Autoitzultzeaz gogoetan

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Autoitzulpenari buruzko ikerketa lerroa ikaragarri hazi da azken urteotan eta horren erakusgarri dugu Eva Gentesek urtero osatzen eta eguneratzen duen autoitzulpenaren ikerketari buruzko bibliografia. Euskal itzulpengintzaren eremuan lanean ari garenok erreparatu izan diegu autoitzulpenaren ñabardura ugariei, autoitzultzeko zein ez autoitzultzeko arrazoiei, autoreen profilari, eboluzio kronologikoari, bai eta autoitzuliriko testuak aurkezteko moduari, itzulpenok itzulpen gisa ala jatorrizko gisa plazaratzen ote diren jakin nahian. Literaturaren eremuan aztertu izan dugu jarduera batik bat, baina jakina da beste hainbat alorretan ere ugari itzultzen dela bigarren hizkuntza batera aurrez lehenengo hizkuntza batean idatzitakoa edo ahots gora esanikoa.

Autoitzulpenari buruzko kongresu batean izan berria naiz. Han-hemengo ikertzaileak bildu ginen, hizkuntza eta kultura askotariko autoitzulpenak ditugunak aztergai. Halako topaketak baliagarriak izaten dira norberaren ikerketa eremua besteenekin alderatzeko eta hausnarketarako hari mutur berriak topatzeko. Han entzundako eta sortutako gogoeta batzuk ekarri nahiko nituzke hona gaurkoan.

Autoitzulpena jarduera zabaldua da munduan barna; hizkuntza eta kultura gehienetan topatuko dugu autoitzultzen duen idazlerik. Herrialde bakoitzean hitz egiten den hizkuntza kopuruak, hizkuntzen arteko harremanak, horien estatusak eta egoera soziolinguistikoak badute zerikusirik herrialde jakin batean topa litezkeen autoitzulpen moldeekin bai eta plazaratzen den autoitzulpenen kopuruarekin ere.

Simona Anselmi irakasleak italierara eta italieratik eginiko autoitzulpenen ikuspegi osatua eskaini zigun kongresuan. Hala, honako autoitzulpen motak identifikatu zituen: autoitzulpen endogenoak, hau da, estatu beraren barruan eremu geografiko berean hitz egiten diren hizkuntzen artekoa, izan hizkuntza nagusitik arruntera (latinetik italiera arruntera) edo italieraren dialektoetatik italiera batura; eta autoitzulpen exogenoak, hots, herrialdeko mugetatik kanpo egiten diren autoitzulpenak, izan Italiatik beste herrialde batzuetara joandako idazleek eginikoak ala Italiara etorritako idazleek eginikoak. Autoitzultzaile exogenoen ezaugarri behinena migrazioa da, edozein delarik ere jatorrizko zein xede herrialdea, eta itzulpen hizkuntzak jatorrizko herrialdekoa eta xede herrialdekoa izaten dira, edozein delarik ere hautatutako itzulpenen norabidea.

Anselmiren antzerako sailkapen bat egin nahi izan dut, euskara ardatz hartuta, eta pentsatzen hasi orduko jabetu naiz gurean kasuistika ez dela hain zabala. Hasteko eta behin, gurean topa litekeen itzulpen jarduera nahikoa homogeneoa da, autoitzultzaileen profilari erreparatuta. Pentsa liteke adin, genero eta estilo ugaritako autoreak aritu izan direla eta ari direla euren testuak autoitzultzen, jakina. Ipar eta Hego Euskal Herrian autoitzulpenari dagokion hizkuntza konbinazioa ere aldatzen da, euskaratik frantseserako itzulpenak egiten baitira batean eta gaztelaniarakoak bestean. Euskalkien arteko edo euskalki baten eta euskara batuaren arteko autoitzulpenik ere bada. Dena den, autoitzulpen endogenoa egiten da batik bat gurean, hau da, herrialde barruan egiten dena, eta autoitzultzaile sedentarioak dira nagusi. Ba ote Euskal Herritik beste herrialderen batera migratu eta berak sorturiko testuak autoitzultzen aritu den idazlerik? Ala gurera etorri eta bere jatorrizko hizkuntzaren eta euskararen artean autoitzultzen duenik? Munduko beste hainbat kultura eta herrialdetan, autoitzultzaile migranteek presentzia zabala izan ohi dute gure aldean, eta horien artean hizkuntza konbinazio batean baino gehiagotan ari denik ere bada. Euskal literatur eremuan, autoitzultzaileek hizkuntza konbinazio bakarrean jardun ohi dute, eta, eskuarki, euskaraz sorturiko lanak autoitzultzen dituzte hizkuntza hegemoniko batera. Hizkuntza ahulenetik indartsuenera itzultzea eta ez indartsuenetik ahulenera –hau da supraautoitzulpena eta ez infraautoitzulpena, Grutmanen terminologia erabilita– izan ohi da arau kultura gehienetako literatur trukeetan, eta gurean ere halaxe gertatu ohi da, nekez topatuko baitugu gaztelaniatik edo frantsesetik euskararako autoitzulpenik.

Dibertsitatea zen kongresuaren gai nagusia eta autoitzulpena eta dibertsitatea bi-biak lotu zituen Rainier Grutmanek bere hitzaldian. Autoitzulpenak sustatu dezake dibertsitatea, xede hizkuntzetan argitaratzen diren liburuen artean hizkuntza gutxituetan sortutako lanei lekua egiten baitzaie. Kontrara, autoitzulpenak indarra ken diezaioke dibertsitateari, suprautoitzulpenak (gehien sortzen den autoitzulpen mota) jatorrizko hizkuntzak baztertzen baititu, hein batean behintzat. Autoitzulpenak, are, jatorrizko hizkuntzari ikusgarritasuna eman diezaioke, hizkuntza oso ahulen zein galzorian daudenen kasuan, biziberritzeko jarduera izan daitekeen heinean. Dibertsitatearen ideia ardatz hartuta, euskal testuinguruan autoitzulpenak euskarari eta euskal literaturari zer mesede egiten dion pentsatuz itzuli naiz, zein mehatxu dituen eta zer ikusgarritasun ematen dion. Badu, bai, mamirik gaiak.

One Reply to “”

  1. Polita zure ekarpena, Elizabete. Hizkuntza gutxien kasuan, eta gure kasuan bereziki, autoitzulpenaren ondorioz, gertatzen ari da gaztelaniazko bertsiotik itzultzen dela gero beste hizkuntzetara (eta autoitzulpena izan arren, liburu horiek ez dira itzulpentzat saltzen, kredituetan ez da esaten “Itzultzailea: autorearen izena”. Eta, horren eraginez, liburu hori gaztelaniazko literaturatzat hartzen da, ez euskal literaturatzat. Behin baino gehiagotan ikusi dut halako euskal idazle baten liburuaz hitz egitean, autorea “Spanish writer” gisa definitzen dela, eta euskara ez dela ezertarako ere aipatzen. Euskal literaturaren inbisibilizazioa eragiten du, kasu batzuetan behintzat.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina