Kolore, kolore eta gustu guziak

Isabel Etxeberria Ramírez

Zer koloretakoa da euskarazko literatur testuetan jasotzen dugun mundua? Koloreak izendatzeko zer termino erabili dira euskaraz azken hogei urteotan argitaratu diren nobela, ipuin-liburu eta saiakeretan? Kolore berdinez jantzita iristen ote zaigu mundua euskaraz idatzitako liburuetan eta beste hizkuntza batetik euskarara ekarritakoetan?

Nire doktoretza-tesian euskaraz idatzitako literatur testuen hizkera eta euskarara itzulitakoena konparatzen ari naiz, 1.149 literatur lanek osatutako corpus batean. Eta lexiko-aberastasuna neurtu nahian, besteak beste, koloreen eremu semantikoa aztertzen jardun dut: koloreak izendatzeko zenbat termino erabiltzen diren testu itzulietan eta ez itzulietan, zein diren termino horiek, zenbat aldiz erabiltzen diren testu mota batean eta bestean…

Blog honen aurreko aroan jada mintzatu nintzen zertxobait honetaz, tesia oraindik asmo bat baino ez zela lehen probaldiak egiten hasi nintzen garaian. Oraingo honetan, koloreak izendatzeko modu zehatz batez arituko naiz. Izan ere, koloreak adierazteko hiztegietan jasota dauden terminoez gain, hizkuntzek badute baliabide sinple bezain ahaltsu bat edozein kolore-ñabardura izendatzeko balio diena: gauza baten izena erabiltzea gauza horren kolorea adierazteko. Etiketa horietako batzuk errotu eta hiztegietara pasatzen dira (laranja, turkesa, malba, fuksia…). Hiztegietarainoko bidea oraindik egin ez dutenen artean, batzuk aski hedatuta daude eta aise topatzen edo erabiltzen ditugu gure eguneroko hizketaldietan (izokin, haragi, krema, ardo, kaoba…), eta beste batzuk, aldiz, erabilera apetatsuagoen ondorio dira, ezohikoagoak, testuinguruak edo asmo estilistiko zehatz batek hartaratuta sortuak.

Bada, zein, zenbat eta nolakoak dira euskarazko literatur testuetan ageri zaizkigun mota horretako kolore-izendapenak? Eta batez ere, alde nabarmenik al dago euskal idazleen liburuetan eta erdaretatik euskarara itzuli diren literatur lanetan ageri diren izendapenen artean? Testu ez itzulietan testu itzulietan baino gehiago erabiltzen dira halakoak beharbada, edo alderantziz? Edo erabiltzen direnak ezberdinak dira agian? Beharbada euskaraz sortutako testuetan ageri diren izendapenak errotuagoak eta ohikoagoak dira, eta euskarara itzulitakoetan ageri direnak ezohikoagoak, edo alderantziz?

Gorago esan dudan bezala, tesian 1.149 literatur lanek osatutako corpus batekin ari naiz lanean. Funtsean, Egungo Testuen Corpuseko Literatura atala da, aldaketa txikiren bat eginda. Hau da, 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako 698 jatorrizko lan (idazleek euskaraz zuzenean sortutakoak) eta 451 itzulpen (beste hizkuntzaren batetik euskarara itzulitakoak).

Baina, nola mugatu corpus horretan bilatu nahi ditudan terminoak? Nola osatuko dut corpusean bilatu beharreko kolore-izenen zerrenda? Zer idatziko dut bilatzailearen gelaxkan? Aurretik, kolore-izendapen arrunten erabilerak konparatu nahi izan nituenean, hiztegietara eta koloreei buruzko beste lan akademiko batzuetara jo, eta batean eta bestean topatutakoak bilduz osatu nuen zerrenda: gorri, gorrixka, gorrikara, bermiloi… Eta horiexen agerraldi kopuruak neurtu nituen. Baina oraingo honetarako ez dago halako zerrendarik. Halako kolore-izendapenak infinituak dira, errealitateko edozein elementuren izena erabilita sortu daitezkeenez eta errealitatea infinitua denez. Nola jakingo dut horrelako zer termino erabili dituzten euskal idazleek eta itzultzaileek beren lanetan? Galdera horri erantzun nahian, Egungo Testuen Corpusaren erraietan corpusaren erabiltzaile arruntok egin ezin dugun bilaketa bat egiteko eskatu nion corpusaren egileari, Josu Landari: [izen kategoria (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] egiturarekin bat datozen hitz konbinazio guztiak erauzi eta zerrendatzeko eskatu nion. Hau da, edozein substantibo mugagabean eta ondotik kolore lema gisa biltzen dituzten konbinazio guztiak bilatzeko eskatu nion, halako moldez non gure corpusean erabili diren X kolore, Y koloreko, Z kolorez… guztiak aurkitu eta zerrendatu ahal izango genituen. Nik eskatu, eta hark eman (eskerrik asko, Josu!).

Zer topatu genuen? X kolore motako zenbat kolore-izendapen ezberdin aurkitu genituen? Kalkulua egin dezazun denbora pixka bat utziko dizut, irakurle. Bota zure hipotesia. Eta kalkulatzen duzun bitartean, kontatuko dizut lehen emaitza gordinak eskuz garbitu behar izan genituela. Izan ere, erauzketan lortu genituen X kolore konbinazioetako batzuk ez ziren guk bilatzen genituenen parekoak. [zizare (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] konbinazioa ageri da erauzketan, adibidez, baina konbinazio horren testuingurua «Zizare koloretsu lodi bat bezala irristatu zen» esaldia da; edo [zigarreta (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] konbinazioaren testuingurua, beste hau: «Errusiar zigarreta kolore-ilunen pakete bat mahaitik aterata, bere onizezko ahokoan sartu zuen bat».

Egin al duzu zure kalkulua, irakurle? Hemen, ba, erantzuna: X kolore motako 184 konbinazio aurkitu genituen guztira. Horietatik 89 bi azpicorpusetan erabiltzen dira; hau da, bai jatorriz euskaraz sortutako testuetan, bai euskarara egindako itzulpenetan. Jatorriz euskaraz sortutako testuetan guztira 120 forma erabiltzen dira: bi azpicorpusetan erabiltzen diren 89ak gehi itzulpenetan behin ere ageri ez diren beste 31. Itzulpenetan guztira 153 forma ageri dira: bi azpicorpusetan erabiltzen diren 89ak gehi jatorrizkoetan behin ere ageri ez diren beste 64. Datu horietatik erraz ondoriozta daiteke halako kolore-izendapenen erabilerari dagokionez aniztasun handiagoa dagoela testu itzulietan euskaraz sortutako testuetan baino.

Baina imajinatzen dut, irakurle, 184 kolore-izendapen horiek zein diren jakin nahiko duzula. Kopuruetatik harago egin dezagun, beraz, eta jar diezaiegun aurpegia X kolore forma horiei. Lehenik eta behin ikus dezagun zein diren formarik errotuenak edo, bestela esanda, gure corpusean agerraldi gehien dituztenak. 184 forma horietatik 22, adibidez, 20 liburu baino gehiagotan erabiltzen dira. Honako hauek, hain zuzen:

ardo, berun, boli, errauts, esne, ezti, gaztaina, gerezi, haragi, hauts, izokin, kafe, kanela, kobre, krema, lasto, lur, perla, su, urre, zeru, zilar

Ezusteko handirik ez. Aipagarria da, dena den, horiek guztiak gehiagotan erabiltzen direla testu itzulietan ez itzulietan baino. Hau da, bi testu motetan nahikotxo erabiltzen badira ere, agerraldi dexente gehiago dituzte itzulpenetan jatorriz euskaraz idatzitako testuetan baino. Eta alde hori are nabarmenagoa da berun, boli, errauts, gerezi, perla eta su koloreen kasuan.

Jar diezaiegun arreta orain bi azpicorpusen artean alde nabarmenena ageri duten terminoei. Nolakoak dira azpicorpus batean eta bestean erabiltzen ez diren kolore-izenak? Hona hemen, lehenik, jatorrizko testuetan ez eta itzulpenetan bai erabiltzen diren 64 terminoak:

adar, adreilu, agata, alberjinia, amaranto, anhilina, arbeltx, argizagi, arto, banana, batata, behazun, berina, burdina, confetti, ezko, eztainu, fruta, gar, habano, hiazinto, ilar, ilunabar, indigo, izotz, izpiliku, jade, kakalardo, kakao, kaleidoskopio, kanabera, kanario, kardantxilo, kedar, klarion, kloro, koral, kornalina, kromo, kuia, lima, lizun, marmelada, marmol, mate, melokotoi, mertxika, mingrana, neoi, opalo, ortzi, oskol, ostra, platino, plomu, primula, saltxitxa, sufre, sulfuro, tinta, topazio, txingar, uger, zafiro

Jatorrizko testuetan inoiz erabiltzen ez diren terminoetako askok agerraldi bakarra dute testu itzulien azpicorpusean. Hau da, egile zehatz batek liburu zehatz baterako behin asmatutako kolore-izenak dira. Zerrendan jaso ditugun 64 formetatik 33, hain zuzen, liburu bakar batean baino ez dira ageri testu itzulien azpicorpusean. Kontuan izan behar dugu literatur lanek osatutako corpus bat aztertzen ari garela, eta beraz espero izatekoa da euskal eta erdal egileen erabilera idiosinkratikoak topatzea. Baina, gainontzeko 31 kolore-izenak liburu batean baino gehiagotan erabili dira, eta haietako batzuk nahikotxotan gainera: adreilu kolore, burdina kolore, ilar kolore, izpiliku kolore, kedar kolore, koral kolore, lima kolore, mertxika kolore, opalo kolore, platino kolore, sufre kolore eta zafiro kolore lau liburu ezberdinetan ageri dira gutxienez. Ohargarria da haietako askok naturan topa ditzakegun elementuak hartzen dituztela oinarri (elementu kimikoak eta mineralak, lore, landare eta fruituak, nagusiki) eta elementu aski ezagunak direla gehienak mundu osoan, baita euskaldunen artean ere. Horrekin zera esan nahi dugu: termino horiek itzulpenetan euskal idazleen testuetan baino presentzia handiagoa izatea ezin dela esplikatu esanez gure artean existitzen ez diren edo ezezagunak diren elementuak direla eta beraz logikoa dela euskal idazleek beren deskribapenetan ahotan ez hartzea. Exotismo handirik gabeko zerrenda bat da, bestela esanda.

Itzulpenetan ez eta jatorrizko testuetan bai erabiltzen diren [izena + kolore] egiturak, lehen aurreratu bezala, 31 dira:

ahuakate, arrats, bainila/banilla, borgoina, diamante, egur, erregaliz, euri, ezpain, fluor, gatz, goma, harri, hilotz, hurritz, infernu, iztupa, kiwi, krabelin, lapis lazuli, lili, lore-zelai, marengo, marihuana, musker, oxido , plastiko, sugus, teila, txatar, whisky

Jatorrizko testuetan bakarrik erabiltzen diren terminoak itzulpenetan bakarrik erabiltzen direnak baino gutxiago izateaz gain (jatorrizkoetan bakarrik erabiltzen direnak 31 dira, eta itzulpenetan bakarrik erabiltzen direnak 64), 31 horietatik 20k agerraldi bakarra dute jatorrizko testuen azpicorpusean. Hau da, 11 dira jatorrizko testu batean baino gehiagotan erabiltzen direnak, eta horietatik kopuru esanguratsuetan erabiltzen direnak 5 baino ez dira: bainila/banilla kolore, egur kolore, harri kolore, musker kolore eta teila kolore. Oraingoan ere, elementu oso ezagunak dira bost kolore horiei izena eman dietenak, eta ez euskal kulturari edo lurraldeari esklusibotasunez lotutakoak.

Kasu zehatzei erreparatuta, erabilera bitxiak ikusten dira. Euskal idazleek alde nabarmenik gabe erabiltzen dituzte kafe eta kafesne koloreak (14 agerraldi kafe kolorearentzat eta 10 kafesne kolorearentzat); erdal idazleen testu itzulietan, ordea, askoz gutxiago dira kafesne kolorez deskribatutakoak (20 agerraldi kafe kolorearentzat eta 4 kafesne kolorearentzat).

Badira, bestalde, idazleen apetak ere, bi azpicorpusen arteko erlazioa desorekatzen dutenak. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobelan Teresa pertsonaiak olio koloreko begiak ditu, eta halaxe deskribatuta ageri da zazpi aldiz. Ugaitz Agirreren Tximeletak bizkarrean nobelan, aldiz, esanahi inportantea dute marihuana koloreko begiek, eta bederatzi aldiz aipatzen dira.

Laburbilduz, badirudi, beraz, [izena + kolore] egitura honen bitartez sortzen diren kolore-izenetan aberatsagoak direla testu itzuliak. Hala da, batetik, egile bakar bati une zehatz batean burura dakizkiokeen asmakizunei dagokienez (halako 33 aurkitu ditugu itzulpenetan, eta 20 jatorriz euskaraz idatzitakoetan). Itzulpenen bitartez koloreak izendatzeko modu ezohiko (edo berritzaile, edo irudimentsu, edo apetatsu… bakoitzak nahi bezala kalifika dezala) gehiago iristen dira euskal irakurleen begietara jatorriz euskaraz idatzitako testuen bidez baino. Baina, beste alde batetik, egile baten baino gehiagoren luman erabiltzen diren formak ere itzulpenetan jatorrizko testuetan baino ugariagoak izateak (31 dira itzulpenetan gailentzen direnak, eta 11 jatorrizko testuetan gailentzen direnak) pentsarazten digu badirela horrelako zenbait kolore-izendapen erdaretan nahiko hedatuak daudenak, eta kolore-izen horiek itzulpenen bitartez ari direla iristen euskarara.

Jakitun gara, noski, konparatzen ari garen bi azpicorpusak desorekatuak direla nolabait. Itzulpenen azpicorpusean biltzen diren 451 obrak munduko literatura guztietako eta historia osoko liburuen artean euskarara ekarriak izateko 2001-2019 bitartean aukeratu diren obrak dira; jatorriz euskaraz sortutako 698ak, aldiz, 19 urte horietan 700.000 hiztuneko komunitate batean sortu diren litratur lanak dira. Bistan da aztergai ditugun literatur testuen erreferentzialtasuna handiagoa edo txikiagoa izateak esplikatzen duela neurri handi batean lexiko aberastasuna handiagoa izatea euskarara itzulitako testuetan euskal idazleek idatzitakoetan baino. Nolanahi ere, arrazoiak direnak direla, guri interesatzen zaiguna da konprobatzea ea alderik baden irakurleei jatorrizko testuen bitartez eta itzulpenen bitartez iristen zaizkien euskaren artean, eta zertan dautzan alde horiek. Eta lexiko-aberastasunari dagokionez, badira zantzuak pentsarazten digutenak itzulpenetan hiztegi aberatsagoa eskaintzen zaiela irakurleei, zenbait eremutan behintzat.

Beste kontu bat da zer iristen den egiaz euskal irakurleen begietara; hau da, zer irakurtzen duten egiaz eta nolako harrera duten euskararako itzulpenek. Baina hori beste eztabaida bat da.

Utzi iruzkina