Autoitzultzeaz gogoetan

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Autoitzulpenari buruzko ikerketa lerroa ikaragarri hazi da azken urteotan eta horren erakusgarri dugu Eva Gentesek urtero osatzen eta eguneratzen duen autoitzulpenaren ikerketari buruzko bibliografia. Euskal itzulpengintzaren eremuan lanean ari garenok erreparatu izan diegu autoitzulpenaren ñabardura ugariei, autoitzultzeko zein ez autoitzultzeko arrazoiei, autoreen profilari, eboluzio kronologikoari, bai eta autoitzuliriko testuak aurkezteko moduari, itzulpenok itzulpen gisa ala jatorrizko gisa plazaratzen ote diren jakin nahian. Literaturaren eremuan aztertu izan dugu jarduera batik bat, baina jakina da beste hainbat alorretan ere ugari itzultzen dela bigarren hizkuntza batera aurrez lehenengo hizkuntza batean idatzitakoa edo ahots gora esanikoa.

Autoitzulpenari buruzko kongresu batean izan berria naiz. Han-hemengo ikertzaileak bildu ginen, hizkuntza eta kultura askotariko autoitzulpenak ditugunak aztergai. Halako topaketak baliagarriak izaten dira norberaren ikerketa eremua besteenekin alderatzeko eta hausnarketarako hari mutur berriak topatzeko. Han entzundako eta sortutako gogoeta batzuk ekarri nahiko nituzke hona gaurkoan.

Autoitzulpena jarduera zabaldua da munduan barna; hizkuntza eta kultura gehienetan topatuko dugu autoitzultzen duen idazlerik. Herrialde bakoitzean hitz egiten den hizkuntza kopuruak, hizkuntzen arteko harremanak, horien estatusak eta egoera soziolinguistikoak badute zerikusirik herrialde jakin batean topa litezkeen autoitzulpen moldeekin bai eta plazaratzen den autoitzulpenen kopuruarekin ere.

Simona Anselmi irakasleak italierara eta italieratik eginiko autoitzulpenen ikuspegi osatua eskaini zigun kongresuan. Hala, honako autoitzulpen motak identifikatu zituen: autoitzulpen endogenoak, hau da, estatu beraren barruan eremu geografiko berean hitz egiten diren hizkuntzen artekoa, izan hizkuntza nagusitik arruntera (latinetik italiera arruntera) edo italieraren dialektoetatik italiera batura; eta autoitzulpen exogenoak, hots, herrialdeko mugetatik kanpo egiten diren autoitzulpenak, izan Italiatik beste herrialde batzuetara joandako idazleek eginikoak ala Italiara etorritako idazleek eginikoak. Autoitzultzaile exogenoen ezaugarri behinena migrazioa da, edozein delarik ere jatorrizko zein xede herrialdea, eta itzulpen hizkuntzak jatorrizko herrialdekoa eta xede herrialdekoa izaten dira, edozein delarik ere hautatutako itzulpenen norabidea.

Anselmiren antzerako sailkapen bat egin nahi izan dut, euskara ardatz hartuta, eta pentsatzen hasi orduko jabetu naiz gurean kasuistika ez dela hain zabala. Hasteko eta behin, gurean topa litekeen itzulpen jarduera nahikoa homogeneoa da, autoitzultzaileen profilari erreparatuta. Pentsa liteke adin, genero eta estilo ugaritako autoreak aritu izan direla eta ari direla euren testuak autoitzultzen, jakina. Ipar eta Hego Euskal Herrian autoitzulpenari dagokion hizkuntza konbinazioa ere aldatzen da, euskaratik frantseserako itzulpenak egiten baitira batean eta gaztelaniarakoak bestean. Euskalkien arteko edo euskalki baten eta euskara batuaren arteko autoitzulpenik ere bada. Dena den, autoitzulpen endogenoa egiten da batik bat gurean, hau da, herrialde barruan egiten dena, eta autoitzultzaile sedentarioak dira nagusi. Ba ote Euskal Herritik beste herrialderen batera migratu eta berak sorturiko testuak autoitzultzen aritu den idazlerik? Ala gurera etorri eta bere jatorrizko hizkuntzaren eta euskararen artean autoitzultzen duenik? Munduko beste hainbat kultura eta herrialdetan, autoitzultzaile migranteek presentzia zabala izan ohi dute gure aldean, eta horien artean hizkuntza konbinazio batean baino gehiagotan ari denik ere bada. Euskal literatur eremuan, autoitzultzaileek hizkuntza konbinazio bakarrean jardun ohi dute, eta, eskuarki, euskaraz sorturiko lanak autoitzultzen dituzte hizkuntza hegemoniko batera. Hizkuntza ahulenetik indartsuenera itzultzea eta ez indartsuenetik ahulenera –hau da supraautoitzulpena eta ez infraautoitzulpena, Grutmanen terminologia erabilita– izan ohi da arau kultura gehienetako literatur trukeetan, eta gurean ere halaxe gertatu ohi da, nekez topatuko baitugu gaztelaniatik edo frantsesetik euskararako autoitzulpenik.

Dibertsitatea zen kongresuaren gai nagusia eta autoitzulpena eta dibertsitatea bi-biak lotu zituen Rainier Grutmanek bere hitzaldian. Autoitzulpenak sustatu dezake dibertsitatea, xede hizkuntzetan argitaratzen diren liburuen artean hizkuntza gutxituetan sortutako lanei lekua egiten baitzaie. Kontrara, autoitzulpenak indarra ken diezaioke dibertsitateari, suprautoitzulpenak (gehien sortzen den autoitzulpen mota) jatorrizko hizkuntzak baztertzen baititu, hein batean behintzat. Autoitzulpenak, are, jatorrizko hizkuntzari ikusgarritasuna eman diezaioke, hizkuntza oso ahulen zein galzorian daudenen kasuan, biziberritzeko jarduera izan daitekeen heinean. Dibertsitatearen ideia ardatz hartuta, euskal testuinguruan autoitzulpenak euskarari eta euskal literaturari zer mesede egiten dion pentsatuz itzuli naiz, zein mehatxu dituen eta zer ikusgarritasun ematen dion. Badu, bai, mamirik gaiak.

Euskara ardatz duen eleaniztasunerantz

Amaia Lersundi Pérez

Azkenaldian ugariak dira Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza-mailaren eta kalitatearen inguruan entzun ditudan kezkak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila edo Batxilergoa amaitzen dutenean gazteek ingelesez komunikatzen ez dakitela, euskaraz gaizki hitz egiten dutela, gaztelaniaz idazten ez dakitela…

Hezkuntza-politikek gizarteko beharrei erantzun behar diete. Horregatik, Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuetako bat da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean ikasleak eleaniztunak izatea, hau da, konpetentzia komunikatiboa gutxienez hiru hizkuntzatan garatuta izatea. Hala ere, azken urteetan ikasleen konpetentzia eleaniztuna sustatzeko hartu diren hainbat neurrik hausnartzera eta ikertzera eraman naute.

Adibidez, joera ohikoa bihurtzen ari da eskoletan gero eta ingeleseko ordu gehiago eskaintzea: historia ingelesez, natur zientziak ingelesez… Ingeles maila hobetzeko neurri egokia izan daiteke. Aldiz, ingelesari ordu gehiago eskaintzeak euskarari orduak kentzea badakar, ikasleen euskara mailari ez ezik, konpetentzia eleaniztunari ere mesede gutxi egingo dio. Ezin dugu ahaztu geurea hizkuntza gutxitua dela, eta eleaniztasuna sustatu nahi badugu, euskara erdigunean jartzen duen eleaniztasuna izan behar dela.

Tradizionalki, eskoletan hizkuntzen banaketa zorrotza egin izan da, gehienetan hizkuntza gutxituak babesteko asmoz. Horrek ekarri du hizkuntzak isolatzea eta bakoitza bere aldetik irakastea: euskarako irakasleak euskara irakasteko plangintza propioa garatzea, ingeleseko irakasleak ingelesekoa, gaztelaniakoak gaztelaniakoa, frantsesekoak frantsesekoa… elkarren artean inongo koordinaziorik gabe. Modu horretan, zaila da hizkuntza guztiak ikastea, eta gaitasun eleaniztuna garatzeko, gainera, kontrakoa proposatzen da: irakasten diren hizkuntza guztien arteko plangintza bateratu bat sortzea. Izan ere, egungo errealitate eleaniztunak konpetentzia komunikatibo eleaniztunaren garapena ahalbidetzen duen ikuspegi bat eskatzen du.

Hori da hain zuzen Hizkuntzen Trataera Bateratuak bultzatzen duena, hizkuntza bakoitzak berezkoa duena lantzea eta partekatzen dituzten alderdiak era koordinatuan irakastea. Badago hizkuntza guztietan garatzen den oinarrizko gaitasun komun bat, eta ondorioz, badira hizkuntzen artean transferigarriak diren hainbat alderdi, besteak beste, gaitasun diskurtsiboari dagozkion alderdiak, esaterako, testu generoen erabilera, hauen egitura, ulermen estrategiak… Gainera, hizkuntzak haien artean zenbat eta gertuago egon, alderdi gehiago partekatzen dituzte, eta hizkuntza batetik bestera aspektu gehiago transferitzen dira.

Ikuspegi honek eskatzen du irakasten diren hizkuntza guztien arteko koordinazioa, eta beraz, hizkuntzetako irakasleen arteko elkarlana, besteak beste hizkuntza horiek komunean dutena identifikatzeko, hizkuntza batetik bestera transferigarriak diren alderdi horien lanketa hizkuntzetan banatzeko eta antolatzeko, hizkuntzak irakasteko printzipio metodologikoak konpartitzeko, eta irakasleen artean plangintza bateratu bat diseinatzeko. Aurretik aipatu bezala, betiere euskarari lehentasuna emanez. Nahiz eta, printzipioz, euskara eskolan irakasten diren beste hizkuntzetatik urrun egon, badaude transferitu daitezkeen aspektu asko eta asko. Gainera, hizkuntza hegemonikoek duten egoera pribilegiatua aprobetxatuz, erabil ditzagun horiek gurea indartzeko. Zergatik ez gaztelaniako saioetan ere euskal soziolinguistikaren inguruan hitz egin? Euskal zinemaren inguruan? Ingeleseko saioetan Euskal Herriko kulturaren inguruan? Euskal literaturaren inguruan?

Horretarako, beharrezkoa da hizkuntzetako irakasleek begiradak bateratzea, elkarrekin helburuak zehaztea, ebaluazioa diseinatzea, zereginak prestatzea… Gai batzuk urtez urte eta hizkuntza guztietan errepikatu beharrean, behin lantzearekin nahikoa litzateke. Optimizatu dezagun denbora eta aprobetxatu ditzagun saioak hizkuntza erabiltzeko.

Urteetan lan handia egin da Hizkuntzen Trataera Bateratuaren alde bai eskoletan, baita unibertsitateetan ere, eta curriculumak ere ikuspegi honen alde egiten du, baina eskoletako antolaketak eta lan egiteko moduek zaildu egiten dute askotan esandakoak praktikan jartzea.

Amaitzeko, eskolan irakasten diren hizkuntzez gain, Euskal Herriko geletan beste hizkuntza ugari ere topatu ditzakegu. Ikasleei konpetentzia eleaniztuna garatzen laguntzeko, ikasle guztien errepertorio linguistikoa hartu beharko litzateke kontuan. Gai hori beste sarrera baterako utziko dut, luzerako ematen du eta!

Tarzan gose! (Espainiako eskuindar baten manifestua)

Santi Leoné

Noizbait Jorge Luis Borgesek idatzi zuen –buruz ari naiz; beraz, ez dezagun arruntean baztertu aipua faltsua izatea, baina aipu apokrifoak inori egoztekotan, Borgesi egotzi behar zaizkiola iduritzen zait– seguru zela, hungarieraz ez jakin arren, hungarieraz ere espirituak behar dituen elikagai guziak aurkituko lituzkeela. Adibidea zen hungariera, bistan dena, eta haren ordez berdin paratzen ahalko zukeen suomiera edo errumaniera, konparazione. Euskara ere bai? Unearen arabera, erranen nuke nik, zeren aspaldi honetan gure elikadura burujabetzarako bidean ekarpen ezinbertzekoa egiten zuten zenbait argitaletxe –Meettok, Pasazaite, Igela– desagertu baitira. Guziak itzulpengintzari emanak, lehendabiziko bien heriotza aski isila izan da; hirugarrenak asots handiagoa atera du, euskarara Dolores Redondoren eta Toti Martinez de Lezearen testuak ekarri dituztenen eskutik etorri baita W. G. Sebald, Yukio Mishima, Natalia Ginzburg edo Ursula K. Le Guin euskaratu dituen argitaletxearen desagerpena.

Bilatzen hasiz gero, gure panorama literarioaren pobretze hori esplikatzeko hainbat arrazoi aurkitzen ahalko genituzke –errate baterako, poeta batek zera bota zuen, Euskal Herriko funtzionarioek liburuak erosteko duten zeregin historikoan huts egin dutela–; nik ez dut azalpenik, baina iduritzen zait agian ohartu garela –maiestatiko horren bidez batzuk ohartu direla erran nahi dut– elikagai anitz zakarrontzira botatzen ari garela eta horregatik, aukeran, hobe dela horrelakorik ez ekoiztea edo –Pasazaitekoen leloa gogoan: inportazioko liburuak– horrelakorik inportatzen ez segitzea. Iduritzen zait, bertze manera batean erranda, elikadura espiritualaz den bezainbatean burujabe izan nahi luketen euskaldunak aseko dituen goi mailako kultura sortzeko proiektua arrunt gutik hartu eta hartzen dutela serio gure artean. B2-ko mailatik goiti pasatzen den guziak pedante gisa seinalatua izateko arriskua du. Herriak Toti behar du euskaraz; Sebalden esaldi luzeak irakurtzeko asmo susmagarria duenak erdal itzulpenak ditu eskuar.

Aspalditik izan ditugun eztabaida eta polemika batzuek euskara estandarizatu normalizatua izan dute jomuga: letrakuntza erran izan zaio, mespretxuz, euskara batuari; euskara bastarta izen ustez glamurosoaren mozorropean euskainola aldarrikatu zuten duela ez hainbertze nork eta zenbait kazetarik non eta gure egunkari nazional bakarrean, eta ez zuten txalo guti jaso; eta orain, euskara sinplifikatzeko temarekin dabiltza batzuk jo eta su. Beti komunikazioaren izenean. Euskararen gaitasun komunikatiboa bulkatzeko aitzakian.

Literatura maite duen orok badaki hizkuntza ez dela funtzio komunikatibora murrizten, baina, bertzalde, zer nahi duzue erratea, nire ustez komunikazioa gainbaloratua dago. Gazte nintzelarik, bikotekidearekin jatetxe txinatar batera afaltzera joateko ohitura nuen. Afaria laguntzeko, bi ogi eskatzen genituen beti. Eta bi ogi eskatzen genituen aldiro, behin ere hutsik egin gabe, dos pan chino berresten zigun zerbitzariak. Komunikazioaren miraria gauzatu egiten zen, bistan dena, baina nire barneko bozak dos panes chinos xuxurlatzen zidan belarrira. Ez zitzaidan orduan bururatu, eta harrezkeroztik ez zaio nik dakidala inori bururatu gaztelaniak solas guzietan pluralaren marka paratzeko daukan joera erredundante amorragarriaren kontrako saiakerarik idaztea, ezta aditz irregularrak –quepo, cabría, cabré, cupe, cupiera– erregular bihurtzeko eskaerarik ere. Alemana sinplifikatuko dute fite? Borgesek ez zekien hungariera errazteko proiekturik bada? Ingeleseko phrasal verbs debekatzeko dekreturik ari dira inon prestatzen? Frantseseko eta katalaneko e guziak e normalera murrizteko planik inork?

Ni, Tarzan, zu Jane ere komunikazioa da, baina sentimendu erdi konplexuak dituen nornahik baliabide gehixeago beharko ditu barneko zer hori adierazteko. Baliabide gehixeago, edo bertze hizkuntza bat. Egia da eguneroko komunikaziorako –are gehiago, eguneroko komunikazio horretan, lau esalditik bi erdaraz egiten baditugu– euskara konplikatuegia dela. Euskarak hizkuntza naturala izan beharko luke antza, nahi dugun bezala mintzatzekoa eta sudurraren puntan paratzen zaigun bezala idaztekoa, betiere euskaraz idatzi nahiko bagenu. Eta idazten hasiz gero, zer nezesidade gauzak joan naiz etorri zara egin dugu baino gehiago korapilatzeko? 

Jar ditzagun aditz errazak, mundu guztiak erabiliko dituenak. Ez dut nik erran, Mikel Mendizabalek erran du, Berrian erran ere, eta harekin batera bertze intelektual batzuk etorri dira liburu batean euskararen zailtasunaren gaineko topiko zaharmindu guziak berritzera eta berrestera. Hau ere erran du: “Espainiako eskuindarra banintz, esango nuke egin behar dela euskara ahalik eta aberatsena, konplikatuena: horren alde egingo nuke”. Euskal kontserbadore berria deitu zidan behin Ameriketan dabilen izar batek; Espainiako eskuindarra naizela deskubritu dut orain.

Hiru egun pasatzen ahal ditugu ogirik gabe; poesiarik gabe, bat ere ez, idatzi zuen Baudelairek 1846ko Salonen. Ogia dioen tokian elikagaiak irakurtzen ditugun bezala, irakur dezagun literatura poesia dioen tokian. Auskalo. Gure panorama literarioa aski mehetzea eta gure hizkuntza aski sinplifikatzea erdiesten badugu –eta hala gerta dadin eginahal guziak ari da egiten hori saihesteko eginahal batzuk sikiera egin behar lituzkeen jende franko–, agian egunen batean itzarri eta zera erranen dugu, tripa-zorroa ukitzen dugularik: Tarzan gose! Baina egon gaitezen trankil, Borgesek bazekien eta ez zekien hizkuntzetan, hizkuntza serioetan alegia, beti izanen dugu zer jan eta zer edan.