia sustatuko duen ingurune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa da hezitzaileen, gurasoen eta komunitatearen arteko lankidetza.

Hemen doaz urte berrirako Olentzerori eta Mari Domingiri eskatutakoak. Bitartean, pare bat astez, behintzat, har dezagun atseden eta ingurukoen energiaz eta goxotasunaz bete gaitezen, aurrean ditugun eta etorriko diren erronkei aurre egiteko indarra beharko dugu eta.