Hiztun-lotsa baten harira

Juan Luis Zabala

Eman dezagun Frantziako Tourreko etapa bat ikusten ari zarela lagun batekin.

Mikel Landa ihesaldiko txirrindularien artean dago, eta pantailan erakusten den aldi bakoitzean besoa altxatzen du, poto bat eskuan duela, ur eske.

Halako batean, ordea, helikopterotik ikusitako gaztelu dotore baten eta iheslarien atzetik datorren tropel nagusiaren ikuspegi orokor baten ondoren, berriro ageri da Landa pantailan, baina oraingoan, eta hurrengo agerpenetan, ez du urik eskatzen.

Zer esango zenioke lagunari?:

a) “Ura eman bide diote, eskatzeari utzi dio eta”.

b) “Ura emango zioketen, eskatzeari utzi dio eta”.

c) “Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

d) “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

Antzeko galdera bat planteatuz egin zuen kontsulta orain hurrengoan Joxe Mari Berasategi itzultzaileak Itzuliz Itzulpen Zerbitzuan, eta erantzun ugari jaso zituen, neurea ere tartean.

Lau aukera horien artean, laugarrena iruditzen zait niri egokiena, eta horretarako dauzkadan motiboen berri eman nion Joxe Mariri, gaiaren harira egin nituen hainbat gogoetarekin batera. Hona ekarriko dut, orain, orduan idatzi nuena, edo orduan idatzi nuenaren mamia bederen.

Aukeratutako forma hori —laugarren adibidekoa, “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”— Azkoitiko eta inguruko “zaharrengandik” ikasi dut (ni baino are zaharragoengandik, alegia), baina ez naiz hizketan erabiltzeko kapaza, ezinezkoa zait, ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran aritzean, eta ez batuan aritzean.

Zergatik ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran? Nire adinari eta hiztunak esleitzen didan hizkuntza-gaitasunari ez dagokion hizketa-moldea erabiltzen ari naizela sentituko nukeelako, eta horrekin solasaldiaren naturaltasuna urratzen ari naizela, hiztunon arreta neure hizketa-moldera desbideratzea eragitearen ondorioz.

Zergatik ez batuan hizketan aritzean? Pedante edo sasijakintsu itxura emateko beldurrez.

Ez nuke, beraz, inoiz eta inola, hizketan ari naizela, esango (nahiz eta egokiena iruditu):

“Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabaturik izango du, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketurik izango da, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Baizik eta:

“Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabatuko zuen, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketuko zen, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Idazketa da, horrenbestez —euskara batuko idazketa, jakina—, nik forma horri, hiztun-lotsarik gabe, presentzia eta bizitza ematen jarraitzeko dudan bide bakarra.

Azkoitian gazteak, oro har, oso harro daude beren euskararen naturaltasunaz, jatortasunaz eta aberastasunaz, hala sumatzen ditut nik behintzat, eta ez zaie arrazoirik falta horretarako, euskara bizi eta naturala darabilte oro har. Bejondeiela! Baina belaunaldiz belaunaldi gertatzen ari den galera nabarmena da.

Okerrena da norberaren hizkerarekiko harrotasuna, kasu askotan, batuarekiko halako gutxiespen batekin lotzen dela, eta hori ere sumatu izan dut Azkoitian eta beste hainbat “arnasgunetan”.

Ondorioa begien bistakoa da, nire ustez: batetik, herriko hizkeretan bilatu behar du —ez soilik baina bai neurri handi batean— hazkurria eta adierazkortasuna euskara batuak; bestetik, herriko euskara jakite hutsa ez da nahikoa, batuaren gutxieneko ezagutzarik eta praktikarik gabe, gaur eta hemen behintzat, euskaltasun kultural praktiko eta txukun baterako, hori gabe hiztunik jatorrenak ere erdararekiko menpekotasun handia izango baitu, batez ere —baina ez soilik— lagunartetik edo etxeko girotik aparteko gaietan.

Batua baita, azken batean, Azkoitiko zaharrenek hitzetik hortzera darabilten forma nire ustez aberats era adierazkor horri bizirik eusteko modu bakarra.

Artikulu honek panfleto itxura hartu duenez, lelo batekin amaituko dut:

Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua!!!

3 Replies to “Hiztun-lotsa baten harira”

  1. Juan Luis, arratsalde on. Hirea nian mahai guinean erantzuteko, eta tarte bat ezin hartu. Orain. Uste diat oro har arrazoia duala. Nire hizkeran arruntak dituk, edo izan dituk, “nonbait galduik izein du (galdurik izanen du), badama egon batzuk zoko guziak begiratzen” eta horren gisakoak. Horien parean, jakina, “nonbait galduko zen…”. Hala ere, hire adibide zehatz hori (“ura emanik izango diote”), ongi ez dakidala zergatik, eta analogiaz parekoa izanik erę, biziki gogor eriten zaidak belarrietara. Egitura batzuetan (ez diat esan nahi hau dela kasua, aztertu besar litzateke) analogiak muga argiak ditik. Gogoan diat, adibidez, aditzean datiboa ez markatzea kasu batzuetan: “lagunei erran zuen”; laguntzailearen nahastea: erran daut/erran nau… Horietan kasu egin behar diagu generalizazioekin, ez baitute beti balio: persona, aldia… ez ditek kasu guztietan berdin funtzionatzen.
    Izan ongi, eta eskerrik asko
    P

    Atsegin dut

  2. Akaso berandu samar iritsi naiz hona, baina arrazoi, Juan Luis, eta ze ondo adierazia! Ni neu ere sentitua naiz zuk ‘hiztun-lotsa’ esan diozun hori, baina izendatzen jakin ez. Gure amonak lasai-lasai eta natural-natural erabiltzen du “alajainetan”, harridura edo enfasia adierazteko, eta ni, konturatuta ere, ez naiz hizketan natural esateko kapaza; bai, ordea, idazketan edo itzulpenean.

    Atsegin dut

  3. Primeran azalduta, Juan Luis. Lehengoan esan nion lankide bati: Orotariko Hiztegian nabilenean, hilerri baten tankera hartzen diot, dena… hilotz ez, “hilitz”, gorpu dautzan milaka berba ahaztu.

    Niri ere gertatzen zait. “Destainez”, “larderiaz”, “despitez”, “mihura”… idatziz bai, baina ez naiz ahoz esatera ausartzen, ingurukoek ulertuko ez dituztelakoan edo pedantetzat hartuko nautelakoan; orduan, “desden”, “prepotentziaz”, “despetxoz”, “muerdagoa”… esaten ditut, horiek bai, arazorik gabe ulertzen dira eta.

    Atsegin dut

Leave a reply to Martin Utzi erantzuna