Egon hadi lo eta jango duk mehe

Josu Barambones Zubiria

2023ko Senezen Netflix plataforman ikusgai dauden euskarazko azpidatzien hizkuntza-kalitatea aztertu dut. Artikuluak baina, herren egiten du ikus-entzunezko itzulpenen kalitatean eragina izan dezaketen alderdi profesionalak ez dituelako aintzat hartzen, bereziki itzulpen-enkarguak entregatzeko epe estuak eta itzultzaileek jasotzen dituzten ordainsariak. Artikulu honetan bakarrik ikus-entzunezko lanak esleitzeko moduaz eta itzulpen-epeei buruz mintzatuko naiz. Hurrengo baterako utziko dut ordainsarien kontua.

Lan baldintzen zer-nolakoa ezagutzeko zer hoberik baldintza horiek pairatzea baino, ezta? Hain zuzen ere, egun merkatuan dauden bideo plataforma gehienentzat lan egiten duen zerbitzu-hornitzaile batean lanean hasteko aukera fortunatu zitzaidan pasa den udan. Unibertsitateak eskaintzen didan konfort-zonatik bolada batez aldendu eta autonomoen lan munduan sartzea begitandu zitzaidan egokiena lanbidearen gazi-gozoak ezagutzeko. Egia esan, banuen eskarmenturik bizkoizketarako itzulpen-egokitzapenean, baina ez hainbeste azpidazketan, han-hemen egindako hainbat ikastaro alde bat utzita.

Horiek horrela, zerbitzu-hornitzaile horrek kontratatu, eta berehala ezagutu nuen enpresa batzuek itzulpen-enkarguak esleitzeko daukaten era txit bitxia. Horrela lan egin ohi zutela entzunda nengoen, baina bertatik bertara ikustea harrigarria iruditu zitzaidan: itzulpen enkargua hainbat itzultzaileri bidaltzen zaie aldi berean, eta itzultzeko eskaera jasotzen den hurrenkeran onartu eta esleitzen da. Beraz, eskaerak lehenesten dira hautagaiek euren eskaintza aurkeztu duten minutua eta segundoa aintzat harturik. Nire kasuan premiazko lan bat zen, eta bezeroak dagoeneko euskaraz azpidatzita zeuden testu batzuk zuzentzea nahi zuen. Mezuan bertan irakur zitekeen itzulpen-proiektua “iritsieraren araberako ordenan” esleituko zela. Nire ustez, hobe lukete horrela adierazi beharrean era gordinago eta zuzenago bat erabiltzea, esaterako: egon hadi lo eta jango duk mehe. Mezua iritsi eta di-da batean erantzun beharrean, honekin edo horrekin entretenituko nintzen, eta berriro posta zabaldu nuenerako lana esleiturik zegoen. Orduan Axularrekin gogoratu nintzen, eta zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak.

Lana esleitzeko modu horrek badu bere arriskua, nik uste, izan ere ez du lehentasunik ezartzen itzulpen-enkarguaren inongo alderditan. Hau da, berdin dio edukiaren konplexutasunak edo itzultzaileak gai horretan izan dezakeen ezagutza-mailak, soilik hurrenkera kronologikoa interesatzen zaiolako. Demagun, bada, Australiako koral hesi handiari buruzko dokumental bat euskaraz azpidazteko erabakia hartu dutela; demagun, aldi berean, ni geologian aditua naizela, eta bereziki arrezife eta koralen mundua oso gertutik ezagutzen dudala; demagun, orobat, mezu bat bidaltzen dietela hainbat itzultzaileri dokumental hori azpidazteko iritsieraren araberako ordenan oinarrituta; eta demagun, azkenik, itzultzeko eskaera bidaltzen duten egunean eta orduan Internetik gabe geratu naizela telefono-operadorez aldatzen ari naizelako. Beste behin ere lanik gabe geratuko nintzateke. Baina adibide bat baino ez da.

Lan egiteko epeak direla eta, azken hilean film bat eta serie bateko hainbat atal azpidazteko enkarguak alde batera utzi beharrean egon naiz. Filmaren kasuan bi egun eman zidaten ordu bat eta erdiko film bat euskaraz azpidazteko (lokalizazioa, hau da, azpidatzion hasiera eta bukaerako denbora kodeak ezartzea, aurretik egina zegoen), hau da, 1.300 azpidatzi inguru bi egunetan egiteko. Nik ez dakit jendeak oso azkar itzuliko duen, baina ni aitortu beharrean naiz lana patxadaz egitea gustatzen zaidala, eta agian behar baino denbora gehiago hartzen dudala. Frogatuta daukat azkar itzultzen dudanean kalitateak behera egiten duela; gainera, epe hain laburrean itzuli behar izateak buru-ahalegin aparta egitea dakar berekin, ordu askoan eta ia atsedenik hartu gabe egin behar duzulako lan epea errespetatuko baduzu. Horrelako kasuetan, itzulpenaren kalitatea bainoago norberaren buru-osasuna ere egon daiteke arriskuan. Gainera, azpidazketaren kasuan, denbora- eta espazio-muga batzuk daude: batetik, lerroko karaktere kopuru mugatua baino ezin da idatzi, eta horrek eramaten zaitu itzulpenak behin eta berriz formulatzera bat etor daitezen karaktere kopuruarekin; eta, bigarrenik, irakurtzeko abiadura ere errespetatu beharra dago. Nolanahi ere den, mezu bat idatzi nien hori guztia azalduz eta epea luzatzeko eskatuz, gutxienez bost egun beharko nituela ingelesezko azpidatziak euskaratzeko eta itzulitakoa orrazteko. Alferrik, ordea. Lana eskaintzeko bidaltzen dizuten mezuan oso jator eta adeitsu jokatzen dute zurekin, baina oraindik bidali nien mezuaren erantzunaren zain nago.

Serieko atalen kasuan, epeak oso antzekoak ziren: sei atal euskaraz azpidazteko, 45 minutukoak batez beste, eta 500 azpidatzi ingurukoak. Epea: bi eguneko tartea atalok itzuli, (berrikusi?) eta bidaltzeko. Enpresaren ikuspuntutik produktibitatea nahikoa ona dela esan daiteke, baina itzultzailearen ikuspuntutik begiratuta, ez dago lana berriz irakurri eta zuzentzeko denborarik. Ondorioa: akatsak ez detektatzeko probabilitatea oso handia da. Egia da itzuli eta hurrengo fasean, zuzenketa aldian, norbait arduratuko dela itzulpena berrikusi eta zuzentzeaz (behintzat zerbitzu-hornitzaile honen kasuan, guztiekin ez baita berdin gertatzen), baina, aukeran, nahiago akatsak zuzentzeko paradarik ez eman.

Egiari zor, esan behar dut azken enkarguan malguak izan direla itzulpena entregatzeko epearekin, eta eskatu nien hiru eguneko luzapena onartu didatela. Eta, gaitzerdi, zeren, onartu ezik, nire burua beharrean ikusten bainuen gaueko ordu txikitan masokismoaren paroxismoan harrapatuta.

Esan berri dudana ebidentea da, eta itzulpen-lanak entregatzeko epeak agentziaren eta itzultzailearen artean finkatu behar dira, eta beti ere epe errealistak ezarri, hartara itzulpenaren kalitatea bermatu eta bezeroaren espektatibak betetzearren. Eta denboraren kudeaketa egokia egiteko, funtsezkoa da itzultzeko prozesuan esku hartzen duten guztien arteko elkarlana eta komunikazioa.

Eta, bukatzeko, badakit hau nire talaiatik esatea merkea izan daitekeela, eta hileroko gastuei aurre egin behar dieten itzultzaileek sarritan baldintza kaxkarrak onartu beste erremediorik ez dutela izango, baina itzultzaile guztion esku dago maite dugun lanbide honetako baldintzak duindu eta hobetzea aldian behin lo egon ahal izateko eta mehe ez jateko.

Utzi iruzkina