Biba zuek!

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzultzaileen jarduna ikusezina dela entzuten da maiz. Geuk ere esaten dugu askotan gure lana ez dela behar bertze aintzatesten. Badira, halere, jendartean gureak baino esku eta jardun ikusezinagoak dituzten lankideak, itzulpen prozesuan giltzarri izanagatik ere produktuaren etiketan hagitz bakanetan agertzen zaizkigunak, beren begien zetabea funtsezkoa zaigun arren lanaren kalitatea goititze aldera, gaizki ulertutakoak onbideratzen dituztelako, korapilo ez-gramatikalak trebeki askatzen, pasarte mordoilotuak ukitu ttiki miragarri batez argiztatzen; esakune zimelei distirarazten dietelako, ezinezko egiturak deseraikitzen, huts egindako akats itsusgarriak samur arrantzatzen… Labur erranda: abilak direlako testuaren krak ñimiño oro aditzen.

Lantokian eta lantokitik kanpo izan ditudan zuzentzaileek elkarlanerako aldartez erakutsi dizkidate beti nire testuen ahulguneak, eta begirunez proposatu hobekizunak, testuaren mesedetan beti eta nagusikeriarik gabe. Lanetik kanpo, eskuzabaltasun hutsez eman didate laguntza, denok urri dugun aisialdiari puska ederrak lapurtuz adiskidearen itzulpena orraztearren, esker ona ordain bakar. Eta, hori guztia aski ez dela, haien orrazketa begirunetsuek apala izaten ere erakutsi didate, ulertu baitut haien zuzenkizunak ez direla nire hutsak eta akatsak nabarmenarazten dituzten mehatxuak, anitz ikasteko balio didaten aukerak baizik.

Maite ditut zuzentzaileak, lanekoak eta lanetik kanpokoak. Magia egiten dute sarri beren bolaluma gorria dantzatzean: hitz hau hara eraman, bertze sintagma hori hona, ordain honen ordez bertzea, aditza aurreratu, adjektiboa ezabatu eta testuingururako aproposagoa den sinonimoa txertatu, eta hortxe dago zuk orduak jira batera eta bira bertzera ibili arren ezin asmatu izan zenuen esaldi baliokide perfektua.

Gehiegikeria emanen du apika, baina benetan diot maite ditudala maite zuzentzaileak, eta iruditzen zaidala jasotzen ez duten aintzatespena zor diegula, nik behintzat ez nukeelako ezer argitara emanen lankide horien laguntzaren bermea izan ezean. Horregatik, bihoakie hemendik nire esker ona, ozen baina gordean, jakin baitakit umilak direla eta ez agertu zaleak: mila esker eta biba zuek!