Erortzen zatzaizkit

Uxue Rey Gorraiz

Euskalduntzen hasi berri-berria den lagunaren begietatik ari natzaio euskarari behatzen azkenaldian, tarteka. Hogeita asko urte dituelarik eta aurrez euskara apurrik ere ez zekielarik eman du izena euskaltegian. Ez du falta motibaziorik batere, eta nik, euskaldun zahar baina oraindik gazte honek –adiera horren gaineko eztabaida beste baterako utziko dugu–, atseginez aditzen dizkiot niri inoiz okurritu ez zaizkidan galderak. Balio didate gure hizkuntzaren aukerez konturatzeko. Baita nire dudak begietaratzeko ere, batzuetan.

―Uxue, nola esaten da “encantada de conocerte” euskaraz? Nola da “encantada”? –galdetu zidan lagunak joan den astean.
―Urte askotarako –erantzun nion nik, seguru xamar.
―Bai? Interneten ez da horrela –erantsi zuen hark.

Segituan susmatu nuen zerk eragina zen nahasmendu hura. Elhuyar hiztegi neuronalean “encantada” hitza bilatuz gero, “sorgindua” hitza ageri da ematen duen lehenbiziko sarreran –ez da bakarra, jakina–.

Hori ez da blogaren sarrera honetan plazaratu nahi dudan duda, baina ilusioa egiten dit imajinatzeak laguna “sorgindua” azalduko zela azken egunotan izandako enkontruren batean. Gainera, beste hau nabarmentzeko ere balio du adibideak: zinez uste dut euskarak ez dituela zertan bilatu erdaretan sortutako esamoldeen kalkoak, baina bistan da joera hori normala dela euskalduntze prozesua hasi berria duen batengan.

Horregatik, honakoa galdetu zidan handik gutxira:

―Uxue, eta nola esaten da “me caes bien”?

Eta, orduan bai, etorri zitzaizkidan dudak; kaskoan zirika ditut oraindik. Euskarak baditu esamolde horren baliokideak, jakina, baina, egia esateko, bakar batek ere ez nau asebetetzen. Behintzat, baldin eta kale hizkeran baliatzeko modu baten bila bagabiltza. Kapritxo handiegiak ditut?

Aukera hauek okurritu zaizkit, baina ez naiz guztiz konforme.

a) “Jatorra zara”. Ziztuan etorri zait aukera hori burura, baina deskriptiboegia da nire irudiko. Jakina da gure lagun guztiak ez direla objektiboki “jatorrak”. Nireak ez behintzat.

b) “Gustuko zaitut / atsegin zaitut”. Imajinatzen dut aukera hau balekoa irudituko zaizuela gehien-gehienei, frantsesezko “Je t’aime bien” formularen antzekoa ere bada gainera, baina franko molestatzen nau zentzu sasi-erromantikoan interpretatzeko arriskua izateak. “Gustuko zaitut” esan, eta akaso laster letorke galdera: “Baina gustatu, lagun modura? Edo nola?”. Konplexu kontua izan daiteke, baina tira.

c) “Parte onekoa zara”. Asko estimatzen dudan itzultzaile batek iradoki zidan aukera hori bazegoela, baina, ondotik, elkarrekin egin dugu kontrastea, eta ez zaigu iruditu egokiegia.

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala baitio:

parte oneko
adj. Behar bezalakoa; parte txarrekoa ez dena.
(Ezezko esaldietan).
Erre usain hori ez zen parte onekoa.

=/= parte txarreko
adj. Badaezpadako gauzekin zerikusiren bat duena.
Parte txarreko jendea.

Esandakoa: baztertu egin dugu formula hori, kontua ez delako parean dugun pertsona hori “zintzoa” edo “gaiztoa” den epaitzea.

d) Kausitu aditzaren erabilera. Sekula ez nuen pentsatu gaztelaniazko caer bien aditzaren baliokide izan daitekeenik. Orain arte, esanahi hauen berri baizik ez nuen:

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala dio:

kausitu, kausi, kausitzen
1 da/du ad. Aurkitu, ediren. Kausitu du bilatzen zuena. Mina berehala kausitu dit eta berehala sendatu. Han kausituko dugu betiko atsedena. Lo zuten kausitu. Bi nagusien artean kausitzen nintzen. Hor kausitzen da egiazko atsedena.
2 du ad. Ipar. Lortu; (azterketa edo kideko bat) gainditu. Gure elkarteak lehen urratsa egina du kalitate erreferentzia ofizial bat kausitzeko. Gure gazteek kausitu dituzte beren etsaminak.

Baina, sorpresa:

Elhuyar hiztegiak hala dio –Euskaltzaindiak jasotzen dituen esanahiez gainera–:

kausitu, kausi, kausitzen
(…)
3 dio ad. (Ipar.) complacer, agradar, gustar
orori kausitzea lan da: agradar a todos cuesta trabajo

Irakurle, zer formula lehenesten duzue zuek? Edo, are: hemen bildu ez dudan beste zer esamolde gomendatuko zeniokete nire lagunari? Atseginez irakurriko ditut zuen erantzunak.

Aitortuko dut: ez nuen espero blog honetan idatziko nuen lehenbiziko sarrera halako duda bat plazaratzeko baliatuko nuenik, inozente eta lotsati. Ordea, seguru nago aurrerantzean ere izanen dudala aukerarik kazetari baten itzulpen zalantzak esplikatzeko. Edo nabarmentzeko euskarazko kazetariok zenbateraino gauden kondenatuak etenik gabeko itzulpen lanera; onerako eta txarrerako.

Sarri arte.

2 Replies to “Erortzen zatzaizkit”

  1. Hauek ere ez zaituzte/gaituzte gogobeteko, ziur asko, baina hona hemen, Orotariko Euskal Hiztegitik jasoak (aurrekoan, Martinek esan zuen hemen “Orotariko Hiztegian nabilenean, hilerri baten tankera hartzen diot, dena… hilotz ez, “hilitz”, gorpu dautzan milaka berba ahaztu”):

    – “Ondo jausi”, caer bien, agradar […]. Ondo jausi jako esan detsazuna, le ha caído bien lo que le he dicho” Etxba Eib s.v. ondo. “Zer moduz jausten jatzu gizon ori?” Elexp Berg.

    – BEGI ONETIK SARTU. Caer bien (litm. ‘entrar por buen ojo’). Garaidiri beintzat ez zitzaion begi onetik sartu. Loidi 37.

    Atsegin dut

  2. Esan liteke NOR-NORI ez dela existitzen euskaraz, ZER-NORI bakarrik. Hor dago aditz koadroetan-eta, baina inork ez ditu erabiltzen. Hori, hizkuntza bizi batean, ez existitzea da.
    Nire ustez, ederki dago NOR-NORI bazterbidean, eta bizitza konplikatu nahi digutenok baino ez dute nahi bazterbide horretatik atera (nire semearen euskara irakasleak eta). Euskaraz hitz egiten duenak ez du ezertarako ere behar. ZATZAIZKIT zer den ere ez daki euskaldunak, eta zer den jakiteko gogo handirik ere ez du erakutsi (zer esanik ez lehenaldian). Azken finean MIKEL ETORRI ZAIT esaten dugu eta NI ZUENGANA JOAN NINTZEN.
    ME CAE BIEN literalki esaten dugunean, ONDO ERORTZEN ZAIT esatea badugu. Erdarakada bat izango da eta abar, baina esan, esatea badugu, eta esan, esango nuke askotan esaten dugula.
    Baina ondo erortzen zaiguna zu bazara, edo zuek, orduan euskaraz erabiltzen eta ezagutzen ez den eta izugarri luzea eta nazkagarria den aditz laguntzaile bat behar dugu. Berdin ME GUSTA. Erraza. Baina ME GUSTABAS?
    ME CAÍAIS BIEN esateko, beste zerbait behar dugu, beraz: GUSTUKO ZINTUZTEDAN, JATORRAK ZINETEN, ORAIN NAZKA EMATEN DIDAZUE… nahi duzuna. Edozer, ONDO ERORTZEN ZINTXZAKAKLEYUATEKEWEN izan ezik.
    Bai, badakit, Uxue, ez du honek zerikusi handirik idatzi duzunarekin. Barkatu horregatik, baina, badakizu, bakoitzak bere gerrak ditu…

    Atsegin dut

Utzi iruzkina